139. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1463/2014 EBAZPENA, uztailaren 3koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak ematea arautzen duena, 25 urtetik beherako langabeak kontratatzeagatik, edo 30 urtetik beherakoak %33ko desgaitasuna edo handik gorakoa aitortua baldin badute.

Nafarroako Gobernuko kezkarik handienetakoa da 25 urtetik beherakoen langabezia tasa murriztea. Horretarako, Gazte Enplegurako Programa bat prestatu du, Europako Gizarte Funtsaren Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren barnean. Programa horren ekimenerako hiru ardatzek laguntzen dute lanbide prestakuntza hobetzen, kontratazioa sustatzen eta kolektibo horren banan banako orientazioa lortzen, enplegu tasa hobetzeko. Kontratazioa sustatzeko neurrien artean sartzen da tokiko entitateek langabe gazteak kontratatzeko diru-laguntzak ematea, deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen xedea alegia. Programa horien barnean kokatzen da, eta Europar Batasuneko Gazteen Enplegurako Ekimenak eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatzen dute.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, besteak beste, deialdia eta haren oinarriak ezarri behar dira. Bidezkoa da, beraz, diru-laguntza hauen deialdia onestea 2014rako.

Foru lege horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.

Nafarroako Gobernuak, 2014ko ekainaren 25ean egin bilkuran, erabaki zuen Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen banan banakako ebaluazioaren araubidea onartzea 25 urtetik beherako langabe gazteak kontratatzeagatik; izan ere, diru-laguntzaren gertaera eragilea berdina da kasu guztietan: gazte horiek kontratatzea haien enplegugarritasuna hobetzeko eta haien laneratzea errazteko.

Azaldutakoarekin bat, eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen deialdia onestea 25 urtetik beherako langabeak kontratatzeagatik, edo 30 urtetik beherakoak %33ko desgaitasuna edo handik gorakoa aitortua baldin badute.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean jasoak, onestea.

3. 355.948,66 euroko gastua baimentzea, 2014ra luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuetako “Enplegu plana. Interes sozialeko obra edo zerbitzuak egiteko kontratazioetarako diru-laguntzak. EGF” izeneko 15100 170001 4609 241100 kontu-sailaren kargura. 4739 zenbakia du biltoki zentralean eta PEP E-14/000102-3 elementu zenbakia.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen kontra zilegi izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2014ko uztailaren 3an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea, jarduteko eremua eta finantzazio iturriak.

1. Deialdi honen xedea da baldintzak eta betekizunak arautzea Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen deialdian, 25 urtetik beherako langabeak kontratatzeagatik, edo 30 urtetik beherakoak %33ko desgaitasuna edo handik gorakoa aitortua baldin badute. Horretarako, diru-laguntzak emanen dira hein batean pertsona horiek kontratatzearen ondoriozko lan kostuetarako. Kontratazioak 6 hilabetekoak izanen dira gutxienez, eta lanaldia, berriz, %50ekoa gutxienez.

2. Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

3. Deialdi hau Gazteen Enplegurako Programa Operatiboaren barnean sartzen da, zein Gazteen Enplegurako Ekimenak eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatzen baitute 2014-2020 eperako.

2.–Entitate onuradunak eta haien betekizunak.

1. Diru-laguntzaren onuradun izateko, Nafarroako toki entitateek, deialdi honen ondorioetarako, 25 urtetik beherako gazte langabeak kontratatu behar dituzte, edo 30 urtetik beherakoak, %33ko desgaitasuna edo handik gorakoa baldin badute aitortuta. Orobat, 5. oinarriko baldintzak bete behar dituzte.

2. Diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Toki entitate bat izatea.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren betebehar orokorrak. Hori “Erantzukizuneko aitorpen” baten bidez frogatzen ahalko du diru-laguntzaren eskatzaileak.

3.–Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa erabiliko da Nafarroako toki entitateek kontratatzen dituzten langabeen guztizko lan kostuak hein batean finantzatzeko, Gizarte Segurantzaren enpresa-kotizazioa barne, betiere oinarri arautzaileotan ezarritako betebeharrak betez gero.

2. Laguntzaren zenbatekoa hau izanen da:

a) 1. eta 2. kotizazio taldeetarako kontratuetan, 10.000 euro lanaldi osorako egiten den kontratu bakoitzeko.

b) 3. eta 7. kotizazio taldeetarako kontratuetan, 7.500 euro lanaldi osorako egiten den kontratu bakoitzeko.

c) 8. eta 11. kotizazio taldeetarako kontratuetan, 6.000 euro lanaldi osorako egiten den kontratu bakoitzeko.

Lanaldi txikiagoetan, proportzioan murriztuko da eman beharreko diru-laguntza.

3. Honakoak gelditzen dira, berariaz, diruz laguntzen ahal diren kostuetatik kanpo: kalte-ordainak kontratua amaitzeagatik, egindako eta kobratutako aparteko orduak, jantzien edo uniformearen kostuak, dietak eta mantenuaren eta ostatuaren gastuak ostalaritzako establezimenduetan, joan-etorrien edo garraioaren plusak, ekarpenak pentsio planetan eta primak edo kuotak istripu edo bizi aseguruei ordainduak, langilearen gastuen edo ordejarritakoen zenbatekoa, ezkontzagatik jasotakoa, etab.

4.–Diruz laguntzen ahal diren lanaldien gehieneko kopurua.

Ondokoa da toki entitate bakoitzari diruz laguntzen ahal diren lanaldi osoen gehieneko kopurua, 6.1 oinarriaren arabera irekitako epe bakoitzean:

BIZTANLEAK

LANALDI OSOAK

1.000 arte

1

1001 - 5.000

2

5001 - 10.000

4

10.001 - 40.000

6

40.000 baino gehiago

8

5.–Langabe gazteak hautatzeko betebehar eta irizpideak.

1. Toki entitateek kontratatzen dituzten pertsonek 25 urte baino gutxiago izan behar dituzte kontratazioaren unean, edo 30 urte baino gutxiago, %33ko desgaitasun aitortua edo handik gorakoa baldin badute. Halaber, langabeak izanen dira, eta lan eskatzaile gisa inskribaturik egonen dira Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentziaren batean, baita Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean ere.

Gazteen Bermearen Sistema Nazionaleko fitxategia gaituta ez dagoen bitartean, horrek programako baldintzak betetzen direla egiaztatuko baitu hezkuntza jarduera bat egiten ez dela ari (ezta aurreko 90 egunean ere), edo prestakuntza jarduera bat, arautua edo arautu gabea izan, egiten ez dela ari (ezta aurreko 30 egunean ere), horrelakoak egiaztatuko dira kontratatu beharreko pertsonaren erantzukizuneko aitorpenaren bidez, zein lan kontratuari erantsiko baitzaio, III. eranskineko ereduaren arabera. Halaber, sistema martxan jartzen denean hartan inskribatzeko konpromisoa agertuko du, IV. eranskineko ereduaren arabera.

2. Entitate onuradunek, eskaintza orokor baten bidez, behar dituzten langabeak eskatuko dizkiote kasuan kasuko enplegu agentziari, 1. puntuan ezarritakoa kontuan harturik.

Enplegu agentziak, eskatutako profilari jarraituz (kasu guztietan bat eginen du diru-laguntzaren eskaeraren ereduan adierazitakoarekin), azterketa bat eginen du aldez aurretik hautatzeko enplegu horretarako egokiak diren eta eskura dauden pertsonen artean, hau da, eskainitako lanpostuaren edukira eta lanbide mailara egokitutako lanbide profila dutenen artean. Azterketa horren arabera, agentziak aldez aurretik hautatuko ditu entitate onuradunak eskatzen dizkion adina hautagai proiektuak kontuan hartzen dituen lanpostu bakoitzeko.

Enplegu agentziak, azterketarako, lanpostuaren udalerriari edo udalerriei dagokien bilaketa esparrua erabiliko du. Proiektua egiteko behar adina hautagai bilatu ezean, beste udalerri joko zabalduko du, lehentasuna emanez hurbilen daudenei, proiektuan kontuan hartutako hautagai kopurua lortu arte. Bilaketa beste udalerri batzuetara zabaldu ondoren lanposturako egokitutako behar adina lagun ez badago proiektuak eskatutako hautagai kopurua lortzeko, lanbide profila eskainitako lanpostura hurbilenen duten beste pertsona batzuengana zabalduko da hautaketa, lanpostuaren udalerritik hasita. Eskainitako lanbide profiletik zein dagoen hurbil zehazteko, azterketa bat eginen da, okupazioen sailkapen nazionaleko kode taula indarduna erabiliz (talde primarioaren mailan. 4 digitu).

3. Pertsona kontrataturen batek lana uzten badu 6 hilabeteko epea bukatu baino lehen, ordezko bat jarri beharko zaio gehienez ere 15 eguneko epean, oinarri honetako betebeharren arabera, ordeztutako kontratuaren lanaldi bera eta kotizazio talde bera errespetatuz. Nafarroako Enplegu Zerbitzuari horren berri eman beharko zaio, kontratu berriaren egunetik hasita hilabeteko epean gehienez.

6.–Eskaeren aurkezpena eta epeak.

1. Bi epe ezartzen dira eskaerak aurkezteko. Lehendabizikoa 2014ko abuztuaren 18ra arte izanen da, eta bigarrena, berriz, 2014ko irailaren 1etik 15era arte.

2. Eskaerak, ahal delarik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan, baita Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez ere, www.navarra.es web-gunetik abiatuta (sinadura elektronikoa behar da).

3. Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

4. Eskaerak adierazitako epeaz kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

5. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7.–Eskaeren betebeharrak.

1. Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan nahi duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web-gune ofizialean eskura daitekeena (www.navarra.es). II. eranskinean dago jasota.

b) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, diru-laguntzarik gabe gelditzen den zatia finantzatzeko kreditua badagoela adierazten duena.

c) Erantzukizuneko ziurtagiria edo aitorpena, adierazteko aurreikusitako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa ez dela kontratazioen guztirako kostua baino handiagoa, Gizarte Segurantzako enpresaren kotizazioak barne direla.

d) Europar Batasunaren betebeharrak ezagutzen dituela adierazteko aitorpena, IV. eranskinaren araberakoa.

e) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztu beharko da.

2. Eskaerak adierazi diren betebeharrak bete ezean, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

8.–Instrukzioa eta tramitazioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuari dagozkio.

2. Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuak, behar diren egiaztapenak eginda eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena emanen du, ebazpen proposamena eginen, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

3. Aurkezpenerako lehenengo epean aurkeztutako eskaerak instruituko dira lehendabizi, sarrera ordenaren arabera, eta, bigarrenik, aurkezpenerako bigarren epean aurkeztutakoak, haiek ere sarrera ordenaren arabera.

9.–Ebazpena.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du diru-laguntza eman edo ukatzea.

Ebazpena gehienez ere 1 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezten direnetik hasita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

2. Ebazpena entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, diru-laguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

10.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

11.–Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak ez dira bateragarriak Nafarroako Gobernuak, beste beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek, nazionalak edo nazioartekoak izan, edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin.

12.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza kontzesioaren ebazpenarekin batera ordainduko da, egiaztatu ondoren entitate onuradunak tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta dauzkala, bai eta, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak ere.

13.–Diru-laguntzaren justifikazioa eta espedientearen itxiera.

1. Entitateek, diruz lagundutako kontratuak iraungi eta hiru hilabeteko epean, jasotako funtsen xedea justifikatu beharko dute.

Horretarako, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute egindako gastuen frogagiri gisa: lan kontratua, erantzukizuneko aitorpenak, nominak, Gizarte Segurantzako kotizazioaren frogagiriak, egindako kontratazioei dagozkienak, eta ordainketen frogagiriak.

2. Beharrezko justifikazioa aurkeztu eta hiru hilabeteko epean, gehienez, deialdi honetako betebeharrak betetzen direla egiaztatu ondoren, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak espedientea ixteko ebazpena emanen du.

14.–Diru-laguntzen jakinarazpena eta publizitatea.

1. Ebazpenak interesdunei jakinaraziko zaizkie, prozedura administratiboari buruzko araudian aurreikusi bezala. Nafarroako Atarian argitaratu beharko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzetan eta egiturazko funtsei buruzko xedapenak ezartzen dituen 1303/2013 EB Erregelamenduko 115. artikuluko 2. atala bete dadin (Informazioa eta jakinarazpena).

2. Era berean, Europako Gizarte Funtsak Nafarroan izan duen erabilerari gardentasuna eta zabalkundea eman nahian, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak aldian behin argitaratuko du diru-laguntzen zerrenda Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web orrian, eta Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, berriz, UAFSEren web orrian. Honakoa adieraziko da: entitate onuraduna, IFK, jasotako laguntzaren zenbatekoa eta haren helburua.

3. Entitate onuradunek jarduketak sustatu eta zabaltzeko jarduera guztietan agertu beharko dute Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela, eta Europako Gizarte Funtsaren %50eko kofinantzaketa izan dela gutxienez.

Zehazki, entitateek beren web orrian adieraziko dute Europako Gizarte Funtsak kofinantzatuta jaso dutela laguntza, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen duen ikurra agertuko dute.

15.–Entitate kontratatzaileen betebeharrak.

Honako hauek dira toki entitate kontratatzaileen betebeharrak:

a) Gazte langabeekin lan-kontratua sinatzea, legez ezarritako edozein modalitateren bidez.

Laguntza honen xedeko kontratuek gutxienez 6 hilabete iraunen dute, eta haien lanaldia, gutxienez, %50ekoa izanen da.

b) Nafarroako Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga arloko betebehar guztiak eguneratuak izatea, bai eta, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak ere. Betebehar hori eguneratuta dagoela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko edo ordaintzeko ebazpenaren proposamena onesten den unean onuradunak betebehar horiek egunean dituela egiaztatzeko.

c) Zigilua ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea.

d) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster komunikatu behar da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate-sistema bereizi bat eramatea Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren xedeko eragiketei lotutako transakzio guztietarako, edo, gutxienez, transakzio horiek argi eta garbi identifikatzeko moduko kontabilitate-kodifikazio bat erabiltzea.

g) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

h) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

16.–Diru-laguntzaren jarraipena eta kontrola.

1. Diru-laguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko noizean behin, proiektuak gauzatzen direla ziurtatzeko, baita diru-laguntzak jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzeko ere.

2. Jarduketak garatzeko eta haiek eta haien gastuak egin direla justifikatzeko, egiturazko funtsei diru-laguntzen, kudeaketaren eta kontrolaren arloetan aplika dakizkiekeen xedapen guztiak errespetatuko dira, batez ere 2013ko abenduaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1303/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Egitura eta Inbertsio Funtsei buruzko xedapen komunak ezartzen dituena.

17.–Baldintzak aldatzea.

Entitate kontratatzaileek Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko diote laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen diren bakoitzean, eta horien baimena eskuratu beharko dute Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez.

Jakinarazpena ahalik eta lasterren egin beharko da, betiere kasuan kasuko kontratua amaitu aurretik.

18.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

1. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak aldaketa onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

2. Lan-kontratuak sinatzen ez badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako kausak gertatuz gero, hartutako diru kopurua itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak ordaintzeko eskatzea.

3. Kontratua aurretik bukatzen bada, 5.3 oinarrian adierazi bezala, eta entitateak ez badu kontratatua ordezten, edo ordezten badu oinarri horretan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da hein bateko itzulketa egitea, dagokion zenbatekokoa, oinarriotan eskatzen diren 6 hilabeteko kontratua betetzeko falta den denboraren proportzioan kalkulatuta.

Bidegabekotzat aitortu edo deklaratutako kaleratzearen kasuan, emandako diru-laguntza guztiz itzuliko da.

4. Helburu berarekin beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasotzeak ekarriko du emandako diru-laguntza guztia itzuli beharra.

Halaber, jasotako diru-laguntza guztiz itzuli beharko da ez badira betetzen kontratatu beharreko pertsonari buruzko baldintzak kontratazioa egiten denean.

5. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VI. tituluan aipatzen diren prozedura administratiboen xedapen orokorren arabera eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen arabera gauzatuko da.

19.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

1. Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hark ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

2. Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

20.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

21.–Arau osagarriak.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak eta gainerako araudi administratiboa aplikatuko dira.

II. ERANSKINA

……… (e)n, 2014ko ……….aren …..(e)an

(Toki entitateko alkatearen
edo buruaren sinadura)

25 urtetik beherako gazte langabeak kontratatzea, edo 30 urtetik beherakoak, %33ko desgaitasuna edo handik gorakoa aitortuta badute

Diru-laguntzarako eskabidea

I.–Entitate eskatzailearen datuak

Entitatea:

Legezko ordezkaria (izen-deiturak):

NANa:

Kargua:

Nafarroako helbidea (kalea, plaza, etab.):

P.K.:

Herria:

Telefonoa:

Faxa:

Helbide elektronikoa:

IFK:

II.–Zenbat lan kontraturengatik eskatzen duen laguntza

HILABETEA

LANALDI OSOKO KONTRATUEN KOPURUA

KOTIZAZIO TALDEA

LANALDI PARTZIALEKO KONTRATUEN KOPURUA

KOTIZAZIO TALDEA

III.–Langileak

KOSTUA

ESKATUTAKO DIRU-LAGUNTZA

Lanaldi osoko langileak, 1. eta 2. taldeetakoak

Lanaldi osoko langileak, 3. taldetik 7.era bitartekoak

Lanaldi osoko langileak, 8. taldetik 11.era bitartekoak

Lanaldi partzialeko langileak, 1. eta 2. taldeetakoak

Lanaldi partzialeko langileak, 3. taldetik 7.era bitartekoak

Lanaldi partzialeko langileak, 8. taldetik 11.era bitartekoak

DIRU-LAGUNTZA, GUZTIRA

IV.–Aurkeztutako dokumentazioa

Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria

Zerga betebeharrak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria

III. ERANSKINA

Hezkuntza edo prestakuntza jarduera bat ez dela egiten ari adierazten duen erantzukizuneko aitorpena

............................ jaun/andreak (NANa: .................................., helbidea: .........................., telefonoa: .........................)

Ondoko adierazpena egiten du Nafarroako toki entitateek gazte langabeak kontratatzeko diru-laguntzaren eskaerari dagokionez.

1.–Aitorpena 5. oinarrian xedatuari buruz.

Programaren betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duen Gazteen Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategia gaituta ez dagoenez

ADIERAZTEN DUT:

Ez naizela hezkuntza jarduera bat egiten aritu toki entitateak kontratatu aurreko 90 egunean, ezta prestakuntza jarduera bat ere, arautua edo arautu gabea izan, aurreko 30 egunean.

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an

Sinatua:

IV. ERANSKINA

Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean inksribatzeko konrpomisoa

............................ jaun/andreak (NANa: ..............................., helbidea: .........................., telefonoa: .........................)

Ondoko konpromisoa adierazten du Nafarroako toki entitateek gazte langabeak kontratatzeko diru-laguntzaren eskaerari dagokionez

KONPROMISOA:

Konpromisoa hartzen dut Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean inskribatuko naizela hura martxan jartzen denean.

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an

Sinatua:

V. ERANSKINA

Europar Batasunaren betebeharren aitorpena

................................................................................................................................... jaunak/andreak, ...................................................... NANa, laguntza eskabidean egiaztatutako ordezkaritza dudala, Nafarroako Foru Komunitateak ..........................................aren bidez onetsitako eta ............. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, .....koan, argitaratutako laguntzak direla eta, aitortzen dut:

1.º Deialdia arautzen duten oinarriak ezagutzen ditudala.

2.º Europako arauditik datozen betebehar hauek ezagutzen ditudala:

A) Egiten ari diren eragiketak Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako programa eragile baten esparruan hautatu direla iragartzea argi eta garbi. Eragiketa mota honen gaineko agiri guztietan, baita bertaratze agirietan eta bestelakoetan ere, adierazi beharko da programa eragilea Gizarte Funtsak kofinantzatu duela. Informazio eta publizitatean elementu hauek agertuko dira: Europar Batasunaren ikurra, 1826/2006 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako arau grafikoen arabera, eta “Europako Gizarte Funtsa” testua.

B) Diru-laguntzaren xedeko eragiketei dagokienez, kontabilitate sistema bereizia eraman beharra.

C) Jatorrizko agiriak eta kopia ziurtatuak hiru urtez gordetzea, oro har onartzen diren euskarrietan, programa eragilea ixten denetik aurrera. Jarduera bukatu edo ixten baldin bada, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko zaio dokumentazioa, gorde dezan.

3. Finantziazioa onartzearekin batera, onartzen da, orobat, baliabide elektronikoen eta bestelakoen bidez argitaratuko den onuradunen zerrendan sartzea, eta eragiketen izenak eta onuradunei esleitutako funts publikoen zenbatekoa argitaratzea.

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an

(Entitatearen ordezkariaren sinadura)

Iragarkiaren kodea: F1409777