148. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

628/2014 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Urederra ibaian karramarro aloktonoak kontrolatzeko eremua sortzeko baimena ematen duena.

Karramarro seinaleduna (Pacifastacus leniusculus) eta karramarro gorria (Procambarus clarkii) espezie exotiko inbaditzaileen zerrendan daude, 630/2013 Errege Dekretuari jarraikiz. Horregatik, espezie horiek kudeatzeko neurriek haiek ez zabaltzea eta, ahal bada, desagerraraztea izan behar dituzte helburu. Gaur egun neurri eraginkorrak izan behar dira helburu horietako baten bat lortzeko.

Urederra ibaiaren beheko tartean karramarro seinaleduna hedatu da azken urteetan. Tarte hori ibai-karramarro autoktonoa errekuperatzeko planaren jarduketa eremuan dago. Horregatik, proposatzen da karramarroak modu esperimental, kontrolatu eta arautuan harrapatzeko eremu bat sortzea, ebaluatzeko zein eragina duen arrantzaleek harrapatzen dituzten karramarroen kopuruak ibai tarte horretako karramarro-populazioengan.

Eremu horri esker egiaztatzen ahalko da benetan zer-nolako eragina duen aisialdiko arrantzak karramarroak harrapatzea debekatuta egon den eremu batean eta, modu horretan, baloratzen ahalko da horren eragina kudeaketa-tresna gisa espezie hori ez hedatzeko, populazioaren tamaina murrizteko edo, beste neurri batzuekin batera, espeziea desagerrarazteko eta karramarro autoktonoak eremua birkolonizatzeko.

Ibai-karramarroen arrantza honako arau hauetan arautzen da:

  • Nafarroako Gobernuaren martxoaren 11ko 142/1996 Foru Dekretua, ibai-karramarro autoktonoa Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartzea erabakitzen duena, “galzorian” dauden espezieen kategoriarekin.
  • Nafarroako Gobernuaren martxoaren 11ko 143/1996 Foru Dekretua, ibai-karramarro autoktonoa ugaltzeko plana onesten duena.
  • Nafarroako Gobernuaren martxoaren 11ko 144/1996 Foru Dekretua, Nafarroan karramarro aloktonoak antolatzeko plana onesten duena.
  • 630/2013 Errege Dekretua, abuztuaren 2koa, espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako katalogoa arautzen duena.

Urederra ibaia ibai-karramarro autoktonoa ugaltzeko eremuan dago (hura ugaltzeko planak ezartzen duen eremuan, alegia). Plan horren arabera, karramarro aloktonoak planaz kanpoko eremuetan harrapatzen ahal dira. Hala ere, karramarro autoktonoak dituzten eremuetan hango populazio aloktonoen aprobetxamendu antolatua ezartzen ahal da, betiere karramarro aloktonoak karramarro autoktonoa duten eremuetara hedatzea ekiditen bada.

Halaber, planaren helburu baten arabera, karramarro aloktonoek ibai-karramarro autoktonoen eremuak inbaditzea ekiditeko, hainbat neurri hartuko dira, hala nola karramarro autoktonoak antzeman diren eremuetan kanpoko espezieak kontrolatzeko jarduketa-programak ezartzea. Programan populazio aloktonoen aprobetxamendu antolatua ezartzen ahal da, betiere karramarro aloktonoak karramarro autoktonoa duten eremuetara hedatzea ekiditen bada.

Abuztuaren 2ko 630/2013 Errege Dekretuak espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako katalogoa arautzen du. Karramarro seinaleduna (Pacifastacus leniusculus) eta karramarro gorria (Procambarus clarkii) sartuta daude katalogoan. Aipatu errege dekretuaren arabera, abenduaren 13ko 42/2007 Legeak indarra hartu aurretik natur ingurunean sartu ziren arrantza edo ehiza aprobetxamenduko espezie katalogatuak egun hori baino lehen zeuden eremuetatik kanpora hedatzea ekiditeko, ehiza eta arrantza erabiltzen ahalko dira espezie horiek kudeatu, kontrolatu eta desagerrarazteko.

Horrenbestez, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak emandako txostena ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Urederra ibaian karramarro aloktonoak kontrolatzeko eremua sortzea, baldintza hauekin:

1.–Jarduketa eremua: karramarroak harrapatzeko eremua Urederra ibaian dago, Artabiako errepideko zubiaren eta Ega ibaiarekiko elkargunearen artean. Guztira, ibaiaren 8,5 kilometro dira, gutxi gorabehera.

2.–Karramarroak harrapatzeko baldintzak:

  • Harrapatu nahi diren espezieak: karramarro seinaleduna eta paduretako karramarroa.
  • Arrantza tresnak: arrantzale bakoitzak hiru sare-saski erabil ditzake gehienez ere. Sare-saski bakoitzean etiketa jarriko da eta bertan arrantzalearen izena, bi deitura eta nortasun agiri nazionalaren edo baliokidearen zenbakia.
  • Gehieneko harrapaketak: ez dago gehieneko kopururik eguneko eta arrantzaleko.
  • Neurria: ez da finkatu harrapatutakoaren gutxieneko neurririk.
  • Aldia: uztailaren 1etik irailaren 30era arte, asteko egun guztietan, jai ez diren astearteetan izan ezik.
  • Ordutegia: 17:00etatik 21:00ak arte.

Aleak ezin dira uretara itzuli, eta karramarroak harrapatzeko eremutik joan baino lehen hil beharko dira.

3.–Arrantzaleak karramarro aloktonoa kontrolatzeko eremuan sartzea: gaur egun karramarroen Nafarroako barruti bat kudeatzen duten arrantzaleen elkarteek hamar eguneko epea dute, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita, idatziz adierazteko interesa duten ala ez Ingurumen Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean aritzeko Urederra ibaian karramarroak harrapatzeko eremuaren kudeaketan.

Elkarteen interesaren berri izan ondoren, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak koordinatuko du arrantzaleak banatzeko eta ibai tarte hori zaintzeko era. Interesa duten elkarteen artean banatuko dira egunak, eta elkarte bakoitzeko zaindari batek agertu beharko du ibaian elkarteari esleitutako egunetan.

Karramarroak harrapatzeko tartea behar bezala zaintzen dela bermatzeko, gehienez ere 30 baimen emanen dira eguneko. Elkarteek zein zainketa-lanetarako hartzen duten konpromisoa, horren arabera banatuko zaizkie baimenak. Karramarroak harrapatzeko tartea erabiltzeko, beharrezkoa izanen da Nafarroako karramarro seinaledunen barruti baterako baimena eta ibai tarte horretarako berariazko baimena izatea.

4.–Betebeharrak: Urederra ibaian karramarroak harrapatzeko eremuan sartu ondoren, nahitaez inkesta bete beharko da honako hauek adierazteko: harrapaketen kopurua, guztira; harrapaketetan emandako denbora; sare-saskien kopurua; eta garrantzitsutzat jotzen den beste edozein datu. Modu horretan, eremuan harrapatzen diren karramarroak zorrozki kontrolatzen ahal dira, esfortzu-unitateko harrapaketen eraginkortasuna ebaluatzeko, eta eremuan guztira harrapatutako karramarroen kopuruaren berri izan daiteke. Esleitutako baimena erabiltzen ez bada ere, inkesta itzuli beharko da egoera jakinarazteko.

Pertsona batek inkesta itzultzen ez badu, ezin izanen du berriro eskuratu karramarroak harrapatzeko eremurako baimen bat.

5.–Zaintza: basozaintzak eta arrantzaleen elkarteen zaindariek egiaztatuko dute karramarroak harrapatzeko eremuak behar bezala funtzionatzen duela, eta kontrol teknikoa Ehiza eta Arrantza Atalak eginen du.

6.–Karramarroen ugaritasuna kontrolatzea: karramarroen dentsitateei buruzko datuak eskuratzeko, laginketak eginen dira karramarroen populazioen bilakaera ikusteko, harrapatzen ahal diren aldiaren aurretik, bitartean eta ondoren. Horretarako, hiru laginketa-gune ezarriko dira, bi karramarroak harrapatzeko eremuan eta beste bat eremu horretatik kanpo.

2. Ebazpen hau igortzea Ehiza eta Arrantza Atalera, Habitaten Atalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera, Foruzaingoko Ingurumena Babesteko Dibisiora eta Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Iruñeko Kirol Ehiztari eta Arrantzaleen Elkarteari, Lizarrako Kirol Ehiztari eta Arrantzaleen Elkarteari eta Rio Arga Arrantzaleen Elkarteari jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da (Erreferentzia: Esped.: hitzen ondoren dagoen zenbakia).

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

Iruñean, 2014ko ekainaren 24an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1409301