2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TUTERA
Plan Partzialeko aldaketa 1. sektorean (“Queiles”), Luis Cernuda, Manuel Altolaguirre eta Ana María Matute kaleen artean. Behin betiko onespena
Tuterako Udalak, 2014ko ekainaren 25ean egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Tuterako HAPOko 4. unitate integratuko “Queiles” 1. sektoreko Plan Partzialeko aldaketa, erabilera xehakatuari buruzkoa; hau da, eraikinen tipologia aldatu nahi da, U.3.9 etxesaileko beheko solairuko lerrokaduretan egokitzapen berria sarturik. Hura bi lurzatik osatzen dute –U.3.9-1 eta U.3.9-2–, Luis Cernuda, Manuel Altolaguirre eta Ana María Matute kaleen artean, eta haien eraikigarritasunari eragiten dio. Sustatzailea Jesús Carlos Yera Bergua da, Construcciones Martín Casajus Jarauta, Raquel Navarro Castell Ruiz eta Santiago Risco Catalán ordezkaturik, Jesús Carlos Yera eta Efrén Munárriz Clemos arkitektoek 2014ko urtarrilean prestaturiko proiektuari jarraikiz.
Halaber, bilkura berean, erabaki da memoriako araudia argitaratzea. Hitzez hitz honela dio:
9. Proposatutako araudia.
Etxesail osoa (U.3.9) osatzen duten U3.9-1 eta U3.9-2 lurzati berrien baldintza partikularrek berreskuratzen dute UI 4ko 1. sektorerako hasiera batean prestatutako Plan Partzialean planteatu zen araudia, aldaketa txikiren batekin, zeina jarraian azaltzen baita.
U3.9-2 eta U3.9-2 LURZATIEN ARAUDIA - FAMILIA BAKARREKO ETXEBIZITZA ATXIKIA
9.1. Gehieneko garaiera eta solairu kopurua.
Eraikinak B+1+A erako inguratzaile batekin definituko dira, teilatu-hegalak 6,5 m-ko garaiera izanik gehienez.
Atikoko solairuak nahitaez 3 metro atzeraemanen dira beti, fatxadako lerrokadurari dagokionez. Salbuespen gisa onartuko den elementu bakarra eskailera kaxari dagokiona izanen da.
Gehieneko garaiera gailurreraino (estalkia maldan den kasuan): %45eko malda plano horizontalari aplikatzearen ondoriozkoa, eraikinaren barreneko nahiz kanpoko fatxadetan baimendutako gehieneko hegalkinetik.
9.2. Gutxieneko jarduketa.
Etorkizuneko banantzeen ondoriozko lurzatien frontea ez da 6 metrotik beherakoa izanen familia bakarreko eraikinerako, gutxienez ere 120 m²-ko lurzatian.
9.3. Fatxada nagusiaren atzeraemangunea.
Fatxada nagusien lerrokadurek planoetan gehieneko inguratzaile gisa ezarritakoa errespetatuko dute. (gaur egun ezarritakoa mantentzen da).
9.4. Atzealdeko fatxadaren atzeraemangunea.
Atzealdeko fatxaden lerrokadurek planoetan, solairu guztietan, gehieneko inguratzaile gisa ezarritakoa errespetatuko dute.
Lur eremuko topografia kontuan harturik (kaleen artean 6 metro inguruko garaiera aldea), beheko lurzatietan soilik baimenduko da beheko solairuko eraikigarritasuna, baimendutako okupazio inguratzailearen barnean, baldin eta solairu horretarako esleitu den eraikigarritasun balioa gainditzen ez bada. Solairu horretarako sakonera eraikigarriak eta fatxadaren lerrokadurak mugatuko dute okupazioa; hots, lurzatiaren frontearekiko atzeraemanguneko 5 m-en eta lurzatiaren hondoaren arteko azalera.
Horren bidez hobetu egin nahi dira lurzati horietan sortzen diren atzealdeko patioen bizigarritasun baldintzak, eraikigarritasuna handitu gabe.
9.5. Eraikigarritasuna lurzatietan.
Geroago banantzen diren lurzatietan etxebizitza atxikiak eraikitzen ahalko dira, lurzati osorako proiektu bakar bat tramitatu beharrik izan gabe.
Eraikina bere lurzatiaren mugaraino iristen ahalko da albotik, eta, alboko mugatik bereizten bada, gutxienez 3 m izanen dira; atzeraemangune horretan, fatxada bat gehiago gisa hartuko da eraikuntza.
Banandutako lurzatietan eraikuntza tipologia aldatzen denean, etxebizitza atxikietatik familia bakarrekoetara pasatuz, atikoa egiten bada, 3 m atzeraeman behar da lurzatiaren alboko mugatik, eta, muga horretan, fatxada bat gehiago gisa hartuko da eraikuntza.
Aditzera ematen da, orok jakin dezan.
Tuteran, 2014ko uztailaren 2an.–Jarduneko alkatea, Reyes Carmona Blasco.
Iragarkiaren kodea: L1409771