13. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATETZ

Udal ordenantza, Haur eskoletan edo 0-3 urtekoendako ikastetxeetan haurrak matrikulatzeko diru-laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Atezko Udalak, 2013ko urriaren 10ean egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Haur eskoletan edo 0-3 urtekoendako ikastetxeetan haurrak matrikulatzeko diru-laguntzak arautzen dituen udal ordenantza. 2013ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 22an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Eritze Atetzen, 2013ko abenduaren 17an.–Alkatea, Francisco Javier Nuin Ibero.

Udal ordenantza, Haur eskoletan edo 0-3 urtekoendako ikastetxeetan haurrak matrikulatzeko diru-laguntzak arautzen dituena. Hasierako onespena

Zioen azalpena

Publikotasuna, tratu berdintasuna eta kongruentzia dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak, Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordezkatu beharrez laguntza ekonomikoak ematea eta sustatzea arautzen dituenean.

Xedapen horiek betetzeko, ezinbestekoa da udal arau batzuk jartzea, diru-laguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren, aipatutako legeari jarraituz.

Horrenbestez, Administrazioaren jarduera guztietan agintzen duten printzipio nagusietan oinarritzen da ordenantza hau. Printzipio horietako batzuk dira objektibitatea eta eragimena, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 3. artikuluan aipatuak; orobat, diru-laguntzak ematearen esparru zehatzari dagokionez, berdintasunaren, publikotasunaren eta kongruentziaren printzipio arestian aipatuak, gardentasunaren eta objektibotasunaren printzipioekin batera.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Haur eskoletan edo 0-3 urtekoendako ikastetxeetan haurrak matrikulatzeko diru-laguntzak eskatzeko, emateko, justifikatzeko eta ordaintzeko jarraitu beharreko prozedura orokorra eta irizpideak ezartzea.

2. artikulua. Kontzeptua.

Ordenantza honen ondorioetarako, diru-laguntzatzat hartuko da 1. artikuluan adierazitako xederako Atezko Udalak funts publikoetatik ematen duen edozein laguntza, zuzenekoa nahiz zeharkakoa izan.

3. artikulua. Printzipio gidariak.

Laguntzak ematerakoan irizpide hauei jarraituko zaie: publikotasuna, lehia, objektibotasuna, tratu berdintasuna eta bitartekoen eta helburuen bat etortzea.

Aurrekoarekin bat, ez dute baliorik izanen diru-laguntzak emateko eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.

4. artikulua. Laguntzen izaera.

Ordenantza honetako diru-laguntzak finalistak izanen dira; gainera, itzuli behar ez direnak, borondatezkoak eta ebentualak; oinarri hauetan ezarritako arrazoiak direla medio, noiznahi kentzen edo murrizten ahalko dira; hurrengo urteetan beste diru-laguntza batzuk eskuratzeko eskubiderik ez dute sortuko; ez dago eskubiderik, diru-laguntza handitzera edo berrikustera behartzeko; eta ezin izanen dira aurrekaritzat hartu.

II. KAPITULUA

Eskatzaileak eta diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak

5. artikulua. Eskatzaileak.

Diru-laguntzak eska ditzakete 0-3 urtekoendako ikastetxeetan beraien haurrak matrikulatzen dituzten gurasoek.

6. artikulua. Diru-laguntzaren xedea.

Atetzen erroldatu eta bertan bizi diren haurren matrikulazioa, 0-3 urtekoendako haur eskoletan edo ikastetxeetan.

III. KAPITULUA

Eskaera egiteko prozedura

7. artikulua. Hasiera.

Diru-laguntza eskaera egiteko, betiere, jarduera bakoitzeko eskabide bat aurkeztuko da, Atezko Alkatetzari zuzendua, eta dokumentazio honekin batera aurkeztuko da:

–Matrikulatuko den haurra Atezko Udalean erroldatua dagoela eta bizilekua bertan duela ziurtatzen duen agiria.

–Haurrak haur eskoletan edo 0-3 urtekoendako ikastetxeetan sartzeko eskabidea.

8. artikulua. Eskabidea zuzentzea.

Eskabidea edo dokumentazio osagarria okerra edo osatu gabea bada, Udalak interesdunari eskatuko dio zuzentzeko edo falta dena ekartzeko hamar eguneko epean; gainera, adieraziko dio hori egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertu eta espedientea ofizioz artxibatuko dela, beste tramiterik gabe.

9. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea urte bakoitzeko maiatzaren 1etik 15era izanen da.

IV. KAPITULUA

Diru-laguntzak emateko baldintzak eta aplikazio printzipioak

10. artikulua Kontzesioaren printzipioak.

Legean xedatzen denari jarraituz emanen dira diru-laguntzak, honako printzipio orokor hauek kontuan izanik:

1. Diru-laguntza guztiak emateko baldintza izanen da Atezko Udalaren urteko aurrekontuan kontu-saila onartzea, haur eskoletan eta 0-3 urtekoendako ikastetxeetan haurrak matrikulatzeko laguntzak emateko.

2. Aurrekontuko kontu-sail horren banaketa eginen da haur eskoletan matrikulatutako haurren artean, eskabideen arabera proportzioan, eta ezin izanen da 300 euroko zenbatekoa gainditu haur bakoitzeko.

V. KAPITULUA

Onuradunen betebeharrak

11. artikulua. Onuradunen betebeharra.

Diru-laguntzaren onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

Diru-laguntza emateko arrazoia den matrikulazioa egitea, diru-laguntza emateko edo erabiltzeko betebeharrak eta baldintzak bete direla frogatuz.

Eman edo jaso diren diru-laguntzen inguruan, organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

Udalari jakinaraztea helburu bererako beste diru-laguntza batzuk eskatu edo lortu direla, edozein administrazio edo entitate publikok edo partikularrek emanak.

12. artikulua. Eskaeraren ondorioak.

Jarduera baterako diru-laguntza eskabidea aurkezteak berarekin dakar ordenantza hau eta diru-laguntza emateko oinarriak jakin eta onartzen direla.

14. artikulua. Ez betetzea.

Hartutako diru guztia edo zati bat itzuli beharko da eta dagokion berandutza korritua diru-laguntza ordaindu zenetik aitzina ordaindu, honako kasu hauetan:

Diru-laguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura ez betetzea.

Diru-laguntza eskuratzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari egotzi ahal zaizkion arrazoiengatik.

Jasotako dirua zertan erabili den erakutsi beharra ez betetzea.

Bateraezinak diren diru-laguntzak aldi berean jasotzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzea edo ez betetzea.

Ordenantza honetan aipatzen diren egiaztapen egintzei trabak jartzea eta horiei men egin beharra ez betetzea.

Beste kasu batzuk, berariazko arau edo oinarrietan arautuak.

Organo emaileak hartuko du diru-laguntza itzultzeari buruzko erabakia, aldez aurretik espedientea instruiturik, aplikatzekoa den legeria orokorrarekin bat.

Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira eta horiek kobratzeko, diru-bilketari buruz indarra duen araudian xedatzen dena aplikatuko da.

VI. KAPITULUA

Justifikazioa eta ordainketa

15. artikulua. Diru-laguntzaren inguruko justifikazioa.

Diru-laguntza baten onuradunak justifikatu egin beharko du, laguntza zertarako eman zioten, helburu hura lortzeko erabili duela. Justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztuko ditu:

a) Udaleko Alkatetzari zuzendutako eskabidea, diru-laguntzaren ordainketa eskatu beharrez. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adierazi behar da, hartara transferentzia egiteko.

b) Haurrak 0-3 urtekoendako ikastetxeetan matrikulatu direla frogatzen duen agiria.

c) Beste entitate publiko nahiz pribatuetatik jasotako diru-laguntzen zerrenda.

16. artikulua. Justifikazioa aurkezteko epea.

Aurreko artikuluan aipatzen diren justifikazio agiriak urte bakoitzeko irailaren 30a baino lehen aurkeztuko dira.

17. artikulua. Ebazpena.

Udaleko Alkatetzak espedientea aztertuko du eta gastua onesteko eta ordaintzeko proposamena eginen.

18. artikulua. Justifikazio agirietako hutsak zuzentzea.

Dokumentazioa aurkeztu eta ikusten bada osatu gabea dela edo akatsak daudela, Udalak hamar egun balioduneko epea emanen du zuzentzeko, eta aldi hori igaro ondoan ez bada egin, jarduketa guztiak artxibatuko dira eta eskatzaileak onuradun izateari utziko dio.

19. artikulua. Egiaztatzeko jarduketak.

Zertarako eman diren, diru-laguntzak helburu horiexek lortzeko eta egokiro erabili direla egiaztatzen ahalko du, noiznahi, Atezko Udalak, egoki iruditzen zaizkion prozedurez baliaturik.

Diru-laguntza ez bada horretarako erabiltzen edo modu desegokian aplikatuz gero, Atezko Udalak eskatzen ahalko du zenbatekoa itzultzeko, legeak ezarritako prozedurei jarraikiz; are onuraduna titular aktiboa eta Administrazioa hartzekoduna deneko kredituez konpentsazioa eginda ere.

VII. KAPITULUA

Prozeduraren iraupena eta berariazko ebazpenik ez ematearen ondorioak

20. artikulua. Ebazteko epea.

Diru-laguntzen ebazpena emateko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina.

21. artikulua. Ebazpena espresuki ematen ez denean.

Aipatu hiruhilabeteko epea iraganik ez bada ebazpena berariaz eman, aurkeztutako eskaerak ezetsi direla esan nahiko du.

22. artikulua. Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarri hauetan biltzen ez den orotan, indarra duen legerian xedatuak aginduko du.

AZKEN XEDAPENA

Oinarri hauek indarra izanen dute harik eta organo eskudunak, legeak ezarritako prozedurarekin bat, aldatu edo baliogabetu arte.

Ordenantza honek indarra hartuko du, behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko egunean.

Iragarkiaren kodea: L1317910