1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
242E/2014 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Arguedasko udal mugapean oilaskoak gizentzeko hegazti-ustiategi batentzat. Instalazioak eta jardueraren garapenak Ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioaren titularra S.C. Avícola El Raso da.
Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsiaren) 2B eranskineko 9.1 b) epigrafean dago jasota, “Hegaztien edo behi- edo zerri-aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, oilaskoendako 55.000 postu baino gehiago dauzkatenak” izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren eta nahitaezko Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago.
Halaber, instalazioa Proiektuen Ingurumen Eragina Ebaluatzeari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 1. taldeko e.3) atalean sarturik dago.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduan (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia) ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea, eta prozeduran sartu dira urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.
Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan, hamabost eguneko epea ezarri da instalazioaren titularrari entzuteko, eta ez du proposamen horren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi ziren indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera. Foru dekretu horrek ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Arguedasko udal mugapean oilaskoak gizentzeko hegazti-ustiategi batentzat. Instalazioaren titularra S.C. Avicola El Raso da. Instalazioak eta jardueraren garapenak Ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.
Bigarrena.–Instalazioa ezartzeko proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea: proiektua bideragarritzat jotzen da ingurumenaren aldetik.
Hirugarrena.–Lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea instalazio horrentzat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera.
Laugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan 15P02032090082014 zenbakiarekin inskribatzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinen sorreran egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.
Bosgarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 0320020376 /1/1 plana onestea.
Seigarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean.
Zazpigarrena.–Era berean, eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, zuzendaritza nagusi honek berrikusi eta egokitzen ahalko ditu baimen integratuaren baldintzak.
Zortzigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.
Bederatzigarrena.–Instalazioa irekitzeko baimena eskatu beharko du titularrak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hamargarrena.–Irekitzeko baimenarekin batera, jarduketa plan bat aurkeztu beharko du titularrak; hartan, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatuko da.
Hamaikagarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotako ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.
Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
Hamalaugarrena.–Ebazpen hau S.C. Avicola El Rasori, Arguedasko Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumena Zaintzeko Atalari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko ekainaren 2an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.
Iragarkiaren kodea: F1408146