125. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AIEGI

Kalez kaleko salmenta arautzen
duen udal ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Udalak, 2014ko martxoaren 3ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Aiegiko kalez kaleko salmenta arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa, eta 2014ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 12an.

Jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu aipatu ordenantza horren aldaketaren edukiaren aurka.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bihurtuko da, erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bada.

Horrenbertzez, bidezko da ordenantza horren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Kalez kaleko salmenta arautzen duen ordenantzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Aiegin, 2014ko maiatzaren 19an.–Alkate udalburua, Esperanza Gastea Hernández.

ORDENANTZA, KALEZ KALEKO SALMENTA
ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek kalez kaleko salmenta arautzen du Aiegiko udal mugapean, Nafarroako merkataritza ez egonkorra arautzen duen uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean xedatuari jarraikiz.

2. artikulua. Kontzeptuak.

Ordenantza honek kalez kaleko salmentatzat hartzen ditu honakoak: merkatariek saltoki finko batetik kanpo egiten dituzten salmentak, horiek ohikoak, noizbehinkakoak, aldirokoak ala etengabeak izan, behar bezala baimenduriko inguru eta tokietan, desmuntatu edo garraiatu daitezkeen merkataritzako instalazioetan, eta ordenantzan ezarritako moduak eta baldintzak betez.

Honako definizioak hartuko dira aintzat:

a) Kalez kaleko salmenta aldian behingo azoketan: herrietako azoketan baimentzen dena, horretarako tokietan, eta ohiko aldirokotasun zehatza duena.

b) Kalez kaleko salmenta noizbehinkako azoketan: noizbehinkako azoketan baimentzen dena, jaiak direlako edo bestelako ospakizunak antolatzen direlako.

c) Garai jakin batzuetako produktuen kalez kaleko salmenta eremu publikoan: irizpide mugatzaile eta salbuespenekoak izanik, baimendu daitekeena, toki kopurua eta gune jakin batzuetan non kokatu zehaztu ondoren.

3. artikulua. Kalez kaleko salmenta.

Kalez kaleko salmenta igandeetan bakarrik egiten ahalko da, Aiegiko Merindad de Estella/Lizarra kalean, edo Aiegiko Udalak noizean behin ezartzen duen tokian, 09:00etatik 14:30 arte.

Kalez kaleko eta herriz herriko salmentan aritzeko baldintza orokorrak:

Kalez kaleko salmentan eta denda-ibilgailuekin herriz herriko salmentan aritzeko, merkatariek uneoro bete beharko dituzte ordenantza honetako 3. eta 4. artikuluetan ezarritako baldintzak.

Baimena pertsonala eta besterenduezina da; hala ere, merkatariaren izenenan jarduten ahalko dute haren ezkontideak eta seme-alabek eta establezimenduaren titularraren kontura Gizarte Segurantzan alta emanda dauden langileek.

4. artikulua. Udal lizentzia.

Kalez kaleko salmentan aritzeko, Udalaren lizentzia eskuratu behar da eta hartan honakoak ezarriko dira:

a) Jarduera eginen den leku zehatza.

b) Titularrak kalez kaleko salmentan aritzeko dituen egunak eta orduak.

c) Zein produktu zehatz salduko dituen.

Lizentziaren erakusgarria agerian eta modu iraunkorrean erakutsi behar da saltokian. Erakusgarrian honakoak adieraziko dira:

–Titularraren izena, deiturak, helbidea eta NANa.

–Esleituriko lekuaren zenbakia.

–Postuaren metro linealak.

–Zein jarduera edo produktutarako baimena duen.

–Titularraren argazkia, nortasun agirikoaren gisakoa.

Lizentzia, gehienez ere, urte natural baterako emanen da. Lizentzia automatikoki luzatuko da, titularrak horri uko egiten ez badio urte bakoitzeko abenduaren 15a baino lehenago, edo Udalak ez luzatzea erabakitzen badu ordenantza hau betetzearen ondoriozko arrazoiengatik.

Ezeztatu egin daiteke ordenantza hau edo bestelako udal ordenantzak ez betetzeagatik eta, kasu horretan, ez du inolako kalte-ordain edo konpentsaziotarako eskubiderik ematen.

Lizentzia iritziaren arabera emanen da, ez du eskubide lorturik sortzen eta askatasun osoz ezeztatu daiteke emateko arrazoietako bat aldatzen bada edo Udalaren sustapen edo plangintza politika aldatzen bada.

Alkateari dagokio baimena ematea eta hark gobernu batzordeari eskuordetzen ahalko dio. Udalak, ordenantza honetan xedatzen denarekin bat, finkatuko du saltzaile ez finkoen baimen kopurua ezarritako modalitate bakoitzean.

Igandeetarako 25 lizentzia izanen dira gehienez.

5. artikulua. Lizentzia motak.

Bi baimen mota ezartzen dira:

a) Asteroko azokan leku finkoan jartzeko lizentzia.

b) Inoiz azoketan eta herriko jaietan jartzeko lizentzia.

Inoiz jartzeko lizentziak eskubidea ematen du jaiak direlako edo bestelako ospakizunak antolatzen direlako noizbehinkako azoketan lekua hartzeko.

Asteroko azokan leku finkoan jartzeko lizentziak azokan leku zehatz bat gordetzeko eskubidea ematen du, produktu motaren eta merkatariaren antzinatasunaren arabera.

Udalak baimena ematen ahalko die nekazariei, banaka zein taldean, beren produktuak saltzeko, horretarako ezarritako lekuetan.

Baimen hori ezin da elkarteendako edo bestelako entitate juridikoendako izan.

6. artikulua. Merkatarien betebeharrak.

Lizentzia eskuratzeko baldintza izanen da:

a) Jarduera Ekonomikoen Zergan behar den edo diren epigrafeetan alta emana izatea eta zerga betebeharrak beterik izatea.

b) Gizarte Segurantzaren bidezko araubidean alta emanda egotea.

c) Salgai jartzen diren produktuei eta zerbitzuei aplikatu beharreko berariazko arauetan ezarritako baldintzak betetzea.

d) Lizentzia eskuratzeko udal tasa ordaintzea.

e) Zerga eta gizarte arloetako betebeharrak eguneratuak izatea.

Adierazitakoa galarazi gabe, bestelako arau edo lege xedapenetan kasuan kasuko merkataritza jarduerari eta produktuei aplikatzen zaizkien baldintza sektorialak edo beste era batekoak ere bete beharko dira.

7. artikulua. Lizentzia eskatzea.

Azokan lekua izateko lizentzia eskuratzeko eskabidea aurkeztu beharko da, honakoak adierazita:

–Titularraren izena, deiturak, helbidea, telefonoa eta NANa. Aukeran posta elektronikoko helbidea ere jartzen ahalko da.

–JEZean aritzeko alta edo ziurtagiria.

–Zerga eta gizarte arloetako betebeharrak eguneratuak daudela frogatzen duen erantzukizuneko aitorpena.

–Karnet neurriko 2 argazki.

8. artikulua. Saltokiek bete beharrekoak.

Kalez kaleko salmenta desmuntatu edo garraiatu daitezkeen lekuetan egin behar da, kontuan hartuz instalazioak bete behar dituela indarreko arau berariazkoetan ezarritako segurtasun eta higiene baldintzak.

Kamioi-dendak ere erabiltzen ahalko dira.

Salgai dauden produktuak ezin dira zuzenean lurzoruan edo zoladura gainean jarri eta, haien tamainak eta pisuak horretarako bidea ematen badu, lurretik 80 cm-tara gutxienez jarri behar dira.

Saltzeko lekuak ezin dira oztopo izan etxebizitza partikularretara eta merkataritza establezimenduetara iristeko. Ezin dira kokatu merkataritza edo industria establezimenduetara iristeko bideetan, haien erakusleihoetan ez eta erabilera publikoko eraikinetan ere.

Ontziratu gabeko elikagaiak erosleekin kontaktu zuzena saihesten duen babesarekin erakutsiko dira.

Postu bakoitzaren eta aldamenekoaren artean 50 cm-ko tartea utzi behar da.

Postuen sabaiak ez dira izanen 2 m-tik beherakoak ez eta 3 m-tik gorakoak ere.

Hegalkina ezin da atera oholaren bertikaletik 1,5 m-tik haratago. Postuetan edo markesinetan ezin da jarri oinezkoak pasatzeko oztopo edo arrisku izan daitekeen salgairik edo produkturik.

9. artikulua. Saltzeko produktuak.

Merkatari bakoitzak bere lizentziarekin bat datozen produktuak saltzen ahalko ditu. Lizentzia fiskalean hainbat epigrafetako produktuak eskaintzen badira, horiek biltzen dituen epigrafea edo bestela baimena duten epigrafeak adieraziko dira.

Zenbait produktu ezin izanen dira saldu, beraiei dagokien araudiak hala debekatzen duenean. Horiez gain, beste hauek ere ezin izanen dira saldu:

–Haragia, hegaztiak, zezinak, ehizakiak, arrainak eta itsaskiak.

–Esnea, gazta freskoa, zenderena, esnegaina, gurina, jogurta eta bestelako esneki freskoak.

–Pastel eta opil beteak edo hornituak, pasta freskoak edo beteak.

–Janari keztatuak eta bestelako erdikontserbak.

–Arrautzak.

10. artikulua. Merkatarien betebeharrak

Beren ibilgailuetan eta agerian, kalez kaleko salmentan aritzen diren merkatariek erosleei jakinarazi beharko diete zein helbidetan erantzunen diren erreklamazioak, halakorik bada.

Helbide hori bera azaldu beharko da fakturan edo salmenta frogagirian.

Ezarri den ordutegia beteko da: 09:00etatik 14:30era bitarte.

Era berean, agerian izanen dira produktuen prezioak.

Debekatuta dago ibilgailuekin azoka eremuan ibiltzea goizeko 09:00etatik 14:30era bitarte. Salbuespen dira larrialdi zerbitzuan ari diren ibilgailuak.

Debekatuta dago entzunezko publizitatea postuetan. Hala ere, soinu-aparatuak dituzten postuetan musika jartzen ahalko dute, betiere dezibelio kopuruak ez badu gainditzen 75 dB.

11. artikulua. Bertaratu beharra.

Azokan postua duten merkatariek erregulartasunez bertaratu behar dute. Hiruhileko batean lau egunez huts egiteak lizentzia galtzea ekarriko du.

Merkataria ez bada 08:45ean azaltzen, arduradunak baimena ematen ahalko die aldamenekoei erdi bana betetzeko hutsik gelditu den lekua.

12. artikulua. Postuen esleipena.

Hutsik dauden postuak honako irizpideen arabera esleituko dira:

1. Hutsik gelditzen diren postuak postua hutsik utzi duenaren epigrafe bereko eskatzaileen artean banatuko dira, eskaeraren antzinatasuna kontuan hartuz.

2. Eskatzen dutenetako inor ere ez bada postu hutsaren epigrafe berekoa, aurkezturiko eskaeren artean ebatziko da, eskaeraren antzinatasuna kontuan hartuz.

13. artikulua. Saltokien eskualdaketa.

Kalez kaleko salmentarako lizentzia besterenduezina da. Hala ere, heriotza, erretiroa edo ezintasun kasuan, bigarren mailako ahaideek, ezkontideek edo izatezko bikotekideek eta bi urtetik gorako antzinatasuna duten enplegatuek erabateko lehentasuna izanen dute postu berean lizentzia eskuratzeko.

14. artikulua. Postuen garbiketa.

Merkatariak arduratuko dira saltzeko lekua eta haren ingurua garbi-garbi edukitzeaz.

Azoka bukatu ondoren, merkatariek beren lekua garbi eta txukun utziko dute eta zaborra poltsa itxietan, azokako arduradunak finkatzen duen lekuan.

15. artikulua. Tasaren ordainketa.

Postuaren tasa hilero ordainduko da Udalak ematen duen kontu zenbakian. Lizentzian alta zein baja gertatzen bada, hilabeteko zati proportzionala kitatuko da, asteka zatituz.

16. artikulua. Udalaren eskumenak.

Udalak zainduko eta bermatuko du baimenen titularrek bete dezaten legeak agintzen duena eta, arau-hausteak gertatzen direnean, zuhurtziaz, saltzaileak salgai dituen produktuak atzematen ahalko ditu, ustezko arau-hausleari, kasua bada, legez jartzen ahal zaizkion zehapenak ukatu gabe, ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.

17. artikulua. Ordezkaritza.

Merkatariek batzorde bat izendatzen ahalko dute beren ordezkari izateko. Bitartekariak ordezten ahalko ditu Udalaren aurrean, talde izaerako aferetan.

18. artikulua. Gatazkak.

Alkatetzari dagokio ordenantza hau interpretatzea eta sortzen diren gatazkak ebaztea. Haren erabakien aurka errekurtsoa jartzen ahalko da, administrazioarekiko auzien jurisdikzioari zuzendua.

19. artikulua. Arau-hausteak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Postua baimendutako lekutik kanpo jartzea.

b) Arau-hauste arinak sektoreko araudian, baimendutako produktuari dagokionez.

c) Ordenantza honetako edozein betebehar ez betetzea.

Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Postua baimendutako egunetatik eta lekutik kanpo jartzea.

b) Baimendu gabeko produktuak saltzea.

c) Udal lizentziarik gabe saltzea.

d) Zaborra poltsa egokietan ez biltzea eta finkaturiko lekuan ez uztea.

e) Higienerik eza saltokian.

f) Udaleko langileenganako begirunerik ez izatea.

g) Arau-hausteak merkataritza arloan indarra duen araudian.

h) Udal agintariek edo haien agenteek eskatzen dituzten datuak eta argibideak emateari uko egitea edo eman nahi ez izatea.

i) Arau-hauste arina errepikatzea edo hartan berrerortzea.

j) Bizikidetza hausten duten egintzak sorraraztea.

Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Arau-hauste larria errepikatzea edo hartan berrerortzea.

b) Salmentan aritzea Udalaren lizentziarik gabe.

20. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinek 60,00 euro arteko isuna izanen dute zehapen.

Arau-hauste larriek 60,00 eta 150,00 euro arteko isuna izanen dute zehapen.

Arau-hauste oso larriek lizentzia hilabete batetik sei hilabete bitartean etetea izanen dute zehapen. Arau-hauste oso larrian berreroriz gero, lizentzia kentzen ahalko da.

21. artikulua. Jarduera geldiaraztea.

Alkateak jarduera geldiarazteko aginduko die behar den lizentzia ez duten merkatariei edo baldintzak betetzen ez dituztenei.

Alkateak jarduera berehala eteteko, tokia uzteko eta produktuak konfiskatzeko aginduko du merkatari batek postua baimenik gabe jartzen duenean eta jarduera eteteko aginduari jaramonik egiten ez dionean inolaz ere.

22. artikulua. Indarra hartzea.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Eginbidea: Udalak, ....................... (e)ko osoko bilkuran, ordenantza hau behin betiko onetsi zuela eta ..... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean haren testu osoa argitaratu zela jasota gera dadin, Idazkaria,

(Data eta sinadura)

TASEN ERANSKINA

Kalez kaleko salmentarako aplikatu beharreko tasak honako hauek izanen dira:

Azoka finkoak: 50 euroko tasa postu bakoitzeko, hilean.

Festetako salmenta postuak, barrakak edo atrakzioak: 150 euroko tasa 20 metro karratu baino gehiago hartzen duen barraka edo atrakzio bakoitzeko, festetako egun guztietarako, edo zati proportzionala. 20 metro karratutik beherako barraken tasa 90 eurokoa izanen da festa guztietarako, edo zati proportzionala.

Iragarkiaren kodea: L1408836