Iragarkia
129. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 3a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2014ko ekainaren 2koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Martzillako Refresco Iberia, S.A.U. entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Martzillako Refresco Iberia, S.A.U. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100191012014) aztertu da, erregistro honetan 2014ko apirilaren 15ean sartu zena. Enpresaren legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko apirilaren 1ean izenpetu zuten, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2014ko ekainaren 2an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
REFRESCO IBERIA ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOAREN AURKIBIDEA – MARTZILLA (NAFARROA)
Aurkibidea 1 eta 2
I. KAPITULUA
Aplikazio eremua
1. artikulua. Lurralde eremua.
2. artikulua. Eremu funtzionala.
3. artikulua. Langile eremua.
4. artikulua. Iraunaldia.
II. KAPITULUA
Lanaren antolaketa
5. artikulua. Lanaren antolaketa.
III. KAPITULUA
Lanbide sailkapena
6. artikulua. Xedapen orokorra.
7. artikulua. Antolaketaren sailkapena: lanbide taldeak eta kategoriak.
8. artikulua. Kategorien definizioa.
9. artikulua. Mugigarritasun funtzionala.
IV. KAPITULUA
Plantillak eta eskalafoiak
10. artikulua. Behin-behineko kontratuen erregulazioa.
11. artikulua. Aldizkako langile finkoak.
12. artikulua. Lanpostu hutsak.
13. artikulua. Aldi baterako laneko enpresen erregulazioa.
V. KAPITULUA
Enpresan sartzea eta mailaz igotzea
14. artikulua. Probaldia.
15. artikulua. Lana borondatez uztea.
16. artikulua. Kategoriaz igotzea.
17. artikulua. Lan kontratua.
VI. KAPITULUA
Lanaldia, aparteko orduak eta oporrak
18. artikulua. Lanaldia.
19. artikulua. Lanaldiaren antolaketa.
20. artikulua. Lan egutegia.
21. artikulua. Aparteko orduak.
22. artikulua. Aparteko orduen prezioa.
23. artikulua. Oporrak.
VII. KAPITULUA
Lizentzia ordainduak, baimenak eta eszedentziak
24. artikulua. Lizentzia ordainduak eta baimenak.
25. artikulua. Laneko eta familiako eginkizunak batera eramatea.
26. artikulua. Eszedentziak.
27. artikulua. Konpentsazioa eta irenspena.
VIII. KAPITULUA
Baldintza ekonomikoak
28. artikulua. Ordainsariak.
29. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
30. artikulua. Larunbat, igande eta jaiegunetako plusa.
31. artikulua. Arriskuaren eta nekagarritasunaren plusa.
32. artikulua. Dietak.
33. artikulua. Aparteko eskersariak.
34. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
35. artikulua. Aseguru poliza.
36. artikulua. Erretiro saria.
IX. KAPITULUA
Hutsegiteak eta zehapenak
37. artikulua. Hutsegiteak.
38. artikulua. Hutsegite arinen sailkapena.
39. artikulua. Hutsegite larrien sailkapena.
40. artikulua. Hutsegite oso larrien sailkapena.
41. artikulua. Zehapenak.
42. artikulua. Zehapenak betearaztea.
43. artikulua. Preskripzioa.
44. artikulua. Prozedura.
45. artikulua. Enpresaburuen arau-hausteak lan arloan.
X. KAPITULUA
Segurtasuna eta higienea
46. artikulua. Arau orokorra.
47. artikulua. Laneko Segurtasuna.
48. artikulua. Lokaletako higienea.
49. artikulua. Osasun azterketak.
50. artikulua. Higiene zerbitzuak.
51. artikulua. Laneko arropa.
52. artikulua. Botika gela.
53. artikulua. Jantokiak.
54. artikulua. Gaitasuna gutxitua.
55. artikulua. Langileen higienea.
XI. KAPITULUA
Langileen ordezkariak
56. artikulua. Eskubide sindikalak.
57. artikulua. Sindikatuak.
58. artikulua. Sindikatuko ordezkariaren eginkizunak.
59. artikulua. Enpresa batzordearen eskumenak.
60. artikulua. Sindikatuko kuota.
61. artikulua. Ordu metaketa.
62. artikulua. Sindikatuen kontrako jarduketak.
63. artikulua. Ingurumeneko delegatua.
64. artikulua. Arauen erreferentzia.
ERANSKINAK
I. eranskina.–Oposizio lehiaketaren deialdia.
II. eranskina.–Oposizio lehiaketa ebaztea.
III. eranskina.–2008ko behin-behineko soldata taula.
IV. eranskina.–Etengabeko prestakuntza.
V. eranskina.–Lanbide sailkapena.
VI. eranskina.–Lan gatazken konponketa.
VII. eranskina.–Batzorde Paritarioa.
VIII. eranskina.–Olivarako lekualdaketak.
Refresco Iberia, S.A.U. enpresaren hitzarmen kolektiboaren testua – Martzilla (Nafarroa)
I. KAPITULUA
Aplikazio eremua
1. artikulua. Lurralde eremua.
Hitzarmen kolektibo hau Martzillako (Nafarroa) Refresco Iberia, S.A.U. enpresaren lantokian aplikatuko da.
2. artikulua. Eremu funtzionala.
Hitzarmen kolektibo honetako manuek gutxieneko lan harremanak arautzen dituzte Refresco Iberia, S.A.U. enpresan, Martzillako lantokian (Nafarroa). Horren jarduera nagusia da edariak prestatu eta ontziratzea.
3. artikulua. Langile eremua.
Hitzarmen kolektibo hau aplikatuko zaie Refresco Iberia, S.A.U. enpresaren Martzillako lantokian (Nafarroa) aritzen diren langileei, baina ez zaie aplikatuko kanpo gelditzen direnei edo legezko xedapen orokorretan araututako lan harreman bereziak dituztenei.
4. artikulua. Iraunaldia.
Hitzarmen kolektibo honen testuak lau urteko indarraldia izanen du. 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak, eta 2015eko abenduaren 31n amaituko da.
Hitzarmenaren indarraldia amaitzean, beste hitzarmenik ezean, hitzarmen honen arauek segituko dute indarrean. Hitzarmen kolektibo hau sinatuta, enpresak bere konpromisoa agertzen du hitzarmen kolektiboaren indarraldian hura betetzeko.
Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 86.2 artikuluan ezarritakoari dagokionez, hitzarmen kolektibo hau salatutzat jotzen da sinatzen den egunetik beretik.
II. KAPITULUA
Lanaren antolaketa
5. artikulua. Lanaren antolaketa.
Lana antolatzea enpresaren zuzendaritzari dagokio, arlo horretako legezko xedapenen arabera.
Lana arrazionalizatu, mekanizatu eta zuzentzeko sistemen barnean etengabeko prestakuntza sartu behar da, langileek hura jasotzeko eta hobetzeko eskubidea baitute.
Langileen Estatutuaren 41. artikuluan hitzartutako lan baldintza kolektiboen aldaketa garrantzitsuak egiteko, aldez aurretik akordioa lortu beharko da langileen ordezkariekin.
III. KAPITULUA
Lanbide sailkapena
6. artikulua. Xedapen orokorra.
Refresco Iberia, S.A.U. enpresaren Martzillako lantegian (Nafarroa) lan egin eta hitzarmen kolektibo honen eraginpean dauden langileak beren ezagutzak, esperientzia, autonomia, erantzukizuna eta ekimena kontuan hartuz sailkatuko dira.
Sailkapen hori eta haren arau osagarriak direla bide, enpresaren beharretarako lanbide egitura egokia lortu nahi da, langile guztiak hobeki integratu daitezen produkzio lanetan eta uneoro hobeki egokitu daitezen lanpostu batera, behar duten prestakuntzaren bitartez.
Egitura berri horren barneko langile orok, horren ondorioz, lanbide talde eta kategoria jakin batzuk izanen ditu, hitzarmen kolektibo honetako 7. artikuluan eta V. eranskinean ezarritakoarekin bat.
Kontratuzko lan harremanaren lehen mailako edukia da haren antolamenduzko sailkapenak dakartzan eginkizunak betetzea. Ondorioz, bertako edozein lanpostu bete beharko da, behin lanpostu berriari dagokion prestakuntza jasotakoan enpresaren aldetik.
7. artikulua. Antolaketaren sailkapena: lanbide taldeak eta kategoriak.
Refresco Iberia, S.A.U. enpresaren Martzillako lantokian (Nafarroa) aritzen diren langile guztiak ondoko lanbide talde eta kategoria hauetakoren batean sailkatuko dira:
1. taldea.–Peoia.
2. taldea.–Espezialista.
Menpeko langilea.
3. taldea.–Administrari laguntzailea.
Ofizioko laguntzailea.
4. taldea.–Fabrikazioko 2. mailako ofiziala.
Logistikako 2. mailako ofiziala.
2. mailako administrari-ofiziala.
5. taldea–Fabrikazioko 1. mailako ofiziala.
Xarabe-egilea.
1. mailako administrari-ofiziala.
Ofizioko 2. mailako ofiziala.
Logistikako 1. mailako ofiziala.
6. taldea.–Laborategiko laguntzaile teknikoa.
Arduraduna.
Ofizioko 1. mailako ofiziala.
Merkataritza teknikaria.
7. maila.–Erdi mailako tituluduna.
Biltegiko arduraduna.
8. maila.–Goi mailako tituluduna.
Mantentze-lanetako arduraduna.
Garraioetako arduraduna.
Plangintzako arduraduna.
9. taldea.–Departamentuko burua.
8. artikulua. Kategorien definizioa.
Hitzarmen kolektibo honetan aplikatzeko diren lanbide kategorien definizioa V. eranskinean bildutakoa izanen da.
9. artikulua. Mugigarritasun funtzionala.
Enpresako Zuzendaritzak, teknika, ekoizpen edo antolakuntza mailako beharrizanak kontuan harturik, langileei lanbide talde beraren barruan lanbide kategoriaren aldaketa ekartzen duten zereginak esleitzen ahalko dizkie, bai aldi baterako bai epemugarik gabe, ordainsaria murriztu gabe.
Aldaketak ordainsari handiagoak baldin badakartza berekin, helburuko lanpostuari dagozkionak jasoko dituzte, hori gauzatzen duten bitartean.
Enpresaren eta langileen artean artikulu honetan ezarrita dagoenari buruz desadostasunak egonez gero, Batzorde Paritarioaren prozedurari helduko zaio, eta horrek hogeita hamar eguneko epean konponbiderik ematen ez badu, bidezkoak diren instantzietara joko da. Desadostasunik badago, borondatezko arbitrajearen bidea har daiteke.
IV. KAPITULUA
Plantillak eta eskalafoiak
10. artikulua. Behin-behineko kontratuen erregulazioa.
1. Behin-behineko kontratuak.
Merkatuaren egoerak, lanaren pilaketak edo eskabideen kopuru handiak hala eskatzen duenean, langilearen egitekoa enpresako ohiko jarduera izanik ere. Gehienez ere 12 hilabetekoa izanen da 18 hilabeteko tartean, aipatu diren arrazoiak sortzen direnetik hasita.
2. Errelebo kontratua eta erretiro partziala.
Langileak eskatuta, erretiro partziala har daiteke, baldin eta langileak betetzen baditu legez ezarritako baldintzak. Orobat, erreleboa hartzen duenari kontratazio mugagabea egitearen aldekoa da enpresa printzipioz.
Nolanahi ere, mota horretako kontratazio eta erretiroen erregulazioa une bakoitzean indarrean dagoen lege araudiaren arabera gauzatu behar eta ahalko da.
11. artikulua. Aldizkako langile finkoak.
Aldizkako lan kontratu finkoa berariazko modalitatea da Refresco Iberia, S.A.U. enpresan: haren produktuen kontsumoa neurri handian urtarokoa denez, enpresaren produkzio jardueraren ezaugarrietara moldatzen da.
Urtean jarduera handiko hiru aldi daude: Aste Santua, uda (ekainetik irailera) eta Gabonak (abendutik urtarrilaren 15era).
Kontratu mota horretan Refresco Iberia, S.A.U. enpresen interesak eta langileenak biltzen dira; enpresenak, jarduerak eskatzen duen malgutasuna eskaintzen duelako eta lan gutxiago dagoenean plantilla arindu daitekeelako, eta langileenak, berriz, urteko lanegun guztietan zerbitzuan aritzea eskatzen ez duen kontratu mugagabea delako.
Horregatik, alde batetik Refresco Iberia, S.A.U. enpresaren legezko ordezkariek, eta bestetik, enpresa horietako langileen legezko ordezkariek, Langileen Estatutuaren 83. artikuluko 3. idatz-zatiaren babesean, aldizkako lan kontratu finkoari buruzko gai zehatzen gaineko akordio hau sinatu dute.
Aldizkako langile finkoen kontratazioa
Aldizkako langile finkotzat hartuko dira ondoz ondoko bi kanpainatan kontratatu diren Refresco Iberia, S.A.U. enpresako langileak, enpresaren ohiko jarduera kopuruaren arabera lan karga handiagokoak edo txikiagokoak izan daitezkeen eginkizunak egiteko. Jarduera kopuru horren ondorioa izan daiteke zerbitzua egunero eman beharrik ez izatea, urteko kopuruan lanegunak izan arren. Jarduera bolumen horren ondorioa izan daiteke zerbitzua egunero eman beharrik ez izatea, urteko kopuruan lanegunak izan arren.
Plantillaren egonkortasuna
Bi aldeek uste dute, Refresco Iberia, S.A.U. enpresaren jardueraren ezaugarriak kontuan izanik, urte sasoi batzuetan jarduera handiagoa dela besteetan baino. Horregatik, helburua da hitzarmen kolektibo honetan plantillaren egonkortasuna lortzea, eta ohiz kanpoko egoeretan baizik ez daitezela egin aldi baterako kontratuak.
Horretarako, alderdiek hauxe hitzartu dute:
A.–Enpresaz kanpoko eta beste kontratazio eratako aldi baterako kontratuak arrazoitzea, horiek erabiltzeko irizpideak eta baldintzak zehaztuz.
B.–Ildo horretatik, hitzarmen honen indarraldian, aldi baterako kontratuak legeei jarraikiz sinatuko dira, eta batez ere ondorengo egoerak gertatzen direnean:
–Aldi baterako ezintasun bajak edo oporrak bete beharra.
–Kualifikazio berezia eskatzen dutela-eta, plantillako langileek egin ezin dituzten lanak.
–Produkzio handiko aldiak estaltzea.
–Errelebo kontratuak.
–Eszedentziak.
Aldizkako lan kontratu finkoaren erregulazioa
1.–Aldizkako lan kontratu finkoa, eguneko lanaldi osokoa, Refresco Iberia, S.A.U. enpresan izaera propioa duena ondorio guztietarako, enpresan ohiko jardueran aldizkako lan finkoetan egun zehatzik gabe aritzeko deitua izan den langileari egiten zaiona da, urteko lanegun guztietan zerbitzuan aritzerik ez badago ere. Refresco Iberia, S.A.U. enpresako aldizkako langile finkoek euren zerbitzuak zein sasoitan emanen duten zehazte aldera, urte naturala hartuko da abiapuntu gisa, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte, alegia.
2.–Refresco Iberia, S.A.U. enpresako aldizkako lan finkoaren kontratuan aipamen hauek bilduko dira:
–Kontratuaren izaera.
–Kontratuaren xedeko zerbitzuak enpresako zein jardueratan emanen diren.
–Jarduerak zein sasoitan izanen diren.
–Lanaldia eta lan egutegia zehaztea, Refresco Iberia, S.A.U. enpresaren hitzarmen kolektibo honetan ezarritako baldintzetan.
–Laneratzeko deia egiteko modua eta hurrenkera, Refresco Iberia, S.A.U. enpresaren hitzarmen kolektiboan ezarri bezala.
3.–Antzinatasunaren arabera eginen zaie dei aldizkako langile finkoei, nor bere kategorian. Refresco Iberia, S.A.U. enpresako aldizkako langile finkoari enpresan jarduera gauzatuko den bakoitzean eta haren zerbitzuak behar direnean deitu beharko zaio, jarduera abiarazi baino hiru egun lehenago. Laneratzea pixkanakakoa izan daiteke, unean uneko lan bolumenak sortzen dituen beharren arabera.
Aldizkako langile finkoak ezin izanen dira ordeztu, kontratazio modalitatea edozein dela ere, bitarteko lan kontratuaren eta ordezkapenaren kasuetan izan ezik. Aldizkako langile finkoek, edozein arrazoirengatik, ezin badute beren lanpostuan hasi dei egiten zaienean, enpresako zuzendaritzari horren berri eman beharko diote deia jaso eta 72 orduko epean.
4.–Enpresa behartua dago urtean behin, urtarrilean, aldizkako langile finkoen antzinatasun errolda prestatzera eta iragarki oholean argitaratzera, 30 egun naturaleko epean gutxienez, langileak jakinaren gainean egon daitezen, eta badaezpada ere, gai horretaz erreklamaziorik izanez gero. Errolda horren kopia bat entregatuko zaie Enpresa Batzordeari eta ordezkari sindikalei. Antzinatasunaren hurrenkera erabakitzeko irizpidea aldizkako langile finkoak enpresan sartu ziren eguna oinarri hartuta kalkulatuko da.
5.–Deialdia betetzen ez bada, agiri honetako 7. eta 8. paragrafoetako kasuetan izan ezik, aldizkako langile finkoak kaleratze-prozedura eskatzen ahalko du jurisdikzio eskudunaren aurrean. Epea hasiko da deialdirik egin ez dela jakin eta egun berean.
6.–Aldizkako langile finko bati aurreko idatz-zatian ezarritakoarekin bat deitu eta 72 orduko epean enpresan hasten ez bada, aldizkako langile finkoa izateari utziko dio, eta egoera hori enpresako borondatezko bajarekin parekatuko da.
7.–Ez da kaleratzetzat joko aldizkako langile finko guztiak hartzeko behar adinako lan kopururik ez izatearen ondorioz deirik ez izatea. Egoera horrek kontratuaren aldi baterako etetearen jarraipena ekarriko du, baldin eta ez badira sartzen enpresak egindako erroldaren arabera deien hurrenkeran beherago dauden aldizkako langile finkoak.
8.–Ondokoak kontratua eteteko arrazoi izanen dira eta, horren ondorioz, langilea eta enpresa elkarrekiko dituzten betebeharretik askatuko dira eta lanik eza ez da iraizpentzat hartuko:
–Gorabehera atmosferikoak.
–Banaketarako garraioak edo baliabideak gelditzea.
–Indar eragilea moztea edo lehengairik ez izatea, enpresari egozten ahal ez zaion arrazoiren batengatik.
Halakoetan enpresak egoeraren arrazoiaren berri eman beharko dio langileen legezko ordezkaritzari, bai eta egoera horrek ukitzen dituen langileei ere.
9.–Deia egin eta lanean ez hasteak ez du ekarriko antzinatasun erroldan langileak duen hurrenkera galtzea, honako egoera hauetan dagoenean: aldi baterako ezintasuna, haurra izan, adoptatu edo familian hartu ondorengo amatasun aldia, eszedentzia, lizentzia edo justifikatutako beste arrazoi batzuk, behar bezala egiaztatuta baldin badaude. Lanera itzultzean, lan harremana berriz hasiko da.
10.–Aldizkako langile finkoek enpresaren jarduera beharren arabera utziko dute lana, hirugarren lerroaldean ezarritako hurrenkeran. Utzi beharra idatziz jakinaraziko zaio langileari, kontratua 24 ordutarako baino gehiagotarako eteten denean; etetea laburragoa denean ahoz adieraziko zaio.
11.–Enpresako Zuzendaritzak, zerbitzu aldia bukatzen denean, egiazki egindako lanegunen ziurtagiria emanen dio aldizkako langile finko bakoitzari.
12.–Refresco Iberia, S.A.U. enpresan aldizkako kontratu finkoa duten langileek hilabeteko soldata jasoz hartuko dituzte ordainsariak.
13.–Aldizkako kontratu finkoak kontratu finko bihurtzeko, antzinatasunaren hurrenkera, egokitasuna eta enpresaren beharrak kontuan hartuko dira.
12. artikulua. Oposizio-lehiaketa - lanpostu hutsak.
A. Oposizio-lehiaketaren prozedura.
Konpainiaren politikaren barnean, enplegatuei aukera ematen zaie lanpostu hutsak barneko igoeraren sistema baten bidez betetzeko, oposizio-lehiaketaren prozedura baten bitartez. Barneko hautaketarekin lanpostuaren betebeharretara egokitzen den hautagairik ez dagoenean, kanpoko hautaketa erabiliko da.
Prozedura horren helburua konpainiaren antolaketaren barnean sortzen diren lanpostu hutsetarako langileen gaitasunak bilatu eta aukeratzeko sistema ezartzea da, barne-igoerako sistema ezarrita.
Prozedura horrek gardentasuna eman nahi dio lanpostu hutsak betetzeko prozesuari, baita langileei konpainiak eskain ditzakeen garapen aukeren berri eman ere. Horrela, giza kapital aproposa izanen dugu leku eta une egokietan.
A.1.–Aplikazio eremua.
Prozedura hori Martzillako lantokiko lanpostu hutsei aplikatuko zaie; Giza Baliabideetako Atala izanen da, berekin agintaritza/konfidentzialtasuna/konfiantza ekartzeagatik, lehiaketatik kanpo gera daitezkeen lanpostu hutsak zehaztearen arduraduna.
A.2.–Administrazioa.
Lan harremanaren bidez langileak gehitu, bajaren bat ordeztu edo lanera ez joatea ordeztu behar duen atalak onespena eskatu beharko du, ‘’Langileen eskaera’’ izeneko dokumentuaren bidez.
Hori onetsi eta gero, Giza Baliabideetako Atalak langilea barnetik ala kanpotik bilatu behar den proposatuko du, lanpostuaren izaeraren arabera.
Izendapen libreko lanpostuen (konfiantza, konfidentzialtasuna edo agintaritza dakarten lanpostuak) kasuan, arloko arduradunei galdetu ondoren, Giza Baliabideetako Atalak lanpostuaren hautagaiak zehaztuko ditu, baita, hala denean, egin beharreko probak eta lanpostuari dagozkion lan baldintzak ere.
Lanpostua betetzeko oposizio-lehiaketa egiten bada, Giza Baliabideetako Atalak koordinatuko du prozesu osoa. Bi kasuetan, Giza Baliabideetako Atalari dagokio lan baldintzak jakinaraztea interesdunei.
A.3.–Oposizio-lehiaketako prozedura.
Lanpostu hutsa zehaztuta, Giza Baliabideetako Atalak jendaurrean jarriko du, I. eranskinean ezarritakoaren arabera normalizatutako eredua argitaratuz. Dokumentu horretan, lanpostuari buruzko alde garrantzitsuak adieraziko dira, baita eskatutako profila ere.
Enpresa Batzordeak argitalpenari buruzko jakinarazpena jasoko du.
Argitaratu ondoan, 5 laneguneko epea zabalduko da, interesa duten enplegatu guztiek parte har dezaten hautaketa prozesuan. Nolanahi ere, enplegatuak curriculum eguneratu bat aurkeztu beharko du, bai eta berariazko prozesurako ezartzen den beste edozein informazio gehigarri ere.
Kandidaturak aurkezteko epea amaitu ondoren, Barne-igoerako Batzordeak horiek baloratuko ditu.
Oposizio-lehiaketako prozeduraren barnean, ez da kontuan hartuko deialdian adierazitako betekizunak betetzen ez dituen kandidaturarik.
Prozedura indarrean dagoen bitartean, Oposizio-lehiaketako Batzordea osatuko dute honako hauek: Enpresa Batzordeko bi kide (elkargo ezberdinetakoak) eta enpresako bi kide (bata GGBBetako ordezkaria eta bestea lanpostua barne hartzen duen arlo funtzionaleko ordezkaria).
Batera baloratzeko bileran, bi aldeek ‘’Oposizio-lehiaketako kandidaturen azterketa eta gaitasunen ebaluazioa’’ izeneko formularioaren balorazioa beteko dute.
Balorazioak hasi aurretik, Giza Baliabideetako Atalak honako hauen ponderazioa (%) zehaztu beharko du, prozesu bakoitzean: prestakuntza, hizkuntzak, aurreko esperientzia eta lanposturako baloratu beharreko beste alderdi batzuk.
Alderdiak ados ez badaude, prozedurak ezartzen du arloko arduradun nagusiak zehaztu beharko duela nor den hautagai egokia, edo, bestela, oposizio-lehiaketa bete gabe uzten den. Hautagaiak aurkezteko 5 eguneko epean inor aurkezten ez bada, edo ezarritako baldintzak betetzen ez badira, bete gabe utziko da halaber.
Gogoeta egiteko eta erabakiak hartzeko epea amaitu eta gero, konpainiak azken ebazpena argitaratuko du. Bertan (i) jaso diren eskabideen kopurua, (ii) lanpostu hutsaren betekizunak betetzen dituzten eskabideen kopurua eta (iii) hautatutako hautagaiaren izena agertu beharko dira. Hori guztia II. eranskinean jaso den eredu normalizatuaren arabera eginen da.
A.4. Indarraldia.
Prozeduraren indarraldia hitzarmen kolektiboaren indarraldiari lotuta egonen da.
13. artikulua. Aldi baterako laneko enpresen erregulazioa.
Lan hitzarmen kolektiboa sinatu duten aldeek aldi baterako enpresen erabilera arautu behar dela erabaki dute, jarraian ezarriko diren irizpideekin.
Enpresa horiek erabiliko dira, kanpainan zazpi egun naturaleko iraupen zehatza gainditzen ez duten jardueretan aritzeko denean; izan ere, iraupen hori gainditzen bada, enpresako Zuzendaritzak langile horiek kontratatu beharko ditu zuzenean, beharrezkoa izanez gero.
Refresco Iberia, S.A.U. enpresan zerbitzuak sistema horren bitartez ematen dituzten langileak eta haien kontratuak Enpresa Batzordeari jakinaraziko zaizkio.
Refresco Iberia, S.A.U. enpresan zerbitzuak emateko ABLE baten bidez kontratatu diren langileek merkataritza-etxeak zuzenean kontratatu dituen langileei eragiten dien hitzarmenaren baldintza orokorrak izanen dituzte.
Langile horien ordezkaritza sindikala Refresco Iberia, S.A.U. enpresaren Martzillako lantokiko Enpresa Batzordeak izanen du.
Enpresako Zuzendaritzak, aldi baterako laneko enpresetako langileen zerbitzuak behar baditu, aldizkako langile finkoen zerrenden aukerak amaitu arte horiek ez erabiltzeko konpromisoa hartu du.
VI. KAPITULUA
Enpresan sartzea eta mailaz igotzea
14. artikulua. Probaldia.
Probaldi bat hitzartzen ahalko da: sei hilabete gehienez teknikari tituludunentzat eta bi gehienez gainerako langileentzat.
Probaldi hori idatziz agerraraziko da eta eten eginen du aldi baterako ezintasunak.
Probaldian, langileak bere lanbide kategoriari eta lanpostuari dagozkion eskubide eta betebeharrak izanen ditu, plantillakoa balitz bezala eta kontratazio motaren arabera, lan harremana suntsitzearen ondoriozkoak izan ezik (aldeetako edozeinen eskariz suntsi daiteke lan harremana).
Probaldia bukatutakoan, atzera egin ez bada, kontratuak dagokion modalitateko ondorioak sortuko ditu, eta enpresan lanean aritutako denbora kontatuko da antzinatasunerako.
15. artikulua. Lana borondatez uztea.
Beren borondatez enpresatik alde egin nahi duten langileak behartuak daude enpresari jakinaraztera, aurreabisurako epe hauek betez:
Beharginak: 15 egun natural.
Teknikari eta administrariak: hilabete bat lehenago.
Aipatu epeetan aurreabisua egiten ez bada, enpresak eskubidea izanen du langilearen likidaziotik eguneko lansaria deskontatzeko aurreabisua atzeratzen den egun bakoitzeko.
16. artikulua. Kategoriaz igotzea.
Mailaz igotzeko arau hauek izanen dira:
1.–Beharginak.–Ofizialen lanpostu hutsak antzinatasunaren arabera beteko dituzte, espezialitate bakoitzean, beheragoko kategorietako langileek, baldin eta enpresak horretarako gai kalifikatu baditu edo halakotzat jotzen badira egiten zaien proban. Gai den langilerik ez badago, plantillatik kanpoko langileak onartzen ahalko dira.
Mailaz igotzeko probak hasi baino bi hilabete lehenago gutxienez, proba horiek ezagupen teorikoek edo mekanikoek osatzen dituzten kasuetan, enpresak deialdia egin eta eskatzen diren programak argitaratuko ditu. Halako programek argi eta zehatz azalduko dituzte hitzarmen honetan lanbide kategoria edo lanpostu bakoitzerako ezarritako eginkizunekin bat etorri behar duten arlo eta ezagutzak.
2.–Gaitasun urrituko langileak.–Laneko istripuagatik edo lanbideko eritasunagatik gaitasuna gutxitua (ahalmen fisiko edo intelektuala murriztua) duten langileek lehentasuna izanen dute lanpostu egokiak betetzeko, enpresan dauden baldintzen arabera. Halakoetan, lanbide kategoria berri horri dagokion soldata jasoko du langileak.
Enpresak lanpostuen ehuneko 2 gordeko ditu indarreko araudian xedatutakoari jarraituz, baina salbuetsita gera daiteke, antolamenduak baimentzen dituen ordezko neurriak hartzen baditu.
3. Menpekoak.–Atezain eta mandatarien lanpostuetan lehentasuna izanen dute istripu edo eritasunagatik gaitasuna murriztua duten eta hori dela-eta sorospen eskubiderik ez duten langileek, enpresa barnekoek betiere.
Prozedura.–Kalifikazioko batzorde mistoa ondokoek osatuko dute: enpresako zuzendaritzak izendatutako bi kide, horietako bat buru izanen dena; eta bete beharreko lanpostuen kategoriatik beherakoak ez diren bi langile, haietako bat batzordeko kidea, eta bestea plantillako langilea, zein batzordeak izendatuko baitu. Enpresak prestatuko du azterketetan eskatuko diren gaien programa. Programa hori hitzarmen honetan bildutako kategorietara egokituta egonen da.
Kalifikaziorako batzorde mistoko kideek bakarka emanen dituzte puntuazioak, baremoaren arabera, eta azterketaren bukaeran puntu guztiak zenbatuko dira. Berdinketarik izanez gero, antzinatasunari emanen zaio lehentasuna.
17. artikulua. Lan kontratua.
Kontratua sinatzen den egunetik aurrera, enpresak langileekin lan harremanak formalizatu beharko ditu kontratua sinatuz, haien antzinatasuna, kategoria eta legez eskatu beharreko alderdiak adieraziko dituena. Era berean, legezko ordainagiriaren edo nomina ofizialaren bidez jasoko dute soldata, eta jasotzen diren diru-kopuru guztiak eta ordaintzen diren kontzeptuak azalduko dira agiri horretan.
Goi Zuzendaritzako lan kontratu berezietan izan ezik, enpresak hamar eguneko gehieneko epean emanen die langileen legezko ordezkariei egiten diren lan kontratuen kopia. Agiri horretan lan prestazioarekin zerikusia duten datu guztiak agertuko dira, kontratatuaren intimitateari dagozkionak edo intimitate horri eragin diezaiokeen beste edozein salbu.
Langileen ordezkariek agiri hori sinatu eginen dute jasotzen dutenean, enpresak agiria eman izana egiazta dezan.
VI. KAPITULUA
Lanaldia, aparteko orduak eta oporrak
18. artikulua. Lanaldia.
Oro har, eta Langileen Estatutuko 34. artikuluko 1. idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz, urtean egin beharreko benetako lanorduak 1.760 izanen dira, hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzerako.
Txandakako lan-sistema duten langileek hamaiketakoa egiteko hamabost minutuko atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi hori egiazko lan denboratzat zenbatuko da, baina, nolanahi ere, aurreikusitako ekoizpena bermatu behar da.
Soberako lanaldiko egunak hartzeko, langileak edozein unetan egin dezake eskaera, oporrei buruzko artikuluan aurreikusitako mugak izan gabe. Enpresak baimena eman behar dio, betiere produkzioaren betebeharrak eta eskura dituen baliabideak kontuan izanik.
19. artikulua. Lanaldiaren antolaketa.
Enpresaren ahalmena izanen da lanaldia antolatzea, horretarako lan txandak, lanaldi etengabea eta abar ezarriz, langileen ordezkariekin ados jarririk, eta betiere arlo honetan indarra duten legezko arauei jarraikiz.
a) Lanaldia astelehenetik igandera bitartekoa izanen da.
b) Enpresak antolatuko du astelehenetik igandera bitarteko zerbitzuak nola ematen diren, txanda guztietan, nahitaezko atsedenaldiak, hitzarmen kolektiboan aurreikusitako gehieneko lanaldia, hitzarmen kolektiboan aurreikusitako baldintzak eta oporrak errespetatuz, hitzarmen kolektiboan zehaztu bezala.
c) Jaiegunak borondatezkoak izanen dira. Ez da produkziorik gabeko jaiegunik izanen, enpresa horren beharrean badago. Jaiegunak hitzarmen kolektiboan ezarri bezala kobratuko dira.
d) Lana 4 txandako sistema baten bidez antolatzeko aukera planteatzen da. Lan sistema horren puntu nagusiak ondokoak izanen dira:
- Gehienez ere, langile bakoitzak 6 hilabeteko iraupena izanen du. Edonola ere, enpresak ahaleginak eginen ditu langile bakoitza 4. txandan sartzeko denbora ahalik eta berdinena izan dadin. Nolanahi ere, 4. txandan sartzeko denbora ahalik eta txikiena izanen da, enpresaren produkzio aurreikuspenak aintzat hartuta.
- Langileen legezko ordezkariek aurkeztutako txandakatzea onartzen da.
- Egun, asteburuko txandak 12 ordukoak izanen dira. Haietan, bi atsedenaldi egonen dira, benetan lan egindako denboratzat hartuak, bata 10 minutukoa eta bestea 20koa. Atsedenaldi horiek orain arte bezala eginen dira, produkzioa eten gabe.
- 4. txanda ezarriko dela jakinaraziko da gutxienez 10 egun lehenago.
- 4. txandarako taldeak finkatu ondoren, baimenduko da nor bere borondatearen arabera atxikitzea taldeei, betiere enpresak ezarritako baldintzei jarraituz.
- 4. txandari atxikitako langileek 7 opor egun har ditzakete uztailean eta abuztuan. Egun horiek metatzen ahal dira atsedenaldirako duten astearekin. 4. txandari atxikitako langileek oporrak eskatu edo aldatu ditzakete (dagoeneko eskaturik badituzte), 4. txandari atxikita daudela jakinarazten zaienean.
- Laugarren txanda horretan sortutako soberako lanaldia 4. txandatik kanpoko atsedenaldiarekin konpentsatu daiteke.
- Langileen legezko ordezkariek eska dezakete 4. txandako txandakatzea aldatzeko, betiere urtean behin egiteko baldintza errespetatuz.
- Asteburu osoko lanaldia hitzarmen kolektibo honen 30. artikuluarekin bat ordainduko da.
- 4. txanda ezartzean, hartan sartutako langileei ez zaie aplikatuko hitzarmen kolektibo honetan malgutasunari buruz 19. artikuluan ezarritakoa. Erregulazio hori ez zaie aplikatuko 4. txandako araubide horretan ez dauden langileei, edo hura ezarrita ez dagoen aldietan.
- Laugarren txanda ez da ezarriko abenduaren 1etik urtarrilaren 7ra bitarte.
Lanaldi jarraitua: goizeko ordutegia: 6:00etatik 14:00etara.
Arratsaldeko ordutegia: 14:00etatik 22:00etara.
Gaueko ordutegia: 22:00etatik 6:00etara.
Lanaldi zatituan: atalen eta lanpostuen arabera.
Zaintzaileak: asteburuetan, jaiegunetan eta enpresan ituntzen diren zubietan lan eginen dute bakarrik.
Malgutasuna
Kontzeptu hau hitzarmen kolektiboan sartzen da, lanaldi arrunta asteburuetan eta jaiegunetan ere borondatez egiteko aukera ezarrita egon dadin, besterik gabe, hitzarmen kolektiboan araututakoarekin bat, baldin eta produkziorako halakorik behar bada. Malgutasun horrek ondoko atalen gainean izanen dezake eragina: produkzioa, biltegiak, xarabeak, mantentze-lanak eta kalitatea. Salbuetsita gelditzen dira berez asteburuetan lanik egin behar ez duten lanpostuak. Malgutasun horren oinarrizko puntuak:
1. 8 orduko txandak eginen dira larunbat eta igandeetan. Asteburuetako txandak egin behar direnean, langileei gutxienez 5 egun natural lehenago emanen zaie abisua.
2. Asteburua osatzen duten sei txandetatik (hiru egun bakoitzeko: goiza, arratsaldea eta gaua), behar direnak erabiliko dira, horien behar objektiboa dagoenean. Larunbat gaueko, igande goizeko eta igande arratsaldeko txandetan, lehentasuna izanen dute lan egiteko borondatea agertzen duten langileek. Borondatezko langileak behar adina ez badira, enpresak zehaztuko du zer langilek bete behar dituzten txandak.
3. Asteko nahitaezko atsedenaldiei dagokienez, asteburu oso batean aritzen diren langileek (2 txanda, bata larunbatean eta bestea igandean) hurrengo astean izan behar dute atsedena, astelehen eta asteartean edo ostegunean eta ostiralean. Langile horiek, hurrengo asteburuan, edo larunbatean edo igandean egin dezakete lan, baina ez bietan, eta hurrengo asteburuan ezin dute lanik egin. Hori da bete beharreko sekuentzia. Ordena alda daiteke, baldin eta egoera hori mantentzen bada hiru asteburuan.
4. Nolanahi ere, enpresak nahitaezko atsedenaldiak errespetatu behar ditu, lanaldi artekoak edo astekoak izan.
5. Asteburuko lanaldia benetan lan egindako lanalditzat joko da, eta beste une batean konpentsatu beharko da, helburua izanik langileak 1760 orduko urteko lanaldia betetzea. Horrenbestez, asteburuko lanaldia erabiliz ezin da urteko gehieneko lanaldia gainditu.
6. Asteburu batean lan egiteagatik dagoen konpentsazioa hitzarmen kolektibo honen 30. artikuluarekin bat ordainduko da.
7. Lan egutegiaren arabera jaiegunak direnetan lan eginen da, hala behar izatera, langileak hala nahi badu. Jaiegunean lan egiteagatik dagoen konpentsazioa hitzarmen kolektibo honen 30. artikuluarekin bat ordainduko da, eta, gainera, egun bat eta erdi emanen dira atsedenerako.
8. Malgutasuna antolatzeko sistema honetan, ondoko aldietako asteburuetan egiten den lana (4 asteburu) borondatezkotzat jotzen da:
a. Aste Santua.
b. Abenduko zubiak.
c. Eguberria/Urteberri eguna.
9. Enplegatuaren oporraldiaren hasierako asteburuak, oporraldiaren bukaerakoak edo oporraldiaren erdikoak borondatezkoak izanen dira. 3 asteburuko muga egonen da, baldin eta oporraldia astebetetik beherakoa bada.
10. Nolanahi ere, gaueko txandan lan eginez gero, gaueko lanaren plusa ere jasoko da.
11. Asteburuko lana, produkzio xedeak dituena eta hitzarmen kolektiboaren erregulazioarekin bat datorrena, kontuan hartuko da larunbat eta igandeetako lanaldiak zenbatzeko, horiek konpentsatu eta atseden hartzeko.
Urte bakoitzeko urtarrilean, enpresa beharturik egonen da Enpresa Batzordeari urte horretako produkzioaren aurreikuspena aurkeztera, eta, hortaz, kalkulatutako urtarokotasuna ere bai.
Enpresak hurrengo urteko maiatzera arte konpentsatu ditzake asteburuko txandetan egindako egunak. Enpresak 40 ordu gehienez konpentsatu ditzake hurrengo urteko urtarriletik maiatzera bitarte, aurreko urtean lan egindako asteburuengatik. Konpentsazio egunak zehazteari dagokionez, langileak badauka finkatzea zer egunetan egiten ahal duen konpentsazioa, eta enpresak, berriz, produkzio beharren eta baliabideen arabera, hura baimenduko du, edo, bestela, alternatiba bat proposatuko du. Nolanahi ere, enpresa arduratuko da egunak konpentsatzeaz, eta langileari horren berri emanen dio, langileak aukerarik proposatzen ez badu, enpresarekin adostasunean.
Egunak, lehentasunez, aste osoekin konpentsatuko dira, salbu eta hori posible ez bada produkzioa dela eta.
Lana antolatzeko malgutasun sistema honekin, enpresak konpromisoa hartzen du kontratuak aldi baterako ez eteteko, lan handiko aldiak lan gutxikoekin konpentsatzeko.
4. txandan sortutako soberako orduak atsedenaldiarekin konpentsatuko dira lan gutxiko aldietan.
Malgutasun sistema horrek eguneko eta asteko atsedenaldiak ekarri behar ditu, indarreko araudian aurreikusten direnak.
Ondoko aurreabisuak proposatzen dira laneko sistemak edo txandak behar direla jakinarazteko:
–5 egun lehenago, asteburuko txandak finkatzeko.
–6 egun, astelehenetik ostiralera bitarteko txandak finkatzeko.
–10 egun, 4. txanda ezartzeko.
20. artikulua. Lan egutegia.
Enpresako Zuzendaritzak aurreko urteko azaroan lan egutegia eginen du eta bertan bilduko dira lan ordutegia, asteko atsedenaldiak, jaiegunak eta, langileen ordezkariekin adosturik, oporraldiak.
Abenduaren 24a eta 31 produkziorik gabeko eguntzat hartuko dira, eta hala jasoko da kasuan kasuko lan egutegian, salbu eta kontrolaren eta biltegiaren ataletan, 14:00etara bitarte. Atal horietako langileek egun horietan lan egin behar dutenean, enpresarekin ados egonda finkatzen ahal dute zein egunetan konpentsatuko zaien egun horietan egindako lana.
21. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko orduak dira enpresako lan egutegian (adiera nagusian hartuta) ezarritako lanalditik kanpo edo horren gainetik egiten direnak, eta atal batzuek, ohituragatik, produkzioaren antolaketagatik edo akordio batengatik, dituzten edo izaten ahal dituzten ordutegi bereziak.
19. artikuluan ezarritako asteburuko txanda itunduan egiten diren lanorduak ez dira aparteko ordutzat joko, atseden konpentsatua baitakarte berekin.
Bi aldeek gogorarazi dute aparteko orduak guztiz ezinbestekoa denean baino ez direla eginen.
Era berean, enpresa honen ezaugarri bereziak direla eta —kanpaina garaian batez ere— egoera bereziak sortzen direnez, irizpide hauek ezarri dira:
1.–Aparteko ordu normalak edo ohikoak: kentzea.
2.–Ezbeharrak izan edo aurreikusteagatik, ohiz kanpoko kalteengatik edo gaiak zein produktuak galtzeko arriskuagatik egiten diren aparteko orduak: egitea.
3.–Lanaren egitura eta antolakuntzan ohiz kanpoko egoerak sortzeagatik egin behar diren aparteko orduak (lanera ez agertzea, txanda aldaketak, ohiz kanpoko lanak, lan pilaketa handiak, etab.): mantentze-lanak.
Langile bakoitzak ezin ditu aparteko 80 ordu baino gehiago egin urtean.
Enpresako Zuzendaritzak egin diren aparteko orduen berri emanen die langileen legezko ordezkariei hilean behin, gutxienez.
Aparteko orduak egiten badira, langileak aukeratzen ahalko du horiek diruz konpentsatzea ala atseden denbora hartzea. Langileak atseden denbora hartzea erabakitzen badu, enpresako Zuzendaritzarekin adostu beharko du noiz hartuko den atsedena; hala ere, hori aparteko orduak egin eta hurrengo lau hilabeteko epearen barnean hartu beharko da.
Atsedenaldia konpentsazioa lanaldi osoetan konpentsatuko da. Aparteko zortzi ordu egiten diren aldiro, haiei dagokien denborarekin konpentsatuko da. Aldi berean, enplegatuak hautatzen ahal du lanaldi bati dagokion atsedenaldia hartzea eta gainerakoa kobratzea.
Atseden egun oso bat hartzeko behar beste aparteko ordu egin ez badira, ordu horiek diruz konpentsatuko dira.
22. artikulua. Aparteko orduen prezioa.
Aparteko orduaren balioak, hitzarmen kolektibo honetako langileentzat, honako hauek izanen dira, hitzarmena indarrean dagoen bitartean:
ML/KALIT./TB | PRODUK./BESTEAK | |
Normala | 15,48 | 14,32 |
Larunbatetan | 16,65 | 15,10 |
Jaiegunak | 18,19 | 16,65 |
Gauekoak | 18,69 | 17,99 |
Jaiegunetako gauak | 22,07 | 20,14 |
23. artikulua. Oporrak.
Langileek, enpresan lan egiten duten urte natural bakoitzeko, 23 lan eguneko opor ordainduak hartzeko eskubidea izanen dute.
Oporrak hartzeko orduan, baldintza hauek bete beharko dira:
1.–Urteko lehenengo hiru hilabetetako oporrak aurreko urteko abenduaren 1ean eskatuko dira beranduenez. Enpresak berretsiko ditu edo, bestela, alternatiba bat emanen du, artikulu honetan ezarri bezala, urte horretako abenduaren 31ra bitartean.
2.–Urteko gainerako oporrak (apiriletik abendura), otsailaren 28ra bitarte eska daitezke. Enpresak berretsiko ditu edo, bestela, alternatiba bat emanen du, artikulu honetan ezarri bezala, urte horretako martxoaren 31ra bitartean.
3.–Oporrak finkatu ondoren, haiek ezin dira aldatu, non ez duten enpresak eta langileak adostasunez hori erabakitzen.
4.–Enpresak sustatuko du, ahal delarik, oporrak urtean zehar banatzea.
5.–Uztail-abuztuan, langileek 7 lanegun izanen dituzte opor gehienez, salbu eta langile bakoitzaren atalaren beharrak direla-eta opor gehiago hartzen ahal badira.
6.–Enpresak ezin badio baiezkoa eman oporren eskaerari produkziorako aurreikusitako beharrengatik, lanpostu bereko langileak bilduko ditu, auzi hori planteatzeko eta konponbide bat bilatzeko, ahal bada. Edonola ere, lehentasuna oporrak lehenago eskatu dituztenek izanen dute, baita oporraldi bera aldatua izan dutenek eta aurreko urtean hori hartu ezin zutenek ere.
7.–Nolanahi ere, enpresak konpromisoa hartzen du ahaleginak eginen dituela baliabideak, lanaldia eta abar antolatzen, oporren eskaerei heltzeko, betiere produkzioaren beharrak muga izanik. Izan ere, langile bati eskatutako oporrak ukatzen bazaizkio produkzioaren beharrengatik eta beste egun batzuk ematen bazaizkio, ondoren produkzioaren beharrak aldatzen badira, enpresak langileari jakinaraziko dio, eta horrek eskubidea izanen du oporraldia aldatzeko.
Oporraldia benetan jasotzen den soldataren arabera ordainduko da, hitzarmen kolektibo honetan ezarritako kontzeptuak kontuan hartuta eta urteko gaueko lanen batez bestekoa sartuta. Urteko oporraldia ez da diruz konpentsatzen ahal.
VII. KAPITULUA
Lizentzia ordainduak, baimenak eta eszedentziak
24. artikulua. Lizentzia ordainduak eta baimenak.
1. Lizentzia ordainduak.
Langileak baimena du lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidea galdu gabe, baldin eta aldez aurretik abisatu eta justifikatzen badu. Hona hemen horretarako arrazoiak eta denbora:
A) Ezkontza erlijioso edo zibilarengatik: 20 egun natural.
B) Bigarren gradura arteko odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko ahaideen edo norberaren eritasun larria edo ospitaleratzea: 3 egun natural, prozesuan barna har daitezkeenak.
C) Ezkontidearen eta seme-alaben heriotza: 7 egun natural.
D) Aurrekoen heritzoa: 4 egun natural.
E) Bigarren gradura arteko odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko ahaideen eritasun larria edo ospitaleratzea: 3 egun natural.
F) Haurra jaiotzeagatik edo adoptatzeagatik: 5 egun natural.
G) Ohiko bizilekuz aldatzeko: lanegun bat.
H) Ezinbesteko eginbehar bat betetzeko, publikoa nahiz pertsonala: behar-beharrezko denbora. Botoa ematea barne.
I) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko: legez ezarritakoa.
J) Norberaren aferak: lanegun bat (8 lanordu, gehienez).
K) Bigarren mailara arteko odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko ahaideen ebakuntza kirurgikoa, ospitaleratu beharra izan gabe etxean atseden hartzea agintzen bada: 2 egun natural.
L) Lehenengo mailako aurreko edo ondorengoekin joatea osasun edo lege kontuak direla-eta: 8 ordu urtean, gehienez.
Artikulu honetako B), C), D) eta E) letretan jasotako kasuetan, langileak bere bizilekutik 350 kilometro baino gehiagoko bidaia egin behar badu, egun natural bat gehiago hartzen ahalko du.
2. Senar-emazteen eta izatezko bikoteen arteko eskubideak parekatzea.
Gaur egungo errealitate sozialarekin bat etorrita, enpresak konpromisoa hartu du edozein famili taldek eskubide berdinak izateko, inolako bazterkeria motarik gabe.
Hartara, elkarrekin bizitzeko beste manera batzuk gizartearen eta lanaren arloetan ezkontzekin parekatzearen mesedetan, proposatzen da hitzarmenean ezkontzari buruz ezartzen den erregulazio guztia izatezko bikoteei luzatzea. Ondorio horietarako, bizikidea ezkontidetzat joko da. Hori guztia eginen da, bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direla behar bezala egiaztatzen bada.
3. Kontsulta medikora joateko baimenak.
Gizarte Segurantzako mediku espezialistak. Gizarte Segurantzako mediku espezialisten kontsultara joan behar bada, behar den denboraz, aurretik horren froga den bolantea aurkeztuta.
Familiako medikuak.–Familiako medikuen kontsultara joan behar bada, behar den denbora emanen da, aurretik behar bezalako justifikazioa aurkeztuta. 3 orduko muga egonen da, Martzillan bizi diren langileentzat, eta 4 ordukoa, Martzillatik kanpo bizi direnentzat, medikuaren kontsultaren ordutegia lan ordutegiaren barnean baldin badago.
4. Ordaindu gabeko baimenak.
Langileak 15 eguneko lizentzia eskatzeko aukera ezarriko da. Baimen horrek borondatezko eszedentziaren baldintza berdinak izanen ditu, hau da, baja bideratuko da Gizarte Segurantzan, kotizatu beharrik ez dagoela eta lanpostua gordeko dela.
Lizentzia ordaindu gabe hori hartzeko, enpresa eta langilea ados jarri beharko dira beren artean, enpresaren une bakoitzeko beharrizanak kontuan hartuta.
Langileak 15 eguneko lizentzia ordaindu gabea hartzea eskatu beharko du hilabete lehenago; nolanahi ere, enpresak beren-beregiko erantzuna eman beharko du.
25. artikulua. Laneko eta familiako eginkizunak batera eramatea.
Edoskitzaroa metatzea:
Bederatzi hilabetetik beherako haurra edoskitzen duten emakumezko langileek eskubidea izanen dute lanetik ordubetez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete.
Emakumezko langileak eskubide hori ohiko lanaldiaren eguneko ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezake, hala nahi badu, helburu berbererako, edo denbora hori lanaldi osotan pilatzen ahal du (16 egun natural jarraian).
Baimen hori amak nahiz aitak hartzen ahal dute, beren nahierara, biak lanean ari badira eta bakarrak eskatzen badu.
Jakinarazpen prozedura:
Eskubide horren ondorioz, edoskitzaroa metatzea aukeratzen duen langileak enpresari idatziz jakinarazi beharko diola ezarri da, metatzea baino hilabete lehenago.
26. artikulua. Eszedentziak.
Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izan daiteke, eta enpresako langile finkoek bakarrik hartzen ahalko dute.
Borondatezko eszedentzia: enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, lau hilabeterako gutxienez eta bost urterako gehienez. Eskubide horretaz berriro balia daiteke langile bera, aurreko eszedentzia bukatu eta 4 urte igaro eta gero.
Eszedentzian dagoen langileak enpresan hutsik dauden eta bere kategoriakoak edo antzekoak diren lanpostuetan sartu ahal izateko lehentasuna besterik ez du. Horretarako, eszedentzia bukatu aurreko 30 egun naturaleko epean itzultzea eskatu beharko du. Bestela, lan harremanari uko egiten diola ulertuko da.
Nahitaezko eszedentzia: nahitaezko eszedentzian dagoen langileak lanpostua gordetzeko eta antzinatasunari begira kontatzeko eskubidea izanen du, eta ondoko inguruabarrak biltzen dituztenek eskuratzen ahalko dute eszedentzia hori:
a) Hautapen prozesu egoki baten bidez kargu publiko bat betetzeko hautatua edo izendatua izatea estatuan, erkidegoan, eskualdean, probintzian edo udalerrian, esparru orokor guztietarako edo bakoitzerako.
Kargu horietarako Estatu, autonomia erkidego, eskualde, probintzia edo udaleko organo eskudunen eta ministroen Kontseiluan onetsitako izendapen ofizial baten bidez hautatua izan bada, eta dagozkion aldizkari ofizialetan edo ebazpen administratibo baten bidez argitaratu bada.
b) Probintzia barneko edo esparru handiagoko sindikatu eginkizunetan aritzen diren langileek ere, beren estatutuen arabera, eska dezakete eszedentzia enpresan, beren karguak irauten duen denborarako.
Probintzia barneko edo esparru handiagoko sindikatu eginkizunetan edo ordezkari kargu publikoetan aritzeagatik lanpostua uzten duten langileen kasuan, langileak hogeita hamar egun naturaleko epea izanen du lanean berriro hasteko bere zerbitzua, kargua edo eginkizuna bukatzen duenetik aitzina.
Azaldutako eszedentzia kasu guztietan, eta horrek irauten duen bitartean, hau da, eszedentziako langilea bere lanpostura itzultzen ez den bitartean, ez du eskubiderik izanen soldatarik jasotzeko, ez eta egoera horretan dagoen denbora inolako ondorioetarako kontuan hartzeko ere, salbu eta nahitaezko eszedentzietan, antzinatasunerako kontatuko baita.
Seme-alabak zaintzeko eszedentzia hartzen duten langileen kasuan, lanpostua gordetzeko eskubidea Langileen Estatutuko 46. artikuluko 3. zenbakian xedatutakoak gobernatuko du.
27. artikulua. Konpentsazioa eta irenspena.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta, praktikan aplikatzerakoan, beren osotasunean hartuko dira. Oro har, legezko gutxieneko baldintzak baino hobeak dira. Beraz, irentsi eta konpentsatuko dituzte bere indarraldian xedapenaren aginduz bete beharreko bestelako baldintzak, zeinek eraginkortasun praktikoa izan baitezakete baldin eta orokorrean, urteko konputuan, hitzarmenaren maila osoa baino hobeak badira.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzak, denak batera hartuta, konpentsatzen ahal dira gaur egun edo lehenagotik hauetako baten bidez indarrean dauden hobekuntza itunduekin: alde bakarrak eman duelako, edo legearen nahiz epailearen aginduz, administrazioarekiko prozeduraz, edozein motatako itunez edo beste edozein arrazoiren ondorioz.
VIII. KAPITULUA
Baldintza ekonomikoak
28. artikulua. Ordainsariak.
1. Soldataren egitura.
Refresco Iberia, S.A.U. enpresako langileen hitzarmeneko soldata soldataren kontzeptuan dago osatuta.
2. Soldataren igoera.
Hitzarmen honen indarraldian, ez da igoerarik planteatzen hitzarmen kolektiboan aurreikusitako kontzeptuetan.
29. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
22:00etatik 06:00etara bitartean lan egiten duten langileek gaueko lanaren plusa kobratuko dute: gauez lan egindako ordu bakoitzeko 1,79 euroko zenbateko finkoa, hitzarmen kolektiboaren indarraldian.
Plus horretatik kanpo daude gaueko lanetarako kontratatu diren langileak, edo interesdunak eskatuta gaueko lanei atxikitakoak.
Oporraldian urteari dagokion gaueko lanaren plusaren batez bestekoa gehituko zaio ordainsariari.
30. artikulua. Larunbat, igande eta jaiegunetako plusa.
Ondokoa izanen da larunbat, igande eta jaiegunen plusa, lan egindako ordu bakoitzeko:
Larunbateko plusa | 6,71 |
Igandeetako plusa | 6,71 |
Jaiegunetako plusa | 8,73 |
Zenbateko horiek ez dira aldatuko hitzarmen kolektibo honen indarraldian.
31. artikulua. Arriskuaren eta nekagarritasunaren plusa.
Lan arriskutsu eta nekagarritzat joko dira, irizpide tekniko hutsei jarraikiz, horrela ebaluatu eta jotzen direnak. Balorazioaren arabera, plus hori hitzarmeneko oinarrizko soldataren %25ekoa izanen da.
32. artikulua. Dietak.
Dieten zenbatekoa honako hau izanen da:
Enpresaren aginduz edozein langilek bere ibilgailua erabili behar duenean, enpresak 0.24 euro ordainduko ditu km-ko.
–Bazkaria: 10.22 euro.
–Afaria: 10.22 euro.
–Ostatua eta gosaria: 48.08 euro.
–Dieta osoa: 60.10 euro.
Langileak gastu gehiago baldin baditu enpresaren agindua betetzen ari denean, ordaindu eginen zaizkio, agiri bidez frogatu ondotik.
Nolanahi ere, enpresak langileren baten lan txanda aldatzen badu lanaldi jarraitua lanaldi zatitu bihurraraziz, enpresak bazkariaren balioa ordainduko du, langilea Martzillatik kanpo bizi bada.
Tafallako langileak egunero lekualdatzea: enpresak orain arte erabili duten garraio ibilgailua eskaini beharko die Tafallako lantokitik datozen langile finkoei, egunero Tafallatik lantokira eta lantokitik Tafallara joateko.
33. artikulua. Aparteko eskersariak.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek urtean aparteko bi eskersarirako eskubidea izanen dute. Hona hemen eskersari horien edukia:
Uztaileko eta Eguberrietako aparteko eskersarietan, haietako bakoitzean, hitzarmen honetan ondoko kontzeptuengatik ezarritako ordainsarien hogeita hamar egun ordainduko dira: oinarrizko soldata, hitzarmeneko osagarria, lanpostuko osagarria, eta, hala balegokio, “ad personam” osagarria eta osagarri pertsonala. Ordainketa horiek seihilekoak izanen dira sorrarazpen eta likidazioaren ondorioetarako. Bata urtarrilaren 1etik ekainaren 30era arte kontatuko da eta bestea uztailaren 1etik abenduaren 31ra arte.
Seihileko baten barnean enpresan sartzen den edo lana uzten duen langileari, likidazioari dagokion seihilekoan egin lanorduen arabera zenbatekoa hainbanatuz ordainduko zaio aparteko eskersaria.
34. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
Eritasun arruntak.–Eritasun arruntagatiko aldi baterako ezintasuneko kasuetan benetako soldataren %80 jasoko da, baja hartzen den egunetik. Bajaren 21. egunetik aitzina, berriz, benetako soldataren %100 jasoko da, gehienez 18 hilabete igaro arte.
Hitzarmen honek irauten duen bitartean plantillaren eritasun arruntagatiko absentismo orokorraren indizea %3tik gorakoa ez bada, aurretik aipatu diren erregelamendu sariak hobetu eginen dira hurrengo hitzarmenetan.
Laneko istripuak edo lanbide eritasunak.–Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek, laneko istripu edo lanbide eritasunen baten ondorioz aldi baterako ezintasuna (ABE) izaten badute, beren benetako soldataren % 100 kobratzeko eskubidea izanen dute lehenbiziko egunetik hasi eta gehienez ere 18 hilabete igaro arte.
Adierazitako hobekuntzek ez dute inoiz ere ekarriko eragindako langilea altan egonez gero kobratzen duena baino gehiago.
35. artikulua. Aseguru poliza.
Refresco Iberia, S.A.U. enpresak indarrean mantenduko du aseguru poliza orokor bat hitzarmen honen eraginpeko langileentzat. Indarra izanen du enpresan lan egin eta Gizarte Segurantzan afiliatuta dauden langileentzat. Hona hemen estaldurak:
KONTZEPTUA | ZENBATEKOA |
Berezko heriotza, baliaezintasun osoa, erabateko baliaezintasuna eta baliaezintasun handia: | 14.724,80 euro |
Lan istripuaren ondoriozko heriotza: | 43.260,00 euro |
Lan istripuaren ondoriozko baliaezintasun osoa, erabateko baliaezintasuna eta baliaezintasun handia: | 55.620,00 euro |
Artikulu honetan xedatutakoa hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik bi hilabeteko epean hartuko du indarra, enpresak polizaren beharrezko egokitzapenak egin ditzan. Une horretara arte, aurreko hitzarmenean ezarritakoa aplikatuko da.
Zenbateko horiek aurreko urteko KPIaren arabera igoko dira.
36. artikulua. Erretiro saria.
Erabateko baliaezintasun iraunkorra dela-eta enpresan baja hartzen duten eta hitzarmen kolektibo honek eragiten dituen langileei hilabete bateko soldata emanen zaie antzinatasuneko bosturteko bakoitzeko, 65 urte eta enpresan hamar urte eman badituzte gutxienez. Dena den, honako muga hauek egonen dira:
- Sei hilabeteko soldata.–62 urte baino gutxiago badituzte.
- Bost hilabeteko soldata.–62 edo 63 urte badituzte.
- Hiru hilabeteko soldata.–64 edo 65 urte badituzte.
Langileek erretiroa eskatzen ahalko dute 1.194/85 Errege Dekretuaren babesean. Baldintza bakarra langilearen eta enpresaren arteko akordioa egotea izanen da.
IX. KAPITULUA
Hutsegiteak eta zehapenak
37. artikulua. Hutsegiteak.
Hutsegitetzat hartuko dira indarra duten legezko xedapenek eta, oro har, oinarrizko hitzarmen honek ezarritako betebeharren kontrako ekintzak edo ez-egiteak.
Garrantziaren arabera, hutsegiteak honela sailkatu dira: arinak, larriak eta oso larriak. Ondoko zerrendak orientazio moduan ematen dira, ez baitaude itxita.
38. artikulua. Hutsegite arinen sailkapena.
Ondokoak joko dira hutsegite arintzat:
1.–Hilabete baten barnean lanera behin, bitan edo hirutan berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe.
2.–Lanerako ezintasun iragankorreko baja edo lanera ez agertzearen bidezko arrazoiak bi egun balioduneko epean ez jakinaraztea, hori egiterik ez dela izan frogatu ezean.
3.–Lanetik denbora gutxirako alde egitea, bidezko arrazoirik gabe.
4.–Norberaren garbitasun edo txukuntasun eza.
5.–Egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.
6.–Noizean behin mozkortuta agertzea.
39. artikulua. Hutsegite larrien sailkapena.
Honako hauek dira hutsegite larriak:
1.–Lautik zortzira bitarteko hutsegite lanera berandu iristeagatik, 30 egun naturaleko epean.
2.–Lanera bi egunez ez agertzea 30 egun naturaleko epean, bidezko arrazoirik izan gabe.
3.–Lanorduetan edozein motatako denbora pasatan ibiltzea.
4.–Beste langile bat lanera agertu dela simulatzea, haren sinadura, fitxa edo kontrol txartela erabiliz.
5.–Lanean zuhurtziarik gabe jokatzea. Jokabide hori hutsegite oso larritzat jo daiteke, baldin eta langilea bera edo lankideak istripua izateko arriskuan jartzen badira edota instalazioak edo salgaiak hondatzeko edo su hartzeko arriskuan.
6.–Lanorduetan norberaren lanak egitea, bai eta enpresaren tresnak norberarentzat erabiltzea ere, lanalditik kanpo izan arren, horretarako baimenik izan gabe (hutsegite arina izan liteke).
7.–Langileak ikusitako egintzak edo hutsegiteak ezkutatzea, horrek kalte larriak sortzen baditu, eta instalazioetan ikusten den edozein arazo garrantzitsuren berri buruari berehala ez ematea.
8.–Norberaren akatsak nahita ezkutatzea, enpresari kalteak sortzen ahal dizkioten arren.
9.–Enpresak emandako uniformea ez janztea.
10.–90 egun naturaleko epean 3 hutsegite arin edo gehiago egitea, desberdinak izan arren, aurretik hitzezko kargu-hartzea ez den zehapen bat jarri bazaio.
40. artikulua. Hutsegite oso larrien sailkapena.
Hutsegite oso larriak honako hauek dira:
1.–Lanera maiz berandu iristea edo ez joatea, bidezko arrazoirik gabe.
A) Lanera zortzi aldiz baino gehiagotan berandu iristea arrazoirik gabe, hogeita hamar egun naturaleko epean, eta hamasei aldiz baino gehiagotan bidezko arrazoirik gabe, ehun eta laurogei egun naturaleko epean.
B) Lanera ez joateagatiko hutsegitea: lanera hiru egunez ez agertzea, arrazoirik eman gabe, hiru hilabeteko epean.
2.–Agindutako kudeaketetan iruzur egitea, eta enpresari, lankideei edo beste edozeini lantoki barnean nahiz lanean beste edozein lekutan aritzean ebastea edo lapurtzea.
3.–Enpresaren lanabes, makineria, aparatu, instalazio, eraikin, altzari edo agiriak desagerrarazi, ezdeus bihurtu edo hondatzea.
4.–Enpresaren edo langileen isilpeko eskutitzen edo agirien sekretua haustea.
5.–Enpresakoa ez den norbaiti nahitaez isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.
6.–Nagusi, mendeko edo lankideak jotzea edo iraintzea, norberaren defentsarako ez bada.
7.–Istripu larriak sorraraztea, zabarkeria edo zuhurtziagabekeria desenkusaezinagatik.
8.–Lankideekin liskarrak eta iskanbilak maiz sortzea, arrazoirik gabe.
9.–Segurtasun eta higieneagatik debekatuta dagoen tokietan erretzea. Debeku hori argi azaldu beharko da halako tokietan, kartelen, banderen edo beste edozein sistema egokiren bidez.
10.–Kontratuko onustea haustea, eta laneko konfiantza-abusua.
11.–Ohiko edota itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.
12.–Enpresak emandako babes elementuak ez erabiltzea edo enpresak ezarritako segurtasun neurriak ez betetzea.
13.–Horditua edo estupefazienteak hartuta maiz egotea, baldin eta lanean ondorio okerrak badakartza.
14.–Hutsegite larriak behin baino gehiagotan egitea, hots, gertaerako aurreko urtean langileari hirutan edo gehiagotan zehapenak jarri zaizkionean hutsegite larriengatik, nahiz eta izaera diferenteetakoak izan.
41. artikulua. Zehapenak.
Hutsegiteen arabera, zehapen hauek ezarriko dira:
1.–Hutsegite arinengatik:
- Hitzezko kargu-hartzea.
- Idatzizko kargu-hartzea.
- Egun bateko edo bi eguneko enplegu-soldaten etenaldia.
2.–Hutsegite larriengatik:
- Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.
- Hiru egunetik hamabostera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
- Goragoko kategoria batera pasatzeko gaitasuna kentzea hiru urterako gehienez.
3.–Hutsegite oso larriengatik:
- Hamasei egunetik hirurogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
- Goragoko kategoria batera pasatzeko gaitasuna kentzea bost urterako gehienez.
- Oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.
- Kaleratzea.
42. artikulua. Zehapenak betearaztea.
Zehapen guztiak ematen diren unetik beretik hasita betearaziko dira; horrek ez du alde batera uzten zehapena jasotzen duenak jurisdikzio eskudunean erreklamazioak egiteko duen eskubidea. Enpresako zuzendaritzak 3 hilabete bitarte atzeratu dezake zehapenaren betetzea.
43. artikulua. Preskripzioa.
Langileei dagokienez, hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, larriak hogei egunen buruan eta oso larriak hirurogeiren buruan, enpresa hutsegiteaz jakitun egindako egunetik aitzina eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.
44. artikulua. Prozedura.
1.–Enpresako Zuzendaritzari edo haren ordezkariari dagokio sariak eman edo zehapenak ezartzeko ahalmena.
2.–Enpresak langileen legezko ordezkariei eta ordezkari sindikalari, hala denean, jakinaraziko dizkie hutsegite larrien eta oso larrien ondorioz langileei ezartzen zaizkien zehapenak.
3.–Hutsegiteak arinak direnean ez da espedientea instruitu beharko. Hutsegite larrien edo oso larrien ondoriozko zehapenak ezartzeko ere ez da espedienterik instruitu beharko. Nolanahi ere, horiek idatziz jakinaraziko dira, eta idazkian zehatz azalduko da zer egitatek sortu duen hutsegitea eta nolako zehapena ezarriko den, non ez den hitzezko kargu-hartzea.
Gertaerak argitzearren, enpresak erabakitzen badu espedientea irekitzea zehapenak ezartzeko, interesdunak eskubidea izanen du deskargu orria aurkezteko eta proposatzen dituen eta instruktorearen ustez bidezkoak diren frogak gauzatzeko, eginbideak hasten direnetik hilabeteko epean gehienez.
4.–Hutsegite larri edo oso larri baten ondoriozko zehapena ezartzen zaienean karguetan dauden langileen legezko ordezkariei edo agintaldia bukatu eta urtebetea pasatua ez dutenei, aginduzkoa izanen da espedientea irekitzea, arau hauei jarraikiz:
a) Enpresak espedientea ireki dela jakinaraziko dio langileari eta, horrekin batera, espedientean azaltzen diren gertaerak biltzen dituen kargu orriaren berri emanen dio..
b) Enpresak idazkari bat eta insktruktore bat izendatuko ditu, eta horien izenak espedientea irekitzeko idazkian berean azalduko dira.
c) Instruktoreak idazki hori interesdunari igorriko dio, alegazioak egin eta bidezkoak iruditzen zaizkion frogak aurkez ditzan bost eguneko epean.
d) Espediente irekitzea bukaturik, enpresak ondokoak jakinaraziko dizkio langileari, idatziz: ezarritako zehapena, zein egunetatik hasita izanen dituen ondorioak eta zehapenaren oinarri diren gertaerak.
45. artikulua. Enpresaburuen arau-hausteak lan arloan.
Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuan eta indarra duten gainerako legezko xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.
X. KAPITULUA
Segurtasuna eta higienea
46. artikulua. Arau orokorra.
Enpresak eta langileek konpromisoa hartu dute laneko arriskuen prebentzioari eta segurtasunari buruzko indarreko araudian xedatutako guztia betetzeko.
47. artikulua. Laneko Segurtasuna.
Segurtasun handiagoa lortzeko asmoz, Segurtasun eta Osasun Batzordean istripuak gertatzen direnean jarduteko prozedura egokia ezarriko da.
48. artikulua. Lokaletako higienea.
Lokalek baldintza egokiak izan behar dituzte osasun eta ingurumen aldetik, eta garbi eta higiene onarekin edukitzeko baliabideak izan; langileek enpresako zuzendaritzak horri begira ematen dituen arauak bete behar dituzte.
49. artikulua. Osasun azterketak.
Enpresak osasuna zaintzeko kontratatu duen erakundeak legearen arabera xedatzen duena beteko da.
Osasun azterketak lanpostu bakoitzaren ezaugarri berezien araberakoak izanen dira.
40 urtetik gorako langileei PSA proba eginen zaie.
50. artikulua. Higiene zerbitzuak.
Lantokian edateko ura hartzeko behar beste toki izanen da, bai eta aldagelak, garbigelak, dutxak eta komunak ere, aplika daitezkeen arauetan ezarritakoaren arabera.
51. artikulua. Laneko arropa.
Enpresak langile guztiei, oro har, lanerako honako arropa hauek emanen dizkie urtean behin, zein departamentutan lan egiten duten kontuan hartuta:
Hori behar duten kolektiboetako langileei haizetik babesteko jantzi polar bat emanen zaie urtean behin.
Neguko arropa Martzillako lantokian, baldintza klimatologikoak direla eta, homologatu behar da, beharrezko lanpostu guztientzat. Segurtasun eta Osasun Batzordeak aztertu beharko du neguko arropa bideragarria eta egokia ote den laneko arriskuak prebenitzeari buruzko araudia betetzeko.
–Xarabe-egileak.
2 atorra.
2 praka pare (negurako bat eta udarako beste bat).
2 bota pare.
Txaleko bat.
Jaka handi bat (beharren arabera).
–Eskorgak.
2 atorra.
2 praka pare (negurako bat eta udarako beste bat).
2 bota pare.
Txaleko bat.
Jaka handi bat (beharren arabera).
–Produkzioa.
2 atorra.
2 praka pare (negurako bat eta udarako beste bat).
2 bota pare.
Txaleko bat.
–Mantentze-lanak.
2 atorra.
2 praka pare (negurako bat eta udarako beste bat).
2 bota pare.
Txaleko bat.
Txaketa bat.
Jaka handi bat (beharren arabera).
Lantegian sartu behar duten administrazioko eta laborategiko langileek lanerako arropa egokiak jasoko dituzte.
Lanerako arropa horien kontserbazioa eta garbiketa langileen kontura izanen dira.
52. artikulua. Botika gela.
Enpresa aldez aurretik instalatutako botika gela edo osasun gela hornitzeaz eta mantentzeaz arduratuko da, segurtasun eta higiene arloan indarra duten xedapenei jarraikiz.
53. artikulua. Jantokiak.
Jantokiei dagokienez, indarra duen legerian ezarritakoari jarraituko zaio.
54. artikulua. Gaitasuna gutxitua.
Laneko istripu edo lanbide eritasun baten ondorioz ondorio fisikoak edo psikikoak dituzten langile guztiek lehentasuna izanen dute deitzen diren lanpostu hutsak betetzeko, enpresaren ustez lanpostu huts horretarako eskatutako gutxieneko gaitasunak badituzte.
Kasu horietan, jaso beharreko ordainsaria lanpostu eta lanbide kategoria berriei dagokiena izanen da.
55. artikulua. Langileen higienea.
Jangaiak prestatzen eta maneiatzen zuzenean esku hartzen duten langileek zorrotz beteko dituzte higiene eta osasun neurri guztiak.
Enpresak beharrezkoak diren baliabide guztiak emanen dizkie, behar duten langileei, jangaiak erabiltzeko txartela lor dezaten.
Era berean, enpresak arauak ezarriko ditu, jangaiak zuzenean ukitu ez arren fabrikazio lanak egiten diren lokaletan sartu behar duten langileentzat.
Halaber, kontuan izanen da langileen higiene neurriei dagokienez indarra duen araudian ezarritakoa bete behar dela.
XI. KAPITULUA
Langileen ordezkariak
56. artikulua. Eskubide sindikalak.
Enpresak errespetatu eginen du langile guztiek libreki sindikatzeko duten eskubidea, onartuko du sindikatu batean afiliatuta dauden langileek bilerak egin eta kuotak kobratu ditzaketela eta lanorduetatik kanpo eta enpresako ohiko jardueran etenik egin gabe sindikatuko informazioa banatu dezaketela; era berean, ezin izanen du ez afiliatzeko edo afiliazioa uzteko baldintza jarri langile batek bere lanpostuari eusteko, edo afiliazioagatik edo sindikatuko jardueragatik beste modu batez kalte egin langileari.
Sindikatuek informazioa bidaliko dute enpresara, banatu dadin, betiere lanorduetatik kanpo eta produkzio prozesua eten gabe. Lantokiak iragarki ohol bat izanen da, behar adinako ordezkaritza duten sindikatuek oharrak jar ditzaten.
57. artikulua. Sindikatuak.
Enpresan titulartasun pertsonalaren bidez ordezkatua izateko eskubidea duela alegatzen duen sindikatuak behar bezala egiaztatu beharko du enpresaren aurrean; horren ondoren, enpresak onartuko du ordezkari sindikalak sindikatua ordezkatzeko ahalmena duela, legezko ondorioetarako.
Sindikatuko ordezkariak jarduneko langilea izan behar du dagokion enpresan, eta ordezkatzen duen zentral edo sindikatuko estatutuen arabera izendatua.
58. artikulua. Sindikatuko ordezkariaren eginkizunak.
a) Enpresak Enpresa Batzordearen eskura jartzen duen informazio eta dokumentazio bera eskuratzeko eskubidea izatea; ordezkari sindikalak isiltasun profesionalez jokatu behar du legez bidezkoa den gaietan.
b) Haren atal sindikalaren izenean enpresako hitzarmen kolektiboaren negoziazioan parte hartzea.
c) Enpresak ordezkariak esan beharrekoa entzuteko eskubidea izatea, langile guztiei eta, bereziki, bere sindikatuko afiliatuei eragiten dieten neurri kolektiboak hartu aurretik, batez ere iraizpenetan eta zehapenetan.
d) Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolaketakoak edo ekoizpenekoak direla-eta enpresaburuak lan kontratuak suntsitu nahi dituenean, bete behar den eztabaida eta kontsulta aldian parte hartzeko eskubidea izatea.
e) Lan gatazka kolektiboei buruzko prozesuak sustatzeko legitimazio aktiboa.
f) Enpresa Batzordearen segurtasun eta osasun arloko bileretara joateko eskubidea izatea, hizpidea bai baina botorik gabe.
59. artikulua. Enpresa batzordearen eskumenak.
Enpresa Batzordeak honako eskumen hauek izanen ditu:
1. Hiru hilean behin bederen ondokoen gainean emanen zaien informazioa jasotzea: enpresaren sektore ekonomikoaren eboluzio orokorra, entitatearen produkzio eta salmenta egoera, enpresaren produkzio programa eta enpleguak izan dezakeen eboluzioa, bai eta enpresaburuek kontratu berriak egiteko dituzten aurreikuspenak, zenbat eta zein modalitatetakoak izanen liratekeen zehaztuz eta, berdin, kontratu motak eta azpikontratazio kasuak.
2. Langilearen Estatutuaren 8. artikuluko 3. idatz-zatiaren a) lerroaldean aipatzen diren kontratuen kopia jasotzea, eta horien luzapen eta amaierak jakitea, hori gertatu eta hamar eguneko epean.
3. Balantzea, emaitzen kontua, memoria eta bazkideei ematen zaizkien gainerako agiriak ezagutzea, horien baldintza berberetan.
4. Txostena egitea, enpresaburuak ondoko arlo hauetan hartzen dituen erabakiak gauzatu aurretik:
- Plantilla berregituratzea eta hartan izaten diren uzte erabatekoak edo partzialak, behin betikoak edo aldi batekoak.
- Lanaldi murrizketak, eta instalazioen lekualdaketa erabatekoak edo partzialak.
- Enpresaren lanbide heziketako planak.
- Lanaren antolaketako eta kontroleko sistemak ezarri edo berrikustea.
- Denborak aztertzea, prima edo pizgarrien sistemak ezartzea eta lanpostuen balorazioa egitea.
- Txostena egitea, enpresaren “status” juridikoaren bat-egiteak, xurgapenak edo aldaketak enplegu kopuruan eragina baldin badu.
- Enpresak erabiltzen dituen lan kontratu idatziko ereduak ezagutzea, bai eta lan harremana zehaztearen inguruko agirienak ere.
- Hutsegite larriengatik edo oso larriengatik langileei jartzen zaizkien zehapen guztien berri izatea.
- Hiru hilabetean behin, gutxienez, ezagutzea absentismoaren indizeari buruzko estatistikak eta haren arrazoiak, lan istripuei eta lanbide gaixotasunei buruzkoak eta haren ondorioak, eta ezbeharren indizeei buruzkoak. Orobat, laneko ingurumenari buruzko azterketak, aldizkakoak edo bereziak izan, eta erabiltzen diren prebentzio mekanismoak.
- Honako lana egitea:
- A) Lan, gizarte segurantza eta enplegu arloetan arauak eta enpresako gainerako itun, baldintza eta ohiturak betetzen diren begiratzea, eta enpresaren eta erakunde edo epaitegi eskudunen aurrean bidezkoak diren legezko ekintzak gauzatzea, hala behar denean.
- B) Enpresako lanetan segurtasun eta higiene baldintzak betetzen diren begiratzea eta kontrolatzea, Langileen Estatutuko 19. artikuluan horren inguruan ezarritako berezitasunak kontuan hartuta.
60. artikulua. Sindikatuko kuota.
58. artikuluan aipatzen den ordezkaritza duten sindikatuetako langile afiliatuek eskaturik, enpresak langileen hileko kuotatik kenduko du dagokien sindikatuko kuotaren zenbatekoa.
Eragiketa hori egin nahi duen langileak idazki bat bidaliko du enpresako Zuzendaritzara, datu hauek emateko: deskontua egiteko agindua argi adierazia, zein sindikatutakoa den, kuotaren zenbatekoa eta diru transferentzia jasoko duen kontu korrontearen edo aurrezki kutxako libretaren zenbakia. Enpresak urtebetez eginen du kenketa, interesdunak kontrakorik adierazten ez badu behintzat.
Enpresako zuzendaritzak transferentziaren kopia emanen dio sindikatuak enpresan duen ordezkaritzari, halakorik baldin bada.
61. artikulua. Ordu metaketa.
Enpresa batzordeko kideek Langileen Estatutuan ezarritako ordu ordainduak izanen dituzte hilean beren ordezkaritza lanak egiteko, segurtasun eta osasun arloko prebentziorako orduak barne.
Hileko ordu ordainduen metaketari dagokionez, batzordeko kideek, batzordeko kide diren aldetik, bakoitzari dagozkion orduen 100eko 100era bitarte laga diezaiokete beren sindikatuko langile bati. Lagako diren orduak hilean hilekoak izanen dira, betiere orduak laga baino hilabete bat lehenago, gutxienez, enpresako zuzendaritzari horren berri emanda.
62. artikulua. Sindikatuen kontrako jarduketak.
Aldeetako baten batek uste badu sindikatuen kontrakoak diren jarduketak egin direla, legeetan ezarritakoari jarraituko zaio.
63. artikulua. Ingurumeneko delegatua.
Enpresa Batzordeak ingurumeneko delegatuaren figura sortuko du, bere kideetako bat hautatuz eta laneko arriskuen prebentzioko ordezkari baten jarraibideei jarraikiz.
Haren eginkizunak eta eskumenak arautu beharko dira.
64. artikulua. Arauen erreferentzia.
Aurreko artikuluetan berariaz bildu ez den orotan, ekintza sindikalaren arloko aldeek Langileen Estatutuan eta Askatasun Sindikalaren Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko dute.
I. ERANSKINA
Deialdia. Oposizio-lehiaketa
Lanpostua:
Iraupena:
Lanb. taldea:
Atala:
Txostena: .................(e)ko arduradunari bidaltzea
Ordutegia:
Eginkizunak:
Betekizunak:
Honako hau baloratuko da:
Lanpostu horretan interesatuta dauden langile guztiek eskabidea aurkeztu beharko dute Giza Baliabideetako atalean, ...........aren ..........(e)ra arte, CV eguneratuarekin batera.
Adeitasunez,
Giza baliabideak
Argitalpen-data: .................. / .................. / ..................
II. ERANSKINA
Oposizio-lehiaketaren ebazpena.
Norentzat: langile guztiak | Eguna: ––– / ––– /–––– |
Kopia: Enpresa Batzordea | Nork bidalia: Giza Baliabideetako Atala |
Ebazpena. Oposizio-lehiaketa
Deitutako lanpostua:
Lanbide:
Taldea:
Jasotako:
Eskaerak:
Baldintzak betetzen:
Dituztenak:
Aukeratutako:
Hautagaia:
Besterik gabe, hartu agur bero bat.
Giza baliabideak
III. ERANSKINA
Soldata taulak hitzarmenaren indarraldian
URTEKO SOLDATA | |
1. maila | 14.178,22 |
2 maila | 15.517,32 |
3 maila | 16.972,62 |
4 maila | 17.108,74 |
5 maila | 17.836,73 |
6 maila | 17.924,87 |
7 maila | 19.346,81 |
8 maila | 19.443,84 |
9 maila | 21.338,80 |
Xarabeen plusa | 25,93 |
Betetzailearen plusa | 25,93 |
Txandaburuaren plusa | 148,68 |
OHARRA.
Langileei errespetatu eginen zaizkie hitzarmen kolektibo honen indarraldia hasterakoan, batera hartuta edo urteko konputuan, hura gainditzen duten baldintza pertsonalak, larunbat, igande eta/edo jaiegunetako berariazko plusak kenduta. Taula horiek eragina izanen dute 2014ko apirilaren 1etitik aurrera, atzeraeragineko ondoriorik izan gabe.
Soldata taula hauek ezarrita, langile bakar batek ere ezin du inolako kalterik izan edo ezin du inolako neurririk jasan soldata taula hauetan ezarritakoa baino soldata handiagoa izateagatik. Aurreko hitzarmeneko soldata tauletatik taula hauetara soldatan dagoen aldea “ad personam” osagarri batean gauzatuko da, eta hori ezin izanen da xurgatu edo konpentsatu.
IV. ERANSKINA
Etengabeko prestakuntza
Refresco Iberia, S.A.U.ko zuzendaritzak ordezkaritza sindikalarekin konpromisoa hartzen du plantillako langileen etengabeko prestakuntza sustatzeko. Enpresako langileak etengabe egunera daitezen baliatuko dute prestakuntza hori bi aldeek.
Langileen kualifikazioa langileen eskubidea da, eta tresna, beren garapenerako, desberdintasunak murrizteko eta enpresa barnean sustatzeko. Horretaz gain, balio estrategikoa da, langileentzat eta enpresarentzat.
Arlo honetan indarra duten arauetan ezarritakoa aplikatuko da.
V. ERANSKINA
Lanbide sailkapena
Hitzarmen hau sinatu duten aldeek egiaztatu dute jarraian definitu diren lanbide kategoriak eta taldeak arlo horretan sektoreak eskatzen dituen gaur egungo beharrizanetarako egokiak direla, arrazoizko produkzio egitura lortzeko asmoz.
1. lanbide taldea:
Peoia: prestaketa edo trebakuntza berezirik gabe, ahalegin fisikoa egitea bakarrik eskatzen duten eginkizunez arduratzen den langilea da.
2. lanbide taldea:
Espezialista: peoiaren gaitasunetik gorakoa dakarten praktika, espezialitatea eta arreta eskatu arren, etengabe eginkizun jakin eta zehatzak egiten dituen langilea da, lanbide zehatza ez badauka ere.
Menpeko langilea: oro har erabateko leialtasuna eta konfiantza eskatzen dituzten eginkizunak gauzatzen dituen langilea da. Salbuespenak salbuespen, eginkizun horietarako lehen mailako prestakuntzatik gorakoa izan edo kasuan kasu adierazten diren betekizunak bildu baino ez da behar, karguari atxikitako erantzukizunak norberaren gain hartuta.
3. lanbide taldea:
Administrari laguntzailea: langile horrek, ekimen propiorik izan gabe, administrazioko oinarrizko eragiketak egiten ditu, batik bat horiei dagozkien lan mekanikoak.
Era berean, beste eginkizun burokratiko batzuk egiten ahalko dituzte, hala nola izakinak zenbatu eta idaztea, horiek mugitu eta egiaztatzea eta abar.
Telefonista laguntzailearen kategoriarekin parekatuko da. Haren helburua da enpresan kokatutako telefonogunea begiratzea eta hartan aritzea. Telefono deiak egin eta jasotzen ditu, eta abisuak hartu eta helarazten ditu. Lan administratibo errazak agintzen ahalko zaizkio telefonoguneaz arduratzen ez den bitartean, non ez diren bateraezinak haren eginkizun nagusiarekin.
Ofizioko laguntzailea: ofizialei laguntzen die horiek berezko dituzten lanetan, eta noizean behin garrantzi gutxiagoko beste batzuk egiten ditu, hala nola eskuzko operazioak eta/edo mekanikoak, garbiketarako, bistaratzerako, etiketatzerako eta garraiorako beharrezkoak. Halaber, eskuzko operazioak edo baliabide mekanikoak erabiliz egin beharko ditu botilaratze linean eta eranskinean, ontziratzekoan, lehengaietakoan eta osagarrietan, bukatutako produktuetan eta erdiprestatuetan.
4. lanbide taldea:
Fabrikazioko bigarren mailako ofiziala: lan perfektuetarako eskatzen den espezializazioa izan gabe ere, bere lanbideko edo ofizioko lanak behar bezain txukun eta zuzen egiten dituen langilea. Bere ardurapean betetze-makinak, dosifikatzaileak, tapoia jartzekoak, asetzekoak-eta izanen ditu, baita jasomakinak ere. Horretarako gidabaimena eskatuko zaio.
Logistikako bigarren mailako ofiziala:
Bigarren mailako administrari ofiziala: ekimen eta erantzukizun mugatua izanik, lehen mailako ofizialari laguntzen dio haren eginkizunetan, enpresaren garrantziagatik hala eskatzen bazaio, eta artxiboen eta fitxategien antolaketaz, gutuneriaz, soldaten likidazioaz eta langileen dokumentazioaz arduratzen da. Kategoria horren barnean atzerriko hizkuntzei eta tresna informatikoei buruzko oinarrizko ezagutzak dituzten administrariak sartzen dira, hau da, lehen mailako ofizialei eskatzen zaien maila ez dutenak.
5. lanbide taldea:
Fabrikazioko 1. mailako ofiziala: langile hori, lanbide bat izanik, halako perfekzio eta errendimendu mailarekin aritzen da horretan, non lan orokorrak ez ezik, ahalegin eta arreta berezia eskatzen dutenak ere egiten baititu.
Xarabe-egilea: xarabeak egiteko behar diren lanak egiteaz arduratzen den langilea, emandako arauak eta formulak errespetatuta eta lehengaiak, osagarriak eta amaierako produktuak zuzen erabili, tratatu eta kontserbatzea zainduta.
Lehen mailako administrari ofiziala: esleitutako eginkizunetan erantzukizunez eta ekimenez, enplegatuak bere menpean izanik ala ez, ondoko lan hauetako batzuk edo guztiak bere ardurapean dauzka: kutxazaina, eta horrek esan nahi du esleiturik dituela espezializazio, azterketa, prestaketa eta baldintza egokiak eskatzen dituen kutxa lanak, bere ekimenez eta erantzukizunez; kontabilitateko idazpenak; kalkulua eta azterketa behar dituzten dokumentuak prestatzea. Kategoria hori izateko, atzerriko hizkuntza bat ezagutu beharko da, lehentasunez ingelesa, frantsesa edo alemana, eta hori Hizkuntza Eskola Ofizialaren 3. mailako titulu ofizialarekin edo nazioarte mailan aitortutako beste baliokide batzuekin frogatu daiteke. Halaber, Windows inguruneko ofimatikako tresna eta programekin erabiltzaile mailan ongi moldatzen direla egiaztatu beharko dute (Office programa-multzoa: MS Word, Excel, Access, Power Point eta Outlook); posta elektronikoa eta Internet oso ongi erabili; eta enpresako kontabilitaterako eta kudeaketarako tresna informatikoak (Contaplús edo haren antzekoak) ere oso ongi erabili.
Ofizioko bigarren mailako ofiziala: zerbitzu osagarriez eta laguntzakoez arduratzen den enplegatua. Halako zerbitzuetan, agintzen dizkioten lanak egiten ditu, behar adinako praktikarekin, baina lehen mailako ofizialaren perfekzio mailara iritsi gabe.
Logistikako lehen mailako ofiziala: produkzioa zaindu eta kontrolatzeaz, zamaketa zuzenaz, norberaren eta besteen ibilgailuen zamalanez, enpresarako edozein motatako salgaiak jasotzeaz eta bulego guztiak garbitu eta ordenatzeaz arduratzen den langilea da.
6. lanbide taldea:
Laborategiko teknikari laguntzailea: edari freskagarriak egiteko ezagutza praktikoak izanda, haren nagusien agindupean eginkizunak gauzatzen dituena da.
Arduraduna: laneko arauak langile zehatz batzuei aplikarazteko eginkizunak edo enpresaren plan orokorretan adierazitako helburuak lortzeko eginkizunak gauzatzen dituena da, horiek zehatz betetzen direla zainduta eta haren hurbileko nagusiei menpeko langileen eginkizunen garapenaren inguruan interesgarria den edozer jakinarazita uneoro.
Ofizioko lehen mailako ofiziala: zerbitzu osagarri edo gehigarriez arduratzen den langilea da. Industriako lan osagarri edo gehigarriak, normalean tailerreko mekanikariei, doitzaileei, argiketariei, arotzei, pintoreei, errotulatzaileei, iturginei, igeltseroei, gidariei eta abarri dagozkienak, egiteko agintzen zaio eta berak lanbidearen gaineko ezagutza zuzena eta jarduna egiaztatzen dituzten trebetasun eta hobezintasunez egiten ditu.
Merkataritza teknikaria: Merkataritza teknikaria: salmentak sustatu eta aztertzeko jarduerak zein publizitate arlokoak egiteaz arduratzen den langilea da, egunero haren nagusiei kudeaketaren berri emanda.
7. lanbide taldea:
Erdi mailako tituludunak: ingeniari teknikoak, arkitekto teknikoak, osasun-laguntzaile teknikoak, lan-harremanetako gradudunak, industri maisuak, etab., daukaten titulua dela-eta itundutako lan harremanari jarraikiz enpresari lotuta daudenak, tituluak ematen duen gaikuntzaren araberako eginkizunak egiteko, beren betebeharra normaltasunez eta erregulartasunez gauzatzen badute.
Biltegiko arduraduna: arduraduna nagusiaren edo ataleko buruaren eginkizunak gauzatzen dituen langilea da, baina enpresako biltegi atalera mugatuta dago.
8. lanbide taldea:
Goi mailako tituludunak: unibertsitateko edo goi eskola teknikoko goi mailako titulua izanda, daukaten titulu hori dela-eta itundutako lan harremanari jarraiki enpresari lotuta daudenak tituluak ematen duen gaikuntzaren araberako eginkizunak egiteko, beren betebeharra normaltasunez eta erregulartasunez gauzatzen badute.
Mantentze-lanetako arduraduna: arduraduna nagusiaren edo ataleko buruaren eginkizunak gauzatzen dituen langilea da, baina enpresako mantentze-lanetako atalera mugatuta dago.
Garraioetako arduraduna: arduraduna nagusiaren edo ataleko buruaren eginkizunak gauzatzen dituen langilea da, baina enpresako garraio atalera mugatuta dago.
Plangintzako arduraduna: arduraduna nagusiaren edo ataleko buruaren eginkizunak gauzatzen dituen langilea da, baina enpresako planifikazio atalera mugatuta dago.
9. lanbide taldea:
Ataleko burua: zuzendaritzaren zuzeneko agindupean, hainbat atal koordinatu eta kontrolatzen dituen langilea da, planak, programak eta jarduerak garatuta, bere agindupean langileak izanda zein ez lan egokiak gauzatzeko aginduta eta, hala denean, langileen prestaketa eta diziplina bere ardurapean izanda. Bere kudeaketaren erantzulea izanen da enpresako zuzendaritzaren aurrean.
VI. ERANSKINA
Lan gatazken konponketa
Hitzarmen hau sinatu duten aldeek erabaki dute hitzarmen hau interpretatzean sortzen diren desadostasun eta gatazka guztiak, bai taldekoak bai banakakoak, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren esku jartzea, bitartekotza eta adiskidetze faseetan. Beren konpromisoa agertu dute ahaleginak egiteko ukituriko alderdiak Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren prozedura arbitralaren esanetara jar daitezen.
Klausula hau, beraz, alderdiak Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiari atxikitzearen adierazpena da, L.E.ko 83. artikuluak arautzen duen eraginkortasun orokorreko izaera du eta, horren ondorioz, itunak enpresaburuak, ordezkari sindikalak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak epaiketara jo aitzin aipatu auzitegiaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera. Hori horrela, ez da nahitaezkoa atxikimendu espresua eta banakakoa egitea, arbitrajera borondatez lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.
VII. ERANSKINA
Batzorde paritarioa
Refresco Iberia, S.A.U. enpresaren hitzarmen kolektiboaren Batzorde Paritarioa sortu da.
Batzorde Paritarioaren eginkizunak.
a) Haren esku jartzen diren banakako eta taldeko gatazketan bitartekari, arbitraje eta adiskidetze lana egitea.
b) Akordio guztien interpretazio lanak egitea.
c) Akordio guztien jarraipen lanak egitea.
Akordioak.–Batzorde Paritarioak denen intereseko arloetan hartzen dituen akordioak oinarrizko hitzarmen honen partetzat joko dira eta horiek ere betebeharrekoak izanen dira. Halako akordioak lan arloko agintaritzari igorriko zaizkio, erregistra ditzan.
–Osaera.–Langileen 3 ordezkarik eta enpresaren beste 3k osatuko dute batzordea.
–Funtzionamenduko erregelamendua.
Bilkurak–.Batzorde Paritarioa zeregin hauetarako bilduko da:
Aurreko artikuluko 1 a) eta b) atalean aipatutako eginkizunak betetzeko, esku hartzeko eskatzen zaionean.
–Deialdiak.–Batzorde Paritarioa biltzeko deia enpresako Zuzendaritzak edo langileen ordezkariek eginen dute, eta horretarako aski izanen da idatzizko komunikazio bat, eguneko gai zerrenda azalduko duena.
Batzorde paritarioa bilduko da gaiaren garrantziaren arabera komeni den epearen barnean, baina deialdia egin eta hamabost eguneko tartean gehienez. Bilkura egin ondoren, gehienez 7 eguneko epean eman beharko du ebazpena.
Epe horretan batzordea biltzen ez bada, batzorde paritarioaren esku-hartzea amaitu dela ulertuko da eta interesatuak bidezko iruditzen zaizkion ekintzak baliatu ahal izanen ditu.
–Quoruma-Aholkulariak.–Batzordea eratutzat joko da ordezkaritza bakoitzaren gehiengo soila bertaratzen denean. Alderdiak bileretara joaten ahal dira bina aholkulari hartuta, gehienez.
–Akordioen baliozkotasuna.–Batzordeak akordioak adosteko, edonola ere bi ordezkaritzetako bakoitzaren %60aren aldeko botoa beharko da.
Bilera bakoitzaren akta eginen da, eta idazkari lanetan ari direnek eta alderdi bakoitzeko ordezkari batek sinatuko dute.
–Helbidea. Batzorde Paritarioak enpresaren lokaletan izanen du jakinarazpen eta deialdietarako helbidea: Geltokiaren bidegurutzea etorbidea, zk.g., Martzilla.
Batzorde Paritarioaren mende jarri beharra. Alderdiek Batzorde Paritarioaren mende jarri behar dituzte edozein ekintza judizial edo administratiboren aurretik sortzen diren interes orokorreko gai guztiak, nahiz horrek ez duen galarazten gero eskubide kolektiboak erabili ahal izatea. Nolanahi ere, onustearen printzipioari jarraituz negoziatu beharko da.
VIII. ERANSKINA
Olivarako lekualdaketak
Enpresak langile batzuk Olivako (Valentzia) lantokira lekualdatzea proposatzen badu, langile horiek honako aukera hauek izanen dituzte:
a) Lekualdaketa onartzea: urteko soldata gordinaren hamabirena ordainduko da, lekualdaketa-gastuak direla eta.
b) Lekualdaketa ukatzea: 45 eguneko soldata jasoko da enpresan lan egindako urte bakoitzeko, 30 hilabeteko soldata gehieneko muga izanda.
Iragarkiaren kodea: F1408102
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
