Iragarkia
116. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 16a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA
Deialdia, ingeniari tekniko izateko bi lanpostu
oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Mairagako Mankomunitateko buruak, 2014ko ekainaren 5eko 45. ebazpenaren bidez, ingeniari tekniko izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zuen. Hona haren oinarriak:
1.–Arau orokorrak.
1.1. Mairagako Mankomunitateko ingeniari tekniko izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea du xede deialdi honek.
1.2. Deialdi honen ondorioz kontratatzen diren izangaiak lan-kontratudun finko bilakatuko dira, eta Gizarte Segurantzan inskribatuko dira eta bertan alta emanen zaie.
1.3. Lanpostuek B mailari dagozkion lansariak izanen dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean xedatutakoarekin bat, eta, orobat, Mairagako Mankomunitateko plantilla organikoan ezarritako osagarriak izanen dituzte.
1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta Mairagako Mankomunitateak noiznahi aldatu ahalko du.
1.5. Egin beharreko lanak bere mailari eta kategoriari eta deialdian eskatutako ikasketei dagozkienak izanen dira, eta zehazki: bere espezialitateari dagozkion txosten eta proiektuak egitea, zuzendaritza teknikoa, obra zuzendaritza, zerbitzua ustiatzeko azpikontratatutako enpresarekin koordinazio lanak eta Mankomunitateko buruak bere eskumeneko gaien inguruan agintzen dizkionak.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Oposizioan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta kontratatuak izan arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.
Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, ingeniari teknikoaren titulua edo ofizialki baliokidetzat jotzen dena izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Ingeniari teknikoaren tituluaren ordez ingenieritzako maila handiagoko tituluak ere onartuko dira.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
d) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.
e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Mairagako Mankomunitatearen erregistroan aurkeztu beharko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean.
Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera bete beharko dira eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.
3.2. Izangaiek, eskabidearekin batean, erantsi beharko dituzte lehiaketaren baremorako alegatzen diren merezimendu guztien jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak. Lan egindako urteak baloratzea nahi izanez gero, lan bizitzaren frogagiria aurkeztu beharko da, Gizarte Segurantzak emana edo egindako zerbitzuen bestelako ziurtagiriak.
3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Mairagako Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondoren, Mairagako Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du, probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren adierazita.
5.–Epaimahaia.
5.1. Epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:
Mahaiburua: Ignacio San Juan Zabaleta, arkitektoa, Tafallako Udaleko Hirigintza Alorreko burua, Mairagako Mankomunitateko buruak proposaturik.
–Ordezkoa: ingeniari tekniko bat, Mairagako Mankomunitateko buruak proposaturik.
1. mahaikidea: José Luis Tobar Puente, Jurramendiko Mankomunitateko herrilanetako ingeniari teknikoa.
–Ordezkoa: ingeniari tekniko bat, Jurramendiko Mankomunitateak izendatu beharrekoa.
2. mahaikidea: Ángel Pino Lozano, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko ingeniari teknikoa.
–Ordezkoa: ingeniari tekniko bat, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak izendatu beharrekoa.
3. mahaikidea: Javier Horcada Lautre, Iruñerriko Mankomunitatearen Uraren ziklo integralaren ustiaketa eta ingenieritzako zuzendaria.
–Ordezkoa: ingeniari tekniko bat, Iruñerriko Mankomunitateak izendatu beharrekoa.
4. mahaikidea: Alfonso García Puvia, Moncayoko Mankomunitateko ingeniari teknikoa.
–Ordezkoa: ingeniari tekniko bat, Nafarroako Gobernuko Sustapen Departamentuak izendatu beharrekoa.
5. mahaikidea: José Antonio Echeverria Cerdán, ekonomiako aholkularia eta kontu-hartzailea, Mairagako Mankomunitateko langileak ordezkatuz.
–Ordezkoa: Mairagako Mankomunitateko langileen ordezkari bat.
Idazkaria: Maite Tellechea Olaiz, Mairagako Mankomunitateko idazkaria.
–Ordezkoa: María Ángeles Díaz Ramos, Azkoiengo Udaleko idazkaria.
5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da, eta gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da eraketak eta jardunak balioa izan dezaten.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetara mugatuko dira.
5.5. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehenbizi, oposizioaldia ondoan. Oposizioaldia 2014ko irailean hasiko da; izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den.
7.–Lehiaketaldia.
7.1. Lehiaketaldian 30 puntu lortu ahalko dira gehienez, eta ez da baztergarria izanen.
7.2. Oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea egitean aurkeztu eta egiaztatu beharko dira merezimendu guztiak, agirien bidez. Agiriok jatorrizkoak edo behar bezala egiaztatuak izan beharko dute, bestela aurkeztu gabetzat joko dira.
7.3. Izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, ondoko baremoaren arabera:
a) Ingeniari edo ingeniari teknikoaren lanpostuetan aritu izana:
–Mankomunitate batean edo ur hornidura eta saneamenduko zerbitzuak ematen dituen ente publiko batean: 4 puntu urteko eta gehienez ere 16 puntu azpiatal honetan.
–Ur hornidura eta saneamenduko zerbitzuak ematen dituen enpresa pribatu edo publiko batean: 2 puntu urteko eta gehienez ere 9 puntu azpiatal honetan.
–Beste administrazio, entitate publiko batzuetan: edo enpresa edo entitate pribatuetan, aurreko ataletan aipatu ez direnetan, 0,25 puntu urteko eta gehienez ere 1 puntu azpiatal honetan.
Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
b) Prestakuntza ikastaroak, bete beharreko lanpostuarekin zerikusia badute. 0,05 puntu emanen dira, prestakuntza ordu bakoitzeko. Atal honetako puntuazioa 2 puntukoa izanen da, gehienez ere.
c) Deialdian eskatutakoa baino maila handiagoko titulazio akademikoak: puntu 1, titulu bakoitzeko. Atal honetako puntuazioa 2 puntukoa izanen da, gehienez ere.
Titulazio bat baino gehiago batera aurkeztekotan, maila akademikorik handiena duen titulua soilik hartuko da kontuan.
7.4. Lehiaketaldia bukatuta, epaimahaiak Mairagako Mankomunitatearen iragarki oholean agertuko du izangaien zerrenda, eskuratzen dituzten puntuazioekin batean.
8.–Oposizioaldia.
8.1. Oposizioaldiak 70 puntu izanen ditu gehienez, plika itxien bidez eginen da, eta ariketa hauek izanen ditu:
–Lehen ariketa: praktikoa; idatziz argitu beharko da, gehienez ere 4 orduz, epaimahaiak gai zerrendako gaiei dagokienez zehazten duen kasu bat edo gehiago.
Gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta bazterturik geratuko dira gutxienez ere 20 puntura iristen ez diren izangaiak.
–Bigarren ariketa: teorikoa; idatziz erantzun beharko dira gaitegiaren inguruko 20 galdera, erantzun laburrekoak. Ariketa honetan guztira 25 galdera emanen zaizkie izangaiei, eta haiek 20 aukeratu eta erantzun beharko dituzte, gehienez ere 2 ordutan.
Gehienez ere 20 puntu emanen dira, eta bazterturik geratuko dira gutxienez ere 10 puntura iristen ez diren izangaiak.
–Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoak izanen dira, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko lantaldeak edo Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestatuak. Ez dira baztergarriak izanen eta haietan izangaiek eginkizunetan aritzeko duten gaitasuna baloratuko da. Ariketa honetan gehienez ere 10 puntu lor daitezke.
8.2. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta haietara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala daramatela agertu beharko dute. Probetara agertzen ez direnak bazterturik geldituko dira.
8.3. Eskabidean eskatuz gero, ahal diren egokitzapenak eginen dira denbora eta baliabide aldetik minusbaliotasuna dutenentzat, probak egiteko.
8.4. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak Mairagako Mankomunitatearen iragarki oholean erakutsiko du izangaien zerrenda, haien kalifikazioekin batean, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.
9.–Gainditu dutenen zerrenda.
9.1. Oposizioko azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, Mairagako Mankomunitatearen iragarki oholean, eta puntuazio handiena ateratzen duten izangaien aldeko kontratazio proposamena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dena, igorriko dio Mairagako Mankomunitateko buruari.
Gainditu duten izangaien zerrenda horrek ingeniari teknikoen lanpostuak aldi baterako kontratazioen bidez betetzeko balioko du, Mairagako Mankomunitatean sortzen diren beharren arabera (ordezkapenak eta plantillan gerta daitezkeen lanpostu hutsak), betiere zerrendako puntuazio ordenari jarraituz.
9.2. Proposaturiko izangaiek ondoko agiriak ekarri beharko dituzte, kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Deialdiko 2.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.
c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia konpultsatua.
d) Osasun ziurtagiria, lanpostuaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik edo psikikorik ez duela frogatzen duena.
Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.
e) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.
9.3. Finkatu epearen barrenean eta behar adina frogaturiko ezinbestekoak salbu, proposatutako izangaiek agiri horiek aurkezten ez badituzte, ezin izanen da lan kontratua sinatu eta baliorik gabe geldituko dira jarduketa guztiak, hasierako eskabidean faltsukeriagatik izan dezaketen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.
9.4. Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, 9.1 atalean aipatu zerrendan hurrengoa den izangaia edo izangaiak kontratatzeko proposatuko du Mairagako Mankomunitateak.
10.–Kontratazioa.
10.1. Proposatutako izangaiek lan-kontratua hilabeteko epean formalizatu beharko dute, 9.2 puntuan ezarritako epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita. Epe horren barrenean eta ezinbestekoak salbu, izangaiak lan-kontratua formalizatzen ez badu, Mairagako Mankomunitateko lan-kontratudun finko bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu eta aurreko oinarrian esandakoari jarraituko zaio.
10.2. Kontratazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
11.–Errekurtsoak.
Deialdi honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:
1. Hilabeteko epean, egintza hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko da, erabakia hartu zuen organoari berari zuzendua; edo bestela, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, egintza hau jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean.
2. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, 29/1998 Legearen 8.1 artikuluan aurreikusten diren kasuetan izan ezik, halakoetan Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkeztuko baitira.
Tafallan, 2014ko ekainaren 3an.–Mankomunitateko burua, Francisco M.ª Irizar Jauregui.
I. ERANSKINA
Izena: ....................., adinez nagusia; NAN zenbakia: ..............; jaioteguna: .........................; jaioterria: ............ (...........); helbidea (herria, karrika, zenbakia): ..................................; posta kodea: ...........; telefonoa: ............
Mairagako Mankomunitateko ingeniari tekniko izateko bi lanpostu, B mailakoak, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko deialdiaren berri izanik,
AZALTZEN DUT:
Aipatutako lanpostua betetzeko deialdiko eta oinarrietako baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, denboraz eta moduz.
Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik ez eta akats fisikorik edo psikikorik ere.
Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunetarik batere.
Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
Badudala/ez dudala honako minusbaliatasun hau ................, eta, eskatzen dudala/ez dudala eskatzen jarraian azaltzen den egokitzapena (kendu, behar ez dena).
Deialdia arautzen duten oinarriei men egiten diedala eta lotesletzat hartzen ditudala.
Epaimahaiak baloratzeko merezimendu hauek alegatu eta frogatzen ditudala: ..........................................................................................................................................................................................................................
Horrenbestez,
Eskabide hau onartu eta, beraz, Mairagako Mankomunitateko ingeniari tekniko izateko bi lanpostu, B mailakoak, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.
Tokia, eguna eta sinadura
MAIRAGAKO MANKOMUNITATEKO BURUA.
II. ERANSKINA
Gai zerrenda
1.–Kontratazio administratiboa Nafarroan. Administrazioarekin kontratuak egiteko baldintzak. Baldintza-agiriak. Interesdunen proposamena eta dokumentazioa. Publizitatea. Esleitzeko prozedurak.
2.–Kontratazio administratiboa Nafarroan. Esleipen bideak: enkantea eta lehiaketa. Kontratuak betetzea, aldatzea eta etetea.
3.–Kontratazio administratiboa Nafarroan. Prezioen berrikustea. Kontratuen iraungipena: betetzea, suntsiaraztea eta baliogabetzea. Lagapena eta azpikontratazioa.
4.–Nafarroako toki entitateen ondasunak: kontzeptua, sailkapena eta araubide juridikoa. Kalifikazio juridikoa. Aldakuntza. Atxikipena. Eskurapenak. Defentsa, kontserbazioa eta berreskuratzea. Erabilera eta aprobetxamendua. Besterentzea eta kargak ezartzea.
5.–Administrazio egintza: kontzeptua, elementuak, motak eta beharkizunak. Administrazio ebazpen eta egintzen jakinarazpena. Administrazio egintzaren deuseztasuna eta deusezgarritasuna. Isiltasun administratiboa.
6.–Administrazio prozedura eta hura arautzen duen legea. Aplikazio eremua eta printzipio orokorrak. Interesdunak. Administrazio prozedurei buruzko xedapen orokorrak: abiaraztea, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena.
7.–Bide administratiboko errekurtsoak: kontzeptua eta motak. Errekurtsoa paratzeko zilegitasuna. Errekurtsogai izan daitekeena. Inpugnatzeko arrazoiak egintza administratiboetan. Aipamen berezia gora jotzeko errekurtsoari buruz, Nafarroako Auzitegi Administratiboaren aurrean.
8.–Nafarroako Toki Administrazioa. Antolaketa eta administrazioa. Toki entitate motak. Antolaketa eta funtzionamendua, eskumenak. Toki korporazioetako kideak.
9.–Funtzio publikoa: funtzionarioekiko harreman juridikoen izaera eta edukia. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileriaren estatutua. Sarbidea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak.
10.–Mairagako Mankomunitatea. Antolaketa. Biltzen dituen entitateak. Ur horniduraren beharrak.
11.–Kontsumo premiak eta hornidura iturriak. Dotazioak, galerak, kontsumo erpinak, biztanleriaren eta eskaeraren bilakaera; Nafarroako Gobernuaren araudia gai honen gainean; ur hartzeko sistemak: drainatzeko zangak, akuiferoak, presak, iturburuak, urtegiak, putzuak; entseguak, parametroak eta ponpaketa probak putzuetan.
12.–Ponpaketak. Ponpaketen neurriak: eraikuntza arloko irizpideak; irizpide ekonomikoak; ponpa motak; ponpen hautapena; motor motak; ponpaketa guneak, abiadura aldakorreko sailak dituztenak; ponpaketen automatizazioa; Ariete ukaldia; metagailu hidroneumatikoak; neurriak; ponpaketen ustiapenaren kostua; eraikuntza kostuak.
13.–Biltontziak. Biltontzien kokalekua; biltontzien dimentsioak; eraikuntza arloko irizpideak; biltontzi motak eta haien eginkizunak; irizpide ekonomikoak; kostuak.
14.–Ur horniduraren sareak. Sareen diseinua: Kalkulurako emariak (kontsumoa, suteak, etab.; kalkulurako gehien erabiltzen diren irizpide eta formulak. Sare adardunak eta sare mailadunak: hodien neurriak. Hodien gaineko kanpoko kargak. Euskarrien baldintzak. Karga eragileak. Segurtasun koefizienteak. Kalkuluak, eskuz eta ordenagailuz.
15.–Ur horniduraren sareak. Sarearen material eta elementuak: hodiak. Materialak. Balbulak. Ur harguneak. Ureztatze ahoak. Jarioaren neurgailuak. Presioaren murriztaileak; bertzelako elementu batzuk. Hustubideak, finkagailuak, kutxetak. Normalizazioa. Sareak eraikitzeko irizpideak: zerbitzu ezberdinen kokapena urbanizazio batean. Interferentziak. Sakonerak eta distantziak. Araudia. Zerbitzu galeriak. Zerbitzuen mantentze-lanak. Zanga motak. Hodien euskarriak. Betegarriak. Eraikuntza metodoak. Harguneak. Kutxetak eta tapak. Segurtasuna eraikuntzan. Sareen onarpena: probak eta entseguak. Amaierako agiriak. Bermea.
16.–Saneamendu sareak. Isurketak: isuri motak. Estatuaren arauak eta Nafarroako Gobernuarenak. Isurien neurketa. Sareak diseinatu eta dimentsionatzea: sare motak. Ur beltzen emariaren estimazioa. Euri uren emariaren estimazioa. Birgertatze aldia. Hodien neurriak. Kalkulatzeko metodoak. Maldak, abiadurak. Hodien gaineko kanpoko kargak. Euskarrien baldintzak. Erregistro putzuen kokapena. Sakonerak. Arauak.
17.–Saneamendu sareak. Sarearen material eta elementuak: hodiak. Materialak eta motak. Ur beltzen ponpaketak. Erregistro putzuak, estalkiak, pateak. Irtengunearekiko putzuak. Deskarga ganberak. Hustubideak; kutxetak. Harguneak. Normalizazioa. Sareak eraikitzeko irizpideak: zerbitzu ezberdinen kokapena urbanizazio batean. Topografia. Sakonerak eta distantziak. Araudia. Zerbitzuetako mantentze-lanak. Zanga motak. Hodiak jartzea. Euskarriak. Betegarriak. Ezpondak. Segurtasuna eraikuntzan. Saneamendu obren harrera: probak eta entseguak. Amaierako agiriak. Bermeak.
18.–Ura tratatzeko plantak. Edateko uraren tratamendua: kalitate parametroak. Legeria. Tratamendu motak. Dekantazioa, iragazketa, tratamendu kimikoak. Tratamendu estazio baten osagaiak. Tresneria. Kalitatearen kontrola. Ustiapen kostuak. Eraikuntza kostuak. Hondakin uren tratamendua: isurien kalitatearen parametroak. Legeria. Tratamendu motak. Araztegi motak. Araztegien osagaiak. Isurien kalitatearen kontrola. Ustiapen kostuak. Eraikuntza kostuak.
19.–Instalazio elektrikoak. Magnitude elektrikoak. Korronte alternoa. Korronte zuzena. Sistema trifasikoak. Unitateak. Oinarrizko formulak. Hari eta zirkuitu elektrikoen kalkulua eta neurriak. Tarifa elektrikoak. Konpainia elektrikoekiko kontratuak. Goi eta behe tentsioko arauak eta erregelamenduak. Goi tentsioko lineak. Osagaiak. Neurriak. Transformazio-zentroak. Motak. Tresneria. Neurriak. Segurtasuna.
20.–Instalazio elektrikoak. Behe tentsioko instalazioak: kable motak, muntatzeko sistemak, lur-konexioak, energia erreaktiboaren konpentsazioa, behe tentsioko koadroak, potentziarako eta babeserako tresneria. Automatismoen koadroak. Osagaiak. Instalazio elektrikoak ponpaketa eta arazketa estazioetan. Automatizazioa. Automata programagarriak. Ordenagailu bidezko kontrola. Tresneria. Osagaiak. Telemandoa eta ur-hornidura sistemak. Funtzioak eta osagaiak.
21.–Ur hornidura eta saneamendu zerbitzu mankomunatuaren ustiapena. Ustiapen sistemak behar duen oinarrizko dokumentazioa; hornidura eta saneamendu proiektuak behar duen dokumentazioa. Lan metodoaren azterketa; mantentze lanak: aitzintzekoak, aurreikustekoak eta zuzentzekoak; lan gaztiguak, ustiapen zerbitzuaren antolaketa eta organigrama; lanpostuen hautapena eta balorazioa; teleaginduetarako sistemaren azalpena eta erabilera, ur eta saneamendu sareen kudeaketan. Makina eta erreminten ekipamendua honelako zerbitzuetan.
22.–Proiektuak. Proiektua prestatzeko faseak. Proiektua osatzen duten agiriak. Haien idazketa.
23.–Segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa. Aplikatu beharreko arauak. Koordinatzailearen betebeharrak, sustatzailearenak eta enpresa esleipen-hartzailearenak.
24.–Hirietako hondakin uren ezaugarriak. Estolderia sistemak. Industriako efluenteak. Landa-eremuetako hondakin urak. Hondakin uren arazketa. Efluenteen isurketa eta berrerabilpena.
25.–Saneamendu proiektuen faseak. Kostuak eta finantzaketa iturriak. Energia eta lur baldintzak. Berrerabilpena: hondakin urak eta lohiak baliabide gisa. Ingurumenaren gaineko eragina.
26.–Arazoak, hondakin uren arazketan. Lohien erabilera eta aprobetxamendua. Lohien tratamendua eta erabiltzeko bideak. Lohien tratamendua eta erabiltzeko arazoak.
27.-Hondakin uren tratamendua: aurretratamendua, lehen mailako tratamendua. Bigarren mailako tratamendua. Hirugarren mailako tratamendua eta aurreratua.
28.–Uraren ziklo integralaren tasak eta tarifak: guztirako kostuen identifikazioa. Kostuen banaketa erabiltzaileen artean. Tarifen egituraren diseinua. Egitura blokeka. Gizarte tarifak. Mairagako Mankomunitatearen tasak.
29.–Eraikuntzaren kode teknikoa eta haren harremana edateko urarendako eta hondakin uren hustuketarako barne sareen diseinuarekin eta eraikuntzarekin. Baldintzak, ur hornidurarako sare publikoekin lotzerakoan.
30.–Kalitatearen kudeaketa sistemak. ISO:9001:2008 araua. Kalitate sistemaren plangintza. Kalitate kudeaketaren kontrola. Etengabeko hobekuntza, kalitatearen kudeaketan.
Iragarkiaren kodea: L1408337
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
