1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
684/2014 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez ikertzaileen lan araubideko kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egiten da, honako ikerketa proiektu hau garatzeko: “IIM14196-RI1 - Biorrefinería Navarra”.
Francisco Javier Faulín Fajardo jaunak, Unibertsitateko katedradunak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Sailari atxikiak eta “IIM14196-RI1 - Biorrefinería Navarra” Ikerketa Proiektuaren arduradunak, proiektuko laguntzaile gisa, proiektu hori garatzeko ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetarako deia egiteko eskatu du.
Kontuan hartuz proposamenak Ikerketa Zerbitzuaren zuzendariak ontzat eman duela.
Langileen Kudeaketarako Ataleko buruak proposatuta, zeinak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren oniritzia baitauka.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta funtzioak zehazteko urtarrilaren 22an emandako 66/2013 Ebazpenaren bidez, eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehena.–Hautaprobetarako deia egitea “IIM14196-RI1 - Biorrefinería Navarra” ikerketa proiektua garatzeko ikertzaileen lan araubideko kontratazioa egiteko.
Bigarrena.–Onestea hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak, ebazpen honekin batera doazenak, ebazpenaren parte gisa.
Hirugarrena.–Balioespen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuko Zuzendaritzari ebazpen hau igortzea.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren weborrialdean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2014ko maiatzaren 28an.–Ikerketako errektoreordea, Alfonso Carlosena García.
OINARRIAK
1.–Xedea.
Deialdi honen xedea da ikertzaileak aukeratzea proiektuko laguntzaile gisa “IIM14196-RI1 - Biorrefinería Navarra” ikerketa proiektua garatzeko ikertzaile horien lan araubideko kontratazioa egiteko gero.
Unibertsitateei buruzko Lege Organikoko 48. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuko 15. artikuluak ezarritako obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez egingo da kontratazioa, eta xede hau izango du: Optimizatzeko algoritmoak garatzea, Ingurumen-Logistika irizpideak dituen biobirfindegi bat kokatzeko Nafarroan.
Maila profesionala: Proiektu laguntzailea.
Iraupena: 2015eko abenduaren 31ra arte.
Langileen Estatutuari buruzko Legea garatzen duen abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuaren Testu Bateratuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat, iraupen hori orientatzekoa da, eta iraupena inolaz ere ez da izango proiektua indardun den denbora baino luzeagoa, eta betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa proiektuari lotzen zaion funtsa ez izatea kontratua iraungitzeko zioa izango da.
Lanaldi-mota: partziala.
Diru gehigarriak ordainduko dira proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.
2.–Parte hartzeko baldintzak.
2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.
Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen araberako banaketarik ez dagoenean, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritu ahalko dira, betiere Espainian lan egiteko aukera ematen dien baimenaren jabe badira.
b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro-adina betea ez izatea.
c) Diplomadun, arkitekto tekniko edo ingeniari tekniko titulu ofiziala edukitzea. Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria.
d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik, muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.
e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea epai irmo baten bidez.
2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.
3.–Eskaerak.
Eskabideak aurkezteko epea bost egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Eskaera-eredua helbide honetan dago: www.unavarra.es, “Deialdiak/Langileak//I-Ien eskaerak” izeneko atalean, Ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetan onartua izateko eskaera idazpuruaren azpian.
Eskaerarekin batera hauek aurkeztuko dituzte:
–Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiriaren fotokopia. Atzerritarren kasuan, bizileku- eta lan-baimenaren fotokopia.
–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.
–Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.
–Curriculum vitae, egoki jotzen dituen merezimendu-egiaztagiriekin batera.
Parte hartzeko eskabideak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako moduan. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora.
4.–Izangaiak onartzea.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.
Eskatzaile bakar bat ere baztertua ez bada, lehiaketa publikoan onartutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.
4.2. Izangai baztertuek edo azaldu gabeek, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean, zilegi dute erreklamazioa eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.
4.4. Izangaiak Hautaproban onartutakoen zerrendan sartzeak, bai 6.2 oinarriak aipatutako hautaproba gainditu duten pertsonen zerrendan ere, ez du ekarriko inolaz ere unibertsitateak aitortzea deialdiko oinarrietan eskatutako baldintza orokorrak edo bereziak betetzen dituztela. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.
4.5. Jatorrizko dokumentazioan aitortzen dena parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan zehatz ez emateak, faltsutzeak edo ez emateak kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatutako ardura aitorpenarekin bat etorriz.
5.–Hautaketa-prozesua.
Izangaien merezimenduak balioetsiko dira aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta ondoren zehaztuko den baremoaren arabera.
Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Balioespen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.
–Baremoa:
1. atala.–Ikasketa-espedientea (55 puntu, gehienez ere).
Ikasketa-espedientearen batez besteko notari (0 eta 4 puntu artean) puntu 1 gehituko zaio, antzeko beste unibertsitate titulazio baten jabe bada; 3 puntu master baten jabe bada; eta 4 puntu doktore titulu baten jabe bada. Ateratzen den puntuazioa 10eko batekin biderkatuko da, eta ondoren, haztatuko da ondoko koefizienteak aplikatuz, titulazioaren arabera:
–Enpresa Zientzietan diplomadun edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziadun: 1,5.
–Industria Ingeniaritza Teknikoa edo Goi Mailako Ingeniaritza: 1.
–Beste titulazio batzuk: 0,75.
(Oharra: Lehiaketa honetan parte hartzeko adierazten den goi mailako tituluak, balioespenari dagokionez, baztertu egingo ditu tituluaren mendekoak diren maila txikiagokoak edo titulua bera lortzeko beharrezkoak direnak).
2. atala.–(10 puntu, gehienez ere).
Deialdi honen proiektuarekin eta xedearekin lotutako gaietan ikerketa-kontratuak eduki izanagatik, gehienez ere 2 puntu emango dira kontratu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 5 puntu (kontratuak urte 1 baino laburragoak badira, dagokion parte propotzionala emango da).
Deialdi honen xedearekin lotutako gaietan lankidetza-bekak edo Erasmus bekak eduki izanagatik, betiere hautaketa prozesu bat izan duten deialdietan lortutakoak, gehienez ere 2 puntu emango dira beka eta urte bakoitzeko, eta gehienez ere 5 puntu.
3. atala.–(10 puntu, gehienez ere).
Ingelesezko ezagupenak: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean jasotako mailen arabera, honela balioetsiko dira: 10 puntu C1 edo C2 maila; 8 puntu B2 maila; eta 6 puntu B1 maila. Ez dira kontuan hartuko B1 mailatik beherakoak.
4. atala.–(10 puntu, gehienez ere).
Hautagaiak dauzkan argitalpenak aldizkarietan edo aurkezpenak nazioarteko biltzarretan, ikerketa proiektuaren xedearekin lotutako gaietan, eta hautagaia egilea edo egile-kidea denean (gehienez ere 5 puntu).
–Puntu 1 nazioarteko aldizkari bakoitzeko.
–0,5 puntu nazioarteko biltzar bakoitzeko.
Programa informatikoen ezagutza eta horren ziurtagiria: Office, MatLab, Software SIG eta Logistikarako garrantzitsuak diren beste programa batzuk (gehienez ere 5 puntu).
5. atala.–(15 puntu, gehienez ere).
Aurreko ataletan gutxienez ere 40 puntu lortu dituzten izangaiekin elkarrizketa bat egingo da, eta Ingurumen-Logistikako lanpostuaren profilari egokitzea balioetsiko da.
Hautaketa prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 50 puntu da.
Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.
Hautaproben azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 1. atalean puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen badu, zozketa baten bidez ebatziko da.
Balioespen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batez bestekoa izango da.
6.–Hautaketa prozesua erabakitzea.
6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Balioespen Batzordeak errektoreari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.
6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emango du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.
6.3. Deialdi honetan sortutako kontratazio zerrendak ikerketa proiektuaren indarraldi bera izango du.
7.–Balioespen batzordea.
Batzordeburua: Francisco Javier Faulín Fajardo, Unibertsitateko katedraduna, Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.
Idazkaria: Fernando Lera López, Unibertsitateko irakasle titularra, eta Ekonomia Sailari atxikia.
Batzordekidea: Mercedes Sánchez García, Unibertsitateko irakasle titularra, eta Enpresen Kudeaketa Sailari atxikia.
Balioespen batzorde ordezkoa:
Batzordeburua: Jesús María Pintor Borobia, Unibertsitateko irakasle titularra, Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritza Sailari atxikia.
Idazkaria: José Antonio Moler Cuiral, Unibertsitateko irakasle titularra, eta Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Sailari atxikia.
Batzordekidea: Fermín Mallor Giménez, Unibertsitateko katedraduna, eta Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Sailari atxikia.
Balioespen Batzordearen jarduerak, uneoro, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak ezartzen duenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Balioespen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.
8.–Norberaren datuak babestea.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (DBLO) ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek emandako datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen kudeaketa.
Kontratu hau finantzatzen duen erakundearen aurrean gastuak justifikatzeko, nominei, gizarte segurantzari buruzko datuak, edo kontratupekoak jasotzen dituen beste edozein ordainsariri buruzko datuak, erakunde horri lagako zaizkio. Nolanahi ere, kontratua gauzatzen denean baimenduko da lagapen hori.
9.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta hautaprobak gainditu dituzten izangaien zerrendaren aurka zilegi da ondoko errekurtsoetako bat, arau indardunekin bat etorriz:
a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo iragartzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Balioespen Batzordeak deialdi honengatik erabakitzen dituen gainerako aplikazioen aurka zilegi da gorako errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Gorako errekurtsoa ebazten duen erabakiaren aurka zilegi da Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren aurrean.
Iragarkiaren kodea: F1408041