2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
GESALATZ
Udal ordenantza, Udalaren altzariak maileguan ematea
arautzen duena. Behin betiko onespena
Gesalazko Udalak, 2014ko martxoaren 6ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udalaren altzariak maileguan ematea arautzen duen udal ordenantza.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, onetsitako ordenantza jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, eta ez da alegaziorik jaso.
2014ko maiatzaren 28ko osoko bilkuran behin betiko onetsi zen aipatu ordenantza, eta orain argitara ematen da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
UDALAREN ALTZARIAK MAILEGUAN EMATEA
ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA
1. artikulua. Oinarria eta izaera. Konstituzioaren 133. artikuluak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 110. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, udal honek ordenantza hau ezarri du.
2. artikulua. Ordenantzaren xedea. Ordenantza honen xedea Udalaren altzariak maileguan ematea da, zehazki aulkiak eta mahaiak, puzgarriak, proiektagailua, soinu ekipoa, gurdia.
3. artikulua. Subjektuak. Ordenantza honen subjektuak aipatu altzariak maileguan eskatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoak dira; betiere, erabilera publikorako izanen dira, eta ibarreko kontzejuei soilik emanen zaizkie, baita ibarraren parte-hartzea duten jardueretarako ere.
Inoiz ez dira utziko erabilera pribaturako.
4. artikulua. Eskaera. Ordenantza honetan araututako altzariak erabili nahi dituzten pertsonek idatzizko eskabidea aurkeztu beharko dute, altzariak erabili eta mailegatzeko aurreikusi den data baino bost egun baliodun lehenago gutxienez.
Eskabidean erantzule baten izena jarri beharko da, hark izanen baitu altzarien erabileraren eta egoera onean itzultzearen erantzukizuna.
5. artikulua. Altzarien erabileraren eta maileguaren kudeaketa.
–Gauzak eta haien zerrenda bat emanen dira, eta zerrendaren edukia bai mailegatutako gauzak ematean bai itzultzean egiaztatuko da.
–Puzgarriekin batera orri bat emanen da, non erabilera arau batzuk zehaztuko diren puzgarrien erabiltzaileen erantzuleentzat. Orri hori ageriko toki batean jarriko da eta eduki hau izanen du:
- 9 urtetik beherako haur bakoitzak heldu erantzule batek lagunduta egon behar du.
- Udala eta Kontzejua ez dira erabiltzaileek izan ditzaketen kalteen erantzule.
- Debekatuta dago 16 urtetik gorakoak ibiltzea.
- Debekatuta dago 60 kilotik gorakoak ibiltzea.
- Puzgarrien barnean jauzi eginen da soilik, eta debekatuta daude gainerako jolasak.
–Gauzak Kontzeju eskatzailearen axolagabekeriagatik hondatzen badira edo osorik itzultzen ez badira, Kontzejuak bere gain hartuko ditu gastuak eta, babespeko kontzejuak izanez gero, herri eskatzaileko bizilagunek.
–Asteburu baterako eskatutako altzariak ostegunean edo ostiralean hartuko dira eta astelehenean edo asteartean itzuliko, bulegoko orduetan beti.
–Puzgarriak Udaletxetik eramateko, eskaera egin duen herriko bi lagunek etorri beharko dute bila, baita itzultzeko ere (puzgarriak gurditik jaitsi behar dira).
–Puzgarriak herrietan egoten direnean estalpean gorde beharko dira.
–Altzariak garbi eta lehor hartuko dira. Puzgarriak paletetan ongi tolestuta itzuli behar dira, olanak zintzilik gelditu gabe, mugitzean hauts ez daitezen eta urraturik izan ez dezaten.
–Puzgarriak herri batera zulatuta, hautsita, zikin... iristen badira, Udalari horren berri eman beharko zaio, kaltea aurreko herrian gertatu dela jaso dadin.
–Puzgarriak erabiltzen diren denboran zaintzaile bat egonen da, erabilera egokia izan dezaten.
6. artikulua. Lehentasun hurrenkera maileguan.
–Egun baterako zenbait eskaera badaude, mailegurako hurrenkera honi jarraituko zaio:
1. Ibarreko festa eguna.
2. Herriko festa nagusiak.
3. Herriko festa txikiak.
4. Udalaren parte-hartzea duten festak.
5. Erromeriak.
6. Irabazi asmorik gabeko elkarteak, sozietatearen egoitza ibarrean badute.
7. Irabazi asmorik gabeko beste elkarte batzuk.
Kontzejuak ados jarriz gero, altzariak beren artean bana ditzakete.
Azken xedapena.–Ordenantza fiskal hau, jendaurreko epean erreklamaziorik aurkezten ez bada, behin betikoa bihurtuko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra. Aldatu edo espresuki baliogabetu arte izanen du indarra.
Muetzen, 2014ko ekainaren 6an.–Alkatea, Mariví Goñi Azanza.
Iragarkiaren kodea: L1408233