116. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

298/2014 FORU AGINDUA, maiatzaren 9koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Soziologiako unibertsitateko tituludunentzako edo Soziologia Aplikatuko gradudunentzako prestakuntza beka bat emateko deialdia egiten duena. Beka Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan aritzeko da.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, gazteriaren arloko erakunde autonomo eskuduna baita eta Gizarte Politiketako Departamentuari atxikia baitago, Soziologiako lizentziadunentzako edo Soziologia Aplikatuko gradudunentzako prestakuntza beka bat emateko deialdia egin nahi du.

Beka horretarako deialdia eginez eta hura emanez Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, alde batetik, ordenamendu juridikoak esleitutako eginkizunak hobeki bete nahi ditu eta, zehazki, institutu horren estatutuak onetsi zituen uztailaren 2ko 36/2012 Foru Dekretuak esleitutakoak (otsailaren 13ko 16/2013 Foru Dekretuak aldatu zuen), eta, bestetik, unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatu nahi du, ezagutza teoriko eta praktiko hobea eta zuzenagoa lor dezaten, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bitartez gazteriaren arloan egiten den lanaz.

Deialdian aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio beka ematerakoan.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan aritzeko prestakuntza beka emateko deialdiaren oinarriak onestea. Oinarriok foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. 7.558,32 euroko gastua baimentzea deialdia ebazteko gastuetarako, 2014. urterako luzatu diren 2012ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Prestakuntza bekak” izeneko 940003-95210-4809-232100 kontu-sailaren kargura, eta beste 34,72 euroko gastua Gizarte Segurantzaren 2014ko abenduko enpresa kuotarako, 2015eko urtarrilean ordainduko baita 2015. urterako onetsiko diren Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako ezartzen den kontu-sail horren edo parekoaren kargura.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutura, Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusira, Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan duen kontu-hartzailetza delegatura eta Plangintzaren eta Gazteriaren Behatokiaren Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 9an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

I. ERANSKINA

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusian aritzeko prestakuntza beka baten deialdirako oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Soziologiako lizentziadunentzako edo soziologia aplikatuko gradudunentzako prestakuntza beka bat emateko oinarriak ezartzea, norgehiagokako araubideari jarraikiz, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko.

Deialdiaren xedea unibertsitate tituludunen prestakuntza bultzatzea da, institutuan gazteriaren arloan gauzatzen diren jarduerak zuzenean ezagut ditzaten.

2. Aurrekontuan dagoen dirua.

Deialdi honetako zenbatekoa 7.558,32 eurokoa da, eta 2014. urterako luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Prestakuntza bekak” izeneko 940003-95210-4809-232100 kontu-sailaren kargura ordainduko dira. Eta beste 34,72 euroko gastua Gizarte Segurantzaren 2014ko abenduko enpresa kuotarako, 2015eko urtarrilean ordainduko baita 2015. urterako onetsiko diren Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako ezartzen den kontu-sail horren edo parekoaren kargura.

3. Iraupena.

Esleitzeko ebazpenean adierazitako egunean hasiko da beka; aurreikusten da ez dela ekainaren 1a baino lehenago hasiko, eta 2014ko abenduaren 31n bukatuko dela. Beka ez da luzatuko.

4. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Bekaren zenbatekoa 7.593,04 eurokoa izanen da gehienez urtean; horietatik 7.558,32 euro 2014. urtean ordainduko dira eta 34,72 euro 2015ean. Zenbateko horretan Gizarte Segurantzaren kotizazioak sarturik daude. Onuradunari hilero 1.050,00 euro pagatuko zaizkio, edo haien zati proportzionala, bidezko bada. Zenbateko horretatik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokiona kenduko da. Era berean, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak hilero ordainduko du bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kotizazio kuotaren zatia (34,72 euro).

5. Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste ente publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.

6. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak soilik izan daitezke onuradunak:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.

d) Nafarroan erroldatua egotea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

e) 1. oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdia argitaratu aurreko hiru urteen barnean lortu izana.

f) Bekaren xede den prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

7. Baloratzeko baremoa.

Eskaerak baloratzeko, merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira:

a) Ikasketen espedientea. Gehienez ere, 3 puntu.

Espedientearen batez besteko nota baloratuko da: gai/aprobatua, puntu 1; oso ongi, 2 puntu, eta bikain, 3 puntu.

5,0-6,9: aprobatua (GAI); 7,0-8,9: oso ongi (OO) eta 9,0-10: bikain (B).

b) Sare sozialak eta informatika erabiltzen jakitea. Gehienez ere, 0,50 puntu.

Egindako ikastaroengatik, 0,25 puntu emanen dira 20 ikastorduko. 20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

c) Ingelesez, frantsesez, alemanez, itaileraz eta euskaraz jakitea. Gehienez ere, 1 puntu.

Hizkuntza eskola ofizial batek luzatutako gaitasun agiria edo B2 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 0,50 puntu hizkuntza bakoitzarengatik. Tarteko tituluengatik 0,25 puntu emanen dira.

d) Prestakuntza ikastaroak, gazteen inguruko lanekin zerikusia badute: gehienez ere, puntu 1.

Zuzendari, gazteriaren arloko informatzaile ikastaroak, “Gazteria eta Gizartea” arloko aditu edo masterra, eta antzekoak. 0,15 puntu emanen dira 20 orduko edo gehiagoko ikastaroengatik, eta 0,20 puntu 40 orduko edo gehiagoko ikastaroengatik. 20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

e) Estatistika edo aholkularitza arloko prestakuntza espezializatuko ikastaroak: gehienez ere, puntu 1.

0,15 puntu emanen dira 20 orduko edo gehiagoko ikastaroengatik, eta 0,20 puntu 40 orduko edo gehiagoko ikastaroengatik. 20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

f) Beste ikasketa titulu edo prestakuntza ikastaro batzuk: gehienez ere, 0,5 puntu.

Ikasketa tituluak (diplomadunak edo lizentziadunak), 0,50 puntu.

0,15 puntu emanen dira 20 orduko edo gehiagoko ikastaroengatik, eta 0,20 puntu 40 orduko edo gehiagoko ikastaroengatik. 20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

g) Administrazio Publikoetan sartzeko oposizioetan parte hartzea: gehienez ere, puntu 1.

Hautapen prozesuetan parte hartu izanagatik, lanpostu horietarako Soziologiako lizentziadunaren edo Soziologia Aplikatuko gradudunaren titulua eskatu baldin bada, eta lehen ariketa behintzat gainditu badu. 0,25 puntu emanen dira hautapen prozesuan gainditzen den proba bakoitzeko.

h) Gazteriarekin zerikusia duten gaietan langile edo boluntario gisa izandako esperientzia: gehienez ere, puntu 1.

0,25 puntu emanen dira langile edo boluntario gisa emandako hiru hileko. Hiru hilabetetik gorako aldiak soilik baloratuko dira.

i) Soziologiarekin zerikusia duten baina lizentziaturako curriculumean sarturik ez dauden gaietan langile edo boluntario gisa izandako esperientzia: gehienez ere, puntu 1.

0,25 puntu emanen dira langile edo boluntario gisa emandako hiru hileko. Hiru hilabetetik gorako aldiak soilik baloratuko dira.

j) Buruz buruko elkarrizketa. Kalifikazioetatik sei onenak lortzen dituztenei elkarrizketa eginen zaie. 2 puntu arteko balorazioa emanen zaio, hauek aintzat hartuz: gazteekin zerikusia duten lanei buruzko ezagutza, araudi administratiboa ezagutzea, bereziki gazteriaren arlokoa; motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, lantalderako gaitasuna eta bestelako trebetasun sozialak.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketara joatea nahitaezkoa da. Hortaz, elkarrizketara agertzen ez diren izangaien eskaerak artxibatu eginen dira.

8. Eskaerak.

8.1. Prestakuntza beka bat jasotzeko interesa dutenek eskabide orokorra aurkeztu beharko dute Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan, Iruñeko Arrieta kaleko 25ean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan, 20 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.2. Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.

8.3. Honako agiri hauek aurkeztuko dira eskabide orokorrarekin batera:

a) Prestakuntza bekaren eskabidea, eranskin honen azkeneko orrialdean dagoen eredu normalizatuaren araberakoa.

b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, kurtso bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

d) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia.

e) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

f) Nafarroako erroldatze agiria, antzinatasuna zehazten duena.

g) Alegatutako gainerako merituen egiaztagirien fotokopia.

h) Eskatzailearen erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena.

8.4. Organo eskudunak epearen barrenean aurkezten diren eskaerak berrikusiko ditu. Epearen barrenean aurkeztutako eskaeraren batek aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela, eta azken gorabehera horren berri emanen zaio.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak ezin izanen dira zuzendu.

8.5. Prestakuntza beka hau jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

9. Ebaluazio Batzordeen osaera eta beka emateko prozedura.

9.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz, non izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko baitira.

Ebaluazio Batzordea kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua: Ángel Ansa Echegaray jauna, Gazteriaren zuzendariorde nagusia.

–Ordezkoa: Jesús Beitia López jauna, Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.

–Idazkaria: Natividad Nagore Urriza andrea, erdi mailako tituluduna.

–Ordezkoa: María Dolores Castrejón Gómez andrea, Argibide eta Prestakuntza Bulegoko burua.

–Epaimahaiko kidea: Basilio Ramírez de Arellano jauna, ofizial instruktorea.

–Ordezkoa: Lucía Andía García de Olaya andrea, Elkarteen Bulegoko burua.

9.2. Prozedura ofizioz hasiko da interesdunaren eskaera jasotakoan.

9.3. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Ebaluatzen hasi aurretik, eskatzaileek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez adieraziko duen txostena prestatuko du. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

9.4. Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu Ebaluazio Batzordeak; gero, puntuazioaren arabera dagokion izangaiari beka emateko proposamena eginen du.

9.5. Beken banaketa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez eginen da, instrukzio organoaren proposamena ikusita. Ebazpen hori eta eskatzaileen lehenespen ordena, merezimenduen balorazioaren ondoriozko puntuazioaren araberakoa, Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiaren iragarki oholean jarriko dira jendaurrean (Yanguas y Miranda kalea, 27, behea, Iruña).

Ebazpenean, gutxienez, beka jasotzen duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaion ezetz, halakorik baldin bada.

Puntuaziorik altuena lortu eta beka jasoko duen interesdunari jakinaraziko zaio ebazpena; gainera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean horretarako berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

9.6. Bekaren onuradunak aurkeztu beharko ditu, hautaketa prozesua amaitu ondoan, prestakuntzarako beka eskatzerakoan alegatu zituen meritu guztien jatorrizko egiaztagiriak edo haien kopia konpultsatuak. Konpultsak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren egoitzan egin ahal izanen dira, Iruñeko Arrieta kaleko 25ean.

10. Tutoretzak.

10.1. Plangintzaren eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko buruak zuzendu eta ikuskatuko ditu bekaren onuradunak egin beharreko jarduerak.

10.2. Tutoreak prestakuntza ekintzak eskatuko ditu Gazteriaren Behatokiaren garapenean laguntzeko, zentzurik zabalenean, eta parte hartzeko Gazteriaren arloko Foru Komunitateko Estrategiaren eta Gazteriaren arloko Foru Komunitateko Planaren jarraipen eta ebaluaziorako batzordean. Eskatutako titulazioarekin zerikusia duten beste prestakuntza ekintza batzuetan ere lagundu ahal izanen du. Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak (NGJE) prestatzen dituen ikastaroetan parte hartuta osatuko du prestakuntza, interesgarriak iritziz gero. Tutoreak zehaztuko ditu ordutegiak (gehienetan 9:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera), eta begiratuko du bekadunaren betebehar orokor eta zehatzak betetzen direla.

11. Justifikatzeko epea eta modua.

Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, onuradunak egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du.

Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta beka emateko baldintzak eta bertan aurreikusitako helburuak nola bete diren baloratu beharko du.

12. Onuradunaren betebeharrak.

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren inguruan egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Jarduerak hasten direnean frogatzea, hala behar denean, zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela. Horrekin batera, erantzukizuneko aitorpena edo hitz-ematea aurkeztu beharko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuetatik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezinik ez duela kobratzen adierazteko.

f) Organo eskudunari adieraztea hartutako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

g) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekadun direla adieraztea.

h) Isilpekotzat jo behar diren eta prestakuntza jardueran ezagutzen diren argibide tekniko edo administratiboen gainean sekretua eta isilpekotasuna gordetzea.

i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araubidea betetzea.

13. Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

Bekari uko eginez gero, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiari horren berri eman beharko zaio, hamabost egun natural lehenago gutxienez.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.

14. Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaduna Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiaren instalazioetan ariko da lanean, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio bekadunari.

15. Jabetza intelektuala.

Bekadunek jabetza intelektualerako dituzten eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten arau estataletan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira, eta Administrazio Publikoak ez ditu bazter utziko legozkiekeen agiriak, azterlanak, ikerlanak, lanak, eskubideak, emaitza zientifikoak eta izan litezkeen asmakuntzak.

16. Lan edo administrazio harremanik eza.

16.1. Beka jasotzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta bestelako antzeko eskubiderik ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

16.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

16.3. Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako orduan, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2012 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

17. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza egiten ari deneko Administrazio Publikoarekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

18. Ez-betetzeak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, zilegi izanen da jasotako dirua itzultzeko eskatzea. Zehazki, honako hauek izanen dira jasotako dirua itzultzeko arrazoiak:

a) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa izatea eta lanak kalitate gabekoak izatea.

b) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe. Horretaz gain, aldi berean jasotzea horrekin bateratu ezin den beste beka edo diru-laguntza bat.

c) Azken hilekoa itzuli beharko da amaierako memoria ez aurkezteagatik eta/edo tutorearen adostasuna ez lortzeagatik.

19. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Deialdi honen aplikazio egintzen kontra, bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

20. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezartzen ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1407304