113. ALDIZKARIA - 2014ko ekainaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

39/2014 FORU AGINDUA, maiatzaren 14koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko lankidetza hitzarmenaren testua onesten duena, unibertsitateko ikasleei atzerriko hizkuntzak egiaztatzeko.

Hezkuntza Departamentuaren helburu estrategikoen artean dago atzerriko hizkuntzen ezagutza, batik bat ingelesarena, bultzatzea eta hori egiaztatzea, ikaslea motibatzeko ardatza eta baliabidea izan dadin, herritarren benetako gaitasuna eremu instituzionalean eta lanekoan neurtu eta baloratzeko. Hizkuntzak egiaztatzea lan merkatura sartzeko bidea bihurtu da. Hezkuntza Departamentuak, helburu horrekin bat, hezkuntza programak garatzen ditu unibertsitateaz kanpoko etapetako Nafarroako ikasleek atzerriko hizkuntzetan duten prestakuntza hobetzeko, eta haiek B1 eta B2 mailetan egiaztatzeko, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak Bigarren Hezkuntzarekin elkarlanerako koordinatzen duen programaren bitartez.

Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren intereserako da bi instituzioen arteko elkarlana, hizkuntzak ikasteko eta unibertsitateko ikasleen enplegugarritasuna eta mugigarritasuna bultzatzeko baliabideak optimizatzen dituzten lan ildoak finkatzeko, graduatua atzerriko hizkuntzetako egiaztapen ofizialetara sartzea erraztuz.

Bigarren Hezkuntzako ikasleek atzerriko hizkuntzetan lortutako gaitasun mailak ikusita, estrategikotzat jotzen da B2 eta C1 mailetako egiaztapenak sustatzea, lan arloan duen interesagatik.

Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak txostena aurkeztu du, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko lankidetza hitzarmenaren testua proposatzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 24ko 132/2011 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko bigarren puntuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nire gain hartzea Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak duen eskumena Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko lankidetza hitzarmena onetsi eta sinatzeko, helburua izanik unibertsitateko ikasleei atzerriko hizkuntzen egiaztapena egitea.

2. Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko lankidetza hitzarmenaren testua onestea unibertsitateko ikasleei atzerriko hizkuntzen egiaztapena egiteko. Foru agindu honen eranskinean dago jasota.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Ingelesaren eta Atzerriko Beste Hizkuntza Batzuen Atalera eta Nafarroako Unibertsitate Publikora behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 14an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

NAFARROAKO GOBERNUKO HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN ETA NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, UNIBERTSITATEKO IKASLEEI ATZERRIKO HIZKUNTZEN EGIAZTAPENA EGITEKO

Iruñean, 2014ko ................... aren ....................(e)an.

BILDU DIRA:

José Iribas Sánchez de Boado jauna, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilaria (IFK: S3100007H eta helbide soziala: Santo Domingo aldapa, 31001, Iruña), horren izenean eta hura ordezkatuz.

Eta Jesús M.ª Pintor Borobia jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketen Antolamendurako Errektoreordea (IFK: Q3150012-G eta helbide soziala Arrosadiko campusa, zk. g., 31006, Iruña), Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen urtarrilaren 22ko 66/2013 Ebazpenaren bidez esleiturik dituen eskumenak erabiliz, horren izenean eta hura ordezkatuz.

Horietako bakoitzak, aipatutako instituzioak ordezkatuz, eta akordio hau sinatzeko baimena izanik, beren karguez baliaturik,

ADIERAZI DUTE:

I.–Nafarroako Gobernuaren helburu estrategikoen artean egonda atzerriko hizkuntzen ezagutza, batik bat ingelesarena, bultzatzea eta hori egiaztatzea, ikaslea motibatzeko ardatza eta baliabidea izan dadin, herritarren benetako gaitasuna eremu instituzionalean eta lanekoan neurtu eta baloratzeko, hizkuntzak egiaztatzea lan merkatura sartzeko bidea bihurtu da.

II.–Hezkuntza Departamentuak, helburu horrekin bat, hezkuntza programak garatzen ditu unibertsitateaz kanpoko etapetako Nafarroako ikasleek atzerriko hizkuntzetan duten prestakuntza hobetzeko, eta haiek B1 eta B2 mailetan egiaztatzeko, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak Bigarren Hezkuntzarekin elkarlanerako koordinatzen duen programaren bitartez.

III.–Hezkuntza Departamentuak, Bigarren Hezkuntzako ikasleek atzerriko hizkuntzetan lortu duten gaitasun mailak ikusita, irizten du bidezkoa dela unibertsitateko ikasleei erraztea maila goragoko egiaztapen ofizialak, batik bat C1, eskuratzea, hizkuntza menperatzeko maila den aldetik, lan arloan duen interesagatik.

IV.–Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren intereserako da bi instituzioen arteko elkarlana, hizkuntzak ikasteko eta unibertsitateko ikasleen enplegugarritasuna eta mugigarritasuna bultzatzeko baliabideak optimizatzen dituzten lan ildoak finkatzeko, graduatua atzerriko hizkuntzetako egiaztapen ofizialetara sartzea erraztuz.

V.–Lankidetza hitzarmen hau sinatzearekin, aipatutako entitateek adierazten dute haien harremanak sendotu nahi dituztela, atzerriko hizkuntzak egiaztatzearen arloko aitorpenerako eta lankidetzarako tresna bat izanik.

VI.–Hori dela eta, alderdi sinatzaileek behar adinako ahalmena aitortzen diote elkarri, eta adierazten dute lankidetza hitzarmen hau formalizatu nahi dutela, ondokoarekin bat:

KLAUSULAK

Lehena.–Hitzarmen honen helburua da lankidetzarako esparru bat finkatzea, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artean elkarlana martxan jartzeko asmoz, unibertsitateko ikasleei atzerriko hizkuntzen egiaztapena egiteko.

Lankidetza horren esparruan, Hezkuntza Departamentuak, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren bidez, erraztuko die C1eko (lehentasunez) eta B2ko egiaztapen ofizialak eskuratzea, frantsesean, alemanean eta ingelesean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleei.

Hezkuntza Departamentuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean, baldintzak zehaztuko ditu sarrerarako eta proben aplikaziorako eta zuzenketarako.

Bigarrena.–Bermatzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek, honi heltzen diotenean, bi deialditarako eskubidea izanen dutela, bata arrunta eta bestea ohiz kanpokoa, ikasturte bakoitzerako. Horiek Nafarroako hizkuntza eskola ofizialek egiten dituzten egiaztatze proba bateratuen egunetan eta moduan eginen dira.

Hirugarrena.–Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak mailaren, prestaketa baldintzen eta azterketa eskubideen arabera zehazten dituzten tarifa ekonomikoak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ekintza hau unibertsitate ikasle guztientzat dago zabalik, baina, edonola ere, Haur Hezkuntzako Maisu-Maistren graduko eta Lehen Hezkuntzako Maisu-Maistren graduko ikasleek izanen dute lehentasuna, baita Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntzako unibertsitate masterreko ikasleek ere, lotura berezia baitute hezkuntza sistemarekin.

Bosgarrena.–Azterketa horiek egiteko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere instalazioak utziko ditu, hala behar izatera, Nafarroako hizkuntza eskola ofizialenak behar adinakoak ez direnean, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Gobernuak Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgelak eta beste leku batzuk erabiltzeko 2011ko maiatzaren 20an sinatutako hitzarmenean ezarri bezala.

Seigarrena.–Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak erabaki dute lankidetza hau 2014/15 ikasturtean hastea, modu esperimentalean betiere, guztira 200 ikasposturekin, honela banatuta:

–Ingelesaren C1 maila: 80 ikaspostu. Atzerriko Hizkuntzako Maisu-Maistren graduko ikasleek eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntzako unibertsitate masterreko ikasleek izanen dute lehentasuna, lotura berezia baitute hezkuntza sistemarekin.

–Ingelesaren B2 maila: azterketetan parte hartzen dutenen kopurua 40 izanen da gehienez.

–Alemanaren B2 eta C1 mailak: gehienez ere 20 egonen dira maila bakoitzean.

–Frantsesaren B2 eta C1 mailak: gehienez ere 20 egonen dira maila bakoitzean.

Aurretik hizkuntza eta maila bakoitzerako ezarritako ikaspostuak beste maila eta hizkuntza batzuetarako esleitzen ahal dira, matrikularen eboluzioaren eta eskariaren arabera.

Zazpigarrena.–Egiaztapen probetan ikasleen errendimendua hobea izan dadin, bi instituzioek hizkuntzako helburuak erabakiko dituzte, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari dagokionez, B2 eta C1 mailetarako. Alde horretatik, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak aholkuak eta sostengua emanen dizkie, kostu ekonomikorik gabe, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleei, ikasleak azterketetarako prestatzen aritzen direnean, horretarako egokiro ezarriko den bezala.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiko irakasleek, azterketa horien prestaketan parte hartzen badute, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren plataforma birtualean sartzea izanen dute.

Zortzigarrena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoak B2 eta C1 mailetarako ikasketa planetan eskatzen diren gaitasunak izanen ditu kontuan, eta berariazko prestaketarako ikastaroak egin ditzake azterketa horietarako, Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren bidez.

Bederatzigarrena.–Proben koordinazioa bermatzeko, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin koordinatuko ditu antolaketari buruzko kontuak, matrikulari, koordinazioari eta proben aplikazioari dagokienez.

Hamargarrena.–Adierazitakoaz gainera, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan B1 mailarako ezarritako azterketari beharrezko aitortza ofiziala emanen dio, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskumenen esparruan, horretarako ezarriko diren baldintzak beteta.

Hamaikagarrena.–Hitzarmen hau izenpetzearen ondoriozko jarduerak bete, koordinatu eta kontrolatzeko, jarraipen batzorde tekniko bat eratuko da. Bi alderdiek bina ordezkari izanen dituzte gutxienez, haietako bakoitzaren erakunde eskudunak izendatuak.

Jarraipen batzorde teknikoa iraunkorra izanen da. Haren kideek adostasunez hartuko dituzte erabakiak. Gutxienez urtean behin bilduko da, ezertan ukatu gabe behar adina aldiz biltzeko aukera, alderdietako edozeinek eskatuta.

Hamabigarrena.–Jarraipen batzorde teknikoak eginkizun hauek beteko ditu gutxienez:

–Urteko lan programa zehaztea, hitzarmen honetako aurreikuspenak gauzatzeko.

–Jarraipena egitea eta urteko lan programa nola gauzatu den ebaluatzea.

–Hala balegokio, organo eskudunei eranskinak proposatzea hitzarmen honetarako.

Hamahirugarrena.–Hitzarmen honek izenpetzen den egunean hartuko du indarra, izenpetzen duen instituzio bakoitzeko berariazko organoek ondorio horretarako esleituak dituzten berrespen eskumenak galarazi gabe.

Hamalaugarrena.–Hitzarmen honek bi urte iraunen du, eta ulertuko da esan gabe luzatuko dela aldi bereko epeetarako alderdietako batek ez badu idatziz salatzen, hasieran edo edozein luzapenetan bukaerarako aurreikusitako eguna baino hiru hilabete lehenago.

Hamabosgarrena.–Era berean, edozein alderdik egin gogo dituen aldaketak beste instituzioari proposatu behar zaizkio, eta bi instituzioek onetsiak izanen dira, hitzarmen honen baldintza berberetan.

Hamaseigarrena.–Hitzarmen hau aldatzeak edo aldez aurretik suntsitzeak, arrazoia edozein delarik ere, ez du eraginik izanen hasita dauden trukaketa, proiektu edo jardueretan, bi entitateek onetsiak direnean.

Elkarlanerako adierarik zabalean eta ados izatearen frogagarri, alderdiek dokumentu hau sinatu dute, hiru aletan, ondorio bakarraz, adierazitako lekuan eta egunean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa ordezkatuz, Jesús M.ª Pintor Borobia jauna, eta Hezkuntza Departamentua ordezkatuz, José Iribas Sánchez de Boado jauna.

Iragarkiaren kodea: F1407160