1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
169/2014 EBAZPENA, ekainaren 5ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren bederatzigarren edizioaren Atal Ofizialaren oinarriak onesten dituena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko baimena ematen duena.
Kultur Ekintza Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du. Bertan, aipatu zinemaldiaren oinarriak azaltzen dira.
Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren bederatzigarren edizioaren Atal Ofizialaren oinarriak onestea.
2. Oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. 21.150 euroko gastua baimentzea, 2015eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Sariak” izeneko A20002 A2010 4809 334100 kontu-sailaren kargura, edo 2015eko aurrekontuan ondorio horietarako gaitzen denaren kargura, betiere hartarako kreditu nahikoa eta egokia badago.
4. Deialdiaren, oinarrien edo aplikazio-ekintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman edo jakinarazten denetik hasi eta hilabeteko epean.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Kultur Ekintza Zerbitzuari, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta departamentu horretako kontu-hartzailetza delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko ekainaren 5ean.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ana Zabalegui Reclusa.
PUNTO DE VISTA
Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia
Nafarroako Gobernuko Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Nazioarteko IX. Jaialdia antolatu du, oinarri hauei jarraikiz.
ATARIKOA
Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia zinema dokumentalaren joera berriak ezagutzeko topalekua da. 2005ean sortu zenetik, Jean Vigoren konpromiso etiko eta zinematografikoa izan du erreferentetzat. Urtero ospatzen da, Iruñean, otsailean, eta Nafarroako Gobernuko Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak antolatzen du.
2015. urtean, zinemaldia otsailaren 10etik 15era bitarte eginen da.
Atal ofizialeko oinarri arautzaileak
1.–Lanak onartzea eta haien edukia.
1.1. Lehiaketan edozein nazionalitateko film dokumentalek har dezakete parte, 2012ko abuztuaren 1etik aurrera egin badira. Kanpoan geratuko dira fikziozko filmak, instituzionalak, publizitarioak, erreportajeak edo kazetaritza lanak.
1.2. Ez da mugarik gaiei, iraupenari eta jatorrizko hizkuntzari dagokienez.
1.3. Hizkuntzari dagokionez, jatorrizko hizkuntza ingelesa, gaztelania edo euskara ez bada, ingelesezko, gaztelaniazko edo euskarazko azpitituluak jarriko dira aurkeztutako bertsioan.
1.4. Filma ez da onartuko baldin eta, aldez aurretik, Espainiako zinema-areto komertzialetan eman bada, modu komertzialean editatu bada edo Espainiako telebista-kateren batek eman badu (edo zinemaldia baino lehen ematekoa bada). Puntu hori bete ezean, filma jaialdiko atal ofizialetik aterako da.
1.5. Lehiaketa honetara aurkeztea bestelako sariekin edo entitate publiko edo pribatuen diru-laguntzekin bateragarria da, 1.4 puntuan xedaturiko salbuespenak salbuespen.
2.–Eskaeren aurkezpena.
2.1. Zinemaldira aurkezten diren filmen gaineko eskubideen jabe diren ekoizle edo zuzendariek beraiek inskribatu beharko dituzte filmak. Izena ematea doakoa da, eta zinemaldiaren web orrian eginen da (www.puntodevistafestival.com), bertan filma inskribatzeko gaituko den sisteman.
2.2. Zinemaldiaren antolatzaileek ustekizuna dute ezen lehiaketan parte hartzen duten ekoizle edo zinemagileak aurkezten dituzten filmak erakusteko eskubideen jabe direla. Dena dela, zinemaldiaren antolatzaileek ez dute beren gain hartzen oinarri hauen puntu hau urratzeagatik etor litekeen inolako erantzukizunik.
2.3. Zinemaldiak inskripzioaren sinatzailearekin baizik ez ditu negoziatuko filmak zinemaldian parte hartzearen ondoriozko alderdi guztiak, eta hura izanen da arduradun bakarra, filmaren ekoizpenean parte hartu duten gainerako enpresak eta pertsonak gorabehera.
2.4. Filmak web orriaren bidez inskribatzeko azken eguna 2014ko irailaren 30a da. Izena emateko eskabidean url linka gehituko da filma ikusteko eta baita filma ikusi eta behera kargatu ahal izateko pasahitza ere. Eskatzaileak linkik ez badu, filmaren kopia igortzen ahalko du DVDan 2014ko urriaren 1a baino lehen, honako helbide honetara:
Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Jaialdia.
Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Atala.
Navarreria kalea, 39.
31001 Iruña, Nafarroa, Espainia.
2.5. Zinemaldiaren antolatzaileek bermatzen dute jaialdira igorritako kopia Hautapen Batzordeak bakarrik behera kargatu eta ikusiko duela. Hautaketa prozesua bukatuta, film guztiak ezabatuko dira, hautatu direnak izan ezik.
2.6. Filmak inskribatzeko unean, filmaren ekoizle edo banatzailearen zinpeko aitorpena eskatuko da, zeinean adieraziko den filma ez dela eman Espainiako zinema-areto komertzialetan, ez dela modu komertzialean editatu eta ez dela eman Espainiako telebista kateetan (edo ez dela emanen 2015eko martxoaren 1a baino lehen), baldin eta filma zinemaldirako hautatzen bada.
2.7. Zinemaldiaren antolatzaileek inskripzioaren eta filma jaso izanaren ziurtagiria igorriko diete lehiakideei mezu elektroniko bidez.
3.–Hautaketa.
3.1. Nafarroako Gobernuko Kulturako zuzendari nagusiak batzorde bat izendatuko du, aurkeztutako lanen artean hautaketa egiteko. Zinemaldiaren Zuzendaritza Artistikoko kideek eta zinema dokumentalen arloko aditu batzuek osatuko dute batzorde hori.
3.2. Batzordeak lanak hautatuko ditu, zinemaldiaren oinarri diren kalitate eta sormen irizpideei jarraikiz.
3.3. Hautaketaren emaitzak 2014ko abenduaren 20a baino lehen jakinaraziko zaizkie parte-hartzaileei, mezu elektronikoz edo interesdunak jakinarazpena jaso izana frogatzen duen edozein bideren bitartez. Egun hori pasatzen bada interesdunen batek hautaketaren emaitzen berri izan gabe, lana ez dela hautatu ulertuko da.
3.4. Lana hautatzen baldin bada, lehiakideak honako formatu ofizial hauetako batean igorri beharko du: DCP, HDcam, Blu Ray edo bereizmen handiko fitxategi digitala (zinemaldiko departamentu teknikoak ezartzen dituen ezaugarri teknikoekin). Euskarria DCP bada, zinemaldiko departamentu teknikoak zerbitzariaren egiaztagiria igorriko die filmaren ekoizle edo ordezkariei, bai eta KDMak jasotzeko koordenatuak ere.
Zinemaldiak, gainera, hautatuak izan direnei markarik gabeko segurtasun kopia eskatuko die, behar bezalako kalitatea duen formatu batean.
3.5. Zinemaldiko zuzendaritzak eskubidea du kopiarik ez onartzeko, baldin eta zinemaldiko departamentu teknikoaren kontrola egin ondoren proiekziorako desegokiak direla ondorioztatzen bada. Kopian irregulartasunik balego, zinemaldiko zuzendaritzak txosten teknikoa igorriko die filmen titularrei edo ordezkariei.
3.6. Zinemaldiak bere gain hartuko ditu Atal Ofizialerako hautatutako lanak igortzeko gastuak. Euskarriak DCP badira, KDMak prestatzeko gastuak filmaren ekoizleen edo ordezkarien kargura ordainduko dira. Zinemaldia kopien segurtasunaz arduratuko da, horiek egoitzara iristen direnetik itzultzen diren arte.
3.7. Hautatutako lanak erakusteko kopiak 2015eko otsailaren 1a baino lehen iritsiko dira Iruñera. Helbide honetara igorriko dira:
Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Jaialdia.
Sustapenaren, Azterlanen eta Garapen Estrategikoaren Atala.
Navarreria kalea, 39.
31001 Iruña, Nafarroa, Espainia.
3.8. Atal Ofizialeko filmak jatorrizko bertsioan emanen dira, gaztelaniazko eta ingelesezko azpitituluekin, baldin eta horietako ezein ez bada jatorrizko hizkuntza. Zinemaldia arduratuko da kopiaren gaztelaniazko azpitituluak prestatzeaz. Horretarako, filmaren jatorrizko behin betiko bertsioaren DVDa eskatuko da eta kasuan kasuko azpitituluak gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez, zeinak barne erabilerakoak eta isilpekoak izanen diren.
3.9. Zinemaldiak obra hautatuen bi emanaldi publiko eginen ditu, eta ez du eskubiderik ordaindu beharko horiengatik. Hautatutako lanak “bideoa nahieran” modalitatean ere ikusten ahalko dira zinemaldiaren egoitza ofizialetan, inskripzioaren sinatzailearen aldez aurreko baimenarekin.
3.10. Lehiatzaileak zuzendari(ar)en irudi bat eta lanaren beste bi, gutxienez, utzi beharko ditu, Punto de Vista katalogoan edo edozein hedabidetan erabiliko direnak. Halaber, zinemaldian zehar hedabideei banatuko zaien informazio materiala eman beharko du, eta antolatzaileei baimena, ikus-entzunezko hedabideek (barnean sartuta jaialdiaren web orria) bere dokumentalaren hiru minutuko zatia erabil dezaten.
3.11. Erreferentzia katalogoan sartu ondoren, ezinezkoa izanen da parte bakar batek filma lehiaketatik kentzea.
3.12. Zinemaldiak bere gain hartuko ditu zinemaldian parte hartzeko Iruñera datorren film hautatuaren ordezkari baten ostatuko eta bidaiako gastuak, hiru gauez gehienez.
4.–Epaimahai ofiziala.
4.1. Kulturako zuzendari nagusiak nazioarteko epaimahai ofizial bat izendatuko du. Epaimahaia arlo horretako aditu eta profesionalek osatuko dute. Epaimahaiak kanpoko idazkari bat beharko balu, zinemaldiko zuzendaritza artistikoak bat izendatuko du, eta erabakiak hartzen direnean bertan egonen da, betiere boto-eskubiderik gabe.
4.2. Epaimahai ofizialak Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko 2015eko Jaialdiaren amaierako ekitaldian ezagutaraziko du bere epaia, ematen den sari bakoitzerako arrazoiak azalduko dituena, laburki.
4.3. Epaimahai ofizialaren erabakiak apelaezinak izanen dira.
5.–Gazteriaren Epaimahaia.
5.1. 18 eta 25 urte arteko 50 gaztek osatuko dute Gazteriaren Epaimahaia. Gazteriaren Epaimahaian parte hartzea borondatezkoa izanen da eta berekin ekarriko du Atal Ofizialeko film guztien proiekziora joateko konpromisoa, goizeko saioetan. Epaimahai horretako kide izateko inskripzioa zinemaldiaren web orriaren bidez eginen da, 2014ko azaroaren 3tik aurrera. 50 gaztek baino gehiagok ematen badute izena, azken hautaketa jaialdiko zuzendaritzaren esku egonen da.
6.–Sariak.
6.1. Epaimahai ofizialak sari ofizialak emanen ditu derrigorrez:
–“Punto de Vista” sari nagusia, filmik hoberenarentzat: 10.000 euro. Epaimahaiaren iritziz zinemaldiko atal ofizialean lanik hoberena zein den, hari emanen zaio saria, filmaren iraupena edo nazionalitatea gorabehera.
–Jean Vigo saria, zuzendaritzarik hoberenarentzat: 5.000 euro. Sari horren bidez, Jean Vigoren irudia omentzen da eta atal ofizialean Vigoren lanaren balio etikoak eta formalak hobekien islatzen dituen filmari emanen zaio.
–Saria film laburrik hoberenarentzat: 3.000 euro. Saria 35 minutu edo gutxiagoko iraupena duen filmik onenari emanen zaio.
–Aipamen bereziak: epaimahaiak gehienez ere bi aipamen berezi eginen ditu, diru-zuzkidurarik gabe.
Hiru sari ofizialek titulu diferenteendako izan beharko dute, alegia, film edo zuzendari batek ere ezin izanen du haietariko sari bat baino gehiago bildu.
6.2. Epaimahaiak eman gabe uzten ahalko du edozein sari.
6.3. Gainera, sari berezi hauek emanen dira:
–Ikusleen sari berezia, filmik hoberenarentzat: 1.500 euro.
–Gazteriaren saria, filmik hoberenarentzat: 1.500 euro.
–Rencontres Cinématografiques de Cerbère-Portbou saria: 300 euro.
6.4. Ikusleen sari bereziari dagokionez, zinemaldiko zuzendaritzak zehaztutako erregelamenduaren bidez arautuko da, eta jaialdian izan diren eta hautaketa prozesuan parte hartu nahi duten ikusleek emanen dute, zinemaldiko zuzendaritzak ezartzen duen prozedurarekin bat.
6.5. Gazteriaren saria Gazteriaren Epaimahaiak emanen du, zinemaldiko zuzendaritzak ezartzen duen prozedurarekin bat.
6.6. Rencontres Cinématografiques de Cerbère-Portbou saria Punto de Vista eta Rencontres Cinématografiques de Cerbère-Portbou jaialdietako zuzendaritzek emanen dute. Sariaren irabazleak Rencontres Cinématografiques de Cerbère-Portbou jaialdiaren 2015eko edizioan hartuko du parte. Aipatu jaialdiak bere gain hartuko ditu zuzendariaren bidaia eta ostatu gastuak Cerbèren dagoen bitartean, bai eta sariaren zenbatekoaren %50eko ordainketa ere.
6.7. Sari bereziak jaialdiaren amaierako ekitaldian ezagutarazi eta banatuko dira.
6.8. Sariak zenbateko garbiak dira eta ez zaie atxikipen fiskalik aplikatuko. Sariak banku transferentzia bidez ordainduko dira, gehienez ere bi hilabeteko epean, zinemaldiko sariak banatzeko ekitaldi ofizialaren egunetik hasita. Ordainketa egiteko, lana oinarri hauen 7.2 puntuan adierazitako formatuetan aurkeztu beharko da eta kreditu nahikoa eta egokia egon beharko da.
6.9. Diru-zuzkidura duten sariak erdi bana emanen zaizkie, %50 film irabazlea ekoitzi duen sozietateari edo hura ustiatzeko eskubideak dituen pertsona titularrari, eta gainerako %50 filmaren zuzendariari, salbu zuzendari hoberenarentzako Jean Vigo sariaren kasuan, hori osorik emanen baitzaio film irabazlearen zuzendariari.
6.10. Saria jaso duten filmen ekoizleek edo ordezkariek konpromisoa hartzen dute hori filmen gaineko publizitate eta material guztietan aipatzeko, epaimahaiaren epaia hitzez hitz errespetatuz eta jaialdiko logotipoa erabiliz, jaialdiak berak emanen duena.
7.–Saritutakoen konpromisoa eta lanen zabalkundea.
7.1. Zinemaldiaren antolatzaileek konpromisoa hartzen dute aurkeztutako lanak osorik ez daitezen kopiatu edo zabaldu, lanak haien ardurapean dauden bitartean. Jaialdiaren zabalkundea egiteko, hautatutako lanen zatiak erabiltzen ahalko dira komunikabideetan (oinarri hauen 3.8 puntuan zehazten den bezala).
7.2. Sarietakoren bat jaso duten lanen egileek konpromisoa hartzen dute horien kopia bat emateko DCP, HDcam, Blu Ray edo bereizmen handiko fitxategi digitalean (zinemaldiko departamentu teknikoak ezartzen dituen ezaugarri teknikoekin), eta kopia bat DVDan jaialdiko bideotekarako. Film horiek Nafarroako Gobernuak antolaturiko beste zinemaldi eta irabazi-asmorik gabeko kultur ekintza batzuetara bidaltzen ahalko dira, betiere jasotako sarien aipamena eginez. Jaialdiaren antolatzaileen eskubidea da kopian gaztelaniazko azpitituluak sartzea.
8.–Lanak itzultzea.
8.1. Hautaketa prozesura igorritako DVD kopiak ez dira itzuliko.
8.2. Hautatutako lanak erakusteko kopiak lehiatzaileari itzuliko zaizkio, inskripzioan jarritako jatorrizko tokira, 2015eko martxoaren 15a baino lehen. Bidalketa gastuak jaialdiaren kontura ordainduko dira.
9.–Oinarrien interpretazioa eta errekurtsoak.
9.1. Lanak lehiaketara aurkeztuz gero, oinarri hauek oso-osorik onartuko dira. Oinarriak interpretatu eta betearaztea zinemaldiaren zuzendaritzari dagokio.
9.2. Arau hauen interpretazioan desadostasunik bada, gaztelaniazko testua aplikatuko da.
9.3. Zinemaldiko zuzendaritzak argituko du arau hauen interpretazioaren gainean sor daitekeen edozein zalantza.
Iragarkiaren kodea: F1408224