141. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

259E/2014 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Tuterako udal mugapean apalategi metalikoak fabrikatzeko dagoen instalazio baten Ingurumen baimen integratua eguneratzen duena. Instalazioaren titularra Arestant, S.A. da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 13ko 20/2012 Ebazpenaren bidez emana.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorrak xedatzen du Ingurumen baimen integratuak emateko organo eskudunak behar diren jarduketak eginen dituela baimenak eguneratzeko, hau da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren industriako emisioei buruzko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauari egokitzeko.

Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuek hartu dute indarra eta eragina dute aipatu instalazioan; besteak beste, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena zonabanatze akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei buruz; Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legea; eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorraren 2.d) atalean xedatutakoa betetzeko, substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena edo emisioa berrikusi da, eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloratu da, eta erabaki da hori gertatzeko arrisku maila txikia denez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia) 23.2 artikuluak ezartzen duenez, Ingurumen baimen integratua eman eta bi urte iraganik proiektua edo jarduera gauzatzen hasi gabe, baimena iraungitzat eta inongo eraginik gabekotzat joko da. Gaur den egunean, arauan ezarritako epea gainditu delarik, proiektuan aurreikusitako hirugarren lerroa hasi gabe dago, eta, beraz, instalazioan bi produkzio-lerro baizik ez dago.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko e) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hogeita hamar egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak oharrak izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Horregatik guztiagatik, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren (abenduaren 28ko 93/2006 Errege Dekretuak onetsia) 23.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez eskuordetuak ditudan ahalmenak erabiliz (horren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi ziren egungo araudiak, ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ematen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera),

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Tuterako udal mugapean apalategi metalikoak fabrikatzeko dagoen instalazio baten Ingurumen baimen integratua eguneratzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Arestant, S.A. da.

Bigarrena.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 13ko 20/2012 Ebazpenaren bidez instalazioari eman zitzaion Ingurumen baimen integratuan dagoen baimenaren indarraldia mantentzea (hondakin arriskutsuak ekoizteko 15P01232021052006 baimena, hain zuzen), ebazpen honen xedatutakoari aurka egiten ez dion heinean, eta hondakinen barne-kudeaketararako zentro gisa duen 15G01232021052011 baimena iraungitzea.

Hirugarrena.–Azaleko tratamendurako eta pinturarako hirugarren linea gauzatzeko eskubidea iraungi dela deklaratzea, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 13ko 20/2012 Ebazpenaren bidez emandako Ingurumen baimen integratuan aurreikusia bazegoen ere.

Laugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan 15P03232021052013 zenbakiarekin inskribatzea hondakin ez-arriskutsuen sortzaile gisa. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinen sorreran egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Bosgarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek arau hauetan jasotako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua, edo Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikulua.

Seigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiarekin loturik eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluarekin bat.

Zazpigarrena.–Deuseztu egiten da instalazio honen Ingurumen baimen integratuaren indarraldiaren iraungitze data, eta kendu egiten da hura berritzeko betebeharra, ekainaren 11ko 5/2013 Legearen 1. artikuluko 19. idatz-zatian xedatutakoa betez; izan ere, lege horren bidez, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatu zen, eta jatorrizko 25. artikulua kendu (Ingurumen baimen integratua berritzeari buruzkoa).

Zortzigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

Bederatzigarrena.–Titularrak jarduketa plan bat aurkeztu beharko du 2014ko urriaren 31 baino lehen; hartan, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatuko da.

Hamargarrena.–2014ko urriaren 31 baino lehen, titularrak programa bat aurkeztu beharko du lurzorura eta lurpeko uretara irits daitezkeen emisio kutsagarriak ekiditeko dituen neurriak mantendu eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketekin, hori guztia instalazioak ongi funtzionatzen duela segurtatzeko.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hots, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau Arestant, S.A.ri, Tuterako Udalari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko ekainaren 11n.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1408595