1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
496/2014 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, administrazio baimena eman, proiektua onetsi eta proiektu horren onura publikoa onartzen duena, Artaxoako udal mugapean, Piensos Artajona, S.L. gas naturalez hornitzeko antenaren eranskina eraikitzeko.
Gas Navarra, S.A. enpresak, 2014ko otsailaren 26an, eskatu zuen administrazio baimena emateko, proiektua onesteko eta haren onura publikoa onartzeko, Artaxoako udal mugapean, Piensos Artajona, S.L. gas naturalez hornitzeko antenaren eranskina eraikitzeko.
Administrazio baimen hori jendaurrean jarri zen, iragarkia paratuz 2014ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 12koan, eta “Diario de Navarra” eta “Diario de Noticias” egunkarietan 2014ko martxoaren 12an.
2014ko otsailaren 28an, proiektuaren separata bat igorri zitzaion Artaxoako Udalari. Udal horrek aldeko erantzuna eman zuen 2014ko martxoaren 10ean. Orobat, aldeko txostenari Izarbeibarko Mankomunitatearen kontrako txosten bat erantsi zitzaion. Hori dela eta, proiektuaren separata bat igorri zitzaion mankomunitate horri 2014ko apirilaren 7an. Mankomunitateak aldeko erantzuna eman zuen 2014ko maiatzaren 12an.
Instalazio proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:
Proiektatzen da Piensos Artajona, S.L. gas naturalez hornitzeko antenaren jatorrizko proiektuaren trazadura handitzea eta beste hargune bat sartzea, Artaxoako nekazaritzako kooperatiba gas naturalez hornitzeko. MOP 4 barekoa izanik, luzapena eginen da 174 metroko hodi batekin (PE DN 90 mm) eta 4 metroko hodi batekin (PE DN 63 mm), horiek baitira Artaxoako nekazaritzako kooperatibaren hargunekoak. Tarte horretan hargune balbula bat jarriko da kutxetan.
Proiektutako sareak guztira 178 metro luze dira, gutxi gorabehera.
Aurrekontua lau mila berrehun eta hirurogeita hamahiru euro eta hirurogeita hiru zentimokoa da. (4.273,63 euro).
Baimena eskatu duen enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 67.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ditu.
Gas Navarra, S.A. enpresak ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik enpresa titularrak haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Gas Navarra, S.A. enpresari baimena ematea Artaxoako udal mugapean, Piensos Artajona, S.L. gas naturalez hornitzeko antenaren eranskina eraikitzeko instalaziorako eta proiektua egitea onestea.
2. Baimendutako instalazioen onura publikoa adieraztea, nahitaez desjabetzearren eta bide zorra ezartzearren.
3. Gas Navarra, S.A.ri onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.
4. Administrazio baimena baldintza hauetara egokituko da:
Lehena.–Enpresa titularrak bi hilabeteko epean 85,47 euroko bermea jarri beharko du, instalazioen aurrekontuaren %2, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko. Bermea Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuan jarri beharko da eta instalazioak abian jartzeko akta egin ondoren itzuliko da.
Bigarrena.–Instalazioetan eta beren muntaketan Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoan eta bere jarraibide tekniko osagarrietan ezarritakoa beteko da. Uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.
Hirugarrena.–Gas Navarra, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legearen 74. artikuluan eta bereziki d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra, S.A. beharturik dago hornidura ematera eta behar diren hedakuntzak egitera, berdintasun baldintzetan, baimen honen eremu geografikoaren barreneko edozein eskatzailek zerbitzua eskatuz gero.
Laugarrena.–Behin proiektua gauzatuta, zerbitzua abian jartzeko aktaren eskaera aurkeztuko da, jarraian adierazten diren agiriak erantsita:
–Obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek izenpetua, adierazteko instalazioak proiektuan eta hari aplikatzen zaizkion araudi, arau eta zehaztapenetan agindutakoaren arabera eraiki eta muntatu direla.
–Instalazioen muntaketa gainbegiratu eta kontrolatzeaz arduratzen diren enpresa edo entitateen azken ziurtagiria, azken ikuskapenen eta egin diren saiakuntza eta proben emaitza egokia adieraziko duena.
Bosgarrena.–Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio-baimena bertan behera uzteko arrazoiak:
a) Bermea adierazitako eran eta epean ez jartzea.
b) Proiektuaren exekuzioa aldatzea edo handitzea, Zuzendaritza Nagusi honek baimendu gabe.
c) Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak egitea edo pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzeko ezartzen diren baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak ez betetzea.
5. Ebazpen hau Gas Navarra, S.A.ri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2014ko maiatzaren 23an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Iñaki Morcillo Irastorza.
Iragarkiaren kodea: F1407615