2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Aldaketa Terrazak paratzeko ordenantzan. Behin betiko onespena
Iruñeko Udalak, 2014ko ekainaren 5eko osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari zein merkataritzari loturiko bertzelako elementuak paratzea arautzen duen ordenantzaren 10.3 artikuluaren idazketa berria. Hona hemen:
“10.3 artikulua. Terrazek galtzada hartzea.
1. Salbuespenez eta arrazoiturik, udal organo eskudunak baimena eman dezake galtzadetan gehigarriak jartzeko, horietan terraza instalatzeko, honako kasu hauetan:
a) Espaloiek terrazak paratzeko behar diren neurriak ez dituztenean, 9. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.
b) Galtzada terrazak paratzeko erabiltzea onesten denean, eremu orokor mugatu baterako eta hiri eremua hobetzeari begira antolatzeko xedez. Kasu horretan, beharrezkoa izanen da honako hauen aldez aurreko txostena: Hirigintza eta Etxebizitza Alorrarena, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Alorrarena eta/edo beste udal alor batzuena, zeini eskatzea komeni den.
2. Oro har, galtzaden gehigarrietan paratzen diren terrazek espaloietako terrazen baldintza orokor berberak bete beharko dituzte, baina muga batekin: oinezkoei eta ibilgailuei ez diete inolaz ere eragotzi behar eremu publikoan normal ibiltzea.
3. Galtzadaren okupazioa egitura eramaile baten bidez eginen da, galtzadaren zoladura ondoko espaloiaren zoladurak duen maila berera igotzeko aukera ematen duena, galtzadetarako sarbidean irtengunerik eta eskailera-mailarik ez duelarik.
4. Instalazioa eginen da metalezko bastidore modularrez osatutako elementuen bidez, espazio erabilgarriaren formara eta neurrietara egokitzen ahal baitira; kanpoaldean erabiltzeko egokia den zurezko zorua jarriko da horien gainean. Bestelako edozein instalazio tekniko instalatzeko udal agintaritza eskudunaren baimena beharko da.
5. Betiere, galtzadaren gehigarrietan terrazak instalatzean establezimenduaren fatxadaren parean dauden aparkatzeko tokiak soilik hartuko dira, halakorik baldin badago, eta ez dituzte inola ere okupatuko beste leku batzuetako aparkalekuak. Egituraren neurriak ezin izanen dira inola ere izan establezimenduko fatxadaren zabalera eta aparkatzeko eremu okupatuaren sakonera baino handiagoak, betiere aparkatzeko toki okupatuen tipologia eta ezaugarrietara egokitu beharko baitira (ilaran edo baterian).
Baterian aparkatzeko eremu batean jartzen diren terrazen kasuan, terrazako elementuen eta ondoko aparkalekuak inguratzen dituen lerroaren artean gutxienez ere metro bat utzi beharko da. Neurri hori proiekzio horizontalean hartuko da galtzadaren gainean.
6. Galtzadan instalatutako terrazarako sarbide bakarra ondoko espaloitik eginen da; instalazioaren ezaugarriek eragotziko dute fisikoki sartzea galtzadako edo aparkatzeko eremuko edozein puntutatik. Horretarako, eta terrazan daudenek erorikorik izan ez dezaten, inguru guztian babes elementuak edo haize-babesak jarriko dira, 5.3 artikuluko zehaztapenen arabera.
7. Instalazioaren diseinuak aukera emanen du, beti, galtzadako euri urak husteko sistema egokia izateko, baita dagoen bestelako edozein instalazio edo zerbitzu publikotarako ere. Bereziki, terrazak ez du trabarik eginen zerbitzu publikoetako (estolda-zuloak, kutxeten estalkiak, putzuak eta abar) oinarrizko elementuen sarbidean edo funtzionamenduan.
8. Eguzkitakoak jartzeko eskaera egiten bada, 6.2 artikuluan elementu horientzat ezarritako neurriak eta ezaugarriak beteko dira, salbuespen batekin: galtzadaren gehigarriaren inguruan jartzen diren mugatzaileek gehienez ere 2,50 metroko garaiera izanen dute, galtzadaren mailatik neurtuta, ez dadin inolaz ere galarazi galtzadako trafikoaren zirkulazioa arautzen duten elementuak behar bezala ikustea.
9. Instalazio guztia, beste edozein terraza bezala, erraz desmuntatzekoa izanen da eta, beraz, ezin izanen da zoladuran ainguratu, eta diseinuak (neurriak, pisua etab.) aukera emanen du erraz lekualdatzeko; erraz desmuntatzeko baldintza hau terrazak izan ditzakeen elementu edo instalazio guztiei ere aplikatuko zaie.
10. Mota honetako terrazak instalatzeak proiektu teknikoa egitea eskatuko du, teknikari eskudun batek sinatua. Bertan argi eta garbi justifikatu beharko da aurreko zehaztapenak betetzen direla, baita terraza salbuespenezko leku horretan jarri nahi izateko arrazoiak ere. Halaber, proiektu teknikoak funtzionamendu eta segurtasun baldintzak bermatuko ditu eremu publikoan ibiltzen diren oinezkoentzat eta ibilgailuentzat.
Iruñeko Udalak instalazioek jarraitu beharreko eredua ezartzen ahalko du; hori jarraitu beharreko ildotzat hartuko da aipatu proiektu teknikoa prestatzean.”
Iruñean, 2014ko ekainaren 9an.–Idazkari teknikoa, sinadura ulertezina.
Iragarkiaren kodea: L1408354