Iragarkia
144. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2014ko otsailaren 24koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Iraizozko Lácteos Goshua, S.L. enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Iraizozko Lácteos Goshua, S.L. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100572012014) aztertu da, Erregistro honetan 2014ko otsailaren 10ean sartu zena. Enpresaren legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko otsailaren 4an izenpetu zuten, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2014ko otsailaren 24an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Hitzarmen honen bidez Iraizozko (Nafarroa) Lácteos Goshua, S.L. produkzio zentroko lan harremanak arautuko dira.
2. artikulua. Langile eremua.
Hitzarmen honen edukia Lácteos Goshua, S.L. enpresako langile guztiei aplikatuko zaie, hots, enpresa honetan lan kontratu arruntarekin (Langileen Estatutuan eta hura garatzen duten xedapenetan aurreikusitako modalitateetako edozeinetan) ari diren langileei, eta horretatik kanpo geldituko dira, berariaz, enpresarekin lan harreman bereziaren bidez lotuta dauden pertsonak, “hitzarmenetik kanpo” ari diren langileak, bai eta, Lácteos Goshua, S.L.k langileak lagatzeko kontratuak, zerbitzuen errentamendukoak edo izaera zibil edo merkataritzako bestelakoak zein enpresekin dituen hitzartuta, haietan ari diren pertsonak ere.
Aurreko paragrafoan xedatuaren ondorioetarako, ulertuko da “hitzarmenetik kanpo” ari diren langileak direla bere lan baldintzak, hitzarmenaren edukia, prestazioa eta ordainsaria banan-banan hitzartu dituzten langileak, Lácteos Goshua, S.L.ri atxikiak lan harreman baten bidez, kontuan izan gabe zein diren haien eginkizunak.
3. artikulua. Indarraldia. Iraunaldia.
Hitzarmen kolektibo honek sinatzen den egunean hartuko du indarra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna edozein dela ere. Hala ere, ondorio ekonomikoak atzera eramanen dira 2014ko urtarrilaren 1era arte. Urtebeteko indarraldia izanen du, 2014 urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31ra arte, eta sinatzen den egunetik automatikoki salatutzat jotzen da, Langileen Estatutuaren 86.2 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.
Edonola ere, Langileen Estatutuaren 86.3.4 artikuluan arautuarekin bat, hitzarmenak indarrean eta aplikagarri jarraituko du 2016ko abenduaren 31ra arte.
4. artikulua. Interpretazioko batzorde mistoa.
Hitzarmen kolektibo hau eta Langileen Estatutuaren 85.3 c) artikuluan xedatua interpretatu eta betetzerakoan sor litezkeen zalantzen gainean ebazteko, Interpretaziorako Batzorde Misto bat, paritarioa, sortuko da, zeinetan bi aldeek hartuko baitute parte. Lehen mailan, hitzarmena ulertu eta betetzean sor litezkeen liskarrak hortxe konponduko dira.
Batzordea honako hauek osatuko dute:
Enpresa ordezkatuz: Gonzalo Biurrun Ruiz jauna, Mikel Garaikoetxea Mina jauna.
Langileak ordezkatuz: Agustina Moreno Bruque andrea, Myriam Mindeguia Gracenea andrea.
Bi aldeek espresuki adostu dutenez, zalantzarik edo desadostasunik sortuz gero, txostena eskatuko zaio batzorde paritarioari, jurisdikzio eskudunari edozein erreklamazio egin aurretik.
Batzorde horrek aldeetako edozeinek eskatuta eginen du bilera, desadostasunak izaten direnean (banakakoak edo taldekakoak), hitzarmen honen nahiz Langileen Estatutuaren 85.3 c) artikuluan araututako gainerako gaien interpretazioaren edo betetzearen gainean. Gutxienez astebete lehenago jakinaraziko da, eta arazoak konpontzeko gehienez ere bi asteko epea izanen du.
Eskaera formala izateko, hitzarmena sinatu duten alderdietako baten kide guztien sinadurak bildu beharko dira.
Hura osatzen duten alderdi bakoitzean gehiengo soilaz onetsi behar dira lantzen diren gaiak. Bestela, lan arloko erakundeen menpe jar daitezke, legez ezarri bezala, nahitaezko arbitrajea bazter utzita.
Batzorde paritarioak hartzen dituen erabakiak hitzarmenaren testuari erantsiko zaizkio eta haren osagai izanen dira.
5. artikulua. Baldintzei eusteko konpromisoa.
Enpresak, bere ekonomian eta produkzioan dituen zailtasunak gorabehera, konpromisoa hartzen du 2015eko abenduaren 31 bitarte, hitzarmenak egun horretara arte indarra baldin badauka, enpresaren hitzarmen kolektibo honetan bildutako lan baldintza guztiei eusteko, eta bermatzen du ezen, ez bada enpresa batzordearekin hitzartzen, ezin izanen diola enpresako lan baldintzak aplikatzeari utzi, ez Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan erregulatutako moduan lan baldintzak ez aplikatzearen ondorioz, ez lege horren 41. artikuluan lan baldintzen funtsezko aldaketa egiteko erregulatutako prozeduren bidez.
6. artikulua. Lan baldintzak ez aplikatzea.
Hitzarmena aplikatzekoa bada 2016an, enpresak badauka bere kabuz hitzarmen kolektibo honetan bildutako baldintzak ez aplikatzea, baldin eta 2013ko ekitaldian lortzen den marjina gordina handiagoa bada 2015eko ekitaldian lortzen den marjina gordina baino.
Hala gertatuz gero, lan baldintzak aplika ez daitezen hitzarmen kolektiboan lanaldiaren, ordutegiaren, laneko denbora banatzearen, txandakako lanaren araubidearen, ordainsariaren sistemaren, soldataren zenbatekoaren, lan sistemaren eta errendimenduaren arloan, Langileen Estatutuaren 39. artikuluak aurreikusten duen mugikortasun funtzionalerako mugak gainditzen dituzten eginkizunen arloan eta gizarte segurantza babesteko borondatezko hobekuntzen arloan, arrazoi ekonomiko, tekniko, antolakuntzako edo produkziokoak direla-eta, kontsultak egiteko epea iraganda eta Batzorde Paritarioak esku hartuta adostasunik gabe, alderdiek men eginen diete gatazkak judizioz kanpoko ebazteko prozedurei, nahitaezko arbitrajea bazterturik.
Kontsultaldia akordiorik gabe bukatzen denean eta aurreko lerroaldeko prozedurak ezin badira aplikatu, edo azken hauek desadostasuna konpondu ez badute, alderdietako edozeinek Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Autonomikora jotzen ahalko du edo, hura eratu ez bada, Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Nazionalera.
7. artikulua. Ordezko zuzenbidea.
Hitzarmen honetan jaso ez diren gaietan Esne eta Esneki Industrien Sektoreko Estatuko Hitzarmen Kolektiboan xedatutakoari jarraituko zaio, eta hitzarmen horretan araurik izan ezean, Langileen Estatutuan eta hura garatzen duen araudian xedatutakoari.
II. KAPITULUA
Lan baldintzak
8. artikulua. Lanaldia.
Urteko lanaldia, 2014an, 1.735 ordukoa izanen da.
Ezartzen da, oro har, urtero lanaldia 8 ordukoa izanen dela egun bakoitzean; horietatik, 7 ordu eta 45 minutu benetan lan egindako denboratzat joko dira, eta, 15 minutu, berriz, lanaldiko atsedenaldi ordaindua egiteko dira, kafearen etenaldia izenekoa, enpresaren kontura.
Aurrekoa gorabehera, enpresan zenbait lagunek lantokia uzten ez dutenez bazkaltzera joateko, egunero beste 20 minutu egoten dira pertsona horiek lantokian arrazoi horrengatik. Denbora hori ez da lanalditzat joko eta, horrenbestez, ez da ordainduko.
Benetan lan egindako denbora lantokian hasi eta bukatzen da. Ezartzen da nahitaez fitxatu behar dela, lanaldiaren hasieran eta bukaeran ez ezik, kafearen etenaldiaren eta bazkaltzeko etenaldiaren hasieran eta bukaeran ere bai, hala balegokio.
9. artikulua. Lanaldi irregularra.
Alderdiek erabaki dute lanaldiaren banaketa irregularra, Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan biltzen dena, ez dela aplikatzekoa. Hortaz, enpresak ezin izanen dio Langileen Estatutuaren artikulu horretan adierazten den lanaldiaren banaketa irregularraren %10ri heldu.
Alderdiek erabaki dute enpresan aplikatuko den malgutasuna ondokoa izanen dela:
Enpresak ahalmena izanen du urteko egutegia doitzearen ondorioz enpresan lanik gabe dauden 9 egunak finkatzeko langile bakoitzari.
Orobat, enpresak ahalmena izanen du bere kabuz finkatzeko langile bakoitzaren oporrei dagozkien 6 egun.
Egun horiek, egutegia finkatzekoak zein oporretakoak, langileari gutxienez 48 ordu lehenago abisatuta finkatuko ditu enpresak. Egun horiek ostiralean izanen dira.
10. artikulua. Laneko denbora berreskuratzea.
Berariaz ezartzen da ezen, eguraldi txarraren ondorioz (elurra edo izotza, esaterako) zaila edo ezinezkoa bada lantokitik ateratzea edo hara joatea, salgaien garraioaren sektorean grebarik badago edo sare elektrikoko tentsioa erortzen bada, eragina izanik enpresaren gainean, posible bada edo, posible izanda gomendagarria ez bada zerbitzua ematea lanaldi osoan edo zati batean, ukitutako langileek arrazoi horietako batengatik bete ez duten denboraren erdia baino ez dutela berreskuratu beharko, alderdien artean adosten den moduan.
11. artikulua. Jaiegunetako lana.
Enpresa honetan lehengaia segituan landu behar denez gero, bolada jakin batean lanik gabeko zenbait egun batera izatearen ondorioz, beharrezkoa balitz zerbitzua ematea 14 jaiegun ofizialetako batean, horren ordainean beste jaiegun bat emanen litzateke, enpresaren eta langilearen artean ados egonda zehaztu beharrekoa. Horretaz gain, jaiegunetan zerbitzua ematea jaieguneko plus batekin konpentsatuko da.
Hitzarmen honen indarraldian, plus horren balioa 45,56 eurokoa izanen da jaiegun bakoitzeko.
Edonola ere, jaiegunetan lan egiten dutenek aukeratuko dute lan egindako jaieguna beste jaiegun batekin ordeztea eta aipatutako plusa jasotzea, edo, bestela, 155,87 euro gordin jasotzea, atseden egunik hartu gabe.
Hamalau jaiegun ofizialetako bat, igandean izateagatik, beste egun batera aldatzen bada, egun hori jaieguntzat hartuko da artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako.
12. artikulua. Herriko festa eguna.
Berariaz ezartzen da uztailaren 7a, San Fermin eguna, izanen dela “Lácteos Goshua, S.L. enpresari aplikatuko zaion herriko festa eguna, ondorio guztietarako, aurreko seigarren artikuluko ondorioetarako ere bai.
13. artikulua. Txanda edo ordutegia aldatzea.
Koordinadoreen bidez eta iragarki oholen bidez jakinaraziko zaie langileei, ahalik eta lasterren, noiz aldatzen zaien txanda edo ordutegia aldi baterako, hala egitea beharrezkoa bada fabrikazio bereziengatik, oporrengatik edo beste edozein arrazoirengatik.
Txanda edo ordutegia aldi baterako aldatzea eskatzen bada langileari 24 ordu lehenago edo denbora gutxiagoan abisatuta, horrek borondatez onartzen badu, 42,73 euro gordineko konpentsazioa jasoko du egindako aldaketarengatik, haren iraupena kontuan izan gabe.
Jatorrizko ordutegira edo txandara itzultzeak ez du konpentsaziorik ekarriko.
14. artikulua. Gaueko txanda.
Enpresan, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera, muga egunik gabe, enpresaren eta langileen artean lortutako akordioaren bidez, produkzioko eta garbiketako gaueko txanda bat ezarri zen. Horren ondorioz, enpresako langileek onartu zuten lan baldintzak aldatzea, eta bi txandatan aritzetik (goizean eta arratsaldean) hiru txandatan aritzera pasatu ziren (goizean, arratsaldean eta gauean), kasuan-kasuan ezarriko den txandaketan.
Akordio horretako baldintzek balioa dute enpresako atal guztietan.
Txandaketaren maiztasunean egin daitezkeen aldaketak eta gaueko txandan gerta daitezkeen etenaldiak eta itzulerak idatziz jakinaraziko zaizkio ukitutako langileari edo langileei, gutxienez 15 egun lehenago.
Gaueko txandan aritzen diren langileek konpentsazio bakarra jasoko dute kontzeptu horregatik, “gaueko txandaren plusa” izenekoa. Zenbateko gordin bera izanen dute lanbide kategoria guztiek, eta 21,78 euro izanen da 2014an benetan lan egindako gau bakoitzeko. Horren barnean egonen da gaueko lanaren plusaren zenbatekoa.
Zenbateko horiek benetan lan egindako gau bakoitzagatik ordainduko dira soilik. Espresuki baztertzen da hura ordaintzea oporraldietan eta aldi baterako ezintasuneko epeetan. Dagokion proportzioa kalkulatuko da zerbitzua gaueko txandako zati batean ematen denean.
15. artikulua. Igandeko gaueko txanda.
Igandeko gaueko txandan aritzen direnei gaueko txanda hori jaieguneko plus bezala ordainduko zaie (11. artikula). Hau da, orain arte jaieguneko plus bezala soilik bi ordu ordaintzen ziren, igandeko 22:00etatik 24:00etara bitartekoak. Enpresaren hitzarmen kolektibo hau sinatzen den egunetik aurrera, igandeko 22:00etatik asteleheneko 6:00etara bitarte ordainduko da jaieguneko plusa.
Halaber, arazorik egon ez dadin enpresaren hitzarmen kolektiboa interpretatzeko orduan, berariaz ezartzen da ostiraleko gaueko txandan aritzen direnek ez dutela konpentsaziorik jasoko jaieguneko plusa dela eta.
16. artikulua. Gaueko txandako lana 55 urtetik gorakoentzat.
Enpresak konpromisoa hartzen du 55 urtetik gorakoen eskaerak aztertuko dituela, gaueko txandan zerbitzurik ez emateko proposatzen dutenean. Alde horretatik, koordinadoreen eta gainerako langileen iritzia jaso ondoan, posible bada antolakuntzaren eta produkzioaren aldetik eta posible den bitartean antolakuntzaren eta produkzioaren aldetik, enpresak jasotako eskaerak baloratuko ditu.
17. artikulua. Lizentziak.
Lácteos Goshua, S.L.ko langileek, aldez aurretik legezko moduan abisatuta, eskubidea izanen dute soldatapeko lizentzia hartzeko, ondotik adierazten diren arrazoiengatik eta ondoko aldietarako gehienez:
a) Ezkontza: 17 egun natural.
b) Seme edo alaba baten jaiotzagatik: 3 egun natural.
c) Bigarren gradu arteko odoleko edo ezkontzako ahaideen heriotza edo ospitaleratzea ekartzen duen gaixotasuna: 3 egun natural. Arrazoi horregatik 90 kilometrotik gorako bidaia egin behar denean, lizentzia 5 egun naturalekoa izanen da.
Baimena ez da inoiz ospitaleratzea baino luzeagoa izanen. Ospitaleratzeak dirauen bitartean har daiteke lizentzia. Gerora hartzeko sistema berri honen eraginez, langileak ez du, inola ere, gertaera sortzailearen ondoren baimena berehala hartu izan balu egokitu zitzaizkiokeen lanegunak baino gehiago hartzeko eskubiderik izanen.
Puntu horren ondorioetarako, ulertzen da ospitaleratze kasuen gertaera eragilea ospitaleratzearen ordu zehatza dela.
Ospitaleratzea nahitaez egiaztatu beharko da, bai eta zenbat iraun duen ere, sarrera data eta altako data zehaztuz.
d) Etxeko atsedena eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntzagatik, odol edo ezkontza bidezko bigarren gradura bitarteko ahaideen kasuan: 2 egun natural. Arrazoi horregatik 90 kilometrotik gorako bidaia egin behar denean, lizentzia 5 egun naturalekoa izanen da. Baimena ez da inoiz ospitaleratzea baino luzeagoa izanen. Ospitaleratzeak dirauen bitartean har daiteke lizentzia. Gerora hartzeko sistema berri honen eraginez, langileak ez du, inola ere, gertaera sortzailearen ondoren baimena berehala hartu izan balu egokitu zitzaizkiokeen lanegunak baino gehiago hartzeko eskubiderik izanen.
Ospitaleratzea nahitaez egiaztatu beharko da, bai eta zenbat iraun duen ere, sarrera data eta altako data zehaztuz.
e) Ohiko bizitokia aldatzeagatik: egun natural bat.
f) Behar-beharrezkoa den denbora, erditu aurreko azterketa medikoak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko, lanorduetan egin behar badira.
g) Norberaren aferei heltzeko, presa justifikatua dutenean. Horrelako kasuak ondoko hauek izanen dira soil-soilik:
1. Langilea Gizarte Segurantzako espezialisten kontsultara joateko, kontsulta lanorduetan baldin bada, eta kontsulta hori medikuntza orokorreko fakultatiboak agindu badu.
Kasu horretarako, langileak kontsultarako beharrezko denbora izanen du, eta aldez aurretik aurkeztu beharko du, nahitaez, medikuaren aginduaren egiaztagiria, baita kontsultara joan dela frogatzen duen agiria ere.
Horretaz gain, beharrezkoa denean, ordu erdi bat emanen da joateko eta beste ordu erdi bat lantokira itzultzeko.
2. Langilea familia-medikuaren kontsultara eta kontsulta partikularretara joateko (dentistak, oftalmologoak, masaje-emaileak eta medikuntza alternatiboa).
3. Errenta aitorpena egiteko.
4. Notarioarengana joateko.
5. Gurasoak, seme-alabak edo ezkontidea laguntzeko kontsulta medikora.
6. Azterketak egiteko, gidabaimena lortzeko azterketa barne.
7. Karrera amaierako proiektua aurkezteko.
8. Administrazioan norberak egin behar dituen tramiteak egiteko.
Aurreko 2), 3), 4), 5), 6), 7) eta 8) puntuetarako, langileak 16 orduko boltsa bat izanen du urtero. Kasu guztietan nahitaezkoa izanen da dagokion frogagiria aurkeztea.
h) Publikoa edo pribatua den eginbehar saihestezina betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora. Legezko arau batean denbora jakin bat finkatuta badago, absentziaren iraupenari eta konpentsazio ekonomikoari dagokienez arau hartan xedatutakoari jarraituko zaio.
i) Bederatzi hilabetetik beherako haurrari esnea ematen dioten emakumezko langileek eskubidea dute lanetik ordubetez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Erditze anizkoitzen kasuan dagokion proportzioan gehituko da baimen denbora.
Emakumezko langileak eskubide hori lanaldiaren ordu bateko murrizketarekin ordezka dezake, hala nahi badu, helburu berbererako, edo lanaldi osotan pilatu, amatasun bajaren ondoren hartzeko.
Baimena amak nahiz aitak hartzen ahalko dute, beren nahierara, biak lanean ari badira.
j) Semea edo alaba bere garaia baino lehen jaio delako edo jaio ondoren beste edozein arrazoirengatik ospitalizaturik egon behar badu, aitak edo amak eskubidea izanen du lantokitik ordubetez lekutzeko. Orobat, lanaldia gehienez 2 ordu murrizten ahalko dute, eta soldata ere proportzio berean murriztuko zaie. Bularra emateko baimenaren eta lanaldi murriztuaren iraupena eta ordutegia zehazteari dagokionez, Langileen Estatutuaren 37. artikuluaren 6. idatz-zatian ezarritakoari jarraikiko zaio.
Halaber, Lácteos Goshua, S.L.ko langileek, aldez aurretik legezko moduan abisatuta, eskubidea izanen dute soldatarik gabeko lizentzia hartzeko, ondotik adierazten diren arrazoiengatik eta ondoko aldietarako gehienez:
a) Hirugarren graduko ahaideen heriotza: egun natural bat.
b) Seme-alaben, anai-arreben eta gurasoen ezkontza: egun natural bat.
Baimen horietan, ordainduak edo ordaindu gabeak izan, “ezkontidea” aipatzen denean, balio bera du ofizialki eratu eta erregistratutako izatezko bikoteentzat.
Langileek ahalik eta lasterren eginen dituzte baimen ordainduen eta ordaindu gabeen eskaerak, eta, oro har, lanera joanen ez direlako jakinarazpena.
18. artikulua. Eszedentziak.
1. Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izan daiteke. Nahitaezkoa, lanpostua gorde eta antzinatasuna kontatzeko eskubidea ematen duena, lanera joatea galarazten duen kargu publikoren baterako izendatu edo hautatua izateagatik emanen da. Lanera itzultzea kargu publikoa utzi eta hurrengo hilabetearen barrenean eskatu beharko da.
2. Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, lau hilabeterako gutxienez eta bost urterako gehienez. Eszedentzia bat hartuz gero, amaitzen denetik lau urte igaro behar dira eskubide honetaz berriro baliatu ahal izateko.
3. Langileek eskubidea izanen dute hiru urte bitarteko eszedentzia hartzeko, haur bakoitza zaintzeko, norberak izandakoa edo adoptatua izan, edo etxean hartua, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko harrera fasean. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.
Eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat –odol bereko nahiz ezkontza bidezko bigarren gradura arteko ahaidea– zaindu behar duten langileek. Gehienez ere bi urteko eszedentzia, negoziazio kolektiboan epea luzatu ezean.
Atal honetan ezartzen den eszedentzia langile bakoitzaren eskubidea da, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan, eta zatika hartzen ahalko da. Hala ere, subjektu eragile bera zaintzeko eskubidea enpresa bateko bi langilek edo gehiagok izaten badute, enpresaburuak aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzen ahalko du, enpresaren funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin bada.
Beste subjektu eragile batek beste eszedentzialdi bat izateko eskubidea sortzen duenean, hori hastearekin bukatuko da ordura artekoa, halakorik izanez gero.
Langileak artikulu honetan ezarritakoaren arabera eszedentzian pasatzen duen denbora antzinatasunerako kontatuko zaio, eta bitartean eskubidea izanen du lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko, enpresaburuak deituta, batez ere lanera itzuli behar duenean. Lehenbiziko urtean lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Epe hori bukatuta, gordeko zaion lanpostua lanbide talde berekoa edo kategoria baliokidekoa izanen da.
Aurrekoa hala izanik ere, langilea ofizialki aitortutako familia ugarikoa baldin bada, lanpostua 15 hilabetez gordeko zaio, gehienez ere, kategoria arrunteko familia ugaria denean, eta 18 hilabetez, luzeenera jota, kategoria berezikoa denean.
4. Bestetik, probintzia barneko edo esparru handiagoko sindikatu eginkizunetan aritzen diren langileek ere eska dezakete eszedentzia enpresan, beren karguak irauten duen denborarako.
5. Eszedentzian dagoen langileak ez du beste eskubiderik enpresan hutsik dauden eta bere kategoriakoak edo antzekoak diren lanpostuetan sartu ahal izateko lehentasuna izatea baizik.
19. artikulua. Lan kontratua aitatasunagatik etetea.
Haurra jaio, adoptatu edo babesean hartzen den kasuetan, lege horren 45.1.d) artikuluarekin bat, langileak kontratua hamahiru egunez eteteko eskubidea izanen du, jarraian, eta haur bat baino gehiago erditu, adoptatu edo babesean hartzen bada, etenaldiak bi aste gehiago iraunen du, haur bakoitzeko, bigarrenetik hasita. Etenaldi hori eta Langilearen Estatutuaren 48.4 artikuluan araututako amatasunagatiko atsedenaldiak independenteak dira.
Erditze kasuan, etenaldia beste gurasoari dagokio soilik. Haurra adoptatu edo harreran hartzen denean, eskubidea soilik gurasoetako bati dagokio, interesdunek aukeratuko dute nor. Dena den, Langilearen Estatutuaren 48.4 artikuluan araututako atsedenaldia guraso batek osoki baliatu duenean, aitatasunagatiko etenaldia soilik besteak baliatzen ahalko du.
Langileak eskubide hori epe honetan baliatzen ahalko du: haurra jaiotzeagatiko baimena bukatzen denetik (legez edo hitzarmenez erabakiko da noiz bukatzen den), edo adopzioa eratzen duen ebazpen judiziala ematen denetik, edo haurra babesean hartzea ekartzen duen erabaki administratibo edo judiziala ematen denetik, kontratuaren etenaldia bukatzen den arte (Langileen Estatutuaren 48.4 artikuluan arautua); edo kontratuaren etenaldia bukatu eta segidan amaituko da epea.
Artikulu honetan azaltzen den kontratuaren etenaldia lanaldi osoan edo partzialean baliatzen ahalko da. Lanaldi partzialean bada, %50ekoa izanen da gutxienez, aldez aurretik enpresaburuaren eta langilearen artean adosturik, eta erregelamenduan ezartzen denarekin bat.
Langileak behar adinako denboraz jakinaraziko dio enpresaburuari eskubide hori baliatuko duela.
20. artikulua. Oporrak.
Langileek 23 laneguneko oporraldia izanen dute. Egun horietatik, 17 langileak hautatuko ditu, eta epe bakar batean biltzen ahal ditu, hala nahi izatera. Gainerako 6ak enpresak hautatu eta finkatuko ditu, enpresaren hitzarmen kolektiboaren 9. artikuluan adierazitako araubidearekin bat.
Langileek oporrak hartzeko egunak zehazteko orduan, muga izanen da langileen gutxieneko kopuru batek lanean egon behar duela kasu guztietan. Zuzendaritzak, urte bakoitzeko otsailaren 15a baino lehenago, finkatuko ditu kopuru horiek ondoko produkzio ataletarako:
–Prozesuaren Atala.
–Makinen Atala.
–Ganberen Atala.
–Mantentze-lanen Atala.
Oporrak hartzeko egunak zehazteko, ondoko prozedura finkatzen da:
a) Langileak enpresako Administrazioaren Atalean bere proposamena egin behar du, aurreko urteko abenduaren 1a baino lehenago. Hau da, 2014ko oporrak hartzeko proposamena 2013ko abenduaren 1a baino lehenago aurkeztu behar da.
Mantentze-lanen Atalean, produkzioaren betebeharrei behar bezala heltzeko, oporrak hartzeko aukera 11 hilabetetara mugatuko da. Mantentze-lanetako buruak, aurreko urteko abenduaren 1a baino lehenago, finkatuko du egutegi zehatza oporrak hartzeko.
b) Enpresan zozketa bat egin zen aipatutako produkzio atal bakoitzeko langileen artean, eta, horren arabera ezarri zen abiapuntua txandakatzeko zerrenda baterako, irizpidea hurrenkera alfabetikoa izanik, betiere kontuan harturik, ondorio horietarako, langilearen nortasun agiri nazionalean jasotzen diren izen-abizenak.
Behin oporrak txandakatzeko sistema hori hasita, langileek haien artean hitzartzen dituzten aldaketek ez dute hurrenkera alfabetikoa aldatuko hurrengo urteetan.
Txandakatzeko sistema horretan ez dira sartzen langileen oporrak egiteko aldi baterako kontratatzen diren langileak.
Oporrei eransten ahal zaie ezkontzeko 17 egun naturaleko lizentzia ordaindua, hitzarmen honen 17 a) artikuluan ezartzen dena.
Finkatutako oporraldiak bat egiten badu langile baten haurdunaldiaren edo erditzearen ondoriozko edo bularra emateko aldi baterako ezintasun egoera batekin edo amatasuna dela-eta kontratua eteteko aldiarekin, langileak eskubidea izanen du opor egunak aldi baterako ezintasuna edo dagokion baimena bukatutakoan edo kontratuaren etenaldia bukatutakoan hartzeko, urte naturala bukatu bada ere.
Era berean, langileek, oporrak hartzeko egunak finkatu ondoren, ezin badituzte horiek hartu aldi baterako ezintasun batean hasteagatik oporrak hartu baino lehenago edo oporretan bertan, langileek eskubidea izanen dute baja medikoarekin bat egiten duten opor egunak beste egun batzuetan hartzeko.
Egun horiek bi alderdiak ados egonik zehaztuko dira. Adostasunik izan ezean, enpresak finkatuko du oporraldi berria.
Oro har, oporrak urteko abenduaren 31n bukatuko dira.
21. artikulua. Adingabe bat zaintzeko lanaldi murrizketa.
Adingabe bat zaintzeko lanaldi murrizketa hatzeko eskubidea, Langileen Estatutuaren 37.5 artikuluan aurreikusten dena, adingabeak 12 urte bete arte luzatzen da.
III. KAPITULUA
Baldintza ekonomikoak
22. artikulua. Soldatak.
2014. urterako, 2013ko abenduaren 31n indarrean dauden soldaten tauletan %0,3ko igoera izanen da.
23. artikulua. Antzinatasuna.
Antzinatasuna edo bosturtekoak (%5eko igoerak) hasiko dira langilea enpresan hasten den egunetik aurrera. Igoera horiek oinarrizko soldataren gainean kalkulatuko dira, soldataren eskalari eta kategoriari dagokienez. Bosturtekoen kopuruak ez du mugarik.
24. artikulua. Aparteko orduak.
Berariaz erabaki da aparteko orduak ezinbesteko kasuetan baino ez direla eginen.
Aparteko orduak egin behar badira, atsedenaldiarekin edo diruz konpentsatuko dira, langilearen hautura.
Atsedenaldiarekin konpentsatzen badira, honela eginen da:
a) Lanegunetan egiten diren aparteko orduak, enpresaren lan egutegiaren arabera:
Egindako aparteko ordu bakoitzak ordu eta erdiko konpentsazioa izanen du.
b) Gauean, asteburuetan eta lanegun ez direnetan egiten diren aparteko orduak, enpresaren lan egutegiaren arabera:
Egindako aparteko ordu bakoitzak bi orduko konpentsazioa izanen du.
Arau orokor horretatik kanpo daude lanegun ez direnetan egindako aparteko orduak, lan egutegiaren arabera, edo gauean egindako aparteko orduak. Horrelakoetan, konpentsazioa ordu eta erdikoa izanen da lan egindako aparteko ordu bakoitzeko.
Diruz konpentsatzen badira, honela eginen da:
a) Lanegunetan egiten diren aparteko orduak, enpresaren lan egutegiaren arabera:
13,49 euroko konpentsazioa ezartzen da egunez egindako aparteko ordu bakoitzeko, bakarra lanbide kategoria guztietarako.
Aparteko orduak gauekoak baldin badira gaueko 10etatik goizeko 6etara bitartean egiteagatik, konpentsazioa 14,73 eurokoa izanen da.
b) Asteburuetan eta lanegun ez direnetan egiten diren aparteko orduak, enpresaren lan egutegiaren arabera:
Konpentsazio bat ezartzen da asteburuetan eta lanegun ez direnetan egiten den aparteko ordu bakoitzeko, ondoko zenbatekoekin:
–3. mailako espezialistaren eta peoiaren kategorietan: 21,05 euro.
–Espezialisten kategorietan: 21,36 euro.
–Ofizialen eta teknikarien kategorietan: 22,44 euro.
Aparteko orduak egiten dituzten langileek, haiek egin eta 24 orduko epean, parte bat prestatuko dute, non jasoko baita noiz egin diren aparteko orduak eta zer aukera hautatu duen, konpentsazio ekonomikoa ala atsedenaldia, bere ataleko arduradunak ikus-onetsia eman dezan.
Atsedenaldiko orduak hautatzen badira, horiek urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehenago hartu ezean, urteko azken nominan ordainduko dira, ezin izanen baita atsedenaldia hartu hura sortu ondoko urtean.
25. artikulua. Borondatezko ordainsaria.
“Borondatezko ordainsaria” izeneko osagarria ezin da konpentsatu edo xurgatu enpresaren hitzarmen kolektiboaren 22. artikuluan oro har hitzartutako soldata igoerekin.
IV. KAPITULUA
Bestelako baldintza sozioekonomikoak
26. artikulua. Eskolarako laguntza.
Eskola adinean seme-alaba bat (3 urtetik 16 urtera bitarte, biak barne) gutxienez duten langileek kasuan kasuko nominetan jasoko dute, irailetik ekainera, biak barne, 32,69 euroko zenbateko gordin eta bakarra hilero, seme-alaben kopurua edozein delarik ere.
Zenbateko hori ez da jasoko aparteko pagetan.
Lanaldi partzialean edo lanaldi murriztuan kontratatutako langileek eskolarako laguntza jasoko dute, beren lanaldiaren proportzioan.
27. artikulua. Heriotzaren edo baliaezintasunaren kalte-ordaina.
Enpresak poliza bat kontratatuko du (istripuetarako polizaren bermeak izanen ditu, Esne eta Esneki Industrien Estatuko Hitzarmenaren 29. artikuluan erregulatzen direnak), ondoko zenbatekoekin eta estaldurekin, hura izenpetzean enpresan altan dauden langileentzat:
–Lanekoa ala lanez kanpokoa den istripuaren edo lanbideko eritasunaren ondoriozko heriotza: 36.000 euro.
–Lanekoa ala lanez kanpokoa den istripuaren edo lanbideko eritasunaren ondoriozko ezintasun iraunkor osokoa edo erabatekoa: 40.000 euro.
–Eritasun arruntaren ondoriozko ezintasun iraunkor osokoa edo erabatekoa: 10.000 euro.
28. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
Lácteos Goshua, S.L. enpresan aldi baterako ezintasunagatik ematen diren osagarrien araubidea honako hau izanen da, Esne Industrien Estatuko Hitzarmenaren 31. eta 32. artikuluetan arautuaren ordez:
Lanez kanpoko istripuaren edo eritasun arruntaren ondoriozko aldi baterako ezintasunaren kasuan, enpresak honela osatuko du aldi baterako ezintasunaren prestazioa:
–Bajaren lehenengo 3 egunak: langileak altan egonez gero jasoko lituzkeen soldatako kontzeptu finkoen %50era bitarte.
–4. egunetik 20. egunera bitarte, biak barne: langileak altan egonez gero jasoko lituzkeen soldatako kontzeptu finkoen %80ra bitarte.
–21. egunetik aurrera: langileak altan egonez gero jasoko lituzkeen soldatako kontzeptu finkoen %100era bitarte.
Osagarri hori jasoko da langilea enpresan altan dagoen bitartean, eta gehienez ere 18 hilabetez.
Laneko istripuaren edo lanbide eritasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasunaren kasuan, langileak altan egonez gero jasoko lituzkeen soldatako kontzeptu finkoen %100era bitarte osatuko du enpresak aldi baterako ezintasunaren prestazioa.
Osagarri hori jasoko da langilea enpresan altan dagoen bitartean, eta gehienez ere 18 hilabetez.
29. artikulua. Lanbide sustapena.
2014ko urtarrilaren 1etik aurrera peoiaren kategorian sartzen diren langileak, zerbitzuak benetan ematen hasi eta hiru hilabetera, 3. mailako espezialistaren kategoriara pasako dira.
30. artikulua. Balioaniztasuna.
Langileen Estatutuaren 39. artikuluan xedatuarekin bat, kategoria goragoko betekizunak egiten direnean, kategoria goragoko horri dagokion soldata ordainduko da.
31. artikulua. Erretiro partziala.
2013ko martxoaren 26an, 5/2013 Errege Lege Dekretuan xedatuarekin bat, enpresaren hitzarmen kolektibo bat sinatu zen erretiro partzialerako. Alderdien iritziz bidezkoa da hura hitzarmen kolektibo honetan jasotzea.
Hori dela eta, ondotik ematen da enpresako zuzendaritzaren eta langileen legezko ordezkaritzaren artean 2013ko martxoaren 26an hitzartutako akordioa.
Martxoaren 15eko 5/2013 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluan eta abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hamabigarren xedapen gehigarriaren 2.c.) atalean xedatutakoaren arabera, honakoa erabaki da: enpresan ezarriko den erretiro partzialerako planaren bidez, enpresak konpromisoa hartzen du legezko baldintzak beteta erretiro partziala hartzen ahal duten langileen eskaerak onartzeko.
Erretiro partziala eskuratzeari dagozkion ondorioak, eskuratu ahal izateko betebeharrak, baldintzak, betebeharrak eta prestazioak zehazteko arauak martxoaren 15eko 5/2013 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluan eta abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hamabigarren xedapen gehigarriaren 2.c.) atalean xedatutakoari jarraikiz legez ezarritakoak izanen dira.
Halere, arau aldaketa edo xedapen baten ondorioz, edo beste edozein arrazoirengatik, enpresak kostu gehigarriren bat bere gain hartu beharko balu, 27/2011 Legearen aurreko araudi aplikagarriarekin bere gain hartu beharko lituzkeenez gainera, akordio hau ondoriorik gabe geldituko litzateke besterik gabe.
Akordio hori 2013ko martxoaren 26ko akordioko II. eranskinean zehaztutako langileei aplikatuko zaie, baldin eta erretiro partzialeko pentsioa ezartzeko adinari, sarbideari, baldintzei eta arauei buruzko betekizunak betetzen badituzte, martxoaren 15eko 5/2013 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluan eta abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hamabigarren xedapen gehigarriko 2.c) atalean xedatuari jarraituz.
Hitzarmen honen 3. artikuluan arautua gorabehera, artikulu honetan hitzartutako erretiro partzialeko planaren indarraldia 2018ko abenduaren 31ra artekoa izanen da.
32. artikulua. Behin-behineko kontratuak.
Enpresak konpromisoa hartzen du, enpresa itun honek indarra duen bitartean, enpresan jarraian behin-behineko kontratu batekin urte bat baino gehiago aritu diren langileei mugarik gabeko kontratu bat egiteko.
33. artikulua. Lan osasuna.
1. Enpresako zuzendaritzak konpromisoa hartzen du beharrezko bilkurak egiteko prebentzioko ordezkariarekin.
2. Enpresako zuzendaritzak konpromisoa hartzen du langileei informazioa emateko lan osasunaren arloko araudiak ezartzen dituen kasuetan, eta, edonola ere, urtean behin.
3. Prebentzioko ordezkariak 5 ordu izanen ditu hilabetean lan osasunari buruzko gaiak lantzeko, legez aurreikusitakoez gainera.
Eta adostasunaren seinale, eta halaxe jasota gera dadin, bertaratuek sinatzen dute, hiru aletan, ondorio bakarrarekin, burualdean adierazitako lekuan eta egunean.
SOLDATEN TAULAK 2014 |
KATEGORIAK | OINARRIZKO SOLDATA HILEAN | * MOZKINEN PAGA HILEAN | ** LANERATZE PLUSA HILEAN | GUZTIRA HILEAN | GUZTIRA URTEAN (hilabetekoa × 14 paga) | ANTZINATASUNA HILEAN *** |
TEKNIKARIAK | ||||||
Goi mailako teknikaria | 1.527,52 | 109,12 | 155,87 | 1.792,50 | 25.095,02 | 76,38 |
Erdi mailako teknikaria | 1.344,50 | 96,04 | 155,87 | 1.596,40 | 22.349,67 | 67,22 |
Beste teknikari batzuk | 1.221,52 | 87,25 | 155,87 | 1.464,64 | 20.504,97 | 61,07 |
ADMIN. ETA MERKAT. ENPLEG. | ||||||
Ataleko burua | 1.312,67 | 93,76 | 155,87 | 1.562,29 | 21.872,10 | 65,64 |
Atalburua | 1.269,36 | 90,67 | 155,87 | 1.515,89 | 21.222,52 | 63,47 |
1. mailako ofiziala | 1.108,42 | 79,18 | 155,87 | 1.343,46 | 18.808,42 | 55,43 |
2. mailako ofiziala | 1.017,59 | 72,69 | 155,87 | 1.246,15 | 17.446,06 | 50,88 |
Laguntzailea | 884,91 | 63,21 | 155,87 | 1.103,98 | 15.455,75 | 44,24 |
Banatzaileak* | 909,21 | 64,94 | 155,87 | 1.130,02 | 15.820,28 | 45,46 |
EKOIZPENA | ||||||
1. mailako espezialista/ofiziala* | 939,45 | 67,10 | 155,87 | 1.162,42 | 16.273,84 | 46,97 |
2. mailako espezialista/ofiziala* | 923,18 | 65,94 | 155,87 | 1.144,98 | 16.029,79 | 46,16 |
3. mailako espezialista/ofiziala* | 909,21 | 64,94 | 155,87 | 1.130,02 | 15.820,28 | 45,46 |
Peoia* | 892,40 | 63,74 | 155,87 | 1.112,01 | 15.568,08 | 44,62 |
* Mozkinen paga 14 pagatan hainbanatuta jasotzen da. ** Hileko laneratze plusa = (7,202 euro/eguneko x 303 egun): 14 paga (303 egun = 365 egun -14 jaiegun -48 igande). *** Antzinatasunaren kontzeptua, hura ordaindu behar denetan, uztaileko eta Eguberrietako aparteko pagetan ere jasoko da, eta, hainbanatuta, mozkinen pagan. | ||||||
2. TAULA
KONTZEPTUA | |
JAIEGUNETAKO PLUSA | 45,56 euro/jaieguneko |
APARTEKO ORDUAK | |
lanegunetan egunez | 13,49 euro orduko |
lanegunetan gauez | 14,73 euro orduko |
lanegun ez direnetan (3. mailako peoiaren eta espezialistaren kat.) | 21,05 euro orduko |
lanegun ez direnetan (espezialisten kategorian) | 21,36 euro orduko |
lanegun ez direnetan (ofizialen eta teknikarien kat.) | 22,44 euro orduko |
LAGUNTZA, ESKOLARAKO | 32,69 euro hileko (10 paga) |
PLUSA TXANDA ALDATZEAGATIK | 42,73 euro/aldaketa |
GAUEKO LANAREN PLUSA | 21,78 euro/8 ordu |
Iragarkiaren kodea: F1408816
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
