146. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

478/2014 FORU AGINDUA, uztailaren 18koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Caparrosoko “José Ramón Zalduendo” zahar etxeko egoiliarrek jaso beharreko gutxieneko arreta zerbitzu oinarrizkoak arautzen dituena, ELA sindikatu-konfederazioak deitutako greba dela eta.

2014ko uztailaren 14ko jakinarazpenaren bidez, Iñaki Bilbao Martínez jaunak, ELA sindikatu-konfederazioaren izenean eta hura ordezkatuz, greba baterako deialdia iragarri du Caparrosoko “José Ramón Zalduendo” zahar etxean.

Greba deialdia lanaldi osorako da, hiru txandetan, egun hauetan: 2014ko uztailaren 28an, 29an, 30ean eta 31n, eta urte bereko abuztuaren 11n, 12an, 13an, 14an, 25ean, 26an, 27an eta 28an.

Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzioari buruzko jurisprudentziak behin eta berriz adierazi duenez, gutxieneko zerbitzu horiek ezartzerakoan proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak hartuko dira kontuan eta horretarako arrazoiak eman beharko dira.

Adineko pertsonen egoitzak ezin dira eskutik utzi, horrek bertan bizi diren pertsonen zaintzan, osasunean eta bizitzan kaltea eraginen bailuke.

Egoitza horien instalazioetan babesa ematen zaie, barnetegiko araubidean, laguntza zabala eta etengabeko gainbegiratzea behar dutenei, oinarrizko beharrak betetzeko zainketa pertsonala behar dutenei, horrelakorik gabe haien osasunak kalte larria izan baitezake; horregatik, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri behar dira, adineko pertsonek eta mendekotasuna dutenek ezinbestekoak dituzten zerbitzuak bermatuta egon daitezen eta haien zainketak etenik izan ez dezan.

Grebarako deialdia dela eta, aipatu egoitzako arreta zerbitzua ezin da osorik eten. Izan ere, gizartearentzako funtsezko zerbitzua da, eta haren hartzaileak adineko pertsonak eta mendekotasunak dituztenak direnez, gorabehera larriak gerta daitezkeela hartu behar da kontuan. Konstituzio Auzitegiak dioenez, gizarteak ezinbesteko prestazioetarako duen eskubidea grebarako eskubidearen gainetik dago, eta funtsean agintari publikoek babestu behar dituzte gizartearen zati batek ezinbestean behar dituen zerbitzuak.

Beraz, gutxieneko zerbitzuak ezartzeko orduan, Konstituzioak grebarako aitortzen duen eskubidea errespetatu eta herritar horien ongizate pertsonala babesteko eskubidea bermatu behar da, Espainiako Konstituzioaren 28., 49. eta 50. artikuluek agintari publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.

Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena gobernuko agintaritzari dagokio, halaxe xedatzen baita lan harremanei buruzko araudia berritzen duen martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan. Eskumen hori Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatuta dago, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikuluan oinarrituz.

Gutxieneko zerbitzuak ezartzean, kontuan hartu da erabiltzaileentzako gutxieneko arretan sartuta daudela, batetik, oinarrizko beharrei erantzuteko jarduera guztiak (otorduak, adibidez), eta, bestetik, zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari dagozkien guztiak, osotara edo hein batean berez egiterik ez dutenak, hori guztia gerta daitezkeen aldaketei behar den garaian egokituz eta ahalik eta bizimodu normalena izan dezatela sustatuz. Greban gutxieneko arreta eman behar zaie egoiliarrei, hau da, eguneroko bizimodurako oinarrizkotzat hartzen diren jardueretarako arreta: jantzi, garbitu, toki batetik bestera joan, jan eta mugitzea, baita erabiltzaileen osotasun pertsonala babestu eta zaintzea bermatuko duten zerbitzuak ere.

Gutxieneko zerbitzuak finkatu eta ezartzeko orduan, zahar etxeko erabiltzaileen mendekotasun maila, egoitza horren ezaugarriak eta grebaren ordutegiak eta iraupena hartu dira kontuan.

Egoitza horretako erabiltzaileen mendekotasun mailari dagokionez, gehienek mendekotasuna dute eta erabateko arreta behar dute eguneroko bizimoduko oinarrizko beharrak betetzeko, baita haien osotasun fisikoa babestu eta zaintzeko ere.

Egoitzaren ezaugarriei dagokienez, plaza gutxi ditu, 33; beraz, langile kopurua oso doitua dago egoitzaren edukierari; gainera, erabiltzaileei ematen zaien arreta oso familiarra da.

Grebaren ezaugarriei dagokienez, deialdia lanaldi osorako iragarri da, hiru txandetan, egun hauetarako: 2014ko uztailaren 28an, 29an, 30ean eta 31n, eta urte bereko abuztuaren 11n, 12an, 13an, 14an, 25ean, 26an, 27an eta 28an.

Grebarako deiaren ondorioz, gutxieneko zerbitzu batzuk finkatu behar dira, funtsezkotzat jotzen diren eginkizunetatik edozein 24 orduz betetzeko behar den langile kopuru handienaren arabera.

a) Goizeko eginkizunak:

–Gaueko txandaren laguntza goizeko txandari.

–Erizaintzako arreta.

–Eguneroko bizitzako jardueren hasiera:

  • Garbiketa lanak ohean edo dutxako aulkian, edo bainu terapeutikoa, jarraibideen arabera.
  • Larrua hidratatzeko krema ematea.
  • Bizarra egitea, manikura eta pedikura.
  • Janztea eta zainketa pertsonaleko zereginak.
  • Arropa zikinaren zakuak garbitokira eramatea.

–Gosariak.

–Ordu tarte horretan guztian:

  • Eskariei arreta ematea.
  • Erizainekin koordinatzea sendaketa lanak egiteko eta enemak eta zundak jartzen laguntzeko.

–12:00etatik aurrera:

  • Bazkaria prestatzea.
  • Erabiltzaileak bazkaltzeko prestatzea.

b) Arratsaldeko eginkizunak:

–Goizeko txandak arratsaldekoari laguntzea, erizaintza barne.

–Aho bidezko hidrataziorako edo/eta meriendatzeko jarraibideak.

–Siestako atsedena ohean hartzea aginduta dutenei arreta ematea.

–Norberaren higienea.

  • Inkontinentziaren kontrola:
  • Pixoihalak aldatzea.
  • Libratzeko jarraibideak (enemak).

–Afariak prestatzea.

–Erabiltzaileak afaltzeko prestatzea.

–Erabiltzaileak gelara laguntzea ohean sartzeko.

–Pertsonak geletan direla gainbegiratzea eta posturaz aldatzea, behar badute.

–Ordu tarte horretan guztian:

  • Eskariei arreta ematea.

c) Gaueko eginkizunak:

–Gaueko erronda:

  • Inkontinentziaren kontrola: pixoihalak aldatzea, pixontziak, kolektoreak, zunda besikalak.
  • Jarraibideen araberako postura aldaketak eta ohean nola dauden gainbegiratzea.

–Intzidentziarik izanez gero, haiek prestatzea txanda aldatzeko.

–Ordu tarte horretan guztian:

  • Eskariei arreta ematea.

Horrenbestez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldean eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.b) artikuluan xedatutakoa, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.–ELA sindikatu-konfederazioak deituta, Caparrosoko “José Ramón Zalduendo” zahar etxean 2014ko 2014ko uztailaren 28an, 29an, 30ean eta 31n, eta urte bereko abuztuaren 11n, 12an, 13an, 14an, 25ean, 26an, 27an eta 28an, lanaldi osoan, hiru txandetan, egitekoa den greban, ondoren zehazten diren funtsezko gutxieneko zerbitzuak errespetatuko dira:

a) Oro har, egoitzan adineko pertsonei eta mendekotasun mailaren bat dutenei zerbitzuak ematen zaizkienez, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela segurtatuko da, hau da, haien zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari dagozkienak. Behar horietatik kanpo uzten dira programei eta aisiari loturiko jarduerak, baita osasun zerbitzuak ere, larrialdien zerbitzutik erantzuten ahal baitzaie. Era berean, oro har, garbiketari, garbitokiari eta sukaldeari dagozkion zerbitzuak eguneroko bizitzako behar oinarrizkoetarako arreta horretatik kanpo uzten dira.

b) Zehazki, egoitza honetako erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta emateko xedearekin, honako hau izanen da zuzeneko arreta emateko langileen (zaintzaileak) gutxieneko kopurua:

ORDU TARTEAK

ZAINTZAILEEN GUTXIENEKO ZERBITZUAK

Goizeko txandak

2

Arratsaldeko txandak

2

Gaueko txandak

1

Bigarrena.–Aurreko atalean aipatutako funtsezko zerbitzuak egoitzako erabiltzaileak zaindu ohi dituzten gutxieneko zerbitzuetako langileek eginen dituzte.

Hirugarrena.–Foru agindu honen lehen zenbakian aipatzen diren gutxieneko zerbitzuak egiteko hautatzen diren langileek zerbitzurik ez egitea edo zerbitzua edonola ere aldatzea legez kanpokotzat joko da ondorio guztietarako, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat. Betetzen ez dutenek edo araua hausten dutenek erantzun egin beharko dute.

Laugarrena.–Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

Bosgarrena.–Foru agindu hau ELA sindikatu-konfederazioari jakinaraztea, ondoko helbidea baitu jakinarazpen ondorioetarako: Iturralde y Suit kalea, z.g.; 31004 Iruña.

Seigarrena.–Foru agindu hau Caparrosoko “José Ramón Zalduendo” egoitzaren helbidera igortzea.

Zazpigarrena.–Ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen baditu ere, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Zortzigarrena.–Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2014ko uztailaren 18an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1410511