141. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

355/2014 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako latxa arrazako ardi-hazleen elkarteko abeltegiei “de minimis” araubideko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena 2014rako.

Ingurumenari eta tradiziozko ustiatze sistemei egokitutako arraza autoktonoen ondare genetikoaren iraupena botere publikoen lehentasunezko helburua da. Abeltzainen elkarteak kudeatzen du iraupen hori, eta liburu genealogiko batean eta errendimenduen kontrol batzuetan oinarritzen da; izan ere, ezinbestekoa du arrazaren hobekuntza genetikoa, hobekuntza plan baten inguruan. Esne-ardien kasuan, errendimenduen kontrol hori esnearen kontrol ofiziala da, neke eta lan handia eskatzen diona abeltzainari.

Abeltzainek egiten duten ahalegin horri esker egiten da animalien balorazio genetikoa eta hobetzen da arraza. Arrazaren produkzio hobekuntza horrek zuzeneko ondorioa du ustiategietan beretan baina, gainera, beste ustiategi batzuetara hedatzen da intseminazio artifizialaren, eta arren edo bildotsen salmentaren bidez.

Arraza autoktonoen esnearen kontrolak bultzada handiagoa izan dezan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak egokitzat jotzen du laguntza batzuk ezartzea abeltzaintzaren sektore horrentzat, hain da garrantzitsua kontrol hori arraza mantentzeko eta genetikoki hobetzeko, iraupenari begira. Latxa arrazaren elkarteko bazkide diren ustiategietako aurrerako animalietan oinarritzen da laguntza, arrazaren liburu genealogikoan inskribatuta daudenetan eta, bereziki, egiten diren esne kontrol ofizialetan.

Ebazpen honetan araututako laguntzak “de minimis” araubidearen menpean daude; araubide hori Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 EE Erregelamenduan dago jasoa, zeina Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektorean “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa baita,

Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/20015 Foru Legea aplikatzen zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko latxa arrazako ardi-hazleen elkarteko abeltegiei laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jaso baitira.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpenerako eredua, ebazpen honen II. eranskinean jasoa, onestea.

3. Nafarroako latxa arrazako ardi-hazleen elkarteko abeltegiei laguntzak emateko deialdia onestea 2014. urterako.

4. 50.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Gobernuak 2014ra luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Latxa arrazako esne-ardien produktoreentzako diru-laguntza” izeneko 710004-71300-4700-412200 kontu-sailaren kargura, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoak betetzeko.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2014ko ekainaren 24an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Guembe Cervera.

I. ERANSKINA

Nafarroako latxa arrazako ardi-hazleen elkarteko abeltegiei “de minimis” araubideko laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehendabizikoa.–Xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko latxa arrazako ardi-hazleen elkarteko (ASLANA) abeltegiei laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea du xede ebazpen honek, arrazaren liburu genealogikoa kudeatzen, esnearen kontrol ofizialean eta latxa arrazaren hobekuntza planean parte-hartzeak sortutako gastuak arintzearren.

Bigarrena.–Onuradunak eta baldintzak.

1. Nafarroako latxa arrazako ardi-hazleen elkarteko (ASLANA) kideak diren arditegien titularrak izaten ahalko dira laguntzen onuradun.

2. Laguntzarako eskubidea duten latxa arrazako arditegiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) “Esnea produzitzeko ugalketa” sailkapen zooteknikoa izatea,

b) Arrazaren liburu genealogikoan inskribatutako animaliak izatea.

3. Eskatzen diren baldintzak frogatzeko, Nekazaritza Zerbitzuak egiaztatze eta kontrol administratiboak eginen ditu ASLANAk ematen dituen ziurtagirien bidez.

Hirugarrena.–Diru-laguntzaren xedeko ekintzak eta haren zenbatekoa.

1. Ondoko baremoa erabiliko da laguntzak zehazteko:

a) Aurrerako berria, morfologikoki baloratua: euro bat, morfologikoki baloratu eta arrazaren liburu genealogikoan 2013an inskribatutako animalia bakoitzeko.

b) Ustiategian egindako intseminazio artifizialak: 2 euro, 2013an egindako intseminazio artifizial bakoitzeko.

b) 2013an errendimenduen kontrola izan duten ardiak, esne kontrol ofizialaren bidez: 3 euro, esnealdi baliozkotu bakoitzeko.

2. Laguntza hau “de minimis” araubidearen menpean dago, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 EE Erregelamenduan ezarrita, zeina Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektoreko “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa baita. (L 352 AO, 2013ko abenduaren 24koa).

3. Edozein onuraduni ematen zaion laguntza ezin da 15.000 eurotik gorakoa izan hiru zergaldiko epean, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 EE Erregelamenduaren 2. idatz-zatiko 3. artikuluan xedatutakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektoreko “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzura igorriko dira, eta departamentu horren Erregistroan aurkeztuko (González Tablas kalea, 9, Iruñea), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

3. Eskaerak telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren erregistroetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da.

Bosgarrena.–Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xedeko diru-laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen ezaugarrien arabera banatuko dira. Eskaerak hurrenkera honetantxe hartuko dira kontuan:

a) Esne kontrol ofiziala egiten duten ustiategiak.

b) Intseminazio artifiziala egin bai, baina esne kontrol ofiziala egiten ez duten ustiategiak.

c) Gainerako eskatzaileak. Ez intseminazio artifiziala, ez esne kontrola egiten ez duten ustiategiak.

Aurrekontua lehentasunezko talderen baten eskaerak finantzatzeko aski ez bada, talde horren barrenean kobratu beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera hartuta, bigarren arauan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskatzen den dokumentazioa egiaztatzen ez bada, 10 eguneko epean zuzentzeko eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta jakinaraziko zaio.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du.

3. Laguntza eman baino lehen, onuradunak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturiko gainerako laguntza guztiei buruzkoa.

4. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte onuradun bati emandako laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 EE Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga eta Erregelamendu horretan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.

5. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak diru-laguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte. Gainera, abeltzaintzako ustiategia funtzionamenduan izan beharko dute, eta ASLANAko kide izan beharko dute 2014. urtean, gutxienez ere.

Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharra.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek suertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoak 20.000 euro gainditzea urtean.

b) Emandako zenbatekoak entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren % 20 gainditzea.

Aurreko atalean ezarritako kopuruak gainditzen diren zehazteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, eta ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala bada, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

Aipatu inguruabarrak gertatzen badira, gardentasun betebeharraren mende dauden entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu ondoren aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez eskura egonen da Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskatutakoa gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean ondoz ondoko diru-laguntzak jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarrena.–Diru-laguntzaren helburua bete dela eta hartutako dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

1. Abeltegiak gutxienez ere 2014an egon beharko du funtzionamenduan eta ASLANAko kide izan beharko du.

2. Laguntzen helburua bete dela frogatzeko, hau da, 2013an inskribatu diren animalia berrien kopurua, egin diren intseminazio artifizialen kopurua eta esnealdi baliozkotuen kopurua ASLANAk emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

Hamaikagarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Diru-laguntza ordainketa bakar baten bidez pagatuko da, onartzen den momentuan, eta laguntza emateko Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak onetsitako ebazpenean berean tramitatuko da.

Hamabigarrena.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

1. Laguntza hauek bateraezinak dira Foru Administrazioak edo beste administrazio batzuek helburu bererako ematen dituztenekin.

2. Laguntzen metaketari dagokionez, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 EE Erregelamenduaren 5. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio (Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak bete ezean, diru-laguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarrena.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Ebazpen honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da; hain zuzen ere, Nafarroako latxa arrazako ardi-hazleen elkarteko abeltegientzako “de minimis” araubideko 2014ko laguntzei dagokien fitxako zerbitzuen katalogoan.

II. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena

Izena: ............................................ NANa/IFZ: ..........., .......................ren izenean (IFZ ................); helbidea: ..............................., diru-laguntzaren onuradun naizen aldetik, aitorpen hau egiten dut (unitate kudeatzaileak bete beharrekoa):

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen ditu (2013ko 187. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Foru dekretu horren 3. artikuluak ezartzen duenez, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateak gardentasunera daude behartuta, inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

(Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira).

Aipatu foru dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan xedatutakoari jarraituz,

ADIERAZTEN DUT:

Ez dudala gardentasun betebeharrik (aipatutako foru dekretuaren 3. artikuluan azaldutako inguruabarrak gertatzen ez direlako).

.......................................................................................-k (adierazi organo-emailea) emandako ......................................................................................... (izena) diru-laguntza dela-eta (izena), informazioa aurkeztu dut; beraz, ez da errepikatu beharrik, emandako datuak aldatu ez direlako.

Gardentasun betebeharra dut eta, horrenbestez, aitorpen honen eranskinean, 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako informazioa ematen dut, eta entitatearen urteko azken kontuen kopia eransten.

.…..………….(e)n, ...............(e)an

Sinatua:

Kargua:

Eskatzailearentzako argibide interesgarriak:

1. Aitorpen hau eta kasuan-kasuan aurkezten den informazioa telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari igorriko zaizkio.

2. Aitorpen hau igortzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo argitaratzen den egunetik hasita, argitaratuz gero. Betebehar hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da ordainduko.

3. Entitate onuradunak ematen duen informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez eskuratzen ahalko da, argitaratzen denetik. Epe hori igarota, hura argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du eta, hala egiten ez badu, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du.

Iragarkiaren kodea: F1409535