1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
94E/2014 EBAZPENA, ekainaren 6koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimenaren luzapena ematen duena obra-hondakindegi batek Caparrosoko “El Saso Viejo” alderdian ukitutako eremua lehengoratzeko. Sustatzailea Florencio Suescun Construcciones, S.L. da.
2014ko martxoaren 26an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen ebazpen honen goiburuan deskribatzen den espedienteari Ingurumen ukipenetarako baimena luzatzeko eskaera.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Jarduketa horrek badu Ingurumen ukipenetarako baimena, baita horren epea luzatzekoa ere, ekainaren 17ko 305/2008 Ebazpenaren eta irailaren 10eko 538/2010 Ebazpenaren bidez, hurrenez hurren. Zabortegia ustiatu eta lehengoratzeko emandako epea agorturik (bi urte 2010eko irailean ebazpena eman zenetik), sustatzaileak epea berriz luzatzeko eskatu du, hondeaketa laneko materiala bertan botatzeko, helburua obra-hondakindegia lehengoratu eta behin betiko ixtea izanik.
Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27. artikuluan xedatutakoa ikusita, hondakinak balorizatu eta deuseztatzeko jarduerak autonomia erkidegoan ingurumen arloan eskumena duen organoaren baimentze araubidearen menpe daudela ezartzen baitu, Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio eskatu zaion baimena emateko eskumena.
Egin gogo den jarduketa, obra-hondakindegia lehengoratu eta ixtea alegia, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O atalean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimenaren araubidearen menpe dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.
Ikuskatzeko bisita egin eta “Saso Viejo” alderdian, 4. poligonoko 14. lurzatiaren (4. poligonoko 118. eta 120. lurzatiak zirenak) egoera ikusita, non EEH bolumen handi samarra pilatzen baita, espazio horretan bidezkoa da bertan den obra-hondakindegia berehala ixtea. Horrenbestez, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aldeko txostena egin du eta baldintzak jarri dizkio Caparroson, “El Saso Viejo” alderdian ukitutako eremua lehengoratzeko, Ingurumen ukipenetarako baimenaren luzapena handitzeko eskaerari.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimenaren luzapena ematea Caparroson, “El Saso Viejo” alderdian, obra-hondakindegi batek ukitutako eremua lehengoratzeko; sustatzailea Florencio Suescun Construcciones, S.L. da.
2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:
1.–Jarduketa honen bidez behin betiko itxi eta lehengoratuko da obra-hondakindegia, eta ez da luzatutako epea handitzerik onartuko.
2.–Hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile izateko baimenduta egon beharko du sustatzaileak, sortu ziren obretan ez beste batzuetan hondeatutako material naturalak balorizatzeko jardueretarako.
3.–Hondeaketa lurrak bakarrik botatzea onartuko da (LER 170504 kodea), 2003/33/CE Erabakian hondakin inerteei buruz ezarritako baldintzak betez gero.
4.–6 hilabetekoa da isurketarako eta obra-hondakindegia behin betiko ixteko epea, Ingurumen ukipenetarako baimenaren ebazpena ematen den egunetik aurrera.
5.–Baimentzen diren materialak bota eta zabaldu aurretik, lurperatu behar ez diren eta tratamendu bat behar duten materialak kenduko dira, gutxienez harrizko materialak aprobetxatzeko eta hondakin arriskutsu guztiak nahiz inerte gisa definitu ezin diren hondakin guztiak kentzearren.
6.–Teknikoki ezinezko tratamendua duten hondakin inerteak gainazalak erregularizatu arte zabalduko dira. Eragiketa hau lurzatiaren azalera osoan eginen da, Caparrosoko udal mugapeko 4. poligonoko 14. lurzatian, alegia.
7.–Lurzatiaren gainazala erregularizatu, lurraz estali eta 30 cm-tik gorako diametroa duten elementu lodiak kendu ondoren, geruza bat kalitateko landare-lur zabalduko da, 50 cm lodi, eta gero, erein eginen da.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 32.084,92 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Caparrosoko Udalari, Tutera aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko ekainaren 6an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1408319