129. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

334/2014 FORU AGINDUA, maiatzaren 23koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei diru-laguntzak emateko 2014ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legeak honako hau xedatzen du 21. artikuluan: legez eratutako kontsumitzaile elkarteek kontsumitzaileen interesak defendatzea izanen dute helburu. Haien onura publikoa deklaratu ahal izanen da eta onesten diren laguntza publikoak eman ahal izanen zaizkie beren xedeak betetzeko. Halaber, kontsumoko arbitraje sisteman parte hartu ahal izanen dute.

Kontsumitzaileen elkarteek Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideei buruz informatu, prestatu eta babesteko burutzen dituzten jardueren garapena errazteko, 2014rako diru-laguntzen deialdia onetsi da, helburu horretarako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan aipatzen den kontsignazioaren kargura.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei diru-laguntzak emateko 2014. urteko deialdia onestea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. 40.000,00 euroko gastua baimentzea, 2014ko Aurrekontu Orokorretako “Kontsumitzaileen elkarteentzako diru-laguntzak” izeneko 900006 91320 4819 492300 kontu-sailaren kargura, deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau eta eranskina igortzea Gizarte Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiko Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 23an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako kontsumiltzaile eta erabiltzaileen elkarteei kontsumoaren arloan 2014. urtean egiten dituzten proiektu eta jardueretarako emanen zaizkien diru-laguntzen araubidea ezartzea.

2. oinarria. Entitate onuradunak.

1. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute baldintza hauek betetzen dituzten Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek: legez eraturik egotea, Nafarroako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteen Erregistroan inskribaturik egotea, irabazi asmorik ez izatea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako bakar batean ere ez egotea.

2. Eskabidea aurkezten den egunean bete beharko dituzte aipatu baldintzak interesdunek, eta diru-laguntzaren xede den denbora guztian mantendu.

3. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak, jarduerak eta gastuak.

Proiektu eta jarduera hauek izan dezakete diru-laguntza:

1. Elkarteek beren bulegoetan bertan kontsumitzaileei eta erabiltzaileei ematen dieten zuzeneko eta doako arreta, haien eskubideei buruzko informazioaren arloan eta erreklamazioak, salaketak eta kexak tramitatzearen arloan.

Jarduera horri dagokionez, zalantzarik gabe halakoei lotuta dauden gastuetarako emanen da diru-laguntza, hala nola:

–Informazio bulegoaren jarduera garatzeko erabili eta jendearentzat irekita dauden egoitza edo bulego propioen alokairua, komunitate gastuak eta tributuak.

–Informazio bulegoaren jarduera garatzeko erabili eta jendearentzat irekita dauden egoitza edo bulego propioen uraren, elektrizitatearen eta gasaren gastuak.

–Telefono eta Internet gastuak.

–Bulegoko materialen gastuak eta informatikako suntsigarrienak.

–Diruz lagundutako jardueran lan egiten duten elkarteko langileen kostuak, hala nola soldatak eta Gizarte Segurantzako kotizazio gastuak. Langile horiek kontsumitzaileei eta erabiltzaileei arreta zuzena emateko jardueran lanaldiaren zein portzentaje izaten duten adierazi beharko da.

Ez da diru-laguntzarik emanen honako gastu hauetarako:

–Elkartean zuzendaritza edo ordezkaritza karguak dituzten langileen ordainsariei dagozkien gastuak (soldatak, gizarte segurantzako kotizazio gastuak, dietak, etab.).

–Aktibo finko materialetan eginiko inbertsioen ondoriozko gastuak.

Proiektu honi diruz laguntzeko gastua 25.000 euro izanen dira guztira.

2. Kontsumitzaile eta erabiltzaileak informatu eta prestatzeko jardunaldiak, ikastaroak, hitzaldiak, mintegiak, mahai-inguruak edo beste jarduera batzuk antolatzea. Erasanerrazak diren giza-taldeei zuzenduak izatea bereziki baloratuko da (mendekotasuna, gizarte bazterketa eta etorkinak).

Proiektu honi diruz laguntzeko gastua 10.000 euro izanen dira guztira.

3. Kontsumo arduratsua bultzatzeko Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleentzat ikastetxeetan egiten diren hezkuntza programak.

Proiektu honi diruz laguntzeko gastua 5.000 euro izanen dira guztira.

4. oinarria. Eskabideen aurkezpena eta eskaturiko dokumentazioa.

1. Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskabideak, elkarteko buruak sinatuak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak izanen dira, eta Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 7 - Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Agiriak posta bulego batean aurkezten badira, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

3. Eskaera-orriarekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena, oinarri hauei atxikitako II. ereduaren arabera.

b) Elkarteko idazkariaren ziurtagiria edo, bestela, elkarteburuarena, Zuzendaritza Batzordeak diru-laguntza eskatzeari buruz hartutako erabakia jasotzen duena.

c) Hala behar izanez gero, aurrerakina lortzeko eskaera, funtsak diru-laguntzaren helburuak betetzeko beharrezkoak direla justifikatuta. Horretarako, entitateak behar hori justifikatzen duen txostena aurkeztuko du, non une horretan entitateak banku-kontuetan dituen saldoak agertuko baitira, ekitaldi horretako diruzaintza plana, edo, bestela, diruz lagundutako jarduera ez geldiarazteko edo hasteko dirua behar dela frogatzen duen edozein agiri.

d) Diru-laguntzaren xede diren proiektuak eta jarduerak, oinarri hauen III. ereduaren arabera.

e) Diru-laguntzaren xede diren proiektuen edo jardueren laburpen zerrenda, oinarri hauen IV. ereduaren arabera.

f) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eskaera aurkeztean eguneratuak dituela frogatzen duen ziurtagiria.

4. Oinarri hauetan aipatutako ereduak (I.etik V.era) Kontsumo Zerbitzuaren bulegoetan egonen dira eskuragai, baita Nafarroako Gobernuaren webgunean ere (www.navarra.es).

5. oinarria. Diru-laguntza emateko prozedura eta irizpideak.

1. Diru-laguntza emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, eta aurkezten diren jarduerak eta proiektuak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

a) Proiektu mota: helburuen egokitasuna eta egokiera; aurreko programen jarraipena izatea, hala izanez gero; emaitzak ebaluatzeko irizpideak zehaztea; proiektuaren izaera berritzailea helburuen, hartzaileen, metodologiaren edo parte-hartze prozesuen ikuspegitik. 0tik 25 puntura.

b) Jardueraren helburu orokorrak eta berariazkoak: Helburuen definizio zehatza eta koherentea. Jardueren kronograma, jarraipenaren egutegia eta jardueren ebaluazioa. 0tik 15 puntura.

c) Ukitzen ahal den populazioa. 0tik 15 puntura.

d) Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuaren eginkizun eta helburuetara egokitzea, Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuan zehaztutako moduan (2012ko 150. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 31koa). 0tik 15 puntura.

e) Garatzekoa den proiektuko diru-sarreren eta gastuen aurrekontua justifikatu, egokitu eta egiaztatzea. 0tik 15 puntura.

f) Proiektuaren kalitatea eta haren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa. Helburuen, proposatutako jardueren eta baliabide erabilgarrien arteko erlazioa. 0tik 15 puntura.

2. Azaldu diren irizpideei jarraikiz guztira 20 puntu lortzen dituzten proiektuetarako soilik ematen ahalko da diru-laguntza.

3. 3. oinarriko 1. eta 2. ataletan deskribatutako proiektuen kasuan, aurrekontu aski ez badago, proiektu mota bakoitzari esleitutako gehieneko zenbateko osoa diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatuko da, proiektu bakoitzak oinarri honen 1. atalaren irizpideei jarraikiz lortutako puntuen arabera.

Aipatu proiektuei emandako diru-laguntza ez da inola ere izanen proiektu horrek sortzen duen kostua baino handiagoa. Hala, hasierako hainbanaketak proiektu baten kostua baino handiagoa den diru-laguntza ekartzen badu, gehiegizko kopurua berriz esleituko da gainerako proiektuen artean, irizpide berari segituz, deialdi honetan proiektu mota bakoitzarentzat ezarritako gehienekoa agortu arte.

4. 3. oinarriko 3. atalean deskribatutako proiektuaren kasuan, proiektu mota bakoitzari esleitutako gehieneko zenbateko osoa aurkeztutakoen artetik puntuazio altuena lortzen duen proiektuari emanen zaio.

6. oinarria. Organo eskudunak eta ebazteko gehieneko epea.

1. Batzorde batek baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

–Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuko zuzendaria.

–Kontsumitzaileen Babeserako eta Kontsumoko Arbitrajerako Ataleko burua.

–Merkatua Kontrolatzeko Ataleko burua.

–Kontsumo Zerbitzuko teknikari bat.

Gizarte Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko arlo juridikoko teknikari batek laguntza juridikoa emanen dio Balorazio Batzordeari, betiere batzordeko kide izan gabe.

Instrukzio organoak bereziki egiaztatuko du eskatzaileek deialdian eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztu dutela, eta prozedura eta balorazioa haren arabera egiten direla zainduko du.

2. Batzorde horrek organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela eta bakoitzari dagokion diru-kopurua.

3. Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiak du deialdia ebazteko eskumena.

4. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez, deialdia argitaratzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

5. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako guztiak.

b) Gizarte Politiketako Departamentuarekin elkarlanean aritzea, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko ekintzetan.

c) Emandako diru-laguntzen jarraipena eta kontrola behar bezala egiteko beharrezkotzat jotzen diren datuak, agiriak eta frogagiriak bidaltzea departamentu horretara.

d) Oinarri arautzaile hauetan aipatutako frogagiriak Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzura igortzea.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster komunikatu behar da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoa betetzea. Agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri ziren.

8. oinarria. Onuradunek egindako gastu eta ordainketak frogatu beharra.

1. Diru-laguntza justifikatzeko, gastuaren dokumentazio eta informazio frogatzailea aurkeztuko da, hots, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duena.

2. Frogagiriek honako hau jaso behar dute:

a) Diru-laguntzaren bidez emandako zenbatekoa diru-laguntza onartzean ezarritako xedeak betetzeko erabili dela azaltzen duen aitorpena.

b) Egindako jarduerak azaltzeko memoria. Memoriarekin batera, onuradunek honako hauek bidali beharko dituzte Gizarte Politiketako Departamentura:

–Datuen erregistro bat, bulegoetan arreta eman zaien pertsonen kopurua adierazten duena. Horretarako, fitxa bat beteko da oinarri honetako eranskinean agertzen den V. ereduaren arabera.

–Argitaratzen duten eta diruz laguntzen diren argitalpen, liburuxka edo argibide idatzi guztien hiru ale gutxienez.

Kontsumitzaile eta erabiltzaileak informatu eta prestatzeko jardunaldi, ikastaro, hitzaldi, mintegi, mahai-inguru edo beste jarduera batzuen antolamendua haiek xehe-xehe deskribatuz justifikatuko dira. Horretarako, memoria bat aurkeztuko da, hauek aipatzen dituena: edukia edo programa, iraupena, hizlariak, hartzaileak, bertaratutakoen kopurua, datak, lekuak, eta abar.

Kontsumo arduratsua bultzatzeko Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleentzat ikastetxeetan egiten diren hezkuntza programak ere memoria baten bidez justifikatuko dira. Memorian ikastetxearen ziurtagiria sartuko da, eta, bertan, hauek aipatuko dira: zein den edukia eta iraupena, eta programa zer mailatako ikasleentzat den.

c) Memoria ekonomiko frogatzailea, egindako proiektuen edo jardueren gastuen zerrenda ordenatua jasoko duena; gastuen eta ordainketen frogagiriak aurkeztuko dira.

Hala diruz laguntzen ahal diren gastuak nola horien ordainketa 2014. urtean egin beharko dira.

Gastuen eta horien ordainketen frogagiriak jatorrizkoak edo administrazioak konpultsaturiko fotokopiak izanen dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

Diruz lagundutako proiektuen edo jardueren arabera multzokatuta aurkeztuko dira eta, horietako bakoitzaren barnean, diruz lagundutako kontzeptuen arabera, bakoitzak bere zenbakia duela. Gainera, agirien zerrenda bat erantsiko da kontzeptu bakoitzeko, non azalduko baitira emandako zenbaki korrelatiboa, hornitzailea, agirian ageri den kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketaren eguna.

Gastuak justifikatzeko, fakturak erabiliko dira, baldin eta legeak haiek ematera behartzen badu, baita haien ordainagiriak ere, hala nola gordekinak eta bankuko letrak eta karguak.

Langileen gastuak justifikatzeko, nominak eta Gizarte Segurantzako kotizazio orriak aurkeztuko dira.

Fakturak edo nominak ez diren frogagirietan argi eta garbi azalduko da zer ordaintzen den, hartzailea nor den, IFZ edo IFK barne, dagozkien atxikipen fiskalak eta, hala denean, BEZa.

d) Diruz lagundutako proiektuak eta jarduerak finantzatu dituzten beste diru-sarrera eta diru-laguntza batzuen zerrenda zehatza, zenbatekoa, jatorria eta zein proiektu edo jarduerari aplikatu zaizkion adierazita.

9. oinarria. Diru-laguntza justifikatu eta ordaintzeko epeak.

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da diru-laguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, 8. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

2. Emandako diru-laguntzaren %25erainoko aurrerakina egiten ahalko da, onuradunak funtsak behar dituela justifikatuz gero. Horretarako, 4. oinarriko 3.c) atalean aipatzen den txosten justifikatzailea aurkeztu beharko du.

3. Bigarren eta azken ordainketaren bidez falta den zenbatekoa emanen da edo, kasuaren arabera, zenbateko osoa, aurreko oinarrian aipatutako frogagiriak aztertu ondoren. Frogagiriak Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuan aurkeztu beharko dira 2014ko abenduaren 30eko 14:30 baino lehen.

Aurkezturiko agiriak aztertu ondoren, ordaintzeko ebazpena emanen da.

10. oinarria. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

1. Deialdiaren xede den diru-laguntza bateragarria izanen da helburu berarako emandako beste laguntza batzuekin, indarra duen araudiak ezartzen duenarekin bat.

2. Aurrekoa galarazi gabe, beste diru-laguntza bateragarri batzuk jaso ondoren, diru-laguntzak emateko deialdiaren xede diren jardueren eta gastuen kostua gainditzen bada, soberakina Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari itzuli beharko zaio.

Dena dela, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo norberaren baliabide batzuekin baturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Bestela, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari itzuli beharko zaio soberakina.

3. Deialdi honen xedeko proiektuak eta jarduerak, diru-laguntzaz gain, funts berekiekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, justifikazioan horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diru-laguntza jaso duten jarduerei aplikatu zaizkiela.

11. oinarria. Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea; alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xedeko jarduera partez gauzatzea. Diru-laguntza jasotzen duen jarduera onuradunak berak egiten badu, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Diru-laguntza jasotzen duen jardueraren kostuaren %50era arte azpikontratatzen ahalko du onuradunak. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen badituzte eta diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 12.000,00 eurokoa baino handiagoa bada, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko du onuradunak diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsultatzeko izapidearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek dokumentu bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

12. oinarria. Gardentasuna.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek suertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betearazitako aurrekontua.

b) Behar denean, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

Aipatu inguruabarrak gertatzen badira, gardentasunerako betebeharraren mende dauden entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu ondoren aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez eskura egonen da Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskatutakoa gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean ondoz ondoko diru-laguntzak jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13. oinarria. Itzuli beharra.

Programa gauzatzen ez bada, edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutza-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

14. oinarria.–Baldintzen aldaketa.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko dizkiote Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diru-laguntza jasotzen duen/duten programaren/programen edukia aldatzeko eskatzea, baita hura egiteko modua eta epeak ere, programa gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.

Baldintzak aldatzeko eskaeretan, aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diru-laguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak onartu ala ez, laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, eta, bidezkoa denean, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharra ekarriko du.

15. oinarria. Administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Deialdi hau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, jakinarazten denetik hilabeteko epean.

16. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuak jendaurrean paratuko ditu, zerbitzu horretako iragarki-oholean, emandako diru-laguntzak, eta bertan azalduko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua.

17. oinarria. Arau osagarriak.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 23an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Jesús Pejenaute Grávalos. Iñigo Alli Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1409125