147. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

278E/2014 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, zerri ustiategi baten instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzen duena (umetarako zerramak hasierako gizentzearekin). Instalazioa Zangozako udal mugapean dago, eta haren titularra Granja Los Alecos, S.L. da. Aldaketaren helburua da animalien gorpuak errausteko ekipo bat funtzionamenduan jartzea, instalazioak eta jardueraren garapenak Ingurumen baimen integratuaren kasuan kasuko espediente administratiboetako baldintzak bete ditzaten eta, edozein kasutan, ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren baldintza eta neurriak.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 0869/2008 Ebazpenaren bidez emana.

2013ko azaroaren 4an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak azaroaren 14an emandako irizpenaren arabera, aldaketa ez zen funtsezkoa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, horregatik, ez zen beharrezkoa Ingurumen baimen integratu berria ematea; aldaketa nabarmena zen, ordea, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan, eta, horregatik, aldaketa horiek Ingurumen baimen integratuan jaso behar dira.

2014ko urtarrilaren 14an, titularrak Ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, proiektua aurrera eramateko.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da 10 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta horiei emandako erantzunak.

Uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi ziren indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera. Foru dekretu horrek ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Zangozako udal mugapean dagoen zerri ustiategi baten Ingurumen baimen integratua (umetarako zerramak hasierako gizentzearekin) aldatzea, animalien gorpuak errausteko ekipo bat funtzionamenduan jartzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen I. eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Granja Los Alecos, S.L. da.

Bigarrena.–Irekitzeko beste baimenik ez da eskuratu beharko aldatutako instalaziorako; dena dela, titularrak aldaketa abian jartzearen berri eman beharko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, eta, orobat, erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko du, proiektua ebazpen honetako baldintzetan egin dela adierazten duena, eta horrekin batera, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40.2 artikuluan adierazitako dokumentazioa ere aurkeztu beharko du.

Hirugarrena.–Titularrak proiektua egin dela adierazten duen erantzukizuneko aitorpena aurkezten duen egunean edo, edozein kasutan, aldaketa abian jartzen den egunean hasiko dira aplikatzen Ingurumen baimen integratuaren aldaketa honetan ezarritako baldintzak. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hots, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Granja Los Alecos, S.L.ri, Zangozako Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Ingurumena Zaintzeko Atalari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko uztailaren 2an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1409743