Iragarkia
143. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
952/2014 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Arautzen duten Arauak onesten dituen Erabakia”. 2014ko uztailaren 2ko Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki baten bidez onetsi zen.
Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko “Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Arautzen duten Arauak onesten dituen Erabakia”. Hona hemen hitzez hitz:
“GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO DOKTORETZA ARAUTZEN DUTEN ARAUAK ONESTEN DITUENA
2012ko maiatzaren 8an (2012ko maiatzaren 24ko NAO) Gobernu Kontseiluak onetsi egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko hirugarren zikloko ikasketak arautzen dituen araudia, eta hori da orain indarduna.
Aipatu araudiaren helburua zen ordura arte indarra zeukana urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuari egokitzea (2001ko otsailaren 10ko NAO), zeinak nabarmen aldatzen baititu doktoretza ikasketetako eredua eta antolamendua.
Araudi hau aplikatu den bi urteetan, Nafarroako Doktoretza Eskola martxan jartzeaz gain, ikusten ahal izan da prozeduretan zenbait akats atzeman direla, eta horiek zuzentzea edo hobetzea beharrezkoa dela jo izan da. Gainera, uztailaren 12ko 534/2013 Errege Dekretuak zenbait aldaketa sartu ditu doktoretza araudian, tesien kalifikazioari dagozkionak, eta horiek ere sartu behar dira.
Araudi hau, funtsean, egokia izan bada ere, eta beraz, egokia den araudi bati aldaketak egiteaz ari bagara ere, araudi berria balitz bezala onestea proposatzen da, araudia ulertzea eta betetzea erraztuko duen testu laburbildu bat edukitzeko.
Honako hau da Gobernu Kontseiluak, Ikerketa errektoreordeak proposatuta, eta bere kideen aldez aurreko eztabaida izan eta gero, 2014ko uztailaren 2an egindako bileran, hartu duen
ERABAKIA:
Lehenengoa. Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza arautzen duten arauak, 2012ko maiatzaren 8ko Gobernu Kontseiluak onetsi zituenak (2012ko maiatzaren 24ko BON), indargabetzea.
Bigarrena. Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Arautzen duten Arauak, I. eranskinean daudenak.
Hirugarrena. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman, eta biharamunean hartuko dute indarra arau hauek.
Laugarrena. Erabaki hau Ikerketerako errektoreordeari, NADEko zuzendariari, Unibertsitateko Doktoretza Programetako koordinatzaileei eta Sailetako zuzendariei bidaltzea, behar duen zabalkundea izan dezan.”
Iruñean, 2014ko uztailaren 2an.–Errektorea, Julio Lafuente López.
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN DOKTORETZA ARAUTZEN DUTEN ARAUAK
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Arautegi hau aplikatu egingo zaie Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskainitako doktoretza-ikasketei otsailaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuarekin bat etorriz.
LEHEN TITULUA
Jatorrizkoaren egitura
2. artikulua. Nafarroako Doktoretza Eskola.
1. Nafarroako Doktoretza Eskola da bere kudeaketa eremuan doktoretzako irakaskuntzak eta jarduerak antolatzeko ardura duen unitatea Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
2. Nafarroako Doktoretza Eskolak eskumena izango du Gobernu Kontseiluaren erabakiz esleitzen zaizkion doktoretza-programetan. Unibertsitatearteko doktoretza programak beste doktoretza eskola batzuei esleitzeko aukera izango da, eta beste unibertsitateekin egindako hitzarmenen arabera dagokion araudia aplikatuko zaie.
3. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programak.
1. Doktore titulua lortzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programa bat edo beste unibertsitate batzuekin batera antolatutako doktoretza programa bat gainditu behar da.
2. Doktoretza programek ECTS kredituetan egituratu beharrik ez daukaten ikerketa-prestakuntzako alderdi antolatuak izango dituzte, eta zeharkako prestakuntza eta programa bakoitzaren esparruko prestakuntza espezifikoa eskainiko dute, doktoregaiaren jarduera oinarrizkoa ikerketa-jarduera bada ere.
3. Gobernu Kontseiluak onetsi behar ditu doktoretza programa guztiak, berak ezarritako prozeduraren arabera, eta Nafarroako Doktoretza Eskolak aldez aurretik txostena egin behar du.
4. artikulua. Doktoretza Programetako Irakaskuntza Batzordeak.
1. Doktoretza programa bakoitzak irakaskuntza batzorde bat izango du, eta batzorde hori arduratuko da programako prestakuntza eta ikerketa jarduera espezifikoak antolatzeaz eta ikuskatzeaz.
2. Irakaskuntza batzordea honako hauek osatuko dute: koordinatzaile bat, burua izango dena, eta gutxienez ere lau kide eta gehienez ere zortzi kide. Nafarroako Doktoretza Eskolak ezarritako du batzordearen osaera.
3. 99/2011 EDarekin bat etorriz, errektoreak izendatuko du koordinatzailea, eta egiaztatu egin beharko du gutxienez ere bi doktoretza tesi zuzendu dituela eta gutxienez ere 1086/1989 EDan ezarritakoarekin bat etorriz aitortutako ikerketa jarduerako bi aldi dituela.
4. Batzordeko gainerako kideak errektoreak izendatuko ditu, koordinatzaileak proposatuta. Horiek guztiek doktore titulua izan beharko dute, eta Unibertsitatetik kanpokoak diren eta I+G+b-ren arloan aritzen diren beste entitate eta erakunde batzuetakoak ere izango dira, bereziki IEPetakoak. Batzordekide gazteena idazkaria izango da.
5. Araudiak eta Nafarroako Doktoretza Eskolak esleitzen dizkiotenez gainera, irakaskuntza batzordeak eginkizun hauek ditu:
a) Ikasturte bakoitzean programaren informazio gaurkotua prestatzea, haren publizitatea eta zabalkundea errazteko.
b) Doktoretza programetarako onarpena ebaztea, ezarritako irizpideekin bat etorriz.
c) Tesi tutorea, zuzendaria, eta, beharrezkoa bada, zuzendarikideak esleitzea.
d) Nafarroako Doktoretza Eskolari tesi konpromisoa bidaltzea onets dezan.
e) Programako doktoregaien jarraipena egitea, eta dagozkion urteko programak antolatzea.
f) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 21c) artikuluan ezarritako doktoretza aurreko kontratuak berritzeko txostenak ematea.
g) Doktoretza tesiaren txostena gordailuan edukitzeko baimena ematea.
h) Epaimahaia eta tesiaren kanpoko berrikusleak proposatzea.
i) Programaren jarraipena egitea, eta esleitzen zaizkion kalitate prozesuen betearazpena bermatzea.
6. Irakaskuntza Batzordearen bilerak akten bidez erregistratuko dira, eta aktetan hartutako erabakiak jasoko dira. Idazkariak gordeko ditu aktak eta haien kopia bat Nafarroako Doktoretza Eskolara bidaliko da.
BIGARREN TITULUA
Doktoretzako sarbidea, onarpena eta matrikula
5. artikulua. Doktoretzarako sarbidea.
1. Oro har, doktoretzako programa ofizial batean sartzeko, nahitaezko betekizuna da Espainiako Graduko titulu ofizialen, edo baliokidearen, edota Unibertsitateko Masterraren jabetza izatea.
2. Halaber, honako kasu hauetan daudenek ere sartzeko aukera izango dute:
a) 1393/2007 EDko 16. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz, Masterrera sartzeko gaitzen duen Espainiako edo Europako Unibertsitate Eremuko kidea den beste herrialde bateko unibertsitateko titulu ofizial bat dutenek eta gutxienez ere 300 ECTS kreditu gaindituak unibertsitateko ikasketa ofizialetan, eta kreditu horietatik gutxienez ere 60 Masterrekoak izango dira.
b) Espainiako graduatu titulu ofizial bat dutenek, gutxienez ere 300 ECTS kredituko iraupena duena Erkidegoko zuzenbideko arauen arabera. Tituludun horiek nahitaez egin beharko dituzte 99/2011 Errege Dekretuko 7.2 artikuluak aipatutako prestakuntza-osagarriak, ez bada dagokion gradu tituluak zenbait ikerketako prestakuntza-kreditu dauzkala, baliokide prestakuntza-balioan master ikasketetatik datozen ikerketa-kredituenekin.
c) Unibertsitateko tituludunek, baldin eta osasun prestakuntza espezializatuko lanpostuetarako dagokion hautaproban prestakuntza lanpostua aldez aurretik lortu eta, gutxienez ere, Osasun Zientzietako espezialitateren bateko titulu ofizial bat lortzeko programa bateko bi prestakuntza urte gainditu badituzte.
d) Atzerriko hezkuntza sistemen arabera lortutako titulu bat dutenek, titulua homologatu behar ez balute, aldez aurretik bakoitzaren unibertsitateak baieztatu duelako tituluaren prestakuntza maila Unibertsitateko Master titulu ofizial baten prestakuntza mailaren baliokidea dela eta titulua eman den herrialdean doktoretza ikasketetan sartzeko ahalmena ematen duela. Onarpen honek inolaz ere ez du ekarriko interesdunak aurretik duen tituluaren homologazioa, ezta beste ondoriorik ere, doktoretza-ikasketetara sartzearena ez bada.
e) Apirilaren 30eko 778/1998 EDak xedatutakoarekin bat etorriz lortutako Ikasketa Aurreratuen diploma duten edo urtarrilaren 23ko 185/1985 EDan araututako Ikertzeko Gaitasuna lortu duten lizentziadun, arkitekto edo ingeniariek.
f) Espainiako beste doktore titulu bat dutenek lehenagoko unibertsitate antolamenduen arabera.
6. artikulua. Onartze eskaera.
1. 5. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten izangaiek beren tesi proiektua Unibertsitateko zein doktoretza programarekin lotu nahi duten, doktoretza-programa horretan onartuak izateko eskatu beharko dute.
2. Eskaerarekin batera tesi proiektu horri buruzko oroitidazki bat aurkeztuko dute, eta zuzendaria izateko betekizunak beteko dituen doktore batek, eta NUPen aitorpena daukan ikerketa talde batek bermatuko dute. Halaber, ikerketa non egingo duten, Nafarroako Unibertsitate Publikoko sail batean, edo sail horrek edo Agrobioteknologia Institutuak, hala badagokio, bermatu beharko du.
3. Tesi proiektua onartuak izateko eskatzen den programako ikerketa-lerro batekin lotu beharko da.
4. Eskaeran esplizituki esango da doktoregaiak arduraldi osoa edo partziala izango duen, 99/2011 EDan ezarritako ondorioetarako.
5. Proiektua bermatzen duen doktorea, eskatzailearen balizko zuzendari gisa proposatzen dena, aurreko 2. puntuan aipatutako bermeak biltzeaz arduratuko da.
6. Eskaera Nafarroako Doktoretza Eskolan aurkeztuko da, eskolaren Zuzendaritza Batzordeak ezarritako formatuan, eta dagokion programaren irakaskuntza batzordeari zuzenduko zaio, sarbide betekizunak betetzen direla egiaztatu eta aurreko puntuetan aipatutako dokumentazioa aurkeztu eta gero.
7. Nolanahi ere, aurkezten den dokumentazioaren bidez, Irakaskuntza Batzordeak modua izan behar du egiaztatzeko betetzen direla onartua izateko eskaera bat duen programa jakin baten egiaztatze txostenetan egongo diren betekizun espezifiko gehigarriak.
7. artikulua. Onartzeko irizpideak.
Betekizunak betetzen direla eta eskatutako dokumentazioa osorik dagoela egiaztatu eta gero, doktoretza-programaren irakaskuntza batzordeak erabaki beharko du eskatzailea onartzen duen edo ez. Horretarako kontuan hartu beharko ditu irizpide hauek:
a) Doktoretza sartzeko ikasketak egokiak diren edo ez diren egokiak, izangaiak bere doktoretza-tesian garatu nahi duen ikerketaren xedeari dagokionez.
b) Izangaiaren curriculum vitaea.
d) Aurreikusitako tesiaren gaiaren koherentzia programako ikerketa lerroekin.
e) Tesi proiektuaren irakaskuntza eta zientzia kalitatea.
f) Oro har, irakaskuntza batzordeak ezarritako irizpideak, programa egiaztatzeko txostenean jasoko direnak.
8. artikulua. Onartzeko erabakia.
1. Programaren irakaskuntza batzordeak eskatzailearen onarpenari buruz erabaki beharko du hilabete bateko epean gehienez ere, eta 6.2 artikuluan aipatutako eskaeraren bermatzaileei erabakia jakinaraziko die.
2. Batzordeak onarpenaren aurkako erabakia hartzen badu, horren berri eman beharko zaie izangaiari eta Nafarroako Doktoretza Batzordeari, ukatzeko arrazoien berri emanez aurreko artikuluan aipatutako irizpideekin bat etorriz.
3. Irakaskuntza batzordeak onarpenaren aldeko erabakia hartzen badu, batzordeak tesi-zuzendari bat esleituko dio –zilegi da eskaeran proposatutakoa ez den beste bat esleitzea–, eta bai izangaiari, bai zuzendariari jakinarazi beharko dio.
4. Zuzendaria Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lotura iraunkorra duen irakasle bat ez bada, betekizun hori betetzen duen tutore bat ere esleituko zaio doktoregaiari, eta bere eginkizuna izango da doktoregaiak programaren Irakaskuntza Batzordearekin eta Nafarroako Doktoretza Eskolarekin duen interakzioa bermatzea. Zuzendaria Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lotura iraunkorra duen irakasle bat bada, tutore eginkizunetan ere ariko da.
5. Irakaskuntza Batzordeak, doktoregaia onartua izateko unean, edo geroago, eta doktoregaiari entzun eta gero, zuzendarikide bat edo gehiago esleitzen ahal dio hari, eta horren berri emango die bermatzaile guztiei.
6. Tesi proiektuaren txostenean eta tutore edo zuzendari gisa proposatzen den doktorean dagoen edozein aldaketa jakinarazi beharko zaie proiektuaren bermatzaileei, ontzat eman ditzaten onarpen erabakia hartu baino lehen.
9. artikulua. Lehen matrikula.
1. Behin onartu eta gero, doktoregaiak matrikula egingo du Nafarroako Doktoretza Eskolak ezarritako epean.
2. Nolanahi ere, lehen matrikularen eguna erabiliko da erreferentzia modura doktoretza tesia egiteko epea zenbatzeko, 99/2011 EDan ezartzen dena.
3. Doktoregaiak Doktoretzako tesi konpromisoa aurkeztu behar dio bere matrikularekin batera Unibertsitateko Doktoretza Eskolari. Tesi konpromisoa 99/2011 Errege Dekretuaren 11.8 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz izenpetua egongo da, eta, gutxienez ere, alderdi hauek jaso beharko ditu:
a) Alderdi guztiek esplizituki onartzea doktoretzari buruzko legeria eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren berezko araudia.
b) Ikerketa-emaitzen jabetzaren aitorpena doktoregaiaren aldetik, betiere tesi lana beste Unibertsitate edo Zentro batean hasi bada.
c) Doktoregaiak daukan eskubidea egilekide gisa agertzeko tesiaren lanaz baliaztuz egiten diren argitalpen, artikulu, patente edo txostenetan.
d) Doktoregaiak daukan konpromisoa inolaz ere ez zabaltzeko informazio zientifikoak eta teknikoak, baldin eta tesi zuznedariaren baimenik gabe eskuratu baditu, doktoretza tesia prestatzeari lotzen zaion bere prestakuntza garatzen ari zenean.
e) Arduraldi osoa edo partziala izango duen, 99/2012 EDan ezarritako epeei dagokienez.
Nafarroako Doktoretza Eskolak tesi konpromisoaren eredu bat egingo du, eta interesdunek eredu horri jarraitu beharko diote.
4. Matrikula egin eta gero, Nafarroako Doktoretza Eskolak doktoregaiaren Banakako Jardueren Dokumentua egingo du.
HIRUGARREN TITULUA
Doktoretza tesia egitea
10. artikulua. Ikerketa Plana.
1. Lehen matrikula egiten denetik sei hilabeteko epean gehienez ere, doktoregaiak ikerketa plan bat aurkeztu beharko dio Nafarroako Doktoretza Eskolari, programan onartua izateko aurkeztu zuen tesi proiektua egiteko ezarritako gehieneko epeetan.
2. Esleitutako tutoreak, zuzendariak, eta, beharrezkoa bada, zuzendarikideek bermatu beharko dute ikerketa plana, eta alderdi hauek jasoko ditu: planteatzen diren auziak eta beren nabarmentasuna, helburuak eta beren garrantzia, eremua eta argitaratutako aurrekariak, auzien egoeraren laburpena, metodologia, lan plana, espero diren emaitzak, Nafarroako Doktoretza Eskolaren Prestakuntza Planaren eta programaren egiaztatze txostenaren betekizunen betearazpena, eta doktoregaiak tesia egiten eta zuzendariak ikuskatzen izan duten arduraldiaren kronograma.
3. Nafarroako Doktoretza Eskolak hilabete bateko epean aurkeztuko du doktoregaiak aurkeztutako ikerketa plana, eta eta inskripzioa egiteari ezezkoa emango dio, artikulu honetako 2. idatz-zatian ezarritakoari egokitzen ez bada. Eskolak, egoki baderitzo, beste epe bat ezarriko du kasu horietan, konpromisoko akatsak aldatzeko edo konpontzeko.
4. Unibertsitateak erregistro bat sortuko du, eta han inskribatuko dira onartutako doktoregaien ikerketa plan guztiak, eta gutxienez ere alderdi hauek jasoko dira Nafarroako Doktoretza Eskolak egindako formatuarekin:
a) Irakaskuntza batzordeak zein egunetan onartu zuen.
b) Lehen matrikularen data.
c) Doktoretza-tesiaren gaia.
d) Bere edukiari buruzko txosten laburra (gehienez ere 2.000 karaktere).
e) Zuzendaria, tutorea, eta, kasua bada, zuzendarikideak.
f) Doktoretza programa.
c) Doktoregaiak zein sail, ikastegi edo institututan lan egiten duen.
11. artikulua. Doktoretza Tesiaren prestaketa eta jarraipena.
1. Programako irakaskuntza batzordeak esleitutako zuzendariaren, eta, kasua bada, zuzendarikideen ikuskaritzapean egingo da ikerketa plana. Ikerketa-esperientzia ziurtatua duen Espainiako edo atzerriko edozein doktore izango da tesiaren zuzendaria, alde batera utzita zein unibertsitate, ikastegi edo erakundetan zerbitzu ematen duen.
2. Beste doktore batzuek ere izango dute tesiaren zuzendarikide izateko aukera. Zuzendariari bakarrik eskatuko zaio aurreko idatz-zatian aipatzen den esperientzia ziurtatua izatea.
3. Tutorea zuzendaria ez bada, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lotura iraunkorra eta ikeretzeko esperientzia ziurtatua daukan doktore, irakasle bat izango da, eta, nolanahi ere, bere eginkizuna izango da doktoregaiak Irakaskuntza Batzordearekin eta Nafarroako Doktoretza Batzordearekin duen interakzioa bermatzea.
4. Tesia prestatzeko moduak koherentea izan behar du Doktoretza Tesiaren Konpromisoarekin. Alde guztiek berretsi behar dute planaren edozein aldaketa, eta Nafarroako Doktoretza Eskolari aldaketen berri eman behar zaio. Eskolak onartu edo baztertu egingo du, Irakaskuntza Batzordeak tesiaren zuzendariak edo tutoreak eskatuta egiten duen txostenari edo urteko ebaluazioari dagokion txostenari jarraiki.
5. Aldaketak oinarrizkoak badira, eta aztertutako auziak eta ikuskapena aldatzen badituzte, plan berri bat egin beharko da, arautegi honetan ezarritakoaren arabera.
6. Tesiaren ikuskapenean egiten den edozein aldaketa Irakaskuntza Batzordeak onetsi eta Nafarroako Doktoretza Eskolari jakinarazi beharko zaio.
7. Tesiaren zuzendaria aldatzeko, ikerketa planari eusten bazaio, aurreko zuzendariak idatzizko adostasun esplizitua eman behar du.
8. Urtero, programaren irakaskuntza batzordeak ezarritako ikerketa planaren garapena eta Banakako Jardueren Dokumentua ebaluatuko ditu, tutorearen eta zuzendariaren nahitaezko txostenekin batera. Aurkako ebaluazioa egiten badu, zeina arrazoitua izango baita, doktoregaiari berriro ebaluazioa egingo zaio sei hilabeteko epean. Ebaluazioa berriro aurkakoa bada, doktoregaia behin betiko baztertua izango da programatik.
9. Irakaskuntza batzordeek jarraipen proben antolaketa eta prozedurak ezarriko dituzte, eta egiaztatze txostenetan agertu beharko dira, eta Nafarroako Doktoretza Eskolak ezarritako jarraibideekin eta irakaskuntza-egutegiarekin bat etorriz.
12. artikulua. Doktoretza Tesia.
1. Doktoretza tesia izangaiak edozein diziplinatan egindako jatorrizko ikerketa lan bat izango da, eta programetako ikerketa-lerroren batekoa.
2. Doktoretza-tesiaren txostena Nafarroako Foru Erkidegoak dituen bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan idatziko da, bai eta Europar Batasuneko edozein hizkuntza ofizialetan ere. Nolanahi ere, txostenaren laburpena eta ondorioak gaztelaniaz eman beharko dira, Nazioarteko doktore aipamena lortzeko 23. artikuluak ezarritakoa galarazi gabe. Txosten hori ezarritako euskarri elektronikoan egingo da, zabalpena errazteko.
3. Irakaskuntza batzordeek baimentzen badute, sailek onartu egingo dute tesia artikuluen laburpen bat bezala aurkeztea, zeinetan doktoregaia egile aipagarri bat izango baita. Nafarroako Doktoretza Eskolak bere araudian arautuko ditu baimena emateko prozedura eta tesi hauek bete behar dituzten betekizunak.
LAUGARREN TITULUA
Doktoretza tesiaren gordailua, baimena eta defentsa
13. artikulua. Doktoretza Tesiaren gordailua.
1. 99/2011 EDan doktoretza tesia egiteko ezarritako legezko epeak igaro baino lehen, zuzendariak programako irakaskuntza batzordeari eskatuko dio tesia gordailuan ematea baimentzeko, gero aurkezteko eta kalifikatzeko, tesiaren txostena bertsio elektronikoan aurkeztuta, bere curriculum vitaearekin eta 20. artikuluan aipatzen den argitaratze baimenaren inprimakiarekin batera. Tesi bat gordailuan emateko baimenik ez da emango, baldin eta dagokion azken jarraipen proba gainditu ez badu, 11.8 artikuluarekin bat etorriz.
2. Batzordeak onarpenari buruz erabaki beharko du, gehienez ere, hilabeteko epean eskaera egiten den egunetik kontatzen hasita, eta Nafarroako Doktoretza Eskolari jakinaraziko dio bere erabakia. Nafarroako Doktoretza Eskolak tesi konpromisoa eta ikerketa plana sinatu dituzten alde guztiei jakinaraziko die erabakia.
3. Batzordeek, bere ardurapeko doktoretza tesien kalitatea bermatzeko, Nafarroako Doktoretza Eskolaren Prestakuntza Planean tesia amaitu baino lehen eskatutako argitaratze, zabalpen edo industria jabetzaren erregistroaren eta programaren egiaztatze txostenaren betekizunak betetzen direla bermatu beharko dute.
4. Epaimahaiaren eta kanpoko ikuskatzaileen proposamenekin batera emango da batzordearen baimena. Kasu bietan, ordezkoak proposatuko dira, guztiak ikertzeko esperientzia ziurtatua dutenak.
5. Zuzendariak ez badu eskatu tesia tramitean onartzeko, doktoregaiak bere kabuz egiteko aukera izango du, eta doktoretza-tesiaren txostena aurkeztuko du horretarako. Horrela egiten badu, batzordeak erabakiko du tramitean onartuko duen edo ez duen onartuko, eta horretarako Unibertsitatetik kanpoko adituen aholkularitza eskatzeko aukera izango du.
6. Doktoretza tesia gordailuan ematea ez baimentzeko erabakiaren aurka, zuzendariak edo doktoregaiak aukera izango dute Nafarroako Doktoretza Eskolari eskatzeko 14. artikuluan aipatzen den bitartekaritza prozedura has dezala.
7. Baimena lortu ondoren, doktoregaiak doktoretza tesiaren ale bat eta bere bertsio elektronikoa aurkeztuko du Doktoretza Eskolan, aurretiaz dagozkion prezio publikoak ordainduta.
8. Nafarroako Doktoretza Eskolak Nafarroako Unibertsitate Publikoko sail guztiei hiru egun balioduneko epean jakinaraziko die tesian gordailuan eman dela. Bi kasu horietan aurkeztutako tesia gordailuan geldituko da, sailei jakinarazi den egunetik hasita hamabost eguneko epean, eta edozein doktorek aztertu eta alegazioak egiteko aukera izango du, Nafarroako Doktoretza Eskolak baimendu baino lehen.
14. artikulua. Bitartekaritza prozedura.
1. Gatazka iraunkorra badago doktoregaiaren eta tesiaren zuzendariaren edo zuzendarikideetariko baten artean, eta tesia behar bezala garatu eta aurkezteari eragiten badio, konpromisoa sinatu dutenek aukera izango dute bitartekari bat izendatzea eskatzeko Nafarroako Doktoretza Eskolari. Bitartekari honek alderdi guztiei entzun, eta konponbide bat proposatuko die tesia bukatzeko.
2. Bitartekariak inpartziala izan behar du. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lotura iraunkorra duten doktoreen artean aukeratuko da, edo unibertsitatetik kanpoko doktoreen artean. Bitartekariak ikertzeko esperientzia ziurtatua eduki behar du, eta adituen aholkularitza eskatzeko aukera izango du tesiaren xedea den arloan.
3. Nafarroako Doktoretza Eskolak aukera izango du bitartekariak hartutako erabakia ezartzeko alderdiei, doktoretza-tesia irakurtzen uzteari begira bakarrik.
4. Bitartekaritzak porrot egiten badu, doktoregaiak edo Tesi Konpromisoa sinatu dutenetariko beste batek Unibertsitateko errektorearen aurrean Tesi-Konpromisoa betetzea eskatzeko aukera izango du.
15. artikulua. Baimena.
1. 13. artikuluak aipatzen duen gordailuan edukitzeko denbora iraungita, jasotako idazkiak ikusirik, Nafarroako Doktoretza Eskolak erabakiko du baimena ematen duen edo ez tesiaren defentsa egiteko, edo, bestela, egoki den tesia tramitetik kentzea. Halaber, proposatutako epaimahaia eta kanpoko ikuskatzaileak egokiak diren edo ez erababiko du. Kanpoko adituen aholkua eskatuko du, egoki baderitzo.
2. Aurreko atalean jasotako erabakia adierazi beharko da tesia gordailuan emateko epearen amaieratik hasi eta hilabeteko epean gehienez ere, eta doktoregaiari, tesiaren zuzendariari, irakaskuntza batzordeari eta tesiaren bermatzaileei emango zaie haren berri. Nafarroako Doktoretza Eskolak erabakitzen ahal du tesia doktoregaiari itzultzea lana aldatzeko jarraibideekin. Jarraibide horiek betebeharrekoak izango dira horretarako ezarriko den epean, eta tesiaren beste ale bat aurkeztu beharko du euskarri elektronikoan. Halaber, epaimahaiaren eta kanpoko ikuskatzaileen proposamen berri bat, osoa edo partziala, eskatzeko aukera izango du.
16. artikulua. Epaimahaia eta kanpoko ikuskatzaileak.
1. Nafarroako Doktoretza Eskolak izendatuko ditu doktoretza tesia epaitzeko ardura duen epaimahaia eta irakaskuntza batzordeak proposatutako kanpoko ikuskatzaileak, kasua bada, batzorde horrek egokitzat hartzen dituen adituei entzun ondoren.
2. Hiru epaimahaikide titularrek eta gutxienez ere ordezko batek osatuko dute epaimahaia. Guztiak ikertzeko esperientzia ziurtatuko doktoreak izango dira. Gehienez ere kide bat Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktorea izango da.
3. Kanpoko ikuskatzaileak bi titular eta gutxienez ere ordezko bat izango dira. Ikertzeko esperientzia ziurtatuko doktoreak eta Nafarroako Unibertsitate Publikotik kanpokoak izango dira guztiak.
4. Ez dira epaimahaikide izango, ez eta kanpoko ikuskatzaile ere, tesiaren tutorea, zuzendaria edo zuzendarikideak, atzerriko unibertsitateekin batera tesiaren tutoretza egiteko aldebiko hitzarmenen kasuan izan ezik, eta horietan kontuan hartuko da dagozkion hitzarmenek ezarritakoa.
5. Lerrun akademiko eta antzinatasun handiena dituen irakaslea izango da epaimahaiburu lanetan. Lerrun eta antzinatasun txikiena dituen irakaslea izango da idazkaria.
17. artikulua. Ikertzeko esperientzia ziurtatzea.
1. Araudi honi begira, ikertzeko esperientzia ziurtatua egiaztatuko da gutxienez ere aitortutako ikerketa jarduerako aldi bat egina edukitzearekin (abuztuaren 28ko 1086/1989 EDarekin bat etorriz) epaimahaikidea edo kanpoko ikuskatzailea izateko, eta gutxienez ere bi aldi eginak epaimahaiburu izateko.
2. Tesi zuzendariei eta tutoreari dagokienez, ikerketa-esperientzia ziurtatutzat hartuko da gutxienez ere aldi bat edukitzea.
3. Legearen arabera ikerketa jarduerako aldia aitortzea eskatzeko aukerarik izan ez duten edo aipatu irizpidea aplikatzeko ez duen postu bat betetzen duten doktoreek, ikertzeko esperientzia frogatzearren, gutxienez ere bost ekarpen aipagarriren egileak izan behar dute, sei urteko esperientzia aldi bakoitzeko, beren arlo zientifikoan, BOEn argitaratutako CNEAIren irizpideen arabera. Gaitasun ziurtatua daukaten profesional horiek, goi mailako hezkuntzako organismo ofizialekin lotura izan gabe lan egiten badute eta epaimahaian parte hartzeko proposatzen badituzte, beren CVren bermearekin eta aurretik azaldutakoa ziurtatzen duten onarpen profesionalaren bermearekin agertu beharko dute.
4. Irakaskuntza batzordeek beren doktoretza programetan betekizun gehigarriak sartzeko aukera izango dute ikertzeko esperientzia ziurtatuari dagokionez, eta egiaztatze txostenean jaso beharko dira nahitaez.
18. artikulua. Doktoretza tesiaren defentsa.
1. Behin epaimahaia eta kanpoko ikuskatzaileak izendatu eta gero, Nafarroako Doktoretza Eskolak haien esku jarriko du tesiaren alea euskarri elektronikoan doktoregaiaren curriculum vitaearekin batera.
2. Kanpoko ikuskatzaileek doktoretza tesia balioetsita izan behar dute, izendatu eta hilabeteko bateko epean gehienez ere. Izendapena ezarritako formatuan bidaliko zaio Nafarroako Doktoretza Eskolari, eta honek Epaimahaiari helaraziko dio, honek defentsa-ekitaldia hasi baino lehen. Ikuskatzaileen txostenei jarraiki, eta horiek tesiaren irakurketari eragozpenen bat jartzen badiote, epaimahaiburuak tesia defendatzeko ekitaldia atzeratzea erabakitzeko aukera izango du, eta doktoregaiak eragozpen horiek ezeztatzeko aukera izango du. Nolanahi ere, atzeratze horrek ez ditu luzatuko hurrengo idatz-zatian aipatzen diren epeak.
3. Gainera, epaimahaia izendatzen denetik hiru hilabeteko epean gehienez ere, eta defentsa egin aurretik, gutxienez 15 egun naturaleko epean eta gehienez ere 3 hilabete lehenago, epaimahaiaren idazkariak defentsa ekitaldiaren deialdia egin dela jakinaraziko dio Nafarroako Doktoretza Eskolari. Deialdian zehaztasunez emango da ekitaldiaren eguna, tokia eta ordua.
4. Epaimahaiak ez baditu betetzen idatz-zati honetan ezarritako epeak, Nafarroako Doktoretza Eskolak erabakitzea dauka batzordeburuari eskatzea lehenbailehen ekin diezaion defentsa ekitaldiaren deialdia egiteari, edo, bestela, izendapena baliogabe utz dezan, eta sailari eska diezaion beste proposamen bat egiteko.
5. Epaimahaia hiru kideekin eratu beharko da. Epaimahaikide titular bat ordezko batek ordeztu behar badu, gehienez ere epaimahaikide bat bakarrik izango da Nafarroako Unibertsitate Publikoko kidea.
6. Doktoretza Eskolak administrazio prozedurak ezarriko ditu tesiaren defentsa-ekitaldia kudeatzeko eta epaimahaikideei laguntzeko.
7. Tesiaren defentsa ekitaldia jendaurreko saioan egingo da ikasturteko egutegiko irakastaldiaren barnean. Horretarako, ez dira irakaskuntza-aldiak izango Eguberri, Aste Santu eta abuztuko oporraldiak. Behar bezala justifikatutako kasuetan, epaimahaikide bati saiora joatea eragozten dioten ohiz kanpoko zirkunstantziak direla-eta, unibertsitatean doktoretza ikasketen ardura duen organoak, baldin eta epaimahaiko burua edo idazkaria ez bada, bideokonferentziaren bidez edo irudiaren eta soinuaren bidez informazioa aldi berean trukatzeko modua emango duen komunikaziorako beste bitarteko teknologiko baten bidez epaimahaikideak saioan parte hartzeko baimena emateko aukera izango du. Epaimahaikideetako batek tesi baten defentsan birtualki parte hartzen badu, idatziz jasoko da berariaz aktan eta behar bezala justifikatuko da.
8. Doktoretza tesiaren defentsan doktoregaiak prestakuntza lana, tesiaren edukia eta ondorioak azalduko ditu, eta bereak diren ekarpenak bereziki aipatu.
9. Epaimahaikideek, aurkeztutako tesiari buruzko iritzia emateaz gain, egokitzat dituzten galdera eta ohartarazpen guztiak egiteko aukera izango dute, eta doktoregaia erantzutera behartuta egongo da.
10. Epaimahaiak zilegi du isilpean jakin, tesiaren defentsa-ekitaldia baino lehenago edo geroago, doktoregaiak egindako lanari buruz eta ikerketa egiteko lortutako prestakuntza-mailari buruz zein den tesiaren zuzendariak egin duen balioespena.
11. Era berean ekitaldi publikoan diren doktoreek galderak eta ohartarazpenak egin ahal izango dituzte, eta doktoregaiak, betiere, epaimahaiburuak azaldutako unean eta moduan erantzuna eman beharko die.
19. artikulua. Doktoretza tesiaren ebaluazioa eta kalifikazioa.
1. Defentsa-ekitaldia egin, eta isilpean eztabaidatu ondoren, eta kontuan hartuz kanpoko ikuskatzaileek egindako ebaluazioak, eta doktoregaiaren jardueren banakako dokumentua, epaimahaiak bere kalifikazioa emango du defentsa-ekitaldian bertan.
2. Epaimahaiak txosten bat egingo du, eta dokumentu horretan kanpoko ikuskatzaileen balioespenak ere jasoko dira.
3. Epaimahaiak kalifikazio osoa emango dio tesiari eskala honen arabera: Ez gai, gai, oso ongi eta bikain.
4. Doktoretza tesiaren kalifikazio osoa “Bikain” bada, epaimahaikide bakoitzak isilpeko botoa eman beharko du, eta, bidezkoa bada, “cum laude” aipamena lortzea proposatuko du, eta gutun-azal itxi batean boto-txartela sartuko du. Epaimahaiburuak belarrian sinatuko du gutun-azala.
5. Nafarroako Doktoretza Eskolak beharrezkoak diren tresnak ezarriko ditu aipamen hori emateko erabakia gauzatzeko, eta aipamen hori emateko boto-zenbaketa doktoretza tesia defendatzeko saioan ez, baizik eta beste saio batean batean egingo dela bermatuko du.
20. artikulua. Argitalpena.
1. Doktoretza tesia onartu eta gero, unibertsitateak tesia formatu elektroniko irekian eta erakunde biltegi batean gordeko du, eta tesiaren ale bat igorriko du euskarri elektronikoan, bai eta dagokion informazio osagarria guztia ere, dagokion ministeriora, dagozkion ondorioetarako.
2. Programarako irakaskuntza batzordeak zehaztutako salbuespenezko egoeretan, hala nola enpresen parte-hartzea programan, enpresekin konfidentzialtasun hitzarmenak egotea edo tesiaren edukiari buruzko patenteak sortzeko aukera, Nafarroako Doktoretza Eskolak aurreko artikuluetan azaldutako baimen, gordailu, defentsa eta ondorengo argitaratze prozesuak garatzeko prozedurak ezarriko ditu gorabehera hauek jendartera ez direla zabalduko bermatzeko.
3. Tesiaren argitalpena edo erreprodukzioa, osoa zein partziala, edo erabat akademikoa, edo gordetzeko asmo hutsezkoa, ez den beste helburu batekin erabiltzeko, egilearen eta zuzendariaren, eta, hala badagokio, zuzendarikideen berariazko baimena beharko da, jabetza intelektualari buruzko legeriarekin bat etorriz.
4. Unibertsitatearen erakunde-biltegian gordetako tesiaren txostenerako sarbidea hiru modalitatetan egingo da:
a) Sarrera irekia, Unibertsitatetik kanpo eta barruan kontsultatzeko.
b) Urte bateko bahituradun sarrera, daukaten informazioarengatik, jendaurrean zabaldu behar ez diren tesientzat, etorkizunean argitaratzeko edo ikerketa berriak egiteko balioko dutela ustez. Denbora hau igarota, sarrera irekiko modalitatera pasatuko da. Bahitura aldian laburpen bibliografikoa eta laburpena baizik ezingo dira kontsultatu.
c) Gehienez ere bost urteko bahituradun sarrera, jendaurrean zabaldu behar ez den informazioa daukaten tesientzat. Denbora hau igarota, sarrera irekiko modalitatera pasatuko da. Bahitura aldian laburpen bibliografikoa eta laburpena baizik ezingo dira kontsultatu.
5. Hala ere, 2. idatz-zatiko egoeraren bat gertatzen denean, Nafarroako Doktoretza Eskolak tesia erakunde biltegian ez artxibatzeko erabakia hartzeko aukera izango du, tesia jendaurrean ez zabaltzeko arrazoiak desagertzen diren arte.
6. Hiru modalitate hauetako edozeinetan, tesiaren egileak, zuzendariak eta zuzendarikideek baimena izenpetu beharko dute lana erakunde-biltegian argitaratzeko, Nafarroako Doktoretza Eskolak ezarritako ereduaren arabera, aipatu hiru modalitateko bat aukeratuz. Baimen hau sinatuta egileak, zuzendariak eta zuzendarikideek lana kontsultatu eta erabiltzeko baimena ematen dute, betiere irabazi asmorik gabeko kontserbazio, ikasketa edo ikerketarako erabiltzen bada, eta testua aipu laburretan baizik ez denean berrerabiltzen, egilea eta iturria aipatuz beti, 23/2006 Legeak, Jabetza Intelektualaren Legearen testu birbildua aldatzen duenak, ezartzen duenaren arabera.
7. Unibertsitatearen erakunde-biltegian gordetako tesien egileek beren egiletza-eskubide guztiak gordetzen dituzte, eta beraz, beren lanak nahi erara erabiltzen ahal dituzte (komunikabide komertzialetan argitaratu, beste biltegi batzuetan gorde, eta abar).
8. Izenpetutako baimenak Nafarroako Doktoretza Eskolan gordeko dira, Unibertsitatearen erakunde-biltegian gordailuan emandako tesien berme modura.
BOSGARREN TITULUA
Europar aipamena Doktore tituluan
21. artikulua. Nazioarteko Doktore aipamena.
“Nazioarteko Doktorea” aipamena emango zaie Nafarroako Unibertsitate Publikoko tesiei, prestatzeko aldian eta defentsan baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Doktore titulua lortzeko beharrezkoa den prestakuntza-aldian, doktoregaiak gutxienez ere hiru hilabeteko egonaldia egina izatea Espainiatik kanpo entzutea duen goi mailako irakaskuntza erakunde batean edo ikerketa zentro batean ikasketak egiten edo ikerketa lanak egiten.
b) Doktoretza tesiaren zati bat, gutxienez ere, laburpena eta ondorioak, Espainiako hizkuntza ofizialetako bat ez den eta bere jakintza-arloan zientzia komunikazioan ohikoa den hizkuntza batean egotea idatzita eta aurkeztuta. Arau hori ez da aplikatuko egonaldiak, txostenak eta adituak gaztelaniaz mintzatzen diren herrialdeetatik baldin badatoz.
c) Bi kanpoko ikuskatzaileak Espaniakoa ez den goi mailako hezkuntzako erakunde edo ikerketa-erakunde batekoak izatea.
d) Gutxienez ere tesia epaitzen duen epaimahaiko kide bat Espainiakoa ez den goi mailako hezkuntzako erakunde edo ikerketa zentro bateko doktore aditua izatea, eta a) idatz-zatian aipatutako egonaldiko arduraduna ez izatea.
e) Tesiaren defentsa Nafarroako Unibertsitate Publikoan egitea, edo baterako doktoretza programak badira parte hartzen duten unibertsitateetako batean edo lankidetza hitzarmenek ezarritako moduan.
22. artikulua. Prozedura.
1. Aipamena lortzeko eskabidea tesia gordailuan ematean aurkeztu beharko da honako agiri hauekin batera:
a) Goi Mailako Irakaskuntzako edo Ikerkuntzako erakunde atzerritarrak emandako ziurtagiria, doktoregaiak aurreko artikuluan aipatu egonaldia egin duela ziurtatzen duena. Ziurtagirian egonaldiaren hasierako eta amaierako egunak adieraziko dira.
b) Eskabideari buruzko txostenak, tesiaren zuzendariak edo zuzendariek, eta programako irakaskuntza batzordeak egindakoak.
c) Tesiaren defentsa egiteko aukeratutako atzerriko hizkuntza zein den adierazi beharko da eskabidean.
2. Nafarroako Doktoretza Eskolak, aurkeztutako dokumentazioa, tesiaren irakurketarako proposatutako epaimahaia, kanpoko ikuskatzaileak eta lor ditzakeen beste txosten batzuk kontuan hartuz, erabakiko du eskatzaileak aipamena lortuko duen. Ebazpena interesdunari, tesiaren zuzendariari edo zuzendariei, eta ardura duen doktoretza programako irakaskuntza batzordeari jakinaraziko zaie.
3. “Nazioarteko Doktorea” aipamena izan dezakeen doktoretza tesia irakurtzeko espedienteak akta gehigarri bat izango du, epaimahaiak bete beharrekoa.
Lehen xedapen gehigarria.–Epeak zenbatzea.
Arautegi honek ezarritako epeen mugaeguna kalkulatzeari begira, abuztua hil baliogabea izango da.
Bigarren xedapen gehigarria.–Teknologia eta/edo ezagutza babestu eta/edo lekualdatzeko prozesuen mende dauden Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza tesiak irakurtzeko baimena ematea, irakurtzea eta argitaratzea.
Unibertsitateko errektoreari dagokio, Nafarroako Doktoretza Eskolak aldeko txostena egin ondoren, konfidentzialtasunezko konpromisoa duten teknologia eta/edo ezagutza babestu eta/edo lekualdatzeko prozesuen mende dauden Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza tesiak irakurtzeko baimena eman, irakurri eta argitaratzeko prozesua ezartzea.
Hirugarren xedapen gehigarria.–“Cum laude” aipamena daukaten doktoretza-tesien zuzendari izateagatik 19.2 artikuluan ezarritako betekizunetik salbuetsiak izan diren pertsona izendatuek, arau honek indarra hartu baino lehen, doktoretza tesia epaitzen duen epaimahai bateko kide diren aldetik, zuzendari aritzeko aukera izango dute doktoretza-tesi horretan.
Laugarren xedapen gehigarria.–Araudi honetan genero maskulinoan emandako izendapenak genero femeninoan emanda daudela ulertuko da, izendapen horiek xede dituzten pertsonen sexuaren arabera.
Lehen xedapen iragankorra.–Lehenagoko antolamenduen araberako doktoregaiak.
1. Arautegi honek indarra hartzean, 778/1998 Errege Dekretuarekin bat etorriz Nafarroako Unibertsitate Publikoak emandako doktoretza-programetan ikertzeko gaitasuna oraindik lortu ez duten doktoregaiek 2015eko irailaren 30a baino lehen osatu ahalko dute programa, 1393/2007 Errege Dekretuaren 4. Xedapen Iragankorrarekin bat etorriz, eta Ikasketa Aurreratuen Diploma lortu.
Ikasketa Aurreratuen Diploma lortu eta gero, doktoretza tesia egin nahi badute, doktoretza-programa indardun baten ikerketa-aldian onartuak izatea eskatu beharko dute.
2. 99/2011 Errege Dekretuak indarra hartu baino lehen doktoretza programa bat egiten ari ziren doktoregaiei –aurreko puntuan aipatzen ez direnak– aplikatuko zaizkie 1393/2007 Errege Dekretuko xedapenak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoretza arautzen duten arauak, Gobernu Kontseiluak 2009ko apirilaren 1ean hartutako erabakiaren bidez onetsiak, eta beren doktoretza tesiaren lanarekin jarraituko dute 99/2011 Errege Dekretuaren babesean eratutako irakaskuntza batzordeetako baten ikuskaritzapean. Nolanahi ere, 99/2011 Errege Dekretuan eta doktoretza arautzen duten arau hauetan ezarritako doktoretza tesiaren epaimahai, defentsa eta ebaluazioari buruzko eraentza aplikatuko da. Nolanahi ere, beren doktoretza-tesiaren aurkezpena eta defentsa 2016ko otsailaren 10a baino lehen egin beharko dute, programan baja emango baitzaie egun horretan.
3. 1393/2007 Errege Dekretuko xedapenak aplikatuko zaizkie, halaber, 1393/2007 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera egiaztatutako doktoretza programak hasten dituzten doktoregaiei, 99/2011 Errege Dekretuak indarra hartu eta gero. Nolanahi ere, 2017ko irailaren 30a baino lehen eman beharko dute gordailuan beren doktoretza tesia, egun hartan erabat iraungiko baita beren doktoretza programa.
4. 99/2011 EDaren aurretik indardun ziren arautegiek ezarritakoari jarraitu dieten doktoregaiek irakaskuntza ikastaro guztietan egin beharko dute tutoretza akademikoko matrikula, beren doktoretza tesia aurkeztu arte. Ikasturteren batean irakaskuntza tutoretzan matrikula egiten ez badute, doktoretza ikasketak utzi dituztela ulertuko da, 99/2011 EDan ezarritako baldintzetan aldi baterako baja bat onetsi denean salbu.”
Bigarren xedapen iragankorra.–99/2011 EDa baino lehen egiaztatutako doktoretza programak, edo tramitean daudenak.
1. 1393/2007 EDan ezarritakoarekin bat etorriz egiaztatutako doktoretza programak egokitu behar zaizkio 99/2011 EDan ezarritakoari, 2014-2015 ikasturtea hasi baino lehen. Nolanahi ere, programa horiek erabat iraungi beharko dira 2017ko irailaren 30a baino lehen.
2. Arautegi honek indarra hartu eta gero aurreko puntuan aipatutako doktoretza programetan onartuak diren doktoregaiei tutore eta zuzendari bat esleituko zaizkie arautegi honekin bat etorriz, eta 99/2011 EDak zehaztutako beste xedapenak aplikatuko zaizkie.
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza arautzen duen arautegia, Gobernu Kontseiluak 28/2012 Erabakiaren bidez onetsia, indargabetuta geratu da.
Azken xedapena.–Indarra hartzeko eguna.
Arautegi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: F1409846
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
