2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AZKOIEN
Ordenantza, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena
Azkoiengo Udalak, 2014ko apirilaren 25ean egin osoko bilkuran, aldaketa hasiera batean onetsi zuen Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duen udal ordenantzan. 2014ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 9an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Azkoienen, 2014ko ekainaren 18an.–Alkatea, M.ª José Vidorreta Alfaro.
ERANSKINA
Azkoiengo Udalaren ordenantza, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duena
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da Azkoiengo udalerrian arautu eta aplikatzea abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hura garatzeko martxoaren 22ko 267/2002 Errege Dekretua, arriskutsu gerta daitezkeen animaliak eta bertzelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa.
2. artikulua. Definizioa.
1. 50/1999 Legearen 2.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, honako hauek dira arriskutsu gerta daitezkeen zakurrak:
a) Ondoko arrazetakoak eta haien gurutzatzeak: Pit Bull Terrier, Staffordshire Bull Terrier, American Staffodshire Terrier, Rottweiler, Dogo argentinarra, Fila Brasileiro, Tosa Inu, Akita Inu.
b) Ondoko ezaugarrietako guztiak edo gehienak dituztenak:
i) Gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.
ii) Aiurri handia eta adore handia.
iii) Ile motza.
iv) 60 eta 80 zentimetroen arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetroen arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik goitiko pisua.
v) Tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak.
vi) Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona.
vii) Lepo zabala, gihartsua eta motza.
viii) Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra.
ix) Aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelua txikia egiten dutenak.
2. Nolanahi den, aurreko lerroaldekoak izan gabe ere, arriskutsuak izan daitezkeen zakurren artean sartuko dira aiurri erasokor handia dutenak edo pertsonei nahiz beste animaliei eraso egin dietenak.
3. Aurreko atalean aipatzen diren kasuetan, arriskugarritasun hori badela erabaki beharko da, betiere iritzi objektiboei jarraikiz, ofizioz edo jakinarazpen nahiz salaketa baten bidez hasita, erkidegoko edo udaleko agintari eskudunak izendatutako edo gaitutako albaitari ofizial edo kolegiatu batek aldez aurretik txostena eginda.
4. Animaliak dituztenek haiek identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz inmunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta Udalaren zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.
3. artikulua. Lizentzia.
1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskutsuak izan daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du. Animalia eskuratu baino lehen eskatu beharko da lizentzia, aurreko artikuluaren 1., 2. eta 3. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.
2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:
a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.
b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik.
c) Animalia arriskutsuak edukitzearen inguruko arau-hauste larriengatik edo oso larriengatik zehatua ez izana, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena izan ezik, hura osorik bete bada.
d) Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren ziurtagiria, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko.
e) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutienez ere ehun eta hogei mila euroko zenbatekoa duena.
f) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia tramitatzeko tasa ordaintzea, 7 euro, alegia. Gainera, partikularrari kobratzen ahalko zaizkio gainerako gastuak, alegia, tramitazioak, kontsultak edota Udalak ordenantza honen xedearekin lotuta dauden inguruabarrei buruz behar dituen txosten teknikoak egiteagatik sortzen ahal direnak.
3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Azkoienen bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Azkoienen egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Azkoienen egon behar badu.
Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazi ahalko dio Azkoiengo Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.
4. Lizentziak 5 urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.
Erranak erran, Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.
4. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.
Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Arriskutsua izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.
b) Lizentzia eskuratzeko ordenantza honen 3. artikuluko 2. atalean aipatzen diren baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.
c) Erregistroan sartzea arriskutsuak izan daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.
d) Udalari animaliaren lapurreta edo galeraren berri ematea, gertatzen denetik bost eguneko epean, baita hura beste inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.
e) Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzinetik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean gehienez, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.
f) Erregistroko datuetan gertatzen den bertze edozein aldaketaren berri ere eman beharko da, gehienez ere hamabortz eguneko epean.
g) Animalia zikiratu edo antzutu dela komunikatu beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten denean.
h) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea bukatu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.
i) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Azkoiena ekartzen bada, denbora mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak frogatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako neurri egokiak hartu beharko ditu.
j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz zerikusia duten beharkizun guztiak bete beharko ditu.
Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabortz egunekoa izanen da.
5. artikulua. Erregistroa.
Arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabeek, Erregistroan sartu nahi badituzte, Azkoiengo Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:
a) Animaliaren espeziea.
b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.
c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.
d) Sexua.
e) Jaiotze data.
f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.
g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.
h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.
i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan egiaztatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bilakatzen duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bertzelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.
j) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.
k) Eraso kasuak.
l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.
Datu horiek denak erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak horren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabortz eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala jakinarazi behar baita.
6. artikulua. Segurtasun neurriak.
1. Eremu publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, garraio publikoetan eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta eremuetan, ordenantza honetan aipatzen diren zakurrak gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta eta muturrekoa jantzia dutela (homologatua eta zakurraren arrazari egokitua) eramanen dira. Inoiz ere ezin izanen dira eraman pertsona bakoitzeko zakur hauetako bat baino gehiago eta adin txikikoek ezin izanen dituzte inola ere eraman.
2. Arriskutsuak izan daitezkeen zakurren instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, animaliak handik atera eta hirugarrenei kalterik egin ez diezaieten:
a) Hormek eta hesiek behar adinako garaiera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, tinko egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko.
b) Instalazioetako ateek inguruko gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek beraiek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.
c) Barrutiak behar bezala seinalatua egon beharko du, mota horretako zakurrak daudela ohartarazteko.
7. artikulua. Bertze arau batzuk.
1. Ordenantza honetako 2. artikuluan sartzen ez diren zakurrei arau hauek aplikatuko zaizkie:
a) Adinagatik beharturik badaude, zakur guztiek txertaturik eta txip bidez identifikaturik egon behar dute.
b) Hiri lurzoruan (Udal Planak horrela sailkatu duena) zakur guztiek uhalarekin loturik ibili behar dute, luzagarria izan daitekeena, gehienez ere bortz metro egiteraino. Orobat, gidatzen edo laguntzen dituen pertsonarekin joan beharko dute beti.
2. Zakur batek edo bertze edozein animaliak bide publikoan, plazetan, espaloietan, lorategietan edo bertze edozein eremu publikotan kaka egiten badu, paseatzen duenaren egin beharra da hura istantean garbitzea.
3. Debekaturik dago arriskutsu gerta daitezkeen animaliak, eta lagun egiteko animaliak eta arrazaz edo espeziez horien gisakoak direnak ikastetxeetara, aisia edo josteta-lekuetara, parke publikoetara eta eraikin publikoetara sartzea.
4. Halako batean lotu gabe eta laguntzailerik gabe dauden zakurrak bildu eta animaliak babesteko entitate baten eskuetan utziko dira.
5. Zakurraren jabea da hark eragiten dituen kalteen erantzule, aplikatzen ahal den legeriari jarraikiz.
6. Zakurraren jabe edo edukitzaileak berehala isilarazi beharko du animalia, gainerako auzoei traba egiten dieten soinuak egiten baditu.
8. artikulua. Arau-hausteak.
Abenduaren 23ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere arau-hauste administratibo larritzat jotzen dira:
1. Arriskutsutzat hartzen den animalia lotu gabe, edota muturrekorik gabe edo adingabe batek daramala erabilera publikoko eremuetan edo toki publikoetan barna ibiltzea.
2. Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskugarri gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.
3. Azkoiengo Udalaren aginduren bat zehazten den epean ez betetzea.
4. Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak zehazten den epean ez betetzea, non eta ez-betetze hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako arau-haustetzat.
Arau-hauste administratibo arintzat hartzen da ordenantza honetako 7. artikuluaren barreneko edozein ataletan xedatzen dena ez betetzea.
9. artikulua. Zehapenak.
Ordenantza honetan zehaztutako arau-hausteez gain, 50/1999 Legean aurreikusitako zehapenak aplikatuko dira, hartan zehaztutakoak badira, eta horiek arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.
Erantzulea izanen da arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea, hau da, esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena.
Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:
–Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan duen eta zer kalte egin duen.
–Irabazi asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.
–Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.
Arau-haustean berrerori dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.
10. artikulua. Datu pertsonalen babesa.
Datu Pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:
Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.
50/1999 Legean Udalei ematen zaizkien beharkizunak Azkoiengo Udalak betetzea du helburu. Fitxategia Azkoiengo Udalak bakarrik erabiltzen ahalko du.
Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.
Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.
Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.
Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko.
Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Bakarra.–Arriskutsua izan daitekeen animalia bat lehendik dutenek hiru hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Bigarrena.–Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan aplikatuko da Arriskutsuak Izan Daitezkeen Animaliak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 267/2002 Errege Dekretuan xedatua, baita arautzen diren gaietan aplikatzen ahal diren xedapen guztiak ere, Udalaren erabakiak baino maila handiagokoak badira.
Iragarkiaren kodea: L1408969