148. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

102E/2014 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Irunberriko udal mugapeko 1. poligonoko 208. lurzatian, Judasen Benta lotuneko adarren artean, egin beharreko betelanen proiekturako. Sustatzailea Autovía del Pirineo S.A. da.

2014ko maiatzaren 14an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O) epigrafean dago sartuta (Aldi baterako instalazioak, obra osagarriak, lurraren edo bestelako hondakin inerteen hondakindegiak, haiek ustiatzeko aldia bi urtetik beherakoa bada). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Proiektuaren arabera, betelanak eginen dira Irunberriko udal mugapeko 1. poligonoko 208. lurzatian, Judasen Benta lotunean (A-21 errepidearen 35. k.p.).

“Conservacion A-21” ABEEk A-21 autobidearen mantentze-lanak betetzen ditu Noainetik probintziaren mugara doan tartean, 2012-2015 aldirako. Mantentze-lan horien ondorioz 170504 HEZ kodeko hondakinak (hondeaketako lur eta harri garbiak) sortzen dira, eta baimendutako berariazko hondakindegietan utzi behar dira. Autobian berean lurrak pilatzeko espazio bat beharrezkoa denez, eskatzaileak proposatzen du Judasen Bentako lotuneko oinezkoen babesgunea erabiltzea hego-ekialdeko muturrean (Irunberri-Jaka errepidean sartzeko adarra), egokitzat jotzen baititu kokapena, topografia (ibarbidea) eta zaindu beharreko ingurumen-baliorik eza.

Oinezkoen babesgunean ukitzen den azalera 4.700 m²-koa da, eta gutxi gorabehera 6.500 m³-ko ahalmena du lurrak hartzeko. Itsas mailatik 467 metrorako kotaraino bete nahi da eremua. Ibilgailuentzako sarbidea du lurzatiak, bai eta itxitura ere, perimetro osoan ez bada ere.

Eremuak ez du ingurumen baliorik, autobiako lorategi bat baita, baina autobiatik beretik ikus daiteke, zehazki ukitutako lotunetik ateratzeko adarretik eta Jaka-Iruña errepideetatik (ia-ia aurreko lotunetik, hau da, Pirinioetako Ataria izeneko lotunetik). Horregatik, betelana gaizki eginen balitz, topografia irregularra sortuz, paisaiaren gaineko eragina handia izanen litzateke.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Irunberriko udal mugapeko 1. poligonoko 208. lurzatian, Judasen Benta lotuneko adarren artean, egin beharreko betelanen proiekturako. Sustatzailea Autovía del Pirineo S.A. da.

2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:

  • Hondakindegian utz daitezkeen hondakin bakarrak A-21 Pirinioetako Autobiako obretatik sortzen diren hondeaketako lurrak (170504 HEZ kodekoak) dira.
  • Hondakinen kudeatzaile baimendun batek behar bezala kudeatuko ditu aurreko lerroaldean zehazten ez diren materialak.
  • Eremu osoa itxiko da hondakinak kontrolik gabe bota ez daitezen.
  • Materialak utzi baino lehen, lehenbiziz ukitzen den lurzoruaren gainazaleko landare-lurreko geruza kenduko da eta ildo-bizkarretan pilatuko da eremuaren perimetroan, ahal den neurrian pantaila gisa eginen dutenak bistarako, obrek dirauten bitartean.
  • Eskabidearekin batera aurkeztutako memoria teknikoan adierazten den bezala, hondakindegia bi urtez ustiatuko da gehienez, Ingurumen ukipenetarako baimenaren ebazpen hau ematen den unetik hasita.
  • Emandako dokumentazioan diseinatutako betelanen morfologiari zorrotz jarraituko zaio. Betelanek ezin izanen dute inolaz ere gainditu autobiatik ateratzeko adarraren kota (itsas mailatik 467 metrorako kota).
  • Gehienez ere metro bateko geruzetan hedatuko da materiala, 2-3 hilabetean behin, proiektuan agertzen den topografia izan arte. Nahi den topografia lortu ondoren, gainazaleko material lodiak (30-40 cm-tik gorako diametroa dutenak) kenduko dira, landare-lurra hedatuko da (gutxienez 30 cm-ko geruza batean) eta amaierako gainazaletan landareak berrezarriko dira (2014ko maiatzean emandako dokumentazioan planteatzen diren ereintzak eta landaketak).
  • Landareak berriro ezartzeko 2 urteko bermealdia ezartzen da. Aldi horretan hainbat neurri aplikatu beharko dira: berrereintzak (aurrekoan huts egindako tarteetan), ureztaketak, inausketak, jorrak, hutsarteak betetzea eta zurkaitzak eta hodi babesleak berritzea.
  • Bermatu eginen da lotunearen gainazaleko urak behar bezala drainatzen direla.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 4.486 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Irunberriko Udalari, Agoitz aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko ekainaren 24an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1409260