129. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URROZ

Aldaketa Herrilurretako aprobetxamenduen ordenantzan.
Behin betiko onespena

Urrozko Udalak, 2014ko maiatzaren 13an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Urrozko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzan. Hura 2014ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 23an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Urrotzen, 2014ko ekainaren 25ean.–Alkatea, Ignacio Urroz Grajirena.

Onetsitako aldaketak Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren 47.bis artikulua ukitzen du. Artikulu hori, aldatu ondoren, honela idatzita agertuko da:

47. bis artikulua. Leurtzako ANErako araudia. Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalen herrilurretan dago eremu hori.

Leurtzako urtegien inguruko herrilurren eremua Naturgune Babestu deklaratu zen 1996an, Leurtzako Urtegietako Aisiarako Natur Eremu figuraren arabera, eta gutxieneko Kudeaketa Plan batez hornitu zen, eremu hartan lehentasunez zaindu beharreko natur balioak ez ukitzeko bermea emanez, 1996an.

Hori hala izanik ere, Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalek, lur horien titularrak eta horietan egiten diren erabilera eta jarduerenak ere badiren aldetik, erabilera horiek mugatu eta arautzeko eskumena dute, herrilurren erabilera zuzen antolatzeko beharrezkoa den arlo guztietan.

Bi udalek, ulertzen baitute herrilur horiei Erabilera Publiko jakin bat ematen ahal zaiela, eremu horretan egiten diren gainerako jarduerekin bateragarria dena, zehaztu dute Erabilera Publiko hori garatzen ahal dela, baldin eta udal ordenantzetan agertzen diren baldintzekin bat badatoz. Hona hemen baldintza horiek:

I) Herrilur horien mantentze ezin hobea bermatzearren, Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalek ahalmena izanen dute, edozein unetan, jarduera batzuk edo bisitarien kopurua guztiz edo hein batean, aldi batez edo modu iraunkorrean mugatu edo debekatzeko, betiere komenigarritzat jotzen diren kopuru batzuk gainditzen direnean.

II) Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalek ez dute beren gain erantzukizunik hartuko, Leurtzako Urtegietako Aisiarako Natur Eremuan ibiltzen diren bisitariek jasaten ahal dituzten kalte eta galerengatik. Bereziki urtegietan bainatzeari dagokionez, ez baita komenigarria.

III) Bisitariek beti errespetatu beharko dituzte eremu horretan jartzen diren seinale finkoak eta behin-behinekoak, baita eremu hori zaindu, babestu eta antolatzeko ardura duten langileek ahoz edo idatziz ematen dituzten jarraibideak ere.

IV) Eremu horretan sartzeko eta jarduera zehatz batzuk egiteko ezartzen diren tasak eta kargak, halakorik bada, ordaindu beharko dituzte bisitariek.

V) Zehazki, jarduera batzuek mugapen maila batzuk dituzte, bisitariak herriko bizilagunak izan ala ez, edo jarraian agertzen den araubidearen arabera baimendu behar diren kontuan harturik (araubide horren aldeko txostena eman du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak):

A) Jarduera debekatuak, herritarrentzat izan ezik.

Egiazki Beintza-Labaienen eta Urrozen bizi direnak hartzen dira herritartzat. Edonola ere, udal horiek eskubidea dute jarduera hauek mugatu edo antolatzeko:

1.–Abeltzaintza.

2.–Basoko produktuen bilketa.

3.–Bideak abeltzaintzarako eta tradiziozko beste jarduera batzuetarako pasabide gisa erabiltzea.

B) Jarduera debekatuak. Lehenbiziko 10ak kontserbazioari dagozkio, hurrengo 2ak antolamenduari eta azkeneko 3ak zirkulazioari.

1.–Naturguneko edozein elementutan inskripzio, seinale, zeinu edo marrazki iraunkorrak edo egonkorrak egitea.

2.–Hondakinak horiendako espres ezarritako lekuetatik kanpo uztea.

3.–Produktu kutsagarriak edo hondarrak isurtzea.

4.–Zirkulazio araubideari edo uren konposizio fisiko edo kimikoari zuzenean edo zeharka eragiten dion jarduera edo ekintza oro.

5.–Naturakoak ez diren soinuak, ultrasoinuak edo asotsak sortzen dituzten megafonoak edo tresnak erabiltzea, baimen espresa dutenak izan ezik.

6.–Basa faunari traba egitea, animaliei tratu txarrak emanez, atzetik joanez edo harrapatuz, edo ugaltzeko, jateko zein babesteko eremuak deseginez edo hondatuz.

7.–Bertako fauna eta florakoak ez diren animaliak eta landareak sartzea.

8.–Publizitate egonkorra, iragarkiak edo antzekoak jartzea.

9.–Kalez kaleko merkataritza jarduerak orokorrean daude debekatuta, salbuespenez berariazko baimena lortzen dutenak izan ezik.

10.–Aziendari traba egitea.

11.–Sua aisia jardueretarako erabiltzea, Eremuko Administrazioak espresuki gaitzen dituen tokietan izan ezik. Halaber, debekatuta dago material piroteknikoa erabiltzea Eremuaren barnean. Alde horretatik, salbuespenezko arau batek sua edozein helbururekin eta Eremuko edozein tokitan eta edozein egunetan erabiltzeko aukera kentzen ahalko du.

12.–Aisiarako Natur Eremuan zakurrak ibiltzearen inguruko debekuak:

a) Debekatuta dago behar bezala lotu gabeko eta jabeek kontrolatu gabeko zakurrak ibiltzea eremuan.

b) Debekatuta dago zakurren gorozkiak uztea. Agindu honek ezartzen duen debekua betetzearren, animaliaren jabeak gorozkiak jaso eta, ongi bilduta, eremuan dauden edukiontzietara bota behar ditu, eta zikindutako eremua garbitzeaz arduratu.

c) Debekatuta dago zakurrak etengabean zaunka ibiltzea. Animaliaren jabeak berehala isilarazi beharko du bere animalia.

d) Debekatuta dago zakurrek erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.

13.–Edozein ibilgailu motordunetan ibiltzea (autoak, motozikletak, Segwey etab.), Urrozko herrigunetik aparkalekura iristeko bidean izan ezik eta segurtasun, kontserbazio, kudeaketa, salbamendu edo ezinbesteko arrazoiengatik izan ezik edo aldez aurretik baimendutako jardueretan izan ezik. Salbuespen izanen dira minusbaliotasunak dituzten pertsonen banakako joan-etorriak.

14.–Kiroleko ontziak, nabigaziorako aparatuak edo antzeko josteta instalazioak erabiltzea, horrela aurreneurriak hartu nahi baitira izurri diren espezien inbasio arriskua saihesteko, adibidez zebra-muskuiluarena (Dreissena polymorpha), edo ekosistemari eragiten dioten epizootien agerpenak saihesteko.

15.–Gaua pasatzea eremuko edozein tokitan, baita bertako aparkalekuan ere.

C) Jarduera baimenduak

1.–Turismoko eta aisiako jarduerak (antolatu gabeak), batez ere paseatzea, bertan egotea eta talde txikien otorduak.

2.–Lagun egiteko animaliak ibiltzea bertan, horiek jabeek beti lotuta eta kontrolatuta badituzte. Jabeek ziurtatuko dute animalia horiek ez dietela batere eragozpenik sortzen eremuan dauden pertsonei eta faunari. Gainera, gogorarazten da arlo horretan indarra duten Estatuko legeak eta Foru Komunitatekoak bete behar direla. Zakurren kasuan, pertsona arduradun batek lotuta eraman beharko ditu nahitaez, horretarako uhal sendo bat edo gehienez ere 1,50 metrokoa izanen den katea erabiliz. Horretaz gainera, lehenago erasoren bat egin duten zakurrek edo arriskutsuak izan daitezkeenek muturrekoa eduki beharko du jarria nahitaez, eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat joko dira, arraza batekoak ala beste batekoak izan.

3.–Natur Eremuan zaldiak zaldizkoarekin edo zela zaldiak sartzea. Hala ere, debekatuta dago animalia horiek Eremuko alde intentsiboko belardietan egotea. Edonola ere, Eremuko Administrazioak eskubidea du erabilera horretarako mugak ezartzeko, kudeaketa beharra dela eta.

4.–Bizikletekin ibiltzea erabilera horretarako behar bezala seinalatuta dauden bide eta pistetan. Eremuko Administrazioak eskubidea du erabilera horretarako mugak ezartzeko, kudeaketa beharra dela eta.

5.–Ibilgailuak aparkatzea, autobusak izan ezik, Eremuaren sarreran prestatuta dagoen aparkalekuan, jarri diren zutikako seinaleak errespetatuz, bai eta Leurtzako Eremua zaindu eta mantentzen duten langileen oharrak ere.

Autobusak nahitaez aparkatu beharko dira horretarako seinalizatu den eremuan. Toki gutxi dagoenez, ezin izanen dira inolaz ere joan autoak aparkatzeko eremuraino.

ANE guztia mantentzeko eta eremu horretan sartzeko, tasa bat kobratuko da, eremu hori kudeatzeko ardura duten udalek (Urrotz eta Beintza-Labaien) urtero onetsiko dutena. Tasa horren zenbatekoa dagokion atalean azaltzen da.

D.–Jarduera baimengarriak.

1.–Kirol eta josteta jarduerak, horretarako prestatuta dauden enpresen bitartez edo beste edozein entitateren bitartez taldean eginen direnak.

2.–Argazkigintza, zinemagintza eta bideoko jarduera profesionalak, kontserbazio helburuak oztopatzen ez dituztenean.

3.–Jarduera didaktikoak.

4.–Zientziako edo ikerketako jarduerak, kontserbazio helburuak oztopatzen ez dituztenean.

Leurtzako Aisiarako Natur Eremuan baimentzen ahal diren jarduera horiek egiteko, Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalek onespena eman beharko dute, eta toki entitateek kasu bakoitzerako prestatzen dituzten baldintza agiriak bete beharko dira.

Aginduzkoa izanez gero, Nafarroako Gobernuak baimendu beharko du jarduera.

Jarduera horiek egiteko ordaindu beharreko tasa urtero ezarriko dute eremu horren ardura duten udalek.

Tasa horren zenbatekoa dagokion atalean azaltzen da.

5.–Zientziako edo ikerketako jarduerak, horien barnean izanik laginak hartzea, argazkiak egitea eta filmatzea, oztopo badira kontserbazio helburuentzat, Nafarroako Gobernuak baimendu beharko ditu.

2014. urterako TASAK eta KARGAK

1.–Eremuan sartzea:

–Motozikletak: 2 euro

–Autoak: 2 euro

–Mikrobusak: 10 euro

–Autobusak: 20 euro

2.–Jarduera antolatuak:

Tasa finko bat eta tasa aldakor bat batuko dira, honela:

a) Tasa finkoa: 150 euro urtean

b) Tasa aldakorra: euro 1 parte-hartzaile bakoitzeko.

Hala ere, Udalak beste tasa aldakor bat ezartzen ahalko du Leurtzako Aisiarako Natur Eremua bisitatzen duten 10 pertsonatik gorako taldeentzat.

Iragarkiaren kodea: L1409223