129. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

192/2014 FORU AGINDUA, ekainaren 20koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, “Literatur sorkuntzaren 2014ko saria”, eleberri arlokoa, arautzen duten oinarriak onetsi, saria emateko gasturako baimena eman eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea xedatzen duena.

Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuen Atalak “Literatur sorkuntzaren 2014ko saria” arautzen duten oinarriak onetsi, sari hori emateko 3.000 euroko gastua baimendu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko eskatu du.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. “Literatur sorkuntzaren 2014ko saria”, eleberri arlokoa, emateko deialdiaren oinarriak onestea.

2. Saria emateko 3.000 euroko gastua baimentzea.

Gastua Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2014. urteko gastuen aurrekontuko “Sariak” izeneko A20002 A2520 4809 334100 kontu-sailaren kargura finantzatuko da (0140002979 espediente zenbakia).

3. Oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau Ogasunak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko ekainaren 20an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ana Zabalegui Reclusa.

LITERATUR SORKUNTZAREN 2014KO SARIAREN OINARRIAK

1.–Lehiaketaren xedea.

1.1. Sari honen xedea da gaztelaniazko literatur lan bat, eleberri modalitatekoa, sortzen eta argitara ematen laguntzea, Nafarroako Foru Komunitateko literatur sortzaileen aitormena eta proiekzioa sustatzeko asmoz. Lanak argitaratu eta saritu gabea izan behar du.

1.2. Lanak aurkezteko epea baldintza-orri hau Nafarroako web-orrian argitaratzen den egunean hasiko da, eta 2014ko irailaren 15eko 14:00etan bukatuko.

2.–Sariaren diru zenbatekoa.

2.1. Saria 3.000 euro gordinekoa izanen da.

2.2. Saria zatikaezina izanen da, eta ebaluazio batzordeak eman gabe uzten ahalko du.

2.3. Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak saritutako lana 2014. edo 2015. urtean argitaratzeko konpromisoa hartzen du.

2.4. Saria eman zaiola jakinarazi eta gero, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du horrekin ados dagoela, eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari baimen esklusiboa emanen dio obra urtebetean argitara dezan.

Adostasun hori, deialdiaren gaineko beste edozein agiri bezala, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko da (Navarreria kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

3.–Lehiaketan parte hartzeko baldintzak.

3.1. Lehiatzaileek Nafarroan sortuak izan beharko dute, edo bertan erroldatuak egon, 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen.

3.2. Egileek aurkezten dituzten lanak jatorrizkoak eta argitaratu eta saritu gabeak izanen dira, eta egile bakoitzak lan bakarra aurkezten ahalko du. Lanak sariren bat jasotzen badu literatur sorkuntzaren sariketa honen balorazio prozesua bitartean, egileak horren berri eman beharko dio Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuen Atalari, lehiaketatik atera dezan.

4.–Eskaerak aurkezteko tokia.

4.1. Lehiaketan parte hartzeko eskaerak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak izanen dira, eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

5.–Eskaerak aurkezteko modua.

5.1. Eskaerak gutun-azal baten barrenean aurkeztuko dira, eta kanpoaldean honako hau baizik ez da ageriko, nahitaez:

–Literatur Sorkuntzaren 2014ko Saria.

–Lanaren izenburua.

–Egilearen izengoitia (egileak izengoiti ezagunik izanez gero, beste bat erabili beharko du hemen).

5.2. Gutun-azalean honako hauek sartuko dira:

–Sarirako lehiatzen den lanaren bost ale, paperean inprimatuak.

–Gutun-azal itxi bat, kanpoaldean lanaren izenburua eta izengoitia idatziak dituena. Gutun-azal horren barrenean, honako hauek sartuko dira:

  • Folio bat, honako datu hauek idatzita dituena: lanaren izenburua, egilearen izengoitia, egilearen izen-deiturak, helbide postala, helbide elektronikoa eta harremanetarako telefono zenbaki bat.
  • NANaren eskatzailea (Nafarroakoak diren eskatzaileen kasuan).
  • Erroldatze-agiria (Nafarroakoak ez diren eskatzaileen kasuan).
  • Eskaera-orria, I. eranskineko ereduaren araberakoa.

6.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Batzorde batek baloratuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria edo haren ordezko aritzeko izendatutako pertsona bat.

b) Batzordekideak: literatura arloan entzute handia duten hiru pertsona, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatuak, eta Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuen Ataleko teknikari bat.

c) Idazkaria: Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuen Ataleko burua, edo, bera izan ezean, ataleko teknikari bat.

6.2. Sariketa irabazi duen lana hautatu ondoren, batzordeburuak gutun-azal itxia irekiko du, irabazlearen izen-deiturak ezagutzeko eta oinarri hauetako 3. puntuan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

7.–Ebazpena.

7.1. Saria Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen da.

7.2. Deialdiaren ebazpena jendaurrean jarriko da, bai Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko iragarki oholean (Navarrería kalea, 39, Iruña), bai Nafarroako Gobernuaren web orrian: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/. Parte-hartzaile guztiei posta elektronikoz jakinaraziko zaie, baina informazioa zabaltzearren bakar-bakarrik.

8.–Saritzen ez diren lanak jasotzea.

Saritu gabeko obren aleak egileek edo haiek izendatutako ordezkariek eramaten ahalko dituzte, deialdiari buruzko ebazpena eman eta bi hilabeteko epean. Ale bat nahitaez utzi beharko da, administrazio espedientearen parte izanen baita. Epe hori bukatutakoan, lanak suntsituko dira.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ............................................ NAN/IFZ.

Helbidea: ............. Kalea

PK: ..................... Telefonoa:

Helbide elektronikoa

Bere izenean edo ................... ordezkatuz (behar ez dena ezabatu)

Izena: ............................................ NAN/IFZ.

Helbidea: ............. Kalea

PK: ..................... Telefonoa:

Helbide elektronikoa

Literatur Sorkuntzaren 2014ko Sarirako lan bat aurkezten du.

Destinoa: Nafarroako Gobernuko

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzua.

Eta, oinarri arautzaileetan ezarritakoarekin bat:

1. Haietan agindu bezala, agiri hauek aurkezten ditu:

a) Nafarroan jaioa edo, 2013ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik, Nafarroan erroldatua dela egiaztatzeko dokumentazioa.

b) Lanaren bost ale.

2. Aitortzen du bere literatur lana argitaratu gabea eta saritu gabea dela.

3. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriko 3. atalean xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatu beharreko ziurtagiriak eskatzeko.

Eskaerarekin batera emandako datuen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuetan sartu, haiek zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuan erabiliko dira, betiere aipatutako legeriari jarraikiz.

……..………….(e)n, 2014ko …………….aren ....(e)an.

(Sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. KULTURAKO, TURISMOKO ETA ERAKUNDE HARREMANETAKO DEPARTAMENTUA.

Iragarkiaren kodea: F1409143