141. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

253E/2014 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Azkoiengo udal mugapean dagoen zerri-gizendegi baten Ingurumen baimen integratua eguneratzen duena. Instalazioaren titularra Agropecuaria Peralta, S.L. da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 2252/2007 Ebazpenaren bidez emana.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorrak xedatzen du Ingurumen baimen integratuak emateko organo eskudunak behar diren jarduketak eginen dituela baimenak eguneratzeko, hau da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren industriako emisioei buruzko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauari egokitzeko.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorraren 2.d) atalean xedatutakoa betetzeko, arrisku nabarmeneko substantzien erabilera, ekoizpena edo isurketa berrikusi da, eta erabaki da horrelakorik ez dagoenez ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko e) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi ziren indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera. Foru dekretu horrek ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Azkoiengo udal mugapean dagoen zerri-gizendegi baten Ingurumen baimen integratua eguneratzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Agropecuaria Peralta, S.L. da.

Bigarrena.–Azaroaren 8ko 2252/2007 Ebazpenaren bidez instalazio horri emandako Ingurumen baimen integratuan, lurzoru urbanizaezinei eta hondakinen produkzioari buruz, agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek arau hauetan jasotako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua, edo Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikulua.

Laugarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiarekin loturik eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluarekin bat.

Bosgarrena.–Deuseztu egiten da instalazio honen Ingurumen baimen integratuaren indarraldiaren iraungitze data, eta kendu egiten da hura berritzeko betebeharra, ekainaren 11ko 5/2013 Legearen 1. artikuluko 19. idatz-zatian xedatutakoa betez; izan ere, lege horren bidez, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatu zen, eta jatorrizko 25. artikulua kendu (Ingurumen baimen integratua berritzeari buruzkoa).

Seigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Titularrak jarduketa plan bat aurkeztu beharko du 2014ko irailaren 30 baino lehen; hartan, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatuko da.

Zortzigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hots, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamargarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Agropecuaria Peralta, S.L.ri, Azkoiengo Udalari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko ekainaren 11n.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1408557