1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
346/2014 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, Zergen Kontrolerako 2014ko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak onesten dituena.
Nafarroako Zerga Ogasunak urtero prestatzen du Zergen Kontrolerako Plana, zergak kudeatu, ikuskatu eta biltzeko faseetan jarduteko irizpide orokorrak ezartzearren.
Bizkortze ekonomiko arin baten testuinguruan zergaren kontsolidazioa eta defizit publikoaren murrizketa plan horretan agertu behar duten parametroak dira, eta iruzur fiskalaren aurkako borrokak lehentasunezko jardunbide bat izan behar du kontu publikoak onbideratzeko helburua lortzearren, aurreko boladetan baliabide publikoen gutxitzea izan baita ezaugarri orokorra.
Nafarroako Zerga Ogasuna Erakunde Autonomoari esleitu zaion lana Nafarroako Foru Komunitateak berea duen zerga sistema aplikatzea da, ez besterik, zerbitzu publikoak emateko adinako baliabide publikoak lortzeko helburuarekin, zergadun guztiek haien betebeharrak borondatez bete ditzaten bultzatuz eta horren aurka doazen jokabide guztiak zigortuz.
Horretarako, Nafarroako Zerga Ogasunak zerga kontrolatzeko jarduketak planifikatu behar ditu, ardatz horren inguruan ezarri eta koordinatzen ahal baitira hura osatzen duten administrazio organoen lehentasunak, helburuak esleitzen ahal dira eta lortzen diren emaitzak neurtzeko adierazleak ezartzen ahal dira.
Prozesu planifikatzaile horretan funtsezkoa da zergen kontrolerako plana, aurtengo ildo nagusiak zehaztu eta ezartzen baititu Nafarroako Zerga Ogasunaren jarduketarako.
Aurreko urteetan eskuratutako eskarmentutik abiatu behar da jarduketen plangintza, komenigarritzat jotzen diren jarduketak bereganatuz. Zergen kontrolerako aurreko planen ondorioz abiatu ziren neurriek indarra izaten jarraitzen dute, eta beharrezkoa da beste batzuk hartzea, iruzur jarduera aldakorra zigortzearren.
Orobat, aintzat hartu behar da Nafarroako Gobernuak iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko 2014ko maiatzaren 7an onetsi zuen 2014-2017 plana; horrela, Iruzur Fiskalaren aurkako apirilaren 17ko 14/2013 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa beteko da; plan horri buruz, ebazpen honetan jasotako neurriak hartan ezarritako irizpide orokorren garapena baino ez dira.
Ebazpen honen bidez, Zergen Kontrolerako 2014ko Planean jarduteko ildo eta irizpideak ematen dira ezagutzera, eta kontrol horren plangintzaren ikuspegi orokor eta integrala ematen da, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan eta Zerga Ikuskapenaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa betetzen da, hartan xedatzen baita, berariaz, urteko Ikuskapen Plana gidatzen duten jarduketa ildoak eta irizpideak argitaratu behar direla.
Horiek horrela, eta xedapen horietan ezarritako obligazioak betetzeko asmoz, zergen kontrolerako arlo bakoitza gidatuko duten irizpideak eta jarduketa ildoak argitaratzen dira.
Horrenbestez,
EBATZI DUT:
Lehena.–Zergen Kontrolerako 2014ko Plana gidatzen duten irizpide hauek onestea.
1.–Jarduketa irizpide orokorrak.
1.1. Nafarroako Zerga Ogasunaren jarduketak oinarri duen informazioa tratatzeko sistema indartzea, zerga ondorioa duen informazioa lortuko duten jarduketak areagotuz, bai informazioa trukatzeko akordio berriak sinatuz eta beste zerga administrazio batzuekin eta Nafarroako Gobernuko departamentuekin hitzartutakoak garatuz, bai informazioa lortzeko jarduketa hautatzaileak aurrera eramanez.
1.2. Kontrolaren xede izan behar duten zergadunen hautaketa eraginkorra, Nafarroako Zerga Ogasuneko diru-bilketaren eta zergen kontrolerako organoen arteko hautatze jarduketa koordinatuak indartuz; horretarako, arrisku fiskalak behar bezala identifikatu eta ponderatuko dituen informazioa analizatuko da.
1.3. Ezkutuko ekonomiaren iruzurraren aurkako borroka indartzea, jarduera ekonomikoei buruzko informazioa atzemateko eta kontrolatzeko jarduketa presentzialak eginez, zerga betebehar formalak betetzen direla egiaztatuz eta auditoretza informatikoaren teknikak aplikatuz, hori bidezkoa denean kontabilitatea itxuraldatu edo jardueraren zati bat ezkutatu dela atzemateko; hori guztia, zergadunen segurtasun juridikorako ahalik eta berme handienekin.
1.4. Lehentasunezko jarraipena iruzur antolatuari, kontroleko jarduketen bidez, baita beste zerga-administrazio eta polizia-organo batzuk baliatuz ere, BEZari iruzur egiten dioten tramen aurka, tartean jarritako entitate edo egituren iruzurrezko erabileraren aurka eta zenbatespen objektiboko araubideen gehiegizko erabileraren aurka.
1.5. Iruzurraren aurkako kontrola areagotzea diru-bilketaren fasean, kudeaketa eta ikuskapen organoekiko koordinazioa indartuz, ordainketa geroratzeak bidezkotzat jotzen diren kasuetara mugatuz eta kautela-neurriak, erantzukizun deribazioak eta ondare ikerketak bultzatuz.
1.6. Jurisdikzio organoekiko lankidetza aktiboan jarraitzea, Ogasun Publikoaren aurkako delituengatiko prozesu judizialetan eta zerga arloari loturiko beste batzuetan. Lankidetza hori hainbat arlotan ageri da, hala nola, informazioa ematea epaitegi eta auzitegiei eta Fiskaltzari, eta peritu lana egitea eta laguntza judiziala ematea prozesu penaletan.
1.7. Zergadunek zerga betebeharrak borondatez bete ditzaten, haien kontzientzia fiskala indar dadin eta gizarteak zerga iruzurra gaitzets dezan bultzatuko duten estrategiekin eta jarduketekin jarraitzea.
2.–Zerga-iruzurra egiaztatu eta ikertzeko berariazko jarduketa ildoak.
2.1. Ezkutuko ekonomiaren iruzurraren aurkako borroka indartuko da, aurreikusteko, kontrolatzeko eta informazioa atzemateko jarduketa hauek eginez:
–Jarduketetan agertzea, betebehar formalak betetzen ote diren egiaztatzeko, datuak hartzeko ikuskatutako jarduerari buruz eta aitortu gabeko jarduerak atzemateko.
–Zerga aitorpenen edukiarekin bat heldu ez diren ondare egoeren gaineko informazioa atzeman eta ustiatzen duten jarduketak, baita beste administrazio publiko batzuen informazioa ere jarduera ekonomikoei buruz.
–Aitortutako errenta edo ondarearekin bat heldu ez diren kanpoko zeinu adierazgarriak dituzten zergadunen tributazioa egiaztatzea.
2.2. Iruzur antolatuaren aurkako borrokak lehentasun bat izaten jarraituko du Nafarroako Zerga Ogasunarentzat, eta arreta berezia izanen dute honako hauek:
–Europar Batasunaren barreneko eragiketetan BEZari iruzur egiten dioten tramak, Europar Batasunaren barreneko Operadoreen Erregistroan ikerketa eta kontrol prebentiboko jarduketak eginez, goiz atzemateko eta, behar denean, goiz auziperatzeko.
–Hartzailearen tributazioa gutxitzera bideratutako fakturazio irregularreko eragiketak egiaztatzea; arreta berezia emanen zaio helburu hori duten zenbatespen objektiboko araubideen gehiegizko erabilerari.
2.3. Gainera, jarraipen berezia eginen zaie hurrengo eragiketei balio erantsiaren gaineko zergan:
–Araututako kasu guztietan subjektu pasiboak inbertsioko arauak betetzen dituela egiaztatzeko jarduketak eginen dira, batez ere bidegabeko itzulketa edo konpentsazioak eskatzea eta lortzea dakartenean.
–Europar Batasunaren barrenean esportazio eragiketak eta entregak egiteko eskatzen diren baldintzak bete daitezen kontrolatuko da, egindako fakturak behar bezalakoak direla eta arauak betetzen ez diren kasuetako tributu egoeraren erregularizazioa egiaztatzearren.
–Bereziki kontrolatuko da enpresa edo lanbide jarduerari lotu gabeko edo ekonomiaz bestelako jardueretarako diren ondasun edo zerbitzuen erosketan jasandako BEZaren kenkaria.
2.4. Zerga arloko plangintza erasokorreko mekanismoen erabilera detektatzera bideratutako jarduketak egiten jarraituko da, dagokion tributazioa bidegabe saihestu edo gutxitzeko egituren erabilerari aurre egiteko; orobat, kontuen edo eragiketen opakutasuna edo finantza gastuen bidegabeko egiaztapena bultzatzen duten finantza praktikei aurre egiteko, edo transferentzia prezioen eta elkarri lotutako enpresen arteko eragiketen gehiegizko erabilerari.
Finantza gastuen kenkariei eta zerga-oinarri negatiboen konpentsazioari dagozkien mugak behar bezala aplikatzen direla egiaztatzeko ere esku hartuko da sozietateen gaineko zergako talde fiskalen araubide berezian.
2.5. Ondoko kontrolak eginen dira eragiketen, zergetako araubideen, tributudunen eta jarduera sektore berariazkoen gainean:
a) Lanbide jarduerek jarraipen berezia izanen dute, aberastasun seinaleak eta bestelako informazio-iturriak erabiliz. Sozietateen egituraren neurriz gaineko erabilera egiaztatuko da, lanbide zerbitzu horiek emateagatik jasotako ordainsarien tributazioa murrizteko izan bada.
b) Beste zerga administrazio batzuekin lankidetzan, atzerriko ondasun eta eskubideen aitorpena aurkezteko betebeharra kontrolatuko da (720 eredua), eta atzerriko ondasunetatik datozen errentak behar bezala aitortu diren segurtatzeko erabiliko da eredu horren informazioa.
c) Hobari fiskalen, kenkarien, kontabilitatetik kanpoko doikuntzen, galera edo zerga-oinarri negatiboen bidegabeko aprobetxamendua egiaztatzen jarraituko da, bai sozietateen gaineko zergan, bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.
d) Sozietateen gaineko zergako eta BEZeko talde fiskalen tributazioari arreta ematen jarraituko da, baita enpresa handiek egindako muntako eragiketei ere.
e) Fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko entitateak kontrolatzeko jarduketak eginen dira, zerga araubide bereziaren gehiegizko erabilera galaraztearren.
f) IFZ errebokatzeko jarduketak indartuko dira legez aurreikusitako kasuetan.
g) Lurralde bakoitzean egindako eragiketen bolumenaren arabera ordaintzen duten zergadunek zerga administrazio ezberdinei aitortutako tributazio portzentajeen arteko aldeak aztertuko dira, sozietateen gaineko zergaren eta BEZaren ondorioetarako.
h) Zerga aitorpenak aurkezteko obligazioak bete ez diren kontrolatuko da, batez ere jarduera ekonomiko bat salatzen duen informazioa detektatzen den kasuetan.
i) Jarduera ekonomikoaren beste sektore batzuetan ere jarduketak eginen dira, bereziki hauekin lotuta: nekazaritzako elikagaien industria, hondakinen tratamendua eta metalen berreskurapena eta salerosketa.
j) Zenbait zergadunen helbide fiskala benetakoa ote den aztertu eta egiaztatuko da, beste zerga administrazio batzuekin koordinatuz.
2.6. Zerga berezien arloan.
Kontu-hartzaileen kontrola eta zerga gordailuen kontrola indartuko dira, eta salbuespen eta hobariak behar bezala aplikatzen ote diren egiaztatuko da.
Europar Batasunaren barreneko zirkulazioari lotutako produktuen mugimenduak kontrolatzeko eredua, Espainiaren barreneko zirkulaziorako, ezartzearen ondorioz, behar bezala aurkezten dela egiaztatzeko jarduera indartuko da.
Orobat, arlo horretan, hidrokarburoen gaineko zergaren behar bezalako tributazioa egiaztatuko da, zenbait hidrokarburoren txikizkako salmenten gaineko zerga, kendu egin dena, zerga horretan sartzearen ondorioz. Horrez gain, beharrezkoa da birbidaltzaileek aurkeztutako aitorpenak kontrolatzea, behartuta baitaude zergadunek hasieran deklaratutako autonomia erkidegoetan ez beste autonomia erkidego batzuetan kontsumitzeko bidalitako hidrokarburoak aitortzera.
Energia elektrikoa produzitzeko balioaren gaineko zergari dagozkion likidazioak egiaztatuko dira, Foru Komunitatean dauden instalazio ekoizleen arabera.
Eta, azkenik, zenbait hidrokarburoren txikizkako salmenten gaineko zerga dela-eta hura itzultzeko bidegabeko eskaerarik ote den egiaztatuko da, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak zerga hori deuseztatu ondoren.
2.7. Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokienez, aitortu gabeko zergapeko egintzen gaineko iruzurra kontrolatzeko jarduketak egiten jarraituko da, aitortzeko errekerimenduak eginez eta dagozkien zehapenak ezarriz.
2.8. Gainera, Zergen Kontrolerako 2014ko Planaren barreneko jarduketen artean daude Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuari tributu arloko okerreko egoerei buruz egindako komunikazioen ondoriozkoak, hala eskatuz gero Nafarroako Zerga Ogasuneko organoek edo Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek, Estatuko eta autonomia erkidegoetako ogasun administrazioek, Nafarroako toki entitateek eta gainerako erakunde publikoek. Horien artean salaketak ere sartzen dira, haietarako arrazoiak emanda eta aztertu ondotik.
3.–Kontroleko jarduketa ildo berariazkoak, diru-bilketaren fasean.
Hurrengo urteetan, diru-bilketa kontrolatzeko jarduketek garapen berezia izan behar dute, oso erabilgarriak direnez Nafarroako Zerga Ogasunaren helburuak eta emaitzak lortzeko.
Alde horretatik, Zergen Kontrolerako 2014ko Planak, aurreko ekitaldietako planetan markatutako ildoei jarraitzeaz gain, baditu hobekuntzak, dirua biltzeko kudeaketaren eraginkortasuna handitu behar dutenak.
Zehazki, 2014an jarduketa ildo hauek garatuko dira:
3.1. Diru-bilketaren kontrola eta kudeaketa hobetzeko berariazko programa informatikoen garapena indartuko da, bai borondatezko diru-bilketaren ikuspuntutik, bai nahitaezko diru-bilketarenetik, eta diru-bilketaren prozedurako jarduketak lehenbailehen abia daitezen bultzatuko da.
3.2. Ordainketa geroratzea:
a) Zerga zorrak geroratzeko baimenak bizkortzen jarraituko da, eta ordainketak eskaera bakoitzerako ezarritako baldintzen arabera egiten direla kontrolatuko da.
b) Zerga zorren ordainketa bidegabe geroratzea helburu duten eskaeren kontrolak lehentasunezko arreta izanen du. Eskatzaileen likidezia eskasiaren egoera iragankorrekin bat heldu ez diren geroratzeko eskaerak sistematikoki ukatuko dira, zerga zorren ordainketa geroratuta ohiko jarduera finantzatzen dutenean. Alde horretatik, arreta berezia emanen zaie balio erantsiaren gaineko zergako kuotak geroratzeko eskaerei, obren sustatzaileak aurkezten dituenean, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 19/1992 Foru Legearen 31.1.f artikuluan aipatzen den subjektu pasiboaren inbertsioa obra horietan eginik.
c) Administrazio-baimenaren menpe dauden jardueren ondoriozko geroratze eskaerak ukatuko dira, hala nola, fabrikazioaren gaineko zerga bereziak; zozketa, tonbola, apustu eta ausazko konbinazioen gaineko zerga tasa eta beste batzuk, eta beharrezko kautela-neurriak hartuko dira kontzeptu horien bidez zerga zorrik sor ez dadin, baita jardueran aritzeko administrazio-baimenak errebokatuta ere.
3.3. Lankidetza handituko da Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskal Herriko Foru Ogasunekin, baita Nafarroako toki entitateekin ere, ondare egoerari buruzko informazioa trukatzeko eta Nafarroako Foru Komunitatearekin tributu-kredituak dituzten zordunak daudela adierazteko, baita nahitaezko diru-bilketan laguntzeko ere; horretarako, eraginkorrago eta arinago jokatzeko modua ematen duten teknologiak erabiliko dira, eta izenpetzen ahal diren trukerako hitzarmenetan sartutako diru-bilketaren aspektuak garatuko dira. Bereziki, Europar Batasuneko kide diren estatuen elkarrenganako laguntza mekanismoetan sartzea bilatuko da diru-bilketaren arloan, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren bidez.
3.4. Kudeaketa eta ikuskapen organoekiko koordinazio handiagoa sendotuko da, egiaztatzeko jarduketa hasten denetik, diru-bilketarako arriskua goiz atzemanez gero, kautela-neurriak eta erantzukizuna deribatzeko prozedurak aurreratzeko, tributu zorren kobrantza bermatzearren.
3.5. Diru-bilketaren fasea kontrolatzeko jarduketa kualifikatuenak indartuko dira, konplexutasun eta larritasun handieneko kasuetan bereziki:
a) Aplikatzen diren kautela-neurri guztiak hartzea, Nafarroako Zerga Ogasunak likidatutako zorren kobrantza segurtatzeko.
b) Ondasun higiezinez baliatzea debekatzen duten akordioak, partaidetzak edo akzioak enbargatzen direnean eta 14/2013 Foru Legean sartutako neurri berritzailearen baldintzak betetzen direnean.
c) Erantzukizuna deribatzeko prozedurak, non ikerketa jarduketak bultzatuko baitira beloa altxatzeko eta egitatezko administratzaileak eta erantzule solidario eta subsidiarioak aurkitzeko egoeretan, ondasunak ezkutatzeagatik edo jarduera eta erantzukizunetan axolagabe jokatzeagatik; zein den kasua, bidezko akzio judizialak burutuko dira.
d) Zerga betebeharrak sistematikoki betetzen ez dituzten zordunak kontrolatzeko jarduketak, haien egoitzetako ondasunak eta ahal diren kreditu guztiak enbargatuta, jarduketa horietan biltzen ahal den kontabilitate-informazioaren arabera. Hori guztia bi helburu lortze aldera: zorra kobratu eta merkatuan jardun dezaten zailtzea, eta Osasun Publikoari egiten zaion kaltea galaraztea, baita sortzen duten bidegabeko lehiaketa ere.
e) Ondarea ikertzen duten jarduketak, gezurrezko kaudimengabeziak atzemateko.
f) Akzio penalak bultzatzea kaudimengabeziagatik, jokabide horien salaketa Ogasun Publikoaren eskubideen defentsarik onena denez gero.
3.6. Konkurtsoen arloan, konkurtsopekoa eta administratzaileak kontrolatzeko jarduketak indartuko dira, irekita dauden prozedura judizialetan Nafarroako Zerga Ogasunaren eskubideak kaltetzen ahal dituzten portaerak aurreikusi eta erreprimitzearren.
3.7. Ogasun Publikoaren aurkako delitu kasuetan, diru-bilketako organoen jarduketak indartuko dira prozesuaren faseetan: lehen fasean, kautela-neurriak hartuta; tarteko fasean, prozesu penalean harrapatutakoen ondarea zainduz, eta hirugarren fasean, erantzukizun zibila eta ezartzen diren zigor penalak kobratzen direla segurtatzen duten jarduketen bidez.
4.–Salaketetarako posta-ontzi anonimoa ezartzea.
Salaketetarako posta-ontzi bat ezarriko da Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrian, egokitzat jotzen dutenek aukera eta bidea izan dezaten edozein tributuri buruzko obligazio fiskalak betetzen ez dituen jendea edo jarduerak daudela jakitera emateko zerga arloko administrazioari.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko ekainaren 19an.–Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, José Raúl Goñi Rodríguez.
Iragarkiaren kodea: F1408977