143. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Aisialdiko biltokiak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2014ko maiatzaren 28an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Aisialdiko biltokiak arautzen dituen udal ordenantza.

Hasierako onespenari buruzko iragarkia 2014ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 10ean, bai eta Herriko Etxeko iragarki oholean ere, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Uharten, 2014ko uztailaren 12an.–Alkatea, Iñaki Crespo San José.

Aisialdiko biltokiak arautzen dituen ordenantza

Atarikoa

Uharteko Udalaren mugapean gero eta eskaera handiagoa da etxabeak aisialdiko tokitako erabiltzeko, Uharteko udalerriko hirugarren sektoreko merkatuak aisialdirako duen eskaintzaren osagarri edo alternatiba gisa. Erabilera horiek batzuetan ez dira herriko bestetarako bakarrik, urte osorako baizik.

Udalak bere egiten du gizartearen, batez ere gazteen, gero eta eskaera handiagoa. Aldi berean, herritarren eta erabiltzaileen beren atsedenaldia eta segurtasuna bermatu behar ditu. Batzuetan ikusi da erabilera hori duten lokaletan ez direla neurri zuzentzaile egokiak aplikatu eta, are gehiago, lokalen edo eraikinen egitura baldintzak desegokiak izanik, arriskua handia dela.

Ukitutako bizilagunen eskubideekin batera jardueren garapen egoki eta arduratsua arautzearren prestatu da ordenantza hau.

Gaur egun, jarduera sailkatuei aplikatzen zaien araudiaren esparrutik kanpo daude jarduera hauek. Ingurumenean eragina badute ere –ingurumena osorik hartuta eta, beraz, gizakiaren osasuna ere hor sartuta–, ez da egokia Ingurumena babesteko jarduera sailkatuen kontrolari buruzko Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 15eko 32/1990 Foru Dekretuaren 2.1.p) artikuluaren hondarreko klausulan sartzea. Dena dela, instalazioak, azalera, potentzia mekanikoa, su karga eta beste parametro batzuk azterturik, beharbada elkarte gastronomiko gisa sailkatzen ahal dira, eta, orduan bai, horren ondorioz, aipatutako dekretuan eta Ingurumena babesteko jarduera sailkatuen kontrolari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legean xedatutako tramitea egin beharrean gertatuko dira.

Ordenantza honetako jarduerak ez dira, izan, industriako edo merkataritzako jarduerak, eta, hortaz, ez dira irekitzeko lizentzia eskuratzeko tramitea gainditu beharreko jardueratzat hartzen ahal, Toki Entitateetako Zerbitzuen Erregelamenduko 22. artikuluan xedatutakoarekin bat (1955eko ekainaren 17ko Dekretua).

Zernahi gisaz, gauza egiaztatua da lokal hauen erabiltzaileek, leku horietan neurri zuzentzaile egokiak aplikatzen ez direnez, traba egiten dietela hurbileko bizilagunei, bereziki gaueko ordu txikietan zaratak eginda, bizilagunak ez baitira ongi pausatzen ahal, eta, are gehiago, segurtasunik eza eta beldurra sortuta, jarduera horiek kontrolatzen ez direlako. Era berean, suteen aurkako neurririk ez izateak bizilagunen eta eraikinaren segurtasunean eragiten du, baina baita lokalen erabiltzaileen segurtasunean ere, zuzen-zuzenean. Hori dela-eta, beharrezkoa da neurri zuzentzaile egokiak ezartzea lehenbailehen eta, lokala erabiltzen hasi aurretik, Administrazioak neurri horiek paratzen direla begiratzea, bere eskuan dituen kontroleko eta poliziako eskumenak erabilita.

Bertzetik, duela gutxi, zioen azalpen honetan adierazitakoaren ildotik, abenduaren 10eko 26/2001 Foru Legeak, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 14ko 2/1989 Foru Legea aldatzen baitu, zioen azalpenean jasotzen du izaera sozialeko josteta jardueretan erabiltzen diren sarrera murriztuko lokal eta instalazioek sortzen duten arazoari aurre egin beharra, batez ere bertzeen segurtasuna, osasungarritasuna eta eragozpenak jokoan daudenean. Bide berari jarraitzen dio xedapen zatiak ere; izan ere, aldatutako legeko 1.2 artikuluaren testu berriak dioenez, josteta edo aisialdi jarduerak egiteko lokal horiek, nahiz eta bere aplikazio esparrutik kanpo dauden, behar diren baldintza teknikoak bete behar dituzte hirugarrenei enbarazu ez egiteko eta pertsona eta ondasunen segurtasuna bermatzeko, bereziki egituren sendotasunari eta instalazioaren funtzionamenduari dagokienez, suteen aurkako prebentzio eta babes neurriei dagokienez eta osasungarritasun eta higiene baldintzei dagokienez ere; horretarako, behar den udal lizentzia eduki beharko dute.

Horrenbertzez, ordenantza hau sortu da, alde batetik, aisia alternatiboa izateko lekua, gehienbat herriko gazteek eskatzen dutena, bermatzeko (ezin da ahaztu bereziki gazteek eskatua izate hori, bertzenaz beharrezko segurtasuna izan gabe jarriko baitira halakoak) eta, bertzetik, erabiltzaileen beren eta bizilagunen trabak eta arriskuak baztertzeko (behar diren neurri zuzentzaileak hartuz). Jarduera horretan egiten diren arau-hauste guztiengatik erantzunen duen arduradun bat ere izanen da. Hartara, interes pribatuak eta interes publikoa, biak zaintzen dituen aterabide egokia izanen dugu.

Ordenantzaren edukia da behar diren neurri zuzentzaileak zehaztu eta eskatzeko; orobat, eskaera prozeduraren inguruko xedapenak eta erantsi beharreko dokumentazioa ezartzen dira, baita haiek huts eginez gero hartuko diren neurriak ere.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da “aisialdiko biltoki” deitu jarduerei, ireki edo abiatu aitzin, zer neurri zehatz eta geroraezin eskatuko zaizkien xedatzea.

Orobat, jarduera horiek kontrolatzeko udal tresnak finkatuko dira; lehenik, behar diren lizentziak eskatuko dira, eta bigarrenik, aztertuko dira eskaerak eta, beraz, honelako lokalak ireki aitzin ezarri beharreko neurri zuzentzaileak.

2. artikulua. Definizioak.

Artikulu honetan ordenantzaren xedeko jarduerak zehaztu eta deskribatu nahi dira.

Biltokiak: sarbide mugatuko lokalak dira, jende guztiarentzat irekiak ez daudenak, hirigintzako araudiak halakoak ezartzeko baimena ematen duen eraikinetan kokatuak –berariaz adierazten ez bada, antzeko erabilerarekin parekatuko dira– helburu kulturalak, didaktikoak, asialdikoak eta gisakoak gauzatu beharrez jendea elkartzeko balio dutenak. Ezin izanen dira ezarri beheko solairutik goitiko solairuetan.

1. eranskinean heldu da haien deskribapena.

TITULU

Bakarra

I. KAPITULUA

Prozedura

3. artikulua. Lizentziaren tramitazioa: oro har, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1982 Legean ezarritako xedapenei jarraikiz arautuko da eta, bereziki, ordenantza honetako aginduen arabera.

3.1. Eskaera eta ordezkaritza.

Ordenantza honetako 2. artikuluko jarduerei ekin aurretik, interesdunek, beren ordezkariaren bidez, behar den lizentzia eskatuko diote Udal honi, eskura jarritako eredu normalizatua erabilita. Horretarako, 1. eranskinean eskatzen diren agiriak ekarriko dira.

Nortasun juridikorik gabeko batasuntzat hartuko dira eskatzaileak, eta administrazioarekiko tramite guztietan ordezkari bat ariko da, eskaera egin aitzin izendatuko dena. Zuzenbidean onartzen ahal diren bitartekoak erabilita frogatuko du hark ordezkaritza edo, bertzenaz, agertu eta deklarazioa eginda; ordezkariaren izendapena eta honen onarpena jasotzen duen agiria ekartzeak ere balio izanen du, nahiz eta protokolarizatu gabe egon. Agiri hori batasuneko kide guztiek sinatuko dute, eta denen NAN zenbakia agertuko da han.

Ondorio guztietarako, jarduerak ordezkariarekin eginen dira, eta berari jakinaraziko zaio udal egintza oro, hark hautatzen duen helbidean. Adingabea bada, hirugarren pertsona bat izendatuko da, adin nagusikoa eta kaudimenduna, fidatzaile-erantzulea izan dadin (egitekoa onartzen duela azaldu ondoan). Hori guztia, ahantzi gabe batasuneko kideei ere ondorioak ekartzen dizkiela.

Dena den, eskabidearekin batera eranskin bat aurkeztuko da, biltoki bakoitzaren erabiltzaileen izena, abizena, NANa, helbidea eta adina adieraziko dituena.

3.2. Instrukzioa.

Aitzineko atalean adierazitako agiriak aurkeztu ondoan, espedientea tramitatuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuarekin bat.

3.3. Ebazpena.

Bada, Udaleko zerbitzu teknikoek eskaera eta dokumentazio teknikoa azterturik eta behar diren errekerimenduak egin ondoan, eskatutako lizentziari buruzko ebazpena emanen du Udalak, udal planeamenduan ezarritako hirigintza erabilerari egokitzen ote zaion eta erantsitako dokumentazioko neurri zuzentzaileen planteamendua egokia ote den erabakiko du. Neurri osagarriak ere ezartzen ahal ditu jarduerak behar bezala egin daitezen.

Udaleko teknikariaren ustez, higiezinaren kontserbazio egoera aztertuta, lokalak segurtasun akatsak baditu (eta 80 urtetik gorako eraikin guztietan), lokalaren eta, hala behar badu, eraikinaren egituraren segurtasuna eta sendotasuna frogatzen dituen ziurtagiria, teknikari eskudun batek egina, eskatuko zaio eskatzaileari; lokalaren jabeak eskatuko du ziurtagiri hori egiteko. Hala ez bada, edo eskatzen den ziurtagiria aurkezten ez badu, ezetza erranen zaio eskaerari.

Lizentzia horretarako baldintza izanen da xedatu diren neurri zuzentzaileak egiazki xedatu edo bete izana.

4. artikulua. Biltokien funtzionamendua.

4.1. Arau arrunta: jarduerari ekin aurretik, lizentzian zehazten diren neurri zuzentzaileak ezarri direla adierazten duten ziurtagiriak aurkeztuko ditu ordezkariak, teknikari eskudunak izenpeturik.

Administrazioak bisitaldiak egiten ahalko ditu, egiaztatu beharrez instalazioak bat heldu direla titularrek aurkeztutako agiri teknikoekin eta emandako lizentziak dioenarekin.

Lokaleko instalazioak bat heldu badira, Administrazioak funtzionatzeko baimena emanen du.

4.2. Arau berezia: ordenantza honek indarra hartzen duenean herrian lehendik diren lokalen kasuan, ordenantza honetan eskatutako baldintza teknikoak betetzen badituzte eta aplikatzekoa den gainerako legedian eskatutako neurri zuzentzaileak badituzte, teknikari eskudunak sinatutako eta behar bezala ikus-onetsitako ziurtagiri teknikoak aurkezteko eskatuko da, bertzerik gabe. Hori eginez gero, beharrezko tramiteen ondoan (bertzeak bertze neurriak egiaztatzeko ikuskapena eginik, komeni bada), lizentzia emanen da eta jarduerari berehala ekiteko aukera izanen da.

Aipatu ziurtagiriak aurkeztu ezean, edo lokala bat heldu ez bada eskatzen ahal diren neurriekin, ordenantza honetako 3. artikuluan xedatutako lizentzia tramitatu beharko da.

6. artikulua. Bertzelako baimenak: ordenantza honetako baimenak ez du zerikusirik sektoreko araudiaren arabera eskatzen ahal den bertze edozein baimenekin.

II. KAPITULUA

Xedapen teknikoak

7. artikulua. Ordenantza honetan adierazten diren jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak honen 1. eranskinean daude.

8. artikulua. Aplikatzeko diren arau sektorial desberdinek eskatutako baldintzak beteko dituzte eranskinean sarturiko jarduerek. Arau aldaketa egonez gero, aplikatzekoa den araudi berriko determinazioetara egokituko da jarduera, eta horretarako lizentzia berrikusteko eskatuko da.

III. KAPITULUA

Administrazioaren polizia lana

9. artikulua. Ikuskapenak: Uharteko Udaleko langile eskudunek –ikuskatzeko eta egiaztatzeko lanetarako izendatuek– eginen dituzte ikuskapenak, eta bere lanean agintaritzaren agenteen maila izanen dute. Ikuskatzeko eta egiaztatzeko lan horiek Uharteko Udaltzaingoko kideek ere egiten ahalko dituzte.

Interesdunek lagundu eginen dute ikuskapena egiten denean: ikuskatzaileei lokaletan sartzera utziko diete, inolako trabarik egin gabe, eta betiere behar duten laguntza emanen diete.

Lizentzia eskatu eta eskuratzeak berarekin dakar lagundu behar hori onartzea eta hori egiteko konpromisoa hartzea, artikulu honetan ezarri bezala.

10. artikulua. Errekerimendua eta ixtea: ordenantza honetako edo aplikatzekoak diren bertze arauetako xedapenen bat bete ez dela ikusiz gero, titularrei errekerimendua eginen zaie, epe zehatz batean huts hori konpon dezaten; epe hori iragan eta titularrek ez badute frogatzen errekerimendua bete dutela, administrazio honek, beharrezko tramiteak egin ondoan, lokala ixteko espedientea abiaraziko du.

Auzoei behin eta berriz traba egiten zaiela egiaztatzen bada edo pertsonen segurtasuna arriskuan badago, sorburua lokalaren barrenean nahiz kanpoan egon (azken kasu honetan, jakina, arazoa lokalaren jarduerari lotuta dagoela frogaturik), Udalak, kautelazko neurri gisa, lokala zuzenean ixten ahalko du, gertaerak egiaztatuta eta aldez aurreko errekerimendurik gabe.

11. artikulua. Zarata arloko arau-hausteak: jarduera bakoitzerako ezarritako zarata mugen gaineko arau-hausteak ekainaren 6ko 135/1989 Foru Dekretuaren 24. artikuluan xedatutakoaren arabera zehatuko dira; izan ere, dekretu horren bidez ezarri ziren zarata eta dardarak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak. 60,10 eurotik 120,20 eurora bitarteko zehapena izanen da arau-hauste arinentzat, 120,21 eurotik 240,40 eurora larrientzat eta 240,41 eurotik 420,71 eurora oso larrientzat.

12. artikulua. Jarduera aldaketa: delako jarduerarako ezarritako mugetako bat iragaten baldin bada, eta hori dela-eta bertze jarduera multzo batean katalogatzen ahal bada, dagokion araubide teknikoa aplikatuko da. Halakoetan bertze lizentzia bat eskatu beharko da, egiten den jarduerarekin bat heldu den lizentzia, hain zuzen ere. Lizentzia hori eskatu eta ebatzi arte, eta zein den kasua, funtzionatzeko baimena eman edo irekitzeko lizentzia eskuratu arte ez da jarduera bakar bat eginen lokalean.

13. artikulua. Egiletza eta ardura: zehapen prozedura abiatzean eta zehapena ezartzean, lizentzia eskabidean ordezkari gisa aurkeztu den pertsona agertuko da, eta hari berari galdatuko zaio egindako kaltea konpontzeko edo legezkotasuna itzultzeko. Adingabea bada, kontzeptu horiengatiko erantzukizuna eskabidean adierazten den fidatzaile-erantzuleari galdatuko zaio. Horrek ez du deusetan galarazten ordezkariak edo fidatzaile-arduradunak, oihartzun gisa, batasuneko kideen aurka bertzelako egintzei ekitea.

14. artikulua. Aisialdiko lokalen jabeek, lokal horiek gazteei aisialdiko biltokitako alokatu dizkietenek, diru-laguntza jasoko dute, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren zenbateko osoa hain zuzen ere, aldez aurretik haren xedea frogatuta.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Arau hauetan ezartzen diren determinazioak ordenantza honek indarra hartzen duenetik aurrera instalatzen diren biltokiei ez ezik, lehendik zeudenei ere aplikatuko zaizkie, eta, beraz, indarra hartzen duenetik kontatzen hasi eta urtebeteko epean, horiek beren egoera arautu beharko dute hemen aipatzen diren determinazioen arabera.

Eragozpenak behin eta berriro sortzen dituztela egiaztatuz gero, ez da baimenik emanen lokal horiek erabiltzeko, eta interesdunek itxi egin beharko dituzte. Hori bete ezean, Udaltzaingoak nahitaezko betearazpenari ekinen dio.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hamabost egun iraganda hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

Nahitaez bete beharreko baldintzak

1.–Sareko ura, edatekoa.

2.–Argindarra.

3.–Suteei aitzintzeko neurriak, indarra duen araudi sektorialari jarraikiz.

4.–Bainugela. Lokalak DB-SUA9ra egokitutako bainugela izan beharko du.

5.–135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako zarata mugak ez gainditzea eta 60 dBA-ko isolamendu akustiko gordina izatea.

6.–Erantzukizun zibila sinatzea.

Debekuak

Eraikuntzako elementuek suaren aurrean izan beharreko erreakzio baldintzak, DB-SI1eko 4.1 taulan ezarritakoak, bete beharko dituzte. Horma eta sabaiak C-s2,d0 izan beharko dira gutxienez, eta zoruak, EFL gutxienez.

–Ez da izango sukalderik ez baporea, kea edo usaina sortzen duen elementurik.

Lokalean ezin izanen da merkataritzako inolako jarduerarik edo salmentarik egin.

Ez da sukalderik izanen. Ezin da altzaririk atera kalera.

Aurkeztu beharreko agiri teknikoen edukia

Teknikari eskudunak egindako txostena aurkeztu beharko da, 135/1989 Foru Dekretuaren 13, 14, 15, 16 eta 18. artikuluak betetzen direla ziurtatzen duena, bai eta lortutako isolamendu akustikoaren maila (gutxienez 60 dBA).

Proiektu tekniko ikus-onetsia, non deskribatuko baitira eginen diren obrak eta lokalak izanen dituen ezaugarriak, behin egokitzapena egin eta gero. Agiri horrek aplikatzekoak diren EKTko atalak ziurtatu beharko ditu. Txostena, baldintzen agiriak, planoak, aurrekontua eta segurtasun zein osasun azterlana ere aurkeztuko dira.

Iragarkiaren kodea: L1409712