148. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

101E/2014 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Cabanillasko udal mugapean etxebizitza isolatu bat elektrizitatez hornituko duen haize-sorgailuaren proiekturako. Sustatzailea Aramendia Gil, Francisco Javier da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren arabera, 3 kw-ko haize-sorgailu bat instalatuko da Las Marquesas etxearen ondoan, Casa de la Huerta bidean, etxe horretan energia metatzen duten baterien sistema kargatzeko behar den argindarra emateko. Aipatu etxea, Cabanillasko udal mugapekoa, ez dago lotuta sare elektrikoari. Haize-sorgailua Belverko olio-dolarea interes kulturaleko ondasunerako mugatutako eremutik kanpo dago.

Espedientean honako entitate hauen aldeko txostenak badaude: Cabanillasko Udala, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua eta Ondare Historikoaren Zerbitzua. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak ere espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Cabanillasko udal mugapean etxebizitza isolatu bat elektrizitatez hornituko duen haize-sorgailuaren proiekturako. Sustatzailea Aramendia Gil, Francisco Javier da.

2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:

  • Faunaren gainean gorabeheraren bat gertatuz gero, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari jakinaraziko zaio berehala (e-posta: secevamb@cfnavarra.es).
  • Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.500 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen horrek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Cabanillasko Udalari, Tutera aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko ekainaren 24an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1409268