2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Entzierroaren udal ordenantza. Behin betiko onespena
Iruñeko Udalak, 2014ko ekainaren 20an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Entzierroaren udal ordenantza.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat, bidezko da ordenantzaren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2014ko ekainaren 20an.–Idazkari teknikoa, Jesús M.ª Salinas Andueza.
Entzierroaren udal ordenantza
Zioen azalpena
Iruña munduko herrialde askotan da ezaguna San Fermin festengatik, eta, dudarik gabe, festetako ekitaldirik ezagunena Entzierroa da.
Entzierroa, zezenak zezen-plazako eskortetara eramateko ekitaldi gisara, mendetako usadioa da Iruñean, halakoa non ezin baita zehatz jakin noiz hasi zen.
Edonola ere, korrikalariek entzierroan parte hartzeko ohitura XIX. mendearen bukaeran bilakatu zen iraunkor. Ohitura hori azkar hedatu zen, harik eta egungo egoerara iritsi arte.
Entzierroa jai-giroan egin da beti, eta beti izan da partizipatiboa. Haren inguruan tradizio eta usadio ugari sortu dira, Iruñeko kultura-ondarea aberastu eta entzierroaren ezaguera eta hedapena egun duen mailaraino areagotu dituztenak, halako eran non erreferentzia bilakatu baita Udalerako.
Ordenantza honek ekitaldi horren esentzia babestu nahi du, zer eta ezaugarritzat parte-hartzaileen anonimotasuna, ekitaldia azkar eta aparteko gorabeherarik gabe egiteko komenentzia eta ekitaldiko protagonista diren zezenei eta joaldunei saldoka doazela zor zaien errespetua dituen ekitaldi batena.
Entzierroan parte hartzea borondatezkoa da, egiten dutenentzat arriskugarri dena, urtero-urtero izaten baitira zaurituak, makadurak edota zezen-adarkadak pairatuta. Arriskua areagotu egiten da asko direlako entzierroan parte hartzen dutenak. Izan ere, ekitaldiaren ospeak partaidetza areagotu du.
Arriskua txikiagotzeko, ibilbidea sakon garbitzen da, ez labaintzeko produktuak aplikatzen dira zenbait aldetan, eta udaltzainek eta foruzainek korrika egiteko tokia jendez hustu, eta etengabe zaintzen dute korrikalariek modu seguruan egin dezaten korrika.
Urtero, festak hurbil daudela, Alkatetzak Sanferminetarako Bandoa ematen du, eta horren xedapenetako bat Entzierroari eskaintzen dio: bertan, entzierroa egoki garatzeko bete beharreko arauak jaso, eta egin bitartean gerta daitezkeen arau-hausteen zehapena agintzen da.
Zehapen-erregimen egoki honek entzierroa normal joatea du xede, nahasmendua eragiten dituzten jokamoldeak zigortuta. Horrez gain, entzierroan dela korrikalari dela ikusle gisara parte hartzeko emandako jarraibideak hobeki betetzen lagunduko du, eta, horrenbestez, segurtasun handiagoa ekarriko digu guztioi.
Jokabide desegokiak zuzen zehatze aldera –halakoak, askotan, kaltegarriak izan baitaitezke pertsonen osotasuna arriskuan jartzeko ahalmen handia duen ekitaldi batean gailendu behar duen segurtasunerako–, beharrezkotzat jotzen da organo eskudunei ematea zehapenak ezartzeko halako araudi bat non bermatu beharko baita Espainiako Konstituzioaren 25.1 artikuluan xedatutako legezko tipikotasun-printzipioa, horri jarraiki ezin baitakioke inori egite edo ez-egiteen ondorioz kondena edo zehapenik ezar, baldin eta une horretan delitu, falta edo arau-hauste administratiboak ez badira, aldi horretan indarrean dagoen legeriaren arabera. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren Legearen 129.1 artikuluak dio administrazioko arau-hauste direla, bakar-bakarrik, legediaren aurkakoak izanik legeren batean arau-haustetzat jotzen direnak, kalterik egin gabe, betiere, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legeak XI. tituluan ezarritakoari.
Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurrien abenduaren 16ko 57/2003 Legeak Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen Legea aldatu zuen, halako eran non horren 139. artikuluan jasotzen baita toki-erakundeek badutela -arloan-arloan berariazko araudirik egon ezik, Entzierroaren kasuan gertatzen den bezala- arau-hausteen sailkapena finkatzeko aukera, baita zehapenak ezartzekoa ere, kasuan kasuko ordenantzetan jasotako eginbeharrak, debekuak zein murrizpenak ez betetzeagatik, eta horrexegatik jotzen da beharrezkoa Entzierroa ordenantza honen bidez arautzea.
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honek iruindarren kultura-ondasuntzat jotzen du Entzierroa, eta, horregatik, xedea du ezartzea bai hura arautzeko xedapen orokorrak eta bai xedapen horiek ez betetzeak ekarriko dituen arau-hausteen eta zehapenen araubide juridikoa.
Ordenantza hau Zezen Ikuskizunen Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 29ko 249/1992 Foru Dekretuaren osagarri gisara aplikatuko da, bai eta Nafarroako toki entitateei aplika dakizkiekeen estatu- edo foru-esparruko arauen osagarri modura ere.
2. artikulua. Entzierroaren ibilbidea.
Entzierroa San Domingoko eskortetatik abiatu, eta Zezen-plazako eskortetan amaituko da, San Domingo kaletik, Udaletxe plazatik eta Mercaderes eta Estafeta kaleetatik igarota.
3. artikulua. Ordutegia.
Entzierro guztiak 08:00etan hasiko dira, ezinbesteko kasuetan salbu. Suziri bat jaurtiko da San Domingoko eskorten atea irekitzean; beste bat, eskorta horietatik azken zezena irteten denean; hirugarren bat, zezen guztiak zezen-plazan sartutakoan; eta azkena, azken zezena Zezen-plazako eskortetan sartu ahala.
4. artikulua. Xedapen Orokorrak.
1.–Entzierroan parte hartzen dutenek ahalik eta arriskurik txikiena izateko, ekitaldia arautzen duten segurtasun-neurriak ahalik eta zorrotzen bete behar dira, halako moldez non men egin beharko baitzaie beti hura zaintzeko eta erregulatzeko ardura duten langileen oharpenei, bai eta haren gainean Sanferminetarako Udal Bandoan urtero zehazten diren xedapenei ere.
2.–Lasterketan parte hartzera doazenak Udaltzaingoak eta Foruzaingoak zehaztuko duten tokietan kokatuko dira, eta ibilbidearen gainerako tarteak hutsik geldituko dira. 07:30etik aurrera, bakarrik korrikalariak egon ahalko dira ibilbidean -haientzat gordetako tokian-, eta pertsona baimenduak.
Korrikalariak Iruñeko Udalak ezarriko dituen tokietatik eta orduetan sartuko dira ibilbidera. Korrika egin nahi dutenak inola ere ezingo dira sartu ibilbidera 07:30ak jo eta gero. Sarbideak kontrolatuko dituzten Polizia-agintariek ordu hori baino lehenago itxi ahalko dituzte haiek, baldin eta jotzen badute korrikalarien kopurua aski dela dagoen lekurako.
3.–Lasterketan parte hartzen dutenek orok kasu eman behar diete Poliziak eta entzierroan esku hartzen duen pertsonal teknikoak emandako oharrei, eta ibilbidetik irten, hesien arteko guneetatik alde egin edo beste edozein gauza egin beharko dute, hala egiteko eskatzen bazaie.
4.–Hemezortzi urte baino gutxiagokoek ezingo dute parte hartu entzierroan, eta debekaturik edukiko dute ibilbidean egotea 07:30etik entzierroa bukatu arte.
5.–Zenbait tokitan bi hesien artean dagoen guneetan, horretarako Iruñeko Udalaren baimena dutenak baizik ezin izango dira egon; horiek dagozkien baimen eta egiaztagiriak agerian eraman beharko dituzte, eta halako agirietan adierazitako baldintzak zein zerbitzuko poliziek ematen ahal dizkieten aginduak bete. Gainerakoak istantean kanporatuko dituzte.
Entzierroa egin bitartean gune horiek gordeta daude beren burua ataka larrian ikusten ahal duten korrikalarientzat, babesgarri izan dezaten.
6.–Sarbidea entzierroaren ibilbidean duten ostalaritzako zein merkataritzako beste edozein jardueratako establezimenduek 06:00etan itxita eduki beharko dute hura, halako eran non inor ezingo baita haietara sartu edo haietatik irten. Edonola ere, itxitura-mota eraginkorra izango da. Fatxada ibilbidera begira duten establezimenduek ezin izango dute piztuta eduki ibilbidetik ikusteko moduko ezein pantaila erreproduzitzailerik.
Sarbidea entzierroaren ibilbidean duten establezimenduetan, egunkariak bakarrik saltzea baimendu ahalko da, betiere ordutegi mugatuan: 07:00etara arte, hutsik utzi beharreko guneetan, eta 07:30era arte, entzierroan parte hartu behar duten korrikalariak dauden tokietan. Horretan interesa dutenek baimena eskatu beharko dute, eta Herri Segurtasuneko Alorrak emango die baimen hori.
7.–Sarbidea entzierroaren ibilbidean duten etxebizitzen atariek itxita egon beharko dute 07:30etik aurrera, halako eran non ezin izanen baita haietara sartu. Ordu horretatik aurrera, inor ez da egongo halako atarietan, eta inor ez da aterako haietatik Entzierroaren ibilbidera.
8.–Entzierroaren ibilbidearen garbitasuna funtsezkoa da korrikalarien segurtasuna areagotzeko, eta, horregatik, garbiketa-lanak ez dira inola ere oztopatuko horretan ari diren ibilgailuen zirkulazioa edo langileen zereginak eragozten ahal dituzten jokabideekin.
9.–Behin garbiketa-zerbitzua igaro eta gero, ezin izango da atera zaborrik edota beirarik, ez entzierroaren ibilbidera ez horren zeharkako kaleetara ere (Telleria eta Xabier kaleak eta Espoz y Mina zeharkalea).
10.–07:00etatik aurrera ezin izango da musika zuzendu Entzierroaren ibilbiderantz, Udalaren baimenarekin ez bada.
11.–Erabat debekatzen dira, eta segurtasun indar eta kidegoek salatuko dituzte, honako jokabide hauek:
a) Zenbait elementuren gainean igotzea, hala nola, fatxada, hiri-altzari, zuhaitz, farola eta eta abarretara, halakoak Entzierroaren ibilbidean egonda ala ez.
b) Entzierroaren ibilbidearen espazio bertikala, horizontala edo airekoa hartzen duen edozein elementu instalatzea, salbu Iruñeko Udalak berariaz baimentzen badu.
c) Kokatzea Ordenantza honek, Sanferminetarako Alkatetzak ematen duen Bandoak edo segurtasun indar edo kidegoetako kideek berariaz debekatzen dituzten ibilbideko toki edo guneetan.
d) Gaindikatzea segurtasun- indar edo -kidegoetako agenteek ibilbideko zenbait gunetan ezarriko dituzten hesiak eta mugak.
e) Irekita edukitzea ibilbidera ematen duten erakin eta lokalen ate eta atariak, horiek ixteko ezarritako orduen ondoren. Horri buruzko erantzule izanen dira halakoen jabekideak, erabiltzaileak, errentariak edo titularrak.
f) Ibilbidean mozkor egotea, edo drogen zein estupefazienteen eraginpean, edota egoera fisikoa eta psikikoa ona ez dela.
g) Janztea korrika egitea galarazten ahal duten jantziak edo korrika egiteko desegokiak diren oinetakoak: zapata takoidunak, txankletak, sandaliak, eskalapoiak, etab.
h) Objektuak jaurtitzea Entzierroaren ibilbidean, hura garbitu eta gero.
i) Soinean eramatea entzierroaren ordena egokiaren eta segurtasunaren kontrakoak diren objektuak, adibidez, honelakoak: bizkar-zorroak, poltsak, botilak, edalontziak, makilak, argazki- edo bideo-kamerak, mikrofonoak, irudiak grabatzeko gailuak ..
j) Zezenengana egitea korrika, edo haien atzean, egoera arriskutsuak sortuta.
k) Zezenak ukitzea edo haien arreta erakartzea, edozein maneratan eta edozein arrazoirengatik, ibilbidean nahiz zezen-plazan bertan, eta bereziki zezenen adarrei heltzea eta zezenak ukitzea, ez bada harrapaketa bat galarazteko.
l) Ibilbidean gelditzea eta hesietan, babesgarrietan edo atarietan egotea, gainerako korrikalarien lasterketa edo babesa oztopatuz.
m) Zain egotea, zezenak irten aurretik, ibilbidean barnako zoko, gune itsu edo etxe nahiz establezimenduetara sartzeko atarietan.
n) Erabiltzea irudiak edota soinua grabatzeko edozein euskarri, telefonia mugikorreko gailuak barne, ibilbidean edo erreserbatutako hesietan, horretarako baimena izan gabe.
o) Entzierroaren gainean baimenik gabe hegan egitea, aparatua edozein delarik ere.
p) Entzierroan parte hartzea mugitzeko elementu mekanikoak eramanda (irristailuak, skateboardak, bizikletak, etab.).
q) Hirian, 07:00etatik 08:30era bitartean, botatzea suziriak, petardoak eta Entzierroko suziriekin nahasi eta korrikalariengan zein ikusleengan urduritasuna sor dezaketen artifizio piroteknikoak oro.
r) Beste edozein jokaera, baldin eta Entzierroaren garapena oztopatzen badu, edo Ordenantza honetan xedatutakoaren kontra badoa.
Inork debekatutako gauzetatik edozein egiten badu, entzierroaren ibilbidean egonda, berehala kanporatuko dute agintaritzaren agenteek, eta haren jokaera dela bide salatuko dute.
12.–Ikusleak beraiek egoteko prestatutako tokietan egongo dira, eta beti eginen die men Entzierroaren segurtasunaren ardura duten poliziek eman liezazkieketen aginduei. Ez dira, ezein kasutan ere, hesien arteko guneetan kokatuko.
5. artikulua. Zehapen-araubidea.
Ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteei dagozkien espedienteak Nafarroako Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legean ezarritakoarekin bat bideratuko dira.
Arau-hausteen eta zehapenen preskripzio-epeak zein prozeduraren iraungitzekoak Foru Lege horretan ezarritakoak izango dira.
Zehapenen mailak 2/1989 Foru Legearen 30. artikuluan ezarritako ezaugarriekin bat ezarriko dira.
Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 30. artikuluan aurreikusitako neurriak hartu ahalko dira.
6. artikulua. Arau-hauste oso larriak.
Oso larritzat joko dira honako arau-hauste hauek:
1.–Entzierroan parte hartzea mugitzeko elementu mekanikoak eramanda (irristailuak, skateboardak, bizikletak, etab.).
2.–Pertsonen gorputz-osotasuna, arau-hauslearena barne, arriskuan jartzeko eran jokatzea.
3.–Arau-hauste larriak errepikatzea.
7. artikulua. Arau-hauste larriak.
Larritzat joko dira honako arau-hauste hauek:
1.–Entzierroaren ibilbidearen espazio bertikala, horizontala edo airekoa hartzen duen edozein elementu instalatzea, salbu Iruñeko Udalak berariaz eta bereziki baimentzen badu.
2.–Ibilbidean mozkor egotea, edo drogen zein estupefazienteen eraginpean, edota egoera fisikoa eta psikikoa ona ez dela.
3.–Objektuak jaurtitzea Entzierroaren ibilbidean, hura garbitu eta gero edo Entzierroa egin bitartean.
4.–Zezenengana egitea korrika, edo haien atzean, arriskua sortuta.
5.–Zezenak ukitzea edo haien arreta erakartzea, edozein maneratan eta edozein arrazoirengatik, ibilbidean nahiz zezen-plazan bertan, eta bereziki zezenen adarrei heltzea eta zezenak ukitzea, ez bada harrapaketa bat galarazteko.
6.–Ibilbidean gelditzea eta hesietan, babesgarrietan edo atarietan egotea, gainerako korrikalarien lasterketa edo babesa oztopatuz.
7.–Erabiltzea irudiak edota soinua erreproduzitzeko edozein euskarri, ibilbidean edo erreserbatutako hesietan, horretarako baimena izan gabe.
8.–Aparatuak erabiltzea hegan egiteko Entzierroaren ibilbidearen gainetik.
9.–Irekita edukitzea ibilbidera ematen duten etxe-atarien eta lokalen ateak, horiek ixteko ezarritako orduen ondoren.
10.–Entzierroaren bilakaera modu larrian oztopa dezakeen beste edozein zereginetan jardutea.
11.–Arau-hauste arinak errepikatzea.
8. artikulua. Arau-hauste arinak.
Arintzat joko dira honako arau-hauste hauek:
1.–Igotzea segurtasuna bermatzen ez duten elementuen gainean, entzierroaren ibilbidearen barruan.
2.–Kokatzea Ordenantza honek, Sanferminetarako Alkatetzak ematen duen Bandoak edo segurtasun-indar edo -kidegoetako kideek berariaz debekatzen dituzten entzierroaren ibilbideko toki edo guneetan.
3.–Zain egotea, zezenak irten aurretik, ibilbidean barnako zoko, gune itsu edo etxe nahiz establezimenduetara sartzeko atarietan.
4.–Gaindikatzea segurtasun indar edo kidegoetako agenteek entzierroaren ibilbidean ezarriko dituzten hesiak eta mugak.
5.–Eramatea entzierroan parte hartzeko desegokiak diren jantzi edo oinetakoak.
6.–Soinean eramatea entzierroaren ordena egokiaren eta segurtasunaren kontrakoak diren objektuak (bizkar-zorroak, poltsak, botilak, edalontziak, argazki- edo bideo-kamerak, mikrofonoak, irudiak grabatzeko gailuak, ...).
7.–Musika zuzentzea Entzierroaren ibilbiderantz 07:00etatik aurrera.
8.–Entzierroaren ibilbidea garbitzeko lanak oztopatzea.
9.–Suziriak, petardoak edo bestelako artifizio piroteknikoak jaurtitzea 07:00etatik 08:30era.
10.–Traba egitea Entzierroko pertsonal teknikoaren (unaiak, kapadunak, zurginak, osasun-langileak ..) zereginetan.
11.–Ordenantzan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, larritzat edo oso larritzat tipifikatu ez badira.
9. artikulua. Zehapenak.
Arau-hausteak Nafarroako Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legean ezarritako isunen bidez zehatuko dira.
Azken Xedapena
Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Iragarkiaren kodea: L1409034