Iragarkia
114. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 12a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
199E/2014 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egin eta udalaren ebazpenaren aurreko txostena ematen duena “El Quinto” ustiategia 130 mailako ebakian sakontzeko proiektuari buruz, Eugin (Esteribar). Sustatzailea Magnesitas Navarras, S.A. (Magna) da.
Magnesitas Navarras, S.A.k (Magna) Eugin (Esteribar) sustatzen duen “El Quinto” ustiategia 130 mailako ebakian sakontzeko proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 4B eranskinean dago sartua, foru dekretu horretan Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten baita; hortaz, Ingurumen eraginaren adierazpena egin behar da, obra, instalazio edo jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik, zehazki udalaren jarduera sailkatuaren lizentzia eman edo ukatu baino lehen.
Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa hasteko asmoz, Magnak “El Quinto” ustiategia 130 mailako ebakian sakontzeko proiektuaren Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio hasiera” izeneko laburpen txostena aurkeztu zuen 2013ko maiatzaren 16an.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak 2013ko maiatzaren 17an egindako idazkiaren bidez, aldez aurreko kontsulten tramitea hasi zen, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 60. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Sei entitateri egin zaie kontsulta, eta haiek erantzunak igorri dituzte. I. eranskinean jaso da nori egin zaion kontsulta, baita hartu diren erantzunen sintesi bat ere. 2013ko ekainaren 19an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren idazki baten bidez, aldez aurreko kontsultetako erantzunak igorri zitzaizkion sustatzaileari, eta ingurumen eraginaren azterlanean sartu beharreko funtsezko alderdiak ezarri ziren.
2013ko urriaren 8an, “El Quinto” ustiategia 130 mailako ebakian sakontzeko proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren azterlana sartu zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, nahikoa ote zen baloratzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 61. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren 2013ko urriaren 17ko idazkiaren bidez, aditzera eman zen Ingurumen eraginaren azterlanean aurkeztutako dokumentazioa osorik zegoela, eta sustatzaileari itzuli zitzaion Esteribarko Udalean tramitatzen jarraitzeko modua izan zezan, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 62. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat.
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez (2013ko 223. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 19koa), proiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunez, jarduera sailkatuen udal lizentziaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren ondorioetarako. Epe horretan 3 alegazio idazki jaso dira, eta ebazpen honen IV. eranskinean laburtu eta erantzuna eman zaie.
2014ko urtarrilaren 27an, Magnesitas Navarras, S.A.k alegazioei erantzuten dien dokumentua aurkeztu zuen Esteribarko Udalean. Gero, 2014ko otsailaren 6an, Udalean ere aurkeztu zen “Baserrietako ukipenak eta aurreneurriak” izeneko dokumentua; horren bidez, alegazioei emandako erantzunak osatu gogo ditu sustatzaileak, proiektuaren aurreneurriak jasotzen baititu gai honi dagokionez.
2014ko urtarrilaren 31ko txostenean, Herrilanetako zuzendari nagusiak adierazten du proiektuak ez duela ukipenik Nafarroako errepide sarean; izan ere, lehendik dagoen sarbide bat erabiltzen du eta, horrenbestez, ez du horren inguruko determinaziorik ezartzen.
Esteribarko Udalak, 2014ko otsailaren 14an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura igorri zuen espedientea, jendaurrean egon ondoren tramitatzen jarraitzeko.
Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak, 2014ko otsailaren 26ko txostenean, aditzera eman du proiektu hau “El Quinto” 2895 ustiatze emakidaren barrenean dagoela, Industria eta Merkataritza Ministerioak 1956ko martxoaren 11n baimendutakoan. Meatzeetako zuzendari nagusiaren 1977ko ekainaren 16ko Ebazpenaren bidez, laurogeita hamar urterako kontsolidatu ziren emakida horren eskubideak. “El Quinto” ustiategia 130 mailako ebakian sakontzeko proiektua azterturik, uste da meatzeetako araudia betetzen duela eta, beraz, ez dago aitzakiarik Ingurumen eraginaren adierazpena egiteko.
Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2014ko apirilaren 9an aldeko txostena egin zuen lurralde ondorioetarako, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
2014ko maiatzaren 5ean, okil gibelnabarrak proiektuaren ingurunean duen ugaltokiari buruzko berariazko azterlan bat aurkeztu zuen Magnak, 2014ko udaberriari dagokiona.
Esteribarko Udalak eskatuta, Ebroko Ur Konfederazioak txosten bat egin zuen 2014ko apirilaren 4an, eta bertan adierazten du nahikotzat eta egokitzat jotzen duela IEA, eta zenbait alderdi aipatzen ditu, bere eskumenen barrenean zehaztu beharrekoak baimenaren edo emakidaren tramiteetan.
Proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina izanen duten ekintzen azalpena ebazpen honen II. eranskinean jaso dira. Ingurumen eraginaren azterlanean (III. eranskinean laburturik ageri da) proiektuak ingurumenaren gainean izanen dituen ukipen nagusiak egoki aztertzen dira eta neurri zuzentzaile batzuk ezartzen, ingurumenean eragin nabarmenik ez eragiteko.
Eugin (Esteribar) den aire zabaleko magnesita ustiategia handitzea du xede proiektuak, horretarako haren sektoreetako batean, N130 sektorean, ebakia sakonduta. “El Quinto” ustiategiaren emakidan, Magnaren meatze jabariarena baita, kalitate egokiko erreserbak identifikatu izatea da proiekturako arrazoibidea. Magnesita ustiatzen jarraitu beharraren ondorioa da; izan ere, Azkarateko harrobiko erreserbak agortzen ari dira eta hura da Zubiriko lantegia hornitzen duen bakarra.
Proiektua osorik Natura 2000 Saretik kanpo da, eta ez du eraginik intereseko edo lehentasuneko habitatetan, 92/43 EEE Zuzentarauaren arabera. Handitze hori dela medio, meategiaren azalera 142,34 ha-koa da, guztira, 24,72 ha gehitu baitzaizkio. Guztirako azaleratik, N130 sakontzeko proiektuak 86,6 ha-ko azaleran du eragina, nahiz horren %71,5 (61,9 ha) gaur egungo meatze garapenak aldatuta egon. Gainerako %28,5 (24,7 ha), alde batetik, pagadiaren babes zerrendari dagokio (4,27 ha) eta, bestetik, okupazio berriko lur naturalari (20,4 ha), pagadi basofilo gazte bat baita.
IEArentzat, pizidoen komunitatea da eremuko fauna sentikorrena, ikuspegi zabal batean. Faunaren intereseko espezieak babesteko pagadiak duen balioa baztertu egin da, basoaren egitura ikusita zuzenean ukitutako ingurunean.
Ingurumen eraginaren azterlanak paisaiaren berariazko azterlana jasotzen du, arroen bistako analisiak eta argazki bidezko simulazioak baititu. Egin gogo diren ustiatze lanek gaur egungoaren adinako eragina edo txikiagoa izanen dute; izan ere, antropizatuta eta lehenagoko meategiak dituen inguru batean eginen dira. Bestetik, lehengoratze lanak aurreikusita daudenez, denbora igaro ahala, bistarako eragina gutxitu eginen da gaur egungoaren aldean. Lanak ez dira ekialdetik ikusiko, eta oso gutxi iparraldetik; hegoaldeko zenbait tartetatik bakarrik ikusiko dira, eta hor, askotan lurraren morfologiak eta landarediak ezkutuan gordetzen ditu. Gainera, Azkarateko ebakia gaur egun agerian bada ere, hein batean konponduko da, paisaia lehengoratuz eta zuloa betez.
IEAk inguruko baserrien gaineko ukipena zehazten du, eta jendaurreko epean osatu diren neurri zuzentzaileak proposatzen ditu.
Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Habitaten Atalak, 2014ko apirilaren 30eko txostenean, adierazten du ingurua ez dagoela Natura Sareko ezein eremuren barrenean eta ingurua garrantzitsua dela pizidoen komunitatearentzat, batez ere okil gibelnabarrarentzat (Dendrocopos leucotos lilfordi) eta okil beltzarentzat (Dryocopus martius). Ukitutako eremuan eta inguruan egin diren azken azterlanetan eta Atal honek okil gibelnabarrari buruz egin duen jarraipen eta ikerketan (proposatzen den ustiategiarekin muga egiten duen Legua acotada izeneko gunea ikertu da aurten) ez da espezie horretako bikoterik umatzen ikusi, ezta okil beltzik ere. Eremu horretako pagadia baso gaztea da eta, beraz, epe motzean, ez da habitat egokia bertan okil gibelnabarra bizitzen jartzeko, baina kontuan izan behar da galzoriko espezie baten banaketa eta hedapen eremuan dagoela, eta espezie horrek penintsulan duen ia populazio osoa Nafarroan dagoela. Espezie horren habitata hobetzeko neurriak hartu beharra adierazten da.
Gainera, Habitaten Atalaren ustez, IEAn, oro har, behar bezala deskribatuta daude ukitutako eremuko natur balioak, eta azaltzen du pagadia basofiloa eta onbrofiloa dela, Carici sylvaticae-Fagetum sylvaticae asoziazioan sartua fitosoziologiaren aldetik eta, beraz, ez dela Europar Batasunaren intereseko habitaten barrenean, Habitatei buruzko 92/42/EEE Zuzentarauaren arabera.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostenean adierazi du tramitatu den dokumentazioan jarduketak behar bezala zehaztuta daudela, eta “El Quinto” ustiategia 130 mailako ebakian sakontzeko proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena egitea proposatu da. Sustatzailea Magnesitas Navarra, S.A. (Magna) da. Aurkeztutako proposamena bideragarritzat jotzen da ingurumenaren aldetik, eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ditu.
Horrenbestez, ikusirik espedientean jasotako txostenak, kontuan hartuta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa osatuta dagoela, eta uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan ahalmenak erabiliz, foru dekretu horren bidez Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi baitira indarreko araudiak, ingurumena babesteko esku hartzearen arloan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen eraginaren adierazpena egiten da Eugiko (Esteribar) “El Quinto” ustiategia 130 mailako ebakia sakontzeko proiektuaren alde; sustatzailea Magnesitas Navarras, S.A.k (Magna) da.
2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta gainera baldintza hauek bete beharko dira:
A.–UTM koordenatu hauek (ETRS 89/30N eremua) zehaztutako perimetroaren barrenean eginen da meatzaritza lana.
Erpina | UTM X | UTM Y |
1 | 621.170 | 4.763.432 |
2 | 621.235 | 4.763.446 |
3 | 621.227 | 4.763.464 |
4 | 621.391 | 4.763.462 |
5 | 621.416 | 4.763.527 |
6 | 621.464 | 4.763.607 |
7 | 621.472 | 4.763.608 |
8 | 621.484 | 4.763.660 |
9 | 621.508 | 4.763.662 |
10 | 621.505 | 4.763.590 |
11 | 621.527 | 4.763.495 |
12 | 621.580 | 4.763.327 |
13 | 621.729 | 4.763.010 |
14 | 621.735 | 4.762.932 |
15 | 621.655 | 4.762.834 |
16 | 621.719 | 4.762.695 |
17 | 621.841 | 4.762.634 |
18 | 621.906 | 4.762.506 |
19 | 622.128 | 4.762.317 |
20 | 622.189 | 4.762.287 |
21 | 622.217 | 4.762.192 |
22 | 622.091 | 4.761.880 |
23 | 621.955 | 4.761.801 |
24 | 621.830 | 4.761.777 |
25 | 621.771 | 4.761.692 |
26 | 621.670 | 4.761.620 |
27 | 621.561 | 4.761.627 |
28 | 621.498 | 4.761.735 |
29 | 621.352 | 4.761.766 |
30 | 621.028 | 4.761.970 |
31 | 620.860 | 4.761.895 |
32 | 620.899 | 4.762.034 |
33 | 620.887 | 4.762.072 |
34 | 620.852 | 4.762.127 |
35 | 620.869 | 4.762.172 |
36 | 620.933 | 4.762.174 |
37 | 620.901 | 4.762.289 |
38 | 620.904 | 4.762.483 |
39 | 620.959 | 4.762.592 |
40 | 620.989 | 4.762.608 |
41 | 621.086 | 4.762.680 |
42 | 621.150 | 4.762.747 |
43 | 621.154 | 4.762.863 |
44 | 621.211 | 4.763.036 |
45 | 621.139 | 4.763.194 |
46 | 621.080 | 4.763.218 |
47 | 621.113 | 4.763.346 |
48 | 621.172 | 4.763.376 |
Erpin horiek markatzeko mugarri finkoak jarriko dira lurrean. Ez da inolako okupaziorik eginen (erauzte lanak, material pilaketa, makinen joan-etorriak, pistak...) aurreko puntuetan mugatutako guneetatik kanpo.
B.–Goitik beherako bankuen bidez ustiatuko da, 10-15 metroko altuerako lan-bankuak jarriz, 15 m-ko bermak dituztela. Gehieneko kota 980 metrokoa izanen da, eta sakoneko kota 640 metrokoa, bukatutakoan. Baimendutako perimetroaren barrenean egonen dira garraioko pista guztiak.
C.–Bukaeran, erauzte eremuko bankuak 30 m altu izanen dira, 820 m-ko eta 910 m-ko koten artekoak izan ezik, 15 m altu izanen baitira.
D.–Lehengoratzea pixkanaka eginen da, faseen araberako planari jarraituz. Behar bezala bereizi behar dira esterilak eta landare-lur egokiena, azaleko geruzetarako. Guztira, 42.255 m³ landare-lur ekarri behar da harrobiaren kanpotik. Ekartzen den lurra lehengoratzeko egokia izan dadin zaindu behar du sustatzaileak. Landare lurren pilak ez dira beste lur batzuekin nahasiko.
E.–Landaketaren ondoko hiru urteetan hutsarteak beteko dira proiektatutako landaketa guztietan.
F.–Onura Publikoko Mendiaren okupazioa oihan arloko legerian ezarritakoaren arabera tramitatu beharko da.
G.–Harrobiaren inguruko hesiturak ez du txarrantxarik edukiko goiko aldean, inguruko hegaztiek haren kontra jo ez dezaten.
H.–Proiektua aurrera eramatean edozein aztarna arkeologiko aurkituz gero, haren berri eman beharko zaio Vianako Printzea Erakundeko Arkeologia Atalari.
I.–Hautsaren kontrako babes neurri hauek hartuko dira:
–Pistak eta sarbideak ureztatu eginen dira, eta behar bezala trinkotuta edukiko dira.
–Zulagailuak hautsa biltzeko sistema eduki beharko du.
J.–Ingurumena zaintzeko programa.
1. Urtero txosten bat aurkeztuko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, ustiapenaren nondik norakoa eta egindako lehengoratze lanak jasoko dituena, proiektatutako faseen planaren arabera.
2. 2015ean eta 2016an, jarraipena eginen zaie okil gibelnabarrari eta okil beltzari harrobiaren inguruan. Gainera, Habitaten Atalak lanetarako ezartzen duen protokoloaren arabera, enpresak behar adinako baliabide teknikoak jarriko ditu espeziea Legua Acotadaren mendebaldean Belateko BILean 2015ean eta 2016an ageri ote den baloratzeko, ingurumena zaintzeko programa honetan sortutako datuetan oinarrituta, baita Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak sortzen dituenetan ere, jardueraren inguruneak duen garrantzia baloratzeko.
3. Abixabal-Erreka Beltzean, proiektuaren eremutik hurbilen den okil gibelnabarraren lurraldean, erabili den habia lokalizatuko da, halakorik bada, eta jarraipena eginen zaio lehen bi urtean, lanak hasi ondoren.
K.–Uren kalitatea.
1. Hartzen den ur masaren kalitatearen kontrola osatzeko, bi laginketa gune ezarriko dira Arga ibaian, isurketa gunetik gora eta behera. Parametro hauek hartuko dira kontuan: adierazle biologikoak, makroornogabeak –IBMWP, Diatomeak–IPS, pHa, oxigeno disolbatua (mg/l), eroankortasuna, nitratoak (mg/l NO4), fosfatoak (mg/l PO4), fosforoa guztira (mg/l P), amonioa guztira (mg/l NH4), nitritoak (mg/l NO2) eta OEK (mga/l O2).
2. Aurretik baimendutako egoerak 130 mailako sakontze proiektuan aurreikusitakoak baino isurketa handiagoak jasotzen baditu ere, isurketa baimentzeko baldintzak aldatuz gero, arroko erakundean tramitatu ondoren, jarduera sailkatuaren lizentziari erantsi beharko zaizkio aldaketa ofizioz eginez.
3. Meategiko drainatze lana proiektatu denez, mailen kontroleko bi piezometroren bidez eta ponpatze putzuan eta A4 iturraman kalitateko laginketa eginez kontrolatuko da lurpeko uren ukipena, eta jarduera sailkatuaren lizentziari erantsi beharko zaio, arroko erakundeak aginduzko tramitazioan ezar ditzakeen neurri gehigarriak ofizioz aldatuta.
L.–Emisioak eguratsera eta zarata.
1. Jarduera 100/2011 Errege Dekretuaren B 04 06 16 01 multzoan sailkatzen da, hartan kutsagaiak eguratsera igor ditzaketen jarduerak ezartzeko eta funtzionatzeko aplikatzen ahal diren baldintzak ezartzen baitira. Horrenbestez, autokontrol neurketak eginen dira. Parametro hau neurtuko da: partikula jalkikorrak (mg/m²/eguna).
2. Kanpoko zarata maila kontrolatu beharko da, neurketak eginez hurbilen dauden etxebizitzetan; horretarako, 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio. Kontrol hori hiru hilean behin eginen da lehen urtean, eta sei hilean behin hurrengoetan. Lehen urteko emaitzak ikusita, neurri zuzentzaile gehigarriak ezartzen ahalko dira, edo kontrolerako maiztasuna aldatzen ahalko da.
3. Meatzaritza jardueraren lehengoratze plana gauzatuko dela bermatuko da, ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua (erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzkoa) eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua aplikatuz, sustatzaileak abal solidarioa aurkeztuta, zeina uztailaren 21eko 205/1988 Foru Dekretuaren araberakoa izanen baita, edo, bestela, eskudiruzko fidantza aurkeztuta Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, 1.823.139,07 euro guztira, eta hori egin izana Udalari adierazi beharko zaio, hark irekitzeko lizentzia eman baino lehen. Bermea bost urtean behin eguneratu beharko da, kontsumorako prezioen indizearen bilakaeraren arabera. Eguneratzeko unean, lehengoratuta dagoenari dagokion zatia kenduko da fidantzaren zenbatekotik.
4. Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoaren arabera.
5. Aditzera ematea Ingurumen eraginaren adierazpena toki entitateak jarduera sailkatuaren lizentzia eman aurreko txostena dela eta, beraz, adierazpenean ageri diren baldintzak lotesleak direla udal agintaritzarentzat.
6. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoari jarraikiz lurzoru urbanizaezinean jarduera baimentzeari dagokionez, administrazio publiko ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 64. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
8. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuari, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Esteribarko Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko maiatzaren 13an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
I. ERANSKINA
Aldez aurreko kontsulta tramitearen emaitza
Kontsulta egin zaien erakundeen zerrenda eta eman dituzten erantzunen laburpena:
Esteribarko Udala | X |
Eugiko Kontzejua | X |
Vianako Printzea Erakundea | X |
Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua | X |
Habitaten Atala | X |
Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua | X |
2013ko ekainaren 14an, Esteribarko Udalak aldeko txostena erantsi zuen, arkitekto aholkulariak emana, non adierazten baitu oihan lurzoruaren erabilera berriak aldeko txosten bat behar duela, Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuak emana; orobat, Ollarmendi Mankomunitatearen baimena. Halaber, esaten da ustiategitik hurbil dauden eraikinen eta pertsonen segurtasunean laguntzen duten neurri guztiak hartzeko eskatu beharko dela, baita edozein ukipen mota gutxitzekoak ere.
Eugiko Kontzejuak iradokizun idazki bat igorri zuen 2013ko ekainaren 13an. Idazki horren bidez, ustiategitik hurbil bizi diren baserritarren kezkaren berri ematen da, proiektua gauzatuz gero sortzen diren eragozpenei eta arriskuan dauden segurtasunari eta bizi kalitateari buruz. Pertsona eta ondasunen gaineko ukipenei buruzko berariazko azterlana erantsi beharra adierazi da. Orobat, Eugiko bizilagunak lanpostuen bidez konpentsatzeko aukera adierazi da, eta baliabide tekniko eta ekonomikoak eremua behar bezala lehengoratzera bideratzeko betebeharra. Azkenik, segurtasunaren hobekuntza eta N-138 errepideko kamioi trafikoari lotutako kutsaduraren murrizketa aipatzen dira.
Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak txostena egin zuen 2013ko ekainaren 20an, Habitaten Atalari eta Oihanak Kudeatzeko Atalari dagokiena jasotzen duena. Lehendabizi, proiektuak onura publikoko mendi bat ukitzen duela adierazten da; hortaz, sustatzaileak kontuan izan beharko ditu adierazpen horren arrazoiak, eta batez ere uren kalitatea, pagadiaren balio ekologikoa eta ekonomikoa, paisaiaren gaineko eragina eta meatzaritza jardueraren bateragarritasuna edo erabilera publikoaren lehentasuna deklaratzearen beharra, mendiaren onuraren gainetik. Halaber, adierazi da Azkarateko ustiategiaren aurreko okupazioen epeak berrikusi beharra eta Legua Acotada mendiko sarbideak lehengoratu beharra. Habitat naturalei dagokienez, ukitutako eremua Natura 2000 Saretik kanpo dago. Bestetik, Kintoak garrantzia izanik ere pizidoen espezieentzat, hala nola okil gibelnabarrarentzat (Dendrocopos leucotos) eta okil beltzarentzat (Dryocopus martius), proiektuak ukitzen duen eremuan ez da espezie horietako bikoterik ugaltzen somatu, eta zail da epe labur batean izatea, oihan masa gaztea delako. Azkenik, beharrezkotzat jotzen da ukitutako pagadiaren ezaugarriak behar bezala ematea.
2013ko ekainaren 4ko txostenean, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak aditzera ematen du meategiko araudiari dagokionez, ez dela bateraezintasunik kontsultatutako proiektua sendotzeko.
Kultura eta Turismo Departamentuko Vianako Printzea Erakundeak 2013ko maiatzaren 27ko idazkian adierazten du proiektuaren eraginpeko eremuan ez dagoela aztarnategi arkeologiko katalogaturik; beraz, bideragarria da ondarearen ikuspuntutik. Orobat, proiektua gauzatzean edozein aztarna arkeologiko aurkituz gero, haren berri emateko legezko obligazioa eman da aditzera.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren 2013ko ekainaren 19ko txostenean, aldez aurreko kontsulten tramitean jasotako erantzunak igorri zaizkio sustatzaileari, eta Ingurumen eraginaren azterlanean sartu behar ziren gehigarriak adierazi.
II. ERANSKINA
Ustiapen eta lehengoratze proiektuaren deskribapena
Eugin (Esteribar) den aire zabaleko “El Quinto” ustiategia handitzea du xede proiektuak, horretarako haren sektoreetako batean, N130 sektorean, ebakia sakonduta. “El Quinto” ustiategiaren emakidan, Magnaren meatze jabariarena baita, kalitate egokiko erreserbak identifikatu izatea da proiekturako arrazoibidea. Magnesita ustiatzen jarraitu beharraren ondorioa da; izan ere, Azkarateko harrobiko erreserbak agortzen ari dira eta hura da Zubiriko lantegia hornitzen duen bakarra; bestetik, enpresaren meatzaritza jarduera garatzeko plan orokorraren parte da.
Urtean 320.000 tona material produzitzea aurreikusi da. N130 sakontzeko proiektuaren garapenak 866.492 m²-ko azalera ukituko du 33,5 urtean; azalera horretan, ebakia (253.620 m²), esterilen jalkinak (537.165 m²), kanpoko bideak eta drainatzeak (32.963 m²) eta pagadia babesteko zerrenda (42.744 m²) sartzen dira. Azalera horretatik, baimenduta dagoen perimetroaren barrenean dago “El Quinto” ustiategia, 619.333 m² (% 71,5). Gainerakoa (%28,5) Labasarko obra-hondakindegia handituta hartzen duen zatiari, pagadia babesteko zerrendari, garraioko pista nagusiak ustiategiaren mendebaldean hartzen duen zerrenda txiki bati eta goiko bankuetara heltzen den kategoria txikiagoko pista tarteari dagokie. Pista hori 3. urtean lehengoratzen da. Meatzaritza jarduerak guztira ukitzen duen azalera, hau da sakontze proiektuaren garapenari lehendik ukitutako azalerak gehituta, 142,34 ha-koa da.
Meatzea aire zabalean ustiatuko da, materiala zulatuz eta lehertuz erauzita; laneko bankuak 10-15 metro altu izanen dira, ezpondak 60º-ko malda izanen du, kasu gehienetan, eta bermak 15 m zabal. Bukatzean, banku horiek 30 metrokoak izanen dira, 820 m eta 910 m artekoak izan ezik, horiek 15 m izanen baitira. Betegarriak hondeatzean (gaur egungo N130 eta Asturreta obra-hondakindegiak) ezpondak 35ºko angelua izanen du.
Bankuak goitik behera eginez hasiko da ustiatzen, ekialdeko ezpondako 980 m-ko kotatik eta iparraldeko sektoretik Asturretatik, eta banku hauek sortuko dira: 955, 925, 910, 895, 880, 865, 850, 835, 820, 810, 800, 790, 780, 770. Banku horiek Azkarateko ustiategikoekin lotuko dira, eta gaur egungo pistak erabiliko dira. 850 m-ko kotan, plataforma zabal bat eginen da, eta bankuak ipar-mendebaldera egiten jarraituko da, 790 m-ko kotan beste plataforma handi batera iritsi arte.
Aldi berean, N130 ustiategiko zuloen betegarria kenduko da, lanerako plataforma zabal bat egin arte 790 m-ko kotan. Tokiz aldatu beharreko betegarriak 2.501.801 m³-ko bolumena du; hau da, 2,2 t/m³-ko dentsitatea izanik, 5.503.962 t obra-hondakin mugitu beharko da, guztira. Esteril gehienak Azkarateko ustiategiaren zuloan sartuko dira, eta gutxi batzuk Asturretako eta Labasarko hondakindegietan; horretarako, sektoreak lotzen dituzten bermetan eta egungo pistetan eta eginen diren berrietan barna garraiatuko dira.
Bederatzi ustiatze fase daude eta irekitze fase bat (zero urtea). Aire zabaleko ustiategian ateratzen den materiala hura birrindu eta sailkatzeko dagoen plantan tratatuko da. Hortik NA-138 errepidean barna eramanen da Zubiriko lantegira.
Proposatu den diseinuarekin ustiategia bukatzean, ustiategiaren hondoan harrobiko plaza egonen da, 640 m-ko kotan, eta hainbat plataforma, 860, 840, 830 eta 820 m-ko kotetan.
Ustiategiko esterilak batez ere harrobiko esterilak (41.396.829 t arroka antzu eta 5.503.962 t betegarri antzu) eta plantako esterilak (plantara doan mearen %20 gutxi gorabehera) dira. Bi esteril motak Azkarateko egungo ustiategiaren zuloan sartuko dira, Asturretako eta Labasarko obra-hondakindegietan. Obra-hondakindegi horiek bankuen azken egoerara iristen denean lehengoratuko dira.
Lehengoratze plana.
2004an jarduera sailkatua eguneratu zenean tramitatu zen lehengoratze plana gauzatzen ari da gaur egun. Eguneratze horri aldeko txostena eman zitzaion ingurumen ondorioetarako Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren 2005eko ekainaren 8ko 1141 Ebazpenaren bidez. Plan hori oinarri, azken egoeran diren ustiategiko eremuak lehengoratu dira, bai hondeaketaren zuloa bai dagozkion obra-hondakindegiak.
130 mailako ebakia sakontzeko proiektua ere indarra duen lehengoratze planean integratuko da. Horrek esan nahi du gaur egun arte hartutako lehengoratze irizpideei eutsiko zaiela, egoera berriari egokituta. Barne transferentzia bat eginen da betegarriko materialekin gaur egungo ebaketaren (Azkarate) zulo hutsera, N130ean beste zulo bat ireki arte. Aldi berean, lehengoratu beharreko azalera berriak sortuko dira, Labasarko (ustiategiaren hego-ekialdean) eta Asturretako (iparraldean) esterilen jalkinak handitzean.
Asturretako gaur egungo obra-hondakindegiak topo egiten du ustiategiaren zulo berriarekin; hortaz, esterilaren zati bat, hondakindegiaren hegoaldean botata dagoena, Azkarateko sektorean botako da. Asturretako gaur egungo hondakindegia zertxobait handituko da haren hego-ekialdean. Horretarako, ibarbide txikia beteko da eta, guztira, hiru banku sortuko dira, 20 metroko altuera eta 10 metroko berma dutenak, 855 metroko goiko kotara iritsi arte.
Azkarateko oraingo zuloan beste betegarri bat sortuko da, Labasarko obra-hondakindegiarekin bat eginen duena. Azken egoeran, bata bestearen gaineko hamahiru bankuk (20 metroko altuerakoak gehienez eta 10 eta 20 metroko berma dutenak) osatuko dute obra-hondakindegia.
Ustiategiaren azken egoeran, 30 metroko altuerako bankuek, 10 metro zabalerako bermak dituztenak, eratuko dute 130 mailako ebakia. Ekialdeko ezpondako goiko bankuek, 820 m-ko eta 955 m-ko koten artekoek, 15 m-ko altuera izanen dute azken egoeran. Ezpondaren gainaldea 980 metroko kotan egonen da; aldiz, ebakiaren hondoa 640 m-ko kotan. Ustiatzen den pakete barreneko akuiferoa lehengoratzean urak beheko laboreak hartuko ditu 680 m eta 700 m arteko koten artean, eta 40.850 m² inguruko aintzira sortuko da.
Azkarateko zuloko oraingo frontean Asturretako antiklinalaren muina (angelu txikiko estratuak ditu) eta ustiatzen diren magnesita mailak (askoz zutago) elkartzen dituen zamalkadura dago agerian; orogenia hertziniarraren ezaugarri tektoniko bitxia da egungo kartografietan, eta balio geologiko handia du, toki bakarra baita egitura hori agerian dagoena. Azkarateko zuloaren ekialdeko ezponda betetzean, “leiho” bat, 40-50 metro zabal, erreserbatuko da, ezaugarri geologiko hori ikusi ahal izateko. Azkarate-Labasarko hondakindegiaren bermen bitartez iristen ahalko da zamalkadurara.
Hainbat eremutan lurraren azken morfologietara iritsi ahala, landareztatze lana eginen da, hau da, landare-lurra zabalduko da, hidroereitea eginen da, ahurtaraka ereinen, eta landaketak eginen dira. Ustiategiaren kanpotik 42.255 m³ landare-lur ekartzeko aurrekontua egin da, bertatik kendutako bolumena osatzeko.
Lehengoratze plana eguneratuta, pagoak landatzen jarraituko da pagadiaren lore inguramenduari dagozkion beste espezie batzuekin, lehengoratu beharreko lurren kolonizazioa bultza baitezakete; esate baterako, Sorbus aria, Sorbus aucuparia, Ulmus montana, Tilia platyphyllos, Acer campestre, Populus tremula, Prunus avium, Corylus avellana eta Fraxinus excelsior. Arbolak unadetan eta forma irregularretan landatuko dira plataforma horizontalen kanpoko ertzeetan eta eremu azpihorizontalak eta kota altukoak erabiliko dira, hala nola, Azkarate-Labasarko goialdea (920 eta 940 m) eta Asturretako goialdea (835 eta 855 m), inguruan landaredia hazteko balioko duten baso txikiak sortzeko.
Lehengoratzearen aurrekontua, guztira (kontrata bidezko exekuzioa) 1.823.139,07 eurokoa da. Lehengoratze lanak ustiatze lanei egokituko zaizkie, bai espazio aldetik bai denbora aldetik, halako moduan non ahalik eta denbora gutxien iraganen baita ustiatu ondoren agortutako eremuak lehengoratu arte. Horrela lehengoratuko dira azken egoeran gelditzen diren goiko ezpondak, ustiatze lanak aurrera darraien bitartean. Era berean gertatuko da hondakindegiak sortzean, gehieneko garapenera iristen diren beheko bankuak lehengoratuko baitira.
Abandonatuta dauden egiturak botatzeko jarduketek ez dute aldaketarik izanen, indarra duen lehengoratze planean jasotakoekin alderatuta.
III. ERANSKINA
Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena
Ingurumen eraginaren azterlanak hainbat aukera planteatzen ditu ustiatze metodoari dagokionez, eta aire zabaleko goitik beherako ustiatzea jo da egokientzat, transferentziako meatzaritzatik hurbil, Azkarateko zuloa betetzen baita; horri esker, ustiatze etapa goiztiarretatik lehengoratzen ahalko da. Goiko bankuetarako sarbide berriei dagokienez (ekialdeko ezponda), Labasarko aldetik datorren pista erabiltzea da aukerarik onena, Azkarateko goiko bankuak aprobetxatuz, gaur egun ibilgailuentzat egokituta baitaude. Aukera horrek ukipen txikiena du azaleran eta eraginik txikiena ere paisaian Asturretako sarbidearen aldean, hegoaldera, ustiategiaren ipar-ekialdeko ertzetik barna.
Ingurunearen inbentarioa aurkeztu da, geologia, geomorfologia, klima, hidrogeologia, landaredia, fauna, lurzorua, paisaia eta ingurune sozioekonomikoa barne. Berariazko azterlan hauek aurkeztu dira eranskinetan: azterlan hidrologikoa eta hidrogeologikoa, faunaren eta landarediaren azterlana eta paisaiaren azterlana (argazki bidezkoa eta bista modelizatuak).
Proiektuaren eremuko ingurune hartzailea azterturik, IEAk analizatu eta baloratu egiten du proiektatutako ustiategiak bere eremuko ingurune fisikoan eta sozialean duen eragina eragiketa aurretik, eragiketa bitartean eta itxiera fasean. Lehendabiziko etapan aldakuntzak identifikatu dira eraginen matrize baten bidez eta, guztira 15 ekintza identifikatu dira ingurumenean eragina izan dezaketeenak.
Eraginen garrantzia baloratzeko tauletatik eta balorazio absolutuko eta erlatiboko tauletatik ondorioak atera dira, eta horien bidez ingurunearekin erasokorrenak diren proiektuko ekintzen hierarkia ezarri da, eta inguruneko zein faktore diren kaltetuenak jakin da. Ingurumen eraginaren azterlanak ez du zehazten zein ekintzak duten eragin txar larri edo kritikorik. Atzeman diren eragin kaltegarri gehienak bateragarritzat jo dira eta, batez ere, ondoko ingurunean dute eragina.
Proiektuaren ingurumenaren gaineko eragina baloratzeko tenorean, kontuan hartu behar da meatzaritza ustiategiak guztira duen 142,34 ha-ko azaleratik 20,4 direla zehazki, sakontze proiektuaren ondorioz, lur naturalaren okupazio berri bati dagozkionak. Guztirako azaleratik, sakontze proiektuak 86,6 ha-ko azaleran du eragina, eta horietatik %71,5 (61,9 ha) gaur egungo meatze garapenak aldatuta daude. Gainerako %28,5 (24,7 ha), alde batetik, pagadia babesteko zerrendari (4,27 ha) dagokio eta, bestetik, okupazio berriko lur naturalari (20,4 ha); hor pagadi basofilo gazte bat dago, Natura 2000 Saretik kanpo dagoena eta ez dena intereseko habitata edo lehentasunezkoa 92/43 EEE Zuzentarauaren arabera.
Ingurumen eraginaren azterlanak berariazko azterlan bat dakar zuzenean ukitutako pagadi horri buruz, eta pagadi menditar, heze-hiperheze, basofilo eta kantauriarretan (Carici sylvaticae-Fago sylvaticae Sigmetum) sailkatzen du oso-osorik. Basoko zuhaitz geruzak egitura itxia du, pago gaztez (Fagus sylvatica) bakarrik osatua, %100 estaltzen dutela.
IEAren arabera, pagadiak ez du baliorik intereseko fauna espezieak babesteko; izan ere, basoak ez du adin desberdineko arbolarik, ez dago zur hilik ez lurrean ez zutik, ez dago habiak egiteko zuloak dituen arbola gogorturik, ez dago ur gunerik (aldi baterako putzuak eta iraunkorrak) eta ez dago pagoari laguntzen dioten bestelako zuhaitz espezierik. Ezaugarri horiengatik ez da pagadia pizidoen espezieek, hala nola okil gibelnagarrak, habia egiteko edo ugaltzeko tokia, ezta basoko kiropteroek edo hildako edo usteldutako zurari lotutako ornogabeek ere. IEArentzat, pizidoen komunitatea da eremuko fauna sentikorrena, ikuspegi zabal batean.
2014ko martxoan eta apirilean okil gibelnabarraren ugaltokiari buruz proiektuaren eremuan egin den berariazko azterlanean bi eremu garrantzitsu atzeman dira espezie honentzat, biak proiektuaren zuzeneko ukipen eremutik kanpo: Abixabal-Erreka Beltz, harrobitik 300 m-ra tokirik hurbilenean, eta Urkilo-Soromear, harrobitik 1.180 m-ra tokirik hurbilenean. Ez da espeziea atzeman beste lurralde historikoetan azterketa gunearen barrenean, hala nola, Instanketan eta Labaxarren. Urkilo-Soromearko lurretan okil beltza, okil berdea eta okil handia ere atzeman dira umatzen.
Ingurumen eraginaren azterlanak paisaiaren berariazko azterlana jasotzen du, arroen bistako analisiak eta argazki bidezko simulazioak baititu. Egin gogo diren ustiatze lanek gaur egungoaren adinako eragina edo txikiagoa izanen dute; izan ere, antropizatuta eta lehenagoko meategiak dituen inguru batean eginen dira. Bestetik, lehengoratze lanak aurreikusita daudenez, denbora igaro ahala, bistarako eragina gutxitu eginen da gaur egungoaren aldean. Lanak ez dira ekialdetik ikusiko, eta oso gutxi iparraldetik; hegoaldeko zenbait tartetatik bakarrik ikusiko dira, eta hor, askotan lurraren morfologiak eta landarediak ezkutuan gordetzen ditu. Gainera, Azkarateko ebakia gaur egun agerian bada ere, neurri batean konponduko da, paisaia lehengoratuz eta zuloa betez.
Eraginaren azterlanaren arabera, proiektuaren eragin kaltegarria moderatua da, oro har, ingurune fisiko eta biologikoarentzat. Ingurune sozioekonomikoarentzat, positiboa da maila moderatu batean; dena dela, txarra da jardueratik hurbilen dauden etxebizitzentzat. Ingurunearen bi alderdi horien baterako balorazioa kontuan izanda, guztizko balorazioa bateragarria da.
Ingurumen eraginaren azterlana beharrezko neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko plana jasotzen ditu; horiek aurrera eraman beharko dira ebazpen honetan eskatzen denarekin batera.
IV. ERANSKINA
Jendaurrean jartzeko tramitearen emaitza
Jendaurreko aldian honako alegazio hauek jaso dira:
Seo Birdlifek eta Asociación Coordinadora Monte Alduidesek aurkeztutako alegazioak.
1. Esaten da proiektua oso-osorik garatzen dela “Orreaga-Irati-Abodi” hegaztien garrantzizko eremuan eta, Europar Batasuneko jurisprudentziaren arabera, hegaztien zuzentarauaren 4. artikuluan jasotakoa aplikatu beharrekoa dela I. eranskinean aipatu hegaztien habitatak mantendu eta gal ez daitezen dagoen betebeharrari buruz. Horren arabera, alegatzaileak uste du ez litzatekeela baimendu behar eremu gehiago andeatzea, harrobiaren ustiategiak lehendik ukituta dituenez gain; bestetik, pagadiaren gaineko ukipena baztertu beharko litzatekeela.
2. Esaten da ez dakitela Ebroko Ur Konfederazioari aholku eskatu zaion edo ez aldez aurreko kontsulten tramitean. Alegatzailearen irudikoz, erakunde horren iradokizunak ezinbestekoak dira era honetako proiektu batean. Bestetik, esaten da Ingurumen eraginaren adierazpena egin edo beste edozein baimen eman aurretik proiektuak aldeko txostena behar duela, CHEk emana.
3. Alegatzaileak adierazten du ez dela berariazko landa-lanik egin proiektuaren inguruko fauna babestuari buruz. IEAri erantsi zaion pizidoen gaineko azterlana 2011ko urtarrilean egin zela, Zilbetiko harrobiaren proiektuko ingurumen eraginaren adierazpenean eskatutakoaren ondorioz. Bere ustez, berariazko landa-lanak behar dituzten espezieen zerrenda aurkezten du alegatzaileak.
4. Lehengoratze planari dagokionez, lehen-lehenik, Arga ibaiak harrobi ondoko instalazioetan zuen ubidearen lehengoratzea jaso dezala eskatzen zaio. Bigarrenik, enpresak bere gain har dezala arboladia landatzeko kostua; izan ere, dokumentazioan jasotzen da kalte-ordain gisa Oihan Ondareari eta Eugiko Kontzejuari egindako ordainketetan harrobia ustiatzearena baino denbora askoz handiagoko balorazioa sartzen da, zuhaitz landaketa barne.
5. Alegatzailearen ustez, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenean eta ematen diren baimenetan argi azaldu behar da gaur egungo proiektua aukera garbi bat dela meatzaritza enpresa bideragarri izateko, eta horrek Zilbetiko harrobia ustiatzeko beharra kentzen duela.
Erantzuna.
1.–IEAtik eta Habitaten Atalaren txostenetik ateratzen da proiektuak ukitutako pagadia ez dela habitat egokia pizidoen espezieak hartzeko, dituen egituragatik eta garapenagatik. Gainera, N130 maila sakontzeak ez du aldaketa garrantzitsurik ekarriko gaur egun egiten den jardueran, hegaztiei begira. Beraz, hegaztien gaineko zuzentarauaren 4. artikuluan aurreikusitakoa betetzen da, I. eranskinean aipatu espezieen habitatak mantendu eta gal ez daitezen dagoen betebeharrari buruz.
2.–Esteribarko Udalak eskatuta, Ebroko Ur Konfederazioak txosten bat eman du 2014ko apirilaren 4an, eta adierazi, IEA egokia eta nahikoa dela; ohartarazi du bere eskumeneko emakidaren edo/eta baimenaren tramitean informazioa osatu beharko litzatekeela, egokitzat jotzen diren neurri gehigarriak ezartzearren.
Txosten berean adierazten da Arga ibaiak aipatu eremuan duen egoera ona dela edo oso ona, eta batera ematen direla kalifikazio hori eta Azkarateko harrobiaren egungo ustiapena.
Ebaluatzen ari den proiektua gaur egungo ustiapenaren jarraipena da, muntako aldaketarik gabe, eta hortaz, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenak aplikatuz, IEA egokitzat jotzen da; bestetik, kontrol neurri osagarriak ezarri dira, Ebroko Ur Konfederazioak ezar ditzakeenekin osatuko direnak emakidak/baimenak emateko behar diren ebazpenak tramitatu ondoren.
3.–IEA prestatzeko unean, Magnak 2011n egindako azterlanak zekarrena zen eskualdeko pizidoei buruz eskura zitekeen informaziorik onena. Ingurumen organoak nahikotzat jo zuen informazio hori, sakontze lanaren eraginaren ebaluazioa egiteko.
Okupatu beharreko eremua pagadi gazte bat denez, hots, ez oso egokia pizidoak umatzeko edo elikatzeko, Magnak 2012an eta 2013an egindako zentsuetan kontserbaziorako interes handiena duten lurraldeetara mugatu da jarraipena, eta horiek proiektuaren ukipen eremutik kanpo daude.
2014ko udaberrian berariazko azterlan bat egin da okil gibelnabarrak N130 sektoreko sakontze proiektuaren eremuaren inguruan dituen ugaltokiei buruz. Azterlan horren bidez egiaztatu da bi eremu garrantzitsu daudela espezie horrentzat, biak proiektuaren ukipen zuzeneko eremutik kanpo: hots, Abixabal-Erreka Beltz, harrobitik 300 m-ra tokirik hurbilenean, eta Urkilo-Soromear, harrrobitik 1.180 m-ra tokirik hurbilenean. Ez da espeziea atzeman beste lurralde historikoetan azterketa gunearen barrenean, hala nola, Instanketan eta Labaxarren. Urkilo-Soromearko lurretan okil beltza, okil berdea eta okil handia ere atzeman dira umatzen.
Alegatzaileak aipatzen dituen gainerako espezieei buruz eta jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, uste da ez dela azterlan gehiago egin beharrik.
4.–Ebroko Ur Konfederazioak baimenduta desbideratu zen Arga ibaiaren ubidea, Magnak egindako eskaeraren arabera, non zehazki arrazoitu baitzen desbideratu beharra Azkarateko sektoreko ustiategia garatzeko. Baimen honetan ez dago ezarrita antzinako ubidea lehengoratuko denik, aurkeztutako proiektuaren arabera. Bestetik, ez da arrazoizkotzat jotzen ubide hori lehengoratzea, kontuan hartuta zenbateraino garatu den jarduera eta ekarriko lukeen lur mugimendua; gainera, azken emaitzak ez du ingurumen hobekuntza nabarmenik ekarriko egungo egoeraren aldean eta, betiere, ondorio negatiboak izanen lituzke epe laburrean eta ertainean.
“El Quinto” ustiategia lehengoratzeko plana Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ekainaren 8ko 1141/2005 Ebazpenean sartua dago, zeinaren bidez aldeko txostena eman zen “El Quinto” ustiategia handitzeko.
130 mailako ebakia sakontzeko proiektuaren bidez, adenda bat aurkeztu da, lehengoratze plana osatu eta eguneratzen duena.
Planteatu den landareztatzeari dagokionez, 34.564 zuhaitz eta zuhaixka landatzea proiektatzen da aurkeztu den adendan, eta 190.684 euroko aurrekontua du, guztira. Magnaren kargurako banku-bermean segurtatuta dago obra horiek eginen direla.
5.–Azkarate agortuta, Borobiako proiektua (Soria) irekitzea atzeratuta, eta Zilbetiko mea guztiz aprobetxatzeko “ohiko” materiala izan beharra, arrazoi horiengatik behartuta egin du Magnak ikerketa bat gaur egungo ustiategiaren inguruko alboko eremuetan. Horien emaitza izan da 130 mailako ebakia sakontzeko proiektua, “ohiko” mea ekarriko duena behin-behinekoz Zubiriko lantegia hornitzeko, Azkarateko ustiategia agortu eta Borobiakoa abian jartzen den bitartean.
Enpresak justifikatu egin du Azkarateko meatzaritza jarduera handitzeko tramitazioaren beharra, Asturretako ustiategiaren (egun ustiatua eta lehengoratua) eta gaur egungo Azkaratekoaren artean dagoen N-130 ebakia ustiatuko baita. Proiektu hori ez da Zilbetiko ustiategiaren alternatiba bat, Magnesitas Navarras, S.A.k adierazi duen moduan. Aurkeztu den dokumentazioan ustiategien osagarri izaera adierazi da, baita Azkaraten eta N-130 sakonduta lortzen den “ohiko” mea Zilbetiko mearekin (beste silize eduki bat du) konbinatu beharra ere, Magnesitas Navarras, S.A.k lantzen dituen produktuen gama osoari aurre egin ahal izateko eta urte kopuru arrazoizko batean etorkizuna segurtatzeko.
Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak 2014ko martxoaren 26ko txostenean adierazi du Magnesitas Navarras, S.A.k arrazoien gainean azaldu duela magnesitazko hobi desberdinak konbinatu beharra enpresaren produktu gama guztira iritsi ahal izateko, eta hori halako denboran non enpresaren ustez, ustiategi berri hauek irekitzeko inbertsioak justifikatuak izan daitezen eta segurtatua izan dadin Zubiriko plantaren jarraipena.
Bereziki, azalpen arrazoitu horrek Zilbetiko hobia ustiatu beharra dakar, Zilbetiko mearik gabe zail bailitzateke erregogor gama hori lortzea.
Lucio Erreak eta berak ordezkatzen dituen beste hiru lagunek aurkeztutako alegazioak.
Zubiberriko baserriko etxebizitzetako batean bizi direnez, proiektuaren eremutik hurbil alegia, aditzera eman du Magna enpresak ezin duela baserri horretan bizi direnen osasuna eta lasaitasuna bermatu eta hautsari, zaratari, bibrazioei, aireko uhinari eta jaurtiketei buruz proiektuan sartutako neurriak eskasak eta orokorrak direla, eta ez dutela egin beharreko ekintzak zehazten. Ondoren, ustiatze urteetan jasandako hainbat eragozpen eta arrisku kontatzen ditu eta, azkenik, honako hau eskatzen:
–Azaldutako gaietan hartu beharreko neurriak zehazteko.
–Maiztasun handiagoa, ukitutakoek eskatutako neurketetan.
–Leherketetan, etxebizitzetara utzi beharreko tarteari buruzko araudia aztertzeko.
–Eragozpenak eta harriak saihestea ezin bermatuz gero, azterlan bat egiteko eta baserrian obrak egiteko, haiek saihestu ahal izateko.
–Baserriaren ondare eta merkatuko balioaren galerari buruzko balorazioa egiteko.
Erantzuna.
Alegatzaileak azaldutako alderdiei buruz, adierazi behar da Ingurumen eraginaren azterlanean aztertu egin dela baserrien gaineko ukipenen arriskua eta neurri zuzentzaileak proposatu direla. Alegazioari erantzuteko, 2014ko otsailaren 6an emandako erantzunean, sustatzaileak “Baserrietako ukipenak eta aurreneurriak” izeneko dokumentua aurkeztu du, non proiektuan jasotako aurreneurriak biltzen baitira, ondoko baserriek izan ditzaketen ukipenei begira.
Sortzen den hautsak izan ditzakeen eragozpenei buruz, honako neurri hauek hartu dira: zulagailuetan harrapatzea, pistak ureztatzea, ureztatzea eta banda bertikalak tratamendu plantako zinta-buruetan. Ingurumena zaintzeko planak jarraipena egitea jasotzen du, neurketak sei hilean behian eginez hurbilen dauden etxebizitzetan.
Sortzen den zarata kontrolatzeko, neurketak hartuko dira hurbilen dauden etxebizitzetan, hiru hilean behin lehen urtean, eta sei hilean behin hurrengo urteetan. Lehen urteko emaitzen arabera, neurri zuzentzaileak gehitzen ahalko dira lehen urtean, hala nola, zarataren kontrako pantailak eta beste neurri batzuk etxebizitzan berean; ukitutako bizilagunekin adostuko lirateke.
Leherketek sortutako bibrazioekin lotutako alderdiak eta harrien jaurtiketa eta erorketa proiektuaren meatzaritza tramitazioaren bidez eta Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak ezartzen duenaren bidez kontrolatuko dira.
Leherketa programatu bakoitzean neurriak hartzen dira, leherketetan askatutako harriek baserriak jo ez ditzaten, ezta Magnaren bulegoak berak ere, ustiategiaren perimetroaren barrenean, aipatu baserrietatik hurbilen dauden ustiatze fronteetan.
Harri jaurtiketak galarazteko hartu diren neurrietan leherketen analisi zehatza egin da: erabili beharreko kargak, bat-bateko kargak, jaurtiketaren eskemak, leherketen orientazioa eta abar.
Horien osagarri eta aurreneurri osagarri gisa, langileentzako babeslekuak, abisuak, trafikoa une baterako etetea, eta abar ezarri dira.
Eugiko Kontzejuak aurkeztutako alegazioak.
1. Aldez aurreko kontsulta aldian egindako iradokizunak berretsi ditu Kontzejuak, hau da, jendearen eta hurbileko etxebizitzen gaineko eragina, lehengoratze plana, lanpostuak, bide segurtasuna eta kutsadura.
2. Esaten da eraginaren azterlanak ez duela behar adina aztertzen hurbileko baserrien eta haien biztanleen gaineko eragina, eta ez dagoela horren gaineko berariazko azterlanik.
3. Berriro aipatzen dira zehaztasunik eza, berariazko azterlanen gabezia eta aipamen teoriko eta orokorrak, proiektuaren ingurumen eragina aztertzeko orduan.
4. Hainbat proiektu nabarmendu dira, Eugiko natur eta kultur ondarearen balioa goraipatzen dutenak. Alegatzaileak dio proiektu horiek ez direla kontuan hartu eraginaren azterlanean eta proiektuak Eugiko garapena biziki oztopa dezakeela.
5. Eugiko Kontzejuaren irudikoz, proposatutako jarduketetatik haratago jo behar du lehengoratze planak; hortaz, paisaia berme handiagoz lehengoratuko duen paisaia-plan bat prestatzea proposatzen da. Orobat, erabilitako espezieak aldatzea proposatzen du, eta 85.000 m³ landare-lurraren eskasia adierazten du.
6. Zainketa planean adierazleak ezarri beharra adierazten da.
Erantzuna.
Alegazioaren 1. eta 2. puntuetan adierazitakoari buruz, Lucio Erreak egindako alegazioari emandako erantzunera jo behar da.
Ibilbideen proiektuei eta Olaberriko arma lantegia zena aintzat hartzeari buruz, esan behar da proiektua bateragarria dela eta jarduera horiek oztopatu gabe garatzen ahal dela, urrun baitago.
Aurreikusitako lehengoratze plana egokitzat jotzen da eta esperientzia du oinarri, espezieak hautatzeko orduan egindako lanetan eta landaketak eta ereintzak arrakasta bermatuz egiteko moduan. Ustiategi barrenetik eta kanpotik ekarri gogo den landare-lurra nahikotzat jotzen da, lehengoratze lana behar bezala eginen dela bermatzeko. Lehengoratze lanaren nondik norakoari urtero jarraipena egin behar zaionez gero, kanpotik landare-lur gehiago ekartzeko eskatzen ahalko da.
Iragarkiaren kodea: F1407032
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
