1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
218E/2014 EBAZPENA, maiatzaren 22koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez zementua egiteko eta magnesio-oxidoa eta dolomia sinterizatua ekoizteko Olaztiko udal mugapean dagoen instalazioaren Ingurumen baimen integratua eguneratzen da. Instalazioaren titularra Cementos Portland Valderrivas, S.A. da.
Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ekainaren 6ko 0302/2007 Foru Aginduaren bidez emana. Gero, Nafarroako Gobernuak 2013ko urtarrilaren 16an hartutako erabakiaren bidez, “Olaztiko zementu lantegian erregai alternatiboen balorizazioa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zen, “Cementos Portland Valderrivas, S.A.k sustaturik, beste Ingurumen baimen integratu bat eman zitzaion Olaztiko udal mugapean zementua fabrikatzeko instalaziorako, eta aurkeztutako proiektuaren aldeko Ingurumen eraginaren adierazpena egin zen. Gero, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 22ko 335E/2013 Ebazpenaren bidez zementua egiteko eta magnesio-oxidoa eta dolomia sinterizatua ekoizteko instalaziorako Ingurumen baimen integratua aldatu zen.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorrak xedatzen du ingurumen baimen integratuak emateko organo eskudunak behar diren jarduketak eginen dituela baimenak eguneratzeko, hau da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren industriako emisioei buruzko azaroaren 24ko 2010/75/EE Zuzentarauari egokitzeko.
Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuek hartu dute indarra eta eragina dute aipatu instalazioan; besteak beste, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena zonabanatze akustikoari, kalitate helburuei eta isuri akustikoei buruz; Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legea; urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena; eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, industriako isurketen Erregelamendua eta Kutsaduraren Aurkako Aurreneurri eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzekoa onesten duena.
Gainera, Batzordearen 2012ko otsailaren 26ko 2013/163/EB betearazpen erabakia argitaratu zen, zementuaren, karearen eta magnesio oxidoaren fabrikaziorako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituena industriako isuriei buruzko Europako Parlamenturen eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera; horrexek, argitalpen egunetik gehienez ere lau urtean, Ingurumen baimen integratuaren baldintzak berritzera eta, beharrezkoa izanez gero, eguneratzera behartzen du, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2010/75/EB Zuzentarauaren 15. artikuluko 3. idatz-zatiak (16/2002 Legearen 7.4 artikulua, 5/2013 Legeak aldatua) ezarri zuen agintaritza eskudunak emisioen gehieneko balioak finkatu behar dituela, bermatzeko, industriaren ohiko funtzionamendu baldintzetan, eskura dauden teknika onenei lotutako emisio-mailak ez direla gainditzen. Maila horiek Zuzentarauaren 13. artikuluaren 5. idatz-zatian ezartzen dira, TEOei buruzko ondorioen gaineko erabakietan. 2010/75/EB Zuzentarauaren 15. artikuluko 4. idatz-zatian (16/2002 Legearen 7.5 artikulua, 5/2013 Legeak aldatua) ezarrita dago 15. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoaren salbuespenak onartzen ahal direla bakar-bakarrik baldin eta emisio-maila horiek lortzeko kostuak neurriz kanpokoak badira ingurumen arloko onuraren aldean, kokapen geografikoagatik, tokiko ingurunearen egoeragatik edo instalazioaren ezaugarri teknikoengatik.
Sustatzaileak adierazi du magnesio-oxidoa eta dolomia sinterizatua ekoizteko jarduerak ez duela hiru urte baino gehiago iraunen. Hortaz, iritzi da 2013/163/EB Erabakian ezarritako emisio-mailak lortzeko behar diren TEOak ezartzeko kostuak neurriz kanpokoak direla ingurumen onuraren aldean. Egun horretatik aurrera magnesio-oxidoa eta dolomia sinterizatua ekoizteko jarduera utzi beharko du. Horregatik, muga egun bat ezarri da magnesio-oxidoa eta dolomia sinterizatua ekoizteko jarduerarako, hots, 2017ko martxoaren 26a, betiere, baimen honen I. eranskineko 1.1.2 puntuan adierazitako emisio-muga gainditu gabe. Ebazpen honen VIII. eranskinean aipatzen dira 16/2002 Legearen 7.5 artikulua aplikatzeko arrazoiak, eta ebaluazioaren emaitzak adierazi eta ezarritako baldintzak justifikatzen dira.
Baimen honen barnean dago isurketak Burunda edo Arakil ibaietara botatzeko baimena, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat; horren ondorioetarako, isurketak egitearen gaineko onargarritasunari buruzko txostenaren edukia erantsi da. Txostena Ebroko Ur Konfederazioak eman zuen.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorraren 2.d) atalean xedatutakoa betetzeko, substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena edo emisioa berrikusi da, eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloratu da, eta erabaki da, hori gertatzeko arrisku maila txikia denez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz.
Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko e) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta horiei emandako erantzunak.
Uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi ziren indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera. Foru dekretu horrek ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehenbizikoa.–Olaztiko udal mugapean zementua fabrikatzeko eta magnesio-oxidoa eta dolomia sinterizatua produzitzeko instalazioaren (titularra Cementos Portland Valderrivas, S.A. da) Ingurumen baimen integratua eguneratzea; instalazio horren Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatuta dauden espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte instalazioak eta jarduerak eta, gainera, ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak.
Bigarrena.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 22ko 335E/2013 Ebazpenaren bidez instalazio horri emandako Ingurumen baimen integratuan, hondakin uren isurketei eta hondakinen produkzioari buruz, agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.
Hirugarrena.–Isurketarako baimenak bost urteko indarraldia du, ebazpen honen egunetik hasita, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek aldian-aldian indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Berritzeak ez du saihestuko arroetako erakundeak baimena berrikustea, beste inguruabar batzuk izaten direnean. Era berean, Ebroko Ur Konfederazioak Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko eskatzen ahalko dio autonomia erkidegoko erakundeari, egoki diren legeetan aipatzen diren kasuetan (uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikulua eta uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua, Urari buruzko Legearen testu bategina).
Halaber, Ingurumen baimen integratuan urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriz ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat. Ezarritako indarraldian zehar legeriak isurketa baimenetarako epe handiagoa ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Ur Konfederazioak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikulua eta uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua, Urari buruzko Legearen testu bategina).
Laugarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu Zuzendaritza Nagusi honek, aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean, bai Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluan aurreikusitakoak bai Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoak.
Bosgarrena.–Orobat, Zuzendaritza Nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute isurketak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiarekin loturik eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluarekin bat.
Seigarrena.–Deuseztu egiten da instalazio honen Ingurumen baimen integratuaren indarraldiaren bukaerako epea, eta kendu egiten da hura berritzeko betebeharra, ekainaren 11ko 5/2013 Legearen 1. artikuluko 19. idatz-zatian xedatutakoa betez; izan ere, lege horren bidez, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatu zen, eta jatorrizko 25. artikulua kendu (Ingurumen baimen integratua berritzeari buruzkoa).
Zazpigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik komunikatu beharko du. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.
Zortzigarrena.–Titularrak jarduketa plan bat aurkeztu beharko du ebazpen honen datatik lau hilabete iragan baino lehen; hartan, ingurumenean eragina izan dezaketen ohikoak ez diren ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatuko da.
Bederatzigarrena.–Ebazpen honen datatik lau hilabete iragan baino lehen, titularrak jarduketa programa bat aurkeztu beharko du, mantentze-lanetarako eta isurketen kontra eskura dauden neurriak berrikusteko, lurzorurako eta lurpeko uretarako isurketak saihesteko, kutsadurarik ez izateko, bereziki instalazioan dauden substantzia arriskutsuengatik; hori dena, neurri horiek ongi funtzionatzen dutela segurtatzeko.
Hamargarrena.–Muga egun bat ezarri da magnesio-oxidoa eta dolomia sinterizatua ekoizteko jarduerarako, hots, 2017ko martxoaren 26a, betiere, baimen honen II. eranskineko 1.1.3 puntuan adierazitako emisio-muga gainditu gabe. Magnesio-oxidoa eta dolomia sinterizatua ekoizten jarraitu nahi badu, egun horretatik aurrera eta 2016ko ekainaren 26a baino lehen, titularrak instalazioak egokitzeko proiektu teknikoa aurkeztu beharko du, zementuaren, karearen eta magnesio oxidoaren fabrikatzeko dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituen Batzordearen 2013ko martxoaren 26ko 2013/163/EB betearazpen erabakian ezarritakoa betetzearren, modua izan dadin Ingurumen baimen integratuaren baldintzak berrituko dituen prozedura bat tramitatzeko, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Hamaikagarrena.–Magnesio-oxidoa eta dolomia sinterizatua ekoizteko jarduera funtzionamenduan hasteko, ez da irekitzeko beste baimen bat eskuratu beharko aldatu den instalaziorako. Jardueraren hasieraren berri eman beharko da, bakar-bakarrik.
Hamabigarrena.–Balorizazio jarduerak hasi aurretik, titularrak erregai alternatiboak erregai gisa erabiltzeko diren instalazio berriak irekitzeko baimena eskatu eta lortu beharko du, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40. artikuluan xedatutakoari jarraituz; horretarako, Ingurumen baimen integratu honetan sartutako neurri eta baldintza guztiek gauzatuta egon beharko dute eta funtzionamenduan hasteko prest.
Hamahirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hots, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.
Hamalaugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hamabosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
Hamaseigarrena.–Ebazpen hau igortzea Cementos Portland Valderrivas, S.A.ri, Olaztiko Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko maiatzaren 22an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.
Iragarkiaren kodea: F1407537