139. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2014ko ekainaren 6koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Burlatako Udala entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Burlatako Udala entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31008472012005) aztertu da, Erregistro honetan 2014ko urtarrilaren 13an sartu zena, eta enpresaren legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2013ko abenduaren 23an izenpetu eta 2014ko ekainaren 4an zuzendu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 2/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2014ko ekainaren 6an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

BURLATAKO UDALEKO LAN-KONTRATUDUNENTZAKO HITZARMEN KOLEKTIBOA. 2013-2015 URTEAK

Burlatan, 2013ko abenduaren 23an.

Bildu dira:

Alde batetik, Juan Carlos González Muñoz jauna, Burlatako Udaleko alkate-udalburua, udalaren izenean eta hura ordezkatuz, agiri hau emateko behar adina ahalmenarekin; Ventura Verdes Gallego jauna, Obra eta Kiroleko zinegotzia; eta Víctor Manuel Fernández Díaz, Giza Baliabideen zuzendaria eta akordioa negoziatzeko batzordeko kidea.

Eta, beste aldetik, Aingeru Leoz Villanueva, LAB sindikatuaren ordezkaria; eta Olga Arcelus Bizkarrondo, ELA sindikatuaren ordezkaria. Horiek guztiak enpresa batzordeko kide hautetsiak dira, eta bi ordezkari sindikalak, gainera, lan-kontratudunen legezko ordezkariak Burlatako Udaleko negoziazio-mahai orokorrean.

Erabaki dute:

Lehena.–Burlatako Udaleko lan-kontratudunen lan baldintzei buruzko hitzarmenaren testua onestea; erantsita dator akordio hori, bertaratutako guztiek orri guztietan behar bezala sinaturik.

Bigarrena.–Langileen Estatutuaren 90.2 artikuluan ezarritakoaren babesean, behin hitzarmen hori sinatu eta onetsi ondoren, administrazio organo eskudunari igorriko zaio.

Hirugarrena.–Halaber, aipatu Estatutuko 90.3 artikuluan ezarritakoaren babesean, behin hitzarmena sinatu, onetsi eta Erregistroan aurkeztu ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Eta behar diren ondorioak izan ditzan, bertaratutako guztiek agiri honen bi ale sinatu dituzte, idatziaren hasieran aipaturiko lekuan eta egunean.

I. TITULUA

Aplikazio eremua

1. artikulua. Langile eremua.

Akordio honek Burlatako Udalaren edo haren mendeko erakunde autonomoetan (Udalaren Kirol Patronatua eta Udalaren Kultur eta Jaietako Patronatua) lan egiten duten lan-kontratudunen lan baldintzak arautzen ditu.

2. artikulua. Iraunaldia.–Aurreraeraginaren klausula.

Akordio honek 2013ko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31 arte izanen du indarra, udal honetako osoko bilkurak onetsi ondoren.

Berariaz adostu da ezen akordio kolektibo hau salatu eta itundutako iraunaldia amaitu ondoren hitzarmenak indarrean jarraituko duela harik eta bi alderdiek horren ordezko bat izenpetzen duten arte.

Akordio hau salatu nahi bada, hitzarmena edo urteko luzapena bukatu baino hilabete lehenago gutxienez egin beharko da.

3. artikulua. Hitzarmena salatzea eta bermeak.

Akordioak berariaz indargabe uzten ditu aurretik onetsi eta aplikatu diren gainerako akordio guztiak.

Hitzarmenean ezarri ez den guztirako martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio (dekretu horren bidez, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zen), bai eta Administrazio Publikoetako lan-kontratudunei aplikatzen ahal zaizkien gainerako xedapenei ere.

II. TITULUA

Antolaketa eta giza baliabideak

4. artikulua. Lanpostuen sailkapena.

Alkateari edo hark eskuordetzen duenari dagokio lana antolatzeko ahalmena, betiere akordio honetan ezarritako baldintzak betez. Horretarako, lana balioesteko, arrazionalizatzeko, lan egiteko metodo eta prozesuak hobetzeko eta lana errazteko, bai eta behar diren zerbitzuak eta alde kuantitatibo eta kualitatiboak ezartzeko ere, egoki jotzen dituen sistemak ezarri ahal izanen ditu. Komeni den kasuetan, daukaten garrantzia dela-eta, aurretik langileen ordezkariekin hitz egin beharko da.

5. artikulua. Plantilla organikoa.

Urtero, urteko lehen lau hilabeteetan, udalbatzak onetsiko du, langileen ordezkariekin hitz egin ondoren.

Udalak, beharrezkotzat jotzen duenean, lanpostuak baloratuko ditu. Aurretik, langileen ordezkariei jakinaraziko zaie.

Minusbaliotasun edo ezintasunak dituzten pertsonentzako enplegu arloko arau indardunak aplikatuko dira eta haien gaitasunei hobekien egokitzen zaien bide legala hartuko da.

Aldi baterako lana udalean kasu hauetan baino ez da posible:

a) Lanpostua gordetzeko eskubidea duten lan-kontratudunak ordeztea, betiere bost egunetik gorako absentzia aurreikusten bada.

b) Sortu berri diren lanpostuetan bitarteko gisa aritzea. Dena den, bitarte hori hiru urtekoa izanen da gehienez, epe horretan lanpostu hutsa bete behar baita.

c) Berez aldi baterako diren programak, hala nola enplegu sozial babestua, familiei atseden emateko programa, hiriko mantentze-lanen programa edo enplegu lantegiak.

d) Zereginak pilatzea. Pilaketa frogatu behar da.

e) Errelebo-kontratuak lan-kontratudunen erretiro aurreratua errazteko.

Erabaki da enplegu plan bat garatu eta aplikatzea, gaur egun justifikaziorik ez duten behin-behinekotasun egoerak pixkanaka erregularizatu eta finko bihurtzeko, bereziki Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren laugarren xedapen iragankorrak aipatzen dituen egoerak (hau da, aurrekontu-zuzkidura.

duten eta 2005eko urtarrilaren 1a baino.

lehenagotik bitarteko edo aldi baterako langileek.

betetzen dituzten lanpostuak); lanpostuen deialdiak egiteko eta egindako deialdien lanpostuak egiazki betetzeko; eta, azkenik, gaur egun lan-kontratudunek betetzen dituzten hainbat lanpostu funtzionarioek betetzen ahal dituzten aztertzeko.

Halaber, aipatu enplegu plana azterketa eta elkarrizketa sozialerako foro bat izanen da, eta atal eta zerbitzuen lan-kargen azterketari buruz hartu beharreko neurrien berri emanen du, bai eta, behar denean, honako hauei buruz ere: langileak behar bezala birbanatzea; langileen gastuen kapituluari esleitutako kostuak onbideratzea; prozesu eta tramite administratiboak modernizatu eta arintzea; eta herritarrentzat planteatzen ahal diren zerbitzu berriak betetzea. Hori guztia, legedi indardunak udalbatzari antolatzeko aitortzen dion ahalmena galarazi gabe.

Azkenik, hitzarmen kolektibo hau sinatzen duten alderdiek konpromisoa hartzen dute Burlatako Udaleko langileen erretiro partziala errazteko, udal zerbitzuek horretarako bide ematen duten neurrian. Xede horrekin, lehentasunez (ez nahitaez) errelebo-kontratua aplikatuko zaie udaleko langileei.

6. artikulua. Lanpostuen mugigarritasuna.

Behar direnak eginen dira plantillaren egonkortasuna eta, kasua bada, mugikortasun horizontala errazteko, Udaleko giza baliabideak birkokatuz edo/eta langileak beste lanpostu batzuei atxikiz, zerbitzu hobea emateko helburuarekin.

Udalak, aplikatzekoak diren legeen arabera, ezintasun iraunkor osoa aitortua duten langile finkoak birkokatuko ditu, daukaten hondar gaitasunarekin bateragarri diren lanaldi partzialeko lanpostuetan. Lanaldi horri dagokion ordainsariaren eta ezintasunagatik jasotakoaren baturak aurreko lanpostuko soldataren %100 eginen du. Ezintasuna lan istripu baten ondorioz gertatuz gero, Udalak baldintza hori bete beharko du, baldin eta plantilla organikoan langilearen ezintasunarekin bateragarria den lanposturik badago.

Langile finkoen lanpostuetan osasun arrazoiengatiko aldaketak egiten ahalko dira, betiere mediku baten txostena tarteko. Horretarako, plantilla organikoan lanpostu egoki bat izan beharko da, indarra duten arauen araberakoa. Udalak beste azterketa mediko bat egiten ahal izanen dio langile finkoari lehen txostenean jasotakoa egiaztatzeko, bi hilabeteko epean. Aurkako txostenik eman ezean, langileak aurkezturikoa loteslea izanen da Udalarentzat. Ezadostasunik egonez gero, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari edo antzeko organo espezializatu bati txosten bat eskatuko zaio.

55 urte betetakoan, lan astunak, toxikoak edo arriskutsuak egiten dituzten lan-kontratudun finkoek bere gaitasunekin hobeki ezkontzen diren beste lan batzuetara aldatuko dira; horiek bigarren jarduerako kontzeptukoak izanen dira eta ahal dela beren zerbitzuaren barruan, aplikatzekoak diren arauen arabera.

Ahal bada, lanpostu hutsak deialdi irekian atera aurretik, Udalaren eta haren erakunde autonomoen (Udalaren Kirol Patronatuaren eta Udalaren Kultur eta Jaietako Udal Patronatuaren) langile finkoei eskainiko zaizkie. Beraz, lehenbizi, lekualdatze lehiaketarako deialdia eginen da. Gero, bete gabe gelditzen diren lanpostuak txanda murriztuaren bidez beteko dira, Burlatako Udaleko eta haren erakunde autonometako langile finko izanik, deialdiko lanpostuaren maila bera edo beheragokoa duten langileen artean.

Udalak izendatu ondoren, lan-kontratudun finkoak beren lanpostuaren kategoria bereko nahiz goragoko beste edozein lanpostutan aritzen ahalko dira bitarte batez, horretarako behar den titulazioa baldin badute. Kasu horietan, beren lanpostuaren ordainsariak eta bitarte batez betetzen ari diren lanpostuarenak parekatzeko behar den diru kopurua jasoko dute lehenbiziko egunetik.

Aurreko ataleko izendapenak udalak libreki indarrik gabe uzten ahalko ditu.

Bestetik atalek edo zerbitzuek hobeki funtzionatzeko, erantzukizuneko postuak (arduraduna, ofiziala...) zerbitzuko bertako langileek beteko dituzte, aurreikusten bada ohiko arduraduna ez dela lanean arituko 15 egunetik gora (baja, soldatarik gabeko baimena, oporrak...). Horretarako, ordezkapena egiteko izangaien prestakuntza, trebakuntza eta lanbide profila hartuko dira kontuan, baita dauden lanpostuan sartzeko probetan izandako hurrenkera ere.

Halaber, aurrekoan ezarritakoari begira, ordezkapenak egiteko izangaien hurrenkera-zerrendak eginen dira bederatzi hilabeteko epean.

7. artikulua. Barne igoera.

Aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, bete nahi diren lanpostuak beheragoko mailako langile finkoei eskainiko zaizkie, gaitasun, iraupen eta antolamendu alderdiak baloratu ondoren eta indarreko legeetan ezarritakoari jarraituz. Kasu horiek apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuari jarraikiz arautuko dira.

III. TITULUA

Lan baldintzei buruzko akordioak

8. artikulua. Lanaldia, ordutegiak, oporrak, baimenak eta eszedentziak.

8.1.–Lanaldia. Ordutegiak.

Udalaren helburu bat da lanera ez joateko kasuak murriztea eta langilea lanpostuan egoteari buruzko kontrola hobetzea; horretarako, bi alderdietako ordezkarien parte-hartzearekin, behar diren neurriak hartuko dira langileak lanpostuan egon daitezen; betiere, sindikatuetako ordezkariei jakinaraziko zaizkie neurri horiek.

Ekainaren 21eko 13/2012 eta abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeen aplikazioa garatuko da, ondoko irizpideen arabera:

Oro har, urteko 1.592 orduko lanaldia ezartzen da, goizeko txanda finkoa dutenentzat.

Aipatu kopuruari behar diren ordu-konpentsazioak aplikatzea, lanpostuan egiazki egoteko ondoko urteko lanaldiak gerta daitezen:

–Goiz, arratsalde eta gaueko txanda: 1.457 ordu.

–Gaueko txanda finkoa: 1.535 ordu.

–Goiz eta arratsaldeko txanda, igande eta jaiegunetan lan eginez: 1.554 ordu.

–Goizeko txanda, igande eta jaiegunetan lan eginez: 1.569 ordu.

–Goiz eta arratsaldeko txanda, lanaldi etenarekin: 1.569 ordu.

Ez da txandatzat hartuko zerbitzu puntualak egitea.

A.–Udalak ematen dituen zerbitzuen antolaketa egokiak bide ematen duen neurrian, ohiko lanaldia errespetatuko da, atal bakoitzean ezarritako urteko egutegia kontuan hartuta.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Administrazio Publikoetako langileentzat akordio honetakoak ez diren bestelako lanaldiak ezarriz gero, Burlatako Udaleko langileei automatikoki aplikatuko zaizkie.

Nolanahi ere, foru lege indardunak aplikatzeagatik Udalean aplikatu beharreko urteko egutegian ezarritako urteko lanaldia handitzen bada, lanaldi hau egokituko da, betiere oporretarako eta atsedenerako ezarritako egun kopurua errespetatuz.

B.–Bi alderdiek erabaki dute negoziazio-prozesu bat irekitzea akordio hau sinatu eta berehala, alderdi hauen gaineko araubidea adosteko: zerbitzuen errealitate eta behar berriak; prestasunari eta lanaldi-malgutasunari buruzko errekerimenduak; eta erregularizazio berrien ordainsaria eta betetzea.

Honako alderdi hauek planteatu beharko dira:

–Herriko jaietan egin beharreko lanak eta aparteko ekitaldiak; ikusten da erregularizatu behar dela aparteko orduak nola egin eta ordaindu, bai eta guardia lokalizatuen kontzeptua ere. Udalak onartu du azken kontzeptu hori hainbat departamentutan aplikatzea (Hirigintza –Obrak eta Zerbitzu Orokorrak–, Gizarte Zerbitzuak eta Kirol Patronatua eta Kultur Patronatua), eta guardia lokalizatuan dagoen langileari ordaindu behar zaion diru-kopurua ezarri du, egun eta orduen arabera.

Halaber, Udalak onartu du egoera hauek guardia lokalizatuaren erregularizazioan sartzea: elurra, uholdeak eta aurreikusi ezin diren hondamendiak.

–Atsedenaldiak, txandak, ordutegiak, oporren araubidea, baimenena, etab., bai eta eskubide horiek gauzatzeagatik sortzen ahal diren lanpostu hutsak betetzea ere.

8.2.–Jaiegunak eta gaueko lana.

A.–Jaieguntzat hartuko da larunbatetako edo jai bezperetako 22:00etatik hasi eta igande edo jaiegunetako 22:00en artekoa.

B.–Gaueko lantzat hartuko da 22:00etan hasi eta biharamuneko 8:00en artekoa.

C.–Zerbitzuaren betebeharrengatik, lanaldia luzatu eta luzapen hori aurretik aipaturiko orduen barruan balego, ordu horiek jaiegunekotzat edo/eta gauekotzat joko lirateke, nola suertatzen den.

D.–Zerbitzuaren betebeharrengatik txandaka, gauean nahiz jaiegunetan, lan egin behar duten langileek ordu eta diru konpentsazio bat jasoko dute, aplikatzen ahal diren arau indardunei jarraikiz.

E.–Gutxienez ere, hilabete bakoitzean bi asteburutan (larunbata eta igandea) libratuko da, zerbitzuaren betebeharrek horretarako bidea ematen badute.

F.–Herriko jaietan, jaieguntzat hartuko dira zaindariaren egunaren bezperako lanaldiaren erdia, zaindariaren eguna bera eta hurrengo hiru egunak. Aintzat hartuko dira horiek urteko ordu kopuruak kalkulatzeko. Bestetik, zaindariaren egunaren bezpera, osorik, jaieguntzat hartuko da ondorio guztietarako bi edo hiru txandatan aritzen diren langileentzat.

G.–Gaueko txandan emaniko zerbitzuengatik diru konpentsazio bat jasotzeko eskubidea egonen da, eguneraturik jasotzen ari diren diru kopuruen arabera, ordu guztiei aplikatuz lehenbiziko 70 orduei dagokien tarifak markatzen duena.

H.–Jaieguneko lanari dagokion diru konpentsazioa %50ean gehituko da urte bakoitzean lanean aritutako 33. jaiegunetik aurrera. Ondorio horietarako, igandeez gain, jaieguntzat hartuko dira Nafarroako Gobernuak Foru Komunitatean ezartzen dituen asteguneko jaiak, ordaindu bai baina errekuperatu ezin direnak, bai eta Burlatako Udalak herriko jai eta zaindariaren egun gisa finkatutakoak.

I.–Lanaldia txandatan egiten dela ulertuko da lanaldia urtean %25 aldatzen denean.

8.3.–Lanaldia murriztea.

Lanaldia murrizteko baimena emateko (lanaldiaren heren bat nahiz erdia, ordainsarietan dagokien gutxitze proportzionalarekin), ondoko arauei begiratuko zaie:

1.–Lanaldi murriztua aukeratzen ahalko dute inguruabar hauetako batean dauden lan-kontratudunek:

a) Haien ardurapean 6 urte baino gutxiagoko haur bat edo ordainpeko jarduerarik egiten ez duen minusbaliatu fisiko, psikiko edo adimeneko bat izatea.

b) Enplegatuaren ezkontideak edo bizikideak edo odol edo ezkontza bidezko lehen graduko ahaideren batek desgaitasunen bat badu. Halaber, lan-kontratudun finkoa pertsona adinduekin edo eritasun kronikoren edo desgaitasunen bat duen familiako pertsonaren batekin bizi bada (odol edo ezkontza bidezko bigarren gradura bitarteko ahaideak).

2.–Halaber, zerbitzuaren beharrek bide emanez gero, lanaldi murriztua ondoko langileek hartzen ahalko dute:

a) 6 eta 12 urte bitarteko haur bat zaintzearen ondoriozko legezko zaintza duten lan-kontratudun finkoak.

b) 55 urte edo gehiagoko lan-kontratudun finkoak.

3.–Eskubide horretaz ezkontideetako bat baizik ezin izanen da baliatu.

4.–Lanaldi murriztua hartzen duen langilea ezin izanen da ordainpeko beste jarduera batean aritu.

5.–Lanaldi murriztuaz baliatzeko baimena jasotzeko, Udalaren Erregistro Orokorrean behar den eskaria aurkeztu beharko da, familia liburuaren fotokopiarekin batera. Hartan, datu pertsonalez gainera, lanaldi murriztua zenbat denboratan hartuko den aipatu beharko da; betiere, hasiera eta bukaera hilabeteko lehen eta azken egunean izanen dira.

6.–Lanaldi murriztua langileak daukan lanaldiko lehen eta/edo azken orduetan aplikatuko da. Langileak aukeratzen ahalko du noiz egin. Lanaldi murriztua duten langileak ordezkatzeko, murrizpenaren denbora beteko da soilik, zerbitzuaren beharren arabera.

7.–Ordainsariak 9. artikuluan onetsitakoaren arabera murriztuko dira. Erretiro eta pentsioen kutxari ordaindu beharreko kuotak eta osasun laguntzaren zerbitzuko erabilera bereziari ordaindu beharrekoak, lanaldi murriztuari dagokion soldataren arabera kalkulatuko dira.

8.–Ez da lanaldia murriztuko sei hilabete baino gutxiagoko aldi baterako, eskariaren arrazoia sei hilabete baino epe laburragoan bukatzen ez bada.

9.–Lanaldi murriztuaren aldia bukatu baino hilabete lehenago, haren luzapena eskatzen ahal izanen da, eta eskari-prozesuari hasiera berriz eman.

10.–Lanaldi murrizketen, eszedentzien eta odol bidezko bigarren mailara arteko ahaide bat zaintzeko baimenen kasuetan, Udalak aurreikuspen sozialeko sistemen kotizazioa ordainsarien %100ean mantenduko du. Halaber, jarraipen-batzordean aztertuko da 55 urtetiko gorako langileei gehieneko kotizazio hori egiteko aukera.

8.4.–Aparteko orduak.

Langileen ordezkariek eta Burlatako Udalak bere gain hartzen dute aparteko orduak ez egiteko konpromisoa, salbu eta indarrezko kasuetan edo behar adina denborarekin aurreikusi ezinezko arrazoiengatik lanaldi arrunta luzatzea ezinbestekoa denean Udalaren funtzionamendurako. Aparteko orduak egin behar izanez gero, honela konpentsatuko dira:

–Ordubete eta berrogeita bost minutu lanegunetan lan egindako ordubete bakoitzeko.

–Bi ordu igande edo jaiegunetan lan egindako ordubete bakoitzeko.

Irteteko ordutik kontaturik, hamaseigarren minututik aurrera aparteko ordu erdi baten moduan kontatuko da; berrogeita seigarren minututik aurrera aparteko ordubete gisa kontatuko da. Arau bera aplikatuko da ondorengo orduetan ere.

Lan zein jaiegunetako aparteko orduetan berriro lantokirako joan-etorria egin behar izanez gero, aparteko orduak gutxienez ere aparteko hiru ordubete bezala kontatuko dira.

Epaitegira, arrazoi profesional zilegien ondorioz, lan orduetatik kanpo joan behar izanez gero, aparteko bi ordubete bezala kontatuko da, gutxienez.

Langileen ordezkariei hiru hilean behin emanen zaie Udalean egindako aparteko ordu guztien berri. Egoera-orri horretan, egindako aparteko orduak eta bajen eta ordaindutako baimenen ondorioz gertaturiko gorabeherak azalduko dira.

Halaber, zerbitzu batean metaturiko aparteko orduak gehiegi direla egiaztatzen bada, plantilla handitzeari buruzko azterketa eginen da.

Aparteko orduen kopuruak, guztira eta astebetean, eguneko lanaldia gainditzen badu, eta zerbitzuaren beharren arabera, langileek konpentsazioa jasotzeko bide hauetako bat aukeratzen ahalko dute: dena orduetan, dena dirutan, edo orduen erdiari dagokiona dirutan eta gainerakoa orduetan.

8.5.–Oporrak.

Langileek, jardunean dauden urte oso bakoitzean, hogeita zazpi lan egunetako opor ordainduak izanen dituzte; bestela, lan egindako denbora gutxiago bada, proportzioan dagokiena emanen zaie oporretan.

Oporrak nahitaez urte naturalaren barnean hartuko dira. Nolanahi ere ere, oporrak hartzeko azken eguna hurrengo urteko urtarrilaren 6a izanen da. Oporren ordez ezin izanen da ordainsari ekonomikorik jaso, salbu eta jubilatu edo jardueratik gelditzen den kasuetan.

Ikastetxeetako langileek beren zentroko oporraldiekin batera hartuko dituzte oporrak, behar bezala justifikatutako zerbitzu beharrek kontrakoa agintzen dutenean izan ezik.

Langile batek gaixotasun-baja hartzen badu oporretan dagoela, ez dira oporrak etenen, salbu eta lau egun baino gehiagoko ospitaleratzea ekartzen duten istripu edo gaixotasunen kasuan, edo sendagilearen txosten batez gaixotasuna larri edo oso larritzat (ospitaleratu beharrarekin nahiz gabe) jotzen denean; azken hori, betiere, behar diren mediku-ziurtagiriekin eta baja agiriarekin egiaztatu beharko da. Kasu honetan amatasun baja ere sartuko da.

Halakoetan, oporren eteteak ospitalizazioa edo eritasuna hasten den lehenbiziko egunetik izanen du indarra.

Langileak lana uzten badu oporrak, bere kontuetarako baimen egunak, denbora konpentsazioak (aparteko orduak egiteagatik) edo hartzeko epemugarik ez duten baimen ordainduak hasi baino lehen, egun horiek gero hartuko dira, hain zuzen 18 hilabeteko epean haiek sortu zireneko urtea amaitzen denetik aurrera.

8.6.–Lan egutegia.

Abenduan, hurrengo urte osorako egutegiak prestatu, aurkeztu eta onetsiko dira, Udalaren menpeko zerbitzu edo departamentu guztietarako, lan egunak, ordutegi malgua, oporrak eta abar kontuan hartuta.

Egun ezarrita dauden ordutegi eta lan txandetan edozein aldaketa egiteko, bai eta atseden, opor eta onetsitako egutegietako aldaketetarako ere, aurretik langileen ordezkariekin negoziatu beharko da.

Txanda aldaketak ukitutako langileei jakinaraziko zaie 48 ordu lehenagotik, ezinbesteko kasuetan izan ezik, betiere errespetatuz, ahal izanez gero, txanden artean gutxienez ere 24 ordu egotea.

Txandak trukatzeko baimena emanen zaie zerbitzu bereko langileei, salbu eta zerbitzuaren funtzionamenduan gerta daitekeen kaltea behar bezala justifikaturik ez badago; justifikazio hori, betiere, interesatuei jakinarazi beharko zaie idatziz.

8.7.–Baimenak eta lizentziak.

8.7.1.–Baimenak.

Langileek, aldez aurretik eskatu eta justifikatuta, kasua bada, baimena dute lanera ez agertzeko, ondoren transkribatzen diren denboretan eta kasuetan.

Artikulu honek aipatzen dituen baimenak eskuratu nahi dituzten langileek haiek eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzeari buruzko egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkiote organo eskudunari.

1.–Seme-alaba bat jaiotzeagatik: 5 egun, baina erditze multiplea izanez gero, bi egun gehiago ume bakoitzeko bigarrenetik aurrera. Baimena jaiotzaren egunetik beretik edo amak osasun zentroan sendagilearen alta hartzen duen egunetik aurrera hartzen ahal izanen da, baldin eta hori zerbitzuaren betebeharrekin bateragarria bada.

2.–Ezkontidearen, bizikidearen eta lehenengo graduko odol-ahaideen heriotzagatik lau egun, Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bost egun Nafarroatik kanpo izanez gero. Gertaera eragilea gertatu eta biharamunetik aurrera izanen da baimena.

3.–Lehen graduko ezkontza-ahaideak edo anai-arrebak hilez gero, hiru egun, Foru Komunitatean izanez gero, eta lau egun Nafarroatik kanpo. Gertaera eragilea gertatu eta biharamunetik aurrera izanen da baimena.

4.–Ezkontidea edo bizikidea eta lehen mailako odol bidezko ahaideak ospitaleratzea bost egunean, gutxienez, edo sendagilearen irizpenaren arabera gaixotasuna larria edo oso larria izanez gero (ospitalera eraman beharra izan edo ez): lau egun, Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bost egun, Nafarroatik kanpo izanez gero.

Ospitaleratzea 30 egunetik gorakoa bada, beste egun bat gehituko zaie aurreko lerroaldean ezarritakoei Nafarroan bada, eta bi ospitaleratzea foru lurraldetik kanpo bada.

5.–Iraupen laburragoko eritasun edo ospitaleratzeen kasuan, edo sendagilearen irizpena pronostiko erreserbatuarena edo ez horren larriarena denean, ordaindutako baimena egun batekoa izanen da gertaera Foru Komunitatean izanez gero eta bi egunekoa Nafarroatik kanpo gertatuz gero.

6.–Egun bateko baimen ordaindua emanen da 2., 3., 4. eta 5. ataletan ezarritako arrazoi berengatik, atal horietan aurreikusi gabeko odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren gradua bitarteko ahaideen kasuan, baldin eta gertakaria Nafarroako Foru Komunitatean izaten bada; bi eguneko baimena emanen da, berriz, gertaera Nafarroatik kanpo izaten bada.

7.–Aurreko bi idatz-zatietan aurreikusitako gaixotasun edo ospitaleratzeen kasuan, ordaindutako baimeneko kasuan kasuko lan egunak, gertakaria hasi zen eguna kontuan hartuta, gertakariak irauten duen guztian erabili ahal izanen dira, baldin eta hori zerbitzuaren betebeharrekin bateragarria bada.

8.–Bi eguneko baimen ordaindua emanen da ezkontideari, bizikideari, seme-alabei edo gurasoei kirurgia handi anbulatorioko ebakuntzaren bat egin behar izanez gero. Kasu horietan, kirurgia anbulatorio handitzat hartuko dira eriak ebakuntzaren egun berean etxera itzultzen diren prozedura kirurgikoak, zein ere anestesia mota aplikatu zaien eta ebakuntzak zenbat ere iraun duen.

Beste egun bat emanen da ezkontideari, bizikideari, seme-alabei edo gurasoei egin behar zaien kirurgia handi anbulatorioa Nafarroatik kanpo egin behar bada.

9.–Aldairagatik, egun bat.

10.–Bederatzi hilabete baino gutxiagoko haur baten guraso diren langileak egunean ordubetez atera ahal izanen dira lanetik. Aldi hori ordu erdiko bi zatitan hartzen ahalko da edo, bestela, lanaldia ordubete murriztu hasieran edo bukaeran. Aukera hori aparteko egoeretan eta arrazoiak emanda baizik ezin izanen zaio ukatu langileari, hain zuzen ere zerbitzuaren funtzionamenduan kalte handia egin dezakeenean. Interesatuak eskatuta, haurrari esnea emateko baimena amatasun baimenari gehitzen ahalko zaio eta 3 astez luzatu.

Aurreko lerroaldeko baimenaz ezin izanen da baliatu, ezkontidea xede bererako baimenaz baliatu den kasuetan, bere kontura nahiz besteren kontura lan jarduerarik ez duen ezkontidea duten langileak, salbu ama gaixorik egon eta seme-alaba zaintzeaz arduratzerik ez badu.

11.–Baimen ordainduak ematen ahalko dira saihestu ezin daitekeen betebehar publiko edo pertsonal bat betetzeko behar den denborarako, bai eta eginkizun sindikaletan, prestakuntza sindikalean edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko ere, Langileen Estatutuari buruzko martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa deusetan galarazi gabe.

12.–Aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera, Europako Parlamentuko kide izateko, Gorte Nagusietako diputatu edo senatari karguetarako, Nafarroako Parlamentuko kide izateko edo beste edozein autonomia erkidegotako legebiltzarretako kide izateko eta udalbatzetako kide izateko hauteskundeetan hautagai aurkezten direnak zerbitzua ematetik libratzen ahal izanen dira hauteskunde kanpainak irauten duen guztian, behar den ordaindutako baimenaren bitartez; betiere, interesatuak eskaria egin beharko du.

13.–Ordaindutako baimenak eman ahal izanen zaizkie langile emakumezkoei erditu aurreko azterketetarako eta prestaketa teknikei buruzko ikastaroetara joateko, baldin eta lanaldia bitartean egin beharrekoak badira.

14.–Urtean zehar, langileek eskubidea izanen dute bere kontuetarako gehienez ere hiru baimen egun, ordainduak, hartzeko, aurreko artikuluetan ezarritakoez bestelakoak. Egun horiek ezin izanen zaizkie inoiz ere erantsi urteko opor ordainduei. Egun horietaz baliatzeko datak zerbitzuaren betebeharren arabera finkatuko dira.

15.–Odol emaileek, odola eman behar duten egunean, horretarako behar den denbora izanen dute, betiere, aldez aurretik justifikatuta.

16.–Halaber, erabaki da baimen ordaindua ematea 16 urtetik beherako haurrei kontsulta medikora laguntzen behar dieten langileei, betiere zita medikoa langilearen egun horretako lanaldiaren barruan bada. Horretarako behar den denbora emanen da.

8.7.2.–Ordaindutako lizentziak.

1.–Azken azterketetara eta ikastetxe ofizialetako gainerako gaitasun eta ebaluazio probetara aurkezteko lizentzia ordainduak ematen ahalko dira, bai eta administrazio honetako edo beste bateko oposizioak egiteko ere.

Aurreko idatz-zatiak aipatzen dituen lizentziak emateko, ukituriko langileek beren departamentu edo erakunde autonomoko organo eskudunari azterketa edo proba horiek egin izanari buruzko egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkiote.

2.–Ezkontzegatik edo izatezko bikoteen erregistroan izena emateagatik: hamabost egun natural, opor arruntei gehitzen ahal izanen zaizkienak. Ezkontza edo izatezko bikotearen biltzea justifikatzeko, departamentuko edo erakunde autonomoko behar den organo eskudunari, Familia Liburua edo Erregistro Zibilaren nahiz bateratze zibilen udal erregistroaren egiaztagiria aurkeztu beharko zaio.

3.–Langile emakumezkoek, erditzearen kasuan, amatasunarengatiko lizentzia batez baliatzeko eskubidea izanen dute: etenik gabeko hamazazpi aste izanen dira; erditze anizkoitzen kasuan beste bi aste gehituko dira ume bakoitzeko bigarren umetik aurrera. Lizentziaren aldia interesdunak hautatzen duen moduan banatuko da, baina erditzearen ondoko lehenbiziko sei asteak beti amak hartu beharko ditu; aita gainerako denbora guztiaz edo, kasu bada, lizentziatik gelditzen denaz baliatzen ahal izanen da ama hiltzen bada.

Amatasunarengatiko lizentziarako eskaerari ginekologoaren txostena erantsi beharko zaio; hartan egiaztatuko du haurdunaldia ehun eta laurogei egunetik gorakoa izan dela. Halaber, lizentzia horretaz baliatzen zein egunetan hasi nahi den adieraziko da eskaeran.

Erditzearen data justifikatzeko, departamentuko edo erakunde autonomoko behar den organo eskudunari familia liburua edo Erregistro Zibilaren ziurtagiria aurkeztu beharko zaio.

Aurrekoa gorabehera, eta erditu ondoko sei asteak amak atsedenerako hartu beharra galarazi gabe, bai aitak eta bai amak lan egiten badute, amak amatasuneko atsedenaldia hastean erabakitzen ahalko du haurra izan ondoko baimen denboraren zati jakin eta jarraitu bat aitak har dezakeela, amarenaren aldi berean edo ondoren, baldin eta amaren osasunerako arriskurik ez badakar tarte horretan lanera itzultzeak.

4.–Adopzio kasuetan edo adopzioaren aurreko harrera nahiz harrera iraunkorreko kasuetan, baldin eta sei urte baino gutxiagoko haurrak hartzen badira, baimenak etenik gabeko hamazazpi aste iraunen du; denbora hori beste bi astez luzatzen ahal izanen da seme-alaba bakoitzarengatik adopzio edo harrera anitzaren kasuan; denbora hori langileak hautatzen duen moduan kontatuko da, harreraren erabaki administratibo edo judizialaren unetik aurrera nahiz adopzioa egiteko ebazpen judizialetik aurrera. Baimenaren iraupena hamazazpi astekoa izanen da, sei urte baino gehiagoko adingabeak hartuz gero, baldin eta adingabe ezgaitu edo minusbaliatuak badira edo inguruabar edo esperientzia pertsonalengatik nahiz atzerritik datozelako, gizarteratzeko eta familian integratzeko zailtasun bereziak badaude; hori guztia, betiere, gizarte zerbitzu eskudunek egiaztatu beharko dute. Aitak eta amak lan eginez gero, baimena interesdunek hautatzen duten moduan banatuko da, eta aldi berean nahiz bata bestearen ondoren baliatzen ahal izanen dira hartaz, betiere etenik gabeko aldietan.

Nazioarteko adopzio kasuetan, gurasoek adopzioan hartuko duten haurraren jatorrizko herrialdera joan beharra dutenean, adopzioari buruzko ebazpena eman baino lau aste lehenagotik hasi ahal izanen da aurreko lerroaldeko kasu bakoitzerako aurreikusitako lizentzia.

5.–Atseden aldiak batera bi gurasoek hartuz gero, haien baturak ezin izanen du gainditu aurreko idatz-zatietan aurreikusitako hamazazpi asteko kopurua, edo erditze anitza izanez gero dagokien kopurua.

8.7.3.–Norberaren kontuetarako ordaindu gabeko lizentziak.

Norberaren kontuetarako ordaindu gabeko lizentziak ematen ahalko zaizkie lan-kontratudun finkoei; haien iraupenak ez du inoiz ere ondokoa gaindituko: bi urte naturalez behin bost hilabete.

Aurreko artikuluan jasotako lizentziak emateko, ondoko arauak bete beharko dira:

1.–Eskarietan arrazoia eman beharko da.

2.–Lanean egon bitartean pilatutako oporrak gastatzea ez da lizentzia hau eskatzeko ezinbesteko baldintza izanen.

3.–Lizentzia ematea, betiere, zerbitzuaren betebeharren mende egonen da, salbu eta eskatzailea jada ordezkaturik badago lizentziaz baliatzen hasi baino lehen.

4.–Lizentzia ukatzeko, kasua bada, dagokion departamentu edo erakunde autonomo eskudunak arrazoiak eman beharko ditu.

5.–Ordaindu gabeko lizentziaren aldiak ez du oporretarako eskubiderik sortuko, ez eta, beraz, kontuan hartuko ere egin beharreko ordainsarien deskontua, salbu eta oporrez jada baliatu bada.

8.8.–Eszedentziak.

1.–Borondatezko eszedentzia deklaratzea, lan-kontratudun finko batek eskatuta, bidezkoa izanen da ondoko kasuetan:

a) Edozein administrazio publikotako kidego edo eskala batean jarduneko egoerara aldatzeko edo udalaz besteko administrazio baten menpeko nortasun juridiko propioko erakunde autonomo edo entitateetan zerbitzu emateko.

b) Alderdi politikoetan edo erakunde sindikal edo profesionaletan zuzendaritza karguetan aritzeko, baldin eta kargu horietan aritzea eta funtzio publikoan lan egitea bateragarriak ez badira.

c) Langilearen interes partikularrarengatik, jatorrizko lanpostua gordez aurreneko urte eta erdian, baldin eta zerbitzuaren betebeharrek horretarako bidea ematen badute eta interesatuak kreditatzen badu jardunean, edo harekin parekaturiko beste egoera batean, aritu dela gutxienez ere eskaria aurkeztu aurreko urtean.

Egiaztatutako arrazoiak salbu, pertsona bat kontratatuko da eszedentziak betetzeko.

Eszedentzia eskarietan baloratuko da eskatzen direnek eragin sakonik ote duten lan arloren batean; haiek ematea gehienez ere hilabetez atzeratuko da.

Borondatezko eszedentziak ez du denbora mugarik izanen, hura ematen den kasu guztietan.

Behar bezala justifikaturiko kasuetan izan ezik, borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izanen dute jardunera itzultzeko eskatu egoera horretan urtebete egin arte. Behin lanera berriz sartzeko erabakia hartu ondoren, hilabeteko epean egin beharko da hori. Hala egiten ez bada, langileak galdu eginen du langile izaera.

Borondatezko eszedentzian dauden langileek lortutako maila, gradua eta antzinatasuna gordeko dituzte, baina ez dute eskubide ekonomikorik sortuko eta ez zaie kontatuko, inongo ondorioetarako, egoera horretan eman duten denbora.

Eszedentzia arrazoitutako idatzi batez eskatuko da; idatzia Udaleko Giza Baliabideen Departamentuan aurkeztu beharko da, eta harekin batera eskaria justifikatzeko egoki jotzen diren agiriak ere aurkeztuko dira.

2.–Eszedentzia berezia deklaratzea, lan-kontratudun finko batek eskatuta, bidezkoa izanen da ondoko kasuetan:

–Seme-alaba bakoitza zaintzeko, naturalak zein adoptatuak. Guraso biek lan egiten badute, eskubide horretaz haietako bat baizik ezin izanen da baliatu. Kasu guztietan, eszedentzia hartzeko, funtzionarioak aitortu beharko du bitartean ez duela beste jarduera profesionalik edo lanik egin behar. Ondoko jaiotzek eszedentzia epe berrietarako eskubidea emanen dute eta lehendik hartutakoari bukaera emanen diote, horrelakorik bada.

–Etxean pertsona adintsu ezindu edo eri hilurren bat, odolbidez nahiz ezkontzaz bigarren gradurainoko ahaidea dena, zaindu behar izatea.

Eszedentzia berezia gehienez hiru urtekoa izanen da, umearen jaiotzetik hasita, betiere horretarako hartu bada.

Eszedentzia berezian dauden langileek jatorrizko lanpostua gordetzeko eskubidea izanen dute, baina ez dute eskubide ekonomikorik sortuko. Dena den, antzinatasunaren eta eskubide pasiboen ondorioetarako, egoera horretan ematen duten aldi osoa aintzat hartuko zaie.

9. artikulua. Ordainsariak.

Langileen ordainsariei (oinarrizko soldata gehi osagarriak) dagokienez, automatikoki aplikatuko dira Nafarroako Gobernuak bere langileen soldatak, maila eta lansari osagarriak ezartzeko erabiltzen dituen irizpideak.

Nafarroako Gobernuak bere langileen soldatak finkatzeko sinatutako akordioen ondoriozko soldata igoerak, akordio honetara aplikatutakoak, hurrengo urteko aurrekontuen kargura ordaintzen ahalko dira, aurrekontuak onetsi baino lehenago eta betiere martxoaren 31 baino lehenago.

Lanaldia murrizteko kasuetan, lansaria egun dauden ordainsarien (oinarrizko soldata, aparteko ordainketak, bosturtekoak, osagarriak, sariak, oporrak eta abar) edo etorkizunean ezar daitezkeenen proportzioan kobratuko da. Familia laguntza osorik ordainduko da.

E mailaren ehuneko 3ko laguntza ekonomikoa ezartzen da ondoko baldintza guztiak betetzen dituzten seme-alabak dauzkaten udal honetako lan-kontratudunentzat:

–18 urte baino gehiago izatea eta 23 baino gutxiago.

–Langilearekin bizitzea.

–Gizarte Segurantzan altan ez egotea edo langabezian egotea.

–Inolako diru-sarrerarik ez izatea.

Laguntza hori behin bakarrik, urtea bukatutakoan, kobratuko da, interesdunek aipatu baldintzak betetzen dituztela justifikatu ondoren. Aurreko baldintzak urtebetean gertatzen ez direnean, laguntza hilabete kopuruaren proportzioan ordainduko da, laguntza jasotzeko eskubidea sortzen den egunaren hurrengo hilabete naturalean hasi eta hura jasotzeko eskubidea bukatzen den hilabetean bukatuta.

Lan-kontratudunei, seme-alabarik adoptatzekotan, seme-alaba naturalen kasurako ezarritako onura berak aitortzen zaizkie.

Lan-kontratudunak funtzionarioekin parekatuko dira ekonomikoki antzinatasun kontzeptuari dagokionez, hau da, antzinatasunean (bosturtekoa) eta graduan.

Arriskuaren osagarria onartzen zaie Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileei, beste zerbitzu batzuetan aplikatzen den ehuneko berarekin (oinarrizko soldataren %10).

10. artikulua. Familia laguntza.

1.–Familia laguntza dela eta, urteko kopuru bat ordainduko zaie lan-kontratudunei, dauzkaten familia inguruabarren arabera; Nafarroako Gobernuko “E” mailaren hasierako soldatari ondoko ehunekoak aplikatuz kalkulatuko da:

a) Diru-sarrerarik gabeko ezkontideagatik: %3,50.

b) Ezkontidearengatik, epaile baten erabakiz pentsioa ordaintzeko beharra ezarrita dagoenean: %3,50.

Pentsioa laguntzaren diru kopurua baino txikiagoa balitz, laguntza haren berdina izanen litzateke.

c) Langilearekin bizi den seme-alaba adingabe emantzipatu gabe bakoitzeko: %3.

Langilearekin bizi eta ekonomikoki haren mende dagoen aurreko ahaide bakoitzeko edo anai-arreba adingabe emantzipatu gabe bakoitzeko, ez aitarik ez amarik ez duen umezurtza bada: %3.

d) Seme-alaba minusbaliatu fisiko nahiz psikiko bakoitzeko: %15.

2.–Aurreko atalean ezarritakoa aplikatzean ateratzen den kopurua handitu eginen da, langilearekin bizi diren seme-alaba adingabeen kopuruaren arabera, portzentaje hauetan:

3 eta 5 seme-alaba bitarte: %30.

6 eta 8 seme-alaba bitarte: %35.

8 seme-alaba baino gehiago: %40.

Familian gertatzen diren aldaketa guztiak Administrazioari jakinarazi beharko zaizkio gertatzen diren unean.

Artikulu honetan ezarritako ondorioetarako, ezindutzat hartuko dira jaiotzetik edo lan istripuaren ondorioa ez diren arrazoiengatik atal hauetakoren batean sartzerik dutenak:

a) Itsuak, 20/200etik beherako ikusmena bi begietan, ebakuntza egokia egin ondoren.

b) Gormutuak eta gor larriak, 75 dezibeliotik gorako belarri zolitasunaren galerarekin.

c) Goiko zein beheko gorputz-adarretan ezintasuna dutenak edo haien zati bat edo beso bat edo hanka bat falta zaiena. Ondorio horietarako, eskua eta oina parte oinarrizkotzat hartuko dira.

d) Paraplejiko, hemiplejiko eta tetraplejikoak.

e) Oligofrenikoak, 0,70etik beherako adimen koefizientearekin.

f) Garun-paralitikoak.

g) Aurreko ataletan ez agertu arren, atal horietako kalte, gabezia edo minusbaliotasunen antzekoak dituztenak, baldin eta lan egitea erabat oztopatzen badiete.

Organo eskudunak zehaztuko du aurretik aipatutako arrazoiek eragindako minusbaliotasuna zein den, aldez aurretik Nafarroako Gobernuak horretarako izendatzen duen organo epaitegi medikoaren aztertu ondoren.

11. artikulua. Prestakuntza.

1.–Lanbide Heziketa.

Udalak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin elkarlanean, langileentzako prestakuntza plan bat eginen du. Sindikatuek parte hartuko dute eta urtero eguneratuko da.

Langileei bere lanpostuarekin lotura duten ikastaroei buruzko informazioa emanen zaie.

Lanbide prestakuntzako eta hobekuntzako ikastaroetara joateko, hala Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nola beste erakunde nahiz entitateek antolatuak, ordaindutako baimenak ematen ahal dira, baina gehienez ere berrogeita hamar ordu urtean, honako irizpide hauei jarraikiz:

A.–Zerbitzuko beharrak, kontuan hartuz bereziki alde egin duen langilearen ordez beste bat jarri beharko den ala ez.

B.–Prestakuntza ikastaroko edukiek langileak duen lanpostuarekin edo lanbide karrerarekin duen lotura.

C.–Nolabaiteko oreka mantendu beharra kasuko unitateko langileen artean prestakuntza ikastaroak hartzeari dagokionez.

Osorik edo zati batean lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da ordu edo diru konpentsaziorik izanen. Langilea Udalaren aginduz joaten denean ikastaroa egitera, orduan bakarrik kontatuko zaizkio ordu horiek lanordu gisa, lanaldiaren urteko konputuaren ondorioetarako, eta zerbitzua dela-eta, egindako gastuengatik kalte-ordainak kobratzeko eskubidea izanen du.

Ikastaro bat egin nahi duten langileek gutxienez 20 egun lehenago eskatu beharko dute, denbora hori behar baita zerbitzua antolatzeko. Eskabidearekin batera burutzaren txostena, aldekoa zein kontrakoa, aurkeztu beharko dute. Agiriak aztertutakoan, alkateak ikastarorako baimena eman edo ukatuko du.

Langileak bere gain hartzen du ikastaroetara joan izanari buruzko ziurtagiriak aurkezteko konpromisoa, bai eta ikastaro horietan aprobetxamendu ona izatekoa ere.

4.000 euroko kontu-sail bat sortuko da, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jasotzen ez duten prestakuntza jardueretarako.

Batzorde bat sortuko da Udalaren prestakuntza planak ebaluatzeari begira.

2.–Euskara.

Euskara ikastaroetara doazen langileentzako ordu konpentsazioa Nafarroako Gobernuak indarreko legeen arabera ezarritakoa izanen da.

12. artikulua. Osasun laguntza.

1.–Urtero osasun azterketa bat eginen zaie nahi duten langile guztiei (lehenbiziko hiruhilekoan, ahal dela), eta langile guztiei osasun azterketa bat lanera sartzen direnean. Halaber, aparteko kasuetan ere osasun azterketak eginen dira.

Osasun laguntzari dagokionez, hona erabakitakoa:

–Aldi baterako lan ezintasuneko lehenbiziko 18 hilabeteetan, ordainsarien ehuneko ehun ordainduko da.

–Mediku gastuak pagatzeko laguntzak, 1. eranskinean ezarritakoari jarraikiz.

–Burlatako Udalaren langileen gaixo-agiriak Nafarroako Osasun Zerbitzuak kudeatuko ditu.

–Udalak aseguru-mutua bat kontratatuko du lan istripuen agiriak kudeatzeko.

2.–Osasun azterketak lanpostuaren ezaugarrietara eta langilearen adinera egokituko dira. Azterketak egin baino lehen, Udaleko langileen legezko ordezkariei azterlan bat aurkeztuko zaie egin beharreko probei buruz.

3.–Lan arriskuen prebentzioko azterlana eginen da haurdunentzat arriskutsuak izan daitezkeen lanpostuei buruz. Arloko teknikarien aburuz atzemandako arriskuagatik langilea beste lanpostu batera aldatu behar bada, gutxienez jatorrizko lanpostuaren baldintza ekonomiko berekin eginen da, betiere kasuan kasuko beharra asetzen duen lanpostu huts bat badago.

13. artikulua. Onura ekonomikoak.

1.–Aurrerakinak.

30.000 euroko funts bat izanen da aurrerakinak emateko, eta urtero berrituko da, Udalaren egoerak eta aurrekontuak horretarako bide ematen duten neurrian.

1. Aurrerakinak interesik gabe itzuliko dira, eta jardunean dauden lan-kontratudun guztiek eskatzen ahal izanen dituzte.

2. Aurrerakinen batzordeak emanen ditu aurrerakinak, honako hauen arabera: eskatzailearen inguruabar pertsonalen balorazioa, eskatutako zenbatekoa eta eskaera justifikatzen duten arrazoiak. Mailegu bakoitzaren zenbatekoa 5.000 eurokoa izanen da gehienez.

3. Aurrerakina jasotzeko eskaera aurrerakinen batzordera igorriko da, eskatzailearen aburuz eskaera justifikatzen duten ziurtagiriekin batera. Nahi diren hilabeteko kuota eta itzultzeko epea adieraziko dira eskaeran.

4. Hona aurrerakinen batzordea osatuko duten bost kideak: alkatea (edo berak berariaz eskuordetzen duen zinegotzia), batzordeburu arituko dena; Udaleko giza baliabideen zuzendaria; eta langileen hiru ordezkari. Aipatu organoak kapitulu honetako laguntzak banatzeko arrazoiak, zenbatekoak eta baldintzak ezarri eta ebaluatuko ditu. Nolanahi ere, oinarrizko baldintza hauek eskatu behar dira:

a) Urtebeteko edo hortik gorako antzinatasuna duen lan-kontratuduna izatea.

b) Aurrerakinak itzultzeko epea gehienez ere 36 hilabetekoa izatea.

5. Hiru hilabeteko epean, dirua eskatu zen helbururako erabili dela justifikatu ez bada, nominatik atxikiko zaio eskatzaileari, legez ezarritako gehieneko diru kopurua, soldata aurrerakin osoa kitatu arte.

6. Ezin izanen da aurrerakin gehiagorik eskatu, aurretik emandakoa guztiz itzuli arte.

7. Eskatzailea hiltzen bada, ezkontideak, izatezko bikoteak, aurreko edo ondorengo ahaideek edo bidezko jaraunsleek beretzat hartuko dituzte hildakoari dagozkion eskubide eta betebehar guztiak aurrerakina erabat itzuli arte.

2.–Gastu profesionalak.

Udalak bere gain hartzen du lanpostu bat eskuratzeko gidabaimena eskatu zaien langile guztien gidabaimena berritzeko gastuak ordaintzeko konpromisoa, bai eta baldintza bezala ez eskatu arren, halakoa edukitzea beharrezkoa den lanetan aritzen direnen gastu berak ere. Berritzeko gastuek organo eskudunaren kostu ofiziala baizik ez dute hartzen, eta ez beste batzuk: gestoriaren komisioak, gainkarguak, zehapenak eta abar.

3.–Nominen aurrerakinak.

Udaleko langileei nominaren ordainketa aurreratzen ahalko zaie baldin eta ondokoak betetzen badituzte:

1. Eskaerak hilabete bakoitzeko 15a baino lehen aurkeztuko dira.

2. Ordura arte sortutako soldataren %75a bitarte aurreratzen ahalko da.

3. Hilabete bakoitzean eskaera bakarra baimenduko da.

4. Alkateak, dagokion burutzaren txostena aztertu ondoren, nomina lehenago ordaintzeko baimena eman edo ukatuko du.

14. artikulua. Babesa eta segurtasuna.

1.–Istripu-asegurua.

Aseguru bat mantenduko da istripuen ondoriozko heriotza kasuetarako eta ezintasun iraunkor osoko edo absolutuko kasuetarako, lanekoak izan edo ez. Aseguruak eguneko 24 orduetarako balioko du eta 60.000 euroko hasierako estaldura izanen du, nahiz eta %225 bitarte handitzen ahalko den istripuaren ondorioen arabera. Aseguru horrek ez du inongo langilerik baztertuko. Sindikatuetako ordezkariei polizaren baldintzen eta estalduren kopia gaurkotua banatuko zaie.

2 –Bizi asegurua.

Bizi aseguru bat mantenduko da, 28.000 euroko estaldurarekin. Aseguru horrek ezin izanen du baztertu udalean jarraian gutxienez urtebete eman duen langilerik. Sindikatuetako ordezkariei polizaren baldintzen eta estalduren kopia gaurkotua banatuko zaie.

Aseguru estalduraren ordainketa udalaren erantzukizuna izanik langileren bat bizi asegurutik baztertuta gelditzen bada, udalak langile bati pagatuko dio urtero, eta inoiz ez dira 2 urte baino gehiago igaroko estaldura osorik ordaindu gabe. Horretarako, udalak aurrekontuetan finkatuko du behar den zenbatekoa.

3.–Udaleko langileen aurkako eraso edo atentaturik gertatuz gero, Udala epaitegietara akusazio partikular gisa aurkeztuko da.

4.–Udalak, aurrekontuen kargura eta Udalak legelari bat izendatuta, laguntza juridikoa emanen die edozein eratako prozesu judizialetan dauden langileei, baldin eta epaitzen diren egitateak beren eginkizunen aritze erregular, zilegi eta profesionaletatik eratorri badira.

5.–Udalaren ibilgailuak gidariak eta ibilgailuko gainerako bidaiariak babesteko polizen bitartez egonen dira aseguratuta, eta ibilgailuen ikuskapen teknikoa pasatuta eduki beharko dute.

6.–Prebentzio integral, integratu eta integratzailerako plan bat egin eta mantenduko da, eta horretarako lan osasunaren, medikuntzaren eta lan higienearen arloko aholku batzorde bat sortuko da, lan arriskuen prebentzioaren arloan indarra duten legeak betetzeko, eta Segurtasun eta Osasun Batzordea ere sortuko da.

7.–Erantzukizun zibileko aseguru bat mantenduko da, langileek beren eginkizunen betetze zuzenean ustez sortu ditzaketen kalteetarako.

15. artikulua. Lan-kontratudun finkoek eta haien seme-alabek ikasteko laguntzak.

1.–Kontuan harturik hezkuntza nahitaezkoa eta doakoa dela 16 urte bete bitartean, laguntzak emanen dira ondoko ikasketetarako, ikasturte bakoitzerako aipatzen den zenbatekoak gehi KPIaren igoerak aplikatuta.

a) Haur eskolak eta haurtzaindegiak, Lehen Hezkuntza (OHO), DBHko 1. eta 2. maila: 100 euro.

b) Batxilergoa, LH1, LH2, DBHko 3. eta 4. maila: 160 euro.

c) LH3, hizkuntza eskolak, unibertsitate eskolak eta akademiak (ikasketa ofizialak): 300 euro.

d) Hizkuntza eskolako matrikula: %100.

e) Iruñean egin beharreko unibertsitate ikasketak: 360 euro.

f) Iruñetik kanpo egin beharreko unibertsitate ikasketak (ikasi beharrekoa Iruñean ikasteko aukerarik edo tokirik ez dagoenean): 900 euro.

g) Hezkuntza Berezia (21 urte bitarte): %100.

h) Hezkuntza Berezia: 21 urtetik aurrera eta hasitako ikasturtea bukatu artean, 25 urte betetzean, gehienez ere 3.000 euro ordainduko dira “laguntza soziala” kontzeptupean, ikasketak egiteko laguntzen ehunekoei loturik; Gizarte Zerbitzuen Arloaren adostasun txostenaren bitartez justifikatuko dira.

2.–Laguntza hauek emateko baldintzak.

a) Aplikatzekoak diren ehunekoak, familia unitatearen guztizko diru-sarreren eta hura osatzen duten kide kopuruaren arteko zatiduraren arabera, ondokoak izanen dira:

4.000 euro bitarte: %100.

4.001 eurotik 5.000ra bitarte: %90.

5.001 eurotik 6.000ra bitarte: %80.

6.001 eurotik 8.000ra bitarte: %65.

8.001 eurotik 10.000ra bitarte: %50.

10.000 eurotik gora: %30.

b) Laguntza hauek Estatuaren eta Nafarroako Gobernuaren beken osagarriak dira (baldin eta beka horiek dena estaltzen ez badute).

c) Eskatzaileak aurretik Estatuaren eta Nafarroako Gobernuaren bekak eskatu beharko ditu, betiere.

d) Aipatu laguntzak aplikatzekoak izanen zaizkie OHO, DBH, Batxilergoa, LH1 eta LH2 lehenbiziko aldiz errepikatzen dutenei ere. Unibertsitate ikasketetan, karreran behin baizik ezin izanen da ikasturte bat errepikatu.

3.–Urteko eskolatze-errenta bat emanen da, 1.950 eurokoa, 4 urtetik 16ra arteko seme-alabaren bat duten Udaleko langileak hiltzen direnean.

16. artikulua. Jantziak:

Jantziak emateko baldintza orokorrak:

Urteko lehen hiruhilekoan eman beharko dira, betiere langileak erabiltzen dituen jantziak hondatuta badaude eta itzultzen baditu.

Halaber, zerbitzuan hondatutako jantziak berritu egin beharko dira, aurreko epeak kontuan hartu behar izan gabe eta jantzi horiek aurkeztu ondoren.

Dotazio elementuren bat hondatu delako berritu behar izanez gero, horren aldeko txostena eginen du dagokion nagusiak, egiazki zehaztu ahal izateko hondatze hori berez erabileraren poderioz, zahartu delako, edo zerbitzuan zehar gertaturiko istripu batengatik edo behar ez bezala erabili delako gertatu den egiaztatzeko.

Obretako langileentzako jantzi eta oinetakoen ekipamendua:

Anoraka: bi urtean bat.

Udako atorra: urtean bi.

Neguko atorra: urtean bi.

Txalekoa: urtean bat.

Galtzak: urtean bi.

Elastikoa: urtean bat.

Kazadora: urtean bi.

Galtzerdi lodiak: urtean hiru pare.

Galtzerdi finak: urtean hiru pare.

Botak: urtean pare bat.

Zapatillak: urtean bi pare.

Uretarako trajea eta botak, udako txanoa eta buru-berokia: hondatzen direnean.

Gizarte Ongizate Departamentuko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileentzako jantzi eta oinetakoen ekipamendua:

–Neguko denboraldia:

Anoraka: hiru urtean bat.

Txandala: urtean bat.

Kamiseta: urtean bi.

Oinetakoak: urtean pare bat.

Bata: urtean bat.

–Udako denboraldia:

Txandala: urtean bat.

Kamiseta: urtean bi.

Oinetakoak: urtean pare bat.

Mantalak egonen dira ordezko lanak egitera etortzen direnentzat.

Kirol Patronatuko, Kultur Patronatuko eta Ludoketako langileentzako eta etxezainentzako janzkera aurreko urteetan erabili duten bera izanen da.

17. artikulua. Udal instalazioen erabilera.

Baimena ematen zaie udal instalazioak erabiltzeko, Burlatako bizilagunek erabiltzen dituzten baldintza beretan, Udaleko lan kontratudun langile finkoei, haien ezkontideari edo izateko bikotekideari eta haien seme-alabei.

Halaber, Udalak eta Patronatuek antolatzen dituzten jardueretan eta Udala laguntzaile aritzen den jardueretan, Udaleko eta Patronatuetako langileak erroldatutzat hartuko dira ondorio guztietarako.

18. artikulua. Hutsegiteak eta zehapenak.

Lan-kontratudunen kontrako diziplina espedienteetan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Foru Dekretuko II. tituluko IX. kapituluaren 60-72 artikuluak eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Funtzionarioen Diziplina Araubideari buruzko Erregelamendua onesten duen ekainaren 12ko 117/1985 Foru Dekretua aplikatuko dira.

IV. TITULUA

Negoziazio prozesuaren artikulatzea

19. artikulua. Batzorde paritarioa.

Hitzarmen hau eta Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan xedatua interpretatu eta betetzerakoan sor litezkeen zalantzen gainean ebazteko, jarraipen-batzorde bat, paritarioa, sortuko da, zeinetan bi alderdiek hartuko baitute parte. Hitzarmena ulertu eta betetzean hasiera batean sor litezkeen gatazkak hortxe konponduko dira.

Negoziazio-mahaian udalbatza ordezkatzen dutenek jarraipen-batzorde paritarioko hiru kide izendatuko dituzte, eta enpresa batzordeko ordezkari sindikalek beste hiru, hitzarmen kolektiboaren negoziazioan parte hartu dutenen artetik.

Aholkulariek laguntzen ahalko diete bi alderdien ordezkariei, betiere lagundutako alderdiak beste alderdiari abisua eman badio. Eztabaidetan parte hartuko dute, hizpidearekin baina botorik gabe.

Batzorde paritario horrek alderdietako edozeinek eskaera formala aurkeztuta eginen du bilera, desadostasunak izaten direnean (banakakoak edo taldekakoak), hitzarmen honen nahiz Langileen Estatutuaren bidez esleitzen zaizkion gaien interpretazioaren edo betetzearen gainean. Ebazpen bat hartu beharko du zazpi eguneko epean.

Eskaera formala izateko, hitzarmena sinatu duten alderdietako bateko kide guztien sinadurak bildu beharko dira.

Planteatzen diren auziak bien adostasunez konponduko dira.

Hasiera batean akordiorik lortzen ez bada, eztabaidatutako auzia Nafarroako Lan Auzitegiaren menpe jar daiteke edo, alderdiek hala erabakitzen badute, borondatezko arbitrajearen menpe. Nolanahi ere, arbitrajea ez da loteslea izanen.

Desadostasuna Nafarroako Lan Auzitegiaren edo borondatezko arbitrajearen menpe jartzeko, bi alderdien arteko akordioa beharko da.

20. artikulua. Eskubide sindikalak.

Udalak bere gain hartzen du jarduera sindikala eta langileen ordezkaritza organoen lana bideratzeko konpromisoa, inolako oztoporik gabe; horretarako, haien esku jarriko dituzte behar dituzten baliabideak, aurrekontu ahalmenen arabera eta indarra duten legeei jarraituz.

Langileen ordezkariek hilabeteko 20 orduko kreditua izanen dute. Sindikatu sekzioek lan-kontratudunen batzordeko kideei dagozkien ordu sindikalak, sei hilabetekoak, metatzen ahal izanen dituzte, une bakoitzeko beharren arabera, eta sekzio barrenera nahi dituzten pertsonak izendatzen ahal izanen dituzte, haien behar handiagoa badute.

Akordio honen aplikazio eremuan sartzen diren lan-kontratudunek eskubidea dute beren enplegu baldintzak zehazten parte hartzeko, legean ezartzen den moduan, haien ordezkaritza organoen bitartez.

Langileen batzar edo bileretarako deiak egiten ahalko dira, langileen legezko ordezkaritzaren gehiengoak nahiz hartan ordezkaritza duen edozein sindikatuk eskatuta. Guztira 24 orduz bildu daitezke langileak urtean, deia egiten duena edozein delarik ere.

21. artikulua. Berdintasun plana.

Bi alderdiek erabaki dute Burlatako Udalerako onartu eta indarrean dagoen berdintasuneko barne plana berrikusi eta eguneratu behar dela.

Halaber, erabaki da plana, berrikusi eta haren eduki eguneratua adostu ondoren, eranskin eta zati banaezin gisa gehitzea Udaleko langileentzako akordio kolektiboei.

Sexu jazarpeneko egoeretarako protokolo bat definitu eta adostuko da. Udaleko berdintasun atalak egin eta proposatuko du, eta aipatu diren hitzarmen kolektiboei eranskin gisa gehituko zaie.

1. ERANSKINA

Osasun laguntza

Aurrekontuan lerro bat sortuko da langileen gastuak, Gizarte Segurantzaren kanpokoak, estaltzeko. Atal honetako laguntzak jasotzeko baldintza izanen da langileek udalean jarraian gutxienez urtebete ematea. Hona hemen laguntza horien gaineko arauak:

1. Ondoko kontzeptuak direla-eta emanen dira laguntzak: odontologia, betaurreko graduatuak, lentillak eta podologia.

2. Aurkeztutako fakturaren %60 ordainduko da, merkatuko prezioen arabera.

3. Laguntzek, urtean, ezin izanen dute langilearen mailaren araberako taulako zenbatekoa gainditu.

4. E maila: 1.000 euro, D maila: 800 euro, C maila: 600 euro, B maila: 500 euro, A maila: 400 euro.

5. Laguntza hauen onuradunak izanen dira langilea, 21 urte baino gutxiagoko seme-alabak eta ezkontidea edo izatezko bikotekidea, baldin eta bere kasa edo beste inoren kasa lanik egiten ez badu.

2. ERANSKINA

Baimenen eta lizentzien koadroa

SUBJEKTU

ERAGILEA

EZKONTIDEA EDO BIZIKIDEA

GURASOAK

SEME-ALABAK

ANAI-ARREBAK

LANGILEAREN AITON-AMONAK

LANGILEAREN BILOBAK

EZKONTIDEAREN GURASOAK

SEME-ALABEN EZKONTIDEAK

LANGILEAREN AITON-AMONAK

EZKONTIDEAREN ANAI-ARREBAK ETA ANAI-ARREBEN EZKONTIDEAK

Ahaidetasuna

Odol-ahaidetasuneko 1. maila

Odol-ahaidetasuneko 1. maila

Odol-ahaidetasuneko 2. maila

Odol-ahaidetasuneko 2. maila

Odol-ahaidetasuneko 2. maila

Ezkontza-ahaidetasuneko 1. maila

Ezkontza-ahaidetasuneko 1. maila

Ezkontza-ahaidetasuneko 2. maila

Ezkontza-ahaidetasuneko 2. maila

Gertaeraren tokia

Nafarroa

Nafarroatik kanpo

Nafarroa

Nafarroatik kanpo

Nafarroa

Nafarroatik kanpo

Nafarroa

Nafarroatik kanpo

Nafarroa

Nafarroatik kanpo

Nafarroa

Nafarroatik kanpo

Nafarroa

Nafarroatik kanpo

Nafarroa

Nafarroatik kanpo

Nafarroa

Nafarroatik kanpo

Nafarroa

Nafarroatik kanpo

Heriotza

4

5

4

5

4

5

3

4

1

2

1

2

3

4

3

4

1

2

1

2

5 egunetik gorako ospitaleratzea edo eritasun larri edo oso larria

4

5

4

5

4

5

3

4

1

2

1

2

3

4

3

4

1

2

1

2

5 egunetik beherako ospitaleratzea edo eritasun erreserbatu edo ez horren larria

1

2

1

2

1

2

1

2

0

0

0

0

1

2

1

2

0

0

0

0

Kirurgia anbulatorio handia

2

3

2

3

2

3

0

0

0

0

0

0

0

0

0

0

0

0

0

0

Seme-alaba bat jaiotzea: 5 egun, jaiotzaren egunetik beretik edo amak ospitalean sendagilearen alta hartzen duen egunetik aurrera, baldin eta hori zerbitzuaren betebeharrekin bateragarria bada.

Erditze multiplearen kasuan, 2 egun gehiago emanen dira haur bakoitzeko, bigarrenetik aurrera.

Odol-ahaidetasuneko 1. mailako ahaide bat eritasun larri edo oso larri batengatik ospitaleratzea 30 egun baino gehiago: egun bat gehiago Nafarroan ospitaleratzen badute, edo bi egun Nafarroatik kanpo bada.

Xedapen gehigarria.–Zerbitzuaren betebehartzat hartuko dira ezin aurreikus daitezkeen inguruabarrek sorturiko aparteko egoerak; beraz, departamentuetako lan egutegiak prestatzerakoan kontuan ezin har daitezkeenak.

Azken xedapena.–Akordio honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta, ondorio ekonomikoei dagokienez, atzeraeraginez, 2013ko urtarrilaren 1etik aitzina aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F1408276