114. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2014ko ekainaren 5ean hartua, “P-26. iraganbidea” abelbidea, Salestarren Udalez Gaindiko Plan Sektorialak ukitutakoa, berriz jartzeko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Nafarroako Gobernuak 2012ko ekainaren 13an hartutako Erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen Salestarren lanbide heziketako ikastetxea lekuz aldatzeko hirigintza hitzarmena, baita “Salestarrak” Udalez gaindiko Plan Sektoriala ere, Iruñeko eta Eguesibarko udal mugapeetan. Sustatzaileak San Joan Boscoren Salestarren Kongregazioa, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua eta “Navarra de Suelo y Vivienda S.A.” sozietate publikoa dira (2012ko 128. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 3koa).

Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 18ko 288/2013 Ebazpenaren bidez, Iruñeko eta Eguesibarko udal mugapeetako “Salestarrak” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea xedatu zen. Sustatzaileak San Joan Boscoren Salestarren Kongregazioa, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua eta “Navarra de Suelo y Vivienda, S.A.” sozietate publikoa dira (2013ko 29. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 12koa).

Plan Sektorial horrek beste trazadura bat aurreikusita du P-26 iraganbiderako, Labianoko Bidera eramaten baitu, UPSa garatzeko esparrutik kanpo. Ingurumen ondorioen adierazpenak, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 25eko 598/2012 Ebazpenaren bidez eginak (2012ko 120. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 22koa), P-26 iraganbidea berriz jartzeko proiektu bat tramitatu beharra zehazten du, Plangintza eta Laguntza Atalak horretarako eskatutako trazadura, zabalera eta titulartasun baldintzetan, eta kontuan hartuta Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean jasotako xedapenak.

Bestetik, Udalez gaindiko Plan Sektorialeko hirigintzako araudiaren 22. artikuluak xedatzen du Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuan aurkeztu beharko dela Labianoko bidean barnako iraganbidea berriz jartzeko proiektua, Ingurumen ondorioen adierazpena egin duen Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena betez.

Ingurumen ondorioen azterlanean aurreikusitakoa izanen da abelbidearen trazadura berria. UPSak gaitu eginen du abelbidea berritzean ukituko diren ondasun eta eskubideak desjabetzeko.

Hori betetzearren sustatu da “P-26 iraganbidea” abelbidea berriz jartzeko proiektua, eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 1eko 760/2013 Ebazpena eman da, zeinak proiektua jendaurrean jarri duen; izan ere, 2013ko 211. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 31n, iragarkia jarrita, dokumentua jendaurrean jarri zen, eta aldez aurreko entzutea eman.

Espedientearekiko alegazioak aurkezturik, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 2014ko maiatzaren 27ko 535/2004 Ebazpenaren bidez eman zaie erantzuna.

2014ko maiatzaren 30ean, Eduardo Lavín Aramburu jaunak, “Salestarrak” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko UE-1eko Konpentsazio Batzordeko burua den aldetik, “P-26 iraganbidea” abelbidea berriz jartzeko proiektuak ukitutako lurren desjabetze espedientea presako prozeduraz tramitatzeko eskatu zuen.

Konpentsazio Batzordeak, 2011ko maiatzaren 9an egindako bilkuran, presakotzat jo zuen proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, lurrak laster eskuratu behar direlako, urbanizatzeko eta Salestarren lanbide heziketako ikastetxea Eguesko kokaleku berrira eramateko; izan ere, Nafarroako Gobernuak 2011ko apirilaren 6an interes orokorrekotzat jo zuen haren hezkuntza jarduera Iruñerrirako; orobat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 52.8 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Halaber, ikastetxe berria ahalik eta lehen eraikitzen hasi beharra azpimarratzen du Batzordeak, Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak, Eguesibarko Udalak eta Salestarren Kongregazioak 2011ko urtarrilaren 13an sinatutako protokoloan hartutako konpromisoak betetzearren; protokoloa Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2010eko abenduaren 20an egindako bilkuran. Protokolo horretan, Salestarren lanbide heziketako ikastetxeak Foru Komunitatearentzat dituen garrantzia eta berezitasuna aitortzeaz gain, interes publikokotzat jotzen da administrazio publikoen esku-hartzea ikastetxea tokiz aldatzeko soluzioak bilatzeari begira, gaur egungo instalazioen mugak gainditzearren, zahartuak eta eskasak gelditu baitira ikasleei behar bezalako arreta emateko.

Nafarroako Gobernuak, Konpentsazio Batzordeak eman dituen arrazoiak ikusita, bidezkotzat jo du desjabetze horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Presako adierazpen honek aipatu Plan Sektorialak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra dakar, eta UE-1eko Konpentsazio Batzordeak bere egin du desjabetzearen onuradun izaera.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiaren uztailaren 19ko 131E/2913 Ebazpenaren bidez (2013ko 149. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 5ekoa) hasiera batean onetsitako birzatiketa proiektuko behin-behineko likidazioan abelbidea berriz jartzeko desjabetze kostuei aurre egiteko kontu-saila badela egiaztaturik, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b artikuluan aitortutako eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Sustapeneko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. “Salestarrak” Udalez gaindiko Plan Sektorialak ukitutako “P-26 iraganbidea” abelbidea berriz jartzeko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko.

2. UE-1eko Konpentsazio Batzordea izanen da, ondorio guztietarako, nahitaezko desjabetzearen onuradun eta, espedientea bukatu arte, izaera horri legez dagozkion eskubide eta betebeharrak esleituta izanen ditu.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, egun horretatik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusira, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusira, Zerbitzu Juridikora eta Hezkuntza Departamentura igortzea, eta dagokion Konpentsazio Batzordeari, Eguesibarko Udalari, Iruñeko Udalari eta “Navarra de Suelo y Vivienda, S.A.” sozietate publikoari jakinaraztea.

Iruñean, 2014ko ekainaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1408225