116. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLO

“Elkarteen Etxea” udal lokalaren lagapena arautzen
duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Alloko Udalak, 2014ko martxoaren 31ko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea “Elkarteen Etxea” udal lokalaren lagapena arautzen duen ordenantza. Erabakia 2014ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 10ean, argitaratu zen, eta hari buruzko alegazioak aurkeztu dira; hortaz, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta Alloko Udalak 2014ko maiatzaren 26ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, alegazioetako batzuk baietsi egin dira eta beste batzuk ezetsi, eta behin betiko onetsi da Alloko bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza, iragarki honekin batera heldu dena.

ALLOKO “ELKARTEEN ETXEA” UDAL LOKALAREN LAGAPENA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Herritarren parte-hartzea gizartearen ardatz garrantzitsuenetariko bat da eta, hala, zeharkako politika publikoaren bidez landu behar da, begirunea eta pertsonen eskubideak sustatzeko bitarteko eta bideak sustatuz eta sortuz, horrela herritarren esku-hartzea handitu, demokrazia sendotu eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko aukera eman dadin.

Elkarteek gaur egun berebiziko garrantzia dute herritarrei parte hartzeko bidea emanen dien gizarte demokratikoagoa eraikitzeko prozesuan, eta gizartearen aitzinamenduaren funtsezko eragileak dira. Hortaz, beharrezkoa da herritarrek parte hartzea Alloko elkarte sarea osatzen duten herritarren entitate eta elkarteen bidez, komunitatearen gizarte eta kultur aberastasuna zaindu eta areagotzeko eta, aldi berean, elkarteek ordezkatzen dituzten gizarte sektoreen arazoez arduratzeko.

Araudi honen bitartez arauak eta bideak ezarri nahi dira Alloko irabazi asmorik gabeko gizarte entitateei toki bat emateko, beren jarduerak bertan egin eta beren estatutuetan agertzen diren xedeak lor ditzaten. Gainera, toki hori elkarteetako kideen bilgunea eta Alloko bizilagun guztien erreferentzia gunea izanen da.

Udal titulartasuneko ondasuna da eta herriko elkarte, entitate eta norbanako askok erabil dezakete. Beraz, Udalari bakarrik dagokio lagapenen onuradunak nor izan daitezkeen erabakitzea, irizpide objektiboak erabiliz eta zenbaterainoko lekua dagoen kontuan hartuz.

Alloko Udalak du tutoretzarako ahalmena, eta horren arabera ezarriko dira antolaketarako neurri eta arau oinarrizkoak, une bakoitzean lokalak erabiltzen dituzten elkarteen eta entitateen autonomia ukatu gabe.

I. TITULUA

Ordenantzaren xedea

1. artikulua. Xedea.

1.–Ordenantza honen xedea da irizpideak eta prozedura orokorra ezartzea udal lokalaren erabilera lagatu behar denerako. Lokal hori “Elkarteen Etxea” deituko da, eta eskaera egiten duten elkarte, entitate eta bizilagunek erabiltzen ahalko dute.

Akordioak ezartzen duen bezainbat iraunen du lokalaren lagapenak, eta hura dohainekoa eta prekarioan egina izanen da, eta inoiz ere ezin izanen da pentsatu eskubide ekonomikorik edo errentamendukorik sortzen duenik inolako alderdirendako.

2.–Erabileraren lagapenak beren jarduerak egiteko espazioa utziko du elkarte eta entitateen eskutan eta, inoiz edo behin, beste erabiltzaile batzuenean, baldin eta haien xedea erabilera publikokoa edo gizarte interesekoa bada eta Alloko bizilagunei on egiten badie.

3.–Ordenantza honetatik kanpo daude unean uneko beharrei edo behar iragankorrei erantzuten dieten aldi baterako lagapenak. Horiek udal baimen baten bidez arautuko dira.

2. artikulua. Lagako den eremua.

Alloko Udalak erabakiko du Cuesta del Hospital kaleko 4an dagoen eraikinaren erabilera prekarioan lagatzea, ahalbideen arabera, eskaera egiten duten herriko elkarte, entitate eta bizilagunei.

3. artikulua. Ordenantza honi heltzen ahal dioten erabiltzaileak.

1.–Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babesean legez eratutako elkarteek eskatzen ahalko dute udal lokala, beren xede sozialari lotutako jarduerak egiteko. Ezinbesteko baldintza izanen da elkarte interesdunak irabazi asmorik ez izatea, Nafarroako Foru Komunitateko erregistro egokian inskribatuta egotea eta herritar guztien onura izatea xede, bakoitzak bere arloan.

2.–Elkarteak irabazi asmorik ez duela ulertuko da estatutuetan hala adierazten denean eta inolako jarduera ekonomikorik ez duenean, edo, izanez gero, jarduera ekonomikoaren helburu bakarra estatutuetan ezarritako interes orokorreko xedeak betetzea denean, bazkideen edo hirugarrenen artean inolako irabazirik banatu gabe, ez zuzenean ez zeharka.

3.–Nolanahi ere, Udalak bermaturik, lehentasuna izanen dute, lagatzeko tenorean, aukera berdintasunaren alde lan egiteko xedea duten elkarteek, emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasunezko partaidetzaren alde eta bereizkeriaren kontra egiten dutenek, desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasun unibertsalaren alde lan egiten dutenek edo esku-hartze sozialeko beste proiektu batzuetan ari direnek.

Esleitzeko irizpideetan, lokalaren zertarakoa ez ezik, kontuan hartuko da zenbat denboraz erabiliko den (egunero, astean behin, hamabostean behin...), zenbat izanen diren zerbitzuaren onuradunak, elkarteak zenbat urte dituen herrian kokatuta eta bertako jardueretan parte hartzen, eta beste irizpide tekniko batzuk, beharrezkotzat jotzen direnak.

4.–Gainera, Alloko edozein herritar, dela bakarka dela taldean, lokala behar badu unean uneko jarduera sozial bat egiteko.

4. artikulua. Eskaerak.

1.–Elkarteek, entitateek eta norbanakoek idatziz eskatuko diote Udalari lokal baten lagapena. Idazkiari erantsiko zaio laga beharreko lokalean eginen diren jarduera eta zerbitzuen urteko proiektua eta zein diren aurreikusten diren ordutegiak.

2.–Udaleko Kulturaren, Hezkuntzaren, Kirolaren eta Herritarren Parte-hartzearen Informazio Batzordeko buruak eskaera bakoitza aztertu eta horren gaineko txostena emanen du, ekipamenduen eskuragarritasunaren arabera. Haren proposamenean erabiltzeko baldintzak sartuko dira, eta alkateak onetsi beharko du.

3.–Lehen eskaeraren idazkiarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Sozietatearen estatutuen fotokopia.

–Elkarteko idazkariaren ziurtagiria, haren zuzendaritza organoa osatzen dutenen nortasun osoa jasoko duena (izena, deiturak, helbidea eta NANa).

–Elkarteko kideen kopurua azalduko duen ziurtagiria.

4.–Urtarril bakoitzeko lehen hamabost eguneko epean, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira Alloko Udalean:

–Elkarteko idazkariaren ziurtagiria, haren zuzendaritza organoa osatzen dutenen nortasun osoa jasoko duena (izena, deiturak, helbidea eta NANa).

–Elkarteko kideen kopurua azalduko duen ziurtagiria.

5. artikulua. Lagapena.

1.–Kulturaren, Hezkuntzaren, Kirolaren eta Herritarren Parte-hartzearen Informazio Batzordeko buruak, eskaera aztertu ondoren, alkateari proposatuko dio erabaki bat har dezala, ordenantza honetan aipatzen den lokala erabiltzeko aukera eman diezaien elkarte, gizarte entitate edo bizilagun interesdunei, betiere onuraren izaeraren arabera, ordenantza honen 3. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2.–Erabilera lagatzeko erabakian zehatz adieraziko da zertarako erabiliko diren ondasunak, eta egokitzat jotzen diren baldintza, muga eta berme guztiak ezarriko dira. Horietakoren bat hausteak ondasuna erabiltzeko lagapena galtzea ekarriko du.

3.–Erabilera lagatzeko erabakian beste kontu batzuk ere sartzen ahalko dira, Udalaren eta elkarte, entitate edo bizilagun onuradunen arteko elkarlanari eragiten diotenak.

4.–Udalak ez ditu zuzentzen ezta onesten lagatako lokalean egitekoak diren jarduerak. Elkarteek eta izan daitezkeen gainerako erabiltzaileek ez dute Udalarekin inolako mendekotasun harremanik, eta hark ez ditu bere gain hartuko, ez zuzenean ez subsidiarioki, lokalaren barnean gerta daitezkeen kalte material, pertsonal edo moralak.

6. artikulua. Betebeharrak.

Erabileraren lagapena jasotzen duten elkarte, entitate eta onuradunek ordenantza honetako xedapen eta arauak bete beharko dituzte, baita Alkatetzaren erabakian ageri direnak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako guztiak ere.

II. TITULUA

Lokala erabiltzeko arau orokorrak

7. artikulua. Erabilerak.

1.–Erabilera esklusiborako lagatzen diren tokiak beren eginkizun edo jardueretarako erabili ahal izanen dituzte elkarte, entitate edo norbanako onuradunek, estatutuetan ezarriak dituzten helburuei jarraikiz. Lagapen erabakian edo baimenean gai hori zehatzago arautu ahal izanen da, hala behar duten puntuetan.

2.–Lokalaren zati bat entitate bakarrari lagatzen ahal zaio edo zenbaiti, elkarrekin erabil dezaten.

3.–Aurrekoez bestelako erabilera guztiak Alloko Udalak baimendu beharko ditu.

8. artikulua. Mantentze-lanak.

1.–Elkarte, entitate eta norbanako onuradunek behar bezala zaindu behar dituzte erabilera esklusiboko tokiak, erabilera orokorrekoak eta higiezin osoa, baita altzariak ere. Elkartekide edo erabiltzaileek ekintzaz edo axolagabekeriaz eragiten dituzten kalteen erantzuleak elkarteak izanen dira, eta lehenbailehen konpondu beharko dituzte kalteak beren kontura, Udalari baimena eskatu eta gero. Atal hau ez da aplikatuko lokala hondatzen denean soil-soilik erabiliaren erabiliaz edo ustekabekoen ondorioz, entitate edo pertsona onuradunak errurik izan gabe.

2.–Elkarte, entitate eta/edo norbanako onuradunen egitekoa izanen da lagatako ondasun higigarriak mantendu eta konpontzea. Garbitasuna eta ordena zainduko dituzte. Erabiltzen den egun bakoitzean, lokala garbitu eta hango altzariak eta barne elementuak antolatuko dituzte.

3.–Alloko Udalari dagokio komunak garbitzea, osasun egoera onean mantendu ahal izateko zehazten duen aldizkakotasunez.

4.–Lagapena erabakita, behar diren giltzak utziko dira interesdunen eskutan, lokala ireki eta ixteko; horiexek izanen dira haren zainketaren eta behar bezalako erabileraren erantzuleak. Alkateak espresuki baimendu ezean ezin izanen dute kopiarik egin. Kopiak eginez gero, denak itzuliko zaizkio Udalari lokala erabiltzeko epea bukatutakoan.

5.–Alloko Udalak errekerimendua eginez gero, alde batera utzi beharko du elkarteak, entitateak edo norbanakoak, denbora baterako, lokalean egiten duen jarduera, beharrezkoa ikusten bada Udalaren ekitaldiak egiteko edo beharturik eta nahitaez egin behar direnak egiteko. Hala izanez gero, ezin hobeki ordenaturik utzi beharko da lokala, eta Udalaren jarduera egiteko trabarik gabe, Udalak horretarako igortzen duen adierazpenean zehazten den epearen barnean.

9. artikulua. Ordutegiak.

a) Lokala zenbait elkarte, entitate edo norbanakoren artean erabiltzeko lagatzen denean, lagatzeko erabakietan zehaztuko da zein egun eta ordutan erabili ahal izanen duen lokala elkarte, entitate edo norbanako bakoitzak.

b) Dena dela, 24:00etan itxiko da beranduenez lokala.

10. artikulua. Eremu komunak.

Zenbait elkarte, entitate edo norbanakok partekatzen dituzten eremuetan, Alloko Udalak zehaztuko du zein diren lokalean guztiek erabiltzeko tokiak eta zertarako eta nola erabil daitezkeen.

11. artikulua. Jarduera baimendu gabeak.

Lagatako lokalaren barnean, elkarte, entitate edo norbanakoaren autonomia ukatu gabe, ezin izanen da pertsonen berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik egin. Horregatik, debeku dira indarkeriazko ekintzak, edo pertsonen duintasunaren kontrakoak, edo arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu joera eta gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta gizabanako edo taldeei bereizkeria egitea.

Debeku da lagatzeko erabakien bidez jasotzen diren eremuak elkarte, entitate edo norbanakoen estatutuetan ageri ez diren jarduera ekonomikoetarako erabiltzea, bereziki jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuetarako. Instalazioetan ez da ostatu zerbitzurik izaten ahal.

Ezin da material sukoirik pilatu, erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jarriko litzatekeelako.

12. artikulua. Obrak.

1.–Alloko Udalak aitzinetik baimena eman ezean, entitate onuradunek ezin izanen dute inolako obra edo jarduketarik egin erabilera esklusiborako lagatako tokian, ezta ondasun higigarrietan eta, oro har, higiezin osoan ere.

2.–Obra edo jarduketak ondasun higiezinaren mesedetan eginen dira eta haiengatik ez da inolako kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik jasoko.

3.–Artikulu honen 1. atalean xedatua urratzen bada, Udalak lokalaren erabilera lagatzeko erabakia ezeztatu ahal izanen du, edo ondasuna lehengoratzeko agindu, eta ez da inolako kalte-ordain edo diru ordainik bilduko. Erabiltzaileak egin ezean, haren ordez Udalak egin ahal izanen ditu lehengoratze obrak eta elkarte, entitate edo norbanakoak ordaindu beharko du kostua. Ondasuna lehengoratzerik ez badago, hondatuko litzatekeelako, kalteen eragileak kalte-ordaina eman beharko du.

13. artikulua. Erantzukizun zibila.

1.–Elkarte, entitate edo norbanako bakoitzak zuzenean erantzun beharko du berari lagatako tokietan bere kide eta erabiltzaileek ekintzaz edo omisioz, doloz edo zabarkeriaz hirugarrenei eragiten dizkieten kalte eta galerengatik. Udala ere hirugarrena izanen da.

2.–Udalak fidantza eskatzen ahalko du, legez onartzen diren moduetako edozeinen bidez. Fidantzaren bidez bermatuko da Udalaren eraikina behar bezala erabiltzen dela eta lagapenaren aurreko egoeran itzuliko dela. Halaber, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen berme izanen da delako fidantza, lagatako eraikinean halakoak gertatzen direnean. Horretaz gain, ordenantza honen aplikazioaren ondorioz ezartzen diren zehapenak ordaintzeko erabiltzen ahalko da. Fidantzaren zenbatekoa Alkatetzak zehaztuko du.

III. TITULUA

Elkarte, entitate eta norbanako erabiltzaileen betebeharrak.
Horiek betetzearen gaineko kontrola

14. artikulua. Elkarte, entitate eta norbanako erabiltzaileen betebeharrak.

Herritarren elkarte eta entitate guztiek eta norbanakoek ordenantza honetako arau orokorrak bete behar dituzte, eta zehazki:

a) Lagatzeko erabakian ezarritako ordutegiak edo Alloko Udalak baimentzen dizkienak begiratu behar dituzte.

b) Lagatako tokia elkarte, entitate edo partikular eskatzailearen beraren xedeetarako erabili behar da eta, beraz, beren jarduera programa betetzeko, baita lagapen erabakian ezartzen diren edo Udalak baimentzen dituen helburuetarako ere.

c) Lokala erabiltzen duten beste entitate, elkarte edo norbanako batzuei esleitutako tokiak errespetatu behar dituzte, haien jardueretan trabarik egin gabe.

d) Guztiek erabiltzeko tokien helburua eta xedea errespetatu beharko dituzte.

e) Lokalak erabiltzen dituzten orduetan ez diete eragozpenik sortuko auzokoei eta ez dute inguruko lasaitasuna hautsiko. Horretarako, indarra duen araudian ezarritako neurriak hartuko dituzte.

f) Erabiltzeko lagatzen zaizkien tokiak egoera onean edukiko dituzte osasungarritasun eta higiene aldetik.

g) Lokaleko giltzak zainduko dituzte eta zentroa itxiko dute, erabiltzen azkenak badira, salbu eta lagapen erabakian besterik xedatzen denean. Gainera, lagatako tokiak behar bezala erabil daitezen begiratuko dute, erabiltzaileak zainduz eta kontrolatuz.

h) Esleitu zaien tokiaren erabilera ez diote inori lagako ez osorik ez zati batean, elkarte edo entitateko kidea izan ala ez.

i) Funtzionamendu orduetan, ez diote inori sarrera galaraziko bere arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik, sexu joeragatik edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik.

j) Gertatzen diren gorabehera edo arazoen berri emanen diote Alloko Udalari, eta larrialdiak berehala jakinaraziko dizkiote.

k) Erabilera lagatzeko erabakia iraungi edo ezeztatuz gero, tokiak eta ondasunak Alloko Udalari itzuliko dizkiote lehengo hartan, erabileraren ondoriozko higadura salbu.

l) Uneoro Udalari jarraipen eta ikuskapen ahalmena erabiltzen utziko diote, ordenantza hau, indarra duten arauak eta erabilera lagatzeko edo baimentzeko erabakia betetzen diren begiratu ahal dezan. Leku guztietara sartzen utziko diote eta eskatzen dituen informazioa eta agiriak emanen dizkiote. Udala betiere sartzen ahalko da lokalean, berehala gertatzeko dagoen kalte edo traba larria eragotzi beharrez.

15. artikulua. Betebeharrak betearazteko kontrolaren araubidea.

Lokala erabiltzen duten elkarte, entitate eta norbanakoen arau-hausteak honako hauek dira:

a) Udalaren eraikin eta lokalak haren baimenik gabe okupatzea.

b) Ordenantza honetan ezarri bezala, baimena izanik okupaturiko lokal edo egoitza egunero garbitzeko lanak ez egitea.

c) Lokaletan, instalazioetan, ekipamenduetan eta erabilitako lokaletako gainerako ondasun higigarrietan kalteak egitea.

d) Erabiltzen diren eraikin edo lokaletako giltzen kopiak egitea alkatearen baimenik izan gabe.

e) Erabili diren eraikin eta lokaletatik behin betikoz alde egiten denean giltzak berehala ez itzultzea.

f) Ordenantza honen 4.4 artikuluan ezarritako ziurtagiriak aurkezteko betebeharra ez betetzea.

g) Ordenantza honen kontrakoa den beste edozein arau-hauste.

16. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

Arau-hauste arinak aitzineko artikuluko b, e eta g letretan ezarritakoak dira.

Arau-hauste larriak aitzineko artikuluko c, d eta f letretan ezarritakoak.

Arau-hauste oso larriak aitzineko artikuluko a letrakoak.

17. artikulua. Zehapenak

Arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arinengatik, 100 eurotik 500 eurora bitarteko isuna.

b) Larriengatik, 501 eurotik 1000 eurora bitarteko isuna.

c) Oso larriengatik, 1001 eurotik 1800 eurora bitarteko isuna.

Alkatetza da zehapen horiek ezartzeko organo eskuduna. Zehapena ezartzeaz gainera kalte-galeren ordaina eskatuko da, bidezkoa denean.

Arestian aipatu erantzukizun eta zehapenak, nork bere borondatez ordaindu ezean, dagokien fidantza betearaziz gauzatuko dira eta, bestela, premiamendu bidez.

IV. TITULUA

Udalaren ahalmenak eta betebeharrak

18. artikulua. Ikuskapen ahalmena.

a) Lagatako lokalak noiznahi ikuskatzeko ahalmena du Alloko Udalak. Ikuskapenaren ondorioz, elkarte, entitate edo erabiltzaile onuradunaren ez betetze larri edo oso larriren bat agerian gelditzen bada, Udalak zilegi izanen du arauak betetzeko eskatzea edo lokala erabiltzeko lagapena edo baimena ezeztatzea.

b) Elkarteek, entitateek edo herritarrek arrazoizko eskaera egin ondoan, Udalak lokala unean uneko jardueretarako lagatzeko baimena ematen ahalko du, lagapena hartzen duen elkarte, entitate edo norbanakoarekin adostu ondoan eta betiere erabilera lagatzeko erabakiaren onuradun den elkarte, entitate edo norbanakoak programaturiko jarduerak errespetatzen badira.

Aldi baterako erabilerak dirauen bitartean, unean-unean baimen hori dutenena izanen da lokalaren erabilera eta zainketaren gaineko erantzukizuna.

19. artikulua. Udalaren betebeharrak.

Alloko Udalak betebehar hauek ditu:

a) Ordenantza honetatik eta indarra duen legeditik sortzen direnak.

b) Eraikineko komunak egoera onean edukitzea osasungarritasun eta higiene aldetik.

c) Alloko Udalari dagozkio egiturazko mantentze-lanak, hau da, eraikinaren egitura, fatxadak eta estalkiak eta kanpoaldeko zerbitzu-harguneak mantentzeko konponketak eta berrikuntzak, baldin eta lokalaren erabilera arrunt eta ohikoaren ondoriozkoak badira. Halaber Udalari dagokio ur, argi eta berokuntzarako loturak egitea.

V. TITULUA

Erabileraren lagapena iraungitzeko arrazoiak

20. artikulua.

Udalak prekarioan lagako du ordenantza honen xede den lokala. Prekarioan egiten den lagapena alkatearen erabaki arrazoituaren bidez amaituko da. Hark elkarte, entitate edo norbanako onuradunari hamabost egun lehenago eginen dio erreklamazioa, behar den errekerimendua eginez.

Lagatzeko erabakia arrazoi hauengatik iraungi daiteke:

a) Hasieran ezarritako epea edo horren luzapenak amaitu direlako.

b) Alderdiak ados jarri direlako.

c) Elkarte, entitate edo norbanakoak uko egin diolako lagapenari edo lagatako eremuak benetan erabili ez direlako.

d) Lagapen erabakian onartu ez diren edo ordenantza honekin bat ez datozen jarduerak, zerbitzuak edo bestelakoak, batez ere, irabazi asmoko jarduera ekonomikoak, etengabe egiten direlako edo horiek bakarrik egiten direlako.

e) Elkartea edo entitatea desegin delako.

f) Lokalaren beharra dagoelako, behar adina arrazoituta, beste zerbitzu publiko batzuk egiteko.

g) Betiere, ordenantza honen 15. artikuluko arau-hauste oso larri bat baino gehiago, bi arau-hauste larri baino gehiago eta lau arau-hauste arin egin izanagatik.

21. artikulua.

Arrazoi horietako batengatik erabileraren lagapena iraungitzen denean, entitate, elkarte edo norbanako ukituak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik biltzeko.

22. artikulua.

Erabilera lagatzeko erabakia suntsitu edo iraungi ondotik, elkarteak, entitateak edo norbanakoak 15 egun naturaleko epea izanen du, gehienez, lagatako tokia eta ondasunak Alloko Udalari itzultzeko. Hala egin ezean, atzerapenak ekar ditzakeen kalte-galeren erantzulea izanen da.

Allon, 2014ko ekainaren 3an.–Alkate udalburua, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: L1408254