1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
FC358/2014 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiak emana, produktibitatea hobetzeko laguntzetarako 2014ko deialdia onesten duena.
Gaur egungo krisi ekonomikoak enpresetan izaten ari diren ondorioen ezaugarria da haien marjina ekonomikoak murriztu egin direla. Hori horrela, enpresen lehiakortasunaren hobekuntzan zuzeneko eragina izanen duten jarduketak sustatu behar dira haietan.
Moderna Planak, bestalde, helburutzat ezarri du enpresen produktibitatea etenik gabe hobetzea, %1,5 urtean.
Hori lortu ahal izateko diseinatu den deialdiaren bidez, enpresen lehiakortasuna hobetzeko helburuak lortuko dituzten proiektuetara bideratu dira laguntzak.
Helburu horietara beretara, ekonomia lehiakorrago batzuk lortzera alegia, bideratu behar dira Europar Batasuneko Eskualde Garapeneko Europako Funtsetik (EGEF) Nafarroari heldu zaizkion baliabideak. Zehazki, 2014-2020 epealdian, EGEF programazioaren helburu estrategikoetako bat enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko laguntza da, hau da, 3. helburu tematikoa, eta, horregatik, EGEFen bidez finantzatzen ahal da deialdi honen %50a, Nafarroako 2014-2020ko EGEF programa eragilearen bidez, gaur egun prestatze fasean baitago.
Orobat, Nafarroako Gobernuak 2013ko ekainaren 26an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiari enpresen produktibitatea hobetzeko laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidean.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Produktibitatea hobetzeko laguntzetarako 2014ko deialdia onestea.
2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko 196.000 euroko gastua baimentzea, 2014ra luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko 125003 16510 7709 467300 kontu-sailaren kargura. Zenbateko hori 250.000 eurora arte igotzen ahalko da, nahikoa ez bada egiten diren eskaerentzat.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2014ko ekainaren 19an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusia, María Jesús Valdemoros Erro.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria. Xedea
Nafarroako enpresen produktibitatea hobetzeko proiektuak bultzatzea dute helburu laguntza hauek, enpresaren gabeziak konpon daitezen eta haien lehiakortasuna nabarmen, berehala eta modu iraunkorrean handi dadin.
2. oinarria. Onuradunak
1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke Nafarroan kokatuta dauden eta jarduera hauetakoren batean aritzen diren enpresa txiki eta ertainak:
a) Erauzketa industriak, manufaktura industriak eta informaziokoak eta komunikazioetakoak, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren B, C eta J sailetan sartuak (EJSN 2009).
b) Hondakinak tratatu eta deuseztatzea; balorizazioa eta kutsadura kentzeko jarduerak eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (EJSN-2009: E saileko 38.2, 38.3 eta 39).
Enpresen tamaina zehazteko, mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoari jarraituko zaio (L 124 Egunkari Ofiziala, 2003-5-20koa).
2. Onuradunek, gainera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.
3. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa
1. Aurkezten diren proiektuek produktibitatea handitzeko helburua bilatu beharko dute, produktuak edo zerbitzuak, prozesuak edo antolaketa hobetuz.
Gastu hauek izan dezakete diru-laguntza:
a) Ingeniaritzako eta aholkularitzako kanpoko gastuak, honako hauetarako:
–Ekoizpen prozesuen hobekuntza teknologikoa lortzeko planak egitea, antolaketakoak eta produktukoak.
–Ezaugarri funtzional, estetiko eta ergonomikoetan funtsezko aldaketa eraginen duen eta dagoeneko badagoen produktuaren diseinua edo birdiseinua; horretatik kanpo geratuko dira merkaturatzeari, merkatu-azterketari eta marketinari dagozkionak.
–Beste material batzuk sartzeko analisia, eta produktuaren bizi-zikloaren analisia.
–Prozesua simulatzeko eta prototipo lasterra egiteko zerbitzuen kontratazioa.
b) Proiektua gauzatzeko ezinbestekoak diren inbertsioak. Behar bezala kontabilizatuta egon beharko dute, eta enpresaren produkzio prozesuko arazoak konpontzea ekarri beharko dute.
2. Ondoko gastu hauek ez dute inola ere diru-laguntza jasoko:
a) Planetan, antolaketan, produktuetan, produkzio lerro eta prozesuetan eta zerbitzuetan aldian behin egiten diren aldaketak eta bestelako eragiketa arruntak.
b) Prestakuntzako gastu orokorrak, enpresaren produktibitatea hobetzeko premia jakin batzuk sakon aztertzera behartzen ez dutenak.
c) Onuradunarekin akzioen bidezko harremana duten enpresekin egindako gastuak.
3. Diru-laguntzan sartzen ahal den aurrekontuaren %30ekoa izanen da laguntza, eta 10.000 euro gehienez ere, enpresa bakoitzeko.
4. oinarria. Gastuak aukeratzeko epea.
1. 2013ko azaroaren 1etik 2014ko abenduaren 1 bitarte egindako gastuak aukeratzen ahalko dira, baldin eta laguntzak eskatzeko data baino lehen bukatu gabeko proiektuei badagozkie. Proiektu bat bukatu gabetzat joko da haren azken faktura eskaeraren datarena baino beranduagokoa bada.
Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da haren fakturazioa epe horren barrenekoa izanik, ordainduta dagoenean.
2. Gastu horiek justifikatzeko, onuradunek 2014ko abenduaren 10a bitarteko epea izanen dute, 8. oinarrian ezarritakoari jarraituz.
5. oinarria. Eskaerak aurkeztea eta eskatzen den dokumentazioa
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2014ko irailaren 30ean bukatuko da, egun hori barne.
2. Ahal dela, eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.
Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahalko dira eskaerak.
3. Nafarroako Gobernuaren Interneteko www.navarra.es atariko laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduan eginen da eskaera. Ondoko agiri hauek erantsiko zaizkio, eta, bide telematikotik aurkezten badira, eskaneatuta aurkeztuko dira, dokumentu banatan, bakoitzari bere izena jarrita identifikatzeko:
a) Egin beharreko lanen aurrekontuaren kopia. Aurrekontua (BEZik gabe) 12.000 eurotik gorakoa denean, eskatzaileak “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko atala bete beharko du eskabidean, eta, bertan, hura efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela bermatuko da. Horrekin batera, hautapen prozesuan aztertutako gutxienez hiru eskaintzaren kopia erantsiko da.
b) Proiektuaren deskribapen zehatza.
6. oinarria. Diru-laguntza ematea
1. Diru-laguntza hau banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da. Eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontuetan behar adina dirurik ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
2. Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu; horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio enpresari, eta adieraziko dio eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badio eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.
Orobat, Zerbitzuak beharrezkotzat joz gero, diru-laguntza eman aurretik egiaztapen-bisita eginen du enpresa onuradunaren instalazioetara.
Eskaera bakoitza aztertu ondoren, Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta, bertan, onuradunek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko da.
3. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusia da diru-laguntzeko ebazpena emateko eskumena duen organoa. Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako epea berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, administrazio publiko ez diren interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
7. oinarria. Onuradunek bete beharrekoak eta ez-betetzearen ondoriozkoak.
1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuari zuzenduta eta Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, interesdunek telematika bidez aurkeztuko dute diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, Nafarroako Gobernuak Interneteko Atarian (www.navarra.es) eskura duen ereduaren araberakoa.
Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
b) 8. oinarrian ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko dituzte diru-laguntzaren xedeko jarduerak.
c) Diru-laguntzaren xedeko inbertsioak enpresaren aktiboetan sartu beharko dira eta gutxienez 2 urtez jarraitu beharko dute laguntza jasotzen duen establezimenduan, eskuratzen direnetik.
d) Laguntza ordaintzeko ebazpenean haren %50a Europar Batasuneko egitura funtsen bidez finantzatzen dela adierazten denean, onuradunak 9. oinarrian ezarritakoa ere bete beharko du.
e) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak.
2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
3. Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.
8. oinarria. Diru-laguntzaren justifikazioa eta ordainketa.
1. Diru-laguntzaren xede den proiektua bukatu eta gero, onuradunek gastuak eta ordainketak frogatu beharko dituzte 2014ko abenduaren 10a baino lehen.
Horretarako, “Jarduketaren justifikazioa eta gastuak” izeneko inprimakia, Nafarroako Gobernuaren Interneteko www.navarra.es atariko laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena, aurkeztu beharko dute, dokumentazio hau barne:
a) Fakturen zerrenda eta, horrekin batera, haien kopiak eta ordainketa frogatzen duten dokumentuenak.
b) Kontabilitateko dokumentuak, aipatu fakturak enpresaren kontabilitatean sartuta daudela frogatzen dutenak.
c) 3.a) oinarrian ezarritako gastuak justifikatzeko, enpresa aholku-emaileak egindako azterlana aurkeztu beharko da.
Laguntzaren xedeko proiektuaren eta azkenik gauzatutakoaren arteko aldeak daudenean, behar bezala justifikatu beharko dira, baina horrek ez du inoiz ematen den diru-laguntzaren zenbatekoa handituko.
2. Frogagiriak aztertuta, Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela egiaztatzen duen txostena aurkeztuko da; besteak beste, diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela egiaztatuko dute.
3. Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak enpresa onuradunaren instalazioak bisitatzen ahalko ditu edozein unetan, aurreikusitako jarduketak zenbateraino ezarri diren egiaztatzeko.
9. oinarria. Europar Batasuneko Egiturazko Funtsen kofinantziazioa
Diru-laguntza hauek Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %50 konfinantzatuta daude, Nafarroako EGEF 2014-2020ko Programa Eragilearen bidez. 2014an aurreikusitako programa eragilearen azken elaborazioa egiten den unean jakinen da behin betiko kofinantziazioa.
Horren ondorioz, laguntza horien onuradun diren enpresak, haiek ordaintzen dituen ebazpenean hala adieraziz gero, aldi berean Europar Batasunetik heldu den finantzazioaren onuradun ere izanen dira, eta, horregatik, honako hau aplikatuko zaie:
a) Diru-laguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, baita kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.
b) Eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak Europako Batzordeari kontuak, eragiketaren gastuak barne, aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera.
10. oinarria. Diru-laguntzen bateraezintasuna eta “de minimis” diru-laguntzen izaera
1. Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, diru-laguntzaren xedeko gastu beretarako emandako beste laguntza batzuekin.
2. Diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emaniko “de minimis” laguntza osoa, gehienez ere, 200.000 eurokoa izanen da, edo 100.000 eurokoa, errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresen kasuan, hiru zergaldiko edozein denboralditan.
Horretarako, onuradunek eskabide inprimakian aitortuko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.
11. oinarria. Bestelako laguntzak eskatzeko aukera
Diru-laguntza hauen xedeko jarduerak Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren beste laguntza araubide baten onuradun izaten ahal badira, Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak araubide horretara bideratzen ahalko ditu; betiere, interesdunei kalterik egiten ez bazaie eta horren berri behar denean ematen bazaie.
12. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek –ez administrazio publikoek–, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, araudia argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
13. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) jarriko ditu jendaurrean esleitutako diru-laguntzak, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Orobat, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2014-2020ko Programa Eragilea kudeatzeko agintari gisa, informazio bera argitaratuko du bere web orrian.
Iragarkiaren kodea: F1409142