Iragarkia
146. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
435/2014 EBAZPENA, uztailaren 14koa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko udal eta kontzejuei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena, Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako (Lehen Hezkuntza-DBH) ikastetxe publikoak hobetu eta birmoldatzeko obra proiektuak gauzatu ahal ditzaten.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen eta haren erakunde autonomoen diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra, oro har, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezarri zen. Lege horren xedea prozeduraren kontrol eta gardentasun handiagoa lortzea zen, publizitate, lehiakortasun eta objektibotasun printzipioak betez.
Hori baino lehenago, urtarrilaren 25eko 13/1990 Foru Dekretuak berariaz arautu zuen “Eskolaurreko eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikastetxe publikoak eta Udalen Musika Eskolak eta Kontserbatorioak hobetzeko, zabaltzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak gauzatzeko Nafarroako udal eta kontzejuentzako diru-laguntzen kontzesioa”. Foru dekretu horren xedea laguntzen sistema orekatua eta koordinatua ezartzea izan zen eta, beraz, bidezko deialdien esparrua eratzeko administrazioaren irizpideak eta bideak ezartzea.
Beste alde batetik, Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorretan (2014. urtera luzatuak), “Hezkuntza baliabideak” izeneko 410. programaren barnean, “Obrak udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325100 kontu-saila ageri da. Kontu-sail hori, diru-laguntzaren prozedura erabiliz, arlo horretako inbertsio proiektuak finantzatzeko da.
2014ko ekitaldi honetan deialdiaren jomugatzat hartuko dira ikastetxearen funtzionamendurako funtsezkoak diren obrak, hezkuntza jarduera normaltasunez garatzeko presako esku-hartze saihestezina eskatzen badute. Orobat, segurtasun eta irisgarritasunaren arloko indarreko araudietara egokitzeko obrei ere eman nahi zaie laguntza.
Toki entitateek aukera izan dezaten beren titulartasuneko ikastetxe publikoen eraikin eta instalazioak hobetzeko inbertsio proiektuetarako laguntzak eskuratzeko, nahitaezkoa da ebazpen bat ematea, 2014rako aurrekontuan aurreikusi diren diru-laguntzen deialdia onetsi eta laguntzak banatzeko oinarriak ezar daitezen.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako toki entitateei (udalei eta kontzejuei) diru-laguntzak emateko deialdia onestea, beren titulartasuneko ikastetxe publikoen eraikin eta instalazioak, unibertsitate mailakoak ez direnak, hobetu eta birmoldatzeko inbertsio proiektuak gauza ditzaten. Diru-laguntzak 2014ra luzatutako 2012ko aurrekontuko “Obrak udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325100 kontu-sailaren kargura ordainduko dira, gehienez 200.000 euro.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan eta urtarrilaren 25eko 13/1990 Foru Dekretuan ezarri dena betez. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.
3. Ebazpen hau igortzea Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Obren Atalari eta Araubide Administratiboaren Atalari.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
5. Ebazpen honen kontra administrazio publiko interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2014ko uztailaren 14an.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Iñigo Huarte Huarte.
ERANSKINA
Nafarroako Foru Komunitateko udal eta kontzejuei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako (Lehen Hezkuntza-DBH) ikastetxe publikoak hobetu eta birmoldatzeko obra proiektuak gauza ditzaten
1.a Helburua.
Ebazpen honetan jasotzen diren diru-laguntzak Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe publikoak hartzen dituzten eraikin eta instalazioak hobetu eta birmoldatzeko proiektuak finantzatzeko izanen dira.
2.a. Onuradunak.
Diru-laguntza hauek eraikin horien titularrak diren toki entitateek (udalek edo kontzejuek) eska ditzakete.
3.a. Xedea.
Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxeetako eraikin eta instalazioak hobetu edo birmoldatzeko obrak 2014. urteko ekitaldi ekonomikoan eta deialdi honetan ezarritako epeetan egiteko proiektuek jaso dezakete diru-laguntza.
Deialdi honen xedetzat hartuko dira ikastetxearen eguneroko funtzionamendu egokia bermatzeko nahitaezko instalazioak izateagatik presako esku-hartze saihestezina eskatzen duten funtsezko jarduketak.
Esku-hartzearekin zuzenean lotutako elementu edo lanen kostua izanen da soilik diru-laguntzen xede. Diruz lagundutako proiektua egiteko peritu gastuek diru-laguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira. Instalazioen ohiko mantentze-lanei edo konponketei lotuta dauden gastu arruntak ez dira diru-laguntza hauen xedeen barrenean sartzen. Ez da diru-laguntza jaso dezakeen gastutzat joko, deialdi honen ondorioetarako, balio erantsiaren gaineko zerga.
4.a. Diru-laguntzen portzentajea eta gehieneko zenbatekoak.
Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 50.000 eurokoa da ikastetxe bakoitzeko.
Hauek dira diru-laguntzen portzentajeak, zer-nolako ikastetxea den edo zein den jarduketa, horren arabera:
a) Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako obrak: diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %60 gehienez.
b) Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxeetako egoitza edo instalazio komunetan edo erabilera partekatua dutenetan egiten diren obrak: diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %75 gehienez.
c) DBHrako soilik erabiltzen diren egoitza edo instalazioetako obrak: diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %100 gehienez.
d) Pirinio aldeko udal ikastetxeetako egoitza edo instalazioetako obrak: diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %95 gehienez, edo diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %100 gehienez, DBHrako soilik erabiltzen diren egoitza edo instalazioetako obren kasuan.
5.a. Dokumentazioa.
a) Eskaerak toki entitateen legezko ordezkariek aurkeztuko dituzte; beraz, eskola elkartearen barnean sustatzen den edozein eskaera (ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, gurasoen elkarteak, besteak beste) ordezkari horien bidez bideratu behar da.
b) Diru-laguntzak eskatzeko aurkezten diren eskabideak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari aurkeztuko zaizkio, eta eskabideekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
–Diru-laguntzaren xedeko obren proiektu tekniko eguneratua, obren memoria baloratua edo aurrekontua, aurrekontua kapituluka xehakatuz. Baldin eta proiektua edo memoria baloratua deialdi hau egin aurretik aurkeztu bada eta eguneratuta baldin badago, nahikoa izanen da inguruabar hori adieraztea eta horren frogagiria aurkeztea. Proiektatu diren obra horiek bereiz egiteko aukera dagoenean edo faseka egin daitezkeenean, berariaz adieraziko dira lehentasunak. Proiektuak, memoria baloratuak edo aurrekontu independenteak ere aurkeztuko dira esku-hartze bereiziak badira, zazpigarren oinarriko esku-hartze moten arabera. Halaber, zein eraikin edo instalaziotan esku hartu nahi den, horren gaur egungo egoerari buruzko txostena ere aurkeztuko da, argazkiekin batera, beharrezkoak balira.
–Obrak egin nahi diren eraikin edo lurren jabetza frogatzen duen agiria edo errentamendu kontratua, obra amortizatzeko aukera ematen duen epearekin, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluko 4. puntua betez. Lurren jabetzari buruzko dokumentazioarekin batera, hala denean, udal edo kontzejuak ur, argi eta estolderia zerbitzuak eman eta sarbideen egokitzapenak eginen dituela azaltzen duen adierazpen idatzia aurkeztuko da. Betiere, berariaz adieraziko da diru-laguntzaren xedeko lokal horiek irakaskuntzako erabilerari lotuta egonen direla.
–Obren onespenari buruzko udal erabakia.
–Idazkariaren ziurtagiria, non udal edo kontzejuaren aurrekontuetan diru-laguntzaren xedeko obran dagokion zatia ordaintzeko behar adinako zuzkidura ekonomikoa dagoela agertuko baita.
–Obren xede den ikastetxeko Eskola Kontseiluaren aldeko txostena.
–Diru-laguntzaren xede diren eskola instalazioen geroko funtzionamendu eta mantentze gastuak toki entitateak dagokion neurrian bere gain hartuko dituela adierazten duen konpromisoa.
–Ikastetxe ukituen berezko erabiltzaileak (irakasle eta ikasleak) behin-behineko lokaletara lekualdatzeko gastuei aurre egiteko konpromisoa, obrek dirauten bitartean, baita, beharrezkoa balitz, horien alokairuaren gastuei aurre egitekoa ere.
–Beste erakunde batzuek laguntzarik ematen badute, eskumenak dituen organoaren berariazko erabakia edo egiaztagiria finantzaketari buruz.
–Deialdi honen xedea finantzatzeko eskatu edo lortutako diru-laguntzei, laguntzei, diru-sarrerei edo baliabideei buruzko aitorpena.
–Diru-laguntzaren xede den eraikinaren edo eraikin zatiaren antzinatasuna frogatzen duen agiria.
–Oro har, erakunde eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jo dezakeen beste edozein dokumentazio, baldin eta oinarri arautzaileetan adierazi diren lehentasun edo irizpideekin lotuta badago.
–Eskaerak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio bost egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
6.a. Eskaera aurkezteko epea eta tokia.
Eskaerak hogei egun naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren Hezkuntza Departamentuko bulegoan, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetako edozeinetan, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarri diren lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.
7.a. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.
Deialdi honen xedetzat hartuko dira ikastetxearen eguneroko funtzionamendu egokia bermatzeko nahitaezko instalazioak izateagatik presako esku-hartze saihestezina eskatzen duten funtsezko jarduketak, zehazki hauek:
–Eraikina irazgaiztea.
–Egituraren segurtasuna.
–Berokuntzaren instalazioa.
–Elektrizitatearen instalazioa.
–Iturgintza eta saneamenduaren instalazioa.
–Ikastetxearen segurtasun eta irisgarritasunarekin lotura duten bestelako jarduketak.
Jarduketa batzuk gauzatuz gero, proiektuak, memoria baloratuak edo aurrekontu independenteak aurkeztuko dira, aurreko zerrendako esku-hartze moten arabera.
8.a. Deialdiaren 7. oinarriko bigarren puntua betetzen duten eskaerak baloratzeko irizpideak.
Aurreko oinarriko eskaeren artean lehentasuna ezartzeko, honako irizpide eta puntuazio hauen araberako balorazioa eginen da:
Ikastetxearen eguneroko funtzionamendu egokia bermatzeko nahitaezko instalazioak izateagatik presako eta nahitaezko esku-hartzea eskatzen duten obra proiektuak. 40 puntu gehienez, honelaxe banaturik:
a) Esku-hartzearen presa. Kontuan hartuta diru-laguntzaren xede den obra zenbateraino den beharrezkoa ikastetxearen funtzionamendu egokirako. Puntu gehiago emanen zaizkie honako esku-hartze hauei, egin ezean hezkuntza sistemaren funtzionamendurako funtsezko alderdiak bereziki ukitzen baitituzte:
–Eraikina irazgaiztea. (20 puntu arte).
–Egituraren segurtasuna. (20 puntu arte).
–Berokuntzaren instalazioa. (18 puntu arte).
–Elektrizitatearen instalazioa. (17 puntu arte).
–Iturgintza eta saneamenduaren instalazioa. (15 puntu arte).
–Ikastetxearen segurtasun eta irisgarritasunarekin lotura duten bestelako jarduketak. (15 puntu arte).
b) Instalazio eta eraikinen ordura arteko egoera. Zein instalazio eta eraikinetan esku hartu nahi den, horien ordura arteko narriadura maila eta horien erabileran izandako eragina baloratuko dira. Puntu gehiago emanen dira instalazioen kontserbazio-egoera txarrak segurtasuna arriskuan jartzen badu. (10 puntu arte).
c) Zaharberritu beharreko eraikinaren zati den instalazioaren antzinatasuna.
i. 40 urtetik goiti: 10 puntu.
ii. 33tik 40 urtera bitarte: 8 puntu.
iii. 25etik 32 urtera bitarte: 6 puntu.
iv. 17tik 24 urtera bitarte: 4 puntu.
v. 9tik 16 urtera bitarte: 2 puntu.
vi. 8 urtetik behera: 0 puntu.
Diru-laguntza eskubideari dagokionez, berdinketarik gertatzen bada, Ebaluazio Batzordeak toki entitateei zehatz-mehatz eskatu ahal izanen die zer inbertsio egin dituzten azken urteotan kasuan kasuko eraikin edo instalazioetako kontserbazioan, eta zenbat eta gehiago gastatu, orduan eta balioetsiagoa izanen da.
9.a. Ebaluazio Batzordea.
Aurkeztuko diren eskaerak aztertu behar dituen batzordeak kide hauek izanen ditu: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lana eginen duena, Obra Ataleko burua, Obra Ataleko bi teknikari eta Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Ataleko burua.
10.a. Deialdiaren ebazpena.
Deialdia norgehiagokako araubidearen bidez ebatziko da, 8. oinarriko baremoak erabiliz lortutako puntuazioaren arabera, aurrekontuko dirua agortu arte.
Laguntzak eman eta jakinarazitakoan, uko egiten bazaie edo frogatutako gastuaren zenbatekoa diruz lagundutako inbertsioa baino txikiagoa bada, soberakina azken onuradunari onetsitako eskaerarako izanen da, baldin eta behar adinako kreditua egotera legokiokeena baino laguntza txikiagoa esleitu bazaio.
Diru-laguntzak ematea eta eskaerak ezestea Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak ebatziko du, horretarako ebazpena emanez eta aurrez Ebaluazio Batzordeak eginen dion proposamena aztertuz. Ebazpen hori eskaerak aurkezteko adierazi den epea bukatu eta hurrengo bi hilabetean emanen du. Emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) argitaratuko dira, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.
11.a. Diru-laguntzak ordaintzea.
Diru-laguntza horien ordainketa 2014ra luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Obrak udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325100 kontu-sailaren kargura eginen da, modu hauetako batean:
Ematen diren kopuru horiek jasotzeko nahitaezkoa izanen da obra horiek 2014ko abenduaren 8a baino lehen bukatzea, eta ziurtagiriak 2014ko abenduaren 12a baino lehen aurkeztea.
Diru-laguntzaren ordainketari ekiteko ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Egin den esku-hartzearen faktura edo fakturak.
b) Obren ziurtagiriak, zuzendaritza fakultatiboak –halakorik badago–, jabeak eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatuak.
c) Egindako ordainketaren frogagiria.
d) Udaleko idazkariaren ziurtagiria, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezartzen diren aginduak bete izana egiaztatzen duena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1 ñ) eta 28.3 artikuluetan aurreikusten diren ondorioetarako.
e) Harrera-akta, zuzendaritza fakultatiboak sinatua, halakorik badago, baita jabetzak (udalak edo kontzejuak) eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatua ere, edo, hala ezean, Udalak emandako agiria, obrak bukatu direla ziurtatzen duena.
12.a. Onuradunen betebeharrak.
12.1. Lanak egitea.
Obren finantzaketaren berri emanen da obretan publizitate kartel bat jarriz. Kartelean finantzaketa publikoa dela adierazi beharko da.
Kanpoko inguruabarren eraginez obrak ezin badira egin, toki entitateak aipatu zerbitzuari adierazi beharko dio espresuki uko egiten diola diru-laguntzari, edo diruz lagundutako obra epearen barnean egiteko arrazoiak azaldu.
Diru-laguntzaren xedeko inbertsioen gaineko kostu-gehikuntzak toki entitate onuradunak hartuko ditu bere gain.
Obren behin betiko kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, beherapen horren arabera gutxituko da diru-laguntzaren zenbatekoa.
Oinarrietan xedatuta ez dagoen guztirako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio eta, onuradunaren betebeharrei dagokienez, haren 9. artikuluan xedatutakoari.
12.2. Gardentasunerako betebeharrak.
Gardentasuna betetzera behartuta dauden diru-laguntzen entitate onuradunek, 59/2013 Foru Dekretuaren (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen ditu) 3. artikuluan aurreikusitako kasuetan parte hartzen dutenean, ondoren aipatzen den informazioa eman beharko dute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu ondoren aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Hilabetekoa da aitorpen hau igortzeko epea, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.
Informazio hori urtebetez eskura egonen da Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskatutakoa gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.
Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
13.a. Bateragarritasuna edo bateraezintasuna.
Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek beste administrazio, entitate eta erakunde (publiko edo pribatu) batzuen diru-laguntzak hartzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak izanik ere, haiek proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute, BEZa sartu gabe.
14.a. Ikuskapen bisitak.
Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikariek bidezkotzat jotzen dituzten ikuskapen guztiak egin ditzakete hala obra horiek egiten ari direnean nola bukatu ondoren. Diru-laguntzen onuradun diren toki entitateak beharturik daude obretan sartzen uztera eta eskatzen zaizkien obrei buruzko agiriak ematera.
15.a. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezartzen dena ez betetzea.
Datuen faltsukeria frogatuak, datuak ezkutatzeak edo diru-laguntzaren helburua aldatzeak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 42. artikuluan ezarri diren zehapenak ekar ditzake.
Formazko alderdiak bete ezean, baliteke diru-laguntzaren zati bat itzuli behar izatea. Funtsezko alderdiak bete ezean, berriz, baliteke diru-laguntza osorik itzuli behar izatea, hori guztia Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatuta dagoenaren arabera.
Iragarkiaren kodea: F1410148
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
