139. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2014ko ekainaren 6koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Burlatako Udala entitatearen akordio kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Ikusirik Burlatako Udala entitateko funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen akordio kolektiboaren testua (kode zk.: 31100022132014), erregistro honetan 2014ko urtarrilaren 13an sartu zena eta Udaleko ordezkariek eta sindikatuetakoek 2013ko abenduaren 23an izenpetu zutena, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2014ko ekainaren 6an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

BURLATAKO UDALAREN FUNTZIONARIOEN ETA ADMINISTRAZIO-KONTRATUDUNEN AKORDIO OROKORRA

Burlatan, 2013ko abenduaren 23an.

Bildu dira:

Alde batetik, Juan Carlos González Muñoz jauna, Burlatako Udaleko alkate-udalburua, haren izenean eta hura ordezkatuz, dokumentu hau egilesteko adinako ahalaz; Ventura Verdes Gallego jauna, Obra eta Kiroletako zinegotzia, eta Víctor Manuel Fernández Díaz jauna, Giza Baliabideeen zuzendari gisa, akordioaren Negoziazio Batzordearen kide.

Eta bestetik, Ritxar Sánchez-Arévalo Benito jauna eta Koldo Otaegui Cantero jauna, ELA sindikatuko ordezkari gisa; Begoña Sádaba Arbizu andrea, LAB sindikatuko ordezkari gisa, eta Rosa Castro Sánchez andrea, CC.OO. sindikatuko ordezkari gisa; horiek guztiak Langileen Batzordeko hautetsi eta Burlatako Udaleko Negoziazio Mahai Orokorreko funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen legezko ordezkari gisa; horrenbestez,

Erabaki dute:

Lehena.–Burlatako Udaleko funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen lan-baldintzei buruzko akordioaren testua onestea. Testu hori ebazpen honekin batera doa, haren orri guztiak bertaratuek sinaturik.

Bigarrena.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren 84.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz, behin akordioa sinatu eta onetsirik, bulego publiko edo administrazio organo eskudunera igorriko da eta berehala argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Eta behar diren ondorioak izan ditzan, bertaratutako guztiek agiri honen bi ale sinatu dituzte, idatziaren hasieran aipaturiko lekuan eta egunean.

I. TITULUA

Aplikazio eremua

1. artikulua. Langile eremua.

Akordio honek Burlatako Udalean eta haren erakunde autonomoetan (Udalaren Kirol Patronatuan eta Kulturako eta Jaietako Udal Patronatuan) zerbitzua ematen duten funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen lan baldintzak arautzen ditu.

2. artikulua. Iraunaldia.–Aurreraeraginaren klausula.

Akordio honek 2013ko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31 arteko indarraldia izanen du, Udalak Osoko Bilkuran onetsi ondoren.

Berariaz adostu da ezen, hitzarmena salatu eta akordio kolektibo honen itundutako iraunaldia amaitu ondoren, indarrean jarraituko duela harik eta bi aldeek haren ordezko bat izenpetzen duten arte.

Akordio hau salatu nahi bada, akordioa edo urteko luzapena bukatu baino hilabete lehenago gutxienez egin beharko da.

3. artikulua. Salaketa eta bermeak.

Akordio honek berariaz uzten ditu indarrik gabe, eta, hortaz, ondoriorik gabe ere bai, kasuan-kasuan aplikatu diren aurreko akordio guztiak.

Akordio honek jasotzen ez duen guztian, Enplegatu Publikoaren Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legean eta administrazio publikoen zerbitzuko funtzionarioei aplikatzen zaizkien gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraituko zaio, eta bereziki, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta Nafarroako Foru Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioei aplikatzen zaien gainerako legerian ezarritakoari.

II. TITULUA

Antolaketa eta giza baliabideak

4. artikulua. Lanpostuen katalogazioa.

Alkateari edo hark eskuordetzen duenari dagokio lana antolatzeko ahalmena, betiere akordio honetan ezarritako baldintzak betez. Horretarako, lana balioesteko, arrazionalizatzeko, lan egiteko metodo eta prozesuak hobetzeko eta lana errazteko, baita behar diren zerbitzuak eta alde kuantitatibo eta kualitatiboak ezartzeko ere, egoki jotzen dituen sistemak ezartzen ahalko ditu. Komeni den kasuetan, daukaten garrantzia dela-eta, aurretik langileen ordezkariekin hitz egin beharko da.

5. artikulua. Plantilla organikoa.

Toki-korporazioak urtero onetsiko du, urteko lehen lau hilabetean, langileen ordezkariekin hitz egin ondoren.

Udalak, beharrezkotzat jotzen duenean, lanpostuak baloratuko ditu. Aurretik, langileen ordezkariei jakinaraziko zaie.

Minusbaliotasun edo desgaitasunak dituzten pertsonentzako enplegu arloko arau indardunak aplikatuko dira eta haien gaitasunei hobekien egokitzen zaien legezko formula hartuko da.

Kasu hauetan bakarrik izanen da Udalean aldi baterako lana:

a) Lanpostua gordeta izateko eskubidea duten funtzionarioak ordeztea, betiere bost lanegunetik gorako absentzia aurreikusten bada.

b) Bitarteko lanpostuak, lanpostu berriak sortzearen ondoriozkoak, ezin izanen direnak bete gabe utzi hiru urte baino gehiago.

c) Berez aldi baterako programak direnak, hala nola enplegu sozial babestua, arnas programa, hiriaren mantentze programa edo enplegu lantegiak.

d) Zereginen pilaketa, frogatu beharko dena.

e) Errelebo-kontratuak funtzionarioen erretiro aurreratua errazteko.

Erabaki da enplegu plan bat garatu eta aplikatzea, gaur egun justifikaziorik ez duten behin-behinekotasun egoerak pixkanaka erregularizatu eta finko bihurtzeko, bereziki Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren laugarren xedapen iragankorrak aipatzen dituen egoerak (hau da, aurrekontu-zuzkidura duten eta, 2005eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik bitarteko edo aldi baterako langileek betetzen dituzten lanpostuak); lanpostuen deialdiak egin eta egindako deialdien lanpostuak egiazki betetzeko; eta, azkenik, gaur egun lan-kontratudunek betetzen dituzten hainbat lanpostu funtzionarioek betetzen ahal dituzten aztertzea.

Halaber, aipatu enplegu plana azterketa eta elkarrizketa sozialerako topagune bat izanen da, eta departamentu eta zerbitzuen lan-kargen azterketari buruz hartu beharreko neurrien berri emanen du, baita, behar denean, honako hauei buruz ere: langileak behar bezala birbanatzea; gaur egun langileen gastuen kapituluari esleitutako kostuak onbideratzea; prozesu eta tramite administratiboak modernizatu eta arintzea; eta herritarrentzat planteatzen ahal diren zerbitzu berriak betetzea. Hori guztia, legedi indardunak udalbatzari antolatzeko aitortzen dion ahalmena galarazi gabe.

Azkenik, hitzarmen kolektibo hau sinatzen duten alderdiek konpromisoa hatzen dute Burlatako Udaleko funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen erretiro partziala errazteko, udal zerbitzuek horretarako bide ematen duten neurrian. Xede horrekin, lehentasunez (ez nahitaez) errelebo-kontratua aplikatuko zaie Udalaren zerbitzuko langileei.

6. artikulua. Lanpostuen mugigarritasuna.

Behar direnak eginen dira plantillaren egonkortasuna eta, kasua bada, mugikortasun horizontala errazteko, Udaleko giza baliabideak beste modu batez kokatuz edo/eta beste lanpostu batzuei atxikiz, zerbitzu hobea emateko helburuarekin.

Udalak, ahal bada eta aplikatzekoak diren legeen arabera, ezintasun iraunkor osoa aitortua duten langile finkoak birkokatuko ditu, daukaten hondar gaitasunarekin bateragarri diren lanaldi partzialeko lanpostuetan. Lanaldi horri dagokion ordainsariak eta ezintasunagatik jasotzen dutenak, batera, aurreko lanpostuko soldataren %100 eginen dute. Betiere, ezintasuna lan istripu baten ondorioz gertatuz gero, Udala baldintza hori betetzera behartua egonen da, baldin eta plantilla organikoan langilearen ezintasunarekin bateragarria den lanposturik badago.

Langile finkoen lanpostuetan osasun arrazoiengatiko aldaketak egiten ahalko dira, betiere mediku baten txostena tarteko. Horretarako, plantilla organikoan lanpostu egoki bat izan beharko da, indarra duten arauen araberakoa. Udalak beste azterketa mediko bat egiten ahalko dio langile finkoari lehen txostenean jasotakoa egiaztatzeko, bi hilabeteko epean. Aurkako txostenik eman ezean, langileak aurkezturikoa loteslea izanen da Udalarentzat. Adostasunik ez bada, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari edo antzeko organo espezializatu bati txosten bat eskatuko zaio.

Ahal dela eta araudi aplikagarriari jarraituz, 55 urte betetakoan, lan astunak, toxikoak edo arriskutsuak egiten dituzten funtzionarioak beren gaitasunekin hobeki ezkontzen diren beste lan batzuetara, bigarren jardueratzat jotzen direnetara, aldatuko dira, zein bere zerbitzuaren barrenean.

Lanpostu hutsak deialdi publikoan atera aurretik, Udalaren eta haren erakunde autonomoen (Udalaren Kirol Patronatuaren eta Kulturako eta Jaietako Udal Patronatuaren) langile finko guztiei eskainiko zaizkie; egin badaiteke, betiere. Beraz, lehenbizi, lekualdatze lehiaketarako deialdia eginen da. Gero, bete gabe gelditzen diren lanpostuak txanda murriztuaren bidez beteko dira, Burlatako Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langile finko izanik, deialdiko lanpostuaren maila bera edo beheragokoa duten langileen artean.

Udalak izendatu ondoren, funtzionarioak edo/eta administrazio-kontratudunak bitarteko gisa aritzen ahalko dira titular diren lanpostuaren maila edo kategoria bereko edo handiagoko edozein lanpostutan; betiere, titulua edo eskatzen zaien prestakuntza izan beharko dute, eta dagozkien proben bidez frogatu. Kasu horietan, beren lanpostuaren ordainsariak eta bitarte batez betetzen ari diren lanpostuarenak parekatzeko behar den diru kopurua jasoko dute lehenbiziko egunetik.

Aurreko ataleko izendapenak Udalak libreki indarrik gabe uzten ahalko ditu.

Bestetik, eta atal edo zerbitzuen funtzionamendua ahalik eta onena izan dadin, zerbitzuko bereko langileek beteko dituzte erantzukizuneko lanpostuak (arduraduna, ofiziala, eta abar), zerbitzuari atxikitako arduraduna 15 egun baino gehiago kanpoan egotekoa denean (aldi baterako ezintasuna, soldata gabeko baimena, oporrak, eta abar). Horretarako, ordezkapena egiteko izangaien prestakuntza, trebakuntza eta lanbide profila hartuko dira kontuan, baita dauden lanpostuan sartzeko probetan izandako hurrenkera ere.

Halaber, aurrekoan ezarritakoari begira, ordezkapenak egiteko izangaien hurrenkera-zerrendak eginen dira bederatzi hilabeteko epean.

7. artikulua. Barne igoera.

Aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, bete nahi diren lanpostuak beheragoko mailako langile finkoei eskainiko zaizkie, gaitasun, iraupen eta antolamendu alderdiak baloratu ondoren eta indarreko legeetan ezarritakoari jarraituz. Kasu horiek apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuari jarraikiz arautuko dira.

III. TITULUA

Lan baldintzei buruzko akordioak

8. artikulua. Lanaldia, ordutegiak, oporrak, baimenak eta eszedentziak.

8.1.–Lanaldia. Ordutegiak.

Administrazioaren helburu bat da lanera ez agertzeko kasuak murriztea eta langilea lanpostuan egoteari buruzko kontrola hobetzea; horretarako, bi aldeetako ordezkarien parte-hartzearekin, behar diren neurriak hartuko dira langileak lanpostuan egon daitezen, sindikatuko ordezkariei jakinarazi ondoren.

Ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legearen eta abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legearen aplikazioa garatuko da, ondoko irizpideen arabera:

Oro har, 1.592 orduko lanaldia ezartzen da, urteko, goizeko txanda finkoa dutenentzat.

Aipatu kopuruari behar diren ordu-konpentsazioak aplikatuko zaizkio, lanpostuan egiazki egoteko urteko lanaldi hauek atera daitezen:

–Goiz, arratsalde eta gaueko txanda: 1.457 ordu.

–Gaueko txanda finkoa: 1.535 ordu.

–Goiz eta arratsaldeko txanda, igande eta jaiegunetan lan eginez: 1.554 ordu.

–Goizeko txanda, igande eta jaiegunetan lan eginez: 1.569 ordu.

–Goiz eta arratsaldeko txanda, lanaldi etenarekin: 1.569 ordu.

Ez da txandatzat hartuko zerbitzu puntualak egitea.

A.–Udalak ematen dituen zerbitzuen antolaketa egokiak bide ematen duen neurrian, ohiko lanaldia errespetatuko da, atal bakoitzean ezarritako urteko egutegia kontuan hartuta.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Administrazio Publikoetako langileentzat akordio honetakoak ez diren bestelako lanaldiak ezarriz gero, Burlatako Udaleko langileei automatikoki aplikatuko zaizkie.

Edozein kasutan, foru lege indardunak aplikatzeagatik Udalean aplikatu beharreko urteko egutegian ezarritako urteko lanaldia handitzen bada, lanaldi hau egokituko da, betiere oporretarako eta atsedenerako ezarritako egun kopurua errespetatuz.

B.–Bi alderdiek erabaki dute negoziazio-prozesu bat irekitzea akordio hau sinatu eta berehala, puntu hauen gaineko araubidea adosteko: zerbitzuen errealitate eta behar berriak; prestasunari eta lanaldi-malgutasunari buruzko errekerimenduak; eta erregularizazio berriak nola bete eta haien ordainsaria.

Alde horretatik, honelakoak planteatu beharko dira:

–Herriko jaietan egin beharreko lanak eta aparteko ekitaldiak; ikusten da erregularizatu behar dela aparteko orduak nola egin eta ordaindu, baita guardia lokalizatuen kontzeptua ere. Udalak onartu du azken kontzeptu hori hainbat departamentutan aplikatzea (Hirigintza (Obrak eta Zerbitzu Orokorrak), Gizarte Zerbitzuak eta Kirol Patronatua eta Kultur Patronatua), eta guardia lokalizatuan dagoen langileari ordaindu behar zaion diru-kopurua ezarri du, egun eta orduen arabera.

Halaber, Udalak onartu du egoera hauek guardia lokalizatuaren kontzeptuan sartzea: elurra, uholdeak eta aurreikusi ezin diren hondamendiak.

–Atsedenaldiak, txandak, ordutegiak, oporren araubidea, baimenena, etab., baita eskubide horiek gauzatzeagatik sortzen ahal diren lanpostu hutsak betetzea ere.

8.2.–Jaiegunak eta gaueko lana.

A.–Jaieguntzat hartuko da larunbatetako edo jai bezperetako 22:00etatik hasi eta igande edo jaiegunetako 22:00en artekoa.

B.–Gaueko lantzat hartuko da 22:00etan hasi eta biharamuneko 8:00en artekoa.

C.–Zerbitzuaren betebeharrengatik, lanaldia luzatu eta luzapen hori aurretik aipaturiko orduen barrenean balego, ordu horiek jaiegunekotzat edo/eta gauekotzat joko lirateke, nola suertatzen den.

D.–Zerbitzuaren betebeharrengatik txandaka, gauean nahiz jaiegunetan, lan egin behar duten langileek ordu eta diru konpentsazio bat jasoko dute, aplikatzen ahal diren arau indardunei jarraikiz.

E.–Gutxienez ere, hilabete bakoitzean bi asteburutan (larunbata eta igandea) libratuko da, zerbitzuaren betebeharrek horretarako bidea ematen badute.

F.–Herriko jaietan, jaieguntzat hartuko dira zaindariaren egunaren bezperako lanaldiaren erdia, zaindariaren eguna bera eta hurrengo hiru egunak. Aintzat hartuko dira horiek urteko ordu kopuruak kalkulatzeko. Bestetik, zaindariaren egunaren bezpera, osorik, jaieguntzat hartuko da ondorio guztietarako bi edo hiru txandatan aritzen diren langileentzat.

G.–Gaueko txandan emaniko zerbitzuengatik diru konpentsazio bat jasotzeko eskubidea egonen da, eguneraturik jasotzen ari diren diru kopuruen arabera, ordu guztiei aplikatuz lehenbiziko 70 orduei dagokien tarifak markatzen duena.

H.–Jaieguneko lanari dagokion diru konpentsazioa %50ean gehituko da urte bakoitzean lanean aritutako 33. jaiegunetik aurrera. Ondorio horietarako, igandeez gain, jaieguntzat hartuko dira Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitatean ezartzen dituen asteguneko jaiak, ordaindu bai baina errekuperatu ezin direnak, baita Burlatako Udalak herriko jai eta zaindariaren egun gisa finkatutakoak.

I.–Lanaldia txandatan egiten dela ulertuko da lanaldia urtean %25 aldatzen denean.

8.3.–Lanaldia murriztea.

Lanaldia murrizteko baimena emateko (lanaldiaren heren bat nahiz erdia, ordainsarietan dagokien gutxitze proportzionalarekin), ondoko arauei begiratuko zaie:

1.–Lanaldi murriztua aukeratzen ahalko dute inguruabar hauetako batean dauden funtzionarioek:

a) Haien ardurapean 6 urte baino gutxiagoko haur bat edo ordainpeko jarduerarik egiten ez duen minusbaliatu fisiko, psikiko edo adimeneko bat izatea.

b) Enplegatuaren ezkontideak edo bizikideak edo odol edo ezkontza bidezko lehen graduko ahaideren batek desgaitasunen bat badu. Halaber, lan-kontratupeko finkoa pertsona adinduekin edo gaixotasun kronikoren edo desgaitasunen bat duen familiako pertsonaren batekin bizi bada (odol edo ezkontza bidezko bigarren gradura bitarteko ahaideak).

2.–Halaber, zerbitzuaren beharrek bide emanez gero, lanaldi murriztua ondoko langileek hartzen ahalko dute:

a) 6 eta 12 urte bitarteko haur bat zaintzearen ondoriozko legezko zaintza duten funtzionarioak.

b) 55 urte edo gehiagoko funtzionarioak.

3.–Eskubide horretaz ezkontideetako bat baizik ezin izanen da baliatu.

4.–Lanaldi murriztua hartzen duen langilea ezin izanen da ordainpeko beste jarduera batean aritu.

5.–Lanaldi murriztuaz baliatzeko baimena jasotzeko, Udalaren Erregistro Orokorrean behar den eskaria aurkeztu beharko da, familia liburuaren fotokopiarekin batera. Hartan, datu pertsonalez gainera, lanaldi murriztua zenbat denboran hartuko den aipatu beharko da; betiere, hasiera eta bukaera hilabeteko lehen eta azken egunean izanen dira.

6.–Lanaldi murriztua langileak daukan lanaldiko lehen eta/edo azken orduetan aplikatuko da. Langileak aukeratzen ahalko du noiz egin. Lanaldi murriztua duten funtzionarioak ordezkatzeko, murrizpenaren denbora beteko da soilik, zerbitzuaren beharren arabera.

7.–Ordainsariak 9. artikuluan onetsitakoaren arabera murriztuko dira. Erretiro eta pentsioen kutxari ordaindu beharreko kuotak eta osasun laguntzaren zerbitzuko erabilera bereziari ordaindu beharrekoak, lanaldi murriztuari dagokion soldataren arabera kalkulatuko dira.

8.–Ez da lanaldia murriztuko sei hilabete baino gutxiagoko aldi baterako, eskariaren arrazoia sei hilabete baino epe laburragoan bukatzen ez bada.

9.–Lanaldi murriztuaren aldia bukatu baino hilabete lehenago, haren luzapena eskatzen ahalko da, eta eskari-prozesuari hasiera berriz eman.

10.–Lanaldi murrizketen, eszedentzien eta bigarren mailara arteko ahaide bat zaintzeko baimenen kasuetan, Udalak aurreikuspen sozialeko sistemen kotizazioa ordainsarien %100ean mantenduko du. Halaber, jarraipen-batzordean aztertuko da 55 urtetik gorako langileei gehieneko kotizazio hori egiteko aukera aztertuko da.

8.4.–Aparteko orduak.

Langileek eta Burlatako Udalaren ordezkariek beren gain hartzen dute aparteko orduak ez egiteko konpromisoa, salbu eta indarrezko kasuetan edo behar adina denborarekin aurreikusi ezinezko arrazoiengatik lanaldi arrunta luzatzea ezinbestekoa denean Udalaren funtzionamendurako. Aparteko orduak egin behar izanez gero, honela konpentsatuko dira:

–Ordubete eta berrogeita bost minutu lanegunetan lan egindako ordubete bakoitzeko.

–Bi ordu igande edo jaiegunetan lan egindako ordubete bakoitzeko.

Irteteko ordutik kontaturik, hamaseigarren minututik aurrera aparteko ordu erdi baten moduan kontatuko da; berrogeita seigarren minututik aurrera aparteko ordubete gisa kontatuko da. Arau bera aplikatuko da ondorengo orduetan ere.

Lan zein jaiegunetako aparteko orduetan berriro lantokirako joan-etorria egin behar izanez gero, aparteko orduak gutxienez ere aparteko hiru ordubete bezala kontatuko dira.

Epaitegira, arrazoi profesional zilegien ondorioz, lan orduetatik kanpo joan behar izanez gero, aparteko bi ordu bezala kontatuko da, gutxienez.

Langileen ordezkariei hiru hilean behin emanen zaie Udalean egindako aparteko ordu guztien berri. Egoera-orri horretan, egindako aparteko orduak eta bajen eta ordainpeko baimenen ondorioz gertaturiko gorabeherak azalduko dira.

Halaber, zerbitzu batean metaturiko aparteko orduak gehiegi direla egiaztatzen bada, plantilla handitzeari buruzko azterketa eginen da.

Aparteko orduen kopuruak, guztira eta astebetean, eguneko lanaldia gainditzen badu, eta zerbitzuaren beharren arabera, langileek konpentsazioa jasotzeko bide hauetako bat aukeratzen ahalko dute: dena orduetan, dena dirutan, edo orduen erdiari dagokiona dirutan eta gainerakoa orduetan.

8.5.–Oporrak:

Langileek, jardunean dauden urte oso bakoitzean, hogeita zazpi lan egunetako opor ordainduak izanen dituzte; bestela, lan egindako denbora gutxiago bada, proportzioan dagokiena emanen zaie oporretan.

Oporrak nahitaez urte naturalaren barrenean hartuko dira. Edozein kasutan ere, oporrak hartzeko azken eguna hurrengo urteko urtarrilaren 6a izanen da. Oporren ordez ezin izanen da ordainsari ekonomikorik jaso, salbu eta erretiroa hartu edo jardueratik gelditzen den kasuetan.

Ikastetxeetako langileek beren zentroko oporraldiekin batera hartuko dituzte oporrak, behar bezala justifikatutako zerbitzu beharrek kontrakoa agintzen dutenean izan ezik.

Langile bat gaixo jartzen bada oporretan dagoela, ez dira oporrak etengo, salbu eta lau egun baino gehiagoko ospitaleratzea ekartzen duten istripu edo gaixotasunen kasuan, edo sendagilearen txosten batez gaixotasuna larri edo oso larritzat (ospitaleratu beharrarekin nahiz gabe) jotzen denean; azken hori, betiere, behar diren mediku-ziurtagiriekin eta baja agiriarekin egiaztatu beharko da. Kasu honetan amatasun baja ere sartuko da.

Halakoetan, oporren eteteak ospitalizazioa edo gaixotasuna hasten den lehenbiziko egunetik izanen du indarra.

Langileak lana uzten badu oporrak, bere kontuetarako baimen egunak, denbora konpentsazioak aparteko orduak egiteagatik, edo disfrutatzeko epemugarik ez duten baimen ordainduak hasi baino lehen, egun horiek gero hartuko dira urte naturalaren barrenean.

8.6.–Lan egutegia.

Abenduan, hurrengo urte osorako egutegiak prestatu, aurkeztu eta onetsiko dira, Udalaren menpeko zerbitzu edo departamentu guztietarako, lan egunak, ordutegi malgua, oporrak eta abar kontuan hartuta.

Egun ezarrita dauden ordutegi eta lan txandetan edozein aldaketa egiteko, baita atseden, opor eta onetsitako egutegietako aldaketetarako ere, aurretik langileen ordezkariekin negoziatu beharko da.

Txanda aldaketak ukitutako langileei jakinaraziko zaizkie 48 ordu lehenagotik, ezinbesteko kasuetan izan ezik, betiere errespetatuz, ahal izanez gero, txanden artean gutxienez ere 24 ordu egotea.

Txandak trukatzeko baimena emanen zaie zerbitzu bereko langileei, salbu eta zerbitzuaren funtzionamenduan gerta daitekeen kaltea behar bezala justifikaturik ez badago; justifikazio hori, betiere, interesdunei jakinarazi beharko zaie idatziz.

8.7.–Baimenak eta lizentziak.

8.7.1.–Baimenak.

Langileek, aldez aurretik eskatu eta justifikatuta, kasua bada, baimena dute lanera ez agertzeko, ondoren transkribatzen diren denboretan eta kasuetan.

Artikulu honek aipatzen dituen baimenak eskuratu nahi dituzten langileek haiek eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzeari buruzko egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkiote organo eskudunari.

1.–Seme-alaba bat jaiotzeagatik: 5 egun, baina erditze multiplea izanez gero, bi egun gehiago ume bakoitzeko bigarrenetik aurrera. Baimena jaiotzaren egunetik beretik edo amak osasun zentroan sendagilearen alta hartzen duen egunetik aurrera hartzen ahalko da, baldin eta hori zerbitzuaren betebeharrekin bateragarria bada.

2.–Ezkontidearen, bizikidearen eta lehenengo graduko odol-ahaideen heriotzagatik lau egun, Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bost egun Nafarroatik kanpora izanez gero. Gertaera eragilea gertatu eta biharamunetik aurrera izanen da baimena.

3.–Lehen graduko ezkontza-ahaideak edo anai-arrebak hilez gero, hiru egun, Foru Komunitatean izanez gero, eta lau egun Nafarroatik kanpo. Gertaera eragilea gertatu eta biharamunetik aurrera izanen da baimena.

4.–Ezkontidea edo bizikidea eta lehen mailako odol edo ezkontza bidezko ahaideak ospitaleratzea bost egunean, gutxienez, edo sendagilearen irizpenaren arabera gaixotasuna larria edo oso larria izanez gero (ospitalera eraman beharra izan edo ez): lau lanegun, Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bost egun, Nafarroatik kanpo izanez gero.

Ospitaleratzea 30 egunetik gorakoa bada, beste egun bat gehituko zaie aurreko lerroaldean ezarritakoei Nafarroan bada, eta bi ospitaleratzea foru lurraldetik kanpoan bada.

5.–Iraupen laburragoko gaixotasun edo ospitaleratzeen kasuan, edo sendagilearen irizpena pronostiko erreserbatuarena edo ez horren larriarena denean, ordaindutako baimena egun batekoa izanen da gertaera Foru Komunitatean izanez gero eta bi egunekoa Nafarroatik kanpo gertatuz gero.

6.–Egun bateko baimen ordaindua emanen da 2., 3., 4. eta 5. ataletan ezarritako arrazoi berengatik, atal horietan aurreikusi gabeko odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren gradua bitarteko ahaideen kasuan, baldin eta gertakaria Nafarroako Foru Komunitatean izaten bada; bi eguneko baimena emanen da, berriz, gertaera Nafarroatik kanpo izaten bada.

7.–Aurreko bi idatz-zatietan aurreikusitako gaixotasun edo ospitaleratzeen kasuan, ordaindutako baimeneko kasuan kasuko lan egunak, gertakaria hasi zen eguna kontuan hartuta, gertakariak irauten duen guztian erabiltzen ahalko dira, baldin eta hori zerbitzuaren betebeharrekin bateragarria bada.

8.–Bi eguneko baimen ordaindua emanen da, ezkontideari, bizikideari, seme-alabei edo gurasoei kirurgia handi anbulatorioko ebakuntzaren bat egin behar izanez gero. Kasu horietan, kirurgia anbulatorio handitzat hartuko dira gaixoak ebakuntzaren egun berean etxera itzultzen diren prozedura kirurgikoak, zein ere anestesia mota aplikatu zaien eta ebakuntzak zenbat ere iraun duen.

Beste egun bat emanen da ezkontideari, bizikideari, seme-alabei edo gurasoei egin behar zaien kirurgia handi anbulatorioa Nafarroatik kanpo egin behar bada.

9.–Aldairagatik, egun bat.

10.–Bederatzi hilabete baino gutxiagoko haur baten guraso diren funtzionario eta administrazio-kontratudunak egunean ordubetez ateratzen ahalko dira lanetik. Aldi hori ordu erdiko bi zatitan hartzen ahalko da edo, bestela, lanaldia ordubete murriztu hasieran edo bukaeran. Aukera hori aparteko egoeretan eta arrazoiak emanda baizik ezin izanen zaio ukatu langileari, hain zuzen ere zerbitzuaren funtzionamenduan kalte handia egin dezakeenean. Interesdunak eskatuta, haurrari esnea emateko baimena amatasun baimenari gehitzen ahalko zaio, eta 3 astez luzatu.

Aurreko lerroaldeko baimenaz ezin izanen da baliatu, ezkontidea xede bererako baimenaz baliatu den kasuetan, bere kontura nahiz besteren kontura lan jarduerarik ez duen ezkontidea duten langileak, salbu ama gaixorik egon eta seme-alaba zaintzeaz arduratzerik ez badu.

11.–Baimen ordainduak ematen ahalko dira saihestu ezin daitekeen betebehar publiko edo pertsonal bat betetzeko behar den denborarako, baita eginkizun sindikaletan, prestakuntza sindikalean edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko ere, Langileen Estatutuari buruzko martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa deusetan galarazi gabe.

12.–Aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera, Europako Parlamentuko kide izateko, Gorte Nagusietako diputatu edo senatari karguetarako, Nafarroako Parlamentuko kide izateko edo beste edozein autonomia erkidegotako legebiltzarretako kide izateko eta udalbatzetako kide izateko hauteskundeetan hautagai aurkezten direnak zerbitzua ematetik libratzen ahalko dira hauteskunde kanpainak irauten duen bitartean, ordaindutako baimenaren bitartez; betiere, interesdunak eskaria egin beharko du.

13.–Ordaindutako baimenak ematen ahalko zaizkie langile emakumezkoei erditu aurreko azterketetarako eta prestaketa teknikei buruzko ikastaroetara joateko, baldin eta lanaldia bitartean egin beharrekoak badira.

14.–Urtean zehar, langileek eskubidea izanen dute beren aferetarako gehienez ere hiru baimen egun, ordainduak, hartzeko, aurreko artikuluetan ezarritakoez aparte. Egun horiek ezin izanen zaizkie inoiz ere erantsi urteko opor ordainduei. Egun horietaz baliatzeko datak zerbitzuaren betebeharren arabera finkatuko dira.

15.–Odol emaileek, odola eman behar duten egunean, horretarako behar den denbora izanen dute, betiere, aldez aurretik jakinarazita.

16.–Halaber, erabaki da baimen ordaindua ematea 16 urtetik beherako seme-alabei kontsulta medikora laguntzen dieten langileei, betiere hitzordua langilearen egun horretako lanaldiaren barrenean bada. Horretarako behar den denbora emanen da.

8.7.2. Ordaindutako lizentziak.

1.–Azken azterketetara eta ikastetxe ofizialetako gainerako gaitasun eta ebaluazio probetara aurkezteko lizentzia ordainduak ematen ahalko dira, baita administrazio honetako edo beste bateko oposizioak egiteko ere.

Aurreko idatz-zatiak aipatzen dituen lizentziak emateko, ukituriko langileek beren departamentu edo erakunde autonomoko organo eskudunari azterketa edo proba horiek egin izanari buruzko egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkiote.

2.–Ezkontzeagatik edo izatezko bikotea osatzeagatik: hamabost egun natural, opor arruntei gehitzen ahalko zaizkienak. Ezkontza edo izatezko bikotea justifikatzeko, familia liburua edo Erregistro Zibileko nahiz batasun zibilen udal erregistroko ziurtagiria aurkeztuko zaio dagokion departamentuari edo erakunde autonomoari.

3.–Langile emakumezkoek, erditzearen kasuan, amatasunarengatiko lizentzia batez baliatzeko eskubidea izanen dute: etenik gabeko hamazazpi aste izanen dira; erditze multipleen kasuan beste bi aste gehituko dira ume bakoitzeko bigarren umetik aurrera. Lizentziaren aldia interesdunak hautatzen duen moduan banatuko da, baina erditzearen ondoko lehenbiziko sei asteak beti amak hartu beharko ditu; aita gainerako denbora guztiaz edo, kasu bada, lizentziatik gelditzen denaz baliatzen ahalko da ama hiltzen bada.

Amatasunarengatiko lizentziarako eskaerari ginekologoaren txostena erantsi beharko zaio; hartan egiaztatuko du haurdunaldia ehun eta laurogei egunetik gorakoa izan dela. Halaber, lizentzia horretaz baliatzen zein egunetan hasi nahi den adieraziko da eskaeran.

Erditzearen data justifikatzeko, departamentuko edo erakunde autonomoko behar den organo eskudunari familia liburua edo Erregistro Zibileko ziurtagiria aurkeztu beharko zaio.

Aurrekoa gorabehera, eta erditu ondoren amak atsedenerako sei aste hartu beharra galarazi gabe, bai aitak eta bai amak lan egiten badute, amak amatasuneko atsedenaldia hastean erabakitzen ahalko du haurra izan ondoko baimen denboraren zati jakin eta jarraitu bat aitak har dezakeela, amarenaren aldi berean edo ondoren, baldin eta amaren osasunerako arriskurik ez badakar tarte horretan lanera itzultzeak.

4.–Adopzio kasuetan edo adopzioaren aurreko harrera nahiz harrera iraunkorreko kasuetan, baldin eta sei urte baino gutxiagoko haurrak hartzen badira, baimenak etenik gabeko hamazazpi aste iraunen du; denbora hori beste bi astez luzatzen ahalko da seme-alaba bakoitzarengatik adopzio edo harrera anitzaren kasuan; denbora hori langileak hautatzen duen moduan kontatuko da, harreraren erabaki administratibo edo judizialaren unetik aurrera nahiz adopzioa egiteko ebazpen judizialetik aurrera. Baimenaren iraupena hamazazpi astekoa izanen da, sei urte baino gehiagoko adingabeak hartuz gero, baldin eta adingabe ezgaitu edo minusbaliatuak badira edo inguruabar edo esperientzia pertsonalengatik nahiz atzerritik datozelako, gizarteratzeko eta familian integratzeko zailtasun bereziak badaude; hori guztia, betiere, gizarte zerbitzu eskudunek egiaztatu beharko dute. Aitak eta amak lan eginez gero, baimena interesdunek hautatzen duten moduan banatuko da, eta aldi berean nahiz bata bestearen ondoren baliatzen ahalko dira hartaz, betiere etenik gabeko aldietan.

Nazioarteko adopzio kasuetan, gurasoek adopzioan hartuko duten haurraren jatorrizko herrialdera joan beharra dutenean, adopzioari buruzko ebazpena eman baino lau aste lehenagotik hasten ahalko da aurreko lerroaldeko kasu bakoitzerako aurreikusitako lizentzia.

5.–Atseden aldiak batera bi gurasoek hartuz gero, haien baturak ezin izanen du gainditu aurreko idatz-zatietan aurreikusitako hamazazpi asteko kopurua, edo erditze multiplea izanez gero dagokien kopurua.

8.7.3.–Norberaren aferetarako ordaindu gabeko lizentziak.

Norberaren aferetarako ordaindu gabeko lizentziak ematen ahalko zaizkie funtzionarioei; haien iraupenak ez du inoiz ere ondokoa gaindituko: bi urte naturaletik behin, bost hilabete.

Aurreko artikuluan jasotako lizentziak emateko, ondoko arauak bete beharko dira:

1.–Eskarietan arrazoia eman beharko da.

2.–Lanean egon bitartean pilatutako oporrak hartzea ez da lizentzia hau eskatzeko ezinbesteko baldintza izanen.

3.–Lizentzia ematea, betiere, zerbitzuaren betebeharren mende egonen da, salbu eta eskatzailea jada ordezturik badago lizentziaz baliatzen hasi baino lehen.

4.–Lizentzia ukatzeko, kasua bada, dagokion departamentu edo erakunde autonomo eskudunak arrazoiak eman beharko ditu.

5.–Ordaindu gabeko lizentziaren aldiak ez du oporretarako eskubiderik sortuko, ezta, beraz, kontuan hartuko ere egin beharreko ordainsarien deskontua, salbu eta oporrez jada baliatu bada.

8.8.–Eszedentziak.

1.–Borondatezko eszedentzia deklaratzea, funtzionarioek eskatuta, bidezkoa izanen da ondoko kasuetan:

a) Edozein administrazio publikotako kidego edo eskala batean jarduneko egoerara aldatzeko edo udalaz besteko administrazio baten menpeko nortasun juridiko propioko erakunde autonomo edo entitateetan zerbitzu emateko.

b) Alderdi politikoetan edo erakunde sindikal edo profesionaletan zuzendaritza karguetan aritzeko, baldin eta kargu horietan aritzea eta funtzio publikoan lan egitea bateragarriak ez badira.

c) Langilearen interes partikularrarengatik, jatorrizko lanpostua gordez aurreneko urte eta erdian, baldin eta zerbitzuaren betebeharrek horretarako bidea ematen badute eta interesdunak kreditatzen badu jardunean, edo harekin parekaturiko beste egoera batean, aritu dela gutxienez ere eskaria aurkeztu aurreko urtean.

Egiaztatutako arrazoiak salbu, pertsona bat kontratatuko da eszedentziak betetzeko.

Eszedentzia eskarietan baloratuko da eskatzen direnek eragin sakonik ote duten lan arloren batean; haiek ematea gehienez ere hilabetez atzeratuko da.

Borondatezko eszedentziak ez du denbora mugarik izanen, hura ematen den kasu guztietan.

Behar bezala justifikaturiko kasuetan izan ezik, borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izanen dute jardunera itzultzeko eskatu egoera horretan urtebete egin arte. Behin lanera berriz sartzeko erabakia hartu ondoren, hilabeteko epean egin beharko da hori. Hala egiten ez bada, langileak galdu eginen du langile izaera.

Borondatezko eszedentzian dauden langileek lortutako maila, gradua eta antzinatasuna gordeko dituzte, baina ez dute eskubide ekonomikorik sortuko eta ez zaie kontatuko, inongo ondorioetarako, egoera horretan eman duten denbora.

Eszedentzia arrazoitutako idatzi batez eskatuko da; idatzia Udaleko Giza Baliabideen Departamentuan aurkeztu beharko da, eta harekin batera eskaria justifikatzeko egoki jotzen diren agiriak ere aurkeztuko dira.

2.–Eszedentzia berezia deklaratzea, funtzionarioek eskatuta, bidezkoa izanen da ondoko kasuetan:

–Seme-alaba bakoitza zaintzeko, haiek naturalak zein adoptatuak izan. Aitak eta amak lan egiten badute, eskubide horretaz haietako bat baizik ezin izanen da baliatu. Kasu guztietan, eszedentzia hartzeko, funtzionarioak aitortu beharko du bitartean ez duela beste jarduera profesionalik edo lanik egin behar. Ondoko jaiotzek eszedentzia epe berrietarako eskubidea emanen dute eta lehendik hartutakoari bukaera emanen diote, horrelakorik bada.

–Etxean pertsona adintsu ezindu edo gaixo hilurren bat, odolbidez nahiz ezkontzaz bigarren gradurainoko ahaidea dena, zaindu behar izatea.

Eszedentzia berezia gehienez hiru urtekoa izanen da, umearen jaiotzetik hasita, betiere horretarako hartu bada.

Eszedentzia berezian dauden langileek jatorrizko lanpostua gordetzeko eskubidea izanen dute, baina ez dute eskubide ekonomikorik sortuko. Dena den, antzinatasunaren eta eskubide pasiboen ondorioetarako, egoera horretan ematen duten aldi osoa aintzat hartuko zaie.

9. artikulua. Ordainsariak.

Langileen ordainsariei (oinarrizko soldata gehi osagarriak) dagokienez, automatikoki aplikatuko dira Nafarroako Gobernuak bere langileen soldatak, maila eta lansari osagarriak ezartzeko erabiltzen dituen irizpideak.

Nafarroako Gobernuak bere langileen soldatak finkatzeko sinatutako akordioen ondoriozko soldata igoerak, akordio honetara aplikatutakoak, hurrengo urteko aurrekontuen kargura ordaintzen ahalko dira, aurrekontuak onetsi baino lehenago eta betiere martxoaren 31 baino lehenago.

Lanaldia murrizteko kasuetan, lansaria egun dauden ordainsarien (oinarrizko soldata, aparteko ordainketak, bosturtekoak, osagarriak, sariak, oporrak eta abar) edo etorkizunean ezar daitezkeenen proportzioan kobratuko da. Familia laguntza osorik ordainduko da.

E mailaren %3ko laguntza ekonomikoa ezartzen da ondoko baldintza guztiak betetzen dituzten seme-alabak dauzkaten Udal honetako lan kontratupeko langileentzat:

–18 urte baino gehiago izatea eta 23 baino gutxiago.

–Langilearekin bizitzea.

–Gizarte Segurantzan altan ez egotea edo langabezian egotea.

–Inolako diru-sarrerarik ez izatea.

Laguntza hori behin bakarrik, urtea bukatutakoan, kobratuko da, interesdunek aipatu baldintzak betetzen dituztela justifikatu ondoren. Aurreko baldintzak urtebetean gertatzen ez direnean, laguntza hilabete kopuruaren proportzioan ordainduko da, laguntza jasotzeko eskubidea sortzen den egunaren hurrengo hilabete naturalean hasi eta hura jasotzeko eskubidea bukatzen den hilabetean bukatuta.

Funtzionarioei, seme-alabarik adoptatzekotan, seme-alaba naturalen kasurako ezarritako onura berak aitortzen zaizkie.

Arrisku osagarria onartzen zaie Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileei, beste zerbitzu batzuetan aplikatzen den ehuneko berean (oinarrizko soldataren %10).

10. artikulua. Familia laguntza.

1. Familia laguntza dela eta, urteko kopuru bat ordainduko zaie lan kontratupeko langileei, dauzkaten familia inguruabarren arabera; Nafarroako Gobernuko “E” mailaren hasierako soldatari ondoko ehunekoak aplikatuz kalkulatuko da:

a) Diru-sarrerarik gabeko ezkontideagatik: %3,50.

b) Ezkontidearengatik, epaile baten erabakiz pentsioa ordaintzeko beharra ezarrita dagoenean: %3,50.

Pentsioa laguntzaren diru kopurua baino txikiagoa balitz, laguntza haren berdina izanen litzateke.

c) Langilearekin bizi den seme-alaba adingabe emantzipatu gabe bakoitzeko: %3.

d) Langilearekin bizi eta ekonomikoki haren mende dagoen aurreko ahaide bakoitzeko edo anai-arreba adingabe emantzipatu gabe bakoitzeko, ez aitarik ez amarik ez duen umezurtza bada: %3.

e) Seme-alaba minusbaliatu fisiko nahiz psikiko bakoitzeko: %15.

2.–Aurreko atalean ezarritakoa aplikatzean ateratzen den kopurua handitu eginen da, langilearekin bizi diren emantzipatu gabeko seme-alaba adingabeen kopuruaren arabera, portzentaje hauetan:

3 eta 5 seme-alaba bitarte: %30.

6 eta 8 seme-alaba bitarte: %35.

8 seme-alaba baino gehiago: %40.

Familian gertatzen diren aldaketa guztiak Administrazioari jakinarazi beharko zaizkio gertatzen diren unean.

Artikulu honetan ezarritako ondorioetarako, ezindutzat hartuko dira jaiotzetik edo lan istripuaren ondorioa ez diren arrazoiengatik atal hauetakoren batean sartzerik dutenak:

a) Itsuak, 20/200etik beherako ikusmena bi begietan, ebakuntza egokia egin ondoren.

b) Gormutuak eta gor larriak, 75 dezibeletik gorako belarri zolitasunaren galerarekin.

c) Goiko edo beheko gorputz-adarrak osorik edo haien funtsezko zatiak, nahiz goiko gorputz-adar bat eta beheko beste bat ezinduta dituztenak. Ondorio horietarako, eskua eta oina dira funtsezko zatiak.

d) Paraplejiko, hemiplejiko eta tetraplejikoak.

e) Oligofrenikoak, adimen atzerapenaren koefizientea 0,70etik beherakoa dutenak.

f) Garun-paralitikoak.

g) Aurreko ataletan ez agertu arren, atal horietako kalte, gabezia edo minusbaliotasunen antzekoak dituztenak, baldin eta lan egitea erabat oztopatzen badiete.

Organo eskudunak zehaztuko du aurretik aipatutako arrazoiek eragindako minusbaliotasuna zein den, Nafarroako Gobernuak horretarako izendatzen duen epaitegi medikoak txostena egin ondoren.

11. artikulua. Prestakuntza.

1.–Lanbide Heziketa.

Udalak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin elkarlanean, langileentzako prestakuntza plan bat eginen du. Sindikatuek parte hartuko dute eta urtero eguneratuko da.

Langileei bere lanpostuarekin lotura duten ikastaroei buruzko informazioa emanen zaie.

Lanbide prestakuntzako eta hobekuntzako ikastaroetara joateko, hala Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nola beste erakunde nahiz entitateek antolatuak, baimen soldatadunak ematen ahalko dira, baina gehienez ere berrogeita hamar ordu urtean, honako irizpide hauei jarraikiz:

A.–Zerbitzuko beharrak, kontuan hartuz bereziki alde egin duen langilearen ordez beste bat jarri beharko den ala ez.

B.–Prestakuntza ikastaroko edukiek langileak duen lanpostuarekin edo lanbide karrerarekin duten lotura.

C.–Nolabaiteko oreka mantendu beharra kasuko unitateko langileen artean prestakuntza ikastaroak hartzeari dagokionez.

Osorik edo zati batean lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da ordu edo diru konpentsaziorik izanen. Langilea Udalaren aginduz joaten denean ikastaroa egitera, orduan bakarrik kontatuko zaizkio ordu horiek lanordu gisa, lanaldiaren urteko konputuaren ondorioetarako, eta zerbitzua dela-eta, egindako gastuengatik kalte-ordainak kobratzeko eskubidea izanen du.

Ikastaro bat egin nahi duten langileek horretarako baimena eskatuko dute, 20 egun lehenago gutxienez ere, denbora hori behar baita zerbitzua antolatzeko. Eskaera horri, aldeko edo kontrako txostena, burutzak emana, gehitu beharko diote. Dokumentazioa ikusita, alkateak ikastaroan parte hartzeko baimena eman edo ukatuko du.

Langileek konpromisoa hartzen dute ikastaro horietan parte hartu izana frogatzeko, baita aprobetxamendua ateratzeko ere.

4.000 euroko kontu-sail bat sortuko da, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jasotzen ez duten prestakuntza jardueretarako.

Batzorde bat sortuko da Udalaren prestakuntza planak ebaluatzeari begira.

2.–Euskara.

Euskara ikastaroetara doazen langileentzako ordu konpentsazioa Nafarroako Gobernuak indarreko legeen arabera ezarritakoa izanen da.

12. artikulua. Osasun laguntza.

1.–Urtero osasun azterketa bat eginen zaie nahi duten langile guztiei (lehenbiziko hiruhilekoan, ahal dela), eta langile guztiei osasun azterketa bat lanera sartzen direnean. Halaber, aparteko kasuetan ere osasun azterketak eginen dira.

Osasun laguntzari dagokionez, hona erabakitakoa:

–Aldi baterako lan ezintasuneko lehenbiziko 18 hilabeteetan, ordainsarien ehuneko ehun ordainduko da.

–Langileei mediku gastuak ordaintzeko laguntzak, 1. eranskinean ezarritakoari jarraikiz.

–Nafarroako Osasun Zerbitzuak Burlatako Udalaren langileen gaixo-agiriak kudeatuko ditu.

–Udalak aseguru-mutualitate bat kontratatuko du lan istripuen agiriak kudeatzeko.

2.–Osasun azterketak lanpostuaren ezaugarrietara eta langilearen adinera egokituko dira. Azterketak egin baino lehen, Udaleko langileen legezko ordezkariei azterlan bat aurkeztuko zaie egin beharreko probei buruz.

3.–Lan-arriskuen prebentzioko azterlana eginen da haurdunentzat arriskutsuak izan daitezkeen lanpostuei buruz. Arloko teknikarien aburuz atzemandako arriskuagatik langilea beste lanpostu batera aldatu behar bada, betiere kasuan kasuko beharra asetzen duen lanpostu huts bat badago, gutxienez jatorrizko lanpostuaren baldintza ekonomiko berekin eginen da.

13. artikulua. Onura ekonomikoak.

1.–Aurrerakinak.

30.000 euroko funts bat izanen da aurrerakinetarako, eta urtero berrituko da, Udalaren egoerak eta haren aurrekontuek horretarako aukera ematen duten heinean.

1. Jardunean diren funtzionario guztiek eskatzen ahalko dituzte aurrerakinak, interesik gabe itzultzeko.

2. Aurrerakinen Batzordeak emanen ditu aurrerakinak, honako hauen arabera: eskatzailearen inguruabar pertsonalen balorazioa, eskatutako zenbatekoa eta eskaera justifikatzen duten arrazoiak. Mailegu horietarako zenbatekoa 5.000 euro artekoa izanen da, gehienez ere.

3. Aurrerakina jasotzeko eskaera Aurrerakinen Batzordera igorriko da, eskatzailearen aburuz eskaera bermatzen duten ziurtagiriekin batera. Nahi diren hilabeteko kuota eta itzultzeko epea adieraziko dira eskaeran.

4. Bost kidek osatuko dute Aurrerakinen Batzordea: alkatea (edo berak berariaz eskuordetzen duen zinegotzia), batzordeburu arituko dena; Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria; eta langileen hiru ordezkari. Batzorde horrek kapitulu honetako laguntzak banatzeko arrazoiak, zenbatekoak eta baldintzak ezarri eta ebaluatuko ditu. Edozein kasutan, oinarrizko baldintza hauek eskatuko dira:

a) Urtebeteko edo hortik gorako antzinatasuna duten funtzionarioak edo administrazio-kontratudunak izatea.

b) Aurrerakinak itzultzeko epea 36 hilabetekoa edo hortik beherakoa izatea.

5. Hiru hilabeteko epean, dirua eskatu zen helbururako erabili dela justifikatu ez bada, nominatik atxikiko zaio eskatzaileari, legez ezarritako gehieneko diru kopurua, soldata aurrerakin osoa kitatu arte.

6. Ezin izanen da beste aurrerakin bat eskatu, aurretik emandakoa guztiz itzuli arte.

7. Eskatzailea hiltzen bada, ezkontideak, izatezko bikoteak, aurreko edo ondorengo ahaideek edo bidezko jaraunsleek beretzat hartuko dituzte hildakoari dagozkion eskubide eta betebehar guztiak, aurrerakina erabat itzuli arte.

2.–Gastu profesionalak.

Udalak konpromisoa hartzen du gidabaimena berritzearen gastuak ordaintzeko lanpostua eskuratzeko hura eskatu zaien langileei, baita, baldintza gisa eskatu gabe, hura beharrezkoa den lanetan aritzen direnei ere. Berritzeko gastuek erakunde eskudunaren kostu ofiziala baizik ez dute hartzen, eta ez beste batzuk, hala nola, gestoriako komisioak, errekarguak, zehapenak, eta abar.

3.–Nominaren aurrerakinak.

Udaleko langileei nominaren ordainketa aurreratzen ahalko zaie, baldin eta ondokoak betetzen badituzte:

1.a Eskaerak hilabete bakoitzeko 15etik aurrera eginen dira.

2.a Ordura arte sorrarazitako soldataren %75a bitarte aurreratzen ahalko da.

3.a Hilabete bakoitzean eskaera bakarra baimenduko da.

4.a Alkateak, dagokion burutzaren txostena aztertu ondoren, nomina lehenago ordaintzeko baimena eman edo ukatuko du.

14. artikulua. Babesa eta segurtasuna.

1.–Istripu-asegurua.

Heriotzeko istripuaren asegurua eta ezintasun iraunkor osokoa edo erabatekoa izanen dira, lanekoa zein lanetik kanpokoa, eta 24 ordukoa, 60.000 euroko hasierako estaldura duena eta pixkanaka handitzen ahalko dena %225 arte, zein diren istripuaren ondorioak. Aseguru horretatik ez da langilerik baztertuko. Polizaren baldintzen eta estalduraren kopia gaurkotua delegatu sindikalei emanen zaie.

2. Bizi asegurua.

Bizi aseguru bat izanen da, 28.000 euro arteko estaldurarekin. Udalean gutxienez ere urtebete jarraian lanean daramaten langile guztiak sartuko dira aipatu aseguruan. Polizaren baldintzen eta estalduraren kopia gaurkotua delegatu sindikalei emanen zaie.

Aseguru estalduraren ordainketa Udalaren erantzukizuna izanik langileren bat bizi asegurutik baztertuta gelditzen bada, Udalak langile bati pagatuko dio urtero, eta inoiz ez dira 2 urte baino gehiago igaroko estaldura osorik ordaindu gabe. Horretarako, Udalak aurrekontuetan finkatuko du behar den zenbatekoa.

3.–Udaleko langileen aurkako eraso edo atentaturik gertatuz gero, Udala epaitegietara akusazio partikular gisa aurkeztuko da.

4.–Udalak, aurrekontuen kargura eta Udalak legelari bat izendatuta, laguntza juridikoa emanen die edozein eratako prozesu judizialetan dauden langileei, baldin eta epaitzen diren egitateak beren eginkizunen aritze erregular, zilegi eta profesionaletatik eratorri badira.

5.–Udalaren ibilgailuak gidariak eta ibilgailuko gainerako bidaiariak babesteko polizen bitartez egonen dira aseguratuta, eta ibilgailuen ikuskapen teknikoa pasatuta eduki beharko dute.

6.–Osoko Prebentzio Plan bat, integratua eta integratzailea, egin eta mantenduko da, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko arloan indarra duen legeria beteko duena; horretarako, Lan-osasuneko eta laneko medikuntza eta higiene arloko Batzorde Aholku-emailea eta Segurtasun eta Osasun Batzordea sortuko dira.

7.–Erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatuko da, langileek beren eginkizunak behar bezala betetzean sor ditzaketen kalteetarako.

15. artikulua. Lan-kontratudun finkoek eta haien seme-alabek ikasteko laguntzak.

1.–Kontuan harturik hezkuntza nahitaezkoa eta doakoa dela 16 urte bete bitartean, laguntzak emanen dira ondoko ikasketetarako, ikasturte bakoitzerako aipatzen den zenbatekoak gehi KPIaren igoerak aplikatuta.

a) Haur eskolak eta haurtzaindegiak, Lehen Hezkuntza (OHO), DBHko 1. eta 2. maila: 100 euro.

b) Batxilergoa, LH1, LH2, DBHko 3. eta 4. maila: 160 euro.

c) LH3, hizkuntza eskolak, unibertsitate eskolak eta akademiak (ikasketa ofizialak): 300 euro.

d) Hizkuntza eskolako matrikula: %100.

e) Iruñean egin beharreko unibertsitate ikasketak: 360 euro.

f) Iruñetik kanpo egin beharreko unibertsitate ikasketak (ikasi beharrekoa Iruñean ikasteko aukerarik edo tokirik ez dagoenean): 900 euro.

g) Hezkuntza Berezia (21 urte bitarte): %100.

h) Hezkuntza Berezia: 21 urtetik aurrera eta hasitako ikasturtea bukatu artean, 25 urte betetzean, gehienez ere 3.000 euro ordainduko dira “laguntza soziala” kontzeptupean, ikasketak egiteko laguntzen ehunekoei loturik, prestakuntza arloko beharrei aurre egiteko; Gizarte Zerbitzuen Arloaren adostasun txostenaren bitartez justifikatuko dira.

2.–Laguntza emateko baldintzak.

a) Aplikatzekoak diren ehunekoak, familia unitatearen guztizko diru-sarreren eta hura osatzen duten kide kopuruaren arteko zatiduraren arabera, ondokoak izanen dira:

4.000 euro bitarte: %100.

4.001 eurotik 5.000ra bitarte: %90.

5.001 eurotik 6.000ra bitarte: %80.

6.001 eurotik 8.000ra bitarte: %65.

8.001 eurotik 10.000ra bitarte: %50.

10.000 eurotik gora: %30.

b) Laguntza hauek Estatuaren eta Nafarroako Gobernuaren beken osagarriak dira (baldin eta beka horiek dena estaltzen ez badute).

c) Eskatzailea behartua dago aurretik Estatuaren eta Nafarroako Gobernuaren bekak eskatzera.

d) Aipatu laguntzak OHO, DBH, Batxilergo, LH1 eta LH2-ko kurtso bakoitza behin bakarrik errepikatzen dutenei ere aplikatuko zaizkie. Unibertsitate ikasketetan, behin bakarrik karrera osoan.

3.–Urteko eskolatze-errenta bat ezartzen da, 1.950 eurokoa, 4 urtetik 16ra arteko seme-alabaren bat duten Udaleko langilerik hilez gero.

16. artikulua. Jantzi ekipamendua.

Jantzi ekipamenduak emateko baldintza orokorrak:

Urteko lehen hiruhilabetekoan eman beharko dira, betiere langileak erabiltzen dituen jantziak hondatuta badaude eta itzultzen baditu.

Halaber, zerbitzuan hondatutako jantziak berritu egin beharko dira, aurreko epeak kontuan hartu behar izan gabe eta jantzi horiek aurkeztu ondoren.

Dotazio elementuren bat hondatu delako berritu behar izanez gero, horren aldeko txostena eginen du dagokion nagusiak, egiazki zehaztu ahal izateko hondatze hori berez erabileraren poderioz, zahartu delako, edo zerbitzuan zehar gertaturiko istripu batengatik edo behar ez bezala erabili delako gertatu den egiaztatzeko.

Obretako langileentzako jantzi eta oinetakoen ekipamendua:

Anoraka: bi urtean bat.

Udako atorra: urtean bi.

Neguko atorra: urtean bi.

Txalekoa: urtean bat.

Galtzak: urtean bi.

Elastikoa: urtean bat.

Kazadora: urtean bi.

Galtzerdi lodiak, urtean hiru pare.

Galtzerdi finak, urtean hiru pare.

Botak, urtean pare bat.

Zapatillak: urtean bi pare.

Uretarako trajea eta botak, udako txanoa eta buru-berokia: hondatzen direnean.

Gizarte Ongizate Departamentuko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileentzako jantzi eta oinetakoen ekipamendua:

Neguko denboraldia:

Anoraka: hiru urtean bat.

Txandala: urtean bat.

Kamiseta: urtean bi.

Oinetakoak: urtean pare bat.

Bata: urtean bat.

Udako denboraldia:

Txandala: urtean bat.

Kamiseta: urtean bi.

Oinetakoak: urtean pare bat.

Batak egonen dira ordezko lanak egitera etortzen direnentzat.

Kirol Patronatuko, Kultur Patronatuko eta Ludoketako langileentzako eta etxezainentzako janzkera aurreko urteetan erabili duten bera izanen da.

17. artikulua.–Udalaren instalazioen erabilera.

Baimena ematen zaie udal instalazioak erabiltzeko, Burlatako bizilagunek erabiltzen dituzten baldintza beretan, Burlatako Udaleko funtzionarioei, baita ezkontideei edo izatezko bikotekideei eta seme-alabei.

Halaber, Udalak eta Patronatuek antolatzen dituzten jardueretan eta Udala laguntzaile aritzen den jardueretan, Udaleko eta Patronatuetako langileak erroldatutzat hartuko dira ondorio guztietarako.

18. artikulua. Hutsegiteak eta zehapenak.

Lan-kontratupeko langileen kontrako diziplina espedienteetan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Foru Dekretuaren II. tituluko IX. kapituluaren 60-72 artikuluak eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Funtzionarioen Diziplina Araubideari buruzko Erregelamendua onesten duen ekainaren 12ko 117/1985 Foru Dekretua aplikatuko dira.

IV. TITULUA

Negoziazio prozesuaren artikulatzea

19. artikulua. Jarraipen Batzordea.

1.–Jarraipen Batzordea eratzen da, akordio orokor honetan ezarritako arauak interpretatu, arbitratu eta betetzen direla zaintzeko; batzorde horrek berak beteko ditu eginkizun horiek lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboan, negoziazio mahai orokorreko batzorde delegatu gisa.

2.–Batzorde hori alkateak, alkateak berak izendatutako bi lagunek eta Udaleko langileen beste horrenbeste ordezkarik osatuko dute.

3.–Batzordekideek boto bana edukiko dute; erabakiak bileran agertutakoen gehiengo soilaz hartuko dira.

4.–Jarraipen Batzordea akordioa interpretatu edo aplikatzerakoan ezberdintasunen bat sortzen denean bilduko da, baita aldeetako batek eskatzen duenean ere. Bilera egiteko eskatzen denetik 15 lanegun pasa ondoren hura egiten ez bada, alderdi eskatzaileak zilegi izanen du erreklamatzea agintaritza eskudunean edo Justiziako epaimahaietan, bidezkoa zein den.

5.–Jarraipen Batzordeari kontsulta egiten bazaio, haren irizpena erabakigarria izanen da, eta akta batean jasoko da. Batzordeko idazkari, hark izendatzen duena arituko da; bera izanen da aktak egin eta batzordeari aholku emateko ardura izanen duena. Betiere, alderdiek, libreki eta era independentean, edozein unetan ustez dauzkaten eskubideak erabiltzen ahalko dituzte, behar den denboran eta moduan, agintari edo jurisdikzio eskudunaren aurrean, legez indarrean dauden xedapenen arabera.

6.–Udaleko langileen prestakuntzarekin eta laneko eta familiako eginkizunak bateragarri egitearekin zerikusia duten alderdi guztiak betetzeaz eta hobetzeaz arduratuko da Jarraipen Batzordea.

7.–Orobat, jantziei lotutako gaiak Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Batzordean aztertu eta eztabaidatzea erabaki da.

20. artikulua. Eskubide sindikalak.

Udalak bere gain hartzen du jarduera sindikala eta langileen ordezkaritza organoen lana bideratzeko konpromisoa, inolako oztoporik gabe; horretarako, haien esku jarriko ditu behar dituzten baliabideak, aurrekontu ahalmenen arabera eta indarra duten legeei jarraituz.

Langileen ordezkariek hilabeteko 20 orduko kreditua izanen dute. Sindikatu atalek langileen batzordeko kideei dagozkien ordu sindikalak, sei hilabetekoak, metatzen ahalko dituzte, une bakoitzeko beharren arabera; bestetik, sekzio barrenean une bakoitzean nork behar dituen besteek baino ordu gehiago izendatuko dute.

Akordio honen aplikazio eremuan sartzen diren funtzionarioek eta administrazio-kontratudunek eskubidea dute beren enplegu baldintzak zehazten parte hartzeko, legean ezartzen den moduan, haien ordezkaritza organoen bitartez.

Langileen batzar edo bileretarako deiak egiten ahalko dira, langileen legezko ordezkaritzaren gehiengoak nahiz ordezkatutako edozein sindikatuk eskatuta. Guztira 24 orduz bildu daitezke langileak urtean, deia egiten duena edozein delarik ere.

21. artikulua. Berdintasun plana.

Bi alderdiek erabaki dute Burlatako Udalerako onartu eta indarrean dagoen berdintasuneko barne plana berrikusi eta eguneratu behar dela.

Halaber, erabaki da plana, berrikusi eta haren eduki eguneratua adostu ondoren, eranskin eta zati banaezin gisa gehitzea Udaleko langileentzako akordio kolektiboei, ondorio guztietarako.

Sexu jazarpenerako protokolo bat definitu eta adostuko da. Udaleko berdintasun atalak egin eta proposatuko du, eta aipatu diren hitzarmen kolektiboei eranskin gisa gehituko zaie.

1. ERANSKINA

Osasun laguntza

Aurrekontuan diru-izendapen bat sortuko da langileek atal honetan dituzten gastuak, Gizarte Segurantzatik kanpokoak, estaltzeko. Horretarako, langileek urtebeteko aintzinatasun jarraitua izan beharko dute Udalarentzat lanean. Hona hemen laguntza horien gaineko arauak:

1.a Laguntzak: odontologiarako, betaurreko graduatuetarako, lentilletarako eta podologiarako izanen dira.

2.a Aurkezten den fakturaren %60 ordainduko da, merkatuko prezioen arabera.

3.a Laguntzek, urtean, ezin izanen dute langilearen mailaren araberako taulako zenbatekoa gainditu.

4.a E maila: 1.000 euro, D maila: 800 euro, C maila: 600 euro, B maila: 500 euro, A maila: 400 euro.

5.a Laguntza hauen onuradunak izanen dira langilea, 21 urte baino gutxiagoko seme-alabak eta ezkontidea edo izatezko bikotekidea, baldin eta bere kasa edo beste inoren kasa lanik egiten ez badu.

2. ERANSKINA

Udaltzaingoarentzako neurriak

1.a. Antzinatasuna: Burlatako Udalean antzinatasunaren hasierako data finkatze aldera, hautapen prozesuan egindako prestakuntza ikastaroan eman duten denbora hartuko zaie kontuan udaltzainei.

2.a Epaiketetara joan beharra: udaltzain batek bere lanaldiaren barrenean joan behar badu epaiketa batera, zerbitzua normaltasunez emanen du, eta hara joateko behar duen denbora baizik ez du eginen lanpostutik kanpo.

Bere lanaldi edo atsedenalditik kanpo joan behar badu, udaltzaina laneguneko aparteko hiru orduz konpentsatuko dute. Epaiketara ateratzea hiru ordutik gora luzatzen bada, hori ere kontuan hartuko da behar den proportzioan aplikatzeko.

Oporretan dagoela agertu behar badu, era honetara konpentsatuko da: udaltzaina Burlatatik 200 kilometro baino urrunago bada, opor egun bat gehiagorekin konpentsatuko da; 500 kilometrotik baino urrunago bada, bi egunekin, eta 800 kilometrotik baino urrunago bada, hiru opor egunekin. Prozedura horrek behar bezala justifikatu eta dokumentatuta egon beharko du.

Indarra duen araudiari jarraituz, ordainsari ekonomikoaren ordez, ordu konpentsazioa ematen ahalko da, zein diren zerbitzuaren beharrak.

Burlatako Udalak ordainduko ditu epaiketetara joan beharraren ondoriozko gastuak, joan-etorriak sortutako aurrekontua eta bidaia plana aldez aurretik adostuta, dietak eta kilometrajea erregulatzen dituen araudiari jarraikiz.

3.a Aholkularitza juridikoa: udaltzainek legelari baten laguntza izan dezakete polizia eginkizunetan jardutean Justizi Administrazioak erantzukizunen bat egozten dienean, non eta, arrazoi beraren kariaz, Burlatako Udalak egintza judizialari ekiten ez dion funtzionarioaren aurka.

Horretarako, Burlatako Udaleko organo eskudunek behar diren legelariak kontratatuko dituzte; ordezkari sindikalek parte hartuko dute eta objektibotasun eta inpartzialtasun irizpideei jarraituko zaie.

4.a Aseguruak: kontuan izanik ez dagoela onetsita ekintza basati eta terroristek eragindako kalteen ordainei buruzko foru dekreturik, eta horri dagokionez, beren ondasunetan kalteak izan dituzten udaltzainak atentatuaren aldez aurreko erreibindikazioa izan beharretik salbuestearren, honako jarduketa prozedura ezarri da:

a) Kalteak ofizialki salatzea.

b) Kalteen aurrekontua eskatzea.

c) Kalteen ordaina eskatzen duen idazki bat aurkeztea Udaltzaingoaren Burutzan, eta salaketa eta aurrekontua gehitzea; hark, txostena egin ondoren, Ogasuneko Informazio Batzordeari igorriko dio, aztertu eta ebazpena eman dezan.

5.a Prestakuntza: prestakuntza funtsezko faktorea da motibazioa handitzeko, baita premia eta betebehar profesionala ere, teknika berrietan etengabe trebatua egoteko, herritarrari ematen zaien zerbitzua hobetze aldera. Prestakuntza, halaber, beharrezko baldintza da langileen maila igoera eta mugigarritasuna bultzatzeko. Hori guztia kontuan izanik, Burlatako Udalak konpromisoa hartzen du ikastaroak programatzeko eta NAPIk eta Segurtasun Eskolak ematen dituztenetan parte hartzea errazteko, eskaera egin ondoren eta zerbitzuaren beharren arabera.

6.a Prestakuntza fisikoa: Udaltzaingoaren zerbitzua emateko beharrezko baldintza da prestakuntza fisikoa, eta kontuan hartu behar da zerbitzu hori praktikan jartzeko orduak eta orduak sartu behar direla; gainera, instalazioek, monitoreek, eta abarrek kostu handiak dakartzate; beraz, udaltzainek Udalaren kirol instalazioak erabiltzen ahalko dituzte sasoian egoteko eta, horrenbestez, Udalak instalazioak erabiltzeko kuota berezi bat adostuko du Kirol Patronatuarekin.

Orobat, Polizia Defentsa Pertsonaleko Nafarroako Elkarteak Beriaingo Segurtasun Eskolan antolatzen dituen ikastaroetan parte-hartzea erraztuko da, eta inskripzio kuotetan eta federazio aseguruan lagunduko.

7.a Liburutegia: behar diren kudeaketak eginen dira berariazko erabilera izanen duen liburutegi bat sortzeko, edo dagoena gai hauez hornitzeko Udaltzaingoko kideentzat: trafiko gaiak, generoko jazarpena, gai penalak, administratiboak, eta abar.

8.a Jantziak: udaltzainei beren lana era normalean eta egokian betetzeko behar duten arropa emanen zaie.

Material hori haien esku jarriko da, udaltzainek beraiek eskatuta, haren premia justifikatu ondoren, edo udaltzainen kargudunek eskatuta.

9.a Txartela: Burlatako Udalak identifikazio txartelaren proiektua prestatuko du Udaltzaingoarentzat. Sindikatuen ordezkariek proiektua aldatzeko iradokizunak edo proposamenak egiten ahalko dituzte; horrela behin betiko modelo bat negoziatuko da eta Burlatako Udalari igorriko zaio, hark onets dezan.

2. ERANSKINA

Baimen eta lizentzien taula

KAUSATZAILEA

EZKONTIDEA EDO BIZILAGUNA

GURASOAK

SEMA-ALABAK

ANAI-ARREBAK

LANGILEAREN AITON-AMONAK

LANGILEAREN BILOBAK

EZKONTIDEAREN GURASOAK

SEME-ALABEN EZKONTIDEAK

EZKONTIDEAREN AITON-AMONAK

EZKONTIDEAREN ANAI-ARREBAK ETA ANAI-ARREBEN EZKONTIDEA

AHAIDETASUNA

1. odol-ahaidetasun maila

1. odol-ahaidetasun maila

2. odol-ahaidetasun maila

2. odol-ahaidetasun maila

2. odol-ahaidetasun maila

1. ezkontza-ahaidetasun maila

1. ezkontza-ahaidetasun maila

2. ezkontza-ahaidetasun maila

2. ezkontza-ahaidetasun maila

NON GERTATUA

Nafarroan

Kanpoan

Nafarroan

Kanpoan

Nafarroan

Kanpoan

Nafarroa

Kanpoan

Nafarroan

Kanpoan

Nafarroan

Kanpoan

Nafarroan

Kanpoan

Nafarroan

Kanpoan

Nafarroan

Kanpoan

Nafarroan

Kanpoan

HERIOTZA

4

5

4

5

4

5

3

4

1

2

1

2

3

4

3

4

1

2

1

2

5 egunetik gorako OSPITALERATZEA edo GAIXOTASUN LARRIA EDO OSO LARRIA

4

5

4

5

4

5

3

4

1

2

1

2

3

4

3

4

1

2

1

2

5 egunetik gorako OSPITALERATZEA edo GAIXOTASUN ERRESERBATUA EDO EZ HAIN LARRIA

1

2

1

2

1

2

1

2

0

0

0

0

1

2

1

2

0

0

0

0

KIRURGIA HANDI ANBULATORIOA

2

3

2

2

2

2

0

0

0

0

0

0

0

0

0

0

0

0

0

0

Haur baten jaiotza: 5 egun, jaiotzaren egunetik beretik edo amak ospitalean sendagilearen alta hartzen duen egunetik aurrera, baldin eta zerbitzuaren betebeharrekin bateragarria bada.

Erditze multiplearen kasuan, 2 egun gehiago haur bakoitzeko, bigarrenetik aurrera.

1. odol-ahaidetasun mailako familiarren gaixotasun larriagatik edo oso larriagatik, 30 egunetik gora ospitaleratzea: Egun bat gehiago Nafarroan ospitaleratzen badute, edo bi egun Nafarroatik kanpo bada.

Xedapen gehigarria.–Zerbitzuaren betebehartzat hartuko dira ezin aurreikus daitezkeen inguruabarrek sorturiko aparteko egoerak; beraz, departamentuetako lan egutegiak prestatzerakoan kontuan ezin har daitezkeenak.

Azken xedapena.–Akordio honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta, atzera eraginez, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera ondorio ekonomikoak izanen ditu.

Iragarkiaren kodea: F1408277