148. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

201/2014 FORU AGINDUA, ekainaren 23koa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, energia zerbitzuen arloan energia aurreztea bermatzen duten kontratuen erregistroa sortzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Energia efizientziari buruzko 2012/27/EE Zuzentarauan (Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emana) Europar Batasunean energia efizientzia sustatzeko neurrien esparru bateratua ezartzen da energia efizientziaren helburu nagusia lortzeko: 2020an %20 aurreztea. Zehazki, 18. artikuluan honako hau ezartzen du: “Europar Batasuneko estatuek energia zerbitzuen merkatua sustatuko dute eta ETEak merkatu horretan sartzea erraztuko dute”.

Testuinguru honetan, eta Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planaren helburuekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak laguntza eman nahi du energia zerbitzuak sustatzeko, bereziki energia aurreztea bermatzen duten kontratuak, energia aurrezteko benetako pizgarri garbia baitute.

Sustapen neurri bat da energia zerbitzuen arloan Nafarroan sinatu eta energia aurreztea bermatzen duten kontratuen erregistroa abian jartzea. Kontratu horiek “energia eraginkortasuneko kontratuak” izena ere badute. Erregistroa borondatezkoa izanen da, eta horrelako zerbitzuak ematen dituzten enpresei buruzko informazioa ematea du helburu, modu horretan erreferentzia izateko energiaren kudeaketan eredu hori erabili nahi duten entitateetarako.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Foru agindu honen xedea da energia zerbitzuen arloan Nafarroan sinatu eta energia aurreztea bermatzen duten kontratuen erregistroa sortzea eta erregistroan inskribatzeko prozedura arautzea.

2. Erregistroa borondatezkoa da, eta informazioa ematea du helburu. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barruan energia arloko eskumena duen departamentuari atxikirik egonen da.

3. Erregistroak baliabide elektronikoen bitartez bakarrik funtzionatuko du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 23.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2. artikulua. Helburua.

Erregistroaren helburua da energia zerbitzuen arloan Nafarroan energia aurreztea bermatzen duten enpresei buruzko informazioa ematea, eta erreferentzia izatea energiaren kudeaketan eredu hori erabili nahi duten entitateetarako.

3. artikulua. Edukia.

1. Erregistroko datuak publikoak izanen dira. Izan ere, energia zerbitzuen arloan Nafarroan sinatu eta energia aurreztea bermatzen duten kontratuen datu hauek agertuko dira:

a) Erregistro zenbakia.

b) Energia zerbitzuen enpresaren izena.

c) Bezeroaren izena.

d) Bezeroaren sektorea.

e) Kontratuaren deskribapen laburra.

f) Kontratua hasten den eguna.

g) Kontratuaren iraupena (urteak).

h) Aurrezki bermatuak.

i) Aurrezkiak egiaztatu eta neurtzeko protokoloa.

2. Aurrekoez gain, erregistroak beste datu osagarri batzuk izanen ditu, baina ez publikoak. Hona hemen: energia zerbitzuen enpresaren hainbat datu (IFK, helbidea, telefonoa, posta elektronikoa eta abar), bezeroaren IFK eta kontratuaren kopia.

II. KAPITULUA

Inskribatu, aldatu eta baja emateko prozedurak

4. artikulua. Kontratuen erregistroan inskribatzea.

1. Energia zerbitzuen enpresek inskripzioa eskatzen ahal dute, energia zerbitzuen arloan energia aurreztea bermatzen duten kontratuak Nafarroan sinatzen badituzte eta haien publizitatea egin edo haiek zabaldu nahi badituzte.

2. Kontratuaren inskripzioa telematika bidez eskatuko da, Nafarroako Gobernuko erregistro orokor elektronikoa erabilita, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) eskura daitekeen berariazko formularioa aurkeztuz. Horretarako, ziurtagiri digital balioduna eduki beharko da.

3. Erregistroaren ardura duen organoak energia zerbitzuen enpresak eta bezeroak sinatutako kontratua berrikusiko du. Izan ere, kontratuaren kopia bat erantsi behar zaio eskabideari. Energia zerbitzuen arloan energia aurreztea bermatzen duen kontratu bat dela egiaztatu ondoren, erregistro zenbakia emanen zaio ofizioz.

Inskripzioa bakarra eta mugagabea izanen da, betiere hura eragin zuten baldintzak aldatu ezean.

4. Aurkeztutako dokumentazioan zerbait falta bada edo zalantzarik badago, interesdunari eskaera eginen zaio, eskabidean adierazitako helbideari mezu elektroniko bat bidaliz, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan.

5. Erregistroaren ardura duen organoak erabakitzen badu kontratua ez dela energia zerbitzuen arloan energia aurreztea bermatzen duen kontratu bat, edo akatsak zuzentzeko eskaerak (aurreko atalean aipatua) erantzunik ez badu, inskripzioa ukatuko da ebazpen baten bidez.

6. Erregistroan inskribatzeak berarekin ekarriko dio energia zerbitzuen enpresari organo eskudunaren lana erraztu beharra, haiek emandako informazioa egiaztatzeko garaian.

5. artikulua. Aurrezkiei buruzko urteko txostena.

Energia zerbitzuen enpresak, urtero, erabilitako erregai-mota bakoitzean izandako aurrezkien datuak jakinarazi beharko ditu telematika bidez, Nafarroako Gobernuko erregistro orokor elektronikoa erabilita, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) eskura daitekeen berariazko formularioa aurkeztuz. Datuak balio absolututan eta ehunekotan (erreferentziako egoerarekin alderatuta) adierazi beharko dira, eta aurrezkiak egiaztatu eta neurtzeko urteko txostenetik aterako dira.

6. artikulua. Erregistroko datuak aldatzea.

Energia zerbitzuen enpresek, erregistroan kontratu bat inskribatu badute, hilabeteko epean jakinaraziko dituzte datuen garrantzizko aldaketak, bai eta datuei eragiten dien edozein gertaera ere; telematika bidez eginen dute, Nafarroako Gobernuko erregistro orokor elektronikoa erabilita, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) eskura daitekeen berariazko formularioa aurkeztuz.

7. artikulua. Erregistroan baja ematea.

Erregistroaren ardura duen organoak kontratu baten behin betiko baja emanen du honako kasu hauetan:

a) Energia zerbitzuen enpresak edo bezeroak inskripzioa deuseztatzeko eskatzen duenean telematika bidez, Nafarroako Gobernuko erregistro orokor elektronikoa erabilita, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) eskura daitekeen berariazko formularioa aurkeztuz.

b) Energia zerbitzuen enpresak foru agindu honen 4.6 artikuluan aurreikusitako betebeharra betetzen ez duenean.

8. artikulua. Informazioa eskuratzea.

1. Foru agindu honen 3.1 artikuluan ezarritako datuak publikoak dira. Datu pertsonalen babesaren arloan estatuan indarra duen araudiak babestuko ditu datu pertsonalak.

2. Erregistroaren kudeaketaren ardura duen organoak datu publikoei buruzko informazioa eskuragarri jarriko du Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) berariazko esteka baten bidez.

Xedapen iragankor bakarra.–Lehenago sinatutako kontratuak.

Lehenago sinatutako kontratuak energia zerbitzuen arloan energia aurreztea bermatzen duten kontratuen erregistroan inskribatzen ahal dira baldin eta foru agindu honek indarra hartzen duenean betearazten ari badira oraindik.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko ekainaren 23an.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1409191