149. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Deialdia, 2014an autoenplegua sustatzeko diru-laguntzak emateko

Zizur Nagusiko Udalak, 2014ko ekainaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki zuen deialdia onestea, 2014an autoenplegua sustatzeko diru-laguntzak emateko.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Zizur Nagusian, 2014ko uztailaren 15ean.–Alkatea, Luis María Iriarte Larumbe.

2014. URTEAN AUTOENPLEGUA SUSTATZEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA, ZIZUR NAGUSIKO UDALARENA

Inicia egitasmoa

Zizur Nagusiko Udalak, Herritarrendako Zerbitzuen Alorretik (Tokiko Enplegu eta Garapen Zerbitzua), autoenplegua lagundu eta sustatu nahian, deialdi hau egin du urtean 12.000 euroko gehieneko diru-kopuruarekin, oinarri hauei jarraituz:

1.–Xedea.

Deialdi publiko honen xedea da laguntza ekonomikoa ematea, enpresa sortzeko hasierako gastuetarako eta jardueraren lehenengo 3 hilabeteetako gastu orokorretarako. Autoenpleguaren bidezko ekimenak sustatu nahi ditu eta edozein motako ekimen berritzaileak abiarazten lagundu.

Diru-laguntza hauek aplikatuko zaizkie diru-laguntza jaso dezaketen ekintzei, 2014ko urtarrilaren 1etik 2014ko azaroaren 30era arte egiten badira.

Deialdi honen xedea da herrian sortutako enpresa kopurua handitzea, enplegua sortzeko eta ondorioz ekonomia eta gizarte garapenean eragiteko.

2.–Finantzaketa.

Deialdi honek arautzen duen diru-laguntzarendako 2014ko finantzaketa eginen da “Inicia egitasmoa” ekimenerako kontu-sailaren kargura (1 32200 47001, 12.000 euro dituena).

Ematen diren diru-laguntzen zenbatekoa aipaturiko aurrekontu-aplikazioan erabilgarri dagoen kredituaren mugara bitartekoa izanen da.

3.–Laguntzen onuradunak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritako diru-laguntzen onuradunak izanen dira langile autonomoak, baldin eta diru-laguntzak beren izenean eskatzen badituzte. Onuradun izan daitekeena sozietate irregular, erantzukizun mugatuko, kooperatiba edo gisako sozietate bateko partaidea bada, hura eratu zeneko akta aurkeztu beharko du, bazkide kopurua eta haien ordezkagarritasuna jasotzen dituena. Kasu horretan, laguntza ez da langile bakoitzeko emanen, baizik eta sozietate bakoitzeko.

Diru-laguntza eskatu ahalko dute deialdi honen kargura, 2014. urtean enpresa jarduera Zizur Nagusian abiatu duten pertsonek (2014ko urtarrilaren 1etik hasita 2014ko azaroaren 30a arte), baldintza hauek betetzen badituzte eta mantentzen, diru-laguntzaren xede diren ekitaldi ekonomikoetan:

–Enpresari alta ematea edo hura eskualdaketa bidez eskuratzea 2014ko urtean (2014ko urtarrilaren 1etik 2014ko azaroaren 30a arte).

–Langile autonomo gisa lan egiten hasi eta Zizur Nagusiko jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta eman eta Gizarte Segurantzako araubide berezian autonomo gisa kidetzea.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako debekuetako batean ere ez egotea. Halaber, delako 13. artikuluaren 2.e) puntuarekin bat, onuradunek eguneraturik izan beharko dituzte beren zerga betebehar guztiak; hori frogatzeko Zerga Ogasunaren eta Zizur Nagusiko Udalaren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.

–Zerga betebeharrak eta gizarte segurantzakoak beteak izatea. Horretarako behar diren ziurtagiriak aurkeztuko dituzte (Foru Ogasuna eta Gizarte Segurantza).

–Zizur Nagusiko Udalarekiko zerga betebeharrei dagokienez, Udalak ofizioz egiaztatuko du inguruabar hori eta behar den eginbidearen bitartez jasoko. Era berean, diru-laguntza emateko proposamena egin aitzin, ofizioz egiaztatuko da interesdunak ez duela Udal Diruzaintzari itzuli beharreko zenbatekorik.

–Diru-laguntzaren xede izan den enpresa jarduera uzten badu, Udalari jakinarazi beharko dio erregistroan “jardueraren amaieraren” eskabidea aurkeztuz. Bertan horretarako arrazoiak adieraziko ditu eta Udalak horiek baloratuko ditu, jasotako diru-laguntza itzuli beharko duen ala ez erabakitzeko.

Interes bereziko taldeak:

1. Zizur Nagusiko udalerrian erroldatutako pertsonak, urtebeteko antzinatasunarekin, JEZean alta eman zutenetik kontatzen hasita.

2. Iraupen luzeko langabetuak (Nafarroako Enplegu Zerbitzuan 12 hilabetez izena emanda, azken 18 hilabetetan).

3. 30 eta 55 urte bitarteko langabetuak.

4. %33tik gorako desgaitasuna duten langabetuak.

5. %33tik gorako desgaitasuna duten emakume langabetuak.

Genero indarkeriaren biktima diren emakumeen kasuan, zenbatekoak ehuneko 10 igoko dira.

Baztertzeak. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak ez zaizkie hauei aplikatuko:

–Sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak.

–Fundaziok, teknologia zentroak, profesionalen elkargoak eta elkarteak.

–Langile autonomoak, autonomoen erroldan alta emanik egon badira Jarduera Ekonomikoen Zergako epigrafe berean edo antzekoan, jarduera hasi aurreko azken hamabi hilabeteetan.

4.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diruz laguntzen ahal diren gastuak hauek izanen dira:

–Hasierako gastuak:

  • Zizur Nagusiko Jarduera Ekonomikoen Zergan (JEZ) alta ematea.
  • Irekitzeko lizentzia.

–Gastu arruntak: jardueraren lehenengo 3 hilabeteak.

Diruz lagunduko da gastuaren zenbatekoa, BEZa kenduta.

Diruz laguntzen ahal diren kostuak honako hauek dira:

  • Lokalaren alokairuaren gastu arruntak. Gehienez ere, jarduera hasi eta alokeraren lehenengo 3 hilabeteetarako emanen da diru-laguntza.
  • Salbuetsirik daude:
  • Errentatzaile eta errentariaren arteko harreman juridikoa edo ahaidetasunekoa duten alokairuak, odolkidetasunaren edo eta ezkontza-ahaidetasunaren hirugarren graduraino; edo pertsona fisiko edo juridikoren bat aldi berean denean errentatzaile eta errentari.
  • Negozioaren egoitza ohiko etxebizitzan duten alokairuak.
  • Fidantza eta berme kontzeptuak.
  • Aldez aurretik ordaindutako zenbatekoak.
  • Uraren, berogailuaren eta argiaren gastuak: gehienez ere, jarduera hasi eta lehenengo 3 hilabeteetako kontsumoaren gastuetarako emanen da diru-laguntza.
  • Salbuetsirik daude:
  • Negozioaren egoitza ohiko etxebizitzan dagoenean sortutako gastuak.
  • Ez dira sartzen lotune eskubideak.
  • Gizarte Segurantzako kuotak. (3 hilabete, jarduera hasi zen egunetik).
  • Laneko eta kontabilitateko aholkularitza. (3 hilabete, jarduera hasi zen egunetik).
  • Erantzukizun zibileko asegurua.

Diru-laguntzaren zenbatekoa izanen da diru-laguntza jaso dezaketen gastuen %100ekoa (BEZa kanpo) eta onuradun edo sozietate (irregular, mugatu, anonimo...) bakoitzeko 1500 euroko muga izanen da.

Diru-laguntzaren muga horretatik salbuetsita egonen dira interes bereziko taldeak; horiek zenbateko hauek jaso ahalko dituzte gehienez ere:

1. 1.600 euro: Zizur Nagusiko udalerrian erroldatutako pertsonak, urtebeteko antzinatasunarekin, JEZean alta eman zutenetik kontatzen hasita.

2. 1.700 euro: Iraupen luzeko langabetuak (Nafarroako Enplegu Zerbitzuan 12 hilabetez izena emanda, azken 18 hilabetetan).

3. 1.800 euro: 30 eta 55 urte bitarteko langabetuak.

4. 1.900 euro: %33tik gorako desgaitasuna duten langabetuak.

5. 2.000 euro: %33tik gorako desgaitasuna duten emakume langabetuak.

Genero indarkeriaren biktima diren emakumeen kasuan, zenbatekoak ehuneko 10 igoko dira.

5.–Eskabideen aurkezpena: epeak, tokia eta eskatutako agiriak.

Eskabideak aurkezteko epea hasiko da behin betiko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean. Urte bakoitzeko azaroaren 30a da deialdi honetan ematen diren diru-laguntzen eskaerak aurkezteko mugaeguna.

Deialdi honetako eskabideak eta eranskinak Udalaren web orrian eskura daude: www.zizurmayor.es. Eskabideak eredu normalizatuetan aurkeztu beharko dira, eskabide orriaren ifrentzuan agertzen diren agiriekin batera. Aurkezten den eskaera behar bezala baloratu eta ebazteko, Zizur Nagusiko Udalak behar dituen argibide osagarri guztiak eskatu ahalko ditu.

Eskabideak Zizur Nagusiko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira, Herritarrendako Zerbitzuen Alorrari zuzenduta (Tokiko Enplegu eta Garapen Zerbitzua) edo posta ziurtatua erabiliz. Epea 2014ko azaroaren 30ean bukatuko da 14:30ean.

Zizur Nagusiko Udalaren Erregistro Orokorra:

Erreniega parkea, zk.g. 31180 Zizur Nagusia (Nafarroa).

Telefonoak: 948 181896 / 948 181900.

Eskaerari hurrengo datuak eta agiriak erantsiko zaizkio:

–Eskaera aurkeztu duen pertsonaren datuak: IFZ, sozietatearen izena, kargua, helbidea, herria, posta kodea, harreman-era (telefonoa, posta helbidea), gizarte segurantzako kotizazio kontua, jarduera mota (kodea eta izena) eta datu pertsonalak, zalantzak argitzeko.

–Sozietatea eratu zeneko akta edo eskritura, hala badagokio, haren bazkide kopurua eta bakoitzaren partaidetza edo ordezkaritza portzentajea egiaztatzen dituena.

–Eskatzailea JEZean alta emanda dagoela eta ordainketa eguneratua duela frogatzen dituen agiria.

–Autonomoen araubide bereziko altaren ziurtagiria edo frogagiria, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

–Zerga (Foru Ogasuna) eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan eguneratua dagoela egiaztatzeko agiriak.

–Diruz laguntzekoak diren hasierako gastuen eta gastu arrunten ordainagiriak eta bankuko egiaztagiriak.

–Deialdiaren oinarrietan (I. eranskina) ezarritako bazterketen gaineko aitorpena.

–Deialdiaren oinarrietan (II. eranskina) ezarritako onuradunen baldintzen gaineko aitorpena.

–Eskabidea, transferentzia bidez ordaintzeko (III. eranskina).

–Zizur Nagusiko Udalak eskatzen ahal duen dokumentazio oro.

Diru-laguntza hau eskatzen bada interes bereziko talde bateko partaide gisa, horietaz gain agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Autonomoen araubide berezian alta egiten duen lagunaren erroldaren ziurtagiria, urtebeteko gutxieneko antzinatasuna jasotzen duena (Zizur Nagusiko Udalak eskatu beharrekoa).

–Enplegua eskatzeko txartela edo Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ziurtagiria, luzaroko langabearen egoera frogatzen duena.

–%33tik gorako desgaitasunaren ziurtagiria.

–Genero-indarkeriaren biktima dela frogatzeko agiriak.

Agiriak jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izanen dira. Eskatzaileei 10 eguneko epea utziko zaie gehienez, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, falta diren agiriak aurkeztu eta egindako akatsak zuzentzeko. Halakorik egin ez badute, eta epea iraganik, eskaera ezetsitzat emanen da.

6.–Balorazioa.

Herritarrendako Zerbitzuen Batzordeak espedientea aztertu eta Alkatetzari laguntzak onetsi eta ordain ditzan proposatuko dio, Herritarrendako Zerbitzuen Alorreko Tokiko Enplegu eta Garapeneko zerbitzu teknikoak luzatutako txostenaren ondotik eta, orobat, Udaleko Kontu-hartzailetzak gastua fiskalizatu ondotik.

Alkatetzaren ebazpenaren bidez eman eta jakinaraziko da gehienez ere bi hilabeteko epean, eskabidea dagokion organoaren erregistroan tramitaziorako aurkezten den egunetik aitzina. Ebazpen espresik jaso gabe epe hori iraganez gero, aurkeztutako eskabideak ezetsitzat hartzen ahal dira, administrazio-isiltasuna dela medio.

7.–Diru-laguntzak ematea.

Deialdi honetan ezartzen diren diru-laguntzak emateko prozedura lotuko zaio oinarri arautzaile hauetan ezarritakoari, eta banan banako ebaluazio araubidean tramitatuko dira. Deialdi honetako esleipen-hartzaileendako laguntza bakarra emanen da, gehienez ere 1.500 eurokoa edo 2.000 eurokoa (eskatzaile autonomo edo sozietate bakoitzeko).

Emandako diru-laguntza bi hilabeteko epean ordainduko da, ebazpen egunetik kontatzen hasita.

Ematen diren diru-laguntzen zenbatekoa aipaturiko aurrekontu-aplikazioan erabilgarri dagoen kredituaren mugara bitartekoa izanen da.

Zizur Nagusiko Udalak eskatzaileei behar dituen azalpenak eskatu ahalko dizkie.

Diru-laguntza ordaindu aurretik, onuradunak frogatu beharko du ezarritako baldintzak betetzen dituela eta diru-laguntzaren oinarri den jarduketa egin duela. Diru-laguntzak ezin izanen zaizkie ordaindu onuradunei, horiek eguneraturik ez badituzte tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak. Diruz lagundu daitezkeen neurri hauen onespena bateragarria izanen da beste diru-laguntzekin.

Diru-laguntzak emanen dira ezarritako aurrekontuko kontu-saila agortu arte, eta eskabideak ebatziko dira “Zizur Nagusiko Udalaren Erregistro Orokorrera” iritsi eta erregistratzen diren ordenari jarraituz.

8.–Betebeharrak.

Diru-laguntzen onuradunak beharturik daude jarduera urtebetez mantendu eta justifikatzera. Emandako diru-laguntza 2 hilabeteko epean ordainduko da, ebazpen egunetik kontatzen hasita, hilabetea bukatuta, aldez aurretik frogatuta Gizarte Segurantza eta JEZa eguneraturik dituela.

Orobat, diruz lagundutako jardueran gertatzen den edozein gorabeheraren berri emanen dute, hura gertatzen den unean bertan. Ez baldin badu jarduera horrekin jarraitzen ezarritako epe horretan, Udalari jakinaraziko dio jardueraren bukaera eguna, eskabidea aurkeztuz. Kasu horretan, ez da ordura arte jasotakoa itzultzeko eskatuko.

Deialdiaren oinarrietako bat betetzen ez bada edo eskatutako agiriak zehaztutako epeetan aurkezten ez badira, edo garrantzizko irregulartasunik atzematen bada eskatzaileak edo enpresak aurkeztutako dokumentazioan, organo eskudunak diru-laguntza ezeztatu ahalko du eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira.

9.–Baldintzak ez betetzea.

–Diru-laguntzaren onuradunek jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan.

–Diru-laguntza emateko kontuan hartutako gorabehera, betebehar eta baldintzetan edozein aldaketa eginez gero, aurreko oinarrian aipatzen den baimen administratiboa eduki gabe, ez-betetzetzat hartuko da.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen kontra ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, hautara:

Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

DIRU-LAGUNTZA ESKAERA AUTOENPLEGUA SUSTATZEKO

Inicia egitasmoa

ESKATZAILEAREN DATUAK

IZEN-ABIZENAK EDO SOZIETATE-IZENA

NAN, IFZ, AIZ

HELBIDEA

P.K.

HERRIA

TELEFONOA

MUGIKORRA

POSTA ELEKTRONIKOA

Gizarte Segurantzako kotizazio kontua–IBAN

ESKABIDEARI BURUZKO ZALANTZAK ARGITZEKO PERTSONA

IZEN-ABIZENAK

MUGIKORRA

POSTA ELEKTRONIKOA

JARDUERA MOTA

KODEA

IZENA

IZAPIDETU BEHARREKOA

Diru-laguntza eskaera Inicia Egitasmoa

Diruz lagundutako gastuak: Hasierako gastuak

Diruz lagundutako gastuak: Gastu arruntak

JEZean alta, Zizur Nagusiko Udalean

Alta eguna JEZean

Alta eguna Gizarte Segurantzan

Interes bereziko taldeak

JEZean alta eman baino urte bat lehenago Zizur Nagusiko udalerrian erroldatutako pertsonak

Iraupen luzeko langabeak (azken 18 hilabeteetan 12 hilabetez Nafarroako Enplegu Zerbitzuan izena emanda izatea)

30 eta 55 urte bitarte duten langabeak

%33tik gorako desgaitasuna duten langabeak

%33tik gorako desgaitasuna duten emakume langabeak

ESKAERAREKIN BATERA AURKEZTU BEHAR DIREN AGIRIAK

Sozietatearen eraketa-akta edo eskritura, hala badagokio, sozietateak duen bazkide-kopurua eta horien partaidetza edo ordezkaritzaren ehunekoa egiaztatzen dituena

Eskatzailearen egiaztagiria, zeinetan jasoko baita JEZen alta emanda dagoela eta egunean dituela hari dagozkion ordainketak

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian Autonomoen Araubide Berezian alta emanda dagoela egiaztatzen duen frogagiria

Betebehar fiskalak egunean dituela egiaztatzen duten frogagiriak (Foru Ogasuna)

Diruz lagunduko diren hasierako gastuen eta gastu arrunten ordainagiriak eta bankuko egiaztagiriak

Deialdiaren oinarrietan (I. eranskina) ezarritako bazterketen gaineko aitorpena

Deialdiaren oinarrietan (II. eranskina) ezarritako onuradunen baldintzen gaineko aitorpena

Eskabidea, transferentzia bidez ordaintzeko (III. eranskina)

Autonomoen Araubide Berezian alta egiten duen lagunaren erroldaren ziurtagiria, urtebeteko gutxieneko antzinatasuna jasotzen duena (Zizur Nagusiko Udalak eskatu beharrekoa)

Enplegua eskatzeko txartela edo Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ziurtagiria, luzaroko langabearen egoera frogatzen duena

%33tik gorako desgaitasunaren ziurtagiria

Genero indarkeriaren biktima dela frogatzeko agiriak

Nik, behean sinatzen dudan honek, Zizur Nagusiko Udalari aurkezten diot eskaera hau, neure gain hartuta egintza horren ondorioak, eta ziurtatzen dut bertan jasota dauden datu guztiak egiazkoak direla.

Zizur Nagusian, 20...(e)ko ..........aren .......(e)an

Eskatzailearen sinadura

I. ERANSKINA

Aitorpena, deialdiaren oinarrietan ezarritako bazterketen gainekoa

Izena: ............................................, IFZ: ................, honen ordezkari: .....................

ADIERAZTEN DUT egia eta osoa dela adierazpen honetan jasotako informazioa.

Ez dela jarduera berean edo antzeko batean autonomo gisa aritu, jarduera hasi aurreko hamabi hilabeteetan.

Baimena ematen dudala goian aipatutako datuen tratamendu informatikorako, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta garatzen duen gainerako araudian xedatutakoaren ondorioetarako, eta eskubidea ematen diodala Zizur Nagusiko Udalari datuen erabilera informatikorako.

Zizur Nagusian, 20...(e)ko ..........aren .......(e)an

Eskatzailearen sinadura

II. ERANSKINA

Aitorpena, deialdiaren oinarrien 3. atalean onuradunen
gain ezartzen diren betebeharren gainekoa

Izena: ............................................, IFZ: ................, honen ordezkari: .....................

ADIERAZTEN DUT egia eta osoa dela adierazpen honetan jasotako informazioa.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak xedatzen duenez, bertan aipatzen diren inguruabarretako batean dauden pertsona edo entitateek ezin izanen dituzte kobratu foru lege horretan arautzen diren diru-laguntzak.

Aipatu artikuluari jarraikiz, adierazten dute ez nagoela inguruabar hauetako bakar batean ere:

a) Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik egotea.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatua izatea, ezein prozeduratan kaudimengabea deklaratua izatea, konkurtsoan deklaratua izatea –horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen duenean izan ezik–, kontu-hartze judizialaren mende egotea edo Konkurtsoei buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera gaitasungabeturik egotea, konkurtsoa kalifikatzen duen epaian finkatutako desgaikuntza aldia bukatu gabe dagoela.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontratu bukatutzat ematera behartua izatea, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateko administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza eramaten dutenak ez egotea Gobernukideen eta Estatuko Administrazio Orokorraren Goi Karguen interes-gatazkak arautzeko apirilaren 10eko 5/2006 Legeak eta Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunari buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legeak aipatzen dituzten kasuetariko batean, edo izatea Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan arautzen diren hautetsietariko edozein, bertan edo gai horiei buruzko araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

e) Indarra duten xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzakoak eguneraturik ez izatea, erregelamendu bidez ezarrita dagoenaren arabera.

f) Egoitza fiskala erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean izatea.

g) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharren ondoriozko ordainketak eguneraturik ez izatea, erregelamendu bidez xedatzen diren baldintzetan.

h) Diru-laguntzak eskuratzeko aukeraren galerarekin zehatu izana, lege honen ondorioz edo horrela ezartzen duten beste lege batzuen ondorioz.

i) Lege honen 11. artikuluaren 3. ataleko bigarren paragrafoan aipatzen diren elkarteak ezin izanen dira onuradun izan, haien kideetako edozeinek aurreko debekuetakoren bat badu.

j) Diru-laguntzak biltzeko debekuak orobat eraginen die beste enpresa batzuei, baldin eta, haien kudeatzaileak nor diren edo beste inguruabar batzuk ikusita, pentsatzekoa bada eraldaketa, bat egite edo oinordetza bidez, debeku hori jaso duten enpresen jarraipen edo eratorriak direla.

Era berean, adierazten dut ez naizela baztertua izan arau-hauste oso larrien ondoriozko enplegu programen aplikazioaren onuretatik, Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoari jarraikiz (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

Zizur Nagusian, 20...(e)ko ..........aren .......(e)an

Eskatzailearen sinadura

III. ERANSKINA

Eskaera, transferentzia bidez ordaintzeko

ESKATZAILEAREN DATUAK

IZEN-ABIZENAK EDO SOZIETATE-IZENA

NAN, IFZ, AIZ

HELBIDEA

P.K.

HERRIA

TELEFONOA

MUGIKORRA

POSTA ELEKTRONIKOA

BANKUKO ZIURTAGIRIA

KONTUAREN TITULARRA (aurreko ataleko eskatzailearen izen-abizen edo sozietatearen izenarekin bat etorri behar du)

BANKETXEAREN IZENA

HELBIDEA: Kalea, zenbakia etab.

HERRIA

BANKU-KONTUA - IBAN

(IBAN zenbakiak, Espainian, 24 posizio ditu: ES jarrita, beti hasieran)

Izena:

(Izena, bi abizen eta kargua)

Izena:

(Izena, bi abizen eta kargua)

Banketxearen/Kutxaren ahaldunok

(Entitatearen izena)

Egiaztatzen dugu aurretiko “banku-kontua” atalean aipatutako datuak dituen kontu bat dagoela zabalik, eta eskatzaileari Zizur Nagusiko Udalak egin beharreko ordainketak helbideratzeko egiten dugula honako egiaztagiri hau.

Non (Lekua eta eguna)

(Egiaztagiri honek ahaldunen sinadurak eta banketxearen edo kutxaren zigilua izanen ditu)

Izena (eskatzailearen edo hura ordezkatzen duenaren izena)

Honen izenean (1)

(1) Adierazi zure izenean ari zaren edo zein pertsonaren edo entitateren ordezkari zaren; bigarren kasuan, aipatu ahalordearen datuak hurrengo atalean:

Zizur Nagusiko Udaleko Diruzaintzari eskatzen diot nire alde luzatzen diren ordainketa-aginduak “banku-kontua” atalean agertzen den kontuan ordaintzeko.

Zizur Nagusian, 20...(e)ko ..........aren .......(e)an

Eskatzailearen sinadura

Ahalordea:

Notarioaren izena, zeinaren aurrean sinatu baita eskritura

Notarioaren bizilekua

Protokolo zk.

Eskrituraren jaulkipen-data

Iragarkiaren kodea: L1410174