2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BAZTAN
Udaltzain laguntzaile lanpostua betetzeko enplegu eskaintza
Garbiñe Elizegi Narbartek, Baztango Udaleko alkate udalburuak, 2014ko maiatzaren 6an emandako 70/2014 Ebazpenaren bidez, erabaki zuen euskaraz dakien udaltzain laguntzaile bat aldi baterako kontratatzeko hautapen prozesua abiatzea.
Horrenbestez, argitara ematen da honako deialdi hau.
DEIALDIA
1.–Xedea.
Euskaraz dakien udaltzain laguntzaile lanpostu bat eskaintzen da, udaltzain lanpostu hutsa, Baztango Udaleko plantilla organikoan sartua, bitarteko moduan betetzekoa, titularra berriz lanean hasi, jabetzako lanpostua hornitu eta lan-poltsa osatu artio.
Oposizio-lehiaketa gainditzen duten izangaiekin lan-poltsa bat osatuko da etorkizunean izan daitezkeen ordezkapenetan erabiltzeko.
Lan poltsa III. eranskinean azaldutako arauen arabera kudeatuko da.
Lanpostua Baztango Udaleko plantilla organikoan ezarrita dauden mailetako D mailari dagozkion lansariez hornituko da, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lansarien behin-behineko erregelamendua onesten duen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuak eta horrekin bat heldu diren xedapenek aurreikusitakoen pare baitira.
2.–Funtzioak eta lanpostuari dagozkion egitekoak.
–Udaltzaingoko funtzionarioei laguntzeko lanak, haien zuzendaritzapean.
–Ondasun, zerbitzu nahiz instalazio eta bulego ofizialen zaintza lanak.
–Bideko trafikoa antolatzeko lanak, zirkulazio arauen arabera.
–Herritarrei laguntzeko lanetan eta herri babesean parte hartzea.
–Izaera administratiboko arauak betetzen direla ziurtatu, ondorio guztietarako agintaritza-agentetzat hartua izanen dela.
2.1. Lan ordutegia:
Lanaldiaren antolamendua zerbitzuaren beharretara egokituko da beti, eta hura noiznahi aldatzen ahalko dute administrazioko organo eskudunek.
2.2. Betekizunak:
Adinez nagusi izatea.
Euskara ezagutza C1 maila, ahoz nahiz idatziz.
OHOko, DBHko, Lanbide Heziketako Erdi Mailako edo baliokidea den bateko titulua izatea.
Gidatzeko baimena, Lehentasunezko Garraiorako B eta A izatea.
Udaltzaingoaren laguntzailea izateko gaikuntza, Nafarroako Seguritate Eskolak emandakoa, izatea.
Indarrean dauden araudietan ezartzen diren ezein ezgaitasunetan sarturik ez egotea.
Lanpostu honi dagozkion funtzioak betetzeko beharrezkoa den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.
3.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
NANaren kopia behar bezala konpultsaturik bi aldeetatik.
Deialdian eskatzen den titulazioa.
Udaltzaingoaren Laguntzaile Titulua, Nafarroako Seguritate Eskolak emandakoa.
Lan eskarmentuaren ziurtagiriak.
Hizkuntzak jakitearen ziurtagiriak.
Prestakuntza akademikoaren ziurtagiriak.
3.1. Eskabideak aurkezteko data:
Eskabideak Baztango Udaletxeko Erregistro Nagusian aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta ondoko hilabetearen barrenean. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera bete beharko dira eta, haietan, izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute.
Izangaiek eskatutako tituluen egiaztagiriak, NANen kopia konpultsatua eta gidatzeko baimenaren kopia konpultsatua aurkeztuko dituzte eskabidearekin batera, bai eta lehiaketan baliarazi nahi dituzten merezimendu guztienak ere. Agiriok jatorrizkoak izanen dira edo kopia kautotuak.
4.–Epaimahai kalifikatzailea.
4.1. Epaimahai kalifikatzailea honako kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Baztango Udaleko alkate udalburua.
Ordezkoa: Baztango Udaleko lehen alkateordea.
Epaimahaikidea: Florentino Goñi, Baztango Udaleko zinegotzia.
Ordezkoa: Baztango Udaleko zinegotzia.
Epaimahaikidea: Xabier Irureta, Udaltzaingoaren koordinatzailea.
Ordezkoa: administrari-ofiziala.
Epaimahaikidea: sindikatu ordezkaria.
Ordezkoa: sindikatu ordezkaritzak izendatua.
Epaimahaikide-idazkaria: Baztango Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Idazkaritzak izendatua.
Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.
Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza izan ahalko du proba guztietan edo batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari haietan bakarrik emanen diote laguntza.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari eman beharko diote horren berri.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat gertatzen denean.
5.–Aukeratzeko prozedura.
Euskara: oposizio-lehiaketa hasi baino lehen, zentzu hertsian, deialdi honetan eskatutako euskararen ezagutza egiaztatu ez dutenek bakarrik egin beharko dute. Idatzizko proba bat eta ahozko bertze bat egin beharko dira, eta, proba horietan, ikusiko da pertsona horrek deialdi honetan eskatzen den hizkuntza-mailari dagokion gaitasuna duen ala ez.
Onartuen behin-behineko zerrenda Udaletxeko iragarki oholean eta Udalaren webgunean iragarri ondoren, euskara proba nork egin behar duen zehaztuko da eta euskara probaren data ere bai.
Proba baztertzailea da.
5.1. Lehiaketaldia. Gehienezko puntuazioa: 25 puntu.
5.1.1. Hizkuntzak. Gehienez 10 puntu.
Ingelesa, frantsesa, alemana bai eta Europako Batasuneko hizkuntza ofizialak jakitea baloratuko da. Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoko maila bakoitzari emanen zaizkion puntuazioak hauek izanen dira: A1i puntu 1, A2ri 2 puntu, B1i 3 puntu, B2ri 4 puntu eta C1i 5 puntu.
5.1.2. Lan eskarmentua. Gehienez 10 puntu.
Puntu 1 Udaltzaingoaren laguntzaile gisa lan egindako urte bakoitzagatik. Urte kopurua osoa izanen ez balitz, proportzionalki dagokion puntuazioa esleituko zaio lan egindako denborari, hilabeteka baloraturik. Egun solteak ez dira baloratuko.
5.1.3. Prestakuntza akademikoa. Gehienez 5 puntu.
Lanbide Heziketaren Goiko Mailako Titulua, Batxilergokoa edo baliokidea den batekoa: puntu 1.
Diplomatura Titulua: 2 puntu.
Lizentziatura edo Gradua: 3 puntu.
–Ez dira baloratuko goragoko maila akademiko bateko tituluak eskuratzeko ezinbesteko direnak, lehenak baremoan modu berariazkoan balioetsita badaude eta meritutzat aurkeztu badira.
Epaimahaiak noiznahi lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu.
Epaimahaiak, nahi bezala baina bere iritzia arrazoituz, baloratuko ditu kasuan-kasuan bidezkotzat jotzen dituen merezimenduak, aurreko atalei dagozkienak, eta behin ere ezin izanen du kontsideratu norbaitek merezimendu bat baduela, baldin eta hark ez badu hura alegatu edo agiri bidez egiaztatu.
Lehiaketaldia amaiturik, izangai bakoitzak eskuratu duen puntuazioa jarriko da jendaurrean iragarki oholean eta webgunean.
5.2. Oposizioaldia.
5.2.1. Proba teorikoa. Gehienezko puntuazioa: 30 puntu.
Izangai onartu eta baztertuen zerrenda onesteko ebazpena Udaletxeko iragarki oholean eta Udalaren webgunean iragarriko da eta ebazpen horretan berean proba teorikoa non, noiz eta zein ordutan hasiko den zehaztuko da.
Erantzun laburreko eta/edo test motako galdera batzuei idatziz erantzun beharko zaie (I. eranskineko gaiei buruzkoak). Proba hau egiteko 60 minutu izanen dira, gehienez ere.
5.2.2. Proba fisikoak. Gehienezko puntuazioa: 35 puntu.
Gaitasun fisikoaren proba. Deialdiaren II. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitza baztertzailea izanen eta puntuagarria izanen da, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak ezartzen duen hurrenkeran eginen dira proba honetako ariketak.
Froga teorikoaren emaitzen zerrenda onesteko ebazpena Udaletxeko iragarki oholean eta Udalaren webgunean iragarriko da eta ebazpen horretan berean probak praktikoak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren zehaztuko da.
5.3. Elkarrizketa. Gehienezko puntuazioa: 10 puntu.
Buruz buruko elkarrizketa, Baztango Udalerriaren gaineko ezagutzari eta haren ezaugarriei buruz, 15 minutukoa gehienez ere; ez da baztergarria izanen.
6.–Eskainitako lanpostuaren esleipena.
Azken ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda jarriko du jendaurrean Udaleko iragarki-taulan. Izangaiek oposizioaldiko ariketetan lortutako kalifikazioak batu, eta horren arabera ordenatuko du zerrenda eta, orobat, izendapen proposamena eginen du puntuaziorik handiena duen izangaiaren alde. Gainerako kideak lan poltsa batean sartuko dira.
7.–Dokumentazioa.
Proposatutako izangaiak, proposamena Udaletxeko iragarki oholean eta webgunean argitara eman eta hamabost egun naturaleko epean, Udal bulegoetan ondoko agiriok aurkeztu beharko ditu:
a) Jaiotagiria.
b) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.
c) Osasun etxean eginiko txosten-egiaztagiria, izangaiaren gaitasun fisiko zein psikikoaren gainekoa.
Interesdunak agiri horiek aurkezten ez baditu ezarritako epean, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu, ezin izanen da izendatu eta bere jarduera guztiak baliogabetuta geratuko dira, hasierako eskabidea faltsuki betetzeagatik etor dakiokeen erantzukizuna kendu gabe. Azaldutakoa gertatzen bada, Udalak lan poltsako zerrendan heldu diren izangaiak hartu eta haiekin betetzen ahalko du lanpostua.
8.–Errekurtsoak.
Deialdiaren, oinarrien eta bere aplikazio egintzen aurka, honako errekurtso hauek aurkezten ahal dira, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, jakinarazpenaren ondoko hilabetean.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Baztanen, 2014ko maiatzaren 6an.–Alkate udalburua, Garbiñe Elizegi Narbarte.
I. ERANSKINA
Proba teorikoa
Gehienezko puntuazioa hogeita hamar (30) puntu. Proba teorikoa gainditzeko 15 puntu behar dira gutxienez.
Gaitegia:
1.–Baztan Haranaren ordenantza, zerga eta paramentu berriak.
2.–Baztango geografia (herriak, tokiak eta udalerri mugakideak).
3.–1978ko Espainiako Konstituzioa. Hasierako Titulua. I. Titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.
4.–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa. Eratzeko prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Hasierako Titulua.
5.–Nafarroako Foru Erakundeak, Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduaren testu bateratuko IV. Titulua, “Parlamentuaren antolaketaz”, eta V. Titulua, “Funtzionamendu arau orokorrak”. 14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta haren presidenteari buruzkoa.
6.–Nafarroako toki entitateak: tipologia eta antolamendua. Toki-autonomia. Toki-eskumenak. Nafarroako toki-entitateen antolamendu eta administrazioari buruzko ideia orokorrak. Nafarroako Administrazio Auzitegia.
7.–8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako polizien gainekoa.
II. ERANSKINA
Bigarren probari dagozkion ariketak
1.–Pisua jasotzeko proba: 5 kg (gizonezkoek) eta 3 kg (emakumezkoek).
Deskribapena: Jaurtiketa eremuari begira aurrez aurre, ezin da zapaldu edo gainditu botatzeko eremua mugatzen duen marra. Jaurtiketa egiteko oinak eta eskuak simetrikoki jarriko dira. Eskuak simetrikoki eta batera mugituko dira buruaren gainetik. Jaurtitzerakoan oin-muturrak altxatzen ahal dira baino ez oina oso osorik. Bi saiakera egongo dira eta onena hartuko da kontuan.
GIZONAK | NOTA | EMAKUMEAK |
10 m baino gehiago | 10 | 8,25 m baino gehiago |
9,25 - 10,00 m | 9 | 7,75 - 8,25 m |
8,50 - 9,24 m | 8 | 7,25 - 7,74 m |
7,75 - 8,49 m | 7 | 6,75 - 7,24 m |
7,00 - 7,74 m | 6 | 6,00 - 6,74 m |
6,00 - 6,99 m | 5 | 5,25 - 5,99 m |
5,25 - 5,99 m | 4 | 4,50 - 5,24 m |
4,50 - 5,24 m | 3 | 4,00 - 4,49 m |
3,75 - 4,49 m | 2 | 3,50 - 3,99 m |
3,50 - 3,74 m | 1 | 3,00 - 3,49 m |
3,49 m arte | 0 | 2,99 m arte |
2.–Erresistentzia proba: laster egitea.
Deskribapena: proba honetan baloratuko da zer distantzia egin duten izangaiek 12 minutuan.
Puntuazioa emanen da 12 minutuan egin dituzten metroen arabera:
PUNTUAZIOAK | EZ GAI | 5 PUNTU | 6 PUNTU | 7 PUNTU | 8 PUNTU | 9 PUNTU | 10 PUNTU |
GIZONAK | 2.400 m-tik beheiti | 2.400etik 2.599ra | 2.600etik 2.799ra | 2.800etik 2.999ra | 3.000tik 3.199ra | 3.200etik 3.400era | 3.400etik goiti |
EMAKUMEAK | 2.000 m-tik beheiti | 2.000tik 2.199ra | 2.200etik 2.399ra | 2.400etik 2.599ra | 2.600etik 2.799ra | 2.800etik 3.000ra | 3.000tik goiti |
III. ERANSKINA
Lan-poltsaren arauak: Deia egiteko irizpideak
1.–Deialdi honen helburua da udaltzain laguntzaile baten lanpostua betetzea, Baztango Udalean aritzeko. Lehiaketa-oposizioa gainditzen duten hautagaiekin lan-poltsa eratuko da etorkizunean ordezkapenak bideratu ahal izateko, Baztango Udalak beharra badu.
2.–Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta izendapenaren ardura duen organoak aldatzen ahalko du.
3.–Deiak betiere puntuazio ordenaren arabera egingo dira, ondoko paragrafoetan xedaturikoari kalterik egin gabe.
4.–Lan eskaintzaren jakinarazpenak telefonoz, posta elektronikoz edota interesdunarekin berehala komunikatzeko aukera emanen duen bertzelako edozein bide baliatuz eginen dira.
5.–Baztango Udalak bi jakinarazpen edo abisu saio egingo ditu bi eguneko epean. Lan-poltsan dagoen kontaktaturiko pertsonak gehienez ere 24 orduko epean onartu edo gaitzetsiko du eskaintza. Ezin izan bada harekin harremanetan jarri, edo eskaintza ez balitz onartuko, puntuazio ordenaren arabera zerrendan dagoen hurrengoari eginen zaio eskaintza.
6.–Indarrean dauden lan-poltsen erregistro xehea eramanen da justifikaziorako eta kontsultarako, behar balitz; halaber hautagaiekin harremanetan jartzeko eginiko saio edo/eta tramiteen erregistroa ere eginen da eta, hala behar izanez gero, horien aldetik jasotako erantzunena ere bai.
7.–Lan-poltsako kide batek behin lanean hasita lana utziko balu, lan-poltsatik kanpo geratuko litzateke. Lana utziko duela 15 egun lehenago jakinaraziko balu, lan poltsatik kanpo 5 hilabetez geratuko litzateke, bertzerik ez.
8.–Deitutako hautagaia ez da lan-poltsatik baztertuko, Gizarte Segurantzako mediku batek egiaztagiriaren bidez ziurtatzen badu eritasunez edota istripuz aldi baterako lan ezintasuna duela.
9.–Lan-poltsa hau indarrean egonen da helburu bera izanen duen bertze lan-poltsa bat eratu bitartean.
IV. ERANSKINA
Eskabide eredua
Izena: ............................................................., adinez nagusia, nortasun agiri nazionalaren zenbakia: ................, bizitokia: ..................................., kalea: ................................., zenbakia: .........., posta kodea: ..................., telefonoa: ..................
ADIERAZTEN DUT:
Baztango Udaleko udaltzain laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdian, ......ko .........aren ..........(e)ko ... Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen hartan, eskaturiko baldintza guztiak tenorez eta moduz betetzen ditudala.
Honako hau erantsi dudala: NANaren kopia, udaltzaingoaren laguntzaile titulua, Nafarroako Seguritate Eskolak emandakoa, lan eskarmentuaren ziurtagiriak, hizkuntzak jakitearen ziurtagiriak eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak.
Horiek horrela,
Eskabidea tenorez eta moduz aurkeztutzat harturik, deialdiaren probetan onartua izatea eskatzen dudala.
(Data eta eskatzailearen sinadura)
Iragarkiaren kodea: L1408223