139. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

96E/2014 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Ingurumen Kalitatearen zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Tafallako yurta aterpearen proiekturako. Sustatzailea David Abárzuza Caballero da.

2014ko otsailaren 18an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Horren ondorioetarako, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2014ko ekainaren 4an, lurzoru urbanizaezinari dagokionez.

Proiektatu den jarduketa turismoko kanpaleku txiki bat da, guztira 16 laguni ostatu ematekoa, lurzoru urbanizaezinean (Tafallako 24. poligonoko 123. eta 124. lurzatiak). 6 yurta edo denda desmuntagarri izanen ditu: 4 yurta turismoko ostatu gisa (bakoitzean lau lagun sartzen ahal dira), beste bat bulego lanetarako eta kudeatzailearen bizitoki izateko, eta beste bat bilera-gelarako. Energia berriztagarriak (plaka fotovoltaikoak eta etxola, bateriak kokatzeko, ezarriko dira) eta sorgailu lagungarri txiki bat erabiliko dira egoera klimatologiko txarretan. Jarduera osagarri gisa, aterpeak baratzea, igerileku txiki bat eta aparkalekua izanen ditu. Pedrera bidetik sartuko da lurzatian, Tafallako Osasun Etxetik abiatuta.

Proiektuak ur horniduraren lotunea eta haren banaketa barrutian barrena hartzen ditu kontuan. Berezitasun gisa, ez dago saneamenduko hodirik, komun lehorrak erabili behar direnez (komunontzi lehorren hondakin solidoak poltsa hermetikoetan sartzen dira eta konposteko ontzi batean botatzen), eta hondakin likidoak (konketa eta dutxetako hondakin ura) uraska batera eramaten, baratzea eta berdeguneak ureztatzeko.

Eskaera Tafallako Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. 2014ko apirilaren 1ean jaso zen erantzuna, eta horren arabera, instalazioa bateragarria da indarreko udal planeamenduarekin.

Aldeko txostenak, Mairagako Mankomunitateak 2014ko apirilaren 11n emana, eta Nafarroako Ubideak 2014ko maiatzaren 19an emana, ageri dira espedientean, zenbait baldintzarekin. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuaren txostenak, 2014ko maiatzaren 8koak, turismo jarduerak gutxienez bete beharreko beharkizun eta baldintzak adierazten ditu.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aditzera eman du ez dela muntako ukipenik eraginen ingurumenean, eta ingurumen arloko neurri zuzentzaileak eta jarraipenekoak aplikatuko direla.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Tafallako udal mugapean yurta aterpe baten proiekturako. Sustatzailea David Abárzuza Caballero da.

2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:

Ingurumen arlokoak:

–Jardueraren lehen urtea bukatzean txosten bat igorriko zaio Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari (Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua), arazketa sistemaren ohiko funtzionamendua eta izan daitezkeen gorabeherak (komun lehorrak, konpostaje komunitarioa eta uraska, dutxa eta konketako hondakin urarekin ureztatzeko) adierazteko. Bereziki adieraziko da, boladaren batean, ur zikinen produkzioa (l/egunean) proiektuan aurreikusitakoa (edo uraskaren edukiera) baino handiagoa izan den.

–Nahiz proiektuan adierazi ez dela arbolarik botako, beharrezkoa izatera, 10. eskualdeko Basozaintzari (Tafalla-Zangoza) emanen zaio abisu (Telefonoa: 948703671). Kasu horretan, konpentsazio gisa, bertako espezieak (erkametza eta zurbeltza) sartuko dira, hirukoiztuta, Udalaren oniritzia duen tokian.

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Sustatzaileak jarduera inskribatzea lortu beharko du Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Turismo Establezimenduen Erregistroan, Nafarroako Turismoari buruzko Legearen arabera, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzu honetan horren frogagiriak aurkeztuta. Inskripzio hori lortzen ez bada, ez dira baimenerako baldintzak beteko eta bere ondorio juridikoak izanen ditu.

2014ko maiatzaren 8ko txostenari jarraituz, “txostenean xedatutakoa galarazi gabe, Nafarroako Turismoko Aterpetxeak Antolatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 5eko 140/2005 Foru Dekretuan ezarritako baldintza guztiak bete beharko ditu eskatzaileak, baita aplikazioko gainerako araudia ere”.

–Baimen honek ez du instalazioak bizitegi gisa erabiltzea babesten turismo jardueratik kanpo. Yurtetan egin gogo den beste edozein jarduera edo erabileratarako, beste tramitazio administratibo bat beharko da.

–Aldiz, yurtetako batean prestatu gogo den etxebizitza babesten da, zaindariaren etxebizitza gisa eta zainketa osagarrirako soilik, eta turismo jarduerari loturik.

–Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, ohar hauek egiten dira:

  • Obrarako lizentzia eman baino lehen, herrilurraren titularra den toki entitateak baimena eskuratu beharko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
  • Nafarroako Ubidearen 2014ko maiatzaren 19ko txosteneko determinazioak hartu beharko dira kontuan.
  • Mairagako Mankomunitatearen 2014ko apirilaren 11ko txosteneko determinazioak hartu beharko dira kontuan.

–Udalaren lizentzia tramitatu eta lortu beharra galarazi gabe ematen da baimen hau, hartan aztertuko baitira udal eskumeneko gainerako kontuak.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Tafallako Udalari, 10. eskualdeko Basozaintzari (Tafalla-Zangoza) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko ekainaren 11n.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1408553