2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LARRAGA
Aldaketa, Ur horniduraren zerbitzua eta tasak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena
Larragako Udalak, 2014ko martxoaren 27an egin bilkuran, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Ur horniduraren zerbitzua eta tasak arautzen dituen ordenantzan.
Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2014ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 10ean, eta jendaurrean egoteko legeak aurreikusten duen epea iragan da inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarriari jarraikiz. Hona hemen nola gelditu diren idatzirik aldatutako artikuluak.
Delako aldaketak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Larragan, 2014ko ekainaren 2an.–Lehen alkateordea, Garazi García López.
UDAL ORDENANTZA, UR HORNIDURAREN ZERBITZUA ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA
1997ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 27an. Aldaketa 2011ko 248. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 19an.
9. bis artikulua aldatu da, eta honela utzi:
9. bis artikulua. Eraikuntzako esku-hartzeak hirilurra ez den lurzoruan (landa lurzoru urbanizaezina, lurzoru urbanizagarria).
1. Uraz hornitzeko zerbitzua hiri lurzoruaren mugaraino eginen da; han kontagailua paratuko da. Abonatuaren bizkar izanen dira eroanbideko hodiak, eraikineko instalazio orokorreraino eta barne instalazioraino.
2. 1. atalean errana ukatu gabe ere, Udalak zerbitzuaren kudeaketa bere gain hartzen ahalko du, hirilurra ez den lurzorutik kanpora hainbat erabiltzailek ur horniduraren zerbitzu bera dutelarik, guztiek bat etorrita eskatzen badute eta bakoitzarendako banakako kontagailuak aitzinetik paratzen badituzte. Eraikineko instalazio orokorrerainoko eta barne instalaziorainoko eroanbideak eta haien kudeaketa arautzen dituzten baldintzak alderdien arteko hitzarmen baten xede izanen dira, eta hura Udalak onetsi behar du, Alkatetzaren ebazpenaren bidez; gainerako guztian, berriz, ordenantza honetan aurreikusten dena aplikatuko da.
Honi dagokionez eta hornidura sistema hau berezia izanagatik ere, sinatzaileak zerbitzuaren abonatu bilakatzen dira eta Ur horniduraren zerbitzua eta tasak arautzen dituen ordenantzan arautzen diren tasen subjektu pasibo.
Aipatu hitzarmenaren alderdi ekonomikoak zuzen bete daitezen, Udalak eskatzen ahalko du, horretarako behar bezainbat arrazoi daudelarik, diru aski aitzinetik jartzea eta/bermeak eratzea halako lan batzuk egin aitzin edo kudeaketa horrekin ikusteko duten gatazkak konpontzeko.
Iragarkiaren kodea: L1407995