13. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

512E/2013 EBAZPENA, abenduaren 11koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Deierriko eta Gesalazko udalerrietan Errezuko kondukzio orokorra zati batean berritzeko proiekturako. Izarbeibarko Mankomunitatea da sustatzailea.

2013ko maiatzaren 28an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N letran sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektatu beharreko lanak Uraren goi hornidurarako plan zuzentzailearen soluzioaren barnean daude, zein Nafarroako Gobernuak prestatu baitu Izarbeibarko Mankomunitaterako. Soluzioa da goi hornidurarako hodia berritzea Errezuko iturburutik edateko uren Ziraukiko araztegiraino.

Kondukzio orokorra berritzeko lehendabiziko fase horretan, 11 kilometroko burdinurtuko hodia paratuko da, diametroa 400 mm-koa duena, Errezun, Ubagua ibaian dagoen presa batetik Allozko monasterioraino. Han, egungo burdinurtuko kondukzio nagusiarekin lotuko da, eta horrek urak eramanen ditu edateko uren Ziraukiko araztegiraino. Burdinurtu nodular naturaleko hodi berriak egun Allozko urtegiko pareko ertzetik doazen fibrozementuzko hodiak ordeztuko ditu.

Allozko urtegitik iparraldera eta ekialdera dagoen eremuan eginen dira jarduketak, Deierriko eta Gesalazko udal mugapeak ukituz, Errezuko, Muezko, Estenozko, Lerateko, Irurreko eta Allozko kontzejuak hain zuzen. Hodi berriak Errezun bilduko ditu urak. Handik abiatuta, herri hori zeharkatuko du eta zenbait errepide (NA-7140, NA-700, NA-7120, NA-7171) eta ibilgu (Ubagua erreka, Obantzea latsa, Erragoz latsa, Salado erreka, urak Allozko urtegira isurtzen dituen latsa, Xubindoa eta Buskuntzea latsak) ukituko ditu, egungo Izarbeibarko eta Santa Cruzeko kondukzioak eta ur beltzen saneamenduko sarea gurutzatuko ditu, baita hainbat bide eta soro landu ere. Azken tartea urtegiko ezkerreko ertzetik joanen da, alorretan eta landare naturalak dituzten azaleretan zehar, Allozko monasterioraino.

Halaber, proiektuaren parte da obra osagarriak egitea, besteak beste egungo 2 ponpak hobetzea, 2 bulkatze sistema berri gauzatzea eta kondukzioa berritzeak eta haren trazadura aldatzeak ukitutako hornidurak berriz martxan jartzea.

Proiektuak dagokion ingurumen ukipenen azterlana dauka, 2011ko urrikoa (10. eranskina). Horrek neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak dakartza, baita ingurumena zaintzeko eta jarraipena egiteko plan bat ere.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Horren ondorioetarako, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2013ko azaroaren 4an, lurzoru urbanizaezinari dagokionez.

Eskaera Gesalazko eta Deierriko udalei igorri zaie, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Erantzunak 2013ko irailaren 5ean eta 6an jaso ziren, hurrenez hurren. Haietan zehazten da instalazioa bateragarria dela indarreko udal planeamenduarekin.

Espedientean Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren irailaren 12ko 366/2011 Ebazpena jaso da. Haren bidez, presako esku-hartze arkeologikoa egitea baimendu zen, aipatutako obraren proiektua prestatzearen ondorioz.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak iritzi du nahikoak direla ingurumen ukipenen azterlanean obren eragina murrizteko zehaztutako neurriak. Azken tartean soilik, Allozko urtegiko presaren ondoan, intereseko landareak dituen baso mazela batean zehar, behar dira prebentzioko neurri gehigarriak. Bestalde, ez da beharrezkotzat jotzen Narcissus asturiensis-i buruzko azterlanik egitea, espezie horren gaineko eragina edo oro har azalera landaredunen gainekoa gutxiagotzen ahal baita ukipenaren zabalera murrizten bada landare naturaleko tarteetan (8 metrotik 5 metrora pasatuz zabaleran).

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Deierriko eta Gesalazko udalerrietan Errezuko kondukzio orokorra zati batean berritzeko proiekturako. Izarbeibarko Mankomunitatea da sustatzailea.

2. Baimen honek neurri zuzentzaile hauek betetzera behartzen du:

–Ingurumen ukipenetarako azterlanean zehazten den bezala, landare naturaleko tarteetan edo ibilguak gurutzatzean ukipenaren zabalera murriztuko da (pilaketak ondoko soroetan eginez eta kamioia eta atzerako hondeamakina ilaran lerrokatuz) eta ereintza, hidroereintza eta landaketa aurreikusiak eginen dira ukitzen diren landare naturaleko azaleretan.

–Zuinketaren fasean, hodiaren trazadura egungo bidetik joateko aukera aztertuko da, landare naturaleko mazela ez zeharkatzeko 9+800 KPren eta 9+ 851 KPren arten (Allozko urtegitik behera). Halaber, 9+400 KPren eta 9+482 KPren arteko basoko landareei ez eragiteko, X = 586.500 eta Y = 4.727.867 koordenaden inguruan dauden laboreen sarbidea erabiltzeko aukera aztertuko da.

–Ingurumeneko obraren zuzendari bat izendatuko da, bermatzeko ingurumen ukipenetarako azterlanean zehaztutako neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak betetzen direla, bai eta ingurumena zaintzeko eta jarraipena egiteko plana ere.

–Zuhaitzik bota beharrik bada, aldez aurretik basozainei gaztigatuko zaie, markatzea egin dezaten.

Hirigintza arlokoak:

–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehatzago, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiarena, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat, eta Ebroko Ur Konfederazioarena, Urei buruzko lege indardunean ezarritakoarekin bat.

–Halaber, obrek herrilurrak ukitzen dituztenez, obra lizentzia eman baino lehen, herrilurraren titularra den toki entitateak baimena eskuratu beharko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, proiektatutako azpiegiturari lotutako eraikuntzek eta itxiturek 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Deierriko eta Gesalazko udalei, Basozaintzari (Lizarra Iparraldea) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko abenduaren 11n.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1317514