146. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Iruña eta artista gazteak 2014 XXVIII. lehiaketa

Iruñeko Udalak Iruña eta artista gazteak 2014 XXVIII. Lehiaketarako deia egiten du, norgehiagokako araubidean, Iruñeko Udaleko Diru-laguntzen Ordenantza Orokorrak (Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 21. zenbakian argitaratua, 2006ko otsailaren 17an) xedatzen duenarekin bat.

1.–Xedea.

Iruña eta artista gazteak 2014 XXVIII. Lehiaketa.

Lehiaketa honen helburua Nafarroako artista gazteen sormena ezagutarazi, sustatu eta zabaltzea da; xede hori harturik, aurkeztutako lanen artean hiru hoberenak hautatu eta sarituko dira.

2.–Sari modalitateak.

Hona hemen sari-modalitateak:

Lehen saria, bigarren saria eta hirugarren saria.

3.–Diru zuzkidura.

Deialdi honi, gehienez ere, 6.400 euro esleituko zaizkio sarietarako, Udalaren Aurrekontuko honako kontu-sail honen kargura:

50 45132 480000.

Sari hauek ezarri dira modalitate bakoitzerako, 2. klausulan ezarritakoaren arabera:

Lehen sariak 3.100 euro joko du; bigarrenak, 2.200 euro, eta hirugarrenak, 1.100 euro. Aipatu zenbatekoari PFEZ arautzen duen araudian aurreikusitako atxikipena ezarriko zaio.

4.–Izangaien betekizunak.

Nafarroan jaio edo bertan bizi diren artistek parte hartu ahalko dute lehiaketan, betiere 1984. eta 1996. urteen artean jaio badira, bi urte horiek barne.

Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntza hauen izaera berezia dela-eta, onuradunei arau horrek ezarritako debekua aplikatu beharrekoa izanen zaie: BAI EZ

5.–Eskatzaileek zer agiri aurkeztu behar duten, zein epetan eta non.

Lanak helbide honetara bidali behar dira:

Iruñeko Ziudadela (Guardia-gorputzaren aretoa).

Armada etorbidea, zk.g. - 31002 Iruña.

Lanak aurkezteko ordutegia: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:30era.

Lanak behar bezala babesturik eta paketaturik aurkeztu behar dira.

Lanarekin batera gutun-azal itxi bat aurkeztuko da, eta horren barruan, hauek:

–Artistaren curriculuma.

–NANaren fotokopia.

–Egungo helbidea eta telefono zenbakia.

–Erroldatze-agiria (Iruñean bizi ez diren lehiakideak bakarrik).

–Lanaren edo lanen fitxa teknikoa: izenburua, neurriak, teknika, urtea eta balorazio ekonomikoa.

Lana muntatzeko jarraibideak, halakorik behar izatera.

Artista bakoitzak, gehienez ere, bi obra aurkezten ahalko ditu, jatorrizkoak eta gai zein teknika librekoak.

Lanek –eskultura, margolan, argazki, ikus-entzunezko, objektu edo instalazio izanik ere– ez dute inoiz 200 cm baino gehiago hartuko, horien edozein alde neurtuta. Horretaz gain, eskulturek eta instalazioek ezin izanen dute 100 kilo baino gehiago pisatu, eta argazkiak markoztaturik aurkeztu behar dira, edo erakusteko moldatuta.

Lan bat muntatzeko jarraibide zehatzik behar izanez gero, horiek izena emateko gutun-azalean atxiki behar dira.

Ikus-entzunezko lanak DVD formatuan aurkeztu behar dira, halako moduz non ez baita inongo arazorik izanen horiek ikusteko; bestela, bazter geldituko dira hautaketa egin baino lehen. Halaber, bideoak zenbat irauten duen adierazi behar da.

Ez da onartuko beste lehiaketa batean saritutako lanik.

Era berean, beste bide batzuk ere baliatu ahal izango dira, zein eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluak aurreikusitakoetatik edozein.

Lanak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin bat hasiko da, eta 2014ko urriaren 31n bukatuko da.

Saririk jasotzen ez duten lanak Udalaren bulegoetan berreskuratu ahal izango dira, ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epean. Epe hori igarota, Udalak suntsitu egin ahalko ditu jaso ez diren lanak, betiere ebazpenaren kontrako errekurtsorik aurkeztu ez bada.

6.–Epaimahaia.

Epaimahaia Iruñeko Udalak izendatuko du, eta honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Fermín Alonso Ibarra jauna, Hezkuntza eta Kultura Alorreko Zinegotzi Delegatua.

–Epaimahaikideak: Teresa Lasheras Balduz andrea –Hezkuntza eta Kultura Alorreko zuzendaria–, arte plastikoen esparruko bi profesional, aurreko edizioaren irabazlea eta Pedro Lozano Uriz jauna -Hezkuntza eta Kultura Alorreko Ondarearen eta Arte Plastikoen teknikaria.

–Idazkaria: Hezkuntza eta Kultura Alorreko administrari laguntzaile bat.

Epaimahaiak sariak emateko proposamena eginen du, eta organo eskudunari aurkeztuko dio, hau da, Hezkuntza eta Kultura Alorreko Zinegotzigo Delegatuari, proposamenaren gainean ebatz dezan. Modalitate guztietan, edozein sari eman gabe utzi ahal izango da, baldin eta epaimahaiaren iritziz ezein lanek ez badu behar adinako meriturik edo kalitaterik.

Epaimahaiak accesiten bat proposatzeko aukera: BAI EZ

7. Datu pertsonalen tratamendua.

Jasotako izaera pertsonaleko datuak babestu eginen dira, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hori garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat. Aipatu Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan jasotako datu pertsonalak sari hau kudeatzeko baino ez dira erabiliko, eta Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bildu ahalko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalari zuzenduta gauzatzen ahalko da datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Udalaren Erregistro Orokorrera joaz. Lehiaketa hau egin bitartean irudirik jasoz gero, horiek erabiltzeko beharrezkoa izanen da interesdunek aldez aurretik baimena sinatzea.

8.–Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hortik aitzina hasiko da kontatzen.

Instrukzio-organoa diru-laguntza kudeatzen duen Alorreko Idazkaritza Teknikoa izango da.

Sariak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluetan agindutakoarekin bat.

Diru-laguntzak emateko ebazpena argitaratzea: BAI EZ

Baiezkoa bada, adierazi zer bideren bidez argitaratu behar den:

Nafarroako Aldizkari Ofiziala. Udaleko Iragarki-taula.

9.–Kontuan hartu beharreko beste batzuk.

Obrak bidali eta itzultzeko gastuak lehiakideek hartuko dituzte beren bizkar, eta antolatzaileek ez dituzte beren gain hartuko lehiaketan parte hartzen duten lanek igorri eta itzultzean jasan ditzaketen galera edo kalteak.

Behin lanak itzultzeko epea igarota, Iruñeko Udalak nahi duenerako erabili ahal izanen ditu, inolako erreklamaziorik aurkezteko eta kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik aitortu gabe.

Sariak ordainduta Iruñeko Udalak hiru lan irabazleak eskuratuko ditu, halako eran non egile saridunek Iruñeko Udalari emanen baitizkiote, beretako bakarrik eta mundu mailan, lan saridunen jabego intelektualari dagozkion eskubide ekonomiko guztiak.

Horren kariaz, Iruñeko Udalak ustiapen modalitate guztien gainean jarduten ahalko du, eta lan saridunak erreproduzitu, banatu, jendaurrean paratu, eraldatu eta beste zenbait egin ahalko ditu, libreki eta ezer gehiago ordaindu gabe. Horrek barne hartzen ditu edozein euskarritan edo formatutan erreproduzitzeko eskubideak, bai eta, bereziki, liburu-formatuan eta euskarri digitalean edo zenbakizkoan argitaratzeko edota banatzeko eta jendaurrean paratzekoak ere, lan horiek mundu osoan komertzializatzeari begira. Eskubide horien artean berariaz daude sarturik hala lanak on line igorri eta zabaltzea nola Internet erako sare digital elkarreragileetan eskura jartzea.

Lehiakideek beren gain hartzen dute, erabat hartu ere, aurkeztutako lanen gainean hirugarrenen eskubiderik ez izatearen erantzukizuna eta irudi-eskubideak direla-eta erreklamaziorik ez izatearena.

Epaimahaiak hautatuko dituen lanak erakusgai jarriko dira azaroan, Ziudadelako Armen Aretoko Ganbaran. Horrez gain, Iruñeko Udalak erakusketa bat antolatuko du hurrengo urtean, eta bertan hiru artista irabazleen lanak ikusi ahal izanen dira.

10.–Errekurtsoak.

Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarriak erabat onartzea eta haiei men egitea, parte-hartzaile ororentzat.

Lehiaketa honen garapenaren eta oinarri hauen interpretazioaren inguruko gatazka oro organo emaileak ebatziko du.

Deialdi honen, oinarri hauen eta haiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, errekurtso hauek paratzen ahalko dira, aukeran:

–Berrezartzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2014ko Uztailaren 4ean.–Fermín Javier Alonso Ibarra, Hezkuntza eta Kultura Zinegotzi Delegatua.

Iragarkiaren kodea: L1410347