114. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MUSKITZ

Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Muskizko Kontzejuak, 2013ko martxoaren 27an egin bilkuran, behin betiko onetsi zuen Muskizko Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Hona hemen haren testu osoa.

Muskitzen, 2014ko maiatzaren 12an.–Alkatea, Alfredo Alzueta Unzue.

ORDENANTZA, MUSKIZKO KONTZEJUKO HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Muskizko Kontzejuaren mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute tributurik ordainduko.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herrilurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Muskizko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Muskizko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Herri Ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Muskizko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako. Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Muskizko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Muskizko Kontzejua herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Muskizko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratu ahalko du herrilurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herrilurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Muskizko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuaren Batzarrak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Muskizko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa beharko du aldez aurretik, ondasunak herriaren ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Muskizko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste ezein tituluren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Muskizko Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Muskizko Kontzejuak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimenaren txanda izanen da, zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Muskizko Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Herrilarreen eta laborantza lurren aprobetxamenduak.

b) Etxerako egurraren aprobetxamenduak.

c) Zur aprobetxamendua.

d) Herrilurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua.

1. Orokorrean, Muskizko herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.1. Adinez nagusia izatea, edo adingabe burujabea nahiz epaile bidez gaitua.

1.2. Muskizko Kontzejuaren Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez ere bi urteko antzinatasunez.

1.3. Muskitzen, urtean bederatzi hilabetez bederen jarraian bizitzea.

1.4. Muskizko Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat.

3. Muskizko Kontzejuaren Batzarrak argituko ditu artikulu hau interpretatzerakoan izan daitezkeen zalantzak.

II. KAPITULUA

Herrilarreen eta laborantza lurren aprobetxamenduak

16. artikulua. Muskizko herrilurretako larreen eta laborantza lurren aprobetxamenduak 15.1 artikuluko baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztien artean banatuko dira.

Muskizko herri larreen eta laborantza lurren aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Ogibide nagusia nekazaritza dutenak. Adostasunik ez badago, lehentasuna emanen zaio antzinatasunari lurzatiaren erabileran.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak. Adostasunik ez badago, lehentasuna emanen zaio antzinatasunari lurzatiaren erabileran.

c) Enkante publikoaren bidez esleitzea edo Muskizko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Muskizko Kontzejuak eginen du herrilurretako larreen eta laborantza lurren aprobetxamenduak esleitzeko prozesua. Bizibide nagusia abeltzaintza edo nekazaritza dutenek izanen dute lehentasuna esleipen prozesu horretan, edo sektorean hasi nahi duten pertsonek edo familia unitateek.

17. artikulua. Norbanakoak baldin badira nekazaritzan urte anitzeko laboreetan jardun nahi dutenak, eskaera egin beharko diote Kontzejuari eta honek kasu bakoitza aztertu ondoren baimena emanen du, hala uste badu.

18. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 10 urtekoa izanen da.

19. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herrilurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

–Lehen mailako lursaila (laborantza lurrak): 19 euro/erregua/urtea.

–Bigarren mailako lursaila (laborantzarako ez diren larreak): 9 euro/erregua/urtea.

20. artikulua. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen gorabeheren arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartutako indizeen arabera.

21. artikulua. Herrilurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Muskizko Kontzejuaren idatzizko baimena. Herrilurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inolaz ere batera itxi.

22. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Horri dagokionez, Muskizko Kontzejuak ondoko kasu hauetan ulertuko du larreak ez dituela onuradunak zuzenean aprobetxatzen:

a) Onuradunak bere aziendak kentzen baditu Kontzeju honen Azienden Erregistrotik.

b) Larreen jabe izanik, haiek hirugarrenei errentan ematen dizkietenak. Neguko hilabeteetan bakarrik ematen ahal dira larreak errentan, ardiak edo bestelako aziendak bazka daitezen, udalerrian ohitura den bezala.

c) Kontzejuaren Batzarraren txostenaren arabera, esleitutako larreak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ez dituztenak.

23. artikulua. Aprobetxamenduak onuradunen artean trukatzeko, interesdunek eta ukitutakoek eskaera egin beharko dute aldez aurretik, eta haien adostasuna erakutsi; gainera, Muskizko Kontzejuaren baimena beharko da.

24. artikulua. Muskizko Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztatze lanak egiten ahalko ditu edozein unetan, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari direla ziurtatzeko.

25. artikulua. Muskizko Kontzejuak beretako gordeko du herri larreen %10, gehienez ere, eta laborantzako herrilurren %5, gehienez ere, onuradun berriei esleitzeko. Erreserba hori behin-behinekoz esleitzen ahalko du Kontzejuak enkantean, uzta baterako. Esleipen hori bertan behera utziko da esleipen-hartzaile berriak daudenean eta uztak jasota daudenean.

26. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoa bi epetan ordainduko da.

Lehen epea: urteko zenbatekoaren %50ari dagokiona, esleipena egin eta sei hilabeteren buruan.

Bigarren epea: urteko zenbatekoaren gainerako %50ari dagokiona, esleipena egin eta hamabi hilabeteren buruan.

27. artikulua. Onuradunak esleipenaren egunetik 30 eguneko epean esleipenaren hamar urteei dagokien diru kopuru osoaren %5 utzi beharko du fidantzatako. Hori itzuliko da esleipenaren epea bukatu ondoren.

28. artikulua. Herrilurrak aprobetxatzen dituzten aziendek ziurtagiri bat behar dute, honakoa egiaztatzen duena: Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela. Aipatu Foru Legean eta haren Erregelamenduetan zehaztutako baldintza guztiak bete beharko dira.

29. artikulua. Beren labore lurrak apartzerian eman edo lagatzen dituzten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte. Gainera, partzuergoa edo lagapena egin zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Kontzejuan.

30. artikulua. Eskaerekin batean, ustiategiaren erregistroaren fitxa eguneratua aurkeztuko da, eta honelako zinpeko aitorpena gehituko zaio:

a) Muskizko erroldatze agiria, gutxienez 2 urteko antzinatasuna adierazten duena, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatearen ziurtagiria.

Prozedura

31. artikulua. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, 30 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

32. artikulua. Behin-behineko esleipena eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

33. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak eta laborantza lurrak enkante publikoa eginez esleituko dira 10 urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

34. artikulua. 10 urte horiek bete gabe herrilurretako aprobetxamenduaren kontratua deuseztatu nahi duten familia unitateek edo norbanakoek Kontzejuari eman beharko diote horren berri, gutxienez sei hilabete lehenagotik.

35. artikulua. Herrilurretako aprobetxamenduen onuradunek garbi eduki behar dituzte lurzatiak, hau da, sasitzarik gabe, ongi ongarrituak eta, oro har, egoki nekazaritzarako.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

36. artikulua. Oihanean aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoan, Muskizko Kontzejuak etxerako egur epaitzak banatuko ditu denen artean, betiere herrian bertan erabiltzekoak badira.

37. artikulua. Muskizko Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko egur epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

38. artikulua. Egur loteak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

39. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, mendi zaindariordeak ematen dituen jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

Onuradunak esleitutako egurra erabiltzen ez badu, ordaindu egin beharko du tasatu ondoren, edo lote baten esleipen hartzaile izateko eskubidea galduko du hurrengo urteetan.

IV. KAPITULUA

Zur aprobetxamenduak: egurraren, biomasaren
eta/edo zuraren salmenta

40. artikulua. Hermendietako aprobetxamenduak oihangintzako foru araudiak ezarritako baldintzen eta baimenen arabera eginen dira.

41. artikulua. Onuradunak izan daitezke familia unitatearen kide bakoitzeko lanbide arteko gutieneko soldataren %30etik beheti jasotzen duten bizilagunak edo familia unitatearen diru-sarrera guztiak aipatu soldata gehi erdiaren azpitik dutenak.

Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

42. artikulua. Enkante publikoaren sistema erabiliko da, oro har. Enkante hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan iragarriko dira, enkantearen eguna baino hamabost egun natural lehenagotik gutxienez ere.

43. artikulua. Enkantea hutsik geldituz gero, eta zur eta egurretako aprobetxamenduen ondorioetarako soilik, bigarren enkantea eta, beharrezkoa bada, hirugarrena ere egin ahal izanen dira; tasazioaren hasierako prezioa %10 merkatuko da bigarren enkantean, eta % 30era bitarte, berriz, hirugarrenean.

44. artikulua. Ez baldin bada aurreko artikuluan xedatutakoa aplikatzen edo azkeneko enkantea izan ondoren hutsik gelditzen bada eta, hala ere, toki entitateak eskaintza berri bat jasotzen badu, orduan haren balio ekonomikoari buruzko txostena eskatuko dio oihan administrazioari. Halakoetan, toki entitateak besterentzen ahalko ditu zur eta egurretako aprobetxamenduak, kasu hauen arabera:

–Lote bakarraz osatuak daudenean eta kubikazioak erregelamenduz zehaztutakoak direnean.

–Aprobetxamenduak egiten direnean herrilanetarako edo frogatutako urgentzia izanik interes publikokoak diren obra pribatuetarako.

–Oihaneko suteak, izurriteak eta gaitzak edo zuhaiztiaren egonkortasunerako arriskuak direla-eta mendiko produktuak premiaz erauzi behar badira.

45. artikulua. Zur eta egurretako oihan aprobetxamenduak lote desberdinetan zatitu ahal izanen dira, ondoren errazago saldu ahal izateko.

46. artikulua. Zenbait toki entitateren zur eta egurretako produktuak lote bakarrean bildu ahal izanen dira, besterentzeko.

VI. KAPITULUA

Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak

47. artikulua. Muskizko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretako harrobien ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, 15 egunean gutxienez jarri beharko da jendaurrean eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du.

VII. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan

48. artikulua.

1. Muskizko Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu hauek Udalak nahiz herritar interesdunek berek sustatzen ahal dituzte.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Kontzejuaren erabakia, horren bidez onetsiz proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Muskizko Kontzejuak, sei hilabete aurretik ohartarazita, eraginik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien esleipenak, herrilurretan hobekuntzak egitea bultzatzen duenean. Horren ondorioz, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditzeak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

49. artikulua. Kontzejuak baino ez ditu onetsiko aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondotik. Kasu horretan, esleipen-hartzaile eta hobekuntzaren sustatzaileak ez du eskubiderik berak egindako hobekuntzen gastuak inori egozteko.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

50. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako gertaera hauek:

a) Aprobetxamendua norberak zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herrilurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Udalaren baimenik izan gabe.

g) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Herrilurretako zuhaitzak botatzea.

l) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

m) Herrilurretako aprobetxamendua bukatzen denean finkak behar bezala zainduak ez egotea (aurreko baldintzetan).

51. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezarri ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bostetik hamar bitarte ordaintzea izanen da zehapena. Balio hori zehazten ahal ez bada, hirurogeitik mila eta berrehun eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: L1408180