149. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, psikologo lanpostua aldi baterako kontratazio bidez betetzeko izangaien zerrenda hautaproben bitartez osatzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren

Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak deialdia onetsi zuen 2014ko ekainaren 25ean; hona hemen oinarriak.

OINARRIAK

1.–Deialdia egiten da hautaproben bidez psikologo lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda osatzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen ahal diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Nolanahi dela ere, kontuan hartuko da, zerrendako aldi baterako langileen kontratazioa egin aurretik, psikologo lanpostuetan lan-kontratudun finko edo funtzionario izateko egin den edo egitekoa den azken deialdi publikoan hautaprobak gainditu eta lanposturik gabe gelditu den norbait ba ote dagoen; izan ere, egindako azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna izanen dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Psikologiako lizentziadunaren edo graduatuaren titulua izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu ahalko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat baliatuz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera; hura Iruñeko Udalaren Laguntza Bulegoan eskuratzen ahalko da, Karrika Nagusiko 2an, edo Internet bidez, www.pamplona.es gunean, edo, bestela, aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean. Haietan, zein espezialitatetan hartzen den parte adieraziko da.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, eskatutako titulazioaren eta nortasun agiri nazionalaren fotokopiak ere aurkeztu beharko dituzte izangaiek.

3.2. Minusbaliotasuna duten izangaiek, eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda ikusgai jarriko du Iruñeko Udalaren iragarki oholean, Udaletxearen gibelaldean, baita haren webgunean ere (www.pamplona.es), Enplegu Publikoa atalean.

Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6.–Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haiek ebatzi ondoan, Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean jarriko da jendaurrean, baita haren webgunean ere, deialdi honetan ezartzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

7.–Epaimahaia.

7.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

–Mahaiburua: Olivia Elizari Aranguren, Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorreko azpizuzendaria

Ordezkoa: Itziar Echeverría Aldunate, Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorreko zuzendariordea.

–Mahaikidea: Alfonso Santos Muro Molina, Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorreko psikologoa.

Ordezkoa: Pablo Bretos Peralta, Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorreko zentroen arduraduna.

–Mahaikidea: Pilar Baigorri Lerga, Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorreko Emakumeari laguntza emateko udal zerbitzuko psikologoa

Ordezkoa: María Barragán Lamana, Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorreko Haurren psikologoa

–Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua

–Idazkaria: Miren Anaut Izco, Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorreko legelaria.

Ordezkoa: Carmen Martínez Arcellus, Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorreko idazkari teknikoa

7.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Iruñeko Udalaren Zerbitzu Orokorren Alorrari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

8.1. II. eranskinean jasota dauden gaiei buruzko test tankerako 60 galderei erantzun beharko zaie. Horretarako aukeran emanen dira zenbait erantzun eta haietako bat hautatu beharko da. Erantzun okerrak zehatu eginen dira. Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak zehaztuko du, hasi aurretik.

Hautapen probak, gehienez ere, 60 puntuko kalifikazioa izanen du, eta bazterturik geldituko dira 30 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

8.2. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

8.3. Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortu duten azken puntuazioaren hurrenkeran, eta Giza Baliabideen zuzendariari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.

Berdinketarik izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

9.2. Gainditu duten izangaiei Iruñeko Udalean gertatzen diren premien arabera eginen zaie dei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.3. Dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. atalean ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera.

9.4. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Iruñean, 2014ko ekainaren 25ean.–Giza Baliabideen zuzendaria, Julio Sucunza Azcona.

I. ERANSKINA

Izena

N.A.N./Nortasun agiria:

Jaioteguna (eguna, hilabetea, urtea)

Nazionalitatea

Egungo helbidea (kalea, zenbakia, eskailera, solairua)

Herria

Posta kodea

Sakelako telefonoa

Telefono finkoa

AZALTZEN DUT:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunetarik batere.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

q Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

q Minusbaliotasuna dudala frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

ESKATZEN DUT:

Onartua izatea hautaproben bidez izangai zerrenda bat osatzeko deialdian (.....eko ..... Nafarroako Aldizkari Ofizialean, .................. egunean argitaratua), Psikologoaren lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratuaren bidez.

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatua bete beharrez, aditzera ematen zaizu azaltzen diren datu pertsonalak Iruñeko Udalaren “Udaleko langileak” fitxategian sartuko direla, deialdia kudeatzeko asmoz. Halaber, aditzera ematen zaizu datuak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubideaz baliatzen ahalko zarela, Erregistro Orokorrera (Kale Nagusia, 2. 31001. Iruñea) edo www.pamplona.es egoitza elektronikora joz.

Iruñean, 20...ko ................... aren .......(e)an

(Sinadura)

II. ERANSKINA

1. Abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa, genero indarkeriaren kontrako babes integralerako neurriei buruzkoa.

2. Erakundeen arteko akordioa, arreta eta prebentzioaren koordinazioa eraginkorra izan dadin, emakumeen aurkako indarkeria kasuetan. Elkarrekin jarduteko protokoloa. Nafarroako Foru Komunitatean dauden baliabideak

3. Urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoa, Adin txikikoen babes juridikoari buruzkoa eta Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilari buruzko Legearen aldaketa partzialari buruzkoa.

4. Gizarteratzeko programa. Haurrei eta familiari laguntzeko programa eta Emakumeari laguntzeko zerbitzua (SMAM), Iruñeko Udalaren Gizarte Ongizate Alorrean.

5. Terapia laburra. Palo Alto taldea.

6. Emakumearen kontrako indarkeria kontzeptua. Tipologia. Emakumearen kontrako indarkeriaren alderdi psikosozialak. Etiologia. Osasun ekintzarako 2012ko protokolo komuna, genero indarkeriaren aurrean. Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioa.

7. Faktore psikosozialak eta mekanismo psikologikoak, emakumeak indarkeria jasaten duen harreman batean jarraitzeko. Emakume biktimari harreman horrekin bukatzen laguntzen dioten faktoreak. Enrique Echeburúa eta Paz de Corral; Miguel Lorente Acosta.

8. Emakumearen kontrako indarkeriaren ondorioak. Esku hartze psikologikoa, indarkeria jasan duten emakumeekin. Enrique Echeburua eta Paz de Corral; Miguel Lorente Acosta.

9. Indarkeria arriskuaren balorazio psikologikoa emakumearengan. Emakumearen aurkako indarkeriaren legezko eta etikako alderdiak. Jardunbide egokiaren gida, bikote harremanetan emakumearen aurkako indarkeria arriskuaren auzitegiko ebaluazio psikologikoa egiteko. Madrileko Psikologoen Elkargo Ofiziala; Javier Barbero Gutiérrez; Osasun ekintzarako 2012ko protokolo komuna, genero indarkeriaren aurrean

10. Emakumearen aurkako indarkeriaren ondorioak adingabeengan. Osasun ekintzarako 2012ko protokolo komuna, genero indarkeriaren aurrean. Enrique Echeburúa eta Paz de Corral; Miguel Lorente Acosta

11. Gizarte bazterkeriaren kontzeptua. Faktoreak eta dimentsioa. M.ªJosé Rubio eta Silvina Monteros -koord., Fundación Foessa.

12. Gizarteratzeko ibilbidea. Aintzat hartu beharreko baldintzak. Gizarteratzeko erabakia. Luis Vives CES; Begoña Pérez Eransus.

13. Gizarte akonpainamendua metodologia moduan. Begoña Pérez Eransus, Concepción Corera.

14. Laguntza harremana. Faseak eta mementuak. Jose Carlos Bermejo eta Ana Martinez; Fundación RAIS.

15. Ezaugarriak eta esku hartze psikologikoa, bazterketa prozesuan diren pertsonekin. M.ªJosé Rubio eta Silvina Monteros -koord; Fundación RAIS; Jose Carlos Bermejo y Ana Martinez.

16. Esku hartzeko eskumenak, haurren babesgabetasuneko egoeretan. Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesgabetasuneko egoeretan esku hartzeko eskuliburua.

17. Haurren babesgabetasuneko kasuak hautematea, jakinaraztea eta hartzea. Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesgabetasuneko egoeretan esku hartzeko eskuliburua.

18. Haurren aurkako tratu txarrak / abandonu egoerak baloratzeko gida. Larritasuna eta arriskua ebaluatzeko irizpideak. Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesgabetasuneko egoeretan esku hartzeko eskuliburua.

19. Nafarroan dauden baliabideak haurtzaroa babesteko. Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesgabetasuneko egoeretan esku hartzeko eskuliburua.

20. Planaren edukiak, irizpideak eta martxan jartzea, haurren babesgabetasuneko egoeren aurrean. Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesgabetasuneko egoeretan esku hartzeko eskuliburua.

Oharra: Udal web orrian argitaratuko da 4. gaiari buruzko informazioa: “Gizarteratzeko programa. Haurrei eta familiari laguntzeko programa eta Emakumeari laguntzeko zerbitzua (SMAM), Iruñeko Udalaren Gizarte Ongizate Alorrean. Gainerako gaiak izangaiak berak prestatu beharko ditu.

Iragarkiaren kodea: L1409435