129. ALDIZKARIA - 2014ko uztailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

244E/2014 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Orkoiengo udal mugapean osasun hondakinak kudeatzeko dagoen instalazio batentzat. Instalazioak eta jardueraren garapenak Ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinean agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioaren titularra Elan Servicios y Aparatos para Laboratorio, S.L. da.

Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 5.1. epigrafean jasota dago, “Hirugarrenek sortutako hondakin arriskutsuak desagerrarazteko instalazioak” izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Halaber, instalazioa Proiektuen Ingurumen Eragina Ebaluatzeari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urtarrilaren 11ko 8/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 1. taldeko a) atalean sarturik dago.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorraren 2.d) atalean xedatutakoa betetzeko, arrisku nabarmeneko substantzien erabilera, ekoizpena edo isurketa berrikusi da, eta erabaki da horrelakorik ez dagoenez ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduan (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia) ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea, eta prozeduran sartu dira urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunean, eta ez da alegazio bakarrik ere aurkeztu.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan, hamabost eguneko epea ezarri da instalazioaren titularrari entzuteko, eta ez du proposamen horren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi ziren indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera. Foru dekretu horrek ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Orkoiengo udal mugapean osasun hondakinak kudeatzeko instalaziorako. Titularra Elan Servicios y Aparatos para Laboratorio, S.L. da. Instalazioak eta jarduerak Ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta administrazio espedientearen parte den gainerako dokumentazio gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, baita ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak ere.

Bigarrena.–Hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile izateko baimena ematea instalazioari, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen sorrerako eta kudeaketako erregistroan inskribatzea, 15G05806090282014 erregistro zenbakiarekin, hondakin horiek lekuz aldatzeko operazioetarako. Halaber, hondakin arriskutsuen kudeatzaile izateko baimena ematea, Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen sorrerako eta kudeaketako erregistroan inskribatzea, 15G01806090282014 erregistro zenbakiarekin, hondakin arriskutsuak esterilizatzeko operazioetarako, eta 15G02806090282014 zenbakiarekin, berriz, hondakin horiek lekuz aldatzeko operazioetarako. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko gauzatzen ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da hurrengo epeetan, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikuluarekin bat (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimena). Sozietate helbidea dagoen autonomia erkidegoan ingurumen arloan eskumena duen organoak III. eranskinean adierazitako tratamenduak egiteko baimendutako entitateak ustiatuko du instalazioa, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Hondakin urak udalerriko saneamendu sarera isurtzeko baimena ematea, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 245. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Laugarrena.–Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den ala ez, Ingurumena Babesteko Esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Bosgarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu Zuzendaritza Nagusi honek, aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean, bai Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluan aurreikusitakoak, bai Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoak.

Seigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute isurketak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiarekin loturik eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren aurkako Aurreneurri eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluarekin bat.

Zazpigarrena.–Instalazioa irekitzeko baimena eskatu beharko du titularrak, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40. artikuluan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Zortzigarrena.–Irekitzeko eskaerarekin batera, titularrak ondokoa aurkeztu beharko du: jarduketa plan bat, adierazteko zer neurri hartuko den ustiategian ohiz kanpoko egoera batean, horrek ingurumenaren gainean eragina izan dezakeenean; jarduketa programa bat, mantentze-lanetarako eta eskura dauden neurrien aldian aldiko berrikuspenerako, lurzoruan eta lurpeko uretan kutsadura sor lezakeen isurketarik izan ez dadin; eta 1. zenbakiko isurtze-fokuko (lurrun-galdara) tximiniaren garaieraren kalkulua, urtarrilaren 14ko 6/2002 Foru Dekretuaren 4. eranskinean ezarritakoari jarraituz, airea kutsa dezaketen jarduerei dagokienez.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hots, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Hamargarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Elan Servicios y Aparatos para Laboratorio, S.L.ri, Orkoiengo Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko ekainaren 2an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1408106